Puntu bero

Puntu beroa, geologian, ezohiko fluxu geotermiko altua duten lurrazaleko guneak dira. Eskualde oso beroak izan daitezke, magma urtu asko eduki baitezakete.

Bi hipotesi nagusi daude puntu beroen existentzia azaltzeko. Zientzialari batzuk diote mantuaren luma beroak diapiro termalen eran igotzen direla lurrazpitik, mantuaren mugatik. Beste hipotesiak dio ez dela tenperatura altua bulkanismoa eragiten duena, baizik eta litosferak berez uzten diola igarotzen magmari. Bigarrenaren arabera, "puntu bero" terminoa ez da egokia, mantuak ez baitauka ohiz kanpoko tenperatura alturik.

Puntu beroak plaka tektonikoen mugetan nahiz plaken barnean agertzen dira. Litosferaren gainean oso banaketa irregularra dute. Haien eraginez hainbat fenomeno berezi sortzen dira, adibidez uharte bolkanikoen multzoak puntu beroa plaka ozeaniko baten azpian dagoenean: plaka azkar mugitzen bada, uharteak lerrokatuta sortzen joango dira, eta abiadura motela bada, irla multzoak eratuko dira.

Hotspot(geology)-1
Bolkanen segida baten sorrera puntu bero baten eraginez. Horiz litosfera eta gorriz mantua.
Al Aksa meskita

Al Aksa meskita (arabieraz: المسجد الاقصى‎, al-Masjid al-Aqṣā, ʔælˈmæsdʒɪd ælˈʔɑqsˤɑ ahoskatua, "meskita urrunena"), Jerusalemgo Meskiten Zelaiguneko multzo erlijiosoan dagoen meskita da. Islamaren tradizioak, Mahoma zelaigunetik zerura 621ean igo zela dio. Horregatik, meskita hau munduko hirugarren tenplu garrantzitsuena da.

Arrokaren Kupularen ondoren (690), lehen Al Aksa meskita Omeiatar dinastiak eraikitzen hasi zuen eta 710ean amaitu. Badaude frogaren batzuk, meskita, jatorrizko Jerusalemgo tenpluaren hondakin batzuen gainean eraikia izan zenarena. Egitura, bata bestearen atzean gertatu ziren lurrikarek suntsitu zuten, eta gutxienez bost aldiz berreraiki. Azken berreraikuntza handia 1035ean izan zen.

Al Aksa, Jerusalemgo meskita handiena da, 5000 pertsona har ditzake tenpluaren barnean eta inguruan. Estilo nahasketa bat jarraituz eraikia dago. Jerusalemgo Erresumaren garaian, meskita, jauregi gisa erabili izan zen, eta Salomonen Tenplua deitu zitzaion, izan ere, uste denez, Jerusalemgo lehen tenpluaren toki berean eraikia izan baitzen. Batzuetan estremisten erasoen jopuntu izan da, baina saiakera gehienak israeldar segurantza zerbitzuek zapuztuak izan dira.

Meskita inguratzen duen kanpo harresiaren zati bat Erosten harresia denez, juduek gurtua, hau "puntu bero" bat da, non, batzuetan, liskarrak gertatzen diren. Gertatu izan da, batzuetan, musulman batzuk, Erosten harresian otoitzen ari ziren judutarrei harriak bota izana. Bestalde, judu talde batek, Tenpluaren Mendiko Fededunak izenekoak, Jerusalemgo tenplua hortxe berreraikitzeko asmoa du.

Al Aksako Martirien Brigadek, izen hau, meskitatik hartu zuten, ziur aski, Ariel Sharonek toki honetan 2000n egin zuen bisita polemikoagatik. Bigarren Intifadaren piztailea izan zen, Al Aksako Intifada bezala ere ezaguna.

Artizarra

Artizarra Eguzki-sistemako bigarren planeta da. Eguzkiari bira ematen dio Lurreko 224,7 egunean behin. Planeta guztien artean errotazio-periodorik luzeena da, 243 egun, eta beste planeta guztien kontrako noranzkoan biratzen du (Eguzkia mendebaldetik ateratzen da eta ekialdean jarri). Ez du satelite naturalik. Hizkuntza askotan Venus izena darama, Antzinako Erromako edertasun eta maitasunaren izen bereko jainkosaren omenez. Ilargiaren ostean, distirarik handiena duen gaueko zeruko bigarren objektua da. Bere itxurazko magnitude maximoa -4,6 da, nahikoa argia itzalek sortzeko gauez eta, batzuetan, egun-argiz ere ikusi ahal izateko. Lurraren orbitaren barruan biratzen du eta, beraz, behe-planeta bat da. Lurretik ikusita, ez da inoiz Eguzkitik asko aldentzen; bere distantzia-angeluarrik handiena (elongazioa) 47,8º da.

Artizarra planeta teluriko bat da, eta askotan deitu zaio Lurraren "planeta-ahizpa", antzeko tamaina, masa, Eguzkiarekiko gertutasuna eta konposizioa dutelako. Hala ere, Lurrarekiko guztiz ezberdina da beste ezaugarri batzuetan. Lau planeta telurikoen artean atmosferarik sendoena duena da, %96 karbono dioxidoa. Presio atmosferikoa Lurrekoa baino 92 aldiz altuagoa da, gutxi gorabehera itsasoan 900 metroko sakoneran dagoena. Artizarra da ere Eguzki-sistemako planetarik beroena, 735 Kelvineko batez besteko tenperaturarekin (462 °C), Merkurio Eguzkitik gertuago baldin badago ere. Artizarra isla handiko azido sulfurikozko hodeiez inguratuta dago, eta horregatik bere gainazala ezin da ikusi espaziotik argi ikuskorrarekin. Baliteke urezko ozeanoak izatea iraganean, baina guztiak lurrundu dira tenperatura altua dela eta, eta berotegi-efektuzko gasen ondorioz. Tenperaturaren ondorioz, ura fotodisoziatu dela pentsatzen da, hidrogeno librea eguzki-haizeak planeten-arteko espaziora eramanez, planetak ez baitu eremu magnetikorik. Artizarraren gainazala basamortu lehorra da, lauza moduko arrokekin eta noizbehinkako ezaugarri bolkanikoekin.

Gaueko zeruko objektu distiratsuenetako bat izanik, Artizarrak giza kulturan eragin handia izan du, eta bere aipamenak daude idazkunak daudenetik. Jainko edo sakratu izaera izan du kultura askotan, eta idazle zein poetak eragin ditu, goizeko izar zein arratseko izar gisa. K. a. 2. milurtekoan jada planetaren mugimendu erlatiboa aztertu eta idatzi zen.

Lurretik gertuen dagoen planeta izanik, Artizarra izan zen gizakiak bisitatu zuen lehen Lurretik kanpoko planeta. Mariner 2k 1962an bisitatu zuen eta Venera 7k bertan lurrartu 1970ean. Artizarraren hodeiek ez dute baimentzen gainazala ikustea, eta ezin izan zen detailezko maparik egin Magellan zunda bertara 1991ean iritsi zen arte. Misio konplexuagoak proposatu dira, bertara ibilgailu bat bidaliz, baina dituen muturreko baldintzek asko zailtzen dute helburu hori.

Etna

Etna (sizilieraz Muncibeddu; italieraz Mongibello) Siziliako ekialdeko kostaldean dagoen geruza-sumendia da, Messina eta Cataniatik gertu kokatuta. Europako sumendi aktiborik handiena da eta gaur egun 3.326 m ditu (erupzioen eraginez 1865tik 21,6 m gutxiago izanik). Alpeetatik hegoaldera dagoen Italiako mendirik altuena da eta 1.190 km² azalera du. Gaur egun Etna sumendiak lau krater ditu: ipar-ekialdeko kraterra, Boraginea, Bocca Nuovay eta ipar-ekialdeko kraterra.

Etna mendia munduko sumendirik aktiboenetako bat da, ehunka aldiz sartu baita erupzioan milioi erdi urteetan zehar. Batzuetan oso suntsitzaile izanda ere, jendeak ez du arriskutzat hartzen. Hala ere, historikoki zenbait erupzio arriskutsuak izan du: Vergiliusek Aeneisetan deskribatzen duena, 1669koa, 1928koa, eta abar.

Etnaz gain, Italian badaude beste sumendi batzuk ere, Vesuvio eta Stromboli, esaterako. Hala ere, bi horiek ez dute Etnarekin inolako erlaziorik, prozesu geologiko oso ezberdinengatik sortu baitira.

Hawaii uharteak

Hawaii (ingelesez: Hawaiian Islands; hawaieraz: Mokupuni o Hawai‘i) Ozeano Bareko iparraldeko artxipelago bat osatzen dute. Zortzi uharte nagusi, hainbat atoloi, uhartetxo ugari, arrezife eta hondar-bankuz osatutako artxipelagoa da. Ozeano Barean, ipar-mendebaldetik hego-ekialderako lerrokatuta dago, 2.450 kilometroan zehar. Artxipelagoak uharterik handienaren izena du, Hawaii.

Artxipelagoko uharteak jarduera bolkanikoak sortutako urpeko mendilerroen gailurrak dira, itsaspetik gailentzen direnak. Hurbilen duen kontinentetik, Amerikatik, 3.000 kilometro ingurura dago, eta lehorretik urrunen dagoen artxipelagoa da.

K-T muga

K-T muga (batzuetan KT edo K/T) geologian Kretazeotik Tertziariora igarotzen denean dagoen geruza fina da. Orain dela 65,5 Ma sortu zen. Izena Kretazeo eta Tertziariotik dator. Muga honek Mesozoikoaren bukaera eta Zenozoikoaren hasiera markatzen du eta oso loturik dago Kretazeo-Tertziario desagerpen masiboarekin. Mundu osoan barreiatua dago eta Euskal Herrian oso adibide onak daude, bereziki Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunean.

Luma gorakor

Prozesu magmatiko anomaloak (ozeano-gandorretatik eta subdukzio-eremuetatik urrun gertatzen direnak) azaltzeko XX. mendean iradoki zen eredua da luma gorakorren eredua. Honek, hasiera- hasieratik eztabaidak sortu izan ditu munduko geologo ezberdinen artean.

Plaka-tektonikoaren teoria plazaratu zenean, konbekzio-korronteen eredua izugarri trinkotu zen eta honek, plaka-tektonikoaren jokaera askori azalpen logikoa eman zion, batez ere, konbekzio-korronte gorakor eta beherakorrak izan ziren azalpenetarako erabilienak. Hala ere, zenbait prozesu magmatiko anomalo azalpen hauetatik kanpo geratu ziren, beraz, hauei irteera logikoa emateko luma gorakorren eredua proposatu zen. Proposatu zen egunetik gaur egun arte, eredu honek zenbait hobekuntza eta aldaketa jasan ditu.

Luma gorakorren eredua prozesu magmatiko anomaloak azaltzeko teoria bezala proposatu zuen J.T.Wilsonek 1963. urtean. Honen arabera, mantuan kokatzen zen puntu bero baten gainean plaka tektoniko bat kokatzen zenean, Hawaii bezalako kate bolkanikoak sortzen ziren. Ideia horri azalpen fisikoa ematen saiatu zen Morgan, Honek kontuan hartu zuen, luma gorakorrak mantutik azaleraino igotzen ziren mantuko arroka multzoak zirela, orduan, puntu beroak luma gorakorren azaleko ondorioak zirela adierazi zuen.

Morganen arabera, plaka tektonikoak luma gorrakorrek litosferaren aurkako talken ondorioz eta plaken mugetan sortzen ziren esfortzuen ondorioz jasaten zuten mugimendua. Orduan, luma gorakorrak konbekzio-eredu nagusi bezala finkatu ziren. Beraz, mantuko arroka beroen tximiniak kontsidera daitezke luma gorakorrak, non tenperatura altuek mantuko materia solidoaren dentsitatea jaisten dute eta horrek materiaren igoera ahalbidetzen du, litosferara iritsi arte.

Luma gorakorrak 2 zati nagusitan banatzen zirela. Lehenik eta behin, tximinia edo zutabearen burua, litosferarekin kontaktuan jartzen dena eta bataz beste 1000 km- ko diametroa duena. Bestetik, zutabea, sorrera-eremuarekin, nuklleo eta mantuaren arteko muga, burua lotu egingo duena. Gainera, ikerketa ezberdinek adierazi dute lumaren eta inguruko arroken arteko tenperatura diferentzia 200 °C.koa dela gutxi gora behera.

Horrez gain, lumen buruak litosferara heltzean norabide guztietan erradialki zabalduko dira eta basalto-plataforma erraldoiak eratuko dituzte (LIP). Ondoren, burua difuninatu eta zutabea izango da litosferaren kontra bukatuko dena. Zutabean tenperatura aldaketak gune mugatuan emango dira eta Hawaii bezalako bolkan-kateak eratuko dira.

Lurrazal ozeaniko

Gainazal ozeanikoa ozeanoak eratzen duten lur gainazalaren zatia da. Lurraren masa osoaren %0,099a hartzen du eta honen azaleraren 75%-a betetzen du. Honek, lurrazala osatzen du lurrazal kontinentalarekin batera, eta biek elkarrekin, Lurraren bolumen osoaren 1%-a besterik ez dute betetzen.

Lurrazal ozeanikoa eta lurrazal kontinentalaren artean desberdintasun ugari daude. Lurrazal ozeanikoak 5-7 km inguruko lodiera du, lurrazal kontinentalak 35-40 km-ko bataz besteko lodiera duelarik, eremu menditsuetan 70 km-tara iritsiz. Lurrazal ozeanikoaren konposizio kimikoa homogeneoa da; basalto izeneko arroka igneo ilunez osatuta dago. Lurrazal kontinentala, aldiz, mota askotako arrokaz osatuta dago, eta arroka hauek oso zaharrak dira (4.000 milioi urte inguru). Lurrazal ozeanikoko arrokak, berriz, gazteagoak (180 milioi urte inguru) eta dentsoagoak dira.

Gainazal ozeanikoak, mantua eta gainazalaren masa bateratuaren %0,147a du. Lur gainazal gehiena, sumendien aktibitatearen ondorioz eratu zen. Dortsal ozeanikoen sistemak, 40.000 kilometroko luzera duen sumendi sarea, 17 km³ gainazal ozeaniko berri eratzen du urtean. Horrela, ozeano hondoa basaltoz estaltzen du, hau izanik hondo ozeanikoan arrokarik ugariena. Hawaii eta Islandia, basalto pilaketen bi adibide dira.

Mantu

Mantua lurrazalaren eta nukleoaren artean dagoen geruza da. 2900 kmko sakonerara iristen da. Mantua batez ere peridotitaz osatua dago. Lurrazalaren eta Mantuaren arteko banaketa Mohorovicic etengunean ematen da. Goi mantua (biguna eta likatsua) eta behe mantua (solidoa eta elastikoa) banatu daiteke. Biak ezberdintzen diren puntua Repettiren etengunea da.

Muga dibergente

Muga dibergentetan bi plakak bata bestearengandik bereizten dira eta euren artean lurrazal berria sortzen da azpian dagoen magmaren solidifikazioaz. Plaken arteko muga dibergenteen sorrera puntu hirukoitzetan puntu bero (hotspot) bati loturik egon ohi direla uste da. Puntu hauetan astenosfera beroa igotzen da zelula konbektibo handien ondorioz eta honek mugimendu zinetiko bat sortzen du, litosfera apurtuz.

Muga mota hauek ugariak dira eta ozeano erdiko gandorra osatzen dute adibidez Ozeano Atlantikoan edo Ozeano Barearen Ekialdean. Afrikako Rift Haran Handia ere mota honetakoa da. Muga dibergenteak faila zona masiboak sortzen dituzte, zabaltzea euren artean ez baita uniformea. Hori dela eta lekuetan non zabalkuntza handiagoa den beste batean baino faila transformakor bat sortzen da euren artean. Hauetan sortzen dira, batez ere, ozeanoetan gertatzen diren lurrikarak. Itsaso hondoko mapa bat hartuko bagenu estruktura karratu bat ikusten da, ardatz nagusi batekiko perpendikularrak diren lerroekin, hau zabalketa gune nagusia eta faila trasnformakorrak dira. Plaken arteko mugetatik geroz eta urrunago joan, orduan eta hotzagoa izango da plaka eta sakonera handiagoa egongo da, kontrakzioagatik eta subsidentziagatik.

Ozeano erdiko gandorretan aurkitu zen teoria frogatzeko ebidentziarik handienetarikoa, itsasoak handitzen zeudela frogatzen baitzen. Airetik egindako ikerketa geomagnetikoek egitura arraro bat erakutsi zuten, magnetismoa aldatzen zela ikusten baitzen, baina modu simetriko batean. Egitura hau erregularegia zen kasualitate bat izateko eta horregatik magnetismoan ematen diren aldaketak denboran zehar sortuak egon behar zirela argi zegoen. Alde bakoitzean zegoen arrokaren adina aztertuta teoria konprobatu zen.

Plaken arteko muga dibergenteen artean sorturiko egitura geologiko nagusiak rift kontinentalak eta ozeano-gandorrak dira.

Plaken tektonika

Plaken tektonika Lurrak geologiaren ikuspegitik zer funtzionamendu duen azaltzeko XX. mendean Alfred Wegenerrek sorturiko teoria da. Teoria honetan kontinenteen jitoa azaltzen da, eta geologian onarpen handiena duen azalpena da.

Plaka-tektonikaren teoriaren arabera, Lurraren azala plaka deritzen zenbait zatitan banatuta dago. Plaka horiek litosfera-zati mugikorrak dira; beraz, lurrazal kontinentalaz edota lurrazal ozeanikoz eta mantu zati batez osatuta daude, eta 80 eta 150 km bitarteko lodiera dute. Litosfera-zatiak edo plakak, denbora-eskala geologikoan, makurdurarekiko zurruntasunik gabeko fluido likatsuen gisan jokatzen duen astenosferaren gainean mugitzen dira, 1-20 cm/u bitarteko abiadurarekin. Beraz, plakak esfera baten gaineko estalki-zati mugikor gisa irudika daitezke. Plaken etengabeko mugimenduen eraginez, esfortzu izugarriak sortzen dira, eta horiek plaken arteko mugetan lurrikara edo prozesu magmatikoen bitartez islatzen den deformazioa eragiten dute. Deformazioa, batez ere, plaken arteko mugetan pilatzen denez, plakek gorputz zurrun gisa jokatzen dutela onartzen da. Plaken mugimenduaren arabera, hiru muga-mota bereizten dira: muga dibergenteak, non plakak elkarrengandik urrundu egiten baitira (rift kontinentalak eta ozeano-gandorrak); muga konbergente edo subdukzio-eremuak, non plaken hurbilketa-mugimenduaren ondorioz plaka bat bestearen azpitik mantuan barneratzen baita; eta muga kontserbakorrak edo faila transformatzaileak, zeinetan plaken mugimendua horizontalki eta norabide berean gertatzen baita litosfera sortu edo deuseztatu gabe.

Plaken arteko mugak dira lurrazalean aurki daitezkeen eremurik ezegonkorrenak; horietan sortzen dira lurrikara eta sumendi gehienak, eta muga horietan garatzen dira Lurraren azaleko ezaugarri topografiko nabarmenenak (ozeano-gandorrak, ozeanoetako fosak eta mendikateak). Prozesu horiek erabiliz definitu dira lurrazala osatzen duten zazpi plaka nagusiak: Ozeano Barekoa, Ipar Amerikakoa, Hego Amerikakoa, Eurasiakoa, Afrikakoa, India-Australiakoa eta Antartikakoa. Horietaz gain, eskala txikiagoko dozena bat plaka definitzen dira; horien artean ezagunenak Ozeano Barearen ekialdean dauden Nazca eta Cocos plakak dira. Plaka bat litosfera ozeanikoz soilik egon daiteke eratuta (Ozeano Bareko plaka), edo litosfera ozeanikoz eta kontinentalaz, baina sekula ez litosfera kontinentalaz soilik.

Rift Haran Handia

Rift Haran Handia edo Rift Harana , plaka tektonikoen mugimendu eta banaketa motel eta konstantearen ondorioz, Afrika iparraldetik hegoaldera doan 4.830 kilometroko Rift kontinental izeneko haustura geologiko handia da, Somalia eta inguruko herrialdeak kontinente Afrikarretik banatuko dituena. Nahiz eta normalean haran honen izena Djibutitik Mozambikeraino doan alde afrikarra izendatzeko erabiltzen den, Itsaso Gorria eta Jordan ibaiaren harana ere Rift haranaren zati badira. Hori dela eta, Rift Haran Handia Asian eta Afrikan zehar hedatzen da.

Gaur egun bere hedapena nabaria denez, lurrikara iraunkorren eta laba isurien laguntzaz, handitzen doa, bai zabalean bai luzeran. Hedapen horren ondorioz, hemendik 10 milioi urtetara, Madagaskarren antzera, Afrikako kontinentetik banatuko da, kontinente berri bati hasiera emanez eta gaur egungo harana arro ozeaniko bihurtuz. Kontinente berriaren eraketan gertaturiko plaken mugimenduen ondorio gisa, plaka Afrikarra 2,15 cm mugitzen da iparralderantz eta 650.000 urte barru Espainiako hegoaldeari lotuko zaio, Mediterraneo itsasoa ozeano Atlantikotik banatuz.

Rift Haran Handian kokaturik dauden Kenyako laku sistema, 2011. urtetik aurrera gizon-emakume guztien ondare bezala kalifikatu zuen UNESCOk.

Sumendi

Sumendia Lurraren edo beste planeta nahiz satelite baten gainazalean dagoen berezko irekidura edo arraildura da, barrualdean dauden solidoak edo jariakariak (gasak, lurruna, laba, errautsak) ateratzen uzten duena. Sumendi baten barrualdeko egiturak hiru oinarrizko osagai ditu: tximinia, gaiak irteteko bidea; kraterra, tximiniaren kanpoaldeko irtenlekua, eta magma galdara, magma osatzen den lekua. Magma igotzen denean, presioa gutxitu egiten da eta gasak askatzen dira. Gas horiek leherketa eragiten dute, eta leherketa handiagoa edo txikiagoa izaten da presioaren arabera. Harri urtuek laba jarioa osatzen dute; labak sumenditik irteterakoan 600-1000 °C bitarteko tenperaturara iristen da. Sumendien erupzioekin zerikusia duten gertakari geologikoen multzoari bolkanismoa esaten zaio. Sumendiak aztertzen dituen zientzia bulkanologia da.

Sumendiak egoeraren arabera sailkatzen dira: berriak, eta beste sumendiekin inolako zerikusirik ez dutenak, piztuak daudenak, itzaliak baina aldian behin pizten direnak, eta iraungiak, antzinatik inolako bizi arrastorik izan ez dutenak. Sumendi gehienak Ozeano Barearen eta Mediterraneoaren inguruan daude. Ezagunak dira, besteak beste, Mauna Loa, Popocatépetl, Pelée, Cotopaxi, Hekla, Vesuvio, Etna, Krakatoa eta Fuji mendia. Lurrazalean dauden mila bat sumendietatik, gaur egun 600 inguru daude piztuta.

Bolkanismoa suntsitze eta hondamendi iturri ukaezina bada ere, prozesu oinarrizkoa da litosferaren eraketa eta dinamikan. Are gehiago, ozeanoen hondoa milioika urtetan zehar itsas bizkarretatik geldiro eta etengabe jariatutako laba emarien emaitza da. Era berean, itsaspeko sumendien jardueraren eraginez, gizakiarentzat erabilgarri diren mea biltegi handiak eratu dira. Gune metalanitzak deitzen zaie horiei, eta baliagarri izan litezke zenbait metalen urritasun arazoa konpontzeko.

Sumendien erupzioak sorrarazten dituzten astinaldiak kontinente eremu handien eratzaileak izan dira, hala nola, milioi erdi kilometro koadro baino gehiago dituen Dekkango goi-ordokia, Indiako ipar-mendebaldean; edota Columbia ibaiaren goi-ordokia, berrehun mila kilometro koadrokoa, Estatu Batuen ipar-mendebaldean dagoena.

Sumendien jardueraren eragin mesedegarrien barruan oso kontuan hartzekoak dira erupzioetan iraitzitako errautsak eta gasak ere, funtsezkoak baitira lurreko bizitzarako. Erupzioetan ateratzen diren milaka milioi tona errautsak ongarri bikainak dira lurrarentzat. Zientzialariek eta bulkanologoek uste dute izaki biziek nahitaezkoak dituzten oxigeno, hidrogeno, karbono, sufre eta nitrogenoaren ia laurden bat sumendiek azaleratua dela. Bizitzaren sorrera bera ere sumendien jarduerari estu loturik dago: atmosfera eta hidrosfera –nahitaezkoak bizitza sortuko bazen– Lurraren hasierako aldietan eratu baitziren, ur lurrunaren eta sumendietatik iraitzitako beste zenbait gasen konbinazioetatik abiatuta.

Wilsonen zikloa

Wilsonen zikloa edo ziklo superkontinentala John Tuzo Wilson geologoak proposatutako teoria bat da, gaur egun onartua, laurehun eta bostehun milioi urte bitartean Lur planetan urgaineratuta dauden lur-masa guztiak batu egiten direla babesten duena, hala, superkontinente bat eratuz.Egun badakigu gure planetaren lurrazal esferikoa higitzen diharduten plaka tektonikoek osatzen dutela eta beraz, goiz ala berandu elkarren aurka talka egiten dutela, batzuetan subdukzio prozesuak eraginez. Talka hauen ondorioz, azkenean kontinente guztiak elkartu egiten dira, superkontinente bat osatuz (Wegenerrek eratu zen azkenari Pangea deitu zion). Ziklo hau behin baino gehiagotan errepikatu da Lurraren historian, superkontinenteek ez baitute betirako irauten baturik, azkenean, planetaren barne-beroak gandor termikoak sortzen baititu, lur masa erraldoiak zatitzearen erantzuleak.Hau hala izanik, esan dezakegu urgaineratuta dauden lur-masak zatitu eta batu egiten direla, alabaina, ozeano azpiko lurrak sortu eta suntsitu egiten dira.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.