Nazio Batuen Erakundea

Nazio Batuen Erakundea (NBE) 1945eko Urriaren 24an sortu zen, Nazioen Liga izeneko aurreko erakundea ordezkatzeko[1]. Gaur egun, nazioarteko erakunde handiena da. Bere helburu garrantzitsuenak hauek dira: nazioarteko zuzenbidea, ordenua, garapen ekonomiko eta soziala eta giza eskubideak bermatzea[2].

Nazio Batuen Erakundea
United Nations
الأمم المتحدة
联合国
Organisation des Nations unies
Организация Объединённых Наций
Organización de las Naciones Unidas
Emblem of the United Nations
Egoitza New York (AEB)
Kideak
Behatzaileak
193 estatu
2 estatu
Hizkuntza ofizialak Ingelesa, arabiera, txinera. frantsesa, errusiera, gaztelania
Idazkari Nagusia António Guterres
Sorrera 1945eko urriaren 24a
United Nations Members
Erakundearen webgunea

Historia

«

1. artikulua. Honako hauek dira Nazio Batuen asmoak:

  1. Nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea. (...)
  2. Eskubide-berdintasunaren printzipioari eta herrien determinazio librerako eskubideari errespetuan oinarrituriko adiskidetasunezko harremanak sustatzea nazioen artean. (...)
  3. Nazioarteko lankidetzan aritzea nazioarteko arazoak konpontzeko, nahiz ekonomikoak, sozialak, nahiz kulturari edo gizarteari dagozkienak. Halaber, nazioarteko lankidetzan aritzea giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak garatzen eta bultzatzen, bereizketarik egin gabe arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioagatik. (...)
»

[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Bigarren Mundu Gerraren ostean, estatuek beren arteko gatazkak saihestu eta arazoak bide baketsu eta diplomatikoetatik konpontzeko mundu mailako foro zabal bat eratzeko beharra ikusi zuten. Garai hartan 50 estatuk sinatu zuten San Frantziskoko Ituna, geroago Nazio Batuen Gutuna izenez ezagutuko zena. Gaur egun munduko estatu gehienak bertako kide dira (193 kide), nahiz eta bere funtzionamendu moduak sorrerako botere banaketa islatzen duen oraindik; izan ere, Gerrako garaile izan ziren bost estatu nagusienek (edo beraien ondorengo zuzenek) beto eskubidea mantentzen dute Segurtasun Kontseiluaren erabakietan: Ameriketako Estatu Batuak, Errusia (garai bateko Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondorengoa), Frantzia, Erresuma Batua eta Txina.

1945eko apirilaren 25an San Frantziskon egin zen lehen konferentzia (Nazioarteko Antolakuntzari buruzko Nazio Batuen Erakundearen konferentzia). Gobernuak ez ezik, gobernuz kanpoko erakundeak ere gonbidatu zituzten. Ekainaren 26an 50 herrialderen ordezkariek Nazio Batuen Erakundeko gutuna sinatu zuten; Poloniak bere izena geroago gehitu zuen, ordezkatuta egon ez arren.

Egitura eta funtzionamendua

Nazio Batuen Erakundeko egoitza nagusiak New Yorken daude, besteak beste, Batzar Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Nazioarteko Justizia Auzitegia eta NBEtako Idazkaritza (Administrazio Fiduziarioko Batzordea, NBEko organoa, 1994an desegin zen, Palauk independentzia lortu ondoren). Atal horiez gain, NBEn barne sartzen dira bestelako hainbat agentzia, programa eta erakunde ere, gai zehatzetan jarduten dutenak: FAO (Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea), ITU (Telekomunikazioen Batasun Internazionala), UNEP (Nazio Batuen Ingurumen Programa), UNESCO (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako erakundea), UNHCR (Iheslarien gaineko Goi komitea), UNICEF (Haurren Nazioarteko Agentzia), WHO (Osasunaren Munduko Erakundea), etab.

2006. urte arte, Kofi Annan izan zen idazkari nagusia. Haren lekukoa Ban Ki-moon korearrak hartu zuen 2006ko abenduaren 14an.

