Opera

Artikulu hau musika-motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Opera (argipena)».
Salzburger Festspiele 2012 - Carmen
Carmen, Magdalena Kožená eta Jonas Kaufmannekin, 2012ko Salzburgeko jaialdian

Opera antzerki mota bat da. Testua (librettoa) abestien bidez antzezten dute abeslariek eta musika-talde batek akonpainamendua egiten die ahost-atalei. Italiar hitza "opera"-ren esanahi "lana" da.

Opera mendebaldeko antzerki musikalen usadioaren baitan kokaturik dago. Analogiaz, munduko beste eskualde batzuetan egiten diren antzeko zenbait antzerki musikalei ere opera deritze, esaterako opera txinatarra, baina ohitura haiek ez dute mendebaldeko operaren jatorri bera. Hala ere, opera ez da mendebaldeko antzerki musikal bakarra: antzinako Grezian bazegoen abesturik eta musikaz lagundurik egiten zen drama greziarra, eta aro modernoan antzeko beste adierazpide batzuk sortu dira, esaterako musikala.

Operak hitzezko antzerkiaren elementu askori eusten die, hala nola aktuazioa, eszenaratzea eta jantziak, eta zenbaitetan dantza ere barne hartzen du. Antzezpenak opera-antzokietan egiten dira gehienetan, orkestra batek edo musika-talde txiki batek lagundurik.

Historia

Operak Erdi Aroko drama liturgikoetan izan zuen hasiera. Ondoren, XVI. mendearen amaieran, Florentziako kameratak (Camerata Bardi) antzinako greziar drama berpiztu nahian, opera berria sortu zuen Berpizkundeko ahozko genero desberdinetan oinarrituta: ahots baterako madrigala, antzerki madrigala, pastorala eta intermezzoa. Jacopo Perik, 1598an, "Dafne" musika-lana aurkeztu zuen Florentzian. Zoritxarrez, musika ez da kontserbatu. Antzinako Greziaren drama berreskuratzeko lehenengo saiakera izan zen, Berpizkundeko helburu artistikoekin bat joateko. Cameratako kideek uste zuten greziar dramen "koroak" jatorriz abestuak zirela, eta agian pertsonaia guztien atalak. Beraz, opera sortu zuten egoera hori "berrezartzeko". Perik, 1600, beste opera bat aurkeztu zuen, "Euridice" eta gaur egun arte kontserbatu den lehenengo partitura da.

Jacopo Peri, Jacopo Corsi, Francesco Cavalli eta Claudio Monteverdi izan ziren lehen operagileak, eta Dafne, Ulises, Orfeo eta antzeko mitoak izan ziren gai nagusiak. Italiako hiri batzuetan operarako antzokiak zabaldu ziren eta XVII. mendean musikagileak garai hartako gaiak erabiltzen hasi ziren.

Frantzian, berriz, operak XVII. mendetik aurrera hartu zuen indarra, Jean-Baptiste Lully eta Jean-Philippe Rameauri esker. Ingalaterran, Henry Purcellek Dido eta Eneas maisu lana idatzi zuen. Alemanian, berriz, Heinrich Schützek lagundu zuen zabaltzen. Hala ere, XVIII. mendean opera italiarrak Europa osoa menderatzen zuen, Frantzia salbu. Londresen Haendelek ezagutarazi zuen opera eta, Scarlattiren eraginari jarraituz, italiar kutsuko opera serioak idatzi zituen.

Opera serioa izan zen Italiako opera-formarik entzutetsuena, Christoph Willibald Gluckek haren artifizialtasunaren aurka erreakzionatu eta 1760eko hamarkadan erreformatu zuen arte; beste berrikuntza garrantzizko batzuen artean, kantarien zeregina murriztu eta drama gehiago azpimarratu zuen. Mozart da XVIII. mendeko operako irudirik ezagunena. Opera serioa egiten hasi zen, baina laster opera komikoaren ezaugarriak tartekatu zituen; haren Figaroren ezkontza, Don Giovanni eta Cosi fan tutte, eta Alemaniako tradizioaren mugarri izan zen Xirula magikoa-ren mailako lanei esker, aro berri batean sartu zen opera.

Milano-scalanotte
Milango Teatro alla Scala, 1778an sortua, munduko opera-antzokirik ospetsuena da.

XIX. mendearen lehen herenean bel canto estiloaren gailurra iritsi zen, Rossinik, Donizettik eta Bellinik egun ere antzezten diren lanak sortu zituztenean. Grand Opera izeneko estiloaren agerpena ere gertatu zen, Giacomo Meyerbeeren lanen eskutik. Mende honen bigarren erdia operaren urrezko arotzat hartu izan da. Alemanian Wagner-ek musika dramatizatu eta garrantzi handiagoa eman zion orkestrari, eta guztiz eraberritu zuen opera; haren Die Meistersinger, Tristan und Isolde, Parsifal eta Der Ring des Nibelungen operaren lorpenik handienetakoak dira. Italian, berriz, Verdiren Otello eta Falstaff lanekin operaren mailarik gorena lortu zen. Garai bertsuan, Frantzian, operak aldi bikaina izan zuen Hector Berlioz, Georges Bizet, Léo Delibes, Charles Gounod, Camille Saint-Saëns, Jules Massenet eta André Messageri esker.

Bitartean abertzaletasunak eragin handia izan zuen Errusian; Mikhail Glinka, Nikolai Rimski-Korsakov, Modest Musorgski, Aleksandr Borodin eta Piotr Ilitx Txaikovski izan ziren opera egile nagusiak. Txekoslovakian, Bedrich Smetanaren lan abertzaleen ondoren, Antonín Dvořákek opera lirikoagoak egin zituen.

XX. mendean Leoš Janáčeken lan errealistek gero eta arrakasta handiagoa izan zuten herrialde berean. Berak egindako izenbururik garrantzitsuena Jenufa izan zen (1904). Hungarian Béla Bartók, (Bizar-Urdinaren gaztelua) eta Espainian Manuel de Falla (La vida breve eta El retablo de Maese Pedro) nabarmendu ziren. Italian, XX. mendearen hasieran, verismoaren eskolaren barruan, Giacomo Puccini, (Madama Butterfly edo Turandot lan esanguratsuen egilea), Ruggiero Leoncavallo (Pagliacci/ Pailazoa) eta Pietro Mascagni i(Cavalleria rusticana/Herri zintzotasuna) izan ziren nagusi. Alemanian, Richard Strauss (Salome edo Elektra izenburuen egilea) da aipagarria, eta Frantzian Claude Debussy (Pelleas et Melisande) eta Maurice Ravel (L'enfant et les sortileges/Umea eta sorginkeriak).

XX. mendean zehar estetika aniztasuna biderkatu zen eta opera estilo desberdinak sortu ziren: atonalitate eta serialismoarekin (Arnold Schönbergen Moses und Aron eta Alban Bergen Wozzeck eta Lulu), neoklasizismoarekin (Igor Stravinskiren The Rake’s Progress/Lizunaren ibilbidea) edo minimalismoarekin (Philip Glass (Einstein on the Beach/Einstein ondartzan) eta John Coolidge Adams Doctor Atomic lanaren egilea). Kurt Weillen lan satiriko politikoak (Die Dreigroschenoper/ Hiru zentimoen opera) nabarmendu ziren gerren arteko Alemania aztoratuan, eta Britain Handian Benjamin Brittenen Peter Grimes edo Billy Budd ere aipagarriak dira. Azken opera hauek hizkuntza "klasikoa"goa daukate baina Brittenek egindako gizarte ingelesaren irakurketa kritikoa azalarazten dute.

Azken hamarkadetan operaren unibertsalizazioaren prozesuak ez du izan gelditzerik. Estetiken aniztasuna ere areagotu da eta horrela honako egile eta izenburuak ezagutu ahal izan ditugu: Olivier Messiaen eta bere Saint François d'Assise espitiruala, György Ligeti eta bere Le gran macabre apurtzailea edo Thomas Ádesen Powder her Face (Apaindu bere aurpegia) erotikoa.

Euskal Herriaren kasuan XX. mendeko musika-egileek ere operari arreta jarri ziote, kasu gehienetan Euskal Herri mitifikatu eta oniriko batez hitzegiteko. Euskal konpositoreen artean honako hauek nabarmendu ditzakegu: Jose Maria de Usanditzaga donostiarra (Mendi-mendiyan edo Las golondrinas/Enarak), Jesús Guridi gasteiztarra (Amaya edo Mirentxu), José Olaizola (Oleskari zarra), Eduardo Mokoroa tolosarra (Leidor) eta, beranduago eta estetika aurreakoi eta abanguardiarengandik hurbilagoa dagoena Francisco Escudero zarauztarra (Zigor edo Gernika).

Grabazio-teknologia agertzean, Enrico Caruso eta pareko beste kantari batzuk ezagunagoak egin ziren operazaleen zirkuluetatik at. Caruso aintzindaria izan zen bere grabazioak egiten eta operatik kanpo zeuden pertsona askorentzat opera aria batzuk ezagunak egin ziren oso. Eragin antzekoa lortu zuen Maria Callas greziarrak 60. hamarkadan eta Luciano Pavarotti edo Plácido Domingo bezalako artistek XX. mendearen amaieran.

Erreferentziak

1836

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1876

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

Baluarte jauregia

Baluarte, ofizialki Baluarte Batzar Jauregia eta Nafarroako Auditorioa, Iruñeko musika gune eta biltzar jauregia da.

Coliseo Albia

Coliseo Albia Bilboko Abando auzoko Urkixo zumarkalean zegoen antzokia da. 1916an zabaldutako estilo italiarreko eraikina, OLBEren egoitza izan zen 46 urtez, 1990eko hamarkadaren amaieran Euskalduna Jauregira lekualdatu aurretik.

El Liceu

Gran Teatre del Liceu Bartzelonan dagoen antzokia eta opera aretoa da. Ciutat Vellako barrutian dago kokatuta.

Mota honetako lekurik garrantzitsuenetarikoa da Katalunian eta Europan orokorrean.

Euskalduna jauregia

Euskalduna Jauregia Bilboko musika gune handiena da gaur egun, bai eta biltzar-zentroa ere.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak egoitza bertan dauka.

Gioachino Rossini

Gioachino Antonio Rossini (d͡ʒoaˈkiːno anˈtɔːnjo rosˈsiːni ahoskatua; Pesaro, Marche, Italia, 1792ko otsailaren 29a - Paris, Frantzia, 1868ko azaroaren 13a) musikagile erromantikoa izan zen. XIX. mendeko opera idazle emankor eta famatuenetarikoa da opera munduan. Elizako musika, ganbera musika, kantatak eta pianoko piezak ere idatzi zituen, baina operak eman zion ospea; opera bufoak, bereziki. Tancredi, Il barbiere di Siviglia eta Guillaume Tell daude haren lanik ezagunenen artean. Azken urteak Parisen igaro zituen, non azken operak estreinatu baitzituen.

Giuseppe Verdi

Giuseppe Fortunino Francesco Verdi (Le Roncole, Parma, Frantziako Lehen Inperioa, gaur egun Italia, 1813ko urriaren 10a – Milan, Italiako Erresuma, 1901eko urtarrilaren 27a) musikagilea izan zen, Erromantizismoaren garaikoa. Opera landu zuen, batik bat.

Lan ugariren egilea izan zen, haien artean Aida, Rigoletto, Il trovatore edo La traviata bezalako opera ospetsuak. Horrezaz gain, Macbeth eta Otelo, William Shakespearek idatzitako lanak, musikatu zituen.

Politikoki, Risorgimento, Italiaren batasunaren eta askatasunaren alde jardun zuen higikundearen pertsona enblematikoa izan zen. Ezaguna da Viva VERDI goiburua, Vittorio Emanuele Re D'Italia erregearen alde egiteko erabiltzen zutena.

Koreografo

Koreografo dantzarako konposizioen sortzailea da. Hitza antzinako grezieratik dator: κορεια (koreia, dantza) eta γραφια (grafia, idazkera).

Kursaal jauregia

Kursaal jauregia Donostiako musika gune eta biltzar jauregia da, Rafael Moneo arkitekto tuterarrak eraikia. 1999 urtean inauguratu zen. Gros auzoko Zurriola hiribidean dago.

Bertan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak egoitza nagusia du, eta Musika Hamabostaldiak ere kokalekuetariko bat hemen du.

Azpian Kursaal lurpeko aparkalekua du.

Libreto

Libretoa opera, opereta, musikal eta beste antzezlan musikal batzuen testua da.

Libretoa (italieratik libretto, "liburuxka") opera edo beste antzezlan musikal batzuen testua da. Hitz hau, oratorio baten testuari ere ematen zaio. Baita ballet baten aurkezpena adierazten duen testuari ere. Musikal baten libretoan, hitz egindako testua gidoia edo liburua deitzen da, eta kantaturiko testua, liriko. Libreto on bat, antzezlanean eraginkorra izan behar da, eta, aldi berean, musikari ondo egokitu behar zaio. Musikalan batzuk, libretoarekin batera pentsatu dira, baina, ohikoena, libretoa jatorrizko ideia bat edo eleberri edo antzezlan baten egokiera librea izatea da. XVIII. mendean, Pietro Metastasioren libretoak, antzezlan musikaletara ehundaka aldiz eraman ziren, konposatzaile ezberdinen aldetik. Beste garai batzuetan, libretogileak, konposatzaileekin elkarlanean aritzen ziren. Honen adibide, honako hauek dira: Jean Baptiste Lully konposatzailea eta Philippe Quinault olerkaria, Christophe Willibald Gluck eta Ranieri di Calzabigi, Lorenzo da Ponte eta Wolfgang Amadeus Mozart, A. Eugène Scribe eta Giacomo Meyerbeer, Hugo von Hofmannsthal eta Richard Strauss. Opereta eta musikalaren arloan, elkarlan esanguratsuenen artean, beste honako hauek nabarmendu behar dira: W. S. Gilbert eta Arthur Sullivan eta, Lorenz Hart eta Oscar Hammerstein II.a Richard Rodgersekin. Konpositore batzuk euren libreto propioak ere idatzi dituzte. Hauxe da Richard Wagner, Hector Berlioz, Michael Tippett edo Gian-Carlo Menottiren kasua.

Madrilgo Errege Antzokia

Madrilgo Errege Antzokia (gaztelaniaz Teatro Real de Madrid) Espainiako Madril hiriburuko opera antzoki bat da. 1850ko azaroaren 19an irekia izan zen. Plaza de Oriente enparantzan kokatzen da, Madrilgo Errege Jauregitik hurbil.

Musika

Musika, bitartekotzat soinua eta isiltasuna darabiltzan artea da. Musika sortzen duen pertsonari musikagile deitzen zaio; musika jotzen edo abesten duenari, musikari; eta musika aztertzen duenari, musikologo.

Arte honen helburua entzuleari sentimenduak, pentsamenduak edota emozioak sorraraztea da.

Musikaren kontzeptua eboluzionatzen joan da Antzinako Greziako garaitik, poesia, musika eta dantza ezberdintasunik gabe biltzen zituen arte bateratu gisa.

Musika klasiko

Musika klasikoa kontzeptu zabala da eta zehazteko zaila, XV. mendetik gaur egun arte Europan eta askotan Elizarekin lotutako musikari dagokiona. Gainera, musika mota hau beti egon da lotuta kultura maila handiko pertsonekin.

Aroei dagokienez, Erdi Aroa (500–1400), Pizkundea (1400–1600), Barrokoa (1600–1760), Klasikoa (1730–1820), Erromantizismoa (1815–1910), XX. mendea eta Garaikidea (1975–gaur egun) tarteak ditugu.

Estiloen artean, Opera, orkestrarako musika, ganbera-musika eta musika sakroa hartzen ditu barne.

Oslo

Oslo Norvegiako hiriburua da, eta 2007ko urtarrilean 590.041 bizilagun zituen; hau da, herrialde osoko biztanleen % 11 inguru. Gune metropolitarra Akershus konderriaren inguruan hedatzen da, 1.403.268 bateko biztanleria osoa du. Oslok hartzen duen lurrazal osoa 454 km²-koa da. Oslo Norvegiako hegoaldean dago, Europaren iparraldean.

Richard Strauss

Richard Georg Strauss (Munich, 1864ko ekainaren 11 – Garmisch-Partenkirchen, 1949ko irailaren 8a) Alemanian jaiotako musikari eta konposatzailea da. Bere musika Richard Wagnerrenaren oinordeko zuzena da.

Sydney

Sydney Australiako hiri handiena eta zaharrena da. Herrialdearen hego-ekialdeko kostan dago eta Hegoaldeko Gales Berria estatuko hiriburua da.

Hiria 1788. urtean sortu zen, artean barne ministro britainiarra zen Lord Sydney izeneko Thomas Townshenden omenez. Gutxi gorabehera 4 milioi biztanle ditu, gehienak jatorri britainiar edo irlandarrekoak. Asiar jatorriko asko ere bertan bizi dira, txinatar auzoan bereziki.

Euskal Etxe bat dago bertan, Gure Txoko izenekoa: Gure Txoko Basque Club Sydney.

Victoria Eugenia Antzokia

Victoria Eugenia Antzokia Gipuzkoako Donostia hiriburuko antzoki bat da. Erdialdean dago, Urumea ibaiaren ertzean. Argentinar Errepublikaren pasealekuko 2. zenbakian dago, gainera Okendo plaza, Okendo eta Erregina Erregentearen kaleek ere inguratzen dute. Alboan Maria Cristina hotela du.

1912an irekia. Donostiako Zinemaldiko egoitza nagusia izan da, sortu zenetik 1999an Kursaalera igaro zen arte. 2001 eta 2007 artean zaharberritze lanak egin dituzte, eraikina barne eta kanpoaldetik guztiz berrituz.

Donostiako musika hamabostaldiak ere hemen dauka egoitza nagusietariko bat.

Wolfgang Amadeus Mozart

Wolfgang Amadeus Mozart (Salzburgo, 1756ko urtarrilaren 27a- Viena, 1791ko abenduaren 5a) aro klasikoko austriar konpositore handi eta emankorra izan zen. 600 obra baino gehiago konposatu zituen; haietako asko, musikagintzaren gailurtzat aitortuak hainbat arlotan: opera, musika sakratua, ganbera-musika, orkestrarakoa, sinfoniak eta abar. Konpositore klasikoen artean ezagunenetarikoa da.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.