Wikipedia

Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua. Wikipedia mundu osoko boluntarioek idazten dute. Internetera konektatutako edonork parte har dezake Wikipediako artikuluetan, aldatu lotura sakatuz. 2015ko azaroaren bostean, 291 hizkuntzatako edizioak zituen, eta horietatik 275 zeuden aktibo. Proiektuaren xedea da ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzitako entziklopedia sortu eta hedatzea. Guztira 37 milioi artikulu ditu, horietatik 337.471 euskaraz eta bost milioitik gora ingelesez.

Wikipedian parte hartzen dutenei wikilari deritze. Desadostasunik sortuz gero, iritzia eman duten wikilarien gehiengoaren aukera gailentzen da. Bere antolamenduaren alde ona da etengabe eguneratzen, handitzen eta zuzentzen ari dela, eta hutsegiteak zuzentzea erraza dela. Aitzitik, Euskal Wikipediari dagokionez, zehaztasun falta izaten du hainbat artikulutan (edozein artikulutan, artikuluan landutako gaian aditu ez direnek ere parte har baitezakete), eta hizkuntzaren aldetik badira oso zuzenak ez diren artikuluak. Hala, bada, Euskal Wikipedia gorabeheratsua da kalitatez. Elhuyar Fundazioak 2011n egindako balioztapenak erakutsi zuenez, Euskal Wikipedian «artikulu bikainekin batera, badira oraindik aski kaskarrak direnak».[1]

Hala ere, Ingeles Wikipedia munduko entziklopedia hoberenen parekoa dela erakutsi zuen 2005ean Nature aldizkariak wikipedia horretako zientzia artikuluei buruz egindako ikerlan batek.[2][3]

Wikipedia
Wikipedia-logo-v2
Www.wikipedia.org screenshot 2018

Wikipedia.org
URL helbidea http://www.wikipedia.org
Komertziala?Ez
Webgune mota Entziklopedia proiektua
Erabiltzailea erregistratzeaHautazkoa
Hizkuntza(k)291 hizkuntza
Jabea Wikimedia Fundazioa
EgileaJimmy Wales, Larry Sanger
Argitalpen data2001eko urtarrilaren 15a

Historia

Wikipedia Interneten jaiotako entziklopedia askea da. Egun hizkuntza askotan eskaintzen da eta Creative Commons lizentziapean ekoizten da. Wikipedia Wikimediaren proiektu bat da eta bertan copyrightik gabeko liburu, irudi, hiztegi, hizkuntza ikastaroak… eskaintzen dira.

Wikipedia Wiki teknologian oinarritutako entziklopedia askea da, web nabigatzaile batetik edozein erabiltzailek sor zein alda dezake artikuluen edukia. Hori erabilpena eta edizioa askeak direlako gertatzen da eta Wikimedia irabazi-asmo gabeko fundazioak mantentzen eta administratzen du. Wikipedia eleanitza da eta munduan zehar dauden milaka pertsonek hedatua da. 200 hizkuntza inguruko edizioak ditu (non ehunen bat aktibo baitauden). Proiektu honen xedea ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzitako entziklopedia sortzea eta hedatzea da. Oraintxe euskaraz 337.471 sarrera baino gehiago daude, baina beste hainbat hizkuntzatik urrun geratzen da (ingelesez jada Entziklopedia Britanikoa gainditu du, 883.000 artikuluez. 200 hizkuntza horietatik, esan bezala, 100 inguru daude egunero berritzen eta hizkuntza nagusiak dira sarrera gehien dituztenak. Hala ere, hainbat internautek hizkuntza gutxituetan idazten dute eta egunean baino egunean sarrera gehiago daude.