2014ko abenduaren 9an argitaratu zuenez, 57,5 milioi lagunek laguntzaren beharra zuten, gatazken edota hondamendi naturalen biktimei laguntzeko. Siriako errefuxiatuen egoera "premiazkoa" zela adierazi zuen[4].

Hizkuntzak

Sei hizkuntza ofizial ditu: arabiera, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta txinera.

Kideak

Nazio Batuen Erakundeak 193 estatu kide ditu gaur egun, nazioartean erabat onartuta dauden estatu burujabe guztiak barne, Vatikano Hiria izan ezik.

Era berean, badira behatzaile iraunkorrak diren estatuak: Vatikano Hiria eta Palestina, hain zuzen.

Agentziak

  • FAO: Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikagaietarako Erakundea
  • ITU: Telekomunikazioen Batasun Internazionala
  • IBE: Nazioarteko Hezkuntza Bulegoa
  • Munduko Bankua
  • MME: Mundu merkataritzaren Erakundea
  • NDF: Nazioarteko Diru Funtsa
  • OIT Nazioarteko Lan Erakundea
  • OMS edo WHO: Munduko Osasun Erakundea
  • Posta Batasun Unibertsala
  • UNESCO: Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundea
  • UNHCR: Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoa
  • UNICEF: Nazio Batuen Umeentzako Funtsa
  • WIPO: Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundea
  • ACNUR: Nazioarteko errefuxiatuen agentzia.

Idazkari orokorrak

Secretaries-General of the United Nations[5]
Zbk. Izena Sorlekua Kargu hartzea Kargua uztea Oharrak
1 Trygve Lie  Norvegia 1946ko otsailaren 2a 1952ko azaroaren 10a Dimisioa
2 Dag Hammarskjöld  Suedia 1953ko apirilaren 10a 1961ko irailaren 18a Karguan hil zen
3 U Thant  Myanmar 1961ko azaroaren 30a 1971eko abenduaren 31
4 Kurt Waldheim  Austria 1972ko urtarrilaren 1a 1981eko abenduaren 31
5 Javier Pérez de Cuéllar  Peru 1982ko urtarrilaren 1a 1991eko abenduaren 31
6 Boutros Boutros-Ghali  Egipto 1992ko urtarrilaren 1a 1996ko abenduaren 31
7 Kofi Annan  Ghana 1997ko urtarrilaren 1a 2006o abenduaren 31
8 Ban Ki-moon  Hego Korea 2007ko urtarrilaren 1a 2016o abenduaren 31
9 António Guterres  Portugal 2017ko urtarrilaren 1a

Erreferentziak

  1. (Ingelesez)Society, National Geographic (2012-12-23) «international organization» National Geographic Society . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  2. (Ingelesez)«What We Do» www.un.org . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  3. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel (2011) Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345.
  4. «57,5 milioi lagunek laguntza behar dute, NBEren arabera», EiTB, 2014-12-09
  5. .

Kanpo estekak

Akronimo

Akronimoa (grezieratik: ἄκρος, akros, «muturra», eta ὄνομα, onoma, «izena») izen sintagma edo perpaus bateko hasierako letrak edo bestelako zatiak batuz laburtzapen gisa sortutako hitza da. Arrunki, lehen letrak hartzen dira (adibidez: laser, light amplification by stimulated emission of radiation), baina zenbaitetan hasierako zati handiagoak hartzen dira (esaterako: Benelux, Belgika, Nederlanda eta Luxenburgo), edo hasierakoak ez diren zatiak ere (konparazio baterako: Emakunde, Emakumearen Erakundea).

Siglarekin alderatuta, akronimoa izen edo termino independentea izan ohi da. Hiztegi batzuetan, akronimoa eta sigla ez dira bereizten. Sigla bat topatzen dugunean, haren atzean dagoen talde edo dena delakoa adierazten zaigula ulertzen dugu, eta akronimoa, berriz, izen beregaina da, bere osagarriak zein diren ez da hiztun arruntarentzat begi bistako kontua izaten. Siglak ez bezala, soilik lehen letra izan ohi dute larriz akronimoek.

Siglak dira, adibidez:

NBE: Nazio Batuen Erakundea.

GKE: Gobernuz Kanpoko Erakunde.

