Siria

Beste esanahietarako, ikus «Siria (erromatar probintzia)».
Siriako Arabiar Errepublika
الجمهوريّة العربيّة السّوريّ
(Al-Jumhūriyyaḧ al-ʻArabiyyaḧ as-Sūriyyaḧ)
Siriako bandera Siriako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Humat ad-Diyar
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Damasko
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Herritarra siriar
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Bashar al-Assad
 -  Lehen ministroa Imad Khamis
Sorrera
 -  Siriako Frantziar Agintea 1924ko abenduaren 1a 
 -  Independentzia Frantziatik 1946ko apirilaren 17a 
 -  Independentzia Arabiar Errepublika Batutik 1961eko irailaren 28a 
Geografia
 -  Guztira 185,180 km2 (89.)
 -  Ura (%) 0,06
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 17.185.170 (66.)
 -  Dentsitatea 92,8 bizt./km2
Dirua Siriako Libera (SYP)
Ordu-eremua UTC (UTC+2)
Aurrezenbakia 963
Internet domeinua sy

Siria (arabieraz: سوريا‎ edo سورية, Sūriyā edo Sūrīyah), ofizialki Siriako Arabiar Errepublika[2], Ekialde Hurbileko estatua da, zati batean Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Libano mendebaldean, Israel hego-mendebaldean, Jordania hegoaldean, Irak ekialdean eta Turkia iparraldean. Israelek okupatua du Golan, herrialdearen hego-mendebaldean, eta Hatay probintziaren agintea eskatzen dio Siriak Turkiari. 185.180 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 17.185.170 biztanle zituen[1]. Hiriburua Damasko da.

Geografia

Syria Topography
Siriako topografia

Siria Mendebaldeko Asian dago, ipar latituteko 32° eta 38° artean, eta ekialdeko longitudeko 35° eta 43° artean hedatua. 185.180 kilometro koadroko eremua du, Israelek okupaturik duen 1.295 kilometro koadroko lurraldea barne[1]. Iparraldean Turkiarekin du muga, ekialdean eta hego-ekialdean Irakekin, hegoaldean Jordaniarekin, hego-mendebaldean Israel eta Libanorekin, eta mendebaldean Mediterraneo itsasoarekin. Zatirik handiena goi-ordoki idorra da, nahiz eta ipar-mendebaldea nahiko berdea den, Mediterraneoaren ertzean baitago. Herrialdearen ipar-ekialdea, Al-Jazira, eta hegoaldea, Hauran, dira nekazal eskualderik garrantzitsuenak. Ibai nagusia Eufrates da, herrialdearen ekialdea zeharkatzen duena. Hori izan zen zibilizazioaren 15 sorlekuetako bat[3][4].

Siriako klima lehorra eta beroa da, eta neguan epela. Garaiera dela-eta, elurra egin dezake neguan. Urteko batez besteko prezipitazioa 300-500 mm artekoa da itsasaldean eta 25-127 mm artekoa hego-ekialdeko Siriar basamortuan. Hiru eskualde klimatiko bereiz daitezke, Köppen sailkapenaren arabera: klima mediterraneoa, uda beroekin (Csa) itsasaldean, estepako klima beroa (BSh) barnealdean, eta basamortuko klima beroa (BWh) ekialdean[5].

Historia

Antzinatea

Siria Munduko zibilizaziorik zaharrenetako jaiolekua zela frogatu du arkeologiak. 1975ean aurkitutako Ebla hiriaren inguruan inperio semitiko handia eratu zen, zein K.a. 2500 eta K.a. 2400 bitartean Itsaso Gorritik, egungo Turkiara eta Irakera hedatzen zen. Eblako hizkuntza familia semitikoan idatzitako lehena da adituen ustetan. Izan ere, Eblako jauregian Antzinateko agiritegirik zaharrenetakoa eta handienetakoa aurkitu zen. Buztinezko 17.000 taula baino gehiago dauzka, non industria, diplomazia, salerostea, artea eta nekazaritza diren hizpide nagusiak. Ebla ezaguna zen bi industria mota zela eta: alde batetik, zur, boli eta perlen lanketaz; eta, bestetik, zetaz. Gaur egun ere industria horiek, Eblako ohiturari jarraiki, ekoizpen garrantzitsua daukate.

