Moldavia

Moldavia[1], ofizialki Moldaviako Errepublika (errumanieraz: Republica Moldova, reˈpublika molˈdova ahoskatua) Ekialdeko Europan dagoen estatu itsasgabea da. Balkanetako penintsulan dago. Sobietar Batasuneko errepublika izan zen, 1991ra arte.

Mendebalde eta hegoaldean, Errumania du mugakide eta ipar eta ekialdean, Ukraina.

33.700 km2 ditu, eta 3.560.400 biztanle (2011ko zenbatespena, moldaviarrak). Dirua Moldaviako leua da.

Hiriburua Chisinau da (707.700 biztanle).

Moldaviako Errepublika
Republica Moldova
Moldaviako bandera Moldaviako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Limba noastră
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Chisinau
Hizkuntza ofiziala(k) Moldaviera (errumaniera)
Herritarra moldaviar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Igor Dodon
 -  Lehen ministroa Maia Sandu
SESBetatik independentzia
Azalera
 -  Guztira 33,846 km2 (138.)
 -  Ura (%) 1,4
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2014) 2.913.281 (133.)
 -  Dentsitatea 122 bizt./km2 (87.)
Dirua Moldaviar leu (MDL)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 373
Internet domeinua md

Geografia

Dniester in Moldova, 2004
Dniesterrek sortutako ibarra.

Inguru naturala

Herrialdearen muga naturalak Dniester eta Prut ibaiak dira: lehena ekialdean dago eta bigarrena, mendebaldean. Prut ibaiak Danubiorekin bat egiten du iparraldetik, Itsaso Beltzean amaitu baino lehen.

Iparraldeko eskualdeak menditsuak dira: 400 metro inguruko muinoak ere badaude.

Hiri nagusiak

  1. Chisinau: 647.513 biztanle.*
  2. Tiraspol: 159.163.**
  3. Balti: 122.778.*
  4. Bender: 97.027.**
  5. Ribnita: 53.648.**

(*2005; **2004).

Biztanleak

Erlijioa: ekialdeko kristau ortodoxoak, % 93,3; protestanteak, % 2.

Gizatalde nagusiak: moldaviarrak, % 75,8; ukrainarrak, % 8,3; errusiarrak, % 5,9.

Moldaviak du Sobietar Batasun ohiko errepubliken eta inguruko herrialdeen artean biztanle dentsitaterik handiena (121 biztanle/km2), bertako lurren aberastasunaren eta bilakaera ekonomiko azkarraren eraginez. Era berean, Moldavia da Europako urbanizazio maila apalenetakoa duen herrialdea: biztanleen % 41 inguru bizi da hirietan. Dena dela, herriak handi samarrak dira eta gehienetan argindarra dute. Bizi itxaropena 65 urtekoa da, batez beste. Biztanle kopuruaren hazkundea oso txikia da: 2005eko zenbatespenen arabera, % 0,22 da.

Hizkuntza

Moldaviera, —errumanieraren aldaera— hizkuntza ofiziala da, baina kontzeptuari eta nortasunari dagokienez, ika-mikak sortzen ditu: hizkuntza arloan, bi mintzairak gauza bera dira, baina alde nagusia da moldavierak alfabeto zirilikoa erabiltzen duela batzuetan —Transnistrian, adibidez—. Moldaviako gainontzeko lurraldean, hala ere, moldaviera izeneko errumanieraren aldaera latindar alfabetoz idazten da.

Bigarren hizkuntza nagusia errusiera: gizartearen zati handi bat harekin elebiduna da. Ukrainera ere oso hedatua da; bestalde, biztanleen herenak frantsesez daki, herrialdea Frankofoniako kidea da.