Nupediatik Wikipediara

Wikipedia Nupedia entziklopedia askearen ondotik sortu zen. Nupedia idazteaz adituak arduratzen ziren modu formal batean. Nupedia 2000. urteko martxoaren 9an jaio zen eta entziklopedia arruntek jarraitutako bidea zuen artikuluak publikatu ahal izateko: hainbat kide jakitunek artikuluak berrikusi behar zituzten publikatu aurretik. Hala ere bi ideia zituen argi: librea zen eta interneten zegoen. Hau da, edonork edonon begiratu zezakeen eta gainera ez zuen tamaina ez eduki-trabarik (bideoak, nahi adina irudi, loturak… egon zitezkeen). Adituek artikuluak berrikusi behar izateak prozesua geldotu egiten zuen eta urte baten buruan artikulu gutxi publikatu ziren. 2001eko urtarrilaren 10ean bi editoreetako batek forumean wiki bat irekitzea proposatu zuen. Wikiaren filosofia edonork idazteko aukera ematea zen eta hainbat kritika jaso zituen ideiak, baina handik 5 egunera jaio zen ofizialki Wikipedia entziklopedia askea. Hasieran wikipediaren helburua Nupediaren hazkuntza zen, hau da, bertan idatzitako artikuluak geroago Nupediara gehitzea, adituren batek berrikusita. Hala ere, berehala Nupediako erredakzio taldeak ez zuen ondo ikusi eta kanpoan geratu zen, hau da, Nupediatik aske geratu zen. Hala ere 2003an Nupedia saretik kanpo geratu zen eta haren edukia Wikipedian jasota geratu zen betiko.

Ingelesetik eleaniztasunera

Hasiera batean, Wikipedia ingeles hutsezko entziklopedia bat izan zen. Hala ere berehala hasi ziren beste hizkuntzetan idazten eta lehenengo urtean 20.000 artikulu zituen 18 hizkuntza ezberdinetan. 2002an 20.000 artikulu zituen eta 2006aren hasieran 2.600.000 artikulu baino gehiago 205 hizkuntzatan...

Helburua

Wikipediaren helburua doako entziklopedia fidagarria sortzea da. Gainera, proiektua nazioartekoa den heinean, ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzia egotea ere. Proiektuaren sortzailea den Jimmy Walesek, deskribapen honekin azaltzen du Wikipedia: «Kalitate oneneko entziklopedia askea sortzeko ahalegina da, munduko edozein erabiltzaileri bere hizkuntzan zuzendua.»[4]

Wikipediaren sortzaileak ez du nahi Wikipediak publizitaterik izatea, baina geroz eta zailagoa egiten zaio. Izan ere, geroz eta jende gehiagok bisitatzen du Wikipedia, eta horren ondorioz zerbitzari gehiago behar dira Wikipediaren edukiari ostatu emateko. Wikipediaren finantza beharrei, gaur egun, dohaintzen bidez erantzuten zaie.

Ezaugarriak

Giza jakituriaren bilduma baino, entziklopedia bat izan nahi du Wikipediak.

Eduki askea

Wikipediak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 eta GFDL (GNU Free Documentation License) lizentzia libreak darabiltza, oro har. Hala ere, Wikipediako testu oro lizentzia libre horiekin erabilgarri dagoen arren, Wikipediako irudi eta soinu batzuk ez dira erabilera librekoak. Ingeles Wikipedian, adibidez, badira hainbat enpresa logotipo, eta egile eskubideek babestutako argazki batzuk, erabilera zuzenerako direnak, ez beste ezertarako; beraz, horien erabilera mugatua dago. Badago, era berean, Wikipediari espresuki emandako banaezina den materiala, hau da, Wikipedian eta ez beste inon erabiltzearen baldintzapean emandako materiala.[5]

Wikipedia, hainbat hizkuntzatan

Multilingual Wikipedia logo
Wikipedia, hainbat hizkuntzatan.

Ingelesezkoa da wikipedia garatuena, alde handiz. 2016. urtean, 292 hizkuntzatako wikipediak daude, eta wikipedia horietako bakoitza besteekiko independentea da, bakoitzak bere arauak ditu, nahiz eta oinarri-oinarriko bost arauak guztientzat berak diren (eduki entziklopedikoa izatea, ikuspegi neutrala erabiltzea, eduki askea izatea, wikilariek elkar errespetatzea, eta gainerakoan arau finkorik ez izatea).