Indusitako beste hiri inportanteak Mari, Ugarit eta Dura Europos dira. Marin jauregiak, tenpluak eta muralak aurkitu ziren. Hortaz, kulturalki eta komertzialki hiri garatua izan zen. Ugariten gizakiak izan zuen lehen alfabetoa kausitu zen.

K.a. 2000. urte ingurutik aurrera, hurrenez hurren, kanaandarrak (feniziarrak barne), amorriarrak, hurritak, aramearrak (hebrearrak barne) eta Itsasoko herriak iritsi ziren. K.a. XIII. mendean, gizalditako guduen ondoren (Kadesheko gudua, K.a. 1270 inguruan), egiptoarrek eta hititek lurraldea banatu zuten. Guduak eta izanagatik, kostaldeko hiriek oso urte oparoak izan zituzten, hasi iparraldeko Ugarit hiritik (kultura kosmopolita baten eta lehen alfabetoaren sorlekua) eta hegoaldeko Palestinako kanaandarren hirietaraino, Mizenas, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioen ekarriekin. Geroago, Asiriako eta Babiloniako inperio handiek Siriako erreinu askeak, banan-banan, suntsitu zituzten: K.a. 732an Damasko, Tiro K.a. 573an. K.a. 539an Ziro II.a Babilonaz jabetu zenean, Siria Pertsiako satrapia bilakatu zen. K.a. 333an Alexandro Handiak konkistatu zuen; hura hil zenean (K.a. 323), Alepo Seleuko I.a Nikator jeneralaren mendean geratu zen. Seleukotarrek Damasko kendu zieten Egiptoko lagidei, eta Antiokosen ezarri zuten hiriburua.

Sy bosra divadlo hlediste
Bosrako erromatar antzokia

K.a. 64. urtean, erromatarrak lurraldean sartu zirenean, Erromatar Inperioaren probintzia bilakatu zen Siria. Kristautasunaren historian ere, Siriak garrantzi handia izan du. Paulo Tarsokoa, gerora San Paulo izango zena, Damaskorako bidean kristautu zen. Aurkitu den lehen eliza kristaua Dura-Europosen zegoen. 330. urtean Inperioa zatitu zenean, Konstantinoplaren mende geratu zen. Erromatarren eta partiarren erdibidean egon zen, eta geroago, Bizantzioko Inperioaren eta sasandarren artean. Khosro I.a sasandar enperadoreak Antiokia hartu zuen 540an, eta kanpora egotzi zituen antiokiarrak. 611n, berriro, sasandarrek Antiokia konkistatu zuten, baina, 622tik aurrera, Heraklio enperadorearen konkistek eraginik, atzera egin behar izan zuten, eta Siria, atzera, Bizantzioren mende geratu zen. Baina VII. mendeko arabiarren hedapenak Siria izan zuen helburu nagusietako bat, eta 636an, Jarmuk ibaiaren ertzean bizantziarrak menderatu ondoren, Siria arabiarrena izan zen.

Islamiar Aroa

Musulmanek 636an konkistatu zuten Damasko. Muawiyah I.a, Siriako enperadore arabiarra, inperio sortu berriaren aginpidea eskuratzeko borroketan atera zen irabazle, eta, kalifa izendaturik, Damaskon ezarri zuen hiriburua, eta 661-750 bitartean Omeiatar inperioaren erdigunea izan zen; hortik Iberiar penintsula eta Erdialdeko Asiaren tarteko lurrak gobernatzen ziren. 750. urtean, arabiar kalifen Abbastar dinastia Omeiatar dinastiari nagusitu zitzaion, eta harrezkero, kalifa herriaren hiriburua Bagdad izan zen, Damaskoren kaltetan, Siria kalifa herriaren probintzia bat besterik ez zela.

BattleOfHoms1299
Wadi al-Khazandarko guduan (1299) mongolak nagusitu ziren mamelukoen aurka

X. mendean Alepoko hamdaniarrek ez zioten Bizantzioren erasoari aurre egiterik izan. Geroago, turkiar seleukotarrek Damasko eta Jerusalem hartu zituzten (1076-77). Leku santuak musulmanen mendetik askatzera egindako gerra joanaldietan (1099-1291) europar gurutzatuek Mediterraneo itsasoaren kostaldea hartu zuten, baina barnealdeko hiriek, Damasko eta Alepo, musulmanen eskuetan jarraitu zuten. 1291n, egiptoar mamelukoek kristauak behin-betiko egotzi zituzten Mediterraneotik; halaber, sortaldetik sartu, eta 1300ean Damasko hartu zuten mongolak egotzi zituzten. Hurrengo bi mendeetan, Tamerlan (Timur Lang) mongolaren inbasioa bitartean izan ezik (1400-01), nolabaiteko bakean bizi izan ziren mamelukoen mende.

Baina 1516. urtean, turkiar otomandarren inperioa hedatzean, Selim I.a sultanak mamelukoak menderatu eta Siria hartu zuen. Turkiarrek Lehen Mundu Gerra arte gorde zuten lurraldea, Mehmet Ali eta Ibrahim Paxa aita-seme egiptoarren mendean egon zen urteetan izan ezik (1831-1840). Izan ere, Egiptoko agintariek Siria hartu zutenean hasi zen herrialdearen modernizazioa, baina Europako estatu nagusiek lurraldea Otomandar Inperioaren eskuetan uztera behartu zituzten egiptoarrak. Hala ere, Siria, sartaldeko kulturetara zabalik egon zen.

Arabiarren iraultza. Siria Frantziaren administraziopean

Armenian woman kneeling beside dead child in field
1915eko Armeniar genozidioko biktimak

XX. mendearen hasieran, Damaskon, Beiruten eta Palestinan arabiar abertzaletasuna piztu zen. Lehen Mundu Gerran otomandarrek sarraskitu zituzten bertako kristauak (Armeniar genozidioa eta Asiriar genozidioa); Deir ez-Zor izan zen heriotzaren martxen jomuga nagusia[6]. 1916an, Arabiako Otomandar Inperioa Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatzea hitzartu zen (Sykes-Picot hitzarmena). 1918an, Arabiar Iraultzako armadak, britainiarrek lagundurik, Damasko hartu zuen.

1920ko martxoan, Damaskoko Nazio Kongresuak Faisal I.a emirra Siriako Arabiar Erresumako errege izendatu zuen, baina Frantziak ez zuen erregetza onartu. Faisalen erreinaldia 1920ko uztailean bukatu zen, Frantziako armada Sirian Nazioen Ligako mandatua indarrean ezartzera sartu zenean. Uztailaren 23an, Frantziako armadak Siriakoa garaitu zuen[7].

Frantziaren menpeko urteetan, sentipen nazionalista areagotu ahala, matxinadak bortizki erreprimitzen ziren. Nolanahi ere, ekonomiak gora egin zuen eta, azpiegituren aldetik, herrialdea modernizatu zen.[7] Lau barruti autonomotan zatitu zuten lurraldea: Damasko, Alepo, eta alawiarren eta drusoen lurraldeak.

Bigarren Mundu Gerrako Frantziaren porrotarekin batera (1940), Siria Vichyko gobernuaren menpe geratu zen, harik eta 1941eko uztailean Erresuma Batuak eta Frantzia Askeak herrialdea hartu zuten arte. Georges Catroux jeneral frantsesak, Frantzia Askearen izenean, lurraldearen burujabetasuna agindu zien siriarrei, baina tropak bertan geratu ziren. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Frantziako gudarosteak uko egin zion lurraldea uzteari, baina azkenik, NBEren aginduz, 1946ko apirilean, Frantzia eta Britainia Handiko armadak Siriatik joan ziren.

Siria burujabea

Adib al-Shishakli
Adib Shishakli

Hainbat estatu-kolperen ostean, 1949ko abenduan Adib Shishakli koronelak hartu zuen boterea. 1951n bere burua presidente izendatu eta legebiltzarra bertan behera utzi zuen. Bai Erresuma Batuak, bai Ameriketako Estatu Batuek laguntza handia eman zioten Adib Shishakliri. Era horretan, Palestinako gatazka amaitzea espero zuten. AEBek 1948ko Arabiar-Israeli Gerrako palestinar errefuxiatuak Sirian kokatu nahi zituzten. Horretarako, 400.000.000 dolar ordaintzeko prest agertu ziren 1952an, 500.000 palestinar Jazira lautadan kokatuz gero. Siriako ezkertiarrek, Arabiar Alderdi Sozialistak eta Baath Alderdi Arabiar Sozialistak, gogor kritikatu zuten akordio hori, palestinarren itzultzeko eskubidea saltzen ari zelakoan. Aipatutako bi alderdiek bat egitean, Shishaklik Mendebaldeko eskaintzei muzin egin behar izan zien.

Beste estatu kolpe baten bidez, 1954an Shishakli kendu zuten boteretik. Hala ere, armadaren arteko desadostasunek herrialdearen egonkortasunik eza eragiten zuten. 1956ko Suezko krisialdiaren ostean, Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen lidergoak Egiptorekin bat egitearen aldeko korrontea sortu zuen Sirian. Horrela, 1958ko otsailaren 1ean, Arabiar Errepublika Batua sortu zen.

Baath Alderdia agintean

Hala ere, batasuna ez zen luze irautekoa. Estatu-kolpe baten ondoren, 1961eko irailaren 28an, Siriak independentzia berreskuratu zuen. Egonkortasunik eza, berriz, ez zen amaitu, harik eta 1963ko martxoaren 8an Siriako armadako hainbat ofizial ezkertiarrek boterea hartu zuten arte, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren egitasmoei jarraiki.

Aurreko hilabetean Irakeko Baath alderdiak hango boterea bereganatu zuen. Siriako gobernu berriak Egiptorekin eta Baathek kontrolatutako Irakekin federazioa osatzeko aukeraz hausnarketa egin zuen. Hitzarmena 1963ko apirilaren 17an sinatu bazen ere, alderdien arteko desadostasunak areagotu ziren hurrengo hilabeteetan, eta federazioa ez zen gauzatu. Horrez geroztik, Siria eta Irak bat egitearen alde jardun zuten bi herrialdeetako Baath alderdiek. Baina 1963ko azaroan Irakeko gobernua eraitsia izan zen.

NixonAssad
Hafez al-Assad eta Richard Nixon Damaskoko aireportuan, 1974an

1964ko maiatzean, Amin Hafiz presidenteak demokratizazioaren aldeko erreformak abian jarri zituen, baina 1966ko otsailaren 23an, alderdi bereko hainbat armada ofizialek estatu-kolpea eman zuten. Amin Hafiz espetxeraturik, behin-behineko konstituzioa bertan behera geratu zen. Gobernu horrek, Egiptorekin batera, 1967ko ekaineko Sei Eguneko Gerra egin zion Israeli. Israelek Golan kendu zion Siriari. Hori zela-eta, Siriako gobernua ahuldu zen. 1970eko azaroaren 13an, Hafez al-Assad defentsa ministroak hartu zuen lehen ministro kargua, estatu-kolpea emanda.

1973an, Yom Kippur Gerran, Golan berreskuratzen saiatu zen Siria alferrik. Harrezkero, Siria eta Israelen arteko mugan, salbuespenak salbuespen, su-eten iraunkorra dago indarrean. 1976an, Libanoko gobernuak eskaturik, Siriako armada Libanon sartu zen, hango gerra zibila baretu nahian. Siriak bildu zituen borrokatzen ari ziren taldeak, Taif Hitzarmena sinatzeko. 1990eko urriaren 13an gerra zibila bukatutzat jo zen arren, Siriako armadak Libanon jarraitu zuen 2005eko apirilaren 26 arte. Izan ere, Rafik al-Hariri Libanoko lehen ministroaren hilketa (2005eko otsailaren 14) zela-eta, Siriaren kontrako protestak hedatu ziren Libanon.

Barneko oposizioa gorabehera, Hafez Al Assad presidente karguan zegoela hil zen 2000ko ekainaren 10ean. Hilabete bat geroago, haren seme Bashar al-Assad aukeratu zuten presidente, hautagai bakarreko erreferendum baten bidez.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Syria.BasharAlAssad.01
Baxar al-Assad, Siriako presidentea

Siria 1963tik erregimen militar batek agindutako errepublika da. 1973an, erreferendumean onartu zuten gaur egun duten konstituzioa. Bertan Siria errepublika demokratiko, herritar eta sozialista moduan definitzen zuten. Legea, erlijio askatasuna eta propietate pribatua ziren oinarriak. Zazpi urtetatik aukeratzen da presidentea, musulmana izan behar duena. Herriaren Asanblada eta Ministroen Kontseilua, berriz, lau urtetatik aukeratzen dute. Konstituzioaren arabera, presidenteak jar eta ken ditzake presidenteordea, ministroak eta lehen ministroa. Horrezaz gainera, presidentea da armadaren burua, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren idazkari orokorra eta Nazio Fronte Progresistaren burua. Herritarren Asanblada eta Herri Kudeaketa Kontseiluak dira organo legegileak.

Banaketa administratiboa

Siria 14 muhafazah edo eskualdetan banaturik dago:

Syria, administrative divisions - Nmbrs - colored

Demografia

Biztanleria

2016an Siriak 17,185,170 biztanle zituen[1]. Gehienak sartaldean bizi dira, hiriburuan eta kostaldean batez ere, eta baita ipar-ekialdean ere, Eufrates ibaiaren ertzetan eta haren adarretan. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, Damaskon eta Alepon gehienak. Azken urteetan milioi bat siriar inguru Libanora eta Golkoko petrolio herrialdeetara joan dira lanera, eta langile horiek milaka milioi bidaltzen dituzte urtero Siriara. Populazioaren %31,9 gaztea da, 15 urtetik beherakoa. Ugalkortasun-tasa 2,55 seme-alaba emakumeko da, eta biztanleriaren hazkunde tasa %1,56 (2016)[1]. 2011ko martxoan Siriako Gerra Zibila hasi zenetik, 9,5 milioi siriar inguru lekualdatuak izan dira. Hauetatik, 4,8 milioik Siriatik kanpo hartu behar izan dute babes[8].

Siriako gizarte laguntzak nolabaiteko babesa ematen die zaharrei, ezinduei, lanean zaurituei eta eriei. Osasun zerbitzuak dohain dira zerbitzu pribatuak ordaintzerik ez dutenentzat, eta oro har, herrialdearen osasun egoera hobetzen ari da. Gaur egun, Siriako 15 urtetik gorako gizonezkoen %76 eta emakumezkoen %45 alfabetatuak daude. Politika ez ezik, osasuna eta irakaskuntza ere gudarostearen ardurapean daude; soldadutza nahitaezkoa da, 30 hilabetez.

Banaketa etnikoa

Umayyad Mosque, Aleppo, Syria (5077865830)
Alepoko haurrak

Siriako biztanle gehienak, %90,3[1], Arabiako eta Mesopotamiako semiten ondorengo arabiarrak dira. Baina arabiar jatorriko siriarrez gainera, kurduak, armeniarrak eta turkiarrak ere bizi dira Siriako lurretan. Gainera milaka palestinar daude barreiaturik lurraldean.

Hizkuntzak

Arabiera da hizkuntza ofiziala. Kurduera (kurmanji dialektoa), armeniera eta azerbaijanera dira gutxiengo kurdu, armeniar eta turkomanoen mintzairak. Aramera lingua franca izan zen arabiera iritsi baino lehen; gaur egun, asiriarrek hitz egiten dute, eta zenbait eliza kristauren liturgia-hizkuntza da oraindik. Mendebaldeko aramera Ma'loulan eta ondoko bi herritan baino ez da mintzatzen, Damaskotik 56 kilometro ipar-ekialdera[9].

Erlijioa

Biztanleriaren %87 musulmanak dira, gehienak sunitak (%74); kristauak %10 dira, eta druzoak %3[10].

Hiri handienak

Ekonomia

Oil refinery in Homs, 2010
Homseko petrolio findegia

Siriako ekonomiak, Hafez al-Assad lehendakariaren ezaxolakeria zela eta, ez zuen denbora askoan aurrera egin. Ekonomia sozialistaren garaian (1963-1970) herrialdea azpiegitura egokiez hornitu zuten. al Assad aginpidera iritsi zenean, berriz, inbertsioek hartu zuten lehentasuna (1970-1978). Baina ekonomia krisiarekin (1979-1988) agerian geratu zen sistemaren liberalizazioa ezinbestekoa zela. 1991n hasi zen liberalizazioak barne merkatuaren beharrak gutxitu zituen, enpresa pribatuak sustatzen baitzituen. Hala ere, Siria Golkoko herrialde petrolio ekoizleen mende dago. Golkoko Gerran (1990-1991) Iraken kontrako nazioarteko koalizioan parte hartu zuen Siriak, eta horrek onura nabarmenak ekarri zizkion: arabiar herriekin zituen mila milioi dolarreko zorra ezeztatu eta bi mila milioi dolarreko laguntzak onartu zitzaizkion.

Gudarosterako aurrekontuak pisu handia izan du beti Siriako aurrekontu orokorrean, %8,7 gutxi gorabehera. Merkataritza harremanei dagokionez, Europar Batasuneko herrialdeekin bideratzen ditu batez ere gaur egun. Nekazaritzak BPGren %30 hartzen du. Herrialdeko bertako beharrak asetzen baditu ere, nekazaritza gaien ekoizpena nahiko apala da. Kotoia da ekoizten den gai nagusia. Petrolioari dagokionez, eguneko 600.000 upel inguru ustiatzen dira, eta horren erdia, gutxi gorabehera, esportatu egiten da. Gas naturaleko hobi garrantzitsu bat aurkitu da Palmirako eskualdean. Hidrokarburoek, bestalde, esportazioen %70 hartzen dute. Turismoa gorantz doan sektorea da. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak zenbait neurri jarri dute abian, helburu nagusia banku pribatuak zabaltzea eta zerga sistemaren erreforma bultzatzea dutenak.

Erreferentziak

  1. a b c d e f Syria cia.gov . Noiz kontsultatua: 2017-01-03.
  2. Euskaltzaindiaren 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, euskaltzaindia.net
  3. Syria an Ancient Pearl, the Cradle of Civilizations where history began homsonline.com . Noiz kontsultatua: 2017-01-04.
  4. Kadri, Ali Ancient Syria and Mesopotamia, Cradle of Civilization. From Ancient to Modern Mashriq globalresearch.ca . Noiz kontsultatua: 2017-01-04.
  5. Syria weatheronline.co.uk . Noiz kontsultatua: 2017-01-04.
  6. Suny, Ronald Grigor; Muge Gocek, Fatma; Naimark, Norman M. A Question of Genocide: Armenians and Turks at the End of the Ottoman Empire Oxford University Press, books.google.es . Noiz kontsultatua: 2017-01-04.
  7. a b Report of the Commission Entrusted by the Council with the Study of the Frontier between Syria and Iraq . Noiz kontsultatua: 2013-07-08.
  8. Syria Regional Refugee Response, data.unhcr.org. 2017ko urtarrilaren 3an kontsultatua
  9. Sherlock, Ruth; Samaan, Magdy Christians flee Syria village that speaks the language of Jesus telegraph.co.uk . Noiz kontsultatua: 2017-01-03.
  10. International Religious Freedom Report 2006: Syria state.gov . Noiz kontsultatua: 2017-01-03.

Kanpo estekak

Alepo

Alepo (arabieraz: ﺣﻠﺐ‎; turkieraz: Halep; azerbaijaneraz: Hәlәp) Siria ipar-mendebaldeko hiria eta izen bereko eskualdeko hiriburua da. 2004an Siriako hiririk handiena zen, 2.132.000 biztanlerekin.

K. a. 5000 urtetik jendea bizi da bertan eta, beraz, jarraian populatuta egon den hiririk zaharrenetarikoa da. Kokapen estrategikoa du Mediterraneo itsasoaren eta Eufrates ibaiaren arteko bidean. Industria eta merkataritza gune garrantzitsua da. Ospetsua da bertako Alepoko xaboia, oliba olioz eginikoa. Meskita zaharrak (XI eta XIII. mendekoak) daude. Bazar famatua du. 1986an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Alepoko Hiri Zaharra

Arabia Petraea

Arabia Petraea Erromatar Inperioko probintzia bat zen. Lehengo nabatear erreinuan oinarriturik, gaur egungo Jordania, Siria eta Saudi Arabian kokatuta dago. Petra zuen hiriburua.

Traianok konkistatu zuen, Armenia, Mesopotamia edo Asiria bezala, baina Traianoren agintaldia baino gehiago iraun zuen Arabiak erromatarren mendean. Partiarrek noizean behin eraso bazuten ere, Arabiak ez zuen beste mugako probintziek bezainbeste eraso.

Arabiar

Arabiarrak (arabieraz: عربي, ʿarabi) Arabiako penintsulan bizi diren etnia bateko kideak dira, eta, hedaduraz, Ekialde Hurbileko (Irak, Siria, Libano, Jordania) eta Ipar Afrikako (Egipto, Sudan, Libia, Tunisia, Aljeria, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania) biztanleria arabieradunetakoak. Bere burua linguistikoki, kulturalki, politikoki edo genealogikoki horrela aurkezten duen etnia da. Eskuarki, arabiar nortasuna ez ezik, tokian tokiko beste nortasunen bat ere izaten dute: beren Estatukoa (egiptoarrak, libanoarrak, palestinarrak...), tribukoa, herrikoa edota klanekoa.

Etnia honen ezaugarri nagusia arabiera da, eta dialekto ugaritan banatuta dago. Islama hedatzearekin batera, herri askoren akulturazio prozesua zabaldu zen: arabiartzea kulturan, eta islamiartzea erlijioan. Hala ere, arabiarren artean bada gutxiengo kristau handi bat, egun % 7,1 eta % 10 bitartekoa dena.

Bizantziar Inperioa

Bizantziar Inperioa edo Ekialdeko Erromatar Inperioa Antzinaro Berantiarreko eta Erdi Aroko kristau inperioa izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua Konstantinopolis zuen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).

Erromatar Inperioaren gainbeherarekin sortu zen, inperio hura bitan zatitu zenean. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren (476), beste mila urtez eutsi zion ekialdekoak, Konstantinopolis konkistatu zuten arte, hain zuzen (1453). Inperioaren jatorrian dago Dioklezianok ekialdeko muga lurraldeak babesteko ezarri zuen bitariko gobernua, Galeriok mantendu zuena. Konstantinopolis antzinako Bizantzio hiriaren gainean eraikitzeko erabakiak eta, batez ere, Konstantinoren hura inperio osoko hiriburu bihurtu nahiak (330) Inperioaren banakuntza ekarri zuen, Teodosio I.a hil ondoan (395). Semeen artean banatu zuenean, Arkadiori sortaldea egokitu zitzaion eta Honoriori, sartaldea. Ekialdeko Inperioa hego Danubiotik Ipar Mesopotamiaraino hedatzen zen, lur hauek barne zirela: Balkanak, Asia Txikia, Zipre, Kreta, Siria, Palestina, Egipto eta Ipar Mesopotamia.

Clariidae

Clariidae arrain siluriformeen familia da, Afrika, Siria eta hego-mendebaldeko Asiako ur gezetan bizi dena..

Ekialde Hurbila

Ekialde Hurbila —batzuetan Ekialde Ertaina deitua, ingelesezko Middle East izenaren eraginez— Egiptotik Iraneraino eta Turkiatik Yemeneraino dauden lurrak barne hartzen dituen eskualdea da. Izena ikuspegi eurozentrikoaren isla da, Mendebaldeko Europatik ekialdera hurbilen dagoen lurraldea delako.

Oro har, Ekialde Hurbila herrialde hauek osatzen dutela jotzen da:

Arabiar Emirerri Batuak

Bahrain

Egipto

Irak

Iran

Israel

Jordania

Kuwait

Libano

Oman

Palestina

Qatar

Saudi Arabia

Siria

Turkia

Yemen

ZipreHorrenbestez, Afrikako, Asiako eta Europako lurrak ditu Ekialde Hurbilak. Zenbaitek Afganistan ere sartzen dute bertan.

Eufrates

Eufrates (antzinako grezieraz: Εὐφράτης; turkieraz: Fırat; arabieraz: الفرات‎, al-Furāt; kurdueraz: Firat; asirieraz: ܦܪܬ, Prath; hebreeraz: פרת‎, Prat; armenieraz: Եփրատ, Yeprat}}), Eufrates ibaia bezala ere ezaguna, Mendebaldeko Asiako ibairik nagusienetariko bat da. Turkia, Siria eta Irak zeharkatzen du. 2.786 km luze da, eta 440.000 km²ko arroa drainatzen du. Tigrisarekin batera Mesopotamiako bi ibai handietatik da, mendebaldekoena zehazki.

Gregorio III.a

Gregorio III.a (Siria, 690 - † ?, 741eko azaroaren 28a) Eliza Katolikoaren 90. aita santua izan zen, 731 eta 741 urteen bitartean.

Inperioan zegoen ikonoklasiaren gatazka zela eta Karlos Marteli laguntza eskatu zion.

Hikso

Hiksoak (egiptoeraz heqa khasewet, "atzerriko agintariak"; grezieraz Ὑκσώς, Ὑξώς; arabieraz الملوك الرعاة, "artzain erregeak") jatorria Siria Garaian zuen herri semitikoa izan zen.

Joan V.a

Joan edo Joanes V.a (Siria, c. 635 - † ?, 686ko abuztuaren 2a) Eliza Katolikoaren 82. Aita Santua izan zen 685 eta 686 urteen bitartean. Konstantinopoliseko III. kontzilioan parte hartu zuen, aita santua ordezkatuz.

Kanaan

Kanaan Biblian maiz aipatzen den Ekialde Hurbileko eskualde historiko bat da, Mediterraneo ekialdeko kostaldetik Jordan ibaira bitarteko lurraldea hartzen duena, egungo Israel, Zisjordania, Gaza eta Libano, Siria eta Jordaniako lurralde zenbait ere hartzen dituena. Bertan semitar herriak bizi izan ziren historian, hebrear eta beste herri zenbaitek lurraldea K. a XV-XII mendeetan lurraldea hartu aurretik. Biblian israeldarren Agindutako Lurraldearekin dator bat, Zenbakiak liburuko 34 kapituluan adierazten denaren arabera; Hasiera liburuan, berriz, Kanaan Agindutako Lurraldearen zati bat baino ez da.

Bertokoen jentilizioa kanaandar da.

Konstantino

Konstantino (Siria, c. 664 - † ?, 715eko apirilaren 9a) Eliza Katolikoaren 88. Aita Santua izan zen 708 eta 715 urteen bitartean.

1967an Paulo VI.ak egin arte Konstantinopolis bisitatzeko azken aita santua izan zen.

Levanteko itsasoa

Levanteko itsasoa (arabieraz: شرق البحر الأبيض المتوسط‎; hebreeraz: מזרח תיכון‎; turkieraz: Doğu Akdeniz; grezieraz: Της Ανατολικής Μεσογείου, Tis Anatolikís Mesogeíou) Mediterraneoaren ekialdean dagoen itsasoa da. Iparraldean Turkia, ekialdean Siria, Libano, Israel eta Gazako zerrenda, hegoaldean Egipto eta Libia eta ipar-mendebaldean Egeo itsasoa ditu. Bertoko uharterik handiena Zipre da.

Libano

Libano (arabieraz: لبنان‎ Libnān edo Lubnān, lɪbˈneːn ahoskatua; aramera: לבנאנ), ofizialki Libanoko Errepublika (arabieraz: الجمهورية اللبنانية‎ Al-Jumhūrīyah Al-Libnānīyah, elˈʒʊmhuːɾɪjje l.ˈlɪbneːnɪjje ahoskatua) Ekialde Hurbileko estatua da, Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Israel hegoaldean eta Siria ipar eta ekialdean. Libanoko bandera eta armarrian, Libanoko zedroa agertzen da, herrialdearen eta diasporaren ikur nagusia.

Hiriburua Beirut da.

Siria (erromatar probintzia)

Siria erromatar probintzia izan zen, Mediterraneoaren eta Eufrates ibaiaren arteko eremua hartzen zuena. Erromatar Errepublikak K.a. 64an beretu zuen, Ponpeiok Antioko XIII.a Asiarra, Seleukotar Inperioko azken erregetzat hartzen dena, garaitu ondoren. 132-136 biartean gertatutako Bar Kokhbaren matxinadaren ostean, Hadriano enperadoreak juduak deserritu, eta Siria Palestina probintzia eratu zuen, Siria eta Judea baturik. Erromatar Inperioa erori ondoren, Siria Palestinak Bizantziar Inperioaren zati izaten iraun zuen, 638an arabiarrek konkistatu zuten arte.

Siriako bandera

Siriako bandera 1980ko otsailaren 12an erabakitakoa da eta antzinako Arabiar Errepublika Batuaren bandera berbera da. Hiru lerro horizontal gorri, zuri eta beltzek osatzen dute, erdikoak bi izar berde daudelarik.

Sisinio

Sisinio (Siria, c. 650 - † ?, 708ko otsailaren 4a) Eliza Katolikoaren 87. Aita Santua izan zen 708. urteko hiru asteetan zehar. Aurelianoren Harresiak berreraikitzeko agindua eman zion.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.