Salomon Uharteak

Salomon Uharteak[1] (ingelesez: Solomon Islands) Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, Melanesiako 990 uhartez baino gehiagoz osatua, Papua Ginea Berriaren ekialdean eta Vanuaturen ipar-mendebaldean dagoena. Salomon uhartediko uharte guztiak hartzen ditu, Bougainville eta Buka izan ezik. 28.400 kilometro koadroko eremua dauka, eta 599.419 biztanle zituen 2016an.[2]

Salomon Uharteak
Solomon Islands
Salomon Uharteetako bandera Salomon Uharteetako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: To Lead is to Serve
(Gidatzea zerbitzatzea da)
Ereserkia: God Save Our Solomon Islands
Errege ereserkia: God Save the Queen
Herrialdearen kokapena
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Honiara
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa
Herritarra salomondar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregina Elisabet II.a
 -  Gobernadorea David Vunagi
 -  Lehen ministroa Rick Houenipwela
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1978ko uztailaren 7a 
Azalera
 -  Guztira 28,400 km2 (139.)
 -  Ura (%) 3,2
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (20162016[2]) 599.419 (162.)
 -  Dentsitatea 18,1 bizt./km2 (200.)
Dirua Salomondar dolar (SBD)
Ordu-eremua (UTC+11)
Aurrezenbakia 677
Internet domeinua sb

Geografia

Kokapena

Melanesian dago. Iparraldean Papua Ginea Berria eta Nauru ditu; ekialdean, Tuvalu; hego-ekialdean, Fiji; hegoaldean, Vanuatu; hego-mendebaldean, Australia; eta mendebaldean, Papua Ginea Berria.

Erliebea eta hidrografia

Salomon Uharteak ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean aurrez aurre jarritako bi uharte-ilara edo kate dira: Vella Lavella, Kolombangara, Georgia Berria eta Guadalcanal hegoaldean, eta Choiseul, Santa Isabel eta Malaita iparraldean. Bi ilarek bat egiten dute hego-ekialdean, San Cristobal uhartean. Uharte nagusi horiez gainera, beste uharte txiki eta atoloi asko daude.

Sumendi jatorriko uharte menditsuak dira gehienak. Mendi garaiena Guadalcanal uharteko Popomanaseu da: 2.330 metro. Sumendiak ere daude, horietako batzuk aktiboak. Batzuetan lurrikarak izaten dira. Uharte handienetan ur emari lasterreko ibai txikiak daude.

Klima eta landaredia

Salomon Uharteek klima bero hezea dute, urtean zehar ia gorabeherarik ez duena: 27 °C eta 3.000 mm euri. Haize-erauntsiak izaten dira. Klima mota hori dela-eta, basoak lurraldearen %90 hartzen du. Ustiatutako basoak hazkunde bizkorreko zuhaitzez landatzen dira.

Historia

Garai koloniala

Solomon Islands canoe crop
Salomon Uharteetako gerlariak 1895ean.

1568an iritsi zen lehen europarra, Alvaro Mendaña de Neira, Espainiako erregeren zerbitzura ari zen esploratzailea. Erreketan urrea aurkitu zuelarik, izen bibliko bat ezarri zien huharteei: urre meategiak zituen Salomonen irlak.[3] Espainiarrak ez ziren uharteetan finkatu; laster galdu zuten uharteekiko interesa, uste zituzten aberastasunak aurkitu ez zituztelarik. Geroago, herbehereetar, frantses eta britainiar esploratzaileak joan ziren. Lehenik misiolari katolikoak joan ziren eta, geroago, misiolari anglikanoak. 1870 ingurutik XX. mendearen hasiera arte, blackbirder-ek uharteko jatorriko biztanleak lanera behartu zituzten Fiji eta beste uharte batzuetako lursailetan. 1886an, alemaniarrek eta britainiarrek hitzarmen bat izenpetu zuten, eta iparraldeko uharteak Alemaniaren babespean geratu ziren eta hegoaldeko uharteak Britainia Handiarenean.

Marines rest in the field on Guadalcanal
Estatubatuar marineak 1942ko Guadalcanalgo Kanpainan.