GNU: GNU is Not Unix!

URL: Uniform Resource Locator (Baliabideen Kokatzaile Uniformea)eta akronimoak, berriz

Emakunde: EMAkume eta eraKUNDE terminoen artean sortua

Elkar: Euskal Liburu eta Kanten ARgitaldaria da, berez, argitaletxe honen izenaren atzean dagoena.

Argentina

Argentina, ofizialki Argentinako Errepublika (gaztelaniaz: República Argentina), Hego Amerikako estatu federala da, Amerikako Hego Konoaren hego-ekialdean, Andeak eta Ozeano Atlantikoaren artean, dagoena. 2.780.400 kilometro koadroko eremua du eta 2010ean 40.117.096 biztanle zituen. Buenos Aires du hiriburu eta hiri nagusi.

Azalerari dagokionez, estatu hispanofonorik handiena, Latinoamerikako bigarrena eta munduko zortzigarrena da. Halaber, Latinoamerikako hirugarren ekonomiarik handiena du. Nazio Batuen Erakundea, Mercosur eta Merkataritzaren Mundu Erakundearen kide sortzaileen artean dago. Hizkuntza ofiziala gaztelania da (bertako hizkuntza indigena batzuk ere hitz egiten dira).

1816an Espainiar Inperiotik askatu eta independentzia eskuratu zuenetik, kontserbadoreen eta liberalen arteko eta aginpide militar eta zibilen arteko barne gatazka gogorrak bizi izan ditu. Aberastasun natural eta baliabide ugariko herrialdea denez, eta atzerriko inbertsio handiak jaso izanari esker, nekazaritza modernoa eta industria askotarikoa dauzka. Bigarren Mundu Gerraz gero militarren diktadurapean egon zen, harik eta 1983an hauteskunde demokratikoak egin ziren arte.

Bake

Bakea harmonia-egoera eta ondorioz gerra edo biolentzia eza bezala definitu ohi da. Honakoa definizio teoriko-formaltzat jotzen delarik, hots, plano kategoriko abstraktu batean kokatzen den definizioa da.

Hala, historian zehar bakea eta bortizkeria eza era desberdinetan ulertu izan dute gizarte eta autore ezberdinek. Esaterako, erromatarrek gudaren ukazio gisa ulertzen zuten. Bakea zentzu negatibo batean definitzen zutelarik: guda ez dena bakea da. Borrokarik ez dagoenean, "bakea" dago. Latinez pax = absentia belli da.

Gaur egun bakea, era positiboago eta zabalago batez ulertzen da, biolentzia material eza ez baita bakearen sinonimotzat hartzen. Hau da, bortxakeria fisikorik eza (biolentzia zuzena, hilketak, pertsonen edo taldeen aurkako errepresio bortitza...) eta egiturek (juridikoek, administratiboek eta sozio-ekonomikoek) sortzen duten bortizkeriarik ez ematea esan nahi du. Azkenengo definizio honi gagozkiola, bake ezaren adibide pobrezia genuke, izan ere honakoak bere jatorria egitura ekonomiko bidegabe batean dauka.

Era berean, Nazio Batuen Erakundea (NBE) eta nazioarteko beste hainbat antolakunde bakea zentzu positiboago batean definitzen eta honako kontzeptuan sakontzen saiatu dira.

Irailaren 21ean ospatzen da Munduko Bakearen Eguna nazioarte mailan.

Bakearen Nobel Saria

Bakearen Nobel Saria (norvegieraz eta suedieraz: Nobels fredspris) Alfred Nobelek sorturiko 5 Nobel Sarietako bat da. Urte horretan bakearen alde, nazioen arteko elkartasunaren alde eta gerren aurka lana egin duen norbaiti ematen zaio. Beste sariek ez bezala Norvegiako Parlamentuko bost kideen komisio batek erabakitzen du nori eman. Saria sortu zen garaian Suedia eta Norvegia herrialde bera ziren eta horregatik banatzerakoan Norvegiari eman zitzaion aukeratzeko eskubidea. Saria Oslon banatzen da abenduaren 10ean, eta Stockholmen ematen ez den Nobel Sari bakarra da.

Bakearen Nobel Sariaren domina Gustav Vigeland norvegiar eskultoreak diseinatu zuen.

Bingu wa Mutharika

Bingu wa Mutharika, jaiotza izena Brightson Webster Ryson Thom (Thyolo, Nyassalandia, 1934ko otsailaren 24a - Lilongwe, 2012ko apirilaren 5a) malawiar ekonomista eta politikaria izan zen. Malawiko presidentea izan zen 2004–2012 bitartean.

Donald Kalpokas

Donald Masike'Vanua Kalpokas (Lelepa uhartea, Hebrida Berriak, 1943ko abuztuaren 23a - ibidem, Vanuatu, 2019ko martxoaren 20a) vanuatuar politikari eta diplomazialaria izan zen.

Vanu'uaku Pati alderdia sortu zuen Walter Linirekin batera. Alderdiak Vanuaturen independentzia eta sozialismoa babesten zuen. 1983an kanpo harremanetako ministroa izan zen eta berriro 1987 eta 1991 bitartean. 1991ko irailaren 6tik abenduaren 16ra lehen ministroa izan zen eta berriro 1998ko martxoaren 30etik 1999ko azaroaren 25era. Parlamentuko hizlaria eta Nazio Batuetakoan enbaxadorea izan zen ere.

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia (UNRWA, United Nations Relief and Works Agency for Palestine Refugees in the Near East) iheslarien esparruan nahiz kanpoan bizi diren palestinar iheslariei eta beren ondorengoei laguntza emateko sortutako Nazio Batuen erakundea da. 1949an eratu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Palestinarrek arabiarren eta israeldarren lehen gerraren ondorioz (1948) galdu zituzten beren etxe eta bizibideak. Egun, 2.600.000 palestinar iheslari zenbatu ditu erakundeak, baina hauetako gutxik jasotzen dute laguntza zuzena, elikagaiak, adibidez. 1980ko eta 1990eko hamarraldietan zehar erakunde honen lan nagusia erakundeak berak kudeatutako osasun zentroetan eta erietxeetan laguntza medikua ematea, eta beren eskoletan hezkuntza eskaintzea izan da. Agentzia komisario nagusi baten eta hamar naziok osatutako batzorde aholkulari baten zuzendaritzapean dago. Egoitzak Vienan (Austria) eta Ammanen (Jordania) ditu.

Emakumeen eskubideak

Emakumeen eskubideek munduko gizarte ezberdinetan emakume eta neskatilei aitortu eta onartzen zaizkien eskubide bereizketari egiten diote erreferentzia. Toki batzuetan eskubide hauek instituzionalki eta legalki babestuak diren arren, munduko zenbait lekutan ez da berdina gertatzen, urratzera edo ukatzera iritsiz.Emakumeen eskubideen nozioarekin gehien erlazionatzen diren gaiak, besteak beste, honakoak dira: osotasunerako eskubidea, norberaren gorputzaren gaineko kontrola, sufragio eskubidea, kargu publikoak izateko eskubidea, lan eskubidea, berdintasunezko ordaintze justu batetarako eskubidea, jabetzak edukitzeko eskubidea, hezkuntza eskubidea, armadan zerbitzatzeko eskubidea, kontratu legalak sinatzeko eskubidea eta ezkontza eta gurasotasun eskubideak.

FAO

FAO (ingelesez Food and Agriculture Organization, euskaraz Elikadura eta Nekazaritza Erakundea) Nazio Batuen Erakundeko agentzia espezializatua da. Haren helburu garrantzitsuena nazioartean gosearen aurkako lana gidatzea da. FAOren baitan estatu guztiek parte hartzen dute, besteak beste, informazio eta ezagutza trukaketan eta herrialde azpigaratuetako nekazaritza hobetu eta eguneratzeko ahaleginetan. Horrez gainera, gaur egun beste hainbat alorretan ere lan egiten du, hala nola, elikadura segurtasunean, basogintzan, arrantzan, eta abarretan.

1945eko urriaren 16an sortu zen Quebecen. FAOren bulego nagusiak Washingtonen egon ziren hasieran, baina 1951tik aurrera Erroman daude. 2006ko apirilean 190 kide zituen (189 estatu eta Europako Batasuna). FAOren goiburua latinezko fiat panis da; euskaraz egon bedi ogia.

John D. Rockefeller Jr.

John Davison Rockefeller, Jr. (Cleveland, Ohio, 1874ko urtarrilaren 29a - Tucson, Arizona, 1960ko maiatzaren 11) Estatu Batuetako finantzaria izan zen. John Davidson Rockefeller lehenaren semea zen. Aitaren filantropia-lanetan jarraitu zuen; Rockefeller Center eraikiarazi zuen New Yorken; ahalegin handiak egin zituen Nazio Batuen Erakundea New Yorkera eraman zezaten, eta artearen garapenerako laguntza ugari eman zuen.

Maggie Kigozi

Maggie Blick Kigozi (Fort Portal, 1950eko uztailaren 5a) mediku ugandarra da, enpresa-aholkularia, hezitzailea eta kirolaria. GINBE-ko (Garapen Industrialerako Nazio Batuen Erakundea) aholkularia da. Ugandako Inbertsio Autoritatearen (UIA-ren) zuzendari izan zen 1999. urtetik 2011. urtera arte.

Nazio Batuen Eguna

Nazio Batuen Eguna 1948az geroztik ospatzen den eguna da, 1945ean Nazio Batuen Gutuna martxan jarri zela ospatzen duelarik. Sinatzaile gehienek dokumentu hau onartu zutenean, Nazio Batuen Erakundea lanean hasi zen ofizialki.

Nazio Batuen izendapena Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak eman zion 1942ko urtarrilaren 1ean, II. Mundu Gerran, 26 estatuetako ordezkariek Gutuna onartu zutenean, Ardatzaren aurka ekiteko konpromisoa hartuz.

Lehen ospakizuna 1948ko urriaren 24an izan zen.

1971n, Nazio Batuetako Asanblada Orokorrak urriaren 24a kide zirenen artean jai egun izendatzeko aholkua eman zuen.

Nazio Batuen Gutuna

Nazio Batuen Gutuna Nazio Batuen Erakundea sortzeko izenpetu zen ituna da. Estatuen arteko itun baten ondorioz sortu zenez, ezin da esan konstituzioa denik, ez baitu herriak berretsi.

1945ean San Frantziskon egindako Konferentzian sinatu zuten garai hartan Nazio Batuen sistemako partaide ziren 50 estatuk (Poloniako ordezkaririk izan ez zenez, honek geroago izenpetu zuen). 1945eko urriaren 24an sartu zen indarrean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek eta gainerako estatu gehienek berretsi ondoren.

Nazio Batuen Erakundeko estatu kide guztiek Gutun hau bete behar dute eta ezin dute beraren kontrako beste itunik izenpetu. Behin berretsi ondoren, gutun hau ez betetzeak NBEtik kanporatzea ekar diezaioke edozein estaturi, nahiz eta inoiz ez den neurri hau aplikatu. Gaur egun munduko estatu independente gehienek Gutun hau berretsita daukate; salbuespen esanguratsuena Aulki Santua da. Honek begirale iraunkorraren estatusa du eta NBEko zenbait agentzia eta taldetan parte hartzen duen arren ez da eskubide osoko kide.

Nazioen Liga

Nazioen Liga (ingelesez League of Nations, frantsesez Société des Nations) nazioarteko erakunde bat izan zen, Lehen Mundu Gerraren osteko Parisko Bake Biltzarraren ondorioz sortutakoa.

Desarmatzea, elkarren arteko segurtasunaren bidez gerra saihestea, negoziazioaren bidez herrialdeen arteko gorabeherak konpontzea eta elkarren aberastasuna sustatzea ziren erakundearen helburuak. Ligaren atzean zegoen diplomazia-filosofiak aurreko 100 urteko nazioarteko harremanetan aldea markatu zuen. Hala ere, Ligak ez zuen inolako indar-armaturik, eta, beraz, garaiko herrialde boteretsuen esku utzi behar izan zuen bere ebazpenak betetzeko autoritatea.