Ondorengo zerrendan, 2016ko otsailaren 27an artikulu gehien izan zituzten hamaika wikipediak daude jasota. Kontuan izatekoa da, hala ere, horietako batzuk aski kalitate apalekoak direla. Sakonera da kalitatearen neurrietako bat: artikulu kopuruaz gainera, aldaketen kopurua, artikulu ez diren orrien kopurua (kategoriak, txantiloiak...) eta zirriborroen kopurua ere kontuan hartzen ditu sakonerak. Konparaziorako, data horretan bertan, Euskarazko Wikipediak 242.095 artikulu eta 21eko sakonera ditu. Hona hemen zerrenda:[6]

  1. Ingelesezko Wikipedia: 5.090.393 artikulu, 917ko sakonera
  2. Suedierazko Wikipedia: 2.854.757 artikulu, 6ko sakonera
  3. Cebuerazko Wikipedia: 2.014.842 artikulu, 2ko sakonera
  4. Alemanezko Wikipedia: 1.913.574 artikulu, 103ko sakonera
  5. Nederlanderazko Wikipedia: 1.857.798 artikulu, 11ko sakonera
  6. Frantsesezko Wikipedia: 1.729.545 artikulu, 207ko sakonera
  7. Errusierazko Wikipedia: 1.292.430 artikulu, 133ko sakonera
  8. Samarerazko Wikipedia: 1.259.492 artikulu, 4ko sakonera
  9. Italierazko Wikipedia: 1.255.817 artikulu, 117ko sakonera
  10. Gaztelaniazko Wikipedia: 1.238.518 artikulu, 198ko sakonera
  11. Polonierazko Wikipedia: 1.156.562 artikulu, 22ko sakonera

Ezinbesteko ezaugarriak

Wikipedia scale of justice
Wikipediak inpartzialtasuna bilatzen du.

Wikipediaren proiektuaren definiziotzat har ditzakegu ondorengo hiru ezaugarriak:

  • Entziklopedia bat izatea du helburu.
  • Wiki bat denez, salbuespen txikiez aparte, edonork argitaratu dezake.
  • Eduki irekia dauka eta GFDL lizentzia erabiltzen du.

Edizioa

Bisitari orok editatu dezake artikuluren bat Wikipedian. Artikulu baten autorea izateko ez da gaian aditua izan beharrik, wikia den heinean, edonork publika baitezake. Erabiltzaileen kolaborazioari esker, artikuluak sortu zein hobetu egingo direla uste baitu Wikipediak.

Arauak

Artikulu batean idaztean, kolaboratzaile orok “ikuspegi neutroa” erabili behar du. Izatez, “ikuspegi neutroa” negoziaezina den araua da, horretantxe baitatza entziklopedia izatea. Lankide kopuru handia dela eta, dibertsitate eta ideologia ezberdin askoko jendeak hartzen du parte. Beraz, Wikipediak, ikuspuntu neutroarekin ez du ikuspuntu bakarreko entziklopedia izatera iritsi nahi, ikuspuntu aniztasuna lortzea baizik. Bestalde, artikulu bati buruz hainbat iritzi egonez gero, eztabaida orrialdeak daude gai hauetaz hitz egiteko eta artikuluan bertan eztabaidak ekiditeko.

Ezinbestekoa da aurretiaz idatzitako testu baten egile eskubideak errespetatzea. Ez ekarri Wikipediara beste autore batzuen testurik, arazoak sor baititzake legez kanpoko jarrera den heinean. Era berean, debekatuta dago Wikipediako edukiren bat beste inon egile eskubide zorrotzagoen pean argitaratzea.

Azkenik, badira Wikipediatik kanpo dauden gai batzuk, ez direlako entziklopedia bateko artikulutzat hartzen. Hala nola, Wikipedian ez daude hiztegi batean agertzen diren definizioak (aditza zein adjektiboei buruz, adibidez), horretarako Wikiztegia dago.

Bandalismoa

Wikipediak behin eta berriz jasan behar duen arazoa, bandalismoa da. Bandalismoa, entziklopediaren artikuluen modifikazio inozo eta iraingarriak dira. Nahiz eta hasieran arazo larri bat dirudien, orokorrean bandalismoak ez du Wikipedian aurrera egiten. Wikipediaren publikoaren parte gehiena asmo onez ari denez, eta normalean eguneroko edizioen artean bandalismoak minoritarioak direnez, hauek ez dute luzaro irauten ezabatutak edota leheneratuak izan gabe. Bandaloak anonimoak izaten dira normalean, Wikipediak erregistratu gabeko jendearen artikuluen argitaratzea onartzen baitu. Bestalde, oso arraroak diren kasu batzuetan, erregistratua dagoen lankide batek bandalismo ekintzak egiten ditu behin eta berriz. Egintza hauek ideologiaz, bai kulturalak zein erlijiosoak, lagundurik datoz. Hauek, indibiduoa argitarazten jarraitzera eta euren ideiak inposatzera bultzatzen dute.