1899an, Alemaniak Britainia Handiaren babesean utzi zituen iparraldeko uharteak, Bougainville eta Buka izan ezik, hari Mendebaldeko Samoa uharteak utzi izanaren ordainez. Lehen Mundu Gerran, Australiako gudarosteek gainerako uharteak hartu zituzten. 1942an, Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek hartu zituzten Salomon uharteak, eta Ozeano Bareko gudu latzenetako batzuk, Guadalcanalgo gudua esate baterako, izan ziren inguruko uharte eta itsasoetan. Protektoratuko hiriburua, Tulagi, suntsitua geratu zen. Gerra amaitu ondoren, hiriburu berri bat eraiki zen Guadalcanal uhartearen iparraldean: Honaira. Handik aurrera, pixkanaka, uharteei gero eta autonomia zabalagoa eman zitzaien, eta 1978an burujabetza osoa erdietsi zuten.

Salomon Uharteak independenteak

Burujabetasuna lortu zuenez gero, lehen ministroen aldaketa etengabea izan da Salomoneko ezaugarri nagusietako bat; izan ere, hiru urte inguru iraun izan dute beren karguan, eta politikako harremanak gorabehera pertsonaletan oinarrituak dira, alderdi politikoen arteko gorabeheretan baino areago. 1981ean, Peter Kenilorea lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa sartu ondoren, Salomon Mamaloni izendatu zuten gobernuburu. Mamalonik arma nuklearrak garraiatzen zituzten edo energia nuklearrez zebiltzan itsasontzi edo hegazkinak herrialdean sartzeko debekua ezarri zuen. 1986-1989 bitartean Ezekiel Alebua egon zen agintean, baina 1989an berriro ere Mamalonik hartu zuen kargua. Bigarren agintaldian, Estatu Batuetako konpainia batek hondakin nuklearretarako biltegi gisa Salomoneko eremua erabiltzeari ezetza eman zion. 1994an, Francis Billy Hilly izendatu zuten lehen ministro, baina urrian legebiltzarrak kargutik eraitsi zuen, eta Mamalonik hartu zuen berriz kargua. 1997an, Bartholomew Ulufa'alu aukeratu zuten lehen ministro; ekonomia eta finantzen alorra eraberritzeko eta arrazionalizatzeko neurriak hartu zituen, eta helburu horiek izan ziren bere politikaren ardatzak. Nazioarteko politikari dagokionez, 1992an, istiluak izan ziren Salomonen eta Papua Ginea Berriaren artean, Bougainvillek Papua Ginea Berriarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuela-eta. Bestalde, garrantzi handiko zeregina bete zuten Salomon Uharteek Ozeano Barearen hegoaldeko politikan eta, azkenik, babesa eman zioten Kaledonia Berriaren burujabetasunaren aldeko mugimenduari.

Etnien arteko gatazka (1998–2003)

Tsunami damage, Solomon Islands 2007. Photo- AusAID (10730788596)
2007ko tsunamiak eragindako kalteak.

1980ko hamarkadan, Guadalcanalera lekualdatu ziren beste uharteetako jende asko, jaiotze tasa sendoa eta aldi berean ekonomia oso atzeratua dituen Malaitako biztanleak batik bat. Baina 1990eko hamarkadan mundu osoan lehengaien prezioek behera egin zutenean, liskarrak sortu ziren. Guadalcanalgo biztanleek kanpora bidali nahi izan zituzten gainerako herritarrak, batzuk hil eta askoren ondasunak kixkaliz. Ondorengo istiluetan bi milizia gorpuztu ziren: Isatabu Freedom Movement, Guadalcanal uharteko jatorrizko herritarren haserrea biltzen zuena, eta Malaita Eagles Force, besteek hildako herritarren mendekua eta bortxaz etxea eta ondasunak utzi behar izan zituzten 20.000 herritarren itzultzeko eskubidearen alde ari zena.[3]

