Palestina

Palestina[1] (hebreeraz פלשתינה, arabieraz فلسطين) Mediterraneo itsasoa eta Jordan ibaiaren artean dagoen lurraldea da. Antzinako Kanaan lurraldearen hegoaldeko zatiari dagokio.

K.a.70. urtearen inguruan Erromatar Inperioak konkistaturik, Palestina izena hartu zuen, garai batean bertan bizi ziren herrietako batetik, filistearretatik, hain zuzen ere. Gaur egun, Palestina izena, zentzu historikoan, 1917-1948. urteetan Britainia Handiaren mandatupean egon zen lurraldeari ematen zaio, eta gaur egungo zentzuan, palestinarrek nahiko luketen eta Israelek okupaturik dituen Gaza, ekialdeko Jerusalem eta Zisjordania lurraldeek osatuko luketen estatuari. Bertako biztanle judu gehienek Éretz Israel (ארץ־ישראל) deitzen dute. 2004. urtera arte, Palestinako Aginte Nazionalaren buruzagia Yasser Arafat izan zen.

Palestinako Lurraldeak
دولة فلسطين
(Dawlat Filastin)
Palestinako bandera Palestinako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Biladi
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Jerusalem
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Herritarra palestinar
Gobernua Aginte Nazionala
 -  Presidentea Mahmoud Abbas
 -  Presidentea Ismail Haniyeh
Independentzia
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2009 (Uztaila)) 4,136,540
Dirua Israelgo sheqel berria (₪) (ILS)
Ordu-eremua UTC (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 970
Internet domeinua ps

Historia

West Bank in Palestine (+claimed)
Palestinako lurraldeak

Lurraldearen lehen biztanleak orain 50.000 urte heldu ziren; K.a. 2800. urtearen inguruan faraoien agindupean egon zen eta gero, hikso, hitita, kanandar eta feniziarrenean. K.a. 1250. urtean lehen hebrearren konkistak izan ziren eta filistearren agerpena (k.a. 1200-1000 artean), lurraldeari Pheleset izena emango ziotenak. Israeldarren lur jabetza handiena K.a. 1000-957. urteetan izan zen, David eta Salomonen erregealdietan.

K.a. 539. urtetik aurrera pertsiarrek agindu zuten lurraldean, K.a. 332an mazedoniarrek Alexandro Handiarekin, judu hasmoneoek K.a. 140tik aurrera eta erromatarrek k.a. 63. urteaz geroztik. 135. urtean, juduen matxinada bat izan zela eta, Hadriano enperadoreak Jerusalem suntsitu zuen eta haren hondakinen gainean Aelia Capitolina hiri erromatarra eraiki. Hadrianok juduei bertan bizitzea edo sartzea debekatu zien. Bizantzioren garaian (330-637),berriz, biztanle asko kristau egin ziren.

637an Omar bigarren kalifak Jerusalem konkistatu zuen,eta bertan Al Aksa (urruna) meskita eraiki zuen. Handik aurrera biztanleria arabiartzen hasi zen.1099tik aurrera eta 100 urtean zehar, lurraldea gurutzatuen agindupean egon zen, 1187. urtean Saladinok konkistatu zuen arte. Mamelukoek kontrolatu zuten 1250 eta 1516. urteen artean, eta aldi horretan Jerusalen erromesaldien helburu bihurtu zen, bertan ostatu, errepide eta zubi sare garrantzitsu bat eraiki baitzen.

Lurraldea Otomandar Inperioaren probintzia bihurtu zen 1515. urtean, Palestina izenarekin. Otomandarrak Lehen Mundu Gerran garaituak izan ondoren, Nazioen Elkarteak Britainia Handiari eman zion Palestina eta Transjordaniaren agintea.

1947an NBEak Palestinaren Zatiketa Plana onartu zuen, lurraldea bi estatutan banatzea ekarri zuena. Judu gutxiengoari lurraldearen %60 eman zitzaion. Azken hauek plana onartu zuten, baina arabiarrek ez. 1948an,ordea, israeldar estatua sortu zen eta berehala, bost estatu arabiarren eta Israelen arteko gerra hasi zen. Amaitzean, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniaren agindupean geratu ziren eta Gaza Egiptoarenean. Ordurako Israelek legezkoa zena baino %26 lurralde gehiago okupatua zuen. Biztanleria arabiarraren %70ek bere etxeak uztera behartuak izan ziren, errefuxiatu bihurtuz.

Jerusalem Dome of the rock BW 14
Jerusalemgo alde zaharraren ikuspegia
Mill (British Mandate for Palestine currency, 1927)
Palestinako dibisa (1927)
Stamp palestine 10 mils
Palestinako zigilua, 1928 ingurukoa
British Mandate Palestinian passport
Palestinako britainiar pasaportea

1964an Palestinaren Askapenerako Erakundea sortu zen, 1969tik aurrera Yasser Arafaten Al-Fatah erakundeak kontrolatua izango zena. 1974an Nazio Batuen Erakundeak PAE herri palestinarraren ordezkaritzat onartu zuen. Sei Eguneko Gerran, 1967an, Israelek Gaza eta Sinai penintsula kendu zizkion Egiptori, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniari eta Golango gainak Siriari. Egiptok 1979an, amore eman zuen Gazari buruzko bere eskaeran eta Jordaniak 1988an,gauza bera egin zuen Zisjordaniari buruzkoan. 1967tik, Zisjordania, ekialdeko Jerusalem eta Gaza Israelen okupazio militarpean daude.

1991n bake elkarrizketak hasi ziren, 1993an Osloko Akordioetan amaitu zirenak. Bertan, Gazan eta Zisjordaniaren zati batean estatu bat eraikitzea erabaki zen. Pixkanaka Israel okupaturiko lurraldeetatik irteten hasi zen, ardura Palestinar Aginteari utzita. Hala ere, bake prozesua 2000. urtean zapuztu zen, Ariel Sharonek, ehunka poliziak babestuta, Meskiten Zelaigunea bisitatu zuenean. Musulmanen leku sakratu horretara agertzea probokaziotzat jo zen, eta Bigarren Intifada piztu zuen.

Herriak

Hiri judutarrak:

  • Ariel
  • Maale Adumim
  • Shilo
  • Shvut Rahel
  • Teneh Oranim

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia.

Kanpo loturak

Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

Palestina • Taiwan

Al-Fatah

Al-Fatah (arabieraz: فتح‎ Fatḥ, ˈfateħ ahoskatua), lehen Palestinaren Askapenerako Mugimendua, Palestinako alderdi politiko nagusienetariko bat da eta baita Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE) koalizioaren nagusiena ere.

Al-Fatahek borroka iraultzailearekin lotura estua izan du eta hainbat adar militar ditu. Bere buruzagi historiko eta sortzaile Jassir Arafat izan zen eta 2004an hil zenean Mahmud Abbasek ordezkatu zuen.

Asia

Asia munduko kontinenterik zabalena eta askotarikoena da. Eurasiaren lau bosten eta lurreko eremu lehorren herena hartzen ditu, eta ia osorik Ipar Hemisferioan dago. 44.579.000 km²ko eremua eta 4.140.336.501 biztanle ditu.

Mugak ez dira oso zehatzak. Ural mendiek, Ural ibaiak, Kaspiar Itsasoak, Kaukaso mendikateak, Itsaso Beltzak, Bosforok, Marmara itsasoak eta Dardaneloek bereizten dute Europatik; Bering itsasarteak Ipar Amerikatik, eta Itsaso Gorriak eta Suezko kanalak Afrikatik. Asia barruan sartzen dira, orobat, Japonia, Indonesia eta Malaysiako uhartediak.

Biladi

Biladi (euskaraz Nire herria) Palestinako ereserkia. 1996an, ofizial bihurtu zen.

Bizantziar Inperioa

Bizantziar Inperioa edo Ekialdeko Erromatar Inperioa Antzinaro Berantiarreko eta Erdi Aroko kristau inperioa izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua Konstantinopolis zuen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).

Erromatar Inperioaren gainbeherarekin sortu zen, inperio hura bitan zatitu zenean. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren (476), beste mila urtez eutsi zion ekialdekoak, Konstantinopolis konkistatu zuten arte, hain zuzen (1453). Inperioaren jatorrian dago Dioklezianok ekialdeko muga lurraldeak babesteko ezarri zuen bitariko gobernua, Galeriok mantendu zuena. Konstantinopolis antzinako Bizantzio hiriaren gainean eraikitzeko erabakiak eta, batez ere, Konstantinoren hura inperio osoko hiriburu bihurtu nahiak (330) Inperioaren banakuntza ekarri zuen, Teodosio I.a hil ondoan (395). Semeen artean banatu zuenean, Arkadiori sortaldea egokitu zitzaion eta Honoriori, sartaldea. Ekialdeko Inperioa hego Danubiotik Ipar Mesopotamiaraino hedatzen zen, lur hauek barne zirela: Balkanak, Asia Txikia, Zipre, Kreta, Siria, Palestina, Egipto eta Ipar Mesopotamia.

Ekialde Hurbila

Ekialde Hurbila —batzuetan Ekialde Ertaina deitua, ingelesezko Middle East izenaren eraginez— Egiptotik Iraneraino eta Turkiatik Yemeneraino dauden lurrak barne hartzen dituen eskualdea da. Izena ikuspegi eurozentrikoaren isla da, Mendebaldeko Europatik ekialdera hurbilen dagoen lurraldea delako.

Oro har, Ekialde Hurbila herrialde hauek osatzen dutela jotzen da:

Arabiar Emirerri Batuak

Bahrain

Egipto

Irak

Iran

Israel

Jordania

Kuwait

Libano

Oman

Palestina

Qatar

Saudi Arabia

Siria

Turkia

Yemen

ZipreHorrenbestez, Afrikako, Asiako eta Europako lurrak ditu Ekialde Hurbilak. Zenbaitek Afganistan ere sartzen dute bertan.

Filistiar

Filistiar (hebreeraz: פְּלִשְׁתִּים‎‎‎, pəlištīm, arabieraz: فلستيون‎, Filīstiun) Itun Zaharreko garaietan, israeldarren etsai zen herri bateko kideaz esaten da. K.a. XII. mendean Palestinako hegoaldeko kostaldean finkatu zen herri txiki indoeuropar bat zen filistarrena. Kreta aldetik edo abiatu ziren Palestina aldera eta kultura aurreratua zuten, nekazaritzan, metalgintzan, arteetan eta gerran, batez ere. Egiptoarren arabera, Itsasoko Herrietako bat osatzen zuten eta egungo Tel Avivetik Gazara bitarteko kostaldea hartzen zuten K.a. 1190. urte aldera, israeldarrak palestinaratu ziren garai beretsuan. Filistia izeneko pentarkia batean zeuden eratuta (Gaza, Asdod, Axkalen, Gath, Ekron). Beren lurraldea ondaretzat Judak jaso bazuen ere, Josuek egin zuen konkistan ez zituen garaitu ahal izan filistarrak. Sanson, Eli, Samuel eta Saulen garaietan (Saul beraien kontrako gerran hil zen), sarri eraso zuten Israel. Davidek, bere aldetik, askotan garaitu zituen eta beraien aginpideak gainbehera egin zuen, asiriarren eta egiptoarren erasoen ondorioz guztiz galdu ziren arte. Philistia izenetik dator Palestina.

Galilea

Errioxako udalerrirako begiratu: Galilea (Errioxa)

Galilea (arabieraz الجليل al-yalil; hebreeraz: הגליל habalil; latinez: Galilaea; antzinako grezierazko Galilaia, hebreerako galiletik dator, biribil) erromatarren okupaziopean zegoen Palestina osatzen zuten hiru probintzietako bat zen. Besteak Samaria eta Judea ziren. Galilea iparraldean zegoen, Judea hegoaldean eta Samaria erdian. Itun Berriaren arabera, Jesus Galilean hezi zen, Nazaret izeneko herri txiki batean. Bertan sortu zen kristautasuna, eta Galileako herri eta hiri gehienak aipatzen dira Biblian (Kafarnaum, Magdala, Nazaret, Tiberiades). Gaur egun Israelgo ipar eskualdea osatzen du.

Israel

Israel (izen ofiziala, Israelgo Estatua; hebreeraz: מְדִינַת יִשְׂרָאֵל‎, Medīnat Yisrā'el, mediˈnat jisʁaˈʔel ahoskatua; arabieraz: دولة إِسرائيل‎, Dawlat Isrāʼīl, dawlat ʔisraːˈʔiːl ahoskatua) Ekialde Hurbileko estatua da, Mediterraneo itsasoaren ekialdean, Egipto eta Libano artean kokatua. Mugakide ditu Libano, iparraldean; Siria, Jordania eta Palestina, ekialdean; Akabako golkoa, hegoaldean; Egipto eta Gazako zerrenda, hego-mendebaldean; eta Mediterraneoa, mendebaldean. Judua den estatu bakarra da, munduan.

20.770 km2 eta 7.000.000 biztanle (2005, israeldarrak) ditu. Muga horietatik kanpo, Israelek zenbait lurralde hartu ditu eta kolonoz jendeztatu: Golan (1.150 km2), Zisjordania (5.879 km2), eta Jerusalem Handia (70 km2).

1980an Israelgo gobernuak Jerusalem (732.100 biztanle, jerusalemdarrak) izendatu zuen herrialdeko «hiriburu bakar eta banaezin». Nazio Batuek ez zuten onartu izendapen hura, eta erakunde horrentzat Tel Aviv da oraindik hiriburu ofiziala.

Hebreera eta arabiera dira Israelgo hizkuntza ofizialak. Etnia nagusiak hauek dira: juduak (% 80), arabiarrak eta beste (% 20). Erlijioz, berriz, juduak dira israeldarren % 80, musulmanak % 15, kristauak % 2, eta bestelakoak (% 3).

Israel-Palestina Gatazka

Israel-Palestina Gatazka Israelek eta Palestinako Estatuak XX. mendearen erdialdeaz geroztik elkarren aurka duten gatazka da.

Itsaso Hila

Itsaso Hila (hebreeraz ים המלח Yam Ha'Melaj, arabieraz البحر الميت Al Bahr al Mayyit) itsaso azpiko 416,5 metrotara kokaturiko gazitutako aintzira da. Ekialde Hurbilean dago: Israel estatua, Palestina eta Jordania artean. Munduko lakurik baxuena, 76 kilometroko luzera eta gehienez 16 kilometroko zabalera du; 625 kilometro karratutako area du.

Ura gehienez Jordan ibaitik datorkio, baita ere beste iturri txikietatik eta prezipitazio txikietatik. Hala ere, lurruntzearen ondorioz uraren kopurua gutxitu egin da.

Ozeanoak baino hamar aldiz gatzituagoa da: itsasoak litroko 35 gramo dituzte eta Itsaso Hila, berriz, 350-370. Hori dela eta ez dago mikrobio batzuk beste izaki bizidunik bere uretan. Bere barnean dauden potasak, bromuroak, igeltsu eta beste produktu kimikoak, Israel eta Jordaniako enpresek xurgatzen dituzte lehorketen bidez.

Lurruntzeak ez ezik Jordango bazterretan dauden ureztalurrek ere 1945ko 1.025 kilometro karratuko area gaurko 625era gutxitu dute. Adituek diote hemendik 100 urtera gaur egungo erdia izango dela.

Joan I.a Tzimiskes

Joan I.a. Tzimiskes (grezieraz: Ιωάννης Α΄ Τζιμισκής, Iōannēs I Tzimiskēs; Hierapolis, Armenia, 925 aldean - Konstantinopla, 976ko urtarrilaren 10a) 969-976 urteetan Bizantziar Inperioko enperadorea izan zen.

Jenerala zen eta Asiako kanpainetan nabarmendu zen. Teofano, Nizeforo II.a Fokas enperadorearen emaztearen maitalea zen, eta harekin elkar hartuta hil zuen enperadorea. Ondoren, maitalea utzi eta Teodora printzesarekin ezkondu zen. Eslaviarren aurka borrokatu eta ekialdeko Bulgaria menderatu zuen (970). Palestina ia osorik hartu zien musulmanei (974-975). Basilio II.a, bere ondorengoak pozoituta hil zen.

Josue

Josue (hebreeraz: יְהוֹשֻׁעַ‎ Yĕhôshúa‘; antzinako grezieraz: Ἰησοῦς; arabieraz: يوشع بن نون‎ Yūshaʿ ibn Nūn) Bibliako pertsonaia da, Nunen semea. Efraimen leinukoa zen. Moisesen jarraitzailea izan zen, eta haren lanari jarraitu zion. Israelgo herria Kanaanera eramateko agindua eman zion Jainkoak. Jordan ibaia zeharkatu zuen, bertako herriak menderatu zituen, eta leinuen artean banatu zuen Palestina. Elezaharraren arabera, berak zeharkatu zuen Jordan ibaia hango ura bi zatitan banatuta; Jerikoko harresia bota zuen, eta Eguzkiaren ibilbidea gelditu zuen Gabaongo borrokan.

Palestinaren Askapenerako Herri Frontea

Palestinaren Askapenerako Herri Frontea (PAHF, PFLP ingelesez, FPLP frantsesez eta gaztelaniaz) 1967an George Habashek sortutako talde

marxista-leninista palestinarra da.

PAHF Palestinaren Askapenerako Erakundearen sortzaileetariko bat izan zen, baina hainbat bider erretiratu eta itzuli egin da, PAEren buruzagitzarekiko eta batez ere PAEn nagusi den Al Fataren ildoarekiko oso kritikoa delako. Kritika gogor hori, besteak beste, 1974an eta 1993tik adierazi izan du PAHFek. 1993an PAEren eta Israelen arteko elkarrizketa sekretuen ondorioz Osloko Akordioa sinatu zuten Jassir Arafatek eta Yitzhak Rabinek. Osloko Akordioen bigarren zatia 1995ean sinatu zuten PAEk eta Israelek. 1993ko akordioaren ondorioz sortu zuten Palestinako Aginte Nazionala.

PAHFak borroka armatua erabili izan ohi du palestinar kausari buruzko arreta deitzeko. Hauek izan ziren bere lehen ekintzak:

1968: Erroma eta Tel Aviven arteko hegaldiaren bahiketa, Aljeriara saiestuz.

1969: Hegazkin israeldar bati erasoa Atenasko aeroportuan.

1970: Bi hegazkinen bahiketa bateratua eta sei egun geroago beste batena, Jordaniara desbideratuz. Beste hegazkin bat bahitzen huts egin zuten, baino geroago beste bat Kairora saiestea lortu zuten. Kasu guztietan, bidaiariak askatuak izan ziren.Azken ekintza hauek eta Jordaniako monarkiarekiko enfrerntamenduen eta tentsioaren hazkuneak "Irail Beltza" delakoa eragin zuten, non Jordaniako Hussein erregeak Palestinaren Askapenerako Erakundea gogor jazarri zuen. Errefuxiatu guneak eta fedayin edo gerrillari palestinarren baseak bonbardatu zituen, eta zibil eta gerrillari ugari hil zituen. Hori dela eta, Jordanian zegoen PAEren buruzagitza handik atera eta Libanon ezarri zen, han zuen sekzioarekin elkartzeko.

Ramallah

Ramallah (arabieraz رام اﷲ, euskaraz "Allahren gaina" edota "Jainkoaren gaina" esan nahi du, Ram: "gaina" eta Allah: "Jainkoa") Palestinako Zisjordania eremuan kokatzen den udalerria da, Jerusalem hiritik 15 kilometro ipar-ekialdera kokatzen delarik. Ramallah eta Al Bireh gobernazioan kokatzen da. Bere biztanleria 25.500 biztanletakoa da, halere inguruko auzoetako jendea barne hartuz 60.000 biztanleko kopurura igotzen da.

Siria (erromatar probintzia)

Siria erromatar probintzia izan zen, Mediterraneoaren eta Eufrates ibaiaren arteko eremua hartzen zuena. Erromatar Errepublikak K.a. 64an beretu zuen, Ponpeiok Antioko XIII.a Asiarra, Seleukotar Inperioko azken erregetzat hartzen dena, garaitu ondoren. 132-136 biartean gertatutako Bar Kokhbaren matxinadaren ostean, Hadriano enperadoreak juduak deserritu, eta Siria Palestina probintzia eratu zuen, Siria eta Judea baturik. Erromatar Inperioa erori ondoren, Siria Palestinak Bizantziar Inperioaren zati izaten iraun zuen, 638an arabiarrek konkistatu zuten arte.

Verner von Heidenstam

Carl Gustaf Verner von Heidenstam (Olshammar, 1859ko uztailaren 6a - Övralid, 1940ko maiatzaren 20a) suediar idazlea izan zen. Osasun ahulekoa izaki, ikasketak utzi eta bidaia luzeak egin zituen (Grezia, Egipto, Palestina, Siria). Lehen poema bilduma, Erromes eta kalez kaleko urteak (1888), Ekialde Hurbileko kolore eta inpresio biziz beterikoa zen. Ondoren argitaraturiko Endymion eleberrian (1889) epikureismoa aldarrikatu eta gizarte zein moral jatorriko arazoen aurrean erabateko axolagabetasuna erakutsi zuen. Naturalismoa gainditua zela eta, erromantizismo kutsuko obrak ondu zituen: Hans Alienus (1890), neurtitzez egindako eleberria; Poemak (1895). Joera aberkoia erakusten du eleberri historikoetan: San Jorge eta herensugea (1900), Santa Brigidaren erromesaldia (1901), Folkungar familiaren zuhaitza (1905-1907). 1916an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.

Zisjordania

Zisjordania edo Jordanen Mendebaldeko Ibarra (arabieraz: الضفة الغربية‎, Al-ḍaffa al-ġarbiyya; hebreeraz: יהודה ושומרון‎, Yehuda VeShomron) Palestinako lurralde nagusia da, Jordan ibaiaren mendebaldeko ertzean kokatuta dagoelako horrela deitua, 20 eta 40 kilometro artean zabala den eta ekialdetik Jordan ibaiarekin eta Itsaso Hilarekin eta mendebaldetik Muga Berdearekin (Israelgo estatutik bereizten duena) muga egiten duen eskualdea da.

Zisjordania Judea eta Samariako lurralde biblikoei dagokie, garai bateko Palestinako Britainiar Mandatua osatu zutenak. 1947ko NBEaren erabakiaren arabera, Palestina bi estatutan banatu zen, bata judua eta bestea arabiarra, eta Zisjordania azken honen zatia zen. Baina Israel eta ondoko nazio arabiarren arteko gerragatik asmo hauek ez zuten aurrera egin. 1949an Jordaniak bereganatu zuen eta 1967an Israelek konkistatu zuen. Ordutik, Israelek militarki okupatua du Zisjordania.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.