Hainbat arrakasta (eta 1920ko hamarkadaren hasierako zenbait porrot ere), azkenean Ligak ezin izan zuen Ardatzaren erasorik geldiarazi, eta mundu mailako beste gerra bat, Ligak kosta ahala kosta saihestu behar zuena, piztu zen berriro. Gatazka amaitutakoan, Nazio Batuen Erakundea sortu zen Nazioen Liga ordezkatzeko, eta Ligak sortutako zenbait agentzia eta erakunde bereganatu zituen.

Polonia

Polonia (polonieraz: Polska,ˈpɔlska ahoskatua), izen ofiziala Poloniako Errepublika (polonieraz: Rzeczpospolita Polska; kaxubieraz: Pòlskô Repùblika; silesieraz: Polsko Republika), erdialdeko Europako herrialdea da, iparraldean Baltikoaren eta bi mendiguneren artean (Sudeteak eta Karpatoak) hedatua. 312.696 kilometro koadroko eremua du eta 2015ean 38.005.614 biztanle zituen.

Polonia Europar Batasuna, NATO, Nazio Batuen Erakundea, Merkataritzaren Mundu Erakundea, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (OECD), Energiaren Nazioarteko Erakundea, Europako Kontseilua, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundea, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia eta Schengengo Hitzarmenaren kidea da.

Sigla

Siglak termino bat osatzen duten hitzen lehenengo hizkiaz osatutako izen laburrak dira. Euskaraz letra larriz ematen dira, tarteko punturik gabe.

Adibidez:

NBE: Nazio Batuen Erakundea.

BBK: Bilbao Bizkaia Kutxa.

UNESCO

UNESCO edo United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundea da.

1945eko azaroaren 16an sortu zuten Londresen.

Munduko herrialde pobreetan ikastetxeak egiten laguntzen du, baita liburuak argitaratu eta literatura eta hizkuntza gutxituak sustatu ere.

Egun duen presidentea Audrey Azoulay frantziarra da.

“UNESCO”ren helburu orokorra da bakea eta segurtasuna lortzea hezkuntza, zientzia eta kulturaren bidez.

Esan bezala, erakundeak nahi du herrien garapena lortu baliabide natural eta kulturaren bidez. Munduko herriak modernizatu eta aurreratzea da honen xedea, baina kulturaren aniztasuna eta nortasuna galdu gabe.

Erakundeak lan asko egiten du herriak alfabetatzen, hau lortzeko eskolak eraikitzen ditu, irakasleak trebatuz herrialde bakoitzerako.

“Unesco”-ren helburu nagusiak, laburbilduta, hauek dira:

Kalitateko hezkuntza denentzat lortzea eta etengabeko ikasketa.

Zientzia mobilizatu garapen iraunkorra lortzeko

Sozial eta etika erronka berriei aurre egin.

Kultura anitza, bakea eta elkarrizketa sustatu.

Komunikazioa eta informazioa erabili herrialde jankitza eraikitzeko.Lan handiena Afrikan egiten du.

Urriaren 24

Urriaren 24a gregoriotar egutegiaren urteko berrehun eta laurogeita hamazazpigarren eguna da, 298.a bisurteetan. 68 egun falta dira urtea amaitzeko.

Daturen bat falta bada, urtearen lotura jarraitu han sartzeko.

XX. mendea

XX. mendea 1901. urtetik 2000. urtera bitarteko aldia da (bi urte horiek barne).

XX. mendean zehar, aldaketa zientifiko, teknologiko eta sozialak biziagotu egin ziren. Leherketa demografikoa gertatu zen, eta munduko biztanleria 6.000 milioira iritsi mende amaieran. Industria Iraultza bukatua, Ezagutzaren eta Komunikazioaren Iraultza garatu zen, batez ere informatikan eta hedabideetan oinarrituta. Planetaren globalizazio ekonomikoa eta politikoa hasi zen. Ameriketako Estatu Batuak munduko botere nagusi bihurtu zen, batez ere estatu komunista gehienak erori ostean, SESB barne. Eta, nahiz-eta Giza Eskubideak aldarrikatu eta Nazio Batuen Erakundea sortu, XX. mendeak Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak eta beste hainbat gatazka jasan izan ditu.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.