2000an, Malaita Eagles Force-ko kideek lehen ministroa bahitu aurrena eta agintetik bota zuten gero. 2000ko urrian sinatu zuten bi miliziek eta Honiarako gobernu zentralak bake akordioa, baina hori paperetik egia izatera iristerik ez zen lortu.[3] 2003an, zikloi batek uharteak erraustu zituen. Urte berean, gobernatzaile jeneralak laguntza deia egin zion nazioarteko komunitateari estatuaren agintea berrezartzeko. 2.200 polizia eta militar iritsi ziren gehienbat Australia eta Zeelanda Berritik, baita Ozeano Bareko 20 nazio desberdinetatik. Helpem Fren izenez ezagutzen da operazio hau. 2007an, tsunami batek 20 hildako, ehunka zauritu eta kalte handiak eragin zituen.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Salomon uharteek monarkia konstituzionala osatzen dute, Commonwealth erakundearen barruan. Estatuburua, beraz, Britainia Handiko errege edo erregina da, eta gobernadore batek betetzen ditu haren ordezkoak. Aginpide betearazlea lehen ministroaren esku dago, eta lau urtez behin aukeratzen da kargu hori, legegintza ahalmenak dituen legebiltzarreko 38 kideren botoen bidez.

Banaketa administratiboa

Administrazioari dagokionez, herrialdea bederatzi probintziaz eta hiri nagusi batez osatua dago. Hona hemen egungo probintziak:

Zbk. Probintzia Hiriburua Azalera
(km²)
Biztanleria
1999ko errolda
Biztanleriaren
dentsitatea (2009)
Biztanleria
2009ko errolda
1 Flag of Central Province Solomon Islands.png Erdialdeko probintzia Tulagi 615 21.577 42,4 26.051
2 Flag of Choiseul.png Choiseulgo probintzia Taro Island 3.837 20.008 6,9 26.371
3 Flag of Guadalcanal.png Guadalcanalgo probintzia1 Honiara 5.336 60.275 17,5 93.613
4 Flag of Isabel Province Solomon Islands.png Isabelgo probintzia Buala 4.136 20.421 6,3 26.158
5 Flag Makira and Ulawa.png Makira-Ulawako probintzia Kirakira 3.188 31.006 12,7 40.419
6 Flag of Malaiita.png Malaitako probintzia Auki 4.225 122.620 32,6 137.596
7 Flag of Rennell and Bellona Province.svg Rennell eta Bellonako probintzia Tigoa 671 2.377 4,5 3.041
8 Temotu province flag.svg Temotuko probintzia Lata 895 18.912 23,9 21.362
9 Flag of Western Province Solomon Islands.png Mendebaldeko probintzia Gizo 5.475 62.739 14,0 76.649
- Flag of Honiara.svg Hiriburu-lurraldea Honiara 22 49.107 2.936,8 64.609
  Salomon Uharteak Honiara 28.400 409.042 14,7 515.870

Oharra: 1 Honiara Hiriburuaren lurraldea izan ezik.

Demografia

Biztanleria

Fenualoa Tuo school children
Tuo herriko haurrak, Fenualoa.

2016an 599.419 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %34,6 dira, 15-24 urte bitartekoak %20, 25-54 urte bitartekoak %36,5, 55-64 urte bitartekoak %4,6 eta 65 urtetik gorakoak %4,3. Bizi itxaropena 75,6 urtekoa da; 72,9 urtekoa gizonezkoena eta 78,3 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). 3,16 haur emakumeko da ugalkortasun-tasa osoa.[4]

Banaketa etnikoa

Uharteetako biztanle gehienak, %95,[4] melanesiarrak dira. Polinesiarrak gutxiengoa dira, %3, eta uharte nagusietatik urrun dauden atoloietan bizi dira.

Hizkuntzak

Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina biztanleen %1-2k bakarrik erabiltzen du; biztanle gehienek ingelesa oinarri duen pidgina erabiltzen dute, eta beste 80 melanesiar hizkuntza eta dialekto baino gehiago ere mintzatzen dira.[3]

Erlijioa

Erlijio nagusiak protestantea, %77,5 (%34 anglikanoak) eta katolikoa, %19,2, dira, baina bietan agertzen dira bertako erlijioen ezaugarriak eta eragina.

Hiri nagusiak

Honiara hiriburua da hiri bakarra; Ginzo, Auki eta Kira Kira dira beste herri aipagarriak.

Ekonomia

A man selling fish at Honiara’s central market. (10662316344)
Honiarako merkatu nagusia, 2013.

Salomon herrialde txikia da, azpigaratua. Bertako biztanle gehienak nekazaritzatik, arrantzatik eta basoak ustiatzetik bizi dira. Esportaziorako lantzen dira kokondoa, olio-palmondoa eta kakao arbola, baina bizibidea ateratzeko batata, taroa, ñamea, arroza, bananak eta barazkiak lantzen dituzte. Arrantzari dagokionez, atun txikia da gehiena harrapatzen dena, baina aipagarria da Salomonek bere eskumenean duen itsas eremuan arrantza egiteko Ozeano Bareko potentziei, eta batez ere Japoniari, baimenak saltzetik ateratzen den dirua. Industria jarduera nagusia zuraren lanketa da, eta zura da, hain zuzen ere, gehien esportatzen den gaietako bat. Lurpeko aberastasun handiak daude, batez ere beruna, zinka, nikela eta urrea, baina ez dira behar bezala ustiatzen.

Galera handiak izan ziren Asiako hego-ekialdeko krisiaren eraginez , eta ekonomiak %10eko beherakada izan zuen 1998an (bertako diruaren balioa %20 murriztu zen). Gobernuak neurri gogorrak hartu behar izan zituen egoera kontrolatzeko, zerbitzu publikoen gastua eta beste gastu batzuk murrizteko. Dena dela, gobernuak defizita du, eta arazoak sortzen ari dira basoen soiltzearen eraginez. Atzerriko jabeen esku daude, bestalde, bertako ekoizpen eta finantzagune nagusiak. Biztanleko barne produktu gordina oso txikia da, 2.100 dolar ingurukoa 2017an.[4]

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  3. a b c d Zubiria Kamino, Pello Salomon Uharteetan su hartu du paradisuak Argia astekaria, 2003-7-20, argia.com, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0) lizentzia . Noiz kontsultatua: 2018-7-19.
  4. a b c The World Factbook: Solomon Islands cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-7-21.

Kanpo loturak

Alemaniar Inperioa

Alemaniar Inperioa edo Bigarren Reicha (alemanez Deutsches Kaiserreich) bere batasun eta indartze garaian Alemania izendatzeko erabili izan zen izendapena da, garai hau 1871ko urtarrilaren 18ko Alemaniaren batasunetik 1918ko azaroaren 9ko Wilhem II.a kaiserraren abdikazio bataraino doa. Alemaniarrek Kaiserraren agindupeko Inperioaren garai honi Kaiserreich izendapenaz deitzen diote; azken hau alemaniarrak ez diren historialariek ere erabiltzen dute.

Antoine Bruni d'Entrecasteaux

Antoine Raymond Joseph de Bruni d'Entrecasteaux (ɑ̃twan ʁɛmɔ̃ ʒɔzɛf də bʁyni dɑ̃tʁəkasto ahoskatua) (Aix-en-Provence, 1737ko azaroaren 8a – itsasoan, Javatik hurbil, 1793ko uztailaren 21a) Frantziako itsasgizona izan zen. Luis XVI.ak La Perouse itsasgizon frantsesa aurkitzeko antolatu zuen espedizioaren buru izan zen eta Kaledonia Berria, Vanuatu, Salomon uharteak eta Ginea Berriako itsasertzak igaro zituen bere helburua bete gabe (1791-1793).

Asia-Pazifikoa

Asia-Pazifikoa edo APAC Ozeano Barearen mendebaldeko eremuari deritzo. Ekialdeko Asia, Hego-ekialdeko Asia, Ozeania eta Australasia hartzen ditu behe barnean.

Australasiar ekozona

Australasiar ekozona Lurrazaleko zortzi ekozona edo erreinu biogeografikoetatik bat da. Hitz hau ekologia, botanika, zoologia eta biogeografian asko erabiltzen da.

Australasiar ekozonak Australia, Ginea Berria, ekialdeko Indonesia, Bismarck uhartedia, Vanuatu, Salomon Uharteak, Kaledonia Berria eta Zeelanda Berria hartzen ditu barnean. Wallace Lerroak indomalaysiar eta australasiar ekozonak banatzen ditu.

Bismarck itsasoa

Bismarck itsasoa Ginea Berria uhartearen eta Bismarck uhartediak eratutako arkuaren artean dago. Hego-mendebaldeko muga du Ginea Berria, eta iparraldetik Bismarck uhartediak banatzen du Ozeano Baretik. Ginea Berria eta Bretainia Berria uharteen artetik hegoalderantz doan pasabide baten bidez, Salomon itsasoari elkartua dago.

Bismarck izena XIX. mendean jaso zuen, Otto von Bismarck alemaniar kantzilerraren omenez, izen bereko uhartedia inguratzen duten uharteak, Iparraldeko Salomon uharteak eta Gilen Erregearen Lurraldea (Ginea Berrian) alemaniar kolonia zirenean, Ginea Berri Alemaniarra izenarekin.

Itsaso honetan izan zen Bigarren Mundu Gerrako Bismarck itsasoko gudua.

Blackbirding

Blackbirdinga esklabotza mota bat izan zen, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Melanesiako uharteetan erabili zena. Queensland (Australia), Fiji eta Samoako azukre-kanabera eta kotoi sailetarako langileak lortzea zen jarduera horren xedea. Horretarako, Kaledonia Berria, Salomon Uharteak, Vanuatu, Papua Ginea Berria, Samoa, Kiribati, Tuvalu eta Niueko indigenak hertsatzen zituzten, askotan iruzurra eta bahiketa erabiliz. Bahitutako langile hauei kanaka izena ematen zitzaien. Blackbirdinga 1904an amaitu zen, Australiako parlamentuak 1901ean promulgatutako lege baten ondorioz.

Bougainville uhartea

Bougainville Papua Ginea Berriko uhartea da, Bougainvilleko Eskualde Autonomoko handiena. Geografikoki Salomon uhartediaren zati den arren, ez dago Salomon Uharteak estatuaren barnean. 9.318 kilometro koadroko eremua du, eta 2000. urtean 175.160 biztanle zituen.

Buka

Buka Papua Ginea Berriko uhartea da, Bougainvilleko Eskualde Autonomoko bigarren handiena. Bougainville uhartearen ipar-mendebaldean dago, Bukako itsasarteak bereizia. Geografikoki Salomon uhartediaren zati den arren, ez dago Salomon Uharteak estatuaren barnean. 682,3 kilometro koadroko eremua du.

Erdialdeko probintzia (Salomon Uharteak)

Probintzia Zentrala, Salomon uharteetako probintzia bat da. Probintzia hartan, Russell Uharteak, Nggela uharteak (edo Florida Uharteak) eta Savo Uhartea daude. 615 km² azalera dauka eta 1999an 21.577 biztanle zituen. Probintziaren hiriburua Tulagi da.

Honiara

Honiara Guadalcanal uhartean kokaturiko hiria da, Salomon Uharteetako hiriburua. 1996. urtean hiriak 50.100 biztanle zituen.

Isoroku Yamamoto

Isoroku Yamamoto, japonieraz 山本五十六, Yamamoto Isoroku (Nagaoko, Japonia, 1884ko apirilaren 4a - Salomon Uharteak, 1943ko apirilaren 18a), almirante japoniarra izan zen. Estatubatuarrek bere hegazkina txikitu zutenean hil zen, Salomon Uharteetako frontea bisitatzera zihoanean.

Kiribatiera

Kiribatiera (Taetae ni Kiribati) Kiribatiko hizkuntza da.

Melanesia

Melanesia Ozeano Bareko hegoaldeko uhartedi edo artxipelago handi bat da, Ozeaniako azpieskualde bat osatzen duena. Australiako ipar eta ipar-ekialdean dauden uharteak, Ginea Berria, Bismarck uhartedia, Salomon uharteak, Hebrida Berriak, Kaledonia Berria, Lealtad uhartea, Fiji uharteak eta Rotuna biltzen ditu.

Biztanle gutxi ditu. Hizkuntza asko erabiltzen dira (23 dira Kaledonia Berrian, eta 40 Salomon uharteetan). Erlijioari dagokionez, biztanleen % 53,4 animistak dira, % 20,9 katolikoak, % 17,7 protestanteak, eta % 3,8 hinduistak. Kanpotar asko dira, Indiakoak eta Pakistangoak batez ere. Mendi inguruko biztanleak Harri Aroan bizi dira oraindik, eta kostaldekoek aitzurrezko nekazaritzan oinarrituriko kultura dute. Gune garatuenetan kokoa, kakaoa eta kafea dira gai nagusiak. Kaledonia Berrian nolabaiteko garrantzia du meatzaritzak (zinka, beruna, urrea, eta, batez ere, nikela). Egoera politikoa oso nahasia da: Ginea Berriko ekialdeak, Bismarck uhartediak eta Salomon uhartediko uharte batzuek Papuasia-Ginea Berria osatzen dute; mendebaldeko Ginea Berria Indonesiaren barruan dago; Salomon uhartediko gainerako uharteek estatu burujabe bat osatzen dute 1978az geroztik; Kaledonia Berria Frantziaren eskuetan dago; Hebrida uharteek Vanuatu izeneko estatua osatzen dute 1980tik aurrera, eta Fiji uharteak ere burujabeak dira 1970az gero.

Ozeania

Ozeania Asiaren hegoaldean dagoen kontinentea da, Ozeano Barean kokatua. Uhartez osatuta dago. Uharte nagusia Australia da. Australiaz aparte, Papua Ginea Berria, Zeelanda Berria, eta Mikronesia, Polinesia eta Melanesiako uhartediek ere osatzen dute Ozeania.

Popomanaseu

Popomanaseu (2.330 m) Salomon Uharteak izena daraman Melanesiako estatuko mendirik altuena da, ez ordea uhartedi geografikoarena. Isatabu edo Guadalcanal uhartean dago. Azken erupzioa noiz izan zen ezagutzen ez den sumendi geldia da.

Salomon uharteak 2012ko Udako Olinpiar Jokoetan

Salomon uharteak 2012ko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen 205 herrialdetako bat izan zen.

Uhartedi

Uhartedi edo artxipelagoa uharte multzo edo katea da, batzuk besteetatik nahiko hurbil kokatuak. Horregatik, gehienetan jatorri geologiko bera izaten dute.

Normalean itsaso zabalean kokatuta egoten dira. Uhartedien jatorria sumendietan oinarritu ohi da, baina eragina daukate beste zenbait prozesuk ere, higadurak eta sedimentazioak adibidez.

Eremuaren gehiengoa duten uhartedi diren bost estatu handienak Indonesia, Japonia, Filipinak, Zeelanda Berria eta Erresuma Batua dira. Estatu hauei eta uhartediz osatutako gainerako estatuei uharte-estatu esaten zaie.

Vanuatu

Vanuatu, izen ofiziala Vanuatuko Errepublika (bislamaz Ripablik blong Vanuatu; frantsesez: République de Vanuatu; ingelesez: Republic of Vanuatu) duena, Ozeano Barean dagoen estatu eta artxipelagoa da. Mendebaldean Australia (1750 kilometrotara), hego-mendebaldean Kanakia (500 kmra), ekialdean Tuvalu, Wallis eta Futuna eta Fiji eta iparraldean Salomon Uharteak ditu auzokide. Beraz, Melanesiaren bihotzean dago.

Herri nagusiak: Luganville, Port Olry, Isangel. Hizkuntza ofizialak: bislama, frantsesa eta ingelesa. Etniak: ni-vanuatuak, % 97; besteak, % 3. Erlijioa: prebisterianismoa, % 36,7; anglikanismoa, % 15,1; katolizismoa, % 14,8; adbentismoa, % 6,2; animismoa, % 7,6; besteak, % 10,9.

James Cookek hala izendatuta, haren izen koloniala "Hebrida Berriak" da, baina erreferentzia historikoetan besterik ez da erabiltzen. Aldi kolonialak berezitasun bat izan zuen uhartedi honetan: Erresuma Batua eta Frantziak batera agindu zuten 1906tik 1980an independentzia eskuratu arte.

Ozeaniako herrialde eta lurraldeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.