Bandalismotzat jo daitekeen ekintza eragiten duen beste erabiltzaile mota bat trolla da; horren aurrean, gogoratu: "ez elikatu trolla".

Edizio lanak

2016ko urtarrilean, Wikipedian gutxienez bost edizio egin zituzten 74.193 erabiltzaile zituen Wikipediak; horietatik 42.000 inguruk ingelesez, alemanez edo frantsesez idatzi zuten (63k, euskaraz).[7] Hil horretan bertan, gutxienez ehun edizio egin zituzten wikilariak 11.130 ziren; horietatik 8.300 inguruk ingelesez, alemanez edo frantsesez idatzi zuten (17k, euskaraz).[8]

Wikipediako mantentze lanez boluntario talde bat arduratzen da. Talde horren barruan administratzaileak daude; administratzaileak arduratzen dira zenbait artikulu babesteaz (askotan desitxuratzen direnean, adibidez), ezabatzeaz, edo Wikipediari kalte egiten dioten erabiltzaileak denboraldi batez blokeatzeaz.

Erreferentziak

  1. Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegia, 2011.
  2. Jim Giles (2005eko abendua): «Internet encyclopedias go head to head»], Nature, 438 liburukia, 7070. zenbakia, 900-901. orrialdeak.
  3. Nature: «Nature's responses to Encyclopaedia Britannica», Nature.com, 2006-03-30.
  4. Jimmy Wales, "Wikipedia is an encyclopedia", 2005eko martxoaren 8an.
  5. Ikus, adibidez, Ingelesezko Wikipediako irudien estatistikak, egile eskubideen aldetik: "Wikipedia:Image copyright tags".
  6. (Ingelesez) «List of Wikipedias», Wikimedia. Eskuratze eguna: 2016-02-27.
  7. (Ingelesez) «Wikipedia Statistics», Wikimedia. Eskuratze eguna: 2016-02-27.
  8. (Ingelesez) «Wikipedia Statistics», Wikimedia. Eskuratze eguna: 2016-02-27.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Agulhasko itsaslasterra

Agulhasko itsaslasterra Indiako ozeanoko hego-mendebaldeko itsaslaster garrantzitsu bat da, Afrikako hegoaldeko kliman eragiten duena. Hegoafrikako Agulhas lurmuturretik hartzen du izena.

Afrikako ekialdeko kostaldean zehar doa, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera, gutxi gorabehera Mozambikeko kanaletik Esperantza Oneko lurmuturrera bitartean.

Asteroide

Asteroideak espazioan zehar dauden gorputz solido eta forma irregularrekoak dira, planetak baino txikiagoak. Lurretik ikusita, izarrak dirudite. Horregatik, John Herschelek izen hori eman zien. Ezagutzen diren asteroide gehienak Marte eta Jupiter artean biraka ari dira asteroide gerrikoa deitzen den gunean.

Piazzi italiar astronomoak 1801ean lehena aurkitu zuenetik (Zeres asteroidea), beste hiru bat mila asteroide aurkitu dira, eta urtero aurkitzen dira gehiago. Asteroide horietako handiena Zeres bera da, 950 kilometroko diametroarekin. Hurrena Pallas asteroidea da, 552 kilometrorekin, eta Vesta asteroidea, 521 kilometrorekin. Dena den, Zeres asteroidea, gaur egun, planeta nanotzat jotzen da.

Cypriniformes

Cipriniformes, teleosteoen infraklaseko ordena.

Ordena honetan, 5-6 familia, 320tik gora genero eta 3.250 espezie baino gehiago sartzen dira, besteak beste, karpak, ezkailuak eta mazkarrak.

Ordena honetako espezieen bereizgarri batzuk hauek dira: bizkar-hegal sinple bat dute, eta ez dute hortzik ahoan; hortzen ordez, faringe-hortz deritzen egitura batzuk dituzte eztarrian.

Ur gezetan bizi dira nagusiki, baina bada itsasoan bizi den espezie bat bederen —Tribolodon brandtii—. Asiaren hego-ekialdean dago ordena honetako dibertsitate handiena, baina ez dago bat ere ez Australian ez eta Hego Amerikan ere.

Cyprinidae familia —karpak eta ezkailuak— da nagusi ordena honetan; izan ere, ordena honetako dibertsitatearen bi heren osatzen dute. Balitoridae eta Gyrinocheilidae familiako espezieak Asiaren lurralde tropikal eta subtropikaletako ur gezetan bizi dira, eta algak eta ornogabe txikiak jaten dituzte. Catostomidae bentosadun familiako espezieak Ipar Amerikan eta Asiaren ekialdean bizi dira, eta karpen antza dute bai itxurari bai ekologiari dagokienez. Cobitidae familiakoak, berriz, ohikoak dira Eurasian eta Afrikaren iparraldeko zenbait lekutan.

Ordena garrantzitsua da gizakiarentzat, bi arrazoi nagusi hauengatik: batetik, elikagai inportantea da herrialde batzuetan, Europan eta Asian, batez ere; bestetik, akuario-arrain zabaldua da, eta espezie batzuk dituzten kolore biziengatik hazten dituzte.

Sailkapenari buruzko xehetasunak:

Cobitoidea azpiordena:

Balitoridae

Balitorinae azpifamilia

Nemacheilinae azpifamilia

Catostomidae - arrain bentosadunak

Catostominae azpifamilia

Cycleptinae azpifamilia

Ictiobinae azpifamilia

Cobitidae - mazkarrak

Botiinae azpifamilia

Cobitinae azpifamilia

Gyrinocheilidae - arrain alga-jaleakCyprinoidea azpiordena:

Cyprinidae - karpak, zamo txikiak eta barboak

Psilorhynchidae

Egun

Eguna 24 ordu dituen denbora unitatea da. Hau da, Lurrak bere ardatzaren inguruan bira oso bat emateko behar duen denbora. Eguna gauaren aurkakoa ere bada, hau da, egunsentitik ilunabarrera luzatzen den denbora tartea, eguzkiak argitzen duen banako bakoitza.

K.a. IV. mendean aurkitu zuten eguna/gaua zergatik gertatzen ziren; eklipseen zergatia aurkitu eta horri esker ulertu ahal izan zuten zergatik iluntzen zen eguna. Egunak zein iraupen duen jakiteko Lurrak argizagi baten inguruan bira emateko behar duen denbora neurtu behar da. Beraz, erreferentzia gisa zein argizagi hartzen den, halakoa izango da egunaren iraupena, puntu beretik bi aldiz igarotzeko ez baitute guztiek denbora bera behar.

Espainiako Liburutegi Nazionala

Espainiako Liburutegi Nazionala (gaztelaniaz: Biblioteca Nacional de España) Espainiako Madril hiriburuan dagoen liburutegi bat da. Hain zuzen ere, Recoletos pasealekuan dago, bere egoitza Espainiako Arkeologia Museo Nazionalaren eraikin berberan duelarik.

Frantziako Liburutegi Nazionala

Frantziako Liburutegi Nazionala (frantsesez: Bibliothèque nationale de France BnF) Frantziako liburutegi nagusia da. Establezimendu publikozko estatutua dauka. Bere jarduerak gune desberdinetan banatuak dira, eta garrantzitsuena François-Miterrand gune-ko liburutegia da, Parisko 13. barrutian, Senaren ezker ibaiertzean dagoena.

Bere eraikinetan 13 milioi liburu eta irarki balioztatzen dira, baina liburutegi numerikoekin geroz eta gehiago ezaguna da: Gallicarekin hasiz eta Europeanarekin segituz. Munduko liburutegirik handienetakoa da.

Galzoriko espezie

Galzoriko espeziea iraungitzeko arriskuan dauden espezieen artean sailkatutako espezie bat da. Populazio basatien kontserbazio egoerari dagokionez, galzorikoa (sigla: EN, ingelesezko endangered hitzetik) da egoera larrietan bigarrena, Nazio Batuen Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) egiten duen Zerrenda Gorriaren arabera; larriena, berriz, galzori larrikoa (CR) da.

2012an, IUCNren Zerrenda Gorrian 3079 animalia eta 2655 landare espezie ageri ziren galzorian (EN), mundu osoan. 1998ko zifrak, berriz, 1102 eta 1197 izan ziren, hurrenez hurren.

Herrialde askotan, kontserbazioaren mende bizi diren espezieak babesteko legeak dituzte: adibidez, ehiza debekatzen dute, lurzoruaren garapena murrizten dute edo natura erreserbak sortzen dituzte.

Gaztelania

Gaztelania edo espainiera (castellano, español) hizkuntza erromantzeetariko bat da, iberiar taldekoa. Erdi Aroko Gaztelako Erresuman sortu zen, latin arruntak bertako hizkuntzekin izandako ukipen-egoeraren ondorioz. Horrela bada, euskararen hainbat ezaugarri fonetiko bereganatu ditu (bost bokaleko sistema, hasierako f-a galtzea...).

Munduan 407 milioi pertsonak lehen hizkuntza dute. Espainian eta Hispanoamerikako ia estatu guztietan ofiziala da. Ama hizkuntza moduan, munduko bigarren hizkuntza erabiliena da, txineraren atzetik. Bigarren hizkuntzatzat dutenak ere kontuan hartuta (guztira, 600 milioi pertsona), munduko laugarrena da, txinera, ingelesa eta hindiaren ondoren.

Geografia

Geografia Lurraren azterketa da eta beronen itxura, kontinenteak, ibaiak, herrialde, mendiak, hau da, aspektu fisikoen, eta gizakiarekin erlazionatuta dauden aspektuen (industria, ekonomia, demografia,...) harremanak ikertzen dituen zientzia da. Harluxet hiztegiak "Lur planetaren gainazala deskribatzea eta azaltzea helburu duen zientzia, bereziki alderdi naturaletik begiratuta eta gizakiarekin duen erlazioa kontuan hartuz" dela dio. Hori dela eta, gizarte zientzien barruan sartzen da. Fenomenoak non eta zergatik gertatzen diren toki jakin baten erantzuten saiatzen da.

Izena Ge (γη) edo Gagia (γαια), Lurra eta graphein (γραφειν) idatzi grezierazko hitzetatik dator. Izan ere grezieraz γεωγραφία (geographia) da. Izan ere, geografia hitza erabili zuen lehendabiziko pertsona Eratostenes (K.a. 276-194) izan zen.

Historikoki lau adarretan banatuta zegoen: natura eta gizakien fenomenoen azterketa espaziala, Lurreko eskualdeen ikerketa, gizakia eta Lurraren arteko harremanaren ikerketa eta Lurraren zientzien ikerketa. Hala ere, gaur egun adar bi besterik ez ditu: giza geografia eta geografia fisikoa.

Japoniera

Japoniera (japonieraz: 日本語) Ekialdeko Asiako hizkuntza bat da. 127 milioi hiztun ditu, gehienak Japonian, baina baita mundu guztian zehar ere, japoniar jatorrikoen artean. Hizkuntza eranskaria da eta ohorezko sistema konplexua du, igorlearen eta hartzailearen arteko harremanaren eta japoniar gizarteko mailaren araberako hiztegia darabilena.

Karraskari

Karraskariak (Rodentia) ugaztun familia bat da. Ugaztunen artean familiarik ugariena da, hainbat autorek 2000tik 3000 espezie ezberdin identifikatu dituzte. Ugaztun espezie guztien erdia karraskariak dira. Antartikan ezik gainontzeko kontinente guztietako klima ezberdinetan aurki daitezke. Australian ere modu naturalean daude, gizakion eragina kontutan hartu gabe. Ozeanoak izan ezik habitat mota guztiak betetzen dituzte.

Hainbat talde karraskari gisa hartzen dira baina ez dira horrela. Chiroptera, Scandetia, Insectivora eta Lagomorpha ordenak askotan karraskaritzat hartzen dira.

Karraskari gehienak txikiak dira. Euren artean txikiena Afrikar Sagu Pigmeoa da: 6 cm luze da, 7 gramo pisatzen du. Handiena kapibara da, 45 kg-ko pisuarekin. Jada desagertua den Phoberomys pattersoni espezieak 700 kg pisatzen zuela uste da.

Karraskariek bi letagin dituzte goiko eta beheko barailetan, eta letagin horiek etengabe hazten dira karraskarien bizitza osoan. Hazkundea konpentsatzeko, denbora gehiena zerbait murtxikatzen pasatzen dute, eta hau da izenaren jatorria (Latinezko roderetik). Hagin hauek kanpokaldeak esmaltea dute eta dentina barnekaldean eta beraz punta ateratzen dute erabiltzearekin soilik. Karraskari gehienek landareak jaten dituzte, orokorrean haziak, baina gutxi batzuek intsektuak eta arrainak ere jaten dituzte.

Karraskariak oso garrantzitsuak dira edozein ekosistematan oso azkar hazten direlako eta beraz elikagai ona dira haragijaleentzat, metodo ona dira hazien garraiorako eta gaixotasunak azkar kutsatzen dituzte.

Latin

Latina antzinako hizkuntza bat da, hasiera-hasieran Erroma inguruko Lazio eskualdekoa, baina askoz ere gehiago hedatu zen, ordea, Errepublika eta Inperio Erromatarraren hizkuntza ofizial bilakatu zenean.

Latina dute jatorri egungo hizkuntza askok, hala nola, gaztelaniak (407 milioi hiztun), portugesak (200 milioi), frantsesak (130 milioi), italierak (70 milioi), errumanierak (28 milioi), katalanak (9,5 milioi), galizierak (3 milioi), okzitanierak (2 milioi) eta beste hainbatek. Euskarak ere asko zor dio, gutxi gorabehera hiztegiaren % 20 latinetikoa baita.

Muridae

Muridae (muridoak) karraskarien ordenako familia bat da, ugaztunetan ugariena. 700 espezie inguru ditu, Eurasia, Afrika eta Australian bizi direnak. Familia honetan sartzen dira arratoiak, saguak, gerbilak eta kidekoak. Izena latinezko mus (genitiboa muris) izenetik dator, eta "sagua" esan nahi du.

Zenbaitetan, Muridae familia-izena Muroidea superfamiliaren sinonimotzat erabiltzen da, baina, berez, azpiko maila taxonomiko bati dagokio.

Perciformes

Perciformes (Percomorphi edo Acanthopteri ere deitua) ornodunen ordenarik handiena da. Arrain hezurdunen espezie guztien % 40 inguru hartzen du. Perciformes izenak perka-formakoa esan nahi du. Aktinopterigioen klaseari dagokio, eta 7.000 espezietik gora biltzen ditu, forma eta tamaina guztietakoak, ia itsas ingurune guztietan bizi direnak. Kretazeoan agertu ziren lehen aldiz.

Sailkapen zientifiko

Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Sailkapen zientifiko (argipena)»

Sailkapen zientifikoa edo biologiako sailkapen zientifikoa biologian espezie eta organismoak sailkatzeko erabiltzen den sistema da. Lineok proposatu zuen metodoan oinarritzen da, baina ondoren Charles Darwinek egindako ekarpenekin hobetu, DNAren inguruko ikerketek eta analisi informatikoak berritu egin dute hau egiteko modua.

Segundo

Segundoa 9 192 631 770 zesio-133 atomoaren oinarrizko egoeraren maila hiperfino bien arteko trantsizioari dagokion erradiazioaren periodoaren iraupena da (13. CGPMa (1967-1968) 1. erabakia, CR 103). Definizio berri horren aurretik segundoa batez besteko eguzki egunaren 1/86400 gisa definitzen zen. Minutuaren hirurogeirena da.

Unitate honen ikurra s da.

Udalerri

Udalerri bat, herri bati edo hainbat herriri dagokion administrazio eremu bati deritzo, lurralde geografiko bati atxikia eta udal batek zuzendua.

Urte

Urtea, Lurrak Eguzkiaren inguruan bira oso bat ematen igarotzen duen denbora da. Lurrean bi motako urte daude:

Urte siderala eta Eguzki-urtea.

Wikimedia Fundazioaren proiektuak
Wikimedia Fundazioa

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.