Peronismo

Peronismoa edo justizialismoa higikunde politikoa da, 1940ko hamarkadaren erdialdean Argentinan sortu zena, Juan Perónen eta hark ezarri zuen sistema politikoaren inguruan.

Oligarka lurjabeen eta inperialismoaren kontrako mugimendu gisa sortu zen, eta ideologia abertzale eta populista zuen. Peronismoak armadan eta, batez ere, sindikatu bakarrean bildutako langileen gremioak zituen oinarri. Langileen egoera hobetzea eta kapitalismotik zein komunismotik bereiz izango zen demokrazia soziala sortzea zuen helburu.

Indar handia lortu zuen, langileen laguntzari esker batez ere. Krisi ekonomikoarekin eta Perónek aginpidea galtzearekin batera peronismoak behera egin bazuen ere, gaur egun Argentinako lehen alderdia da. Peronismoaren alderdi politikoaren izena Partido Peronista izan zen eta, Perón hil ondoren, Partido Justicialista.

Discurso de Perón
Juan Perón mitin batean

Peronismoaren ideia nagusi batzuk

1950ean, Peronek «justizialismoaren hogei egiak» zehaztu zituen eta populismo peronistaren gakoetako asko agertzen dira bertan.

1. Benetako demokrazian gobernuak herriak nahi duena egiten du eta interes bakarra defendatzen du: herriarena.

2. Peronismoa batik bat herriaren aldekoa da. Zirkulu politiko guztiak herriaren kontrakoak dira (...).

8. Ekintza politikoan, peronisten balioak honela daude sailkatuta: lehena, Aberria; gero, Mugimendua eta azkenik, gizakiak.

10. Peronismoaren beso biak justizia soziala eta laguntza soziala dira. Eurokin justizia eta maitasunezko besarkada ematen diogu herriari.

13. Doktrina gabeko gobernua arima gabeko gorputza da. Horregatik peronismoak bere doktrina politiko, ekonomiko eta soziala dauka: justizialismoa.


Aníbal Iturmeneta, "El pensamiento peronista". Madrid, 1990.

Erreferentziak

Alianza Anticomunista Argentina

Alianza Anticomunista Argentina (euskaraz "Antikomunisten Aliantza Argentinarra") edo A Hirukoitza Argentinan ospe odoltsua lortu zuen talde paramilitarra eta terrorista izan zen. Taldea Peronismo adar batekin batera Polizia federalaren eta Argentiako Indar Armatuen sektoreek sortu zuten; halaber, "Propaganda Due" izeneko logia antikomunista bat kolaboratzen zuen. A Hirukoitzak ezkerreko militanteak, artistak, intelektualak, sindikalistak hil zituen 1970 hamarkadan inpunitate osoarekin. Gutxienez 700 pertsona hil edo desagertu ziren haien ekintzen ondorioz.

César Arrondo

Cesar Aníbal Arrondo (Laprida, Argentina, 1955eko uztailaren 15), historia irakaslea, idazlea, ikertzailea, La Plata Unibertsitateko Kazetaritza fakultatean irakaslea, euskal kulturaren zabaltzailea eta euskal diasporaren militante aktiboa da. Arrondo irakasleak jatorri euskalduna du: bere familia Gabiriatik Argentinara joan zen. Eusko Alkartasuna alderdiaren militantea da. Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionalaren Estaturik gabeko Nazioen Behatokian parte hartzen du baita ere, Euskal Herriko departamenduan. Euskal Herrian, bestetik, Hamaika Bide Elkartearen partaidea da. Gaur egun Argentinako La Plata hirian bizi da.

Ernesto Sabato

Ernesto Sabato (Rojas, Buenos Aires, 1911ko ekainaren 24 - Santos Lugares, Buenos Aires Handia, 2011ko apirilaren 30a) argentinar idazle, saiakeragile, fisikari eta pintorea izan zen. 1984an Miguel de Cervantes saria eman zioten.

Eva Perón

María Eva Duarte de Perón, izengoitiz Evita, eta jaiotza izenez Eva María Ibarguren, (Los Toldos, Buenos Aires, 1919ko maiatzaren 7a - Buenos Aires, 1952ko uztailaren 26a) argentinar aktore eta politikari nabarmena izan zen. Peronismo izenaz ezagutzen den mugimendu politikoko eragile nagusia izan zen 40ko eta 50eko hamarkadetan, eta giza eskubideen aldeko ekintzaile garrantzitsua. Lurjabe handiek osatutako oligarkiaren, pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoaren aurka, eta langileen, emakumeen eta babesgabeen eskubideen alde egin zuen borroka nagusiki. Bere irudiak eztabaida handiak eragin izan ditu Argentinan, peronismoaren lehen agintaldia jarraitu zuten estatu kolpe militarrek bere aipamen oro debekatu egin zuten hogei urtez, eta gaur egun ere muturreko grinak pizten ditu.

Argentinako panpetako herri txiki batean jaio zen, Los Toldosen, eta euskal jatorriko guraso ezkongabeak zituen, Juana Ibarguren eta Juan Duarte; hain zuzen ere, aitak beste legezko familia bat zuen. Evak haurtzaro txiro eta gogorra bizi izan zuen, batik bat, XX. mende hasieran ama ezkongabeen seme-alabek jasaten zuten diskriminazioa zela eta. 1934. urtean, 15 urte baino ez zituela, Buenos Airesera bizitzera joan zen aktore bihurtzeko asmoz. Gabezia handiko zenbait urteren ostean, antzezpen munduan ezaguna egin, eta 1943rako diru gehien irabazten zuen Argentinako irrati antzezlea bihurtu zen. Politika munduan ere garai hartan murgildu zen, sindikalismoan parte hartzen hasi zenean: 43ko abuztuaren 3an irratiko langileen lehen sindikatuaren sortzaileetako bat izan zen. Juan Perón senarra, aldiz, 1944ko urtarrilaren 22an ospatu zen ekitaldi benefiko batean ezagutu zuen; hurrengo urtean ezkondu ziren.

1946ko hauteskunde orokorren ostean Juan Perón Argentinako presidente izendatu zuten, eta hurrengo sei urteetan, Eva Perónen boterea izugarri hazi zen. Besteak beste, Lanaren eta Osasunaren Ministerioko arlo batzuk kudeatu zituen, eta Eva Perón Fundazioa sortu zuen, peronismoaren garaian laguntza soziala banatzeaz arduratu zen elkartea. Gainera, emakumeen boto eskubidea bultzatu zuen Argentinan, eta emakumeak politikagintzan esku hartzeko emakumez osatutako alderdi politikoa sortu zuen: Emakumeen Alderdi Peronista. Behartsu, babesgabe eta langileen ondoan lan eginez, sindikalismoaren sostengu osoa lortu zuen, eta 1951n CGT sindikatu bakarrak presidenteordetzarako hautagai proposatu zuen; horrek peronismoaren bigarren oinarria ziren militarren gaitzespena ekarri zuen. Hala ere, osasun makalak eta militarren presioek presidenteordetzan atzera egitera behartu zuten.

Utero-lepoko minbiziak jota hil zen 33 urte zituela. Hil baino lehenago, 1952. urtean, "Nazioaren Buruzagi Espiritual" titulu ofiziala jaso zuen (egun arte izendapena jaso duen argentinar bakarra da), eta 2010ean, berriz, Argentinako "Bigarren Mendeurreneko Emakume" izendatu zuten.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.