Pizkundea


Pizkundea[1] edo Errenazimentua[1] —zenbaitetan Berpizkundea[2] edo Errenaisantza[3] ere deitua— XV. eta XVI. mendeetako kultura mugimendua izan zen, Behe Erdi Aroan Florentzian hasi eta geroago Europan zehar hedatuz joan zena. Hitza orduko garai historikoa izendatzeko ere erabiltzen den arren, kontuan hartu behar da Pizkundeko aldaketak ez zirela Europa osoan batera gertatu. Pentsamendu humanistari oso loturik dagoen mugimendu kultural horren oinarria Antzinate klasikoaren iturrietara itzultzea izan zen.

David von Michelangelo
Michelangeloren Dabid eskultura (Florentziako Arte Eder Akademia), Goi Pizkundeko artearen adibidea.

Pizkundea Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen. Izan ere, Erdi Aroaren amaiera eta Pizkundearen hasierako urteetan, oso denbora laburrean, Mendebaldeko gizartea oinarri-oinarritik inarrosi zuten aurkikuntza eta asmakuntzak egin ziren, Europan eta inguruko herrietan ere. Jakintza klasikoa berpizteaz gainera, Errenazimentuan kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren, Kopernikoren astronomia sistemak hartu zuen Ptolomeorenaren lekua, estatu nazioak eratu ziren, sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa asko hedatu zen, eta garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren (papera, inprimatzeko makina, itsasorratza, bolbora...). Nolanahi ere, garai hartako pentsalarientzat ikasketa eta jakintza klasikoen eraberritze garaia zen hura batez ere, kultura pobretu zen urte luzeen ondoren heldua. Horretan erabakiorrak izan ziren Bizantziotik, otomandarrengandik ihesi, iritsi ziren jakintsuak eta testuak, horien bidez ezagutu ahal izan baitziren klasikoak.

Historiografia

Giorgio Vasari idazle eta artista italiarrak, 1570ean argitaratutako Margolari, eskultore eta arkitekto famatuen bizitzak lanean, erabili zuen lehenbizikoz Errenazimentu (rinascita) hitza , baina XIX. mendera arte ez zitzaion hitz honi interpretazio historiko-artistiko zabala eman.

Vasarik ideia erabakigarri bat plazaratu zuen: antzinako artearen birjaiotzea. Honek artistaren jokabide espiritualean erabat berri zen fenomeno bat zekarren: kontzientzia historiko indibidual nabaria izatea.

Pizkundeak Erdi Aroko artearekin lotura guztiak moztu zituen berariaz, mespretxuz barbaro eta godoen estilotzat hartzen baitzuen. Era berean, Iparraldeko Europako arte garaikidearen aurka zegoen. Europako eboluzio artistikoaren ikuspuntutik, Pizkundeak ordura arte nagusi izan zen batasun estilistikoaren apurtzea ekarri zuen.

Ezaugarriak

Gizakia

Da Vinci Vitruve Luc Viatour
Vitruvioren Gizona, Leonardo da Vinciren marrazkia, arte eta zientziaren arteko konbinaketaren adibidea.

Errenazimentuaren ezpiritua, azken aldian, hainbat eratan gorpuztu bazen ere, hasieran pentsaera mugimendu batek gauzatu zuen, humanismo deritzanak hain zuzen ere. Humanismoak hainbat ezaugarri ditu:

  • Lehenbizi, gizakia bera, ikuspegi guztietatik, eta bere lorpen guztiekin, hartzen du gaitzat.
  • Bigarren, filosofia eta teologia eskola guztien bateragarritasuna azpimarratzen du humanismoak, hau da, jakintzaren sinkretismoa. Sinkretismo horren ondorio da artearen eta artistaren unibertsaltasuna, eta horretxen eredu Pizkundeko gizon handienetako bat, Leonardo da Vinci.
  • Hirugarren, gizakiaren duintasuna aldarrikatzen du. Erdi Aroko bizitza idealak bestelako bati egiten dio leku. Penitzentzia zen Erdi Aroan giza jardueraren modu gailen eta nobleena. Humanismoak, berriz, gauzak sortzeko borrokatzea eta izadia menderatzea du helburu.
  • Azkenik, galdutako giza izpiritua eta jakintza berritzen saiatzen da humanismoa. Hura berreskuratzeko eginahaletan, ikuspuntu espiritual eta intelektual berri bat errotzen lagundu zuen, jakintza mota berri bat garatzen. Hala, humanismoaren eraginez erlijio ortodoxiak ezarritako pentsamenduzko mugak hautsi egin ziren. Galdera eta kritika librea ekarri zuen, eta gizonaren pentsakeran eta sorkuntzetan fedea sortu.

Antzinate Klasikorako itzulera

Humanismoak greziar eta erromatar antzinaterako itzulera eragin zuen. Garai haietako kulturaren funtsa berreskuratzen saiatu zen, eta ez bakarrik literaturan, baita artean (arkitektura, eskultura) eta filosofian ere. Eta ildo horretan, berebiziko garrantzia izan zuen Platonen obraren aurkikuntzak. Erdi Aroan Aristotelesen pentsamoldea besterik ez zen izan, eta Humanismoak Platon berreskuratu zuen. Humanista ikertzaile bihurtu zen, iturrien ikerketa kritikoa egin zuen, eta zientzialariena bezalako pentsamoldeak gidaturik jardun zuen. Humanista izan zen lehenengo historialari modernoa.

Artean Antzinate Klasikoko forma arkitektonikoak, zutabe ordena klasikoak, historia eta mitologiako gaiak eta antzinako sinboloak berpiztu ziren. Honekin ez zen kopia soil bat egin nahi, baizik eta, Arte Klasikoaren legeen ezagupenean barneratu nahi zen. Antzinateko formak arkitektura zein arte proiektuetan era onuragarrian erabili ziren. Hala ere, ez ziren honetara mugatu, eta arkitekto handiek ordena horiek gainditu zituzten, haien ekarpen berriak eginez. Esaterako, Albertik Santa Maria Novella basilikako fatxadan gehitutako kiribildurak edota Donato Bramantek San Pietro in Montorion integratutako perspektiba jokoen subjektibotasuna.

Inprimategien protagonismoa

Ideia berrien hedatzean funtsezkoa izan zen inprimatzeko makina asmatzea eta zabaltzea. Johann Gutenberg, alemaniar inprimatzaileak asmatu zuen, eta 1455. urte aldera zabaldu zen Rhin inguruko hirietara (Maguntzia eta Estrasburgo). Handik berehala zabaldu zen Alemaniako erdialde eta hegoaldeko eta Italiako erdialde eta iparraldeko hirietara. Venezia, Paris, Lyon, Erroma eta Napoli, aurrenetakoak izan ziren.

Inprimategiari esker, asko zabaldu ziren Antzinate Klasikoko obrak, baita geroko erlijio lanak ere. Inprimategia ezinbesteko laguntza izan zen Erasmoren eta Luteroren lanak hedatzeko, adibidez, eta baita zientziak, fauna eta flora, eta artea zabaltzeko ere, marrazki eta planoen bidez. Kartografia lanak, halaber, asko aurreratu ziren harrezkero.

Estatu eta eliz agintariak, baina, asko larritu ziren halako propaganda hedabide baliotsu baten aurrean, eta hura kontrolatzeko neurriak –zentsura– hartzen hasi ziren.

Europako internazionalismoa: komunikazioa eta harremanak informazio hedabide gisa

Giza harremanei eta ideologia trukeei esker asko zabaldu ziren ideiak. Humanisten gutun bidezko harremanak eta maizko bidaiak oso bide egokia izan ziren ideiak trukatzeko. Erasmo Rotterdamgoa, adibidez, Paris, Ingalaterra eta Italian zehar ibili zen.

Unibertsitateen artean ere harreman handia zegoen. Irakasle ospetsuenak beste unibertsitateetara joaten ziren eskolak ematera. Hizkuntza arazorik ez zegoen, hizkuntza bera erabiltzen baitzen denetan, latina. Lluis Vives espainiarrak, adibidez, Oxforden eta Lovainan eman zituen eskolak. Eta arrazoi beragatik, ikasle dirudunak ere Europako unibertsitate ospetsuenetara joaten hasi ziren ikastera.

Artean ere, mezenasei esker, hartu-eman ugari izan zen Europako artisten artean. Erregeek, printzeek, jaunek, beren gortera edo jauregietara deitzen zituzten atzerriko artista ospetsuenak. Frantzisko I.a Frantziakoak, adibidez, pintore italiarrak –Leonardo da Vinci, besteak beste– deitu zituen. Karlos V.ak, berriz, Tiziano deitu zuen. Italia eta Flandriako artistak izan ziren, batez ere, bai teknika, bai estilo aldetik aurreratuagoak zeudela aprobetxatuz, beste herrialde batzuetara mugitu zirenak. Baina beste artista batzuek ikasteagatik eta beren artea hobetzeagatik bidaiatu zuten, Italiara gehienbat. Albrecht Dürer, Alemaniakoa bera, Italiara joan zen, Pedro Berruguete –eta Gaztelako beste artista asko– bezalaxe. Harreman horiek zirela eta, berehala beretu ziren Italiako arte ereduak Europako gainerako eskualdeetan.

Italiako Pizkundea

Italian, Pizkundearen aurretik, proto-pizkunde bat izan zen XIII. mendearen bukaeran eta XIV.aren hasieran, Frantzisko Asiskoaren irakatsiek inspiratua. Frantziskok ukatu egiten zuen kristau teologiaren eskolastika formala, eta pobreengana jo zuen izadiaren edertasuna eta balio izpiritualak predikatzera. Eredu horretxek bultzatu zituen italiar artista eta poetak inguruko munduaz gozatzera.

Aldi honetako artista famatuenaren lana, Giottorena (1337an hila), margolaritza estilo berri baten arabera egina da: egitura soila da eta azterketa psikologikoa, aldiz, zorrotza, bere aurreko edota garai bereko florentziar Cimabue, eta Sienako Duccio eta Simone Martini margolarien egitura hierarkikoko lan lauetakoa ez bezalakoa. Dante poeta handia Giottoren garai beretsuan bizi izan zen:, eta honen pinturetako ardura bera ageri da haren poesian, alegia, barne bizikizun eta giza nolakotasunaren aldaketa eta gorabehera txikienei buruzko ardura. Haren Jainkotiar komedia, egitasmoan eta ideietan Erdi Arokoa bada ere, izpiritu subjektiboa eta adierazkortasuna Pizkundekoak ditu. Petrarca eta Boccaccio ere garai berekoak dira, Pizkundearen aitzindari alegia, biak ere latin literaturari buruzko azterketei esker eta beren ama hizkuntzan, ez latinez, idatzi zutelako. Zoritxarrez, 1348ko Izurri Beltzak eta haren ondorengo gerra zibilak atzerarazi zituzten, bai ikasketa humanistikoen pizkundea, bai Giottoren eta Danteren lanetan ageri zen indibidualismoaren eta naturalismoaren zabaltzea. Hala, eten bat izan zen, eta XV. mendera arte ez zen berriz azaleratu Pizkundearen izpiritua.

Lehen Pizkundea

11 FI view1
Florentziako Santa Maria del Fiore katedralaren kupula, Brunelleschiren maisulana

1401ean lehiaketa bat egin zen Florentzian, San Giovanniko bataiategiko brontzezko ateak nork egin erabakitzeko. Besteren artean, Brunelleschi, Donatello eta Ghiberti aurkeztu ziren lehiaketa hartara. Ghiberti urregile eta margolariak eskuratu zuen lana. Brunelleschi eta Donatellok Erromara alde egin zuten, eta han Antzinateko arkitektura eta eskulturaren azterketan murgildu ziren. Florentziara itzuli eta Erroman ikasiak gauzatzen hasi zirenean, bigarrenez jaio zen antzinako munduko arte errazionala.

Pizkundeko margolaritzaren sortzailea Masaccio (1404-1428) izan zen. Bere ideien izaera intelektualak, konposizioen handitasunak eta naturaltasun harrigarriak Pizkundeko margolaritzaren giltzarri bihurtu zuten. Hurrengo belaunaldiko artistek –Piero della Francesca, Pollaiolo eta Verrochiok– aurrera egin zuten perspektibaren eta anatomiaren azterketan, eta naturalismo zientifikoan oinarrituriko estilo bat sortu zuten.

Florentziako hiriaren egoera guztiz egokia zen urte haietan arteen loratze honentzat. Santu zaindarien estatuak eskatu zizkieten hiritarrek Ghiberti eta Donatellori, eta Antzin Arotik inoiz egin zen kupula handiena eraikiarazi zioten Bruneleschiri Florentziako katedralaren gainean ezartzeko. Jauregi, eliza eta monasterioak eraikitzearen eta margotzearen kostua merkatari familia aberatsek hartu zuten beren gain.

Artisten babesle nagusia Medici familia izan zen. Medicitarrek Europako hiri gehienetan zituzten negozioak, eta Ipar Europako Pizkundeko arte lan garrantzitsuenetako bat, Hugo van der Goes flandriarraren Trittico Portinari, haien ajenteak, Tomasso Portinarik, eskatu zuen. Garai hartan ohi zen bezala tenperaz margotua izan beharrean, olio gardenez dago estalia, gainaldeak diamantearen antzeko distira eta ukitu leuna hartzen duela era horretan. Nolanahi ere, Lehen Pizkundeko iparraldeko margolariak gehiago arduratzen ziren objektuen adierazpen xeheaz eta haien esanahi sinbolikoaz, perspektiba eta anatomia zientifikoaz baino, baita haiek oso zabalduak zirenean ere. Baina, Italiako erdialdeko margolariak olioa erabiltzen hasi ziren, 1476an Trittico Portinari lana Florentziara eraman zutenean.

Goi Pizkundea

God2-Sistine Chapel
Michelangeloren Adamen kreazioa, Kapera Sixtinoko freskoa.

Goi Pizkundearen garaiko arteak 35 bat urte zuen, 1490 ingurutik 1527 arte, Karlos V.aren osteek Erroma arpilatu zuten arte alegia, eta hiru artista handiren inguruan loratu zen: Leonardo da Vinci (1452-1519), Michelangelo (1475-1564) eta Rafael (1483-1520). Leonardo izan zen Errenazimentuko gizon handiena, jeinu bakartia, jakintzaren adar bat bera ere baztertu ez zuena; Michelangelok ahalmen sortzaile izugarria zuen, proiektu handiak egin zituen, beti ere giza gorputza hartuz emozioen adierazpide nagusitzat; Rafaelek izpiritu klasikoa bete-betean agertzen duten obrak sortu zituen, armonia, baretasun, edertasunez beteak.

Leonardo bere garaian bertan artista handitzat hartu bazuten ere, margotzeko ez zioten denbora askorik utzi anatomiari, hegan egiteari, eta landare eta animalien bizitzari buruz egin zituen azterketa luzeek. Margolan gutxi bukatu zituen, ospe handia eman ziotenak halere. Horietakoak dira Mona Lisa (1503-1505), Arroketako Ama Birjina (1458 ingurukoa), eta Azken Afaria freskoa (1495-1498), gaur egun hondaturik dagoena.

La Fornarina by Raffaello
La fornarina (Antzinako Artearen Galeria Nazionala, Erroma), Rafaelen margolana.

Michelangeloren aurreneko eskultura lanei, hala nola Pietà (1499), eta David (1501-1504) obrei, trebetasun tekniko izugarriaz gainera, anatomia eta proportzioaren legeak muturreraino eramateko joera nabari zaie. Bere burua, batez ere, eskultoretzat zeukan arren, Michelangeloren lan ezagunena Vatikanoko Kapera Sixtinoko sabaiko fresko erraldoia da. Lau urtetan egin zuen, 1508tik 1512ra, eta konposizio guztiz konplexua du, baina, aldi berean, kristau teologia tradizionala eta pentsamolde platonikoa elkartzen baititu, bateratzailea da filosofian.

Rafaelek ere, Vatikanon margotu zuen bere lanik handiena, Atenasko eskola (1508-1511), Michelangelo Kapera Sixtinoa margotzen ari zen garai berean. Fresko handi bat da, Aristotelesen eta Platonen pentsamendu eskolak elkartzen dituena. Michelangeloren lan nagusiko zailtasun eta trinkotasunaren ordez, Rafaelek lasai-lasai hizketan jarri zituen filosofo eta artistak, areto zabal batean, gangak atzeraka egiten duela distantzian. Hasieran Leonardoren eraginpean jardun zuen, eta Arroketako Andre Mariaren piramide egitura eta aurpegi modelatu ederrak erabili zituen bere Andre Mariaren margolanetan. Gauza askotan, ordea, izan zen desberdina: produkzio ikaragarri zabalean, izaera lasaian, armonia klasikoaren eta argitasunaren nagusitasunean.

Goi Pizkundeko arkitekturaren sortzailea Donato Bramante (1444-1514) izan zen, Erromara 1499an joan zena, 55 urte zituela. Han egin zuen lehen maisu lana, San Pietro in Montorioko Tenplutxoa. Egitura biribilekoa da, eta tenpluen arkitektura klasikoa gogorarazten du. 1503-1513 urteetan agintea izan zuen Julio II.a aita santuak Bramante hautatu zuen aita santutzaren arkitekto, eta biek elkarrekin erabaki zuten IV. mendeko San Pedro Zaharraren ordez beste eliza bat, izugarri handia, egitea. Proiektua, ordea, ez zen burutu Bramante bizi zela, hura hil eta askoz geroago baizik.

Ikasketa humanistikoek aurrera egin zuten Goi Pizkundeko bi aita santu ahaltsuenen babespean, Julio II.a eta Leon X.arekin, eta gauza bera gertatu zen musika polifonikoarekin. Koru Sixtinoak, aita santuak meza ematean jarduten zuenak, Italia osoko eta Europako iparraldeko musikariak eta abeslariak bildu zituen. Musikagile haietan famatuenak Josquin des Prez (1445-1521) eta Palestrina (1525-1584) izan ziren.

Pizkundea eta humanismoa Europan

Pizkundearen bigarren gune nagusia, Borgoinako dukeen babespean sortua, Herbehereak izan ziren, Italiaren ondoren Europan zegoen beste lurralde aberatsena. Han, XV. mendearen lehenengo erdian, Jan van Eyckek olio pintura asmatu zuen, eta Flandriar eskola inauguratu zuen. Italiar eraginekin batera, tradizio nazionala nagusitu zen, Pieter Bruegel Zaharra (1525-1569) buru zela.

Frantzia izan zen, ziur asko, italiar Pizkundearen jarraitzaile fidelena, ezaugarri berezi batzuk izan zituen arren. Frantzisko I.a erregeak Frantzia aldera hedatu nahi izan zuen Italiako Errenazimentua, eta pintore italiarren eskola bat zabaldu zen Fontainebleaun (Fontainebleauko eskola). XVI. mendearen erdialdean, ordea, frantziar estilo klasiko bat sortu zen, tradizio nazionalen, italiar eraginaren eta Antzinateko obren inspirazioaren sintesi gisa.

Hans Holbein d. J. 065
Thomas Moreren erretratua, 1527.

Ingalaterran, berriz, Pizkundeko arteak ez zuen arrakastarik izan, arkitekturan ez behintzat, gotiko estiloari leial jarraitu baitzuten XVI. mendearen zati luze batean. Humanismoa, berriz, oso ondo sartu zen, Oxforden, Thomas Moreri esker.

Alemanian Albrecht Dürer izan zen Errenazimentuko artista nagusia. Egonaldi luzeak egin zituen Italian eta Herbehereetan, eta grabatzaile, marrazkilari eta margolari bikaina izan zen, polifazetikoa, Pizkundeko gizonaren eredu. Neoplatonismoa ezagutu eta matematika landu zuen.

Polonian harrera ona egin zitzaien Pizkundeko berrikuntzei, batez ere Krakovian. Guztien gainetik Nikolas Koperniko nabarmendu zen. Haren ekarri nagusia heliozentrismoaren teoria izan zen, hau da, planetek eguzkiaren inguruan biratzen dutela eta, beraz, eguzkia unibertsoaren zentroa dela dioena. Lehenago, esan den bezala, Errusiara ere heldu zen Pizkundearen eragina. Italiar artistek bukatu zuten Kremlina, veneziar estiloaren eraginpean zenbait ataletan.

Humanista gisa, berriz, Luis Vives eta Elio Antonio de Nebrija nabarmendu ziren Espainian, Erasmo eta Mororen laguna, bata, eta gazteleraren lehenengo gramatikaren egilea, bestea. Arkitekturan, Isabeldar estiloa –gotiko, Pizkundetar eta mudejar estiloen eraginpeko tradizio nazional baten nahastura– nagusitu zen. Platereskoa, berriz, dekorazio estilo berezi gisa hedatu zen. Espainiara artista asko iritsi ziren Italia, Flandria, Frantzia eta Alemaniatik, aristokraziaren babespean eta elizaren eta koroaren laguntzarekin, beti ere.

Pizkundeak artisten lanaren ezagutza ekarri zuen, eta artista bera ere inor ez izatetik norbait izatera iritsi zen. Izan ere, ordura arte, artistaren lana ez zen aintzat hartua, arte mekanikoa, eskuz egina alegia, zelako. Arte mekaniko prestutasun gabekoei kontrajarriz, arte liberalak zeuden, intelektualen arteak, alegia. 1500. urteetik aurrera, baina, humanistek pintura eta eskultura arte liberalen artean onartu zituzten. Handik hara, erabat aldatu zen artistaren egoera sozioekonomikoa, eta ospetsu eta aberats izan zitekeen. Orduan igaro zen eskulangile izatetik artista izatera, plebeio izatetik noble izatera.

Zientzia: ikerketak eta aurkikuntzak

Errenazimentu garaian garrantzi handia izan zuten zientzia aurkikuntzek. Honen oinarrian zientziari buruzko ideien eraberritzea zegoen. Izadiari garrantzi handia eman zitzaion eta zientzialariek ikuspuntu berri batetik aztertu zituzten klasikoak, nahiz eta haiek esandako guztia onartu ez. Klasikoek emandako teorien eta haiek egindako saioen azterketa horietatik sortu ziren astronomia modernoa, matematika, anatomia eta mekanika. Saioetan oinarrituriko metodoak eta metodo deduktiboak erabiltzen hasi ziren (Kopernikoren teoriari esker batez ere), aljebra berriaren oinarriak finkatu ziren (Italian batez ere), inprimatzeko makina asmatu zen, dinamikari buruzko saioak egin ziren (Giambattista Benedetti)… Anatomiak eragin handia izan zuen artearen hainbat alorretan, eskulturan eta pinturan, batez ere. Ekialdeko asmakizunak ere zabaldu eta hobetu egin ziren, hala nola bolbora, estrategia militarra errotik aldatu zuena, eta ipar orratza, geografia aurkikuntza handiak ahalbidetu zituena.

Artea

Gai berriak lantzen hasi baziren ere (mitologia, erretratua, ikuspegiak…), Erdi Arokoak bezala Kristautasunari buruzkoak dira Errenazimentu garaiko arte lan geheintsuenak. Irudiak askoz ere naturalagoak dira, ordea, eta ez dira hain zurrun eta geldiak, edertasuna eta bizitzearen poza adierazten baitute. Bizitzaren beste zenbait alor bezala, artea ere paganizatu egin zen nolabait. Erroma eta Greziako klasikoen lanak hartu zituzten oinarri Errenazimentuko artistek, eta espazioa eta adierazkortasun indarra izan ziren haien ardura nagusiak.

Arkitektura

Errenazimentuko arkitektura profanoa izan zen hasieratik, eta gotikoak ia indarrik ez zuen hiri batean sortu zen: Florentzian. Proportzio neurtuak erabiltzea, ordenak bata bestearen gainean jartzea, kupulak erabiltzea eta tamaina erraldoiak sartzea izan ziren Errenazimentuko arkitekturaren ezaugarriak. Quattrocento delakoan (XIV. mendeko Italiako Errenazimentuan) sarritan erabili ziren atxikituriko zutabeak eta pilastrak, kapitel klasikoak, fuste lauak, erdi puntuko arkuak eta zirkulu erdiko gangak.

Quattrocentoa eta Cinquecentoa (XV. mendeko Errenazimentua) bereizten dituzten ezaugarriak osagai txikiez eginiko apaingarriak, kupularen luzapena eta harri zakar edo harlanduekin eginiko fatxadak dira. Erroma izan zen Cinquecentoko arkitekturaren gune nagusia. Cinquecentoko arkitekturaren beherakada hasi zenean azaldu ziren barrokoaren lehen adibideak Erroman.

Literatura

Erdi Aroko literaturan nagusi ziren oinarri moralizatzaileen eta estetikoen aurrean, edertasunaren aurkikuntza da Errenazimentuko idazlearen helburu nagusia. Hala, bigarren mailan geratzen dira aurreko garaietako helburu moralizatzaileak. Idazleak, gainera, bere autonomia aldarrikatzen zuen, tradizioaren, dotrinaren eta arauen gainetik. XIV. mendean bultzada handia izan zuen Italian, Dante, Boccaccioren eta Petrarkaren lanei esker. Petrarka da, bereziki, Errenazimentuko idazle guztiek jarraitu zuten eredua.

Eskultura

Pizkundeko eskultura Antzinateko tradizioan oinarritu zen, hura berriztatu bazuen ere. Gizakia goraipatzen zen, gizakiaren gorputzaren edertasuna, anatomiaren ezagutzari esker. Arkitektura bezala, Florentzian sortu zen Errenazimentuko eskultura, eta profanoa izan zen hasieratik. Adierazkortasuna eta formaren perfekzioa lortzea zuen helburu. Genero horretako lanik aipagarriena Florentziako bataiotegiko ateetako behe-erliebeak dira. Ordura bitartean inoiz lortu gabeko sakontasun sentsazioa lortu zuen Ghibertik lan horretan. Michelangeloren biluziaren teknika bikaina izan zen Cinquecentoaren ardatza.

Pintura

Pinturak gorakada handia izan zuen garai horretan, ez Italian bakarrik, baita Flandesen eta Alemanian ere. Italian, Quattrocentoko pinturaren ezaugarriak marrazkiaren zehaztasuna, sfumatoa, dotorezia eta konposizioaren oreka izan ziren. Cinquecentoan Erroma eta Venezia bihurtu ziren pinturaren gune nagusi. Lehenengo hiriko pinturaren ezaugarria handitasuna izan zen (Rafael), eta bigarrenekoarena, berriz, kolorearen eta argiaren erabilera trebea (Tiziano, Tintoretto).

Musika

Italiako iparraldean sortu zen Errenazimentuko musika, Ars nova izenarekin, eta Errenazimentuko idazle handienen letrak erabili zituen. Musika berriaren lehenengo formak frottola, ballata eta caccia izenekoak izan ziren. Handik gutxira, Frantziara hedatu zen mugimendua, eta Bartzelonako kondeen gortea Errenazimentuko musikak izan zuen gune aipagarrienetakoa bilakatu zen. XVI. mendean etorri zen Errenazimentuaren amaiera, hiru polifonista handiokin: Orlando di Lasso, Palestrina eta Tomás Luis de Victoria.

Erreferentziak

  1. a b Euskalterm terminologia-bankuan Pizkunde eta Errenazimentu izenak proposatzen dira, ordena horretan; eta bi horiek daude onartuta, inolako oharrik gabe, euskara batuko hitzak arautzen dituen Hiztegi Batuan. Elhuyar gaztelania-euskara hiztegiak Errenazimentu izena dakar.
  2. Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegian hala ageri da, baina Hiztegi Batuak pizkunde hobesten du «berpizkunde» sarreran.
  3. EHUren Arte Ederrak tituluaren ikasgaietan forma hau erabiltzen da, baina Hiztegi Batuan ez da ageri, ez eta hemen aipatu diren gainerako hiztegietan ere.

Ikus, gainera

Alexandro VI.a

Alexandro VI.a (Xàtiva, Valentzia, 1431ko urtarrilaren 1a -Erroma, 1503ko abuztuaren 18a) Eliza Katolikoko 214. aita santua izan zen 1492 eta 1503 bitartean. Bere jaiotza izena Roderic Llançol i de Borja zen, Rodrigo Borgia bezala ezagunagoa.

Altzairu

Altzairua burdinak eta karbonoak osatutako aleazioaren izena da. Oro har altzairu aleazioetan karbonoaren pisua %2,1 baino txikiagoa izaten da, eta balio arruntenak %0,2 eta %0,3 inguruan daude. Karbono masa %2tik gorakoa bada altzairuak burdinurtu deritzen aleazio hauskorrak lortzen dira, forjatu ezin direnak eta moldeatze bidez lantzen direnak.

Adiera zabalagoan, osagai nagusitzat burdina eta karbonoa dituen aleazioa da altzairua; hau da, bi osagai horiez gain beste zenbait izan ditzaketen aleazioa da. Horrela, altzairu bereziak defini genitzake, besteak beste altzairu herdoilgaitza. Aleazioan erabiltzen diren beste elementu batzuk manganesoa, kromoa, banadioa eta tungstenoa dira.

Altzairua Pizkundea baino lehenago ere metodo ez oso eraginkorrak erabiliz egiten bazen ere, bere erabilera askoz arruntagoa bilakatu zen ekoizpen metodo egokiagoak asmatu zirenean XVII. mendean. Bessemer prozesua asmatu zenean, XIX. mendearen erdialdean, altzairua modu masiboan ekoiztutako material merkea bihurtu zen. Prozesuak geroago izan zituen hobekuntzei esker, ekoizpen kostua are gehiago jaitsi zen eta kalitatea handitu zen.

Egun altzairua munduko materialik arruntenetakoa da, urtero 1.400 milioi tona kubiko (2010) ekoizten baitira. Osagai nagusietakoa da eraikin, azpiegitura, tresna, itsasontzi, automobil, makina zein armetan.

Eskualzaleen Biltzarra

Eskualzaleen Biltzarra euskara eta euskal kultura babestu eta bultzatzeko elkartea izan zen, 1901ean Martin Gilbeauk sortua.Manex Goihenetxeren esanetan, politikoki asmo nostaljiko samarra zeukan, eskualdun fededunen arketipoa indartzen zuena.

Euskal jaiak eta euskal literatur lehiaketak antolatu zituen eta eragin handia izan zuen mende-hasierako "Euskal Pizkundearen" indartzean.

Euskal-Erria

Euskal-Erria 1880an Jose Manterola gazteak sortutako aldizkari euskaltzale bat izan zen. 1918an argitaratzeari laga zion, denera 79 ale argitaratu zituelarik. Aldizkari honek garrantzi handia izan zuen XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako mundu euskaltzaleak behar zuen azpiegitura eman eta euskal idazleei hedabidea eskeinez.

Euskal Lore Jokoak

Euskal Lore Jokoak XIX. mendean antolatutako kultura jardunaldiak izan ziren, musika, dantza eta batik bat euskal poesia barne hartzen zituztenak. "Euskal Pizkundea" deitutako garaiaren barruan burutu zituzten, Erromantizismoan bultzatutako beste antzeko prozesuei jarraituz. Hauen artean, Kataluniako "Renaixença" mugimendua nabarmentzekoa da.

Ekitaldi hauek XIV. mendean egindakoen antza hartu zuten, bereziki Okzitaniako Tolosa, Bartzelona eta Valentzian antolatutakoena ("Jocs Florals" edo "Jeux floraux"). Aldi berean, aditu batzuen ustez Erdi Aroko jaialdi haiek Erromatar Inperioko Lore Jokoekin ("Ludi Florensei") lotuta egongo ziren.

Euskal literatura

Euskal literatura euskaraz egindakoa da, Euskal Herriko idazleek gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batez egindako produkzioa barne hartzen ez duena. Historikoki, XVI. mendeko bigarren erdira arte, literatura ahozkoa eta herrikoia izan zen, eta ezaugarri horiek haren hasieran nabarmenak dira oso. Idatzizko literatura nahiko berantiarra izan zen, batez ere inguruko erromantze hizkuntzekin alderatuta. Euskara hutsean argitaratutako lehendabiziko liburua Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae izan zen, 1545an kaleratua, euskal literaturaren hastapenetako idazki garrantzitsuena. Mende erdi geroago edo, Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua idatzi zen, (argitaratu bazen; ez da inprimaturiko alerik inoiz aurkitu); orduko euskara ikertzeko baliabide ezin baliotsuagoa zaigun arren, bere garaian eraginik gabekoa izan zela dirudi, dakigula 2004 arte ez baitzen argitaratu.

XVI. eta XVII. mendeetan, erlijio gaiak nagusitu ziren idatzizko literaturan; hala ere, amodiozko poesia, gramatika, kronika, apologia-testuak, eta abar egiteko saioak ere izan ziren. Historian zehar, euskal literaturak garatzeko oztopo handiak aurkitu zituen: euskararen aldaerek hizkuntz literario batua sortzea zaildu zuten, administrazioan ez zen inoiz hizkuntza ofiziala izan, eliteek axolagabetasuna erakutsi zuten eta, batez ere, XVIII. mendearen hasieratik aurrera, administrazioan eta hezkuntza arloan erabiltzea debekatu zen. Frankismoan debekua gogorragoa izan zen, eta jendaurrean euskara erabili zutenek gorriak ikusi zituzten.

Evaristo Bustintza

Evaristo Bustintza Lasuen, ezagunagoa Kirikiño ezizenez (Mañaria, Bizkaia, 1866ko urriaren 26 - Mañaria, 1929ko urtarrilaren 31) euskal idazle eta kazetaria izan zen.

Ipuinak eta artikuluak idatzi zituen bere inguruko euskalkian, mendebaleko euskaran. Lanik ezagunenetarikoa "Abarrak" da, ipuin laburren bilduma.

Bere etxean, Zumelaga izenekoan, hil zen. Bere iloba Basile Bustintzarekin ezkondu zen, eta Errose Bustintza idazlearen osaba eta ezkonanaia izan zen.

Felipe Arrese Beitia

Felipe Arrese Beitia (Otxandio, Bizkaia, 1841eko maiatzaren 25a - 1906ko urtarrilaren 16a) euskal idazlea izan zen.

Ingalaterra

Ingalaterra Erresuma Batua sortzen duten herrialdeetako handiena da, uharteko hegoaldearen bi herenak baino gehiago hartzen baitu (130.395 km2) eta populazio osoaren % 83 (50.690.000 biztanle 2006an, 54.786.300 2015ean) baitauka. Halaber, pisu ekonomiko nagusia darama, BPGaren %85arekin.

Nazioarteko historian, ikaragarrizko eragina eduki du, bai ekonomiaz, Britainiar Inperioaren bidez, baita kulturaz ere, bertako hizkuntza (ingelesa) planeta osoan hedatuena eta garrantzitsuena izanda. Askotan Erresuma Batua izendatzeko erabiltzen da, baino desegokiro. Herrialdeko beste nazioekin (Gales eta Eskozia) eta Irlandarekin ez du beti harreman historiko onik izan.

Ixaka Lopez

Ixaka Lopez Mendizabal, garaiko sabindar euskal grafiaz Lopez-Mendizabal'taŕ Ixaka (Tolosa, Gipuzkoa, 1879ko apirilaren 11 – 1977ko otsailaren 27a) euskal idazlea, kultura eragilea, euskaltzalea eta politikari abertzale eta jeltzalea izan zen.

Lehen Euskal Pizkundea

Euskal Pizkundea edo Lehen Euskal Pizkundea euskal literaturak bizi izandako garai emankorraren izena da, XIX. mendeko bigarren erdialdetik XX. mendeko lehen erdialdera arte luzatutakoa. Mugimendu euskaltzale hori Hegoaldeko lurraldeetan karlistaldiak galdu eta foruak deuseztatu zireneko galera-sentimenduari dago lotua, erromantizismoaren eragin nabarmenarekin. Aro hura mugatu zuten gertakariak Hirugarren Karlistaldia eta Espainiako Gerra Zibila izan ziren; zehazki, 1876tik 1936 arte iraun zuen Hego Euskal Herrian.Mugimendua kulturaren arlokoa ez ezik politikoa izan zen, abertzaletasuna sortu zeneko giroan egonik. Europako beste prozesu antzekoekin batera gertatu zen, hala nola Katalunia eta Galiziakoekin. Bi herri horietako kulturgileekin batera, Galeusca ekimena abiatu zuten euskaldunek 1923an. Data honek markatu zuen garai honen lehenengo erdialdea, orduan hasi baitzen Miguel Primo de Riveraren diktadura, 1930 arte luzatu zena.

Beste bi urte esanguratsu 1918 eta 1919 izan ziren, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrerena, hurrenez hurren. Urte batzuk lehenago, eztabaidak hasi ziren euskara batuaren beharraren inguruan, eta hizkuntzaren akademia sortzeak egitasmoa garatzen lagundu zuen. Hala ere, nahiz eta orduan batasunerako proposamen interesgarriak egon, gerraostera arte ez zen asmoa erabat gorpuztu (1968).

Bestela, batik bat euskararen ingurukoa bazen ere, Pizkundean idazle eta kulturgile euskaltzale eta erdaldun batzuek ere parte hartu zuten. Bultzatzaileen artean, Anton Abbadia, Seber Altube, Sabin Arana, Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Andima Ibinagabeitia, Sorne Unzueta (eta Emakume Abertzale Batzako beste kide batzuk), Julio de Urquijo eta Iokin Zaitegi ditugu garai guztian zehar.

Louvre museoa

Louvre museoa (frantsesez: Musée du Louvre) munduko museorik garrantzitsu eta zaharrenetakoa da, Parisen, antzinako erregeen Louvre jauregian. Bere bilduma guztiak esfortzu historiko baten emaitza dira: alde batetik, bilduma errealak, eta bestetik, Argien Mendeko kultura gizonen esfortzua. Horrez gain, Frantziako Iraultzak mesede handia egin zion kulturari, desamortizazio-prozesu bat gauzatu baitzen. Louvreko museoaren sorreraren ondorioz, bilduma pribatuetatik bilduma publikoetara pasa zen, eta gizartearentzat izugarrizko aurrerapausua izan zen. Europa eta Ipar Amerikako museoen estreinako adibidea izan zen. 2006an 8,3 bisitari izan zituen eta, hortaz, munduko museorik bisitatuena da.

Museoaren aurrean dagoen Louvreko piramidea ikono bihurtu da dagoeneko.

Musika klasiko

Musika klasikoa kontzeptu zabala da eta zehazteko zaila, XV. mendetik gaur egun arte Europan eta askotan Elizarekin lotutako musikari dagokiona. Gainera, musika mota hau beti egon da lotuta kultura maila handiko pertsonekin.

Aroei dagokienez, Erdi Aroa (500–1400), Pizkundea (1400–1600), Barrokoa (1600–1760), Klasikoa (1730–1820), Erromantizismoa (1815–1910), XX. mendea eta Garaikidea (1975–gaur egun) tarteak ditugu.

Estiloen artean, Opera, orkestrarako musika, ganbera-musika eta musika sakroa hartzen ditu barne.

Oton I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa

Oton I.a Handia (912ko azaroaren 23a - 973ko maiatzaren 7a) Germaniako erregea (936-973) eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea (962-973) izan zen, Henrike I.a Txoriehiztaria, Saxoniako dukea eta Germaniako erregea, 929an tronura kidetu zuen bere aitak, honela oinordekotza errazteko.

Polimatia

Polimatia (grezieraz πολυμαθία, "asko ikasi"; μανθάνω "ikasi" eta πολύ "asko") zientzia eta humanitateetako hainbat alorretako ezagutzak barne hartzen dituen jakintza da. Polimata bat (grezieraz πολυμαθής) hainbat alorretako jakintza duen norbait da. Antzinaroko filosofo asko polimatak ziren, gaur egun izendapena erabiltzen den modura ikusiaz, haietako askok jakintzaren alor ugari jorratzen baizituzten.

Maiz, "jakintsu" edo "Pizkundeko gizona" izendapenen parekide bezala erabiltzen da, eta gutxiagotan "homo universalis" (latinez "espiritu unibertsaleko gizona"). Kontzeptu hau Italiako Pizkundean garatu zen (uomo universale).

Ideia hau Humanismoaren oinarri garrantzitsuenetako bat da, gizona izaki ahalguztiduna bezala hartzen baitu, garapenerako gaitasun mugagabeekin, eta jendea jakintzaren alor guztiak jorratu eta beren gaitasunak muturreraino garatzera bultzarazten zituen. Arrazoi honengatik, Pizkunde garaiko gizon askok kultura eta arteak nabarmenki loratuarazi zituzten.

Portale

Portalea arkitektura apaingarri mota bat da, eraikin dotore edo nabarmenetako fatxada nagusiko atea edo sarrera apaintzeko egindakoa. Atea eta haren apaingarria osatzen duten elementu arkitektonikoek eraikuntzaren estiloa eta ezaugarriak azpimarratzen ditu, moldura edo eskultura elementuen bidez. Erlijio-arkitektura monumentuetan ematen da batez ere.

Arte greko-erromatarrean portalea horman itsatsitako zutabeen bidez osatzen da, baita horman gainjarrita edo atea estali gabe alde banatan zertxobait irtenda ageri dira.

Bizantziar edo erromaniko estiloko portale ederren artean, Veneziako San Marcos eta Angulemako katedrala aipagarriak dira.

Estilo gotikokoan artean Reimsko katedrala, Estrasburgon, Parisko Notre-Dame katedrala eta, Espainian, Tarragonako, Leongo edo Burgosko katedralak, besteak beste. Oseira eta Ripoll monasterioetako portaleak ere oso aipagarriak eta apainduak dira.

Ondorengo estiloetako arkitekturan, besteak beste, Erromako San Petri basilikak, Londresko San Paulo katedralak eta Parisko La Madeleine elizak portale nabarmenak dituzte.

Azpimarratzekoak dira ere Salamancako Eskolak eta Manzanaresko Jasokundearen Andre Mariaren eliza, agian Ciudad Real probintziako arte plateresko estiloko garrantzitsuenak.

Quattrocento

Quattrocentoa (italieraz laurehun) europar ingurune artistikoko arorik garrantzitsuenetariko bat da. XV. mendean barna garatu zen eta Pizkunde izenarekin ezaguna den mugimenduaren lehen fasea izan zen.

Lehen Pizkundea, Pizkunde goiztiarra edota Pizkunde behera izenarekin ere ezaguna da eta Italian kokatzen da.

Toscana

Toscana Italiako iparraldeko eskualdea da, Apenino mendien eta Tirreniar itsasoaren artean kokaturik dagoena. 22.987 km²ko eremua du eta 2015eko uztailean 3.745.547 biztanle zituen.

Italiako eskualderik handienetakoa da eta kulturaren eta historiaren aldetik, garrantzitsuenetakoa. Izan ere, Pizkundea izeneko garai emankorrak garapen handia izan zuen Toscanan. Hiriburua Florentzia da eta beste hiri nagusiak Arezzo, Grosseto, Livorno, Lucca, Massa-Carrara, Pisa, Pistoia, Prato eta Siena dira. Toskanako biztanle gehienak Arno ibaiaren haranean bizi dira.

Txomin Agirre

Domingo Txomin Agirre Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1864ko maiatzaren 4a - Agirre etxea, Zumaia, Gipuzkoa, 1920ko urtarrilaren 14a) euskal idazle eta apaiza izan zen, askoren ustez euskarazko lehen eleberrigilea.

Bere lan nagusiak Kresala (bizkaieraz) eta Garoa (gipuzkeraz) dira.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.