Ekonomia

Moldaviak klima egokia eta lur oparoak ditu, baina ez du mea baliabide aberatsik. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da eta haren mende dago (ekonomia jardueraren % 34 inguru hartzen du); gehien lantzen diren gaiak fruituak, barazkiak, mahatsa, larrosak eta tabakoa dira. Abeltzaintzak ere garrantzi handia du, esnetarako eta haragitarako abere aziendek batez ere.

Moldaviak, bestalde, oinarrizko lehengaiak inportatu behar ditu (petrolioa, ikatza, gas naturala...) eta gai horien hornitzaile nagusia Errusia duenez gero, 1991. urtean Sobietar Batasuna erori zenetik, industria ekoizpenean murrizketa handiak izan dira.

Industria aipagarrienak nekazaritzatik ateratzen diren gaien lanketarekin (azukre findegiak, ardogintza) lotuta daude.

1992an gainbehera larria gertatu zen industria ekoizpenean eta, oro har, ekonomia guztian; beheraldi horretan eragin handia izan zuen Dniester ibaiaren ekialdeko lurraldean pizturiko gerra zibilak ere. Moldaviako gobernuak ekonomian aurrerapen handiak egiteko neurriak hartu zituen eta berrikuntza asko egin ziren (prezioak liberalizatu, pribatizazioa bultzatu, interes tasei mugak kendu, esportazioen gaineko kontrola murriztu...), baina azken urteetan neurri horietako batzuetan atzera egin du. 1998an barne produktu gordinaren hazkundea eten eta atzeraldia izan zen (1995ean iritsi zuen mailarik apalena, -% 8,6 eta 1997an, -% 2,5 izan zen), Errusiarekin tirabirak izan zituelako eta herrialde harekin dituelako merkataritza harreman guztien erdia baino gehiago.

1999an Nazioarteko Diru Funtsa berriro hasi da Moldaviari kredituak ematen (1997an bertan behera utzi zuen ekimen hori), eta 1999rako 135 milioi dolar izendatu zizkion NDF erakundeak.

Nolanahi ere, 2005eko datuen arabera, biztanleko BPGa munduko batez bestekoaren 4,5 aldiz txikiagoa zen (nahiz eta 2007an igo egin zen) eta biztanleen % 20 inguru bizi ziren pobrezian.

Gobernua eta administrazioa

Moldadm
Eskualde moldaviarrak.

Legebiltzarra da legegintzaren ardura duen erakundea, 104 diputatuz osaturiko ganbera bakarrarekin. Diputatuak eta lehendakari eta estatuburua bost urtez behin aukeratzen dira. 1994an onartu zen konstituzioa eta herrialdea osatzen duten herrien arteko elkar ulertzea bultzatzeko xedea du.

Banaketa administratiboa

Moldavia 32 barruti, hiru udaltasun (Balti, Chisinau, Bender) eta bi eskualde autonomotan (Gagauzia eta Transnistria) banatuta dago. Azken horren estatusa eztabaidan dago oraindik gaur egun.

Historia

Antzinaroan, Europa eta Asiaren arteko kokapena dela-eta hainbat inbasio pairatu zuen, tartean godo, huno, magiar eta mongoldarrenak. Bestela, Erromatar Inperioaren garaian Daziako probintziaren zatia izan zen.

Erdi Aroan, Moldaviako Printzerriko zati nagusia izan zen XIV. mendetik, Errusiako Inperioak 1812an bereganatu zuena.

Errumaniako beste herrialdeekin bat egin zuen 1918an, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean, berriz, SESBko errepublika bihurtu zen 1991ko abuztuaren 27an independentzia aldarrikatu zuen arte.

Moldaviako printzerria

Humorstefan
Stefan III.a Moldaviako printze nagusia (1457-1504).

