Psikologia

Psikologia (grezierako ψυχή, psyche, "arima" eta λογος, logos, "ezagutza") bizidunen portaerak aztertzen dituen zientzia da. Gizakien esperientzia guztiak barne hartzen ditu, burmuineko funtzioetatik haurren garapeneraino. Hau da, animalien eta gizakien pentsatzeko eta sentitzeko era, eta nola moldatzen diren euren testuingurura. Psikologia modernoaren helburua esperientziaren azterketa da. Horrela teoria hauek izakien portaera ulertzen laguntzen dute. Ikerketa gehienak gizakiekin izaten dira, baina askotan animaliak ere ikertzen dira, eta orduan etologia deritzo.

Metodo eta teknikei dagokienez, psikologiaren aztergaiak zuzenean kontrola eta neur ezin direnez, inferentziak egiten dira —zeharkako azterketak, alegia—, arazo hori saihesteko. Estatistika, behaketa eta esperimentazioa, elkarrizketak, testak eta laborategiko lanak dira metodo nagusiak.

Gaur egun ez da teoria psikologiko bakarra onartzen, nahiz eta gero eta lotura estuagoa duen biologiarekin eta soziologiarekin, eta gero eta gehiago erabiltzen diren metodo estatistikoak, matematikoak eta informatikoak; 1950 inguruan ezagutzaren prozesuak neurtzeko tresnak eta bideak agertu zirenetik, psikologia konduktistak galdu egin zuen ordu arte izandako eragina eta indartu egin zen ezagutzaren psikologia, alegia, neurologiak eta biologiak eskaintzen dituen datuak kontuan hartzen dituena, esperimentu klasikoez gainera.

Gaur egun psikologian sailkapen eta bereizketa asko egiten dira: ikerketa alorraren arabera, bi atal bereizten dira, giza psikologia eta animalia psikologia; helburuaren arabera, berriz, psikologia orokorra (lege orokorrak ezartzea da haren helburua) eta psikologia diferentziala (gizabanakoaren ezaugarri bereziak aztertzen dituena); eta joeraren arabera, azkenik, teorikoa eta aplikatua (psikologia orokorraren ezagupenak jakintzaren beste alor batzuetara hedatzen dituena).

UNMSM PsiExperimental 1998 2
Usoen baldintzatzearen esperimentua, artisau erara egindako Skinner kutxa bat erabiliz.

Historia

Psikologiaren jatorria aurkitzeko, greziar filosofiara (Demokrito, Platon, Aristoteles) jo behar bada ere, psikologia modernoa XVII. mendean sortu zela esan daiteke, Hume eta Locke ingelesen lehen lan enpiristekin batera. Psikologiaren inguruan lan ugari egin ziren arren, XIX. mende arte psikologia ez zen benetan filosofiatik bereizi. Izan ere, arazo transzendentalei buruzkoak eta, beraz, filosofiarekin lotuta egon ziren ordu arteko lanak; XIX. mendean hasi zen filosofiatiko bereizketa gauzatzen, eta psikologia zientzia enpiriko gisa finkatzen, metodo esperimentaletan oinarriturik emandako legeei esker (psikologia esperimentala); garrantzi handia izan zuen psikologia zientzia gisa finkatzeko 1879an Wundtek lehenengo psikologia laborategia sortu izana. XIX. mendearen amaiera arte, bi joera nagusi bereizi ziren psikologian: fenomenologikoa edo esperimentala (britainiarrek eta alemaniarrek landua) eta mekanizista edo fisiologikoa (frantsesek eta amerikarrek landua).

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran eskola eta joera ugari sortu ziren; besteak beste, aipatzekoak dira asoziazionismoa, jokabidearen arauak introspekzio metodoaren bidez aztertzeko helburua zuena (Hatley, Mill, Spencer); funtzionalismoa, metodologia sistematiko baten bidez ahalmen psikologikoekin lotura duten prozesuak aztertzen dituena (Charcot, Janet, Binet, Piaget); behaviorismoa edo konduktismoa, egoeraren eta egoera horren aurreko erantzunaren ezaugarri objektiboak aztertzen dituena (Watson, Skinner); Gestalt psikologia edo formaren psikologia, pertzepzioa lege jakin batzuen arabera antolatutako osotasun gisa hartzen duena (Köhler, Wertheimer, Gillaume); eta psikoanalisia, neurosiak tratatzeko metodo gisa sortua eta nortasunaren egiturari, ezohiko joerei eta emozioen dinamikari buruzko ezaupide handienak ekarri dituena (Freud, Adler, Jung).

Egun, psikoanalisia baliogabetzat jotzen da arlo akademikoan, baina neurologiarekin uztartuta konduktismoak indar berria hartu du Estatu Batuetako psikologoen artean. Europan, gogamenaren eskola neoklasikoa da nagusi.

Metodologia

Psikologiaren metodologiaren aldetik, bi izan dira ikertzeko aukerak:

  1. Psikologia zientzia esperimentaltzat hartuta: zientzia positibistatzat markatuta dago. Metodo zientifiko kuantitatiboa erabiltzen du, hipotesien kontrasteen bidez.
  2. Psikologia metodologia kualitatibotzat hartuta: ikuspuntu zabalagoa du. Prozesuen deskripzioa eta interpretazioa aberasten du.

Psikologia aplikatua

Psikologia aplikatua edo profesionala psikologiak dituen alderdi desberdinak batzen dituen aplikazio zuzenak arazoak konpontzeko edo optimizatzeko erabiltzen dena da.

Psikologia aplikatuan erabiltzen diren ezagutza gehienak psikologia basikotik datoz, baina aplikatua egunero ezagutza berriak ekartzen ditu. Askotan jatorrizko ezagutzetik independizatzen da.

Alderdi ezagunenak psikologia honetan klinika, hezkuntzarena eta soziala.

Baina ba daude beste adarrak.

Psikologia klinikoa

Psikologia klinikoak oinarri psikologikoa duten estres eta disfuntzioak ulertzeko, prebenitzeko eta arintzeko moduak eta garapen pertsonala eta ongizatea sustatzeko moduak aztertzen ditu.

Hezkuntza psikologia

Hezkuntza psikologia gizakien ikasketa prozesua, hezkuntzako esku-hartzeek duten eragina, irakastearen psikologia eta eskolek erakunde gisa dute psikologia soziala aztertzen duen zientzia da.

Erakunde psikologia

Erakunde psikologiak kontzeptu eta metodo psikologikoak aplikatzen ditu giza potentzialak sustatzeko lantokian.

Gizarte psikologia

Gizarte psikologia XX. mende hasieratik finkatutako psikologiaren adar garrantzitsua da. Ameriketako Estatu Batuetan garatu izan da nagusiki. Gizarte psikologiaren hastapenak psikologiaren beraren sorrerari loturik doaz, XIX. mendeko bigarren erdialdean. 1879an, horrela, Wilhelm Wundt psikologoak eta Leipzigeko (Alemania) lehen psikologia laborategiak gizarte psikologiara gerturatu ziren lehen lanak egin zituzten. Gizarte psikologia, diziplina akademiko gisa, Floy Allport estatubatuarrarekin sortu zen. Gizarte psikologia modernoari, halaber, Kurt Lewin alemaniarrak eman zion hasiera.

Psikologia elkarteak

Zientzia Psikologikoaren Nazioarteko Batasuna (IUPS) da psikologia munduari erakusten diona. Erakunde horrek munduko estatuetako kontseiluak batzen ditu, hau da, herrialde bakoitzeko psikologoak biltzen dituzten kontseiluak.

Estatu eremuko psikologoen elkarteei dagokienez, nagusienetariko bat Amerikako Estatu Batuetako Psikologoen Elkartea (APA) da.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Adimen

Adimena oroimen eta pertzepzioaren funtzioetatik esperientzia eskuratu, egoera berrietara egokitu, komunikatu, kontzeptu abstraktuak maneiatu eta ingurunean sortzen diren egoeretara egokitu eta arazoak konpontzeko ahalmena da. Alde anitzeko kontzeptua da adimena; hala ere, adimena edo adimenaren alderdi zenbait neurtzeko frogak eratu dira, psikometria izeneko arlotik, adimen-koziente bat eskuratzeko. Adimena ere lotuta dago funtzio mentalekin.

Aginte

Agintea, aginpidea edo autoritatea hartutako erabakiak exekutatu eta burutzeko eskumena da, horretarako behar diren pertsonei aginduak emanez. Legimitatearekin, agintea gizartearen edo erakundearen arauei jarraiki egitearekin alegia, eta boterearekin lotzen da. Max Weber soziologoak aginte arrazional-legalaz gainera, moralak justifikatutako aginte tradizionala eta agintariaren karisman oinarritutako aginte karismatikoa bereizten zituen.

Amets

Ametsa lo egitean izaten diren irudi, pentsatze eta sentimenduak dira, Begi Mugimendu Azkarrarekin hertsiki lotua dagoena. Amestea norberaren gogotik at dagoen prozesu mentala da. Bertan, oroimenean bildutako informazioak birlantzen dira, ohi, amets egiten ari denak aurreko egunean bizi izan dituen gertaerekin lotura zuzena dutenak. Ametsari dagokionari onirikoa dela esaten zaio.

Atsegin

Atsegina edo plazerra izaki bizidun batek sentitzen duen sentsazio betegarri eta positiboa da, lasaitasuna, alaitasun eta zorionezko emozioak eragiten dituena.

Beldur

Beldurra arriskutsutzat jotzen den berehalako estimulu edo egoera batean sentitzen den emozio bizia da. Muturreko egoera batean ordea, arriskuaren pertzepzioa larria denean, izua edo beldur handia sortzen da eta subjektuaren paralizazioa gerta daiteke. Beldur terminoa antsietate egoeretarako ere erabili ohi da, baina beldurra unean gertatzen ari diren mehatxu edo arrisku errealeko egoeretara mugatzea hobesten da, antsietatea kezka eta estres egoeretan izaten den emozioa izendatzeko uztearren. Bat-bateko estimulu batek eraginez hasten denean, beldurra izualdi batez hasten da.

Gizarte psikologia

Gizarte psikologia XX. mende hasieratik finkatutako psikologiaren adar garrantzitsua da. Ameriketako Estatu Batuetan garatu izan da nagusiki. Gizarte psikologiaren hastapenak psikologia beraren sorrerarekin loturik doaz, XIX. mendeko bigarren erdialdean. 1879an, horrela, Wilhelm Wundt psikologoak eta Leipzigeko (Alemania) lehen psikologia laborategiak gizarte psikologiara gerturatzen diren lehen lanak burutu zituzten. Gizarte psikologia, diziplina akademiko gisa, Floy Allport estatubatuarrarekin sortu zen. Gizarte psikologia modernoari, halaber, Kurt Lewin alemaniarrak eman zion hasiera.

Gogamen

Gogamena pentsamendua, pertzepzio edo hautematea, ulermena, borondatea, emozioa eta gizakiaren berezkoak diren bestelako ahalmen mentalen iturburua eta antolaera da. Eztabaida dago gogamena garunaren funtzio bat besterik ez den, ikuspuntu materialista batetik hain zuzen, edo garunaren jardueraz haraindi eratutako ahalmena den.

Haur

Haurra gizaki heldugabea da, nerabezarora oraindik heldu ez dena, gutxi gorabehera 14 urte baino gazteagoa. Gizakia haur den garaiari haurtzaro deritzo. Haurtzaroa gizakia garatu eta heldu egiten den garairik garrantzitsuena da, psikologia, adimen zein fisiologiaren aldetik.

Herstura

Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.Herstura edo antsietatea estres, arrisku edo ardura egoeretan pertsona batek duen erreakzio multzo bat da, bereziki urduritasuna, egonezina, baina baita ere erreakzio fisiko nabarmenak eragiten dituena, hala nola palpitazioak, goragalea, zefalea eta abar. Herstura gehiegizkoa denean, herstura-nahasmendu bilaka daiteke; horietako bat fobia izan daiteke. Herstura egoera bat gainditzeko, arnasketa ariketak, yoga eta meditazio teknikak balia daitezke.

Homeostasi

Homeostasia (grezieratik ὅμος, hómos, "berdin" + ιστημι, istēmi, "geratu") sistema ireki edo itxi baten ezaugarri bat da, bereziki organismo bizi batengan, baldintza iraunkor bat mantentzeko barne giroaren erregulazioari dagokiona. Beste era batera esanda, oinarrizko funtzio fisiologikoen oinarriei muga egonkorretan eusteko joera duten izaki bizien ezaugarria da. Claude Bernard psikologo frantziarrak sortu zuen hitza 1865an (fisiologiaren aitatzat hartu zen askotan). Hasieran definizio hau biologian bakarrik aplikatu zen, baina gero beste zientzia eta teknika batzuetan ere erabili da.

Homeostasiaren ezaugarri nagusiak: termorregulazioa (kanpoko tenperaturen aldaketei aurre egiteko hegaztiek eta ugaztunek erabiltzen duten sistema, barne tenperaturari ahalik eta muga egonkorrenetan eustearren), eta odolaren presioari, gorputzeko isurkarien kontzentrazioari eta arnas erritmoari eustea, beste zenbaiten artean. Homeostasi prozesuetan hormonek parte hartzen dute, kanpoko eragin bakoitzari dagokion erantzuna bideratuz.

Homeostasiaren kontzeptua Cannonek bihurtu zuen ezagun 1926an, eta garrantzi handia izan du gerora, besteak beste, Lorenzen eta Tinbergenen etologia eskolan. Ikertzaile horien ustez, homeostasi oreka hausten bada, larrialdi egoera sortzen da, eta larritasun hori gutxiagotzeko joera izaten du animaliak senez.

Ikaskuntza

Ikaskuntza, ikasketa ere deitua, izaki baten kognizio-sistema (ezagutzei, trebeziei eta horien baliagarritasunari dagokienean) praktika baten bitartez eta modu iraunkorrean errealitatearen ingurune batera egokitzen duen gogamenaren jarduera da. Portaeraren jatorrizko eragiletzat jotzen da. Ikaskuntzaren kontzeptu murritz bat aski zabaldua ere badago, ikaskuntza ezagutza baten bereganatze edo oroimenean finkatze hutsarekin parekatzen duena.

Kognizio

Filosofian eta psikologian (Psikologia kognitiboa), kognizioa gogamenaren prozesuen multzoa da, pertzepzioa, hizkuntza, adimena eta orohar informazioa prozesatu behar den jarduera guztiak biltzen dituena.

Logika

Logika (grezieratik λόγος logos = hitz, arrazoi, funts) argudioen aztertzea gauzatzen duen zientzia da. Bere betebehar nagusia egia eta gezurra desberdintzeko sistemak eta arrazoitze logikoak ezartzean datza.

Logika oso garrantzitsua da epistemologiari dagokionez, honek arrazoitzea ahalbidetzen du, eta horrela, bai gizakiek - zein adimendun beste zenbait izakik, gailuk edo sistemak- arrazoia aurkitzen dute, euren jakituria biderkatu dakielarik. Aipaturiko gailu eta sistemek, ez diote logikari jarraitzen, berez logikaz egindako programa baten aginduetara daude.

Gizakiek arrazoitzeko duten modua, beste alor batzuetan ikasi ohi da, psikologia kognitiboan adibidez. Normalean logika, filosofiaren adar bat bailitzan ikasi izan da. 1800. urtearen erditik aurrera, logika matematikaren munduarekin erlazionatu, eta honetan ikasten hasi ziren. Azken aldian ordea, informatikara zabaldu izan da.

Horrela, logikaren helburua oso zabala izan daiteke, bere barnean probabilitatearen eta kausen gaineko arrazoitzea biltzen duelarik. Logikan ere aztertu ohi dira, argudioak eta paradoxak. Greziarrek dialektika logika eta erretorikan banandu izan zuen; erretorikan agertutako konbentzitzeko argudioak, logikarekin alderatu daitezke, dialektika delako bien ezaugarri.

Motibazio

Psikologian, motibazioa, izaki bizidun bati buruz, bere portaera eta jokabidea zuzendu egiten duten prozesuen multzoa da. Jarduera bat abiarazi eta, beharreko intentsitatean, horren jarraipena eragiten du, jarduera burutu arte. Motibazioa barne-prozesu bat da, inkontzientearekin lotua askotan, eta beraz, ez da zuzenean behatzen. Bestalde, motibazioaren gaia sarri aztertzen da lan eta hezkuntza moduan, pertsonen emaitzak gehitzeko helburuz. Halatan, lantokietan motibazioa piztu eta indartzeko metodologia eta teknika ugari garatu da.

Portaera

Portaera pertsonak eta beste izakin bizidunek ingurumenean dituzten ekintza, erreakzio eta jokabideen multzoa da.

Psikoanalisi

Psikoanalisia Sigmund Freuden lanetan oinarritutako psikologia teoriak eta metodoak dira. Psikoterapia metodo izanik, psikoanalisiak pazientearen adimen-prozesuko osagai inkontzienteen arteko harremanak bilatzen ditu.

Sentimendu

Sentimendua gogo aldarte bat da, bai eta gogo aldarte horrek dakarren emozio kontzeptualizatua ere. Hala ere, harekin estu loturik badago ere, bereizi beharreko kontzeptuak dira sentimendua eta emozioa: emozioa laburragoa eta biziagoa izaten da; sentimenduak, berriz, gehiago irauten du eta ez da apalagoa da. Sentimendua pentsatutako eta sentitutako emozioa dela esan daiteke, eta emozioa sorrarazi duen estimulurik ez dagoenean ere mantendu egiten da. Ezinezkoa da estimulu jakin batek sorrarazten duen erreakzio fisiologiko emozionala kontrolatzea, baina sentimendua aldatu egin daiteke, bizitako emozioarekin lotzen den sentimenduaren arabera.

Sexualitate

Sexualitatea sexu bakoitzaren bereizgarri diren ezaugarri anatomikoen, fisiologikoen eta psikologikoen multzoa da. Gizabanakoaren izaera osatzen duten ataletako bat da, eta pertsonen arteko afektibitatea eta komunikazioa adierazteko modu bat.

Sexu organoen eginkizunari (heldutasun sexualari, beraz) lotu zaio luzaroan sexualitatea, baina Freudek, bere ikerketen ondorioz, bestelako oinarri batzuk ezarri zituen sexualitatea aztertzeko:

Sexu bizitza ez da nerabe aroan hasten, jaiotzetik denbora laburrera baizik.

Sexu senak ez du, nahitaez eta beti, beste sexukoengana jotzen, sen hori sexu berekoenganakoa, norbereganakoa edota animalienganakoa ere izan baitaiteke.

Sexualitatea (sexuari dagokiona, alegia) eta sexu organoei lotutako jarduera ez dira gauza bat eta bera, zabalagoa baita sexualitatearen esparrua sexu organoen jarduerari dagokiona baino.

Bizitza sexuala, berez, atseginari lotua da. Sexualitatearen muinean, hortaz, atseginaren bilaketa dago, eta ez ugaltzea (bigarren hau beste haren ondorio fisiologikoa, eta ez ezinbestekoa baino ez baita).

Tabu

Tabu, antropologiaren ikuspegitik, egozten zaion izaera lohia edo sakratua dela medio, izaki, objektu edo ekintza batekiko ezartzen den debeku erlijiosoa da edo gaitzespen edo debeku hau jasotzen duena eta, zentsu zabalean, jatorri sozial eta morala duen debekua edo gaitzespena. Gizarte baten tabua haustea ezin barkatu den hutsegitea da gizarte horren barnean eta, batzutan, legeak zigortutako delitu bilakatzen dira. Mota askotako tabu daude:

Elikaduran (halal eta kaxrut dietak edo kanibalismoa)

Sexu harremanetan (masturbazioa, ezkontza aurreko sexu harremanak, pornografia, homosexualitatea edo bisexualitatea)

Hizkeran (biraoak, Yahvehren tetagramoia ahoskatzea) Tabu hauek saihesteko batzutan eufemismoak eta bestetan disfemismoak erabiltzen ditugu.Hitza hau tongerazko tabu hitzean du oinarria, inguruko hizkuntzetan "debekatua" esan nahi duena. Handik ingelesaren bidez mundu osora hedatu zen.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.