Ruanda

Ruanda[2] (ingeles, frantses eta kinyarwandaz Rwanda) Afrikako erdi-ekialdeko herrialde txikia da. 26.338 km2 ditu, eta 2011n 11,4 milioi biztanle (ruandarrak) zituen. «Hamaika muinoen herrialdea» ere esaten diote. Hiriburua Kigali da.

Rw-map
Ruandako mapa.
Ruandako Errepublika
Republika y'u Rwanda
République du Rwanda
Republic of Rwanda
ruandako bandera ruandako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Ubumwe, Umurimo, Gukunda Igihugu
(Batasuna, Lana, Aberria)
Ereserkia: Rwanda nziza
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Kigali
Hizkuntza ofiziala(k) Kinyarwanda, frantsesa, ingelesa1
Herritarra ruandar
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Paul Kagame
 -  Lehen ministroa Édouard Ngirente
Azalera
 -  Guztira 26,338 km2 (147.)
 -  Ura (%) 5,3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2010) 11.370.425[1] (80.)
 -  Dentsitatea 419,8 bizt./km2 (29.)
Dirua Ruandar libera (RWF)
Ordu-eremua CAT (UTC+ 2)
Aurrezenbakia 250
Internet domeinua rw
1 Bertako lingua franca swahilia da.

Geografia

RwandaVolcanoAndLake cropped2
Aintzira eta sumendia, Virunga mendietan.
Gorilla mother and baby at Volcans National Park
Gorila ama eta kumea, Sumenien Parke Nazionalean.
Akagera 1980 1 Topi
Topiak, Akagera Parke Nazionalean.

Afrikako Aintzira Handietako eskualde zabalean dago Ruanda. Mendebaldean Kivu aintzira du, eta Nilo eta Kongo ibaien adarrek herrialdea zeharkatzen dute.

Mugak

Ruandak mugakide ditu Uganda iparraldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean, Burundi hegoaldean eta Tanzania ekialdean.

Orografia eta hidrografia

Ruandako lurraldea garaia da. Itsasoa baino 1.500 m gorago dago. Nilo eta Kongo ibaietako uren banalerroa osatzen duten mendiek zeharkatzen dute Ruandako mendebaldea iparraldetik hegoaldera. Mendi horien mendebaldeko beheko aldean Ruandaren eta Zaireren arteko muga egiten dute Kivu aintzirak (2.699 km2) eta handik Tanganyika aintzirara doan Ruzizi ibaiak.

Mendietatik ekialdera dagoen lurraldea, mendebaldekoa baino askoz zabalagoa, 1.700-1.300 m bitarteko garaiera duen goi-lautada da, gainbehera leunean Ruandaren eta Tanzaniaren arteko muga egiten duen Kagera ibaiaren ibar zingiratsuraino doana. Kagerak, Tanzanian barrena, Victoria aintzirara isurtzen du ura, eta Nyabarongo, erdialdean, eta Akanyaru, hegoaldean, ditu ibaiadar nagusiak. Lurraldearen hego-ekialdea sakonune bat da, aintzira txiki asko dituena. Ipar-mendebaldean, Zairerekin muga egiten duela, sumendi garaiak daude (Karisimbi sumendia, 4.507 m).

Klima

Ruandak klima epela du, lurraldearen garaierak samurtzen baitu ekuatore aldeko beroa. Sasoika euritsua da. Urtean, batez beste, 19 °C eta 1.143 mm euri izaten dira lurraldearen erdialdean. Bi euri-sasoi eta bi sasoi lehor izaten dira urtean zehar: euria urritik abendura eta martxotik maiatzera, eta lehortea urtarriletik otsailera eta ekainetik irailera.

Landaredia

Basoak lurraldearen % 10 hartzen du, mendebaldeko mendialdean gehiena. Sumendietan eta lur garaienetan banbua hazten da. Gainerakoa zuhaitzekiko edo belarrekiko sabana eta lursailak dira.

Historia

Bertako etniak

Ruandako lehen biztanleak twa etniako pigmeoak izan ziren. Aspaldi, ordea, gaur egungo Kongotik joan ziren hutu nekazariak sartu ziren lurraldean, eta pigmeoak menderatu zituzten. Harrezkero, Ruandako gehiengoa osatzen dute hutuek.

Rwanda Nyanza Mwami Palace
Ruandako erregearen jauregia, berreraikia.

XIV. mendearen hasieran tutsiak gaur egungo Etiopiatik iritsi ziren, beren ardi eta behiekin. Bizitokia hartu zuten Ruandako lurraldean, eta lur- eta abere-zaintzarako itunen bidez, hutu nekazariei gailendu zitzaizkien. Tutsiek estatu handi bat sortu zuten Afrikako erdialdeko aintziren inguruan, Kitara, geroago erreinu burujabetan banatu zena. Haietako bat da gaur egungo Ruanda. Tutsiek feudalismoan oinarritutako sistema sozioekonomikoa ezarri zuten, mailakatua, XX. mende arte iraun zuena.

Europarren kolonia

XIX. mendearen erdialdera Nilo ibaiaren sorburuaren bila zebiltzan britainiar esploratzaileak sartu ziren lurraldean. Handik gutxira iritsi ziren lehen misiolariak.

1885ean Afrikaren banaketari buruz Berlinen egin zen konferentzian, Ruanda Alemaniaren mende geratu zen.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazioen Elkartearen aginduz, Ruanda, gaur egungo Burundiko erreinuarekin bat eginda, Belgikaren administraziopean geratu zen (Ruanda-Urundi). Nolanahi ere, koloniaren administrazioak ez zituen Ruandako gizarte-egiturak aldatu, eta administrazio kolonialista tutsi jauntxoez baliatu zen biztanleak mendean edukitzeko. Gainera, lurraldearen kokaera eta behartasuna zirela eta, europar gutxi joan zen Ruandara bizitzera.

1950etik aurrera,Afrikako herrien burujabetasunaren aldeko mugimendua Ruandan barrena zabaldu zen. Gatazka larriak izan ziren. Hutuak, twa pigmeoen laguntzarekin, belgikarren manupetik eta tutsien aginpidetik askatzeko matxinatu ziren. Kigeri V.a erregea eta beste ehun mila inguru tutsien auzo-herrialdeetara joan ziren babes bila. Milaka hil ziren. Bien bitartean, tutsien aurkako alderdi politikoak sortu ziren. 1960ko hauteskundeetan, Parmehutu edo hutuak askatzeko alderdiak botoen % 70 eskuratu zituen. Ondoren, erreferendum baten bidez, errepublika onartu zen, botoen % 87 aldeko zela. 1962ko uztailaren 1ean, Burundirekin bat egiteari uko egin ondoren, Belgikatik askatuta burujabetasuna erdietsi zuen Ruandak.

Ruandako errepublika

Juvénal Habyarimana (Andrews Air Force Base, Maryland, USA - 1980)
Juvénal Habyarimana jenerala, Ruandako lehendakaria (1973-1994).

Parmehutu alderdiko burua, Grégoire Kayibanda Ruandako lehendakari bihurtu zen. 1973an Juvénal Habyarimana jeneralak lehendakaritza kendu zion estatu-kolpe baten bidez. Habyarimanak hutuen eta tutsien arteko liskarrak gainditu eta herriaren batasuna lortzearen alde egin zuen. 1978an konstituzio berri bat onartu zen, aginpidea zibilen eta alderdi politiko bakar baten eskuetan uzten zuena. 1983 eta 1988 urteetako hauteskundeetan, lehendakari hautatu zuten Habyarimana.

1982-1983 urteetan, milaka erbesteratu iritsi ziren Ugandatik Ruandara. Gehienak hutuen garaipenarekin Ruandatik ihes egin eta hogei urtez Ugandan bizi izandako tutsiak ziren. Ruandak mugak itxi zituen. 1984an, urte askoko lehortearen ondorioak are nabarmenagoak izan ziren, janari-urritasun larria izan baitzen. 1986an Ugandak herritartasuna ezagutu zien herrialde hartan 10 urtez baino gehiagoz bizi ziren ruandarrei. 1990eko urritik aurrera, Ruandako gobernuak aurre egin behar izan zien, iparraldean, gehienbat tutsiz osatua dagoen Ruandako Herri Fronteko (FPR) gerrillarien erasoei.

1991ko konstituzio berrian alderdi-aniztasuna onartu zen, eta 1992ko maiatzaz gero koalizio-gobernu batek hartu zuen aginpidea. Bien-bitartean, eta bake-itunak gorabehera, etnien arteko gatazkak bere horretan zirauen.

Ruandako genozidioa

Mihanda camp
Ruandar iheslarientzako eremu bat, Zairen, 2006an.

1994ko apiriletik uztail arte, munduko historian gertatu den genozidiorik handienetako bat izan zen Ruandan: 100 egunean, 800.000-1.000.000 pertsona hil ziren, batik bat hutuek eraildako tutsiak eta hutu moderatuak.

1994ko apirilean, Tanzanian bake-elkarrizketak egitetik itzultzean, misil batek Ruandako eta Burundiko lehendakariak zihoazen hegazkina jo zuen, eta bidaiari guztiak hil ziren. Gertaera haren ondoren, hilketa ugari izan ziren berriz ere Ruandan. Hiru hilabetetan, paramilitar hutuek 800 mila lagun inguru hil zituzten, tutsiak eta hutu moderatuak gehienak, Des Mille Collines irratiaren bitartez tutsien aurkako propaganda arrazista inolako neurririk gabe egin ondoren. Gerra zibilak okerrera egiten zuela ikusirik, Frantziak, Estatu Batuek eta Belgikak soldaduak bidaltzea erabaki zuten segurtasuna ziurtatzeko eta atzerritarrei herrialdetik irteten laguntzeko. Hala ere, atzerritar gudariek ez zuten gerarazi genozidioa. Genozidioko ekintzen artean, hutu milizianoek eta hutu armadako gudariek ia tutsi emakume guzti-guztiak eta moderatutzat hartzen ziren hutu emakume asko bortxatu zituzten, hutu emakumeek lagunduta.[3]

Genozidioaz geroztik

Paul Kagame New York 2010
Paul Kagame, Ruandako lehendakaria 1994az geroztik.

Hutuen eta tutsien arteko gerra zibil hartan tutsiak nagusitu ziren 1994an, eta gobernuan dira geroztik, hutu moderatuekin koalizioa eginda, Paul Kagame lehendakari dutela. Ruandako Gobernua saiatu da ekonomia suspertzen eta Nazio Batuek genozidiotzat hartu zuenaren errudunen kontrako epaiketak antolatzen, baina gobernuak ez du lortu Mendebaldeko herrialdeetatik espero zuen laguntza. 1995 eta 1996 urteen bitartean, ia astero aurkitzen zituzten hilobi komunak, eta, bien bitartean, Ruandako armadaren eta miliziako kideen indarkeriak gizabanako gehiago hiltzen zituen. Milizianoek hil zituztenen artean, asko 1994an gertatutakoaren lekuko ziren, eta beste asko funtzionario hutuak.

1998an, genozidioaren erantzuletzat hartzen ziren 22 lagun exekutatu zituzten, 1994an sarraski latzenak izan ziren lekuetan. Amnesty International erakundeak parodiatzat jo zituen exekuzio haiek, eta bake-itxaropen guztiak bertan behera uzten zituztela adierazi zuen, gainera. 2014ko irailaren 29an, Edouard Karemera Barne ministro ohia, Callixte Nzabonimana Gazteria ministro ohia, Ildephonse Nizeyimana kapitain eta zerbitzu sekretuetako bigarrena izandakoa eta Matthieu Ngirumpatse Garapenerako eta Demokraziarako Mugimendu Errepublikano Nazionaleko presidente ohia zigortu zituen Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak genozidioagatik[4]. Irailaren 30ean, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak hil arteko espetxe zigorra berretsi zien 1994an tutsien aurkako genozidioan parte hartzea egotzitako lau akusaturi[5].

Ekonomia

Ruanda munduko estatu behartsuenetako bat da. Lurraldearen baliabide urriak, biztanleen ugaltze bizkorrak eta, batez ere, etnien arteko gatazkek, ekonomiaren hazkundea eragozten dute. Kanpoko herrialdeen laguntza, bai ekonomian bai beste alor batzuetan, funtsezkoa du Ruandak. Biztanle gehienak nekazaritzatik eta abere-hazkuntzatik bizi dira. Lantzen diren gai nagusiak kafea, tea, tabakoa, babarrunak, basartoa eta batata dira; kafea eta tea esportatzeko lantzen dira. Abere-hazkuntza gehiegi hazten ari da, eta gobernua saiatzen ari da abere-hazkuntza eta elikadura-metodo modernoak sartzen.

Ruandan meak dira bigarren diru-iturri nagusia; kasiterita, berilioa eta urrea ustiatzen dira, batez ere.

Garraiobideak urriak eta aurreratu gabeak ditu Ruandak. Ez dago burdinbiderik, eta errepide gehienak asfaltoz estali gabe daude.

Banaketa administratiboa

RwandaGeoProvinces
Ruandako probintziak.

Ruanda bost probintziatan (intara) eta hauek 30 barrutitan (akarere) banatzen dira. Hauek dira probintziak:

Demografia

Afrikako lurralderik txikienetako eta jendeztatuenetako bat da Ruanda. Hiru etniek osatzen dute Ruandako biztanleria: hutuek (ruandarren % 85), tutsiek (% 14) eta twek (% 1). Hutuak nekazariak dira, eta biztanleriaren gehiengoa osatzen dute. Tutsiak abeltzainak dira, eta ahaltsuenak izan ziren garai batean. Twa pigmeoak oso gutxi dira, eta ehiztariak, arrantzaleak eta ontzigileak dira ogibidez. Biztanleen % 7 baino ez da hirietan bizi.

Erlijioan, ruandarren erdiak baino pixka bat gehiago katolikoak dira:

Erlijioak Ruandan
Erlijioa Ehunekoa
Katolikoa
% 56,5
Protestantea
% 37,1
Islama
% 4,6
Erlijiorik ez
% 1,7
Erlijio indigenak
% 0,1
Iturria: Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Idazkaritza[6]
Rwanda-demography
Ruandako biztanleriaren bilakaera.

Hizkuntzei dagokienez, ofizialak diren kinyaruandaz, frantsesaz eta ingelesaz gainera, swahilia ere erabiltzen da, lingua franca gisa.

Ruandako osasunaren eta azpiegituren egoera oso txarra eta urria da. Osasun-arazo nagusiak haurdunaldi- eta erditze-arazoak, HIESa, malaria eta beste eritasun kutsakor batzuk, eta elikadura-urritasunetik eratorritako eritasunak dira. Bizi-itxaropena 36 urtekoa zen 1996an.

1994an, hutu eta tutsien artean izan ziren borroken ondorioz, 2 milioi lagunek baino gehiagok Ruanda utzi eta Burundi, Tanzania, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikora ihes egin zuten; Nazio Batuetako Iheslarien Goi Batzordeak erabakitakoari jarraituz, 1996an eta 1997aren hasieran milioi batetik gora hutu itzuli ziren Ruandara. 1997an ehun mila ruandar baino gutxiago gelditzen ziren Ruandatik kanpo.

Erreferentziak

  1. CIA (IV) 2011.
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak . Noiz kontsultatua: 2010-12-29.
  3. de Brouwer, Anne-Marie (2005). Supranational Criminal Prosecution of Sexual Violence. Intersentia. 13. orrialdea. ISBN 90-5095-533-9.
  4. «Ruandako genozidioagatik bizi osorako lau espetxe zigor ezarri dituzte», Berria, 2014-09-29
  5. «Ruandako genozidioaren lau akusaturi hil arteko espetxe zigorra berretsi diete», Berria, 2014-09-30
  6. U.S. Department of State

Kanpo-loturak

1638 Ruanda

1638 Ruanda asteroide gerrikoan aurkitutako 1638. asteroidearen izena da. 1935eko maiatzak 3an aurkitu zuen Cyril Jacksonek Johannesburgotik. Bere behin-behineko izendapen zientifikoa 1935 JF zen. Bere izena Ruanda-Urundi lurraldeagatik jasotzen du.

Belgikar Inperio Koloniala

Belgikar Inperio Koloniala hiru lurraldek osatu zuten 1885 eta 1962 artean, gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoak (Kongoko Estatu Burujabea 1885etik 1908ra eta Kongo Belgikarra 1908tik 1960 arte), Ruandak eta Burundik hain zuzen ere. Azken bi hauek batuta Ruanda-Urundi izena hartu zuten 1922tik 1962ra.

Funtsean, Belgikako Leopold II.a erregearen jabegoak izan ziren estatu batenak baino, kolonialismo pribatuaren motako inperio guztiz berezia osatuz eta modu bortitz eta odoltsuaz aginduz.

Ekialdeko Afrika

Ekialdeko Afrika kontinente horretako ekialdean dauden herrialdeek osatzen duten eskualde handia da.

NBEaren arabera, 19 herrialde hauek eskualdea osatzen ditu:

Burundi

Komoreak *

Djibuti

Eritrea

Etiopia

Kenya

Madagaskar *

Mayotte *

Malawi *

Maurizio*

Mozambike*

Réunion*

Ruanda

Seychelleak *

Somalia

Tanzania

Uganda

Zambia *

Zimbabwe *Hala ere, izartxoaz (*) markatutako herrialdeak Hegoaldeko Afrikako lurraldetzat ere hartzen dituzte bestelako irizpideei jarraituz.

Bestela, 3., 4., 5. eta 15. postuetan agertzen direnek Afrikako Adarra izeneko lurralde geografikoa ere osatzen dute, eta Indiako ozeanoan kokatuta daude bestela 2., 7., 8., 9., 10., 12. eta 14.enetakoak.

Azkenik, Iparraldeko Afrikan sailkatzen diren Egipto eta Sudan ere eskualde honetan sar daitezke.

Ekialdeko probintzia (Ruanda)

Ekialdeko probintzia (kinyaruandaz: Intara y'Iburasirazuba; frantsesez: Province de l'Est) Ruandako bost probintzietako bat da. 2006an sortu zuten Gobernuak herrialde berrantolatu zuenean.

Rwamagana du hiriburua. Honako barrutitan banaturik dago: Bugesera, Gatsibo, Kayonza, Ngoma, Kirehe, Nyagatare eta Rwamagana.

Erdialdeko Afrika

Erdialdeko Afrika kontinente horretako erdiko aldean dauden herrialdeek osatzen duten eskualde handia da.

Alfabetikoki ordenatuta, 11 herrialde hauek eskualdea osatzen ditu:

Afrika Erdiko Errepublika

Angola*

Burundi**

Ekuatore Ginea

Gabon

Kamerun

Kongoko Errepublika

Kongoko Errepublika Demokratikoa

Ruanda**

Txad

Sao Tome eta PrincipeHala ere, izartxoaz (*) markatutako herrialdea Hegoaldeko Afrikako lurraldetzat eta bi izartxoezkoak (**) Ekialdeko Afrikakotzat ere hartzen dituzte bestelako irizpideei jarraituz.

Hegoaldeko probintzia (Ruanda)

Hegoaldeko probintzia (kinyaruandaz: Intara y'Amajyepfo; frantsesez: Province du Sud) Ruandako bost probintzietako bat da. 2006an sortu zuten Gobernuak herrialde berrantolatu zuenean.

Nyanza du hiriburua. Honako barrutitan banaturik dago: Butare, Gatagara, Gikongoro, Gisagara, Gitarama, Kamonyi, Nyanza eta Nyaruguru.

Hutu

Hutu Afrikako erdialdearen etnia da, Ruanda eta Burundiko biztanle gehienek osatzen dutena. Bantu jatorriko nekazariak izan dira historian zehar.

Ipar Kivu

Ipar Kivu (frantsesez: Nord-Kivu; kinyaruandaz: Intara ya Kivu y’Amajyaruguru) Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko probintzia da, Kivu aintziraren ondoan dagoena. Iparraldean Ituri probintziarekin du muga, ipar-mendebaldean Tshoporekin, hego-mendebaldean Maniemarekin, eta hegoaldean Hego Kivurekin. Ekialdean Uganda eta Ruanda ditu mugakide. 59.483 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 6.655.000 biztanle zituen 2015ean. Hiriburua Goma da.

Iparraldeko probintzia (Ruanda)

Iparraldeko probintzia (kinyaruandaz: Intara y'Amajyaruguru; frantsesez: Province du Nord) Ruandako bost probintzietako bat da. 2006an sortu zuten Gobernuak herrialde berrantolatu zuenean.

Musanze du hiriburua. Honako barrutitan banaturik dago: Burera, Gicumbi, Gakenke, Musanze eta Rulindo.

Kibuye (Ruanda)

Kibuye mendebaldeko Ruandako hiria da. 2015ean 48.024 biztanle zituen. Kivu aintzirako ekialdeko ertzean dago, Gisenyi eta Cyangugu artean.

Kongoko Bigarren Gerra

Kongoko Bigarren Gerra, Afrikako Mundu Gerra edo Afrikako Gerrate Handia 1998ko abuztuan hasi zen Kongoko Errepublika Demokratikoan (RDC eta lehenago Zaire izena zuena), eta ofizialki 2003ko uztailean amaitu zen, behin-behineko gobernua boterera iritsi zenean. Hala ere, gaur egun ere herrialdean eta inguruetan (Uganda, Ruanda, Burundi, Namibia, Zimbabwe, Angola eta Txad) indarkeriak segitzen du, eta gauzak horrela Afrikako historia modernoaren gerraterik handien bihurtu da, zuzenean zortzi herrialde eta 25 talde armatu barne hartuz eta 2008 arte 5.4 milioi pertsonaren heriotza eraginez, batik bat gaixotasunek eta goseteak jota, Bigarren Mundu Gerraren ondoren liskar hilgarrien bilakaturik. Halaber, milioika pertsona errefuxiatu izan dira inguruko herrialdeetan.

Mendebaldeko probintzia (Ruanda)

Mendebaldeko probintzia (kinyaruandaz: Intara y'Iburengerazuba; frantsesez: Province de l'Ouest) Ruandako bost probintzietako bat da. 2006an sortu zuten Gobernuak herrialde berrantolatu zuenean.

Kibuye du hiriburua. Honako barrutitan banaturik dago: Karongi, Nyabihu, Rubavu, Rusizi, Ngororero, Nyamasheke eta Rutsiro.

Nilo

Nilo (arabieraz: النيل) ipar-ekialdeko Afrikako ibai handia, munduko luzeena Amazonasekin batera. 6.650 kilometro luze da, eta 3.400.000 kilometro koadroko arroa drainatzen du. Hegoaldetik iparraldera doan munduko ibai handi bakarra da.

Nilok bi adar ditu: Nilo Zuria (Nahr-el-Abiad) eta Nilo Urdina (Nahr-el-Azrak). Lehenbizikoak Victoria aintziran (Uganda, Kenya, Tanzania) du sorburua, eta bigarrenak Tana aintziran (Etiopia). Bi adarrak Khartumen (Sudan) elkartzen dira. Ibaia Mediterraneora isurtzen da Egipton, eta delta handia eratzen du bokalean. Bi adarrak kontuan harturik, Ruanda, Uganda, Tanzania, Etiopia, Hego Sudan, Sudan eta Egipto zeharkatzen ditu, eta arroak Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kenya eta Eritreako lurrak ere hartzen ditu.

Nilo Zuria

Nilo Zuria (arabieraz: al-Nahr al-Abyad [النهر البيض] edo al-Nahr el-Jebel [انهرل الجبل]) Afrikako ipar-ekialdean zehar doan ibai handia da.

Bi zatitan banatzen da. Lehenengoak, Nilo garaia edo al-Nahr el-Jebel deitua, Albert lakuan du hasiera eta zenbait urjauzi ditu. Aurrerago, lautadan, Sudd padurak eratzen ditu eta No aintziran Bahr el Ghazal ibaiarekin batzen da. Zehazki hitz eginez, hortik aurrera hartzen du al-Nahr al-Abyad edo Nilo Zuria izena. Khartumen Nilo Urdinarekin elkartzen da, Nilo ibaia eratuz.

Geografo batzuen arabera ez da berez ibai bat, baizik eta Hego Sudan eta Sudandik pasatzerakoan Nilok berak hartzen duen izena. Arro honetako ur emaririk handiena berak ematen du. Uganda eta Sudandik igarotzen da, eta bere ibaiadarrak Burundi, Ruanda, Tanzania, Kenia eta Kongoko Errepublika Demokratikotik zehar igarotzen dira.

Ruanda-Urundi

Ruanda-Urundi Afrikako erdi-ekialdeko estatu ohia da, Ruandako (iparraldean) eta Urundiko (hegoaldean) erresumek osatua. Alemaniaren mendeko ekialdeko Afrikako lurralde bihurtu ziren 1898an. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, Belgikaren mende geratu zen Ruanda-Urundi (1922), eta 1946an Nazioen Elkartearen administraziopean, egiaz Ruanda Belgikaren mende zegoen arren. 1961ean egin zen Ruanda eta Urundi bereizteko erreferenduma, eta hurrengo urtean sortu ziren, horrenbestez, Ruandako eta Burundiko estatuak.

Swahili

Swahilia niger-kongo familiako hizkuntza da, Afrikako hizkuntza nagusietarikoa, ingelesa, frantsesa, portugesa eta arabierarekin batera. Bost milioi pertsonak lehen hizkuntzatzat daukate eta beste 30-50 milioik, bigarren hizkuntzatzat. Bantu hizkuntza da, zulua, xhosa, lingala, kikongoa eta sothoa bezala.

Afrikako ekialdean mintzatzen da (bertako zenbait herrialdetako "lingua franca" da) eta Tanzania, Kenya eta Ugandan ofiziala da.

Tanzania

Tanzania, izen ofiziala Tanzaniako Errepublika Batua (ingelesez: United Republic of Tanzania; swahiliz: Jamhuri ya Muungano wa Tanzania), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dagoena. Iparraldean Kenya eta Uganda ditu, Indiako ozeanoa ekialdean, Ruanda, Burundi eta Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean, eta Zambia, Malawi eta Mozambike hegoaldean. 947.303 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 55,5 milioi biztanle zituen 2016an. Hiriburua Dodoma da 1974az geroztik, baina Dar es Salaam da hiri nagusia eta gune ekonomikorik garrantzitsuena.

Uganda

Uganda, izen ofiziala Ugandako Errepublika (ingelesez: Republic of Uganda; swahiliz: Jamhuri ya Uganda), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dagoena. Hego Sudan du iparraldean, Kenya ekialdean, Victoria aintzira hego-ekialdean, Tanzania eta Ruanda hegoaldean, eta Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean. 241.038 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 41,5 milioi biztanle zituen 2016an. Kampala da hiriburua eta hiri nagusia.

XIII. mendea

XIII. mendeak 1201etik 1300. urtera bitarteko iraupena du, biak barne.

Afrikako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.