XIV. mendean, Ekialdeko Karpatoetako printzerri batzuek bat egin eta Moldaviako printzerri autonomoa eratu zuten. Printzerriak hedadura handiena erdietsi zuenean, iparraldetik eta ipar-ekialdetik Dniester ibaiak mugatzen zuen, hegoaldetik Itsaso Beltzak, Dobrudjak eta Valakiak, eta mendebaletik Transilvaniak. Printzerriaren urterik oparoenak Estebe IV.a Handiaren agintaldikoak izan ziren (1457-1504), herrialdea otomandarren erasoez babestea lortu baitzuen. Hala ere, XVI. mendearen erdialdean, printzerria otomandarren inperioaren zergapeko estatu autonomo bihurtu zen eta, hurrengo hirurehun urtez, sistema feudal gogor bat ezarri zuten turkiarren mendean egon zen.

Errusiaren mende

XVIII. mendean errusiarren aginpidea Moldavian handituz joan zen, eta 1774an Errusiaren babespean geratu zen, nahiz eta Turkiak izan lurraldearen gaineko aginpidea. Turkiaren eta Errusiaren arteko 1806-12 bitarteko gerraren ondoren, Moldaviako zati bat, Besarabia, Errusiaren mendean geratu zen.

Krimeako gerraren ondoko Parisko Itunean (1856), Besarabiako hegoaldea Moldaviari eman zitzaion. 1859an Moldaviak Valakiarekin bat egitea erabaki zuen, eta Alexandro Joan Cuza printzearen aginpidean Errumaniako estatua osatu zuten; batasuna 1861ean gauzatu zen. Errusiaren mendeko Besarabia Sobietar Errepublika Sozialista Autonomo bihurtu zen, Ukrainaren baitan lehendabizi (1924-40), eta Moldaviako sobietar errepublika sozialistaren baitan gero.

Burujabetasuna

Gheorghe Ghimpu arboreaza Tricolorul
Gheorghe Ghimpu sobietarren bandera kendu eta moldaviarrena jarri zueneko irudia, 1990eko apirilaren 27koa.

1991. urtean Sobietar Batasunarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuen Moldaviak, baina 1980ko hamarraldiaren hasieratik dagoeneko etnien, lurraldeen eta hizkuntza desberdineko taldeen arteko liskarrak nabarmendu ziren Moldaviako politikan, eta hamarraldi haren amaieran izan zuten, hain zuzen ere, unerik larriena, Dniester ekialdeko gerra zibilarekin. 1989. urtean Moldaviako burujabetasunaren aldeko mugimendua indar hartzen hasi zenean, hizkuntza nazionalaren auzia larritu zen. Izan ere, Moldaviako lurraldea Errusiaren mende geratu zenez gero, alfabeto zirilikoa erabili izan zen bertan (errusiera zen hizkuntza ofiziala), baina 1989an independentzia zaleen presioei esker, errumaniera (errumanieraren moldaviar aldaera, alfabeto latindarrekoa) izendatu zuten Moldaviako hizkuntza ofiziala. Dniester ekialdeko lurraldeetan — inguru hartan, errusiera mintzatuagoa da errumaniera baino—, ez zuten errumaniera hizkuntza ofizial gisa hartzen zuen legea onartu eta autonomia eskatzen hasi ziren beren lurraldearentzat.

Bestalde, Moldaviaren burujabetasunaren aldeko mugimenduarekin batera, Errumaniarekin bat egitearen aldeko iritzia zabaldu zen (historian zehar lotura estua izan du Moldaviak Errusiarekin zain Errumaniarekin) eta horrek are gehiago larritu zuen egoera: adibidez, Errumaniarekin bat egitearen kontrako greba handiak egin zituzten errusiarrek. Moldaviako hegoaldean ere, Gagauziako lurraldean, burujabetasunaren aldeko mugimendua indartu zuten gagauziarrek.

1990ean autonomiari buruzko erreferenduma egin zuten Dniester ekialdean: Dniester ekialdeko errepublika osatzea erabaki zen eta errusiarrek beren gobernua ezarri. 1991n, beraz, Moldaviak Sobietar Batasunarekiko burujabetasuna aldarrikatu zuen urtean, gