San Marino

Artikulu hau Europako herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Marino (argipena)».
San Marinoko Errepublika
Serenissima Repubblica di San Marino
San Marinoko bandera San Marinoko armarria
Bandera Armarria
Goiburua: "Libertas"
(“Askatasuna”)
Ereserkia: Inno Nazionale della Repubblica
Herrialdearen kokapena
Herrialdearen kokapena
HiriburuaSan Marino
Hiri handiena Dogana
Hizkuntza ofiziala(k) italiera
Herritarra sanmarinoar
Gobernua Errepublika
 -  Kapitain erregenteak Luca Boschi
Mariella Mularoni
Independentzia
 -  Erromatar Inperiotik 301eko irailaren 3a 
Azalera
 -  Guztira 61.2 km2 (192.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 33.285 (216.)
 -  Dentsitatea 520 bizt./km2 (23.)
Dirua Euroa (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 378 (Italiatik 0549)
Internet domeinua sm

San Marino,[2] izen ofiziala San Marinoko Errepublika (italieraz: Repubblica di San Marino), hegoaldeko Europako estatu itsasgabea da, Italiar penintsularen erdialdean dagoena, Itsaso Adriatikotik hurbil. Italiako Emilia-Romagna eta Markak eskualdeek erabat inguratzen dute. 61,2 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 33.285 biztanle zituen 2016an.[1]

Europako estatu independente txikienetako bat da, Vatikano Hiria eta Monako bakarrik dira txikiagoak, eta munduko bigarren errepublika txikiena, Naururen ondoren. Munduko errepublikarik zaharrena da, 301. urtean sortu baitzuen Marinus erromatar harginak.

Geografia

Italiar penintsularen erdialdean erdialdean dago, Italiako Emilia-Romagna eta Markak eskualdeen artean, Apeninoen ekialdeko maldan, Itsaso Adriatikotik 10 kilometro ingurura. Orografia menditsua du; gailurra Titano mendia da (749 metro). Ez du ibai aipagarririk. Klima mediterraneoa du, uda bero eta negu epelekin.

Historia

Fortress of Guaita 2013-09-19
Guaitako gaztelua Titano mendian

Elezeharraren arabera, IV. mendean, Marino dalmaziar hargina eta harekin batera Diokleziano enperadorearengandik ihesi zihoazen esklabo batzuk Titano mendian babestu ziren. Kristau talde bat sortu zen, eta herri bat, geroago, sortzailearen izenaz deitu zena. X. mendea arte, San Marinoko herriak bere legeak izan zituen, eta geroago, Lombardiakoak hartu zituen. XI. mendean komuna bat osatu zuen, bere estatutuekin, eta gremio bakoitzeko ordezkariekin. Hurrengo mendean, inguruko jauntxoen erasoak gorabehera, burujabetasunari eutsi zion, lurraldearen kokapenari eta mendietako gotorlekuei esker. Rimini hiriko Malatesta familiaren erasoen aurrean, Urbinoko Montefeltro familiaren laguntza izan zuen, eta onik atera zen Guelfoen eta Gibelinoen arteko liskarretatik.

XV. mendearen erdialdean errepublika bihurtu zen, 60 kidez osatutako Batzorde Nagusia zuena. XVI. mendean, zenbait erasori aurre egin zion, eta urte batzuetan Cesar Borgiaren mendean egon arren, burujabetasuna gorde zuen. XVII. mendean, Batzordea oligarkia baten aginpidean geratu zelarik, errepublika gainbehera etorri zen. 1631an aita santuak onartu zuen. 1739an, burujabetasuna galdu zuen, Aita Santuen Lurraldearen mende erori baitzen. 1797an Napoleon Bonapartek, eta 1815ean Vienako Batzarrak, San Marinoren burujabetasuna berretsi zuten. Italiako Risorgimentoan italiar abertzaleen babesleku izan zen.

A soldier's grave in Monte Titano (September 1944)
Britainiar tropak Titano mendian, 1944ko San Marinoko Guduan.

Italiako estatua sortu zenean adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituzten bi herrialdeek, 1897an eta 1939an. 1906tik aurrera Kontseilu Orokorra demokratikoago bihurtu zen, aurretik zuen joera elitista baztertuz. Mundu gerretan Italiarekin batera jokatu zuen. Bigarren Mundu Gerran Hitlerrek okupatu zuen. Epe labur batean aliatuek askatu zuten arren, nazien eskuetan erori zen berriz. 1945ean, askatasuna lortu eta sozialista eta komunistek gobernatu zuten. 1957an, alderdi kristau demokrata eta sozialdemokratak osaturiko ezkerreko koalizioa batek hartu zuen gobernuaren buruzagitza. Koalizio horrek 1973 arte iraun zuen baina, eztabaida politikoak sortu baitziren, gobernualdi laburreko garai bat hasi zen. 1978an, komunistak buru ziren koalizioa igo zen berriro agintera. Berriz hautatu zuten 1983an baina, finantza eskandalu bat zela-eta, 1986an nagusitasuna galdu zuen; urte horretan bertan, kristau-demokraten eta komunisten arteko koalizio bat sortu zen.

1992ko martxoan, kristau demokratek beste koalizio bat osatu zuten sozialistekin, eta haiek lortu zuten berriz ere nagusitasuna 1993ko maiatzeko hauteskundeetan. 1988an, Europako Kontseiluan sartu zen; 1992an, berriz, Nazio Batuen Erakundean, eta 2002an, euroa hartu zuen dirutzat, nahiz Europar Batasunean ez egon. Estatu burujabea den arren, arlo askotan Italiarekiko dependentzia handia du.

Gobernua eta administrazioa

Politika

San Marino errepublika parlamentarioa da. Kapitain erregenteak dira estatuburuak. Botere betearazlea Estatu Biltzarraren esku dago, eta botere legegilea Kontseilu Handi eta Orokorrari (italieraz: Consiglio Grande e Generale) dagokio. Azken hau 60 kidez osaturik dago.[1] Segurtasunaz Polizia Civile (San Marinoko Polizia Zibila) arduratzen da.

Italia XIX. mendean bateratu zen arte, bertan izan ziren hiri-estatu ugarietako bat izan zen San Marino, eta gaur egun geratzen den bakarra da. Herrialdearen independentzia Italiarekin duen adiskidetasunezko itun batek bermatzen du; lehen aldiz 1862an izenpetu zen, eta 1939an eta 1971n berrikusi; azken zuzenketaren ondoren, aduana sindikatu bat sortu behar izan zuen San Marinok, eta Italiak San Marinori urtero diru-laguntza emateko konpromisoa hartu behar izan zuen, San Marinoko aurrekontua osatzeko.

Banaketa administratiboa

San Marino
San Marinoko udalerriak

San Marino bederatzi udalerritan banatuta dago. Udalerri bakoitzak castello (gaztelu) izena hartzen du.

Demografia

33.285 biztanle zituen 2016an. Haien ezaugarriak italiarrenak berak dira: hizkuntza italiera dute eta gehienak katolikoak dira. %97 hirietan bizi dira. Bizi itxaropena 83,3 urtekoa da, 80,8 urtekoa gizonezkoena eta 86,1 urtekoa emakumezkoena. Ugalkortasun-tasa osoa 1,5 haurrekoa da emakumeko (2017ko zenbatespenak).[1]

Hiri nagusia Serravalle da, iparraldean, bertan bizi baita biztanle guztien heren bat ia. Hiriburua San Marino da; 4.000 biztanle inguru ditu eta Titano mendiaren maldetan dago. Aipagarria da halaber Borgo Maggiore hiria, mendiaren behealdean dagoena.

Ekonomia

Banku jarduera, turismoa eta manufaktura industria dira San Marinoko ekonomiaren oinarriak. Izan ere, finantza eta manufaktura arloek ekartzen dute BPGaren erdia baino gehiago.[1] Esportazioei dagokienez, bertako mahatsez eginiko ardoa, egur makinak, kimika eta zeramika gaiak aipatu behar dira; garai batean eraikuntzarako gaiak oso garrantzitsuak ziren esportaziorako, baina gaur egun, Titano mendiko harrobiak itxi baitira, ez dago halakorik.

Laborantza gaietan, garia, artoa, garagarra eta mahatsa egiten dira. Abere hazkuntzak eta esnegintzak ere badute garrantzirik. Industrian, industria arina da gaur egun nagusi; ekoizten diren gai nagusiak hauek dira: margogaiak, papera, metalezko lanak, jantziak, oinetakoak, altzariak, elikagaiak eta kosmetika gaiak. Elikagai asko inportatzen dute Italiatik. Barne produktu gordina Italiako eskualde aberatsenen parekoa da.[1]

Eurogunean ofizialki sartutako herrialdea ez den arren, Europako Batasunarekin izenpetu dituen itunen ondorioz, euroa erabiltzen da bertan. Gainera, txanponetan haren irudia agertzen da. Horrek balio handia ematen dio, txanponen bildumatzaileek asko baloratzen baitituzte halako herrialde txikietakoak. Gauza bera gertatzen da posta zigiluekin ere.

Erreferentziak

  1. a b c d e f The World Factbook: San Marino cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-7-10.
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. San Marino weather averages World Weather Online . Noiz kontsultatua: 2018-7-12.

Kanpo loturak

.sm

.sm San Marinori dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da.

Acquaviva (San Marino)

Acquaviva, San Marinoko castelli edo udalerrietariko bat da. Sanmarinoar Borgo Maggiore eta San Marino eta italiar San Leo eta Verucchio udalerriak ditu mugakideak. 2013 urtean 2.133 biztanle zituen.

Borgo Maggiore

Borgo Maggiore, San Marinoko castelli edo udalerrietariko bat da. San Marinon biztanle gehien daukan bigarren hiria da.

Carl David Anderson

Carl David Anderson (New York, 1905eko irailak 3-San Marino, 1991ko urtarrilak 11) fisikari estatubatuar bat izan zen.

Kaliforniako Teknologia Institutuan ikasi zuen, non doktoretza lortu zuen 1930ean. Beranduago, 1939an, Unibertsitate horretako Fisika departamenduko katedraduna izan zen.

Laster nabarmendu zen X izpiek, erradiazio kosmikoak (Robert Andrews Millikanekin elkarlanean, gamma izpiek eta eragindako erradiaktibateak sortutako fotoelektroiei buruzko bere ikerketa lanengatik. Ionizazio kameran izpi kosmikoen arrastoei argazkia atereaz, 1932an positroi deitu zuen partikula bat aurkitu zuen, elektroi positibo ere deitua, protoi baten karga positibo bera eta elektroiaren masa bera izateagatik, honen existentzia, urte batzuk lehenago Paul Diracek iragarri zuelarik.

1938an izpi kosmikoekin lotutako beste funtsezko partikula bat aurkitu zuen, mesoi izena eman ziona (gaur egun ý mesoia deitua), 1935ean Hideki Yukawak jada iragarri zuena. 1950ean kargatuak zeuden eta neutruak ziren V partikulen existentzien frogak aurkeztu zituen.

Positroiaren bere aurkikuntzagatik, Fisikako Nobel Saria jaso zuen 1936an, Victor Franz Hessekin bantua.

Chiesanuova (San Marino)

Chiesanuova, San Marinoko castelli edo udalerrietariko bat da. Sanmarinotar Fiorentino eta San Marino eta italiar Sassofeltrio, Verucchio eta San Leo udalerriak ditu mugakideak.

Euro

Euroa (EUR edo €) Europar Batasuneko hogeitazazpiko, hamasei estatuen diru ofiziala da. EBko estatu ez diren Andorra, San Marino, Vatikano Hiria, Monako eta Montenegron ere diru ofiziala da euroa. Bosnia eta Bulgarian ere, ofiziala ez bada ere, euroa erabiltzen da.

Europar Batasuneko herrialde guztietan ez da ezarri euroa legezko erabilerako monetatzat; batzuetan, nahi izan ez dutelako, eta, beste batzuetan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako.

Euroa duten estatuen guneari "Eurogunea" deritzo, hau da, Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Malta, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal eta Zipre osatzen duten eremua.

Fiorentino

Fiorentino, San Marinoko castelli edo udalerrietariko bat da. Sanmarinotar Chiesanuova, San Marino, Borgo Maggiore, Faetano, and Montegiardino eta italiar Monte Grimano eta Sassofeltrio udalerriak ditu mugakideak.

Italiar penintsula

Apeninoetako penintsula edo Italiar penintsula Mediterraneo itsasoaren erdialdean kokaturiko penintsula da, Tirreniar eta Adriatiko itsasoen artean. Nahiz eta bere azaleraren gehiena Italia izan, Vaticano Hiria eta San Marino herrialdeak ere barnean ditu.

Penintsulari italieraz Lo Stivale (euskaraz: bota) zioten, botaren itxura baitu. Hiru penintsula txikiek laguntzen dute itxura lortzeko: Calabria, Salento eta Garganokoak.

Iparraldetik hegoaldera 1.000 km baino gehiago izanda, Europako penintsularik luzeenetako bat da. Mendebaldean Liguriar itsasoa eta Tirreniar itsasoa, hegoaldean Itsaso Jonikoa eta ekialdean Itsaso Adriatikoa ditu. Barnean Apeninoak dira bere bizkarrezurra. Iparraldean ordokiak daude eta kontinentearekin lotzeko Alpeek.

Mendebaldeko Europa

Mendebaldeko Europa Gerra Hotzean sortutako kontzeptu sozio-politikoa da. Hori dela eta, geografiak baino areago Gerra Hotzaren politikak eta ekonomiak markatu zituen mugak Mendebaldeko eta Ekialdeko Europaren artean. Honela, Mendebaldeko Europa AEBekin bat egin zuten herrialde kapitalistek osatuko lukete. Herrialde neutralak ekonomia motaren arabera sailkatzen ziren mendebaldean edo ekialdearen artean.

Mendebaldeko herrialdeek, gainera, kultura, ekonomia, historia eta politika loturak partekatzen dituzte munduko beste herrialde gehiagorekin, batik bat Ameriketan (Mendebaldea).

Honako herrialde hauek dira Mendebaldeko Europakoak:

Alemania

Andorra

Austria

Belgika

Danimarka

Erresuma Batua

Espainia

Finlandia

Frantzia

Grezia

Herbehereak

Irlandako Errepublika

Islandia

Italia

Liechtenstein

Luxenburgo

Malta

Monako

Norvegia

Portugal

San Marino

Suedia

Suitza

Vatikano Hiria

Aldi berean, Mendebaldeko Europa Europako eskualde geografikoa ere bada, muga laburragokoak. Nazio Batuen Erakundeak honako herrialde hauek sartzen ditu:

Alemania

Austria

Belgika

Frantzia

Herbehereak

Liechtenstein

Luxenburgo

Monako

Suitza

Montenegroko futbol selekzio nazionala

Montenegroko futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. 2006 arte Serbiarekin batera aritu zen. Estadio Pod Goricom zelaian jokatzen ditu etxeko partidak, Podgorica hiriburuan.

Polizia Zibila (San Marino)

San Marinoko Polizia Zibila edo italieraz Polizia Civile, San Marinoko errepublikako estatu polizia da. Oso polizia talde txikia da, San Marinon bakarrik duelako jurisdikzioa. San Marinoko Polizia Zibilak, honako ardurak ditu: herri eta hirien segurtasuna, trafikoa eta defentsa zibila.

San Marino (Kalifornia)

San Marino Kaliforniako hiri bat da. Los Angeles konderrian kokatua dago. 2010ean 13.147 biztanle zituen, 9,8 kilometro koadrotan banatuta.

San Marino (hiria)

San Marino (italieraz: Città di San Marino) San Marinoko Errepublikako hiriburua da, Italiako penintsulan, Adriatikotik gertu. Hiriak 4.493 biztanle ditu. Titano mendiaren mendebaldean kokatuta dago.

San Marinoko bandera

San Marinoko bandera 1862ko apirilaren 6an erabakitakoa da. Neurri bereko bi errenkadaz osatuta dago: zuria goikoa, eta urdin argia behekoa. San Marinoko armarria dauka erdian.

San Marinoko futbol selekzio nazionala

San Marinoko futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. San Marino Stadium zelaian jokatzen ditu etxeko partidak, Serravalle hirian.

San Marinoren banaketa administratiboa

San Marino, herrialde txikia denez, administrazio maila bakarra du: udalerriak (castelli).

Serravalle

Serravalle, San Marinoko castelli edo udalerrietariko bat da. Serravallekoa da Dogana herria, 10.500 biztanlekoa, San Marinon biztanle gehien daukan hiria.

Serravallek mugan ditu Domagnano eta Borgo Maggiore San Marinoko udalerriak, baita Italiako Verucchio, Rimini eta Coriano udalerriak ere. Galazzano auzoan industria-gunea dago.

Datu klimatikoak (San Marino)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 7 9 14 17 23 28 30 30 25 20 13 8 18.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 4 5.5 10 13 18.5 23 25 25 20.5 16 10 5.5 14.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1 2 6 9 14 18 20 20 16 12 7 3 10.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 34.0 37.6 34.2 51.5 41.6 36.0 34.5 49.2 85.6 69.8 59.2 75.4 608.6
Iturria: World Weather Online[3]

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.