Norvegia

Norvegia (bokmål norvegieraz: Norge; nynorsk norvegieraz: Noreg), ofizialki Norvegiako Erresuma (bokmål norvegieraz: Kongeriket Norge; nynorsk norvegieraz: Kongeriket Noreg) Europako iparraldeko estatu bat da. Bere lurralde ditu Eskandinaviar penintsulako mendebaldea, Jan Mayen uhartea, Svalbard uhartedia eta (Ozeano Australean) Bouvet uhartea. Mugakide ditu Suedia, Finlandia eta Errusia. Eskandinaviar herrialdea da historiaz eta kulturaz.

Norvegiako Erresuma
Kongeriket Norge / Kongeriket Noreg
Norvegiako bandera Norvegiako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Alt for Norge
(Dena Norvegiaren Alde)
Ereserkia: Ja, vi elsker dette landet
(Bai, herrialde hau maite dugu)

Errege ereserkia: Kongesangen
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Oslo
Hizkuntza ofiziala(k) norvegiera (bokmål eta nynorsk)
Herritarra norvegiar
Gobernua Monarkia konstituzionala eta parlamentarioa
 -  Erregea Harald V.a
 -  Lehen ministroa Erna Solberg
Konstituzioa
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 385,207[1]2 km2 (61.)
 -  Ura (%) 7
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2019) 5.328.212[2] (120.)
 -  Dentsitatea 13,8[a] bizt./km2 (213.)
Dirua Norvegiar koroa (NOK)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 47
Internet domeinua no
[a]Svalbard eta Jan Mayen barne harturik.

Geografia

Geiranger Norwegen1
Geiranger fiordoa

Norvegia Eskandinaviaren mendebaldeko estatu luzea da (1.752 km ipar-hego, 430 km zabalekin alderatuta). Ondoko hauekin egiten du muga: Ipar Itsasoa hego mendebaldean, Skagerrak itsasartea hegoaldean, Suedia, Finlandia eta Errusia ekialdean eta Barents itsasoa iparraldean. Iparralderago dagoen Svalbard uhartedia ere Norvegiarena da.

Ozeanoaren ertzean eta Golkoko korrontetik hurbil dagoenez, bertako klima latitude bereko beste estatuetakoa baino epelagoa da.

Norvegia herrialde malkartsu eta menditsua da, batez ere granito gotorrezkoa. Izozguneek orografia berezia eratu dute. Ikusgarriena fiordoak dira, lurrean ebakitako arroilak, denboraren poderioz urez bete direnak. Handiena Sognefjorden da. Izozgune, uharte eta ur-jauzi ugari ere badaude.

Historia

Wikinger
Bikingoen ontziak

Norvegiako lehen biztanleak K. a. 11000-10000 urte inguruan iritsi ziren, Alemaniako iparraldetik (Ahrensburg). Azken glaziazioaren ondoren, kostaldeko izotzak urtu ahala, biztanle egonkorrak ezarri ziren K. a. 8000 baino lehen.

3000 eta 2500 urte bitartean, indoeuropar jatorriko zibilizazioak iritsi ziren Norvegiako ekialdera, eta nekazaritza eta abeltzaintza sartu zituzten. Hori zela eta, ordu arte bizi izandako ehiztari biltzaileak desagertzen hasi ziren. Erromatar Inperioaren menpe egon ez zen arren, bertako indusketek darakuskite harremanak zeudela norvegiarren eta Europa hegoaldeko herritarren artean.

Bikingoen zibilizazioaren hasierari buruzko informaziorik ez dago ia. Datu gehienak ahoz aho gordetako Sagen bidez iritsi dira gaur arte. Argi dago IX. menderako erresuma independentea osatu zutela. Ohiko ikuspegiaren aurrean, bikingoek sarritan bakezko harremanak ezartzen zituzten beste herriekin, merkataritza helburuekin. Besteak beste, Orkney, Shetlandak, Hebridak, Man, etab. kontrolatu zituzten, baita Eskozia eta Irlandako hainbat lurralde ere. Irlandan 1171 arte iraun zuten, eta Dublin sortu zuten. Horiez gain, Islandian ere ezarri ziren (ordu arte ez zen gizakirik bizi bertan).

1387an, errege dinastia desagertu ondoren, Danimarka eta Suediarekin elkartu eta Kalmarko Batasuna eratu zen. Batasun horrek 1523 arte iraun zuen, Suediak batasuna hautsi zuen arte. Norvegiak, baina, Danimarkarekin bat eginda jarraitu zuen. XVI. mendetik aurrera, eta, luteranismoaren eraginez, Norvegiak botere politiko gehiago galdu zuen, Danimarkaren mesedetan.

Gatazkek XVIII. mende arte iraun zuten. Horiek amaituta, pixkanaka aurrerapen ekonomiko nabarmenak izan zituen. Horrekin batera, mugimendu nazionalistak ere geroz eta garrantzitsuago bihurtu ziren.

1814an Napoleon Bonapartek Danimarka-Norvegia erresuma garaitu zuen, eta Norvegia Suediako erresuman sarrarazi zuen (Islandia, Groenlandia eta Faroe Uharteak izan ezik, horiek Danimarkaren esku jarraitu baitzuten). Norvegia eta Suediak koroa bera izan zuten (Suediako erregearen menpe izan ziren), baina lotura malgua zeukaten. Zentzu horretan, Norvegiako estatu buru zereginak erregeorde batek bete ohi zituen.

1905ean Suediak Norvegiaren independentzia onartu zuen. Stortinget edo Parlamentuak Norvegiako koroa eskaini zion Danimarkako Karl printzeari. Horrek onartu zuen, beti ere erreferendum bidez berretsiz gero. Herritarren %79ak monarkia berrezartzea onartu zuenez, Karl printzea errege bihurtu zen, Haakon VII.a izenarekin.

Lehen Mundu Gerran estatu neutrala izan zen, nahiz eta britainiarrekin alemaniarrekin baino harreman estuagoa izan. Gerra ondoren, gobernu moderatuak izan ziren, baina blokeoa jasaten zuten eskuin muturrekoen zein komunisten presioaren eraginez. Gauza bera egiten saiatu zuen Bigarrenean, baina 1940ko apirilaren 9an Alemaniak inbaditu eta konkistatu zuen. Konkista hori ez zen erraza izan; izan ere, Norvegiako Armadak, Britainia Handiko, Frantziako eta Poloniako armaden laguntzaz, alemaniarren erasoari aurre egin zion bi hilabetez (Alemaniak herrialde bat konkistatzeko behar izan zuen eperik luzeena, Sobietar Batasuna kenduta). Erresistentzia horrek errege familiari eta gobernuari garaiz erbesteratzeko astia eman zien.

Egoera horretan, Vidkun Quisling ultraeskuindarrak boterea eskuratzea nahi izan zuen, baina, hasieran, alemanek gobernu burokratiko bat jarri zuten, Quislingen aurkako herritarren jarrera zela eta. 1942an eskuratu zuen gobernua Quislingek, eta horrek barne erresistentzia indartzea ekarri zuen. Erbesteko gobernuak babestu zuen erresistentzia hori, eta gerra aurrera joan ahala ia erabatekoa izatera iritsi zen. Norvegiar armadak (erbestekoak) Britainia Handikoarekin batera borroka egin zuen Alemaniaren aurka. Dena den, ezin da ahaztu biztanleriaren % 2 inguru Quislingek zuzendutako alderdi nazional-sozialistako kide izan zirela.

Gerra amaituta, erret familia eta erbesteko gobernua Oslora itzuli ziren. Quisling-en erregimeneko goi karguak (Quisling bera barne) heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Alemaniar soldaduek emakume norvegiarrekin izandako seme-alabek diskriminazio gogorra jasan zuten urte luzez, eraso fisiko eta sexualak barne.

Norvegia NBEko kide sortzaileetakoa izan zen; egin-eginean ere, NBEko lehen idazkari nagusia Trigve Lie norvegiarra izan zen. 1949an NATOko kide bihurtu zen. Erakunde horren baitan, Afganistaneko (2001) eta Libiako (2011) gerratan parte hartu zuen.

1960ko hamarkadaren amaieran, petrolioa eta gasa aurkitu zituzten Ipar Itsasoan. Horrek ekonomia maila izugarri igoarazi zuen. Norvegia mundu mailako erreferente bihurtu zen Ongizate-estatuaren antolaketari dagokionean. Nazio Batuen arabera, munduan bizi kalitate altuena duten herrialdeetako bat da, eta, Munduko Ekonomia Foroaren arabera, emakume eta gizonen artean desberdintasun gutxien duen herrialdeetako bat.

Norvegiako herritarrek bi aldiz uko egin diote Europar Batasunean sartzeari, 1972 eta 1994an egindako erreferendum banatan. Edozein modutan ere, EFTAko kide denez, harreman ekonomiko estuak ditu Batasuneko herrialdeekin.

2011ko uztailaren 22an izandako atentatuetan 77 lagun hil ziren, Oslo erdigunean jarritako bonba-auto baten eta Alderdi Laboristako gazteen kongresuan izandako tiroketetan. Ekintzon erantzukizuna Anders Behring Breivik izeneko norvegiar ultraeskuindar batek hartu zuen bere gain.

Demografia

Norvegiak 4,9 milioi biztanle ditu, gehienak germaniar jatorrikoak. Horrez gain, samiak ere badaude, baita eskandinaviar ijitoak, juduak eta finlandiar jatorrikoak ere. Horiek guztiek gutxiengo nazionalen aitortza dute Norvegian.

Azken hamarkadetan, Norvegiak biztanle berri ugari jaso izan ditu, bai inguruko herrialdeetatik (Polonia, Suedia, Danimarka, Lituania...) lanera etorrita, baita gatazka, gerra eta errepresioari ihes eginda iritsitako asko ere (Irak, Somalia, Iran, Palestina, Yugoslavia ohia, Latinoamerika...). Europatik kanpoko etorkin gehienak pakistandarrak dira. Dena den etorkin kopuru handiak ezin izan du biztanleriaren zahartzea saihestu.

10 biztanletatik 8 hiriguneetan bizi dira. Hiri garrantzitsuenak Oslo (876.000 biztanle, hiriburua), Bergen (258.000), Stavanger (190.000), Trondheim (160.000) eta Fredrikstad (102.000) dira.

Ekonomia

Per capita Barne Produktu Gordinari dagokionez, Norvegia munduko herrialderik aberatsenetan bigarrena da, Luxenburgoren atzetik. 2009 eta 2010 urteetan, mundu mailako Giza Garapen Indizeko zerrendan lehen postuan egon izan da. Bizitzaren kostuari dagokionez ere, munduko herrialderik garestienetakoa da; bizitza arrunta AEBetan baino %90 eta Erresuma Batuan baino %50 garestiagoa da. Petrolio eta gas natural esportazioei esker, urte askotan munduko herrialde aberatsena izaten jarraitzeko beste diru eskuratu du.

Norvegia munduko Ongizate-estatu garatuenetakoen artean dago. Konkurrentzia askeko merkatua izan arren, sektore ekonomiko garrantzitsu asko estatuaren menpe daude, besteak beste, petrolio enpresak, energia ekoizpena, altzairua, telekomunikazioak eta bankurik handiena (DNB ASA). Horrez gain, munduko arrantza ontzi gehien dituen 6. estatua da. Langabezia tasa oso txikia da Europako beste herrialdeekin alderatuta (%4 inguru), eta langileen %30ek gobernuarentzat lan egiten dute (Kooperazio eta Hazkunde Ekonomikorako Erakundeko estatuen artean tasarik altuena). Ekonomia osasuntsu horri esker, doako osasun sistema unibertsala da, eta aita/amatasun baimenak 46 asterainokoak izan daitezke. Bidenabar, soldata altuenen eta baxuenen arteko aldea ere bere mailako beste herrialde askotan baino txikiagoa da, eta lan ordu bakoitzetik sortutako produktibitatea eta dagokion soldata munduko altuenetakoak dira.

1972an eta 1994an egindako erreferendumetan, herritarrek uko egin zioten Europar Batasunean sartzeari. Dena den, Islandia eta Liechtensteinekin batera, parte hartzen du Europako Merkataritza Askearen Elkartean eta Schengeneko Hitzarmenean.

Hizkuntza ofizialak

Herritarren % 95ek norvegiera darabil eguneroko bizitzan. Germaniar hizkuntza horrek bi dialekto ditu, Bokmål (alde handiz, erabiliena) eta Nynorsk. Herrialdearen iparraldean bizi diren samiarrek beraien hizkuntzan bizi eta ikasteko eskubidea dute, baita administrazioarekin hizkuntza horretan komunikatzekoa ere.

Norvegierazko hiztunek ez dute arazorik izaten daniera edo suediera ulertzeko eta, horregatik, ohikoa da hizkuntza horietako hiztunek elkarren arteko harremanak bakoitzak bere hizkuntzaz egitea. Ikastetxeetan, norvegiera eta samieraz gain (sami jatorrikoentzat), ingelesa ezinbesteko ikasgaia da. Herritar gehienek (bereziki II. Mundu Gerraren ostean jaiotakoek) ez dute arazorik izaten ingelesez moldatzeko. Bestalde, frantsesa, alemana eta gaztelania ere irakasten dira ikastetxe gehienetan, baina nagusiki hautazko ikasgai gisa.

Erlijioa

Norvegiar gehienak, jaiotzean, Norvegiako Elizan sartzen dira bataioaren bidez. Kidetza hori, nagusiki, erritu sozialetara (bataioak, sendotzak, ezkontzak, hiletak...) mugatzen da. Hala, biztanleen % 20k baino ez dio garrantzirik ematen erlijioari, eta % 2k baino ez du parte hartzen asteroko elizkizunetan. Dena den, % 79 inguruk Elizako kide izaten segitzen du (2010eko datuen arabera).

Biztanleen %10 ez da inongo erlijio talderen kide, eta %4,9 Norvegiako Eliza ez beste kristau talderen bateko kide da (gehienbat katolikoak eta mendekostalak). Kristau taldeetatik kanpo, Islama da, gehienbat etorkin pakistandar, albaniar, somaliar, turkiar eta arabiarren artean.

Politika eta administrazioa

1814ko maiatzaren 16an onartutako konstituzioaren arabera, Norvegia monarkia konstituzionala da, sistema parlamentarioan oinarritua. Harald V.a da egungo errege eta estatuburua, eta lehen ministroa (gaur egun, Jens Stoltenberg) gobernuburua. Sistema parlamentario gehienetan bezala, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizita daude

Botere legegilea Norvegiako parlamentuak (Stortinget izeneko ganberak) dauka. Lau urterik behin aukeratzen da hauteskundeen bidez, eta bi eratako parlamentarioak ditu: hauteskunde barruti probintzialetan aukeratutakoak eta Norvegia osoko hauteskunde barruti bateratuan aukeratutakoak. Guztira 169 diputatu dira. 2009ko hauteskundeak Norvegiako Alderdi Laboristak irabazi zituen, eta koalizio gobernua osatu zuen ezkerreko eta zentroko alderdiekin, Jens Stoltenberg lehen ministroa buru.

2009ko Norvegiako parlamenturako hauteskundeak

Alderdia Botoak % Eserlekuak +/-
Alderdi Laborista 949.049 35,40 64 3
Alderdi Progresista 614.717 22,90 41 3
Alderdi Kontserbadorea 462.458 17,20 30 7
Ezkerreko Alderdi Sozialista 166.361 6,20 11 4
Zentroko Alderdia 165.006 6,20 11 Arrow Blue Right 001.svg
Alderdi Kristau Demokrata 148.748 5,50 10 1
Alderdi Liberala 104.144 3,90 2 8
Besteak 72.420 2,70 0 Arrow Blue Right 001.svg

Botere exekutiboa, ofizialki, Erregearen esku dago. Dena den, sistema demokratikoa garatzen joan ahala, boterea gobernuaren eskuetara pasa da. Horrela, Erregeak nagusiki funtzio protokolarioak eta ordezkaritzakoak betetzen ditu, hala nola, gobernuburua izendatzea, Ejerzitoaren goi komandantea izatea, Norvegiako Elizaren buru izatea eta nazioaren batasuna irudikatu eta atzerrian ordezkatzea.

Banaketa administratiboa

Norvegia 19 konderritan banatuta dago (norvegieraz Fylke, pluralean Fylker), eta 434 udalerritan.

Norway counties

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Kultura

Literatura

Artikulu nagusia: Norvegierazko literatura

Musika

Zientzia

Kirolak

Herrialdea Neguko Olinpiadetan domina gehien lortu zuena izan da 8 aldiz historia osoan zehar, lehenengo bi edizioetan eta azkenekoan: 1924an, 1928an, 1936an, 1948an (Suediarekin batera), 1952an, 1968an 2002an eta 2018an. 1994an antolatzaileak izan ziren, eta bigarren gelditu zen dominei dagokienez.

Europako Eskubaloi Txapelketan, bestela, gizonezkoen Norvegiako selekzioa laugarren postuan gelditu zen 2016an. Munduko Txapelketan bestela txapeldunordeak izan ziren 2017an.

Emakumezkoen selezkioak bere aldetik Europako txapelketan ibilbide guztiz arrakastatsua eduki du, 7 aldiz txapeldun geldituta eta historiako talderik onena izanda: 1998an, 2004an, 2006an, 2008an, 2010ean, 2014an eta 2016an. Munduko txapeldunak izan dira bestela 1999an, 2011an eta 2015ean, hiru aldiz, eta txapeldunordeak 4 aldiz.

Futbolean, azkenik, gizonezkoen talderik indartsuena historikoki Rosenborg BK da.

Iruditegia

Oslo Skyline

Oslo.

Aker Brygge 01

Osloko Aker Brygge auzoa.

Hanseviertel Bergen

Bergen hiriko Bryggen auzoko Hanseatiar etxeak.

Village in Norway

Sognefjord fiordoko Bakka herrixka.

Stabkirche Lom

Ohiko egurrezko eliza.

Skatval fra Forbordsfjellet

Norvegiar landa.

Lake Bondhus Norway 2862

Bondhus lakua.

Erreferentziak

  1. Arealstatistics for Norway 2019, Kartverket, mapping directory for Norway Accessdate=2019-03-22
  2. Population, january 1 2019, Statistics Norway Accessdate=2019-03-22

Kanpo estekak

.nu

.nu Niueri dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da. Ingelesezko nu eta new hitzen irakurketaren arteko antzekotasuna dela-eta, erabilera ugaria izan du. Domeinu hau, era berean, Suedia, Herbehereak, Danimarka, Norvegia eta Belgikan erabili da askotan, danieraz, suedieraz eta nederlanderaz nu hitzak orain esan nahi duelako. Errusian nu hitzak biluzik esan nahi du eta pornografia webguneentzako erabili izan da bertan.

Artikoa

Artikoa Lurreko iparraldeko muturrean dagoen eskualdea da. Barnean Ozeano Artikoaz gain Kanada, Errusia, Groenlandia, Ameriketako Estatu Batuak, Norvegia, Suedia, Finlandia eta Islandiako zati batzuk ere ditu. Eskualdea izoztutako ozeanoaz eta zuhaitzik gabeko permafrostez osatuta dago. Eskualdearen hegoaldeko muga Zirkulu Polar Artikoa (66° 33'N) da, gutxi gorabehera gauerdiko eguzkiaren eta gau polarraren muga ere badena.

Politikaren aldetik, Artikoak zortzi estaturen iparraldeko eskualdeak ditu bere barnean. Zortzi horiek estatu artikotzat jotzen dira, nahiz eta natura zientziek eskuarki azpiartikotzat jo. Bere ezaugarri klimatikoak direla eta, Artikoko ekosistema berdingabea da Lur osoan. Hala ere, klima aldaketaren eraginez egoera larrian dago (bankisa gero eta txikiagoa da, hango zooplanktona, fitoplanktona, arrainak eta ugaztunak urritzen ari dira, eta abar). Artikoko herri indigenak, hango gainerako izaki bizidun guztiak bezala, hotz handietara egokituta daude.

Bakearen Nobel Saria

Bakearen Nobel Saria (norvegieraz eta suedieraz: Nobels fredspris) Alfred Nobelek sorturiko 5 Nobel Sarietako bat da. Urte horretan bakearen alde, nazioen arteko elkartasunaren alde eta gerren aurka lana egin duen norbaiti ematen zaio. Beste sariek ez bezala Norvegiako Parlamentuko bost kideen komisio batek erabakitzen du nori eman. Saria sortu zen garaian Suedia eta Norvegia herrialde bera ziren eta horregatik banatzerakoan Norvegiari eman zitzaion aukeratzeko eskubidea. Saria Oslon banatzen da abenduaren 10ean, eta Stockholmen ematen ez den Nobel Sari bakarra da.

Bakearen Nobel Sariaren domina Gustav Vigeland norvegiar eskultoreak diseinatu zuen.

Barents itsasoa

Barents edo Barents itsasoa (norvegieraz: Barentshavet; errusieraz: Баренцево море, Barentsevo More) Ozeano Artikoaren zatia da, ipar Norvegia, Zembla Berria uhartea eta ipar Errusiaren artean dagoena.

Bokmål

Bokmåla (ˈbuːkmɔːl ahoskatua; «liburu hizkuntza», hitzez hitz) norvegiera idazteko bi estandarretako bat da, bietatik erabiliena, danieraren eragin handikoa. Nynorska da beste idaztaraua; danieraren eragin txikiagoa du bokmålak baino. Bestalde, bokmåla da norvegieraren atzerritar ikasleek ikasi ohi duten aldaera.

Bokmåla Norvegiako bi idaztarauetatik zaharrena da, eta herrialdean gehien erabiltzen dena: Norvegiako biztanleen % 85-90 inguruk darabilte. Salbuespena Mendebaldeko Norvegia da, hango hiztun gehienek nynorska baitarabilte.

Bokmål ortografia 1907an onartu zen ofizialki: izen hori 1929an onartu zen, hizkuntza berritu eta erreformatzeko prozesuaren baitan.

Covarrubias

Covarrubias Burgosko probintziako hegoaldean dagoen herria da. Arlanza eskualdean dago, Burgos hiriburutik 40 kilometrotara hego-ekialderantz. Lerma eta Santo Domingo de Silosetik gertu dago, eta eurekin batera osatzen du "Arlanzako Triangelu" delakoa.

Multzo historiko-artistiko izendatu zuten 1965ean, arkitektura gaztelarraren adibide ona baita. Arlanza ibaia igarotzen da bertatik eta mahastiak, laboreak eta fruitu arbolak ugariak dira.

Garrantzi handiko herria izan zen Errekonkistan musulmanen aurka, IX. mendearen azken zatian. "Gaztelako sehaska"-tzat hartu izan dute.

Tønsberg (Norvegia) herriarekin anaituta dago, izan ere Kristina printzesa norvegiarrak herri hartatik bidaiatu zuen Espainiara 1257an, eta Covarrubiasen hilobiratu zuten.

Eskandinavia

Eskandinavia (danieraz eta suedieraz Skandinavien; norvegieraz Skandinavia) Europako iparraldean dagoen hizkuntza eta kultura arloko eskualde bat da, Norvegia, Suedia eta Danimarka herrialdeek osatua. Batzuetan Finlandia eta Faroeak ere Eskandinaviako kidetzat ageri dira, baina ez da zuzena.

Era berean, Eskandinaviatik at daude baina harekin harreman estua dute beste lurraldeok ere: Islandia, Groenlandia (Danimarka) eta Åland (Finlandia).

Ipar Europa

Ipar Europa Europako kontinentearen iparraldean dagoen eskualde geografikoa da. Ez du muga garbirik, baina eskuarki honako herri hauek osatzen dute:

Eskandinaviako herrialdeak: Danimarka, Finlandia, Norvegia eta Suedia.

Itsaso Baltikoko herrialdeak: Estonia, Lituania eta Letonia, baita Iparraldeko Polonia eta Ipar-Mendebaldeko Errusia.

Ipar Itsasoko herrialdeak: Islandia, Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, baita Iparraldeko Alemania ere.

Ipar itsasoa

Ipar itsasoa Ozeano Atlantikoaren ipar-mendebaldean kokatutako itsasoa da, Norvegia eta Danimarkako kostak ekialdean, Britainia Handiko irlak mendebaldean eta Alemania, Herbehereak, Frantzia eta Belgika hegoaldean dituena. 960 kilometro luze eta 580 kilometro zabal da, eta 570.000 kilometro koadroko eremua hartzen du.

Skagerrak itsasartearen bidez, Ipar itsasoa eta Baltikoa lotzen dira, Danimarka, Norvegia eta Suediaren artean. Hegoaldean Atlantikoarekin bat egiten du Calaisko itsasartearen bitartez, eta iparraldean Norvegiako itsasoan zehar, tartean Shetland uharteak daudelarik.

Arrantzagune nagusi izan da (bakailaoa, sardinzarra).

Gaur egun garrantzi handiagoa dute 1970ean han aurkitu ziren petrolio eta gas natural hobiek.

Ipar samiera

Ipar samiera (Davvisámegiella), bereziki, Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeetan hitz egiten den hizkuntza da. Hiztun gehien dituen sami hizkuntza da, 20.700 lagun inguru; Finlandian 2.000 hiztun daude eta Suedian 5.000-6.000 .

Islandia

Islandia (islandieraz: Ísland, ˈistlant ahoskatua), ofizialki Islandiako Errepublika (islandieraz: Lýðveldið Ísland), Europako ipar-mendebaldeko uharte-estatu bat da, eskandinaviar historia eta kulturakoa. Iparraldeko Ozeano Atlantikoan dago, Norvegia, Groenlandia, Britainia Handia eta Faroe Uharteen artean.

Ipar Atlantikoko hausturan egonik, Islandiak sumendi eta geiser aktibitate handia du. Golkoko itsaslasterraren eraginez, latitudeagatik izan zezakeen klima hotza leundu egiten da eta, bereziki kostaldean, giza bizitzarako egokiagoa da.

1262an Norvegiaren menpeko lurralde bihurtu zen. 1380an, Norvegia, Suedia eta Danimarkak osatutako Kalmarko Batasuna elkartean sartu zuten. Napoleonen gerren ondoren, Danimarkaren menpe geratu zen. 1944an lortu zuen independentzia. Ordutik aurrera bere ekonomia eta ongizate maila etengabe hazten joan dira, harik eta gaur egunean BPGari dagokionez munduko bosgarren herrialdea eta giza garapenari dagokionez bigarrena izateraino. Egoera horrek 2008ra arte iraun zuen, finantza krisiak gogor kolpatu baitzuen.

Merkatu askea da, gehienbat zerbitzuetan, arrantzan, finantzetan eta industrian oinarritua. Turismoak gero eta indar handiagoa du, bereziki bertako paisaia ikusgarriak erakarritako jendea joan ohi da. Besteak beste, NBEko, NATOko, EFTAko, EEAko eta ELGAko kidea da. EBrekin harreman ekonomiko estuak izan arren ez da Batasuneko kide.

Lars Onsager

Lars Onsager (Kristiania, egun Oslo, Norvegia, 1903ko azaroaren 27a - Miami, 1976ko urriaren 5a) estatubatuar kimikari eta fisikari teorikoa izan zen, sortzez norvegiarra. Kimika-ingeniaritzako eta kimikako ikasketak egin zituen, Trondheimen (Norvegia) eta Zurichen (Suitza), hurrenez hurren. 1928an, Estatu Batuetara joan zen, eta eskolak eman zituen Johns Hopkins Unibertsitatean, Baltimoren, eta Brown Unibertsitatean, Providencen. 1945ean, Yale Unibertsitatera deitu zuten Kimikaren Teoria irakastera, eta Estatu Batuetako herritartasuna hartu zuen urte hartan bertan. 1968an, Kimikako Nobel saria jaso zuen, termodinamikaren alorrean egindako lanarengatik. 1972an, Yaleko Unibertsitatea utzita, Miamiko Unibertsitatean hasi zen lanean. Lars Onsagerren lanik ospetsuenak atzera ezinezko prozesuen termodinamikari buruz egindakoak dira (gorputz bero batetik hotz batera igarotzen den berotasuna, adibidez). Bestalde, koloideak eta metalak aztertu zituen, eta hidrodinamikako ikerketak egin zituen.

Mendebaldeko Europa

Mendebaldeko Europa Gerra Hotzean sortutako kontzeptu sozio-politikoa da. Hori dela eta, geografiak baino areago Gerra Hotzaren politikak eta ekonomiak markatu zituen mugak Mendebaldeko eta Ekialdeko Europaren artean. Honela, Mendebaldeko Europa AEBekin bat egin zuten herrialde kapitalistek osatuko lukete. Herrialde neutralak ekonomia motaren arabera sailkatzen ziren mendebaldean edo ekialdearen artean.

Mendebaldeko herrialdeek, gainera, kultura, ekonomia, historia eta politika loturak partekatzen dituzte munduko beste herrialde gehiagorekin, batik bat Ameriketan (Mendebaldea).

Honako herrialde hauek dira Mendebaldeko Europakoak:

Alemania

Andorra

Austria

Belgika

Danimarka

Erresuma Batua

Espainia

Finlandia

Frantzia

Grezia

Herbehereak

Irlandako Errepublika

Islandia

Italia

Liechtenstein

Luxenburgo

Malta

Monako

Norvegia

Portugal

San Marino

Suedia

Suitza

Vatikano Hiria

Aldi berean, Mendebaldeko Europa Europako eskualde geografikoa ere bada, muga laburragokoak. Nazio Batuen Erakundeak honako herrialde hauek sartzen ditu:

Alemania

Austria

Belgika

Frantzia

Herbehereak

Liechtenstein

Luxenburgo

Monako

Suitza

Norvegiako futbol selekzio nazionala

Norvegiako futbol selekzio nazionala herrialde hartako futbol federazioak abiatu zuen 1908an, lehenengo partida ofiziala jokatu zutenean. Gizonezkoetan talde apala izan da baina emakumezkoetan Munduko Futbol txapelketa bat irabazi du.

Norvegiako itsasoa

Norvegiako itsasoa (norvegieraz: Norskehavet) iparraldeko Europan dagoen Ozeano Atlantikoko bazterreko itsasoa da. Islandia, Eskozia, Norvegia eta Faroeen artean kokatuta, Barents, Ipar itsasoa eta Groenlandiako itsasoaren arteko bidea da.

1,1 milioi km² bere azaleran petrolioa ez ezik gas naturala ere badago. Bere kostaldean fiordo ugari eta Lofoten uharteak daude.

Suedia

Suedia (suedieraz: Sverige, ˈsværjɛ ahoskatua), ofizialki Suediako Erresuma (suedieraz: Konungariket Sverige), Europa iparraldeko estatu bat da, Europar Batasuneko kidea. Eskandinaviar penintsulako ekialdean dago kokatua. Mugakide ditu iparraldean Norvegia eta Finlandia, ekialdean Finlandia eta Botnia golko, hegoaldean Itsaso Baltiko eta mendebaldean Norvegia eta Ipar Itsaso. Horrez gainera, Öresund zubiaren bidez, Danimarkarekin lotuta dago, 2000. urtetik.

Stockholm da hiriburua eta biztanle gehieneko hiria. Suediako biztanleria gehiena (%85 inguru) hiri guneetan bizi da. Horrela, populazio dentsitatea baxua da (21 biztanle/km²).

Trygve Haavelmo

Trygve Magnus Haavelmo (Skedsmo, Norvegia, 1911ko abenduaren 13a - Oslo, Norvegia, 1999ko uztailaren 26a) norvegiar idazlea izan zen.

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.