Suitza

Suitza[1] (alemanez: Schweiz, ˈʃvaɪts ahoskatua; frantsesez: Suisse, sɥis(ə) ahoskatua; italieraz: Svizzera, ˈzvittsera ahoskatua; erretorromanieraz: Svizra, ˈʒviːtsrɐ edo ˈʒviːtsʁːɐ ahoskatua), ofizialki Suitzar Konfederakundea (latinez: Confoederatio Helvetica, bertako lau hizkuntzen artean aukerarik ez egitearren. Hortik datorkio CH laburdura) erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Iparraldean Alemaniarekin du muga, mendebaldean Frantziarekin, hegoaldean Italiarekin, eta ekialdean Austria eta Liechtensteinekin. 41.285 km² ditu, eta 2013an 8.139.631 biztanle zituen.[2]

Hiriburu federala Berna da.

Suitzar Konfederakundea
Schweizerische Eidgenossenschaft
Confédération suisse
Confederazione Svizzera
Confederaziun svizra
(Confoederatio Helvetica)
Suitzako bandera Suitzako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Unus pro omnibus, omnes pro uno
(Bat denentzat, denak batentzat)
Ereserkia: Suitzar Psalmoa
Herrialdearen kokapena
HiriburuaBerna (de facto)
Hiri handiena Zürich
Hizkuntza ofiziala(k) Alemana, frantsesa, italiera eta erromantxea
Herritarra suitzar[1]
Gobernua Errepublika federala
 -  Presidentea Johann Schneider-Ammann
 -  Kantziler federala Walter Thurnherr
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 41,285 km2 (132.)
 -  Ura (%) 4,2
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2013) 8 139 631 (96.)
 -  Dentsitatea 198 bizt./km2 (65.)
Dirua Suitzar libera (CHF)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 41
Internet domeinua ch

Geografia

Orografia

Switzerland composite NASA
Suitza satelite irudian

Suitzako lurraldean hiru alderdi nagusi bereiz daitezke: ipar-mendebaldeko Jura mendiak, erdialdeko ordeka garaia (Mittelland) eta hegoaldeko Alpe mendiak.

Alpeak amildegi malkorrez, elurrez beti estalitako mendi garaiez, mendi-zintzur sakonez eta glaziar handiez osatuak dira. Bi lerrotan banatuak dira Alpeak, mugimendu tektonikoen eraginez sortuak dira eta, Kuaternarioan, Rodano eta Rhin ibaien ibarrak eratu zituzten glaziarrek higatutako haustura sakon batek bereiziak. Italiarekin muga egiten duten hegoaldeko lerroko mendiak dira garaienak: Dufourspitze edo Monte Rosa (4.634 m), Matterhorn edo Cervino (4.478 m), Dom (4.545 m), Dent Blanche (4.347 m)… Iparraldeko lerroko mendien artean Jungfrau (4.195 m), Finsteraarhorn (4.274 m) eta Aletschhorn (4.195 m) dira garaienak.

Jura mendiak ipar-mendebaldean daude, Frantziako mugaren aurrez aurre; lurralde osoaren %10 hartzen dute, baso bakan batzuk eta belardi handiak dituzte, eta Alpeak baino askoz txikiagoak dira. Alpe eta Jura mendien artean 250–600 m bitarteko garaiera duen ordeka bat dago, muinoak dituena, Mittelland («erdialdeko lurrak») deitua; Mittellandek lurralde osoaren heren bat hartzen du, hegoaldeko Léman eta Konstantzako aintziren artekoa.

Hidrografia

Suitzako mendietan Europako ibai handienetako batzuk jaiotzen dira. Izan ere, San Gotardoko mendatearen inguruan, elkarrengandik oso hurbil, Rodano, Rhin eta Aar ibaiak sortzen dira. Bestalde, aintzira asko daude Suitzan; handienak, Alemaniarekin eta Frantziarekin muga egiten duten Léman eta Konstantzako aintzirez gainera, Neuchâtel, Zürich eta Luzerna hirietakoak eta Italiarekin muga egiten duten Maggiore eta Luganoko aintzirak dira.

Klima

Suitzako Alpe mendiek Atlantikoko, Mediterraneoko eta Europako erdialdeko klimen muga egiten dute. Beraz, Suitzak klima horien tarteko bat du. Atlantikoko haize heze epelak ia lurralde osoan jotzen du, baina euri gehiago dakar hego-mendebaldera ipar-ekialdera baino. Mendietan, 3.000 m-tik gora, elurra da beti, eta ibarretarantz jaisten diren glaziarrak sortu dira. Mendi garaiez inguratutako ibar batzuetan, Rodanoren ibarrean adibidez, askoz euri eta elur gutxiago izaten da. Foehn haizeak, Alpeetako iparraldeko ibarretan behera jaisten den haize hegoak, giroa gozatzen du. Mittellandek negu hotzak eta uda epelak izaten ditu: 20 °C uztailean eta 1 °C urtarrilean. Maggiore eta Lugano aintzira inguruak epelagoak dira.

Suitzako klima aniztasuna: mendebaldeko Eurasiako glaziarrik zabalenak (Aletsch glaziarra),[3] Jura mendigunea (Joux harana), hegoaldean dagoen Ticino (Luganoko aintzira) eta mendebaldean dagoen Vaud kantonamenduko mahastiak (Léman aintzira)

Aletschhorn from Konkordiaplatz
Joux
Lago di Lugano3
Vine Terraces of Lavaux and the Leman lake in Switzerland

Landaredia

Suitzako landaredia garaierak mugatutako bost mailatan bana daiteke: 540 m bitartean, gaztainondoa, intxaurrondoa, almendrondoa eta, hegoaldean, palmondoa, pikondoak, eta laranjondoak hazten dira; 1.200 m bitartean, pagadiak, astigar basoak eta hariztiak; 1.650 m bitartean, pinudiak eta izaidiak; 2.100 m bitartean, errododendro eta alertze basoak. Handik elurra bitarteko zatian, belardiak eta Alpeetako landare loredunak dira. Bestalde, Alpeetako mazeletan mahastiak ere badira, Europan beste inon baino gorago, 1.700 m bitartean.

Historia

Aurreneko historia

Theater Kaiseraugst
K. a. 44an fundatutako Augusta Raurica, Rhin haraneko lehen erromatar kokalekua izan zen[4]

K. a. I. mendean, Julio Zesarren lejioak sartu baino lehen, zeltak, helvetiarrak eta retioak bizi ziren gaur egungo Suitzako lurraldean. Erromatarrek Helvetia deitu zioten lurraldeari, eta Alpeetako iraganbide nagusiak eraiki zituzten (K. a. 58).

Baina, III. mendetik aurrera germaniar herriak erromatarren hesiak hautsi eta lurraldean sartzen hasi ziren. IV. mendean, burgundiarrek eta alamanek bizitokia hartu zuten Mittellanden. Bi mende geroago, errege frankoek beren erreinuaren mende hartu zuten lurraldea. VII. mendean kristau misiolariek kristatutasuna zabaldu zuten helvetiarren artean, eta hurrengo menderako monasterio handiak eraiki zituzten.

X. mendean, musulmanek eta magiarrek sartu-irtenak egin zituzten, eta XI. mendean, gaur egungo Suitza, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren mende geratu zen. XII. mendetik aurrera, Europako ekonomia berpiztearekin batera, Italiar penintsulako errepubliken eta Frantzia, Alemania eta Flandesko hirien arteko merkataritza harremanak sendotu ziren. Hala, Alpeak igarotzen zituzten merkataritza bideetan zehar hiriak sortu ziren: Zurich, Berna, Luzerna eta Sankt Gallen.

Suitzako Konfederazio Zaharra

Old Swiss Confederation
Suitzako Konfederazio Zaharra 1291tik (berde ilunez) XVI. mendera (berde argiz) eta hari elkartutako lurraldeak (urdinez).

1291n, Uri, Unterwalden eta Schwyz kantonamenduak (eta geroxeago, Obwalden) konfederatu eta habsburgotarren aurkako liga bat (Suitzako Konfederazio Zaharra) osatu zuten, askatasuna elkarren babesean gordetzeko. Une hura hartzen da gaur egungo Suitzako konfederazioaren sorreratzat. 1315ean, Mogarteneko guduan, konfederatuek inperioko gudarosteak menderatu zituzten. 1324an, enperadoreak kantonamenduen askatasuna onetsi behar izan zuen. Handik gutxira merkataritza hiriak lotu zitzaizkion konfederazioari: 1332an, Luzerna; 1351n, Zurich; 1352an, Glarus eta Zug; eta 1353an, Berna.

Zortzi kantonamenduek barne autonomia handia zuten, denek onartzen zuten Dieta bakar baten gobernupean. Inperioaren aurkako beste gudu batzuetan suitzarrak garaile atera ondoren, kantonamenduek auzo herrien lurraldeak hartzen hasi ziren. 1474an, Inperioak eta kantonamenduek Konstantzako bakea izenpetu zuten. Zazpi urte geroago, Friburgo eta Solothurn lotu zitzaizkion konfederazioari. 1481ean, Stanseko itunaren bitartez, kantonamenduen arteko harremanak arautu ziren. Inperioaren aurkako beste gudu baten ondoren, Basileako bakean (1499) enperadoreak kantonamenduen burujabetasuna onartu zuen. 1501ean, Basilea, Schaffhausen eta Appenzell gehitu zitzaizkion federazioari. San Gotardoko mendateko merkataritza bidea babestearren, kantonamenduek Ticino kendu zieten lombardiarrei. 1516an, kantonamenduek betiko bakea izenpetu zuten Frantziako erregearekin.

Erreforma

XVI. mendean zehar, Erreforma protestantea zela eta, Suitzako konfederazioa katolikoen eta protestanteen artean banatu zen. Hirietako burgesia protestantismora bihurtzearen aldekoa zen, eta mendialdeko nekazariak, berriz, katolizismoaren aldekoak, ordura arte bezala. Konfederazioko barnealdeko kantonamenduak (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Solothurn) katoliko jarraitu zuten, eta Zurich, Bern, Basilea eta Schaffhausen protestante bilakatu ziren.

Joan Kalbinek Erroma protestantetzat hartu zuen Geneva; 1536-1564 bitartean erregimen teokratiko baten mendean egon zen. Kantonamendu katolikoen eta protestanteen arteko gorabeherak gudu bilakatu ziren, baina konfederazioa ez zen desegin. 1648ko Westfaliako bake hitzarmenean, Hogeita hamar Urteko Gerraren amaieran, suitzar kantonamenduen burujabetasuna onartu zen. Nolanahi ere, erlijio gatazkek 1656 arte iraun zuten.

XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Suitzak neutraltasuna politika egin zuen, eta nolabaiteko bake eta oparotasun urteak izan zituen. Suitzar erlojugileak oso ospetsuak egin ziren Europako gorteetan. Bestalde, Suitzako hiri batzuek, Genevak adibidez, garrantzi handia izan zuten kulturaren garapenean, beste herrialde batzuetan baino askatasun handiagoa izan baitzuten.

XIX. mendea

Frantziako Iraultzak eragin handia izan zuen Suitzan. Herrialdearen neutraltasuna galarazi zuten bi iraultzen ondoren, 1798an, Frantziako gudarostea sartu zen lurraldean, suitzar iraultzaileen laguntzarekin. Urte horretako apirilaren 12an, Helveziar Errepublika sortu zen, konstituzio bateratu batekin. Hiriburua Luzerna zuen. Handik gutxira, errepublika gobernaezina izan zen, eta 1803ko otsailean, Napoleon Bonapartek konfederazioa onartu zuen, bere kantonamendu eta Dietarekin.

Europako Iraultzak Napoleonen hondamendia eragin ondoren, Suitzako Dietak behar ziren aldaketak egin zituen Vienako kongresuak herrialdea ezagut zezan. 1815eko abuztuaren 17an, 22 kantonamenduk Itun Konfederal bat izenpetu zuten, Suitzako estatu modernoaren sorrera izan zena. Lehengo hamahiru kantonamenduei Sankt Gallen, Grisonia, Argovia, Turgovia, Ticino, Vaud, Valais, Neuchâtel eta Geneva gehitu zitzaizkien.

XIX. mendearen lehen erdian kantonamendu kontserbadoreen eta liberalen arteko gatazkak izan ziren, erlijio gorabeherekin batera konfederazioaren politika egonkorra kolokan jarri zutena. Izan ere, mendearen hasieran, Europan absolutismoa nagusitu zenean, Suitzako politika familia kontserbadore ahaltsuen inguruan antolatu zen, baina 1830eko iraultza liberalekin batera hamabi kantonamenduk konstituzio liberalak onartu zituzten. Konfederazioak 1845ean izan zituen unerik larrienak, zazpi kantonamendu katolikok (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Valais) Sonderbudneko Ligan bat egin zutenean. Besteak beste, beren interesak babestu eta jesuitak Luzerna eta Frigurbotik egoztea galarazi nahiak elkartu zituen. 1847an, konfederatuen gudarosteak indarrez hartu zituen kantonamendu katolikoak. 1848ko iraultzekin batera, suitzar liberalek herrialde osorako konstituzio federala onartzea lortu zuten. Berna zuen hiriburu.

Gotthard Eröffnungszug Bellinzona
Suitzako iparraldea eta Ticino lotu zituen San Gotardoko trenbide-tunelaren inaugurazioa (1882).

Tradiziozko neutraltasuna dela-eta, nazioarteko biltzarrak egiteko leku aproposa da Suitza, eta orobat da erakunde askoren egoitza. Bertan dago, 1863az gero, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bulego nagusia, eta Lehen Mundu Gerraz gero, Nazioen Elkartearena.

XX. mendea

Suitza Nazioen Elkarteko kide izan zen, baina neutraltasun estatusari eutsi ziolarik, eta iheslari politikoak babestu baitzituen Bigarren Mundu Gerran, uko egin zion Nazio Batuen Erakundeko (NBE) kide izateari, erakunde horren zenbait betekizun neutraltasunarekin ezin adostuzkoak zirelakoan. Alabaina, NBEren mendeko zenbait batzorderen kide da, eta behatzaile iraunkor bat du NBEtan. Era berean, zenbait nazioarteko batzorde neutralen kide izan da, hala adibidez Koreako Gerran, 1953ko su-etenaren akordioa gainbegiratzeko; dirua eman zion NBEri Zipreko bakeari eusteko, eta Arantzel eta Merkataritzari buruzko Akordioaren kide da (munduko merkataritza harremanak hobetzeko helburua duen erakundea).

1986ko Txernobilgo hondamendi nuklearra zela eta, manifestazio handiak izan ziren Suitza osoan, bertako bost zentral nuklearren eta oro har egitarau nuklearraren segurtasuna dudan jartzen zutenak. Manifestazio haien ondoren, 1989an gobernuak bazterrera utzi zuen seigarren zentralaren eraikuntza. Hurrengo urtean, erreferendum bidez, hamar urterako, zentral nuklearrak eraikitzeko proiektua eragotzi zen.

1990. urtean suitzar polizia sekretuak gordeta zituela 200.000 bat lagunen artxibo sekretuak jakin zen. Bernako istiluen ondoren, bigundu egin ziren estatuaren segurtasun legeak, eta haien ordez polizia kontrolatzeko arau berriak jarri ziren indarrean. 1992an alde batera uzten hasi zen Suitzaren urte askoko independentzia, eta Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari lotu zitzaien. Alabaina, urte horretako abenduan uko egin zioten suitzarrek Europako Ekonomia-Eremuan sartzeari (merkataritza libreko eskualdea, Europa Mendebaldeko herrialde asko lotzen dituena). Hauteskunde horiek Europar Batasunean sartzearen ukoaren seinaletzat hartu ziren.

XXI. mendea

2001ean erreferendum bat egin zen Europar Batasunean sartzeko, baina gehiengoak uko egin zion. 2001ean, baita ere, hainbat enpresak, tartean Swissair airelinea ospetsuak, porrot egin zuen eta milaka langile kale gorrian geratu ziren. 2002an, abortatzeko eskubidea legeztatu zen, alde batetik, eta, bestetik, Suitza Nazio Batuetan sartu zen. 2006an, inmigrazio eta babes legeak gogortzea erabaki zuen gehiengoak erreferendumean.

Politika

Suitza errepublika da, 1874ko maiatzaren 29an onartu eta hainbat aldiz zuzendu den Konstituzioaren arabera gobernatzen dena. Demokrazia zuzena eta zeharkakoa du, herri beregaintasunarekin, botereen banaketarekin eta ordezkaritza proportzionalarekin bateratzen ditu suitzar sistema politikoak. Hautesleek, ordezkariak aukeratzeaz gainera, zuzenean esku hartzen dute auzirik garrantzitsuenetan, erreferendumen bidez; izan ere, erreferendumak Suitzako sistema politikoaren partetzat hartzen dira. Hauteskunde federaletan, 18 urtetik gorako hiritar guztiek dute boto eskubidea; emakumeek 1971. urtean lortu zuten boto eskubidea nazio hauteskundeetan, erreferendum baten ondoren.

Banaketa administratiboa

Suitza 26 estatuz osaturiko konfederazioa da. Estatu horiei kantonamendu esaten zaie. Grisonia da eremu zabalena duena eta Zürichekoa biztanle gehien dituena. Hauek dira 26 kantonamenduak:

Kantonamendua Hiriburua Kantonamendua Hiriburua
Wappen Aargau matt.svg Argovia Aarau Wappen Nidwalden matt.svg *Nidwalden Stans
Wappen Appenzell Ausserrhoden matt.svg *Appenzell Ausserrhoden Herisau Wappen Obwalden matt.svg *Obwalden Sarnen
Wappen Appenzell Innerrhoden matt.svg *Appenzell Innerrhoden Appenzell Wappen Schaffhausen matt.svg Schaffhausen Schaffhausen
Coat of arms of Kanton Basel-Landschaft.svg *Basilea Herrialdea Liestal Wappen des Kantons Schwyz.svg Schwyz Schwyz
Wappen Basel-Stadt matt.svg *Basilea Hiria Basilea Wappen Solothurn matt.svg Solothurn Solothurn
Wappen Bern matt.svg Berna Berna Coat of arms of canton of St. Gallen.svg Sankt Gallen Sankt Gallen
Wappen Freiburg matt.svg Friburgo Friburgo Wappen Thurgau matt.svg Turgovia Frauenfeld
Wappen Genf matt.svg Geneva Geneva Wappen Tessin matt.svg Ticino Bellinzona
Wappen Glarus matt.svg Glaris Glaris Wappen Uri matt.svg Uri Altdorf
Wappen Graubünden matt.svg Grisonia Chur Wappen Wallis matt.svg Valais Sion
Wappen Jura matt.svg Jura Delémont Wappen Waadt matt.svg Vaud Lausana
Wappen Luzern matt.svg Luzerna Luzerna Wappen Zug matt.svg Zug Zug
Wappen Neuenburg matt.svg Neuchâtel Neuchâtel Wappen Zürich matt.svg Zürich Zürich

*Kantonamendu hauei erdi-kantonamendu deitzen zaie, eta kontseilari bakarra dute (bi beharrean) Estatuen Kontseiluan.

Ekonomia

NestleHQ
Nestléren bulego nagusiak, Léman aintziraren ertzean.
Andermatt Winter
Andermatt. Turismoak garrantzia handia du Alpeetako eskualdeetan.
Aerial view of Zurich
Zurich munduko ekonomia gune nagusietako bat da[5].

Suitzako ekonomia modernoa, oparoa eta egonkorra da. 2013an barne produktu gordina (nominala) 646.200 milioi dolarrekoa izan zen, munduko 37.a, eta %2ko hazkundea izan zuen. biztanleko BPG Mendebaldeko Europako herrialde gehienena baino handiagoa da; 2013an 54.800 dolarrekoa zen, munduko 11.a[6]. Ekonomia oso industrializatua dago, eta suitzarren bizitza maila munduko garaienetakoa da. Suitzan dute egoitza munduko multinazional handienetako batzuek, hala nola, Glencore, Nestlé, Novartis, Hoffmann-La Roche, ABB eta Adecco konpainiek[7].

Gaur egun, suitzar ekonomiaren alor nagusiak merkataritza, zerbitzuak (bankuak eta finantzak batez ere) eta turismoa dira, eta enplegu osoaren %73,2 osatzen zuten 2010ean. Alor horien atzetik daude industria, energia, meatzaritza eta eraikuntza (%23,4), eta nekazaritza, basogintza eta arrantza (%3,4)[6].

Suitza beregaina den arren haragiki eta laboreetan, ez lurra ez klima ez dira nekazaritzarako egokiak, eta, hortaz, inportatuak dira kontsumitzen diren elikagai gehienak, eta nekazariek diru laguntza handien beharra dute. Lursail gehienak txikiak dira, familia enpresetan antolatuak. Nekazaritza gai nagusiak azukre-erremolatxa, garia, patatak, sagarrak, mahatsa, esnea eta ardoa dira.

1990eko hamarkadaren hasieran urteko 6,7 milioi m³ egur produzitzen zen Suitzan, baina industria horrek arazoak ditu haizearen kutsadura dela eta, Suitzako basoen %35 kaltetuak baitaude. Egur gehiena zerrategietan eta papergintzan erabiltzen da. Meatzaritzak ez du garrantzi handirik; aipagarriak dira gatzarriaren produkzioa (gutxi gorabehera, urteko 400.000 t) eta zementuarena (4,4 milioi t).

Industrian dihardu Suitzako biztanle aktiboen heren bat. Ekoizpen nagusiak doitasun makinak, makina-tresna, farmazia gaiak eta erlojuak dira (gaur egun, urteko 28 milioi bat erloju esportatzen da). Aipagarriak dira orobat ehungintza, jantzigintza, oinetakoak, kimika gaiak, metal finduak, elikagaiak (txokolatea batez ere), zurezko gaiak eta papera. Asko estimatzen da suitzar eskulangintza: musika kutxak, brodatuak, zur landua, etab.

Dirua eta bankuak

Suitzako diru banakoa suitzar frankoa da, 100 zentimotan banatua. Suitza nazioarteko finantza gune guztiz garrantzitsua da; bertako bankuek mundu osoko dirua erakartzen dute, politikaren eta finantzen egonkortasuna dela eta, eta banku eragiketen sekretua bermatzen delako. Banku pribatuak dira sarrera iturri nagusietako bat. Zurich da bankuen zentro garrantzitsuena. Bestalde, Zuricheko Burtsa Europako handienetako bat da, eta Zurich da gainera urrearen merkataritza gune nagusia.

Kanpo merkataritza

2013an Suitzako inportazioak 200.500 milioi dolarrekoak izan ziren, eta esportazioak, berriz, 229.200 milioi dolarrekoak[6]. Inportatzen diren gai nagusiak hauek dira: makineria, garraio hornigaiak, petrolio gordina eta findua, metal preziatuak, elikagaiak, burdina, altzairua eta kimika gaiak. Esportazio aipagarrienak, berriz, makineria, farmazia gaiak, jantziak, erlojuak eta metal preziatuak dira.

Merkataritza harreman ohikoenak Alemania, Frantzia, Italia, Britainia Handia, Estatu Batuak eta Txinarekin ditu. Merkataritzaren balantza kontrako hori “esportazio ikusezin” deritzanekin orekatzen da: finantza zerbitzuak eta turismoa. Turismoa da, izan ere, dibisa sarreren eta enplegu sorreraren iturburu nagusia. Ordainketa balantzak (barnean hartzen ditu turismoa eta finantza sarrerak) urteko ia 1.000 milioi dolarreko soberakina izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran.

Garraioa

Garraioetan, famatuak dira Alpeak gurutzatzen dituzten tunelak, bereziki San Gotardokoa (16,32 km), munduko errepide tunel luzeena. Badira, bestalde, Alpeak gurutzatzen dituzten burdinbide tunel handiak, eta berriak egiten ari dira autobideak arintzeko.

Demografia

CH-population-density-2007
Suitzako biztanle dentsitatea (2007)

2013an Suitzak 8.139.631 biztanle zituen[2]. Biztanleria zahartzen ari da (biztanleen %17,6k hirurogeita bost urte edo gehiago dute[8]), eta 82,39 urteko bizi itxaropena dute, munduko 8. handiena[6]. Urteko hazkunde tasa motela da (%0,78), eta etorkinei dagokie tasa horren zati handiena.

Atzerritar langileei dagokienez, langile espezializatuen beharrak, batetik, eta familien bateratzeak bestetik, atzerritar biztanleen kopurua handitu dute. 2013an atzerritarrak biztanle guztien %23,8 inguru ziren[8]. Atzerritarren artean, 2013an italiarrek osatzen zuten talde nagusia (atzerritarren %15,4) eta haien ondoren, Alemania (%15,1), Portugal (%13,1), Frantzia (%5,7), Serbia (%4,7), Turkia (%4,3) eta Espainiatik (%3,9) joandakoek[9]. 2014ko otsailean egindako erreferendumean, Europar Batasunetik Suitzara lanera doazen herritarren kopurua mugatzea onartu zuten suitzarrek. Aleman eta italiera hiztun eremuen kantonamenduak izan ziren baiezkoaren aldeko, eta eremu frankofonoak ezetz bozkatu zuten, batik bat[10].

Hiri handienak

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Hizkuntza ofizialak

Swiss languages
Suitzako hizkuntzak :
Alemana (%64,9), Frantsesa (%22,6),
Italiera (%8,3), Erromantxera (%0,5)

Suitzak lau hizkuntza ofizial ditu: frantsesa, alemana, italiera eta erromantxea.

Aleman hiztunak biztanleen %64,9[6] dira, eta gehiengoa osatzen dute kantonamendu gehienetan. Frantses hiztunak (biztanleen %22,6[6]) Jura, Neuchatel, Fribourg, Geneva, Vaud eta Valais kantoietan bizi dira, batez ere. Italiera hiztunak (%8,3[6]) gehiengoa dira Ticino kantonamenduan. Erromantxera hiztunak (%0,5[6]) Grisonian bizi dira.

Suitzar ezagunak

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b Bfs.admin.ch Population résidante permanente selon le sexe et la catégorie de nationalité, à la fin de l'année.
  3. Swiss Alps Jungfrau-Aletsch Unesco.org
  4. Switzerland's Roman heritage comes to life Swissinfo.ch
  5. Brian BAKER: The most powerful cities in the world Citymayors.com. 2014ko azaroaren 28an kontsultatua.
  6. a b c d e f g h Switzerland The World Factbook, Cia.gov
  7. Six Swiss companies make European Top 100 Swissinfo.ch
  8. a b Swiss Statistics: Population - Key figures Bfs.admin.ch
  9. Swiss Statistics: Foreign permanent resident population by nationality Bfs.admin.ch
  10. Mikel GARCIA IDIAKEZ: Suitzako immigrazio erreferenduma: zenbat eta etorkin gutxiago bazterkeria handiagoa Argia.eus. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentziarekin argitaratua

Kanpo loturak

1950eko Frantziako Tourra

1950eko Frantziako Tourra Itzuli Handi honetako 37. edizioa izan zen. 1950eko uztailak 13 eta abuztuak 7 bitartean ospatu zen. 4773 kilometroko ibilbidea egin zen 22 etapatan banatuta.

116 txirrindularik parte hartu zuten, txirrindulari kopuru ezberdina zuten 14 taldetan banatuta. Horietatik, soilik 51 txirrindularik amaitu zuten proba, talde bakar batek ere proba bere txirrindulari guztiekin amaitzea lortu gabe.

Frantziako Tourraren edizio honetan sekulako iskanbila sortu zen Gino Bartali, Italiako talde nazionaleko liderra zena, Jean Robicen erorketa eragin izana egozten zioten zenbait ikuslek mehatxatu eta eraso zutenean. Erantzun bezala, italiar txirrindulari guztiek, une horretan probako liderra zen Fiorenzo Magni barne, lasterketa utzi zuten 12. etapan zehar, eta Tourraren antolakuntza 15. etaparen helmuga aldatzera behartu zuten, hasiera batean Sanremon aurreikusia zegoena, baina azkenean Mentonen finkatu zena, errepresalien beldur.

Edizio honetan kontroletik kanpokoa ezarri zen etapa bakoitzaren amaieran, kanporatu ugari eragin zituena.

Irabazleak, Ferdinand Küblerrek, proba batez beste 32,778 kilometro orduko abiaduran bete zuen, suitzar jatorriko txirrindulari batek Tourra irabaztea lortzen zuen lehen aldia izan zelarik.

1951ko Frantziako Tourra

1951ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 38. edizioa izan zen. 1951ko uztailak 4 eta 29 artean ospatu zen. 4690 kilometroko ibilbidea egin zen 24 etapatan banatuta.

Edizio honetan 123 txirrindularik parte hartu zuten, txirrindulari kopuru ezberdineko 12 taldetan banatuta. Horietatik soilik 66 izan ziren proba amaitu zutenak, eta talde bakar batek ere ez zuen proba bere txirrindulari guztiekin amaitzea lortu.

Edizio honetan, Mont Ventoux lehen aldiz igo zen, eta 25 urteren ondoren, lasterketa ez zen Parisen hasi.

Edizio honetako garailea izan zen Hugo Kobletek proba batez beste 32,949 kilometro orduko abiaduran egin zuen.

1953ko Frantziako Tourra

1953ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 40. edizioa izan zen. 1953ko uztailak 3 eta 26 bitartean ospatu zen. 4476 kilometro egin ziren 22 etapatan banatuta.

120 txirrindularik parte hartu zuten, 10 txirrindulariko 12 taldetan banatuta. Horietatik proba amaitu zutenak 76 izan ziren, eta talde bakar batek ere ez zuen amaitu proba bere txirrindulari guztiekin. Frantziako Tourreko lehen edizioa izan zen 1903ko Frantziako Tourraren garailea izan zen Maurice Garin, Tour honetan irteera ematera gonbidatua eta zituen 82 urteak gora-behera oso itxura ona zuena, hitzaldi labur batekin konformatu zen: "Nire lagun gazteak, sekula ez dituzue gure bizikleta primitiboekin ezinezko errepideetan aurre egin behar izan genien zailtasunak ulertuko. Errepideak askoz gaitzagoak ziren gure arerioak baino, eta, hala ere, ze oroitzapen eder mordoa utzi dizkidaten. Sekula zikindu gabeko loria baten oroitzapena, bizikletarik gabe sekula izango ez nuen bizitza batena, eta, batez ere, espero gabeko promozio sozial batena". Maurice Garinek honako hau esan zion 1902an kazetari bati: "Txapelduna baino lehenago herriko gizon bat naiz". Ez zekien bi kontzeptu hauek txirrindularitzan bata bestea bezain funtsezkoak izango zirela.

Edizio honetan maillot berdea agertzen da, puntukako sailkapeneko liderra adierazten duena.

Edizio honetako irabazlea izan zen Louison Bobetek proba batez beste 34,593 kilometro orduko abiaduran bete zuen.

1954ko Frantziako Tourra

1954ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 41. edizioa izan zen. 1954ko uztailak 8 eta abuztuak 1 artean ospatu zen. 4.669 kilometroko ibilbidea egin zen 23 etapatan banatuta, horietatik bi, laugarrena eta hogeita batgarrena, bi sektoretan banatuta egon zirelarik.

110 txirrindularik parte hartu zuten 10 txirrindulariko 11 talderen artean banatuta. Horietatik 69 izan ziren proba amaitu zutenak, eta talde bakar batek ere ez zuen proba bere txirrindulari guztiekin amaitzea lortu.

Garaileak, bigarren aldiz jarraian Louison Bobet izan zena, proba batez beste 33,229 kilometro orduko abiaduran bete zuen.

1982ko Frantziako Tourra

1982ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 69. edizioa izan zen. 1982ko uztailak 2 eta 25 artean ospatu zen. 3507 kilometroko ibilbidea egin zen prologo bat eta 22 etapatan banatuta. Bosgarren etapa, taldekako erlojupeko bat zena, ez zen ospatu bere ibilbideari eragiten zioten manifestazioen ondorioz. Horren ondorioz, bederatzigarren etapa bi sektoretan banatu behar izan zen horietako lehena taldekako erlojupeko eran ospatuz. 170 txirrindularik parte hartu zuten 10 txirrindulariko 17 taldetan banatuta, proba soilik batek amaitu zuelarik bere txirrindulari guztiekin. Garaileak, laugarren aldiz Bernard Hinault izan zena, proba batez beste 37,470 kilometro orduko abiaduran bete zuen.

1987ko Frantziako Tourra

1987ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 74. edizioa izan zen. 1987ko uztailak 1 eta 26 artean ospatu zen. 4231 kilometroko ibilbidea egin zen prologo bat eta 25 etapatan banatuta, irabazleak batez beste 36,645 kilometro orduko abiaduran bete zituenak. Lasterketa Berlinen hasi eta Parisen amaitu zen.

Garaipen honekin, lehena irlandar txirrindulari batentzat, Stephen Rochek urte berean Italiako Giroa eta Frantziako Tourra irabaztea lortu zuen, horri munduko txirrindularitza txapelketan lortu zuen garaipena gehitu behar zitzaiolarik, hala, Eddy Merckxek 1974an lortutakoa berdinduz.

Alpeak

Alpeak edo Alpe mendiak Europa erdialdean kokaturiko mendikate garrantzitsua da. Punturik garaiena Mont Blanc mendia da, 4.810 metrokoa. Alpeen inguruan dauden ibai emaritsu eta laborantza-lur aberatsei esker, gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioa garatu zen.

Beste mendi nagusiak: Monte Rosa (4.634 m), Dom (4.545 m), Weisshorn (4.505 m) eta Cervino (4.476 m.)

Italia, Alemania, Austria, Suitza, Frantzia, Liechtenstein eta Esloveniako herrialdeetan hedatzen dira.

BMC Racing Team

BMC Racing Team estatubatuar txirrindularitza talde profesionala da, UCI ProTour lizentziaduna.

Galia

Galia (latinez Gallia, grekoz Galatia) Antzinatean Mendebalde Europako eskualde batek zeukan izena da, non gaur egun Frantzia, Belgika, mendebaldeko Suitza, eta Herbehereetako zein Alemaniako zatiak dauden.

Julio Zesarrek Galia hiru zatitan banandu zuen: akitaniarrak, galiarrak eta belgiarrak. Gaur egun, hizkuntzaren arabera sailkatzen dira Galiako tribuak. Akitaniarrak euskararen era bat hitz eginen zuten, eta galiarrak eta belgiarrak, ordea, galieraren dialekto bat.

Haut-Rhin

Haut-Rhin Frantziako Grand Est eskualdeko departamendua da (68), Rhin ibaiak zeharkatua.

Prefektura Colmar hirian dago, Mulhousek biztanle gehiago dituen arren.

Mugakide ditu Bas-Rhin, Vosges eta Belfort Herrialdea departamenduak, Alemania eta Suitza.

Italiera

Italiera (Italiano) latinetik datorren hizkuntza erromantze bat da. 70 milioi hiztun ditu, batez ere Italian. Hortik kanpo, hiztunen kopuruaren arabera ordenaturik, herrialde hauetan ere modu esanguratsuan mintzatzen da: Alemania, Argentina, Suitza, Frantzia, Brasil, Belgika, AEB, Britainia Handia, Kanada, Australia, Mexiko eta Uruguain.Oro har, hiztegiaren aldetik, italiera latinetik hurbilenen dagoen hizkuntzatzat jotzen da. Gramatikari dagokionez, errumaniera hurbilena omen da eta, ahoskeraz denaz bezainbatean, sardiniera.

Mendebaldeko Europa

Mendebaldeko Europa Gerra Hotzean sortutako kontzeptu sozio-politikoa da. Hori dela eta, geografiak baino areago Gerra Hotzaren politikak eta ekonomiak markatu zituen mugak Mendebaldeko eta Ekialdeko Europaren artean. Honela, Mendebaldeko Europa AEBekin bat egin zuten herrialde kapitalistek osatuko lukete. Herrialde neutralak ekonomia motaren arabera sailkatzen ziren mendebaldean edo ekialdearen artean.

Mendebaldeko herrialdeek, gainera, kultura, ekonomia, historia eta politika loturak partekatzen dituzte munduko beste herrialde gehiagorekin, batik bat Ameriketan (Mendebaldea).

Honako herrialde hauek dira Mendebaldeko Europakoak:

Alemania

Andorra

Austria

Belgika

Danimarka

Erresuma Batua

Espainia

Finlandia

Frantzia

Grezia

Herbehereak

Irlandako Errepublika

Islandia

Italia

Liechtenstein

Luxenburgo

Malta

Monako

Norvegia

Portugal

San Marino

Suedia

Suitza

Vatikano Hiria

Aldi berean, Mendebaldeko Europa Europako eskualde geografikoa ere bada, muga laburragokoak. Nazio Batuen Erakundeak honako herrialde hauek sartzen ditu:

Alemania

Austria

Belgika

Frantzia

Herbehereak

Liechtenstein

Luxenburgo

Monako

Suitza

Nazioarteko Olinpiar Batzordea

Nazioarteko Olinpiar Batzordea (ingelesez: International Olympic Committee; frantsesez: Comité International Olympique) Suitzako erakunde bat da, irabazteko asmorik gabea eta gobernuz kanpokoa, egoitza Lausanan (Suitza) duena. Pierre de Coubertinek sortu zuen 1894. urtean, Parisen, Olinpiar Jokoak berpizteko helburuarekin.

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Udako eta Neguko Olinpiar Jokoak antolatzen ditu, lau urtez behin. Udako Olinpiar Jokoak lehenengoz Atenasen antolatu ziren, 1896an; eta Neguko Olinpiar Jokoak Chamonixen, 1924an.

Batzordeak, bere sorreratik, Olinpiar Jokoei buruzko eztabaidarako hainbat bilera antolatzen ditu, besteak beste ondorengo Olinpiar Jokoen egoitzak hautatzeko.

Rhin

Rhin (alemanez, Rhein; frantsesez, Rhin; nederlanderaz, Rijn; erromantxeraz, Rein; italieraz, Reno) Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da, eta 1.230 km-ko luzera du. Grisons Kantoian (Alpeak, Suitza) sortu eta Herbehereetan itsasoratzen da, Ipar itsasoan.

Danubiorekin batera, Erromatar Inperioko iparraldeko muga osatu zuen, Garai hartatik aurrera, premiazko bidea izan da zonalderako, haren ertzetan dauden gazteluek eta hiriek erakusten duten bezala.

Solothurn

Solothurn (alemanez: Solothurn, ˈzoːlotʊrn ahoskatua; frantsesez: Soleure; italieraz: Soletta; erretorromanieraz: Soloturn) Suitzako iparraldean dagoen hiria da, izen bereko kantonamenduaren hiriburua dena.

UEFA

UEFA edo Union of European Futbol Associations (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) Europako futbol elkarte nazionalen konfederazioa da. Kontinente horretako futbol erakunde nagusia da, eta FIFA osatzen duten sei konfederazioetako bat da. Egoitza nagusia Nyonen (Suitza) dauka.

Gaur egun, Aleksander Čeferin da presidentea, 2016an ordeztu zuen hordurarte postu hori zuen Michel Platini.

Vaud

Vaud kantonamendua (frantsesez eta italieraz Vaud, alemanez Waadt, erromantxeraz Vad) Suitzako 26 kantonamenduetako bat da.

Hiriburua Lausana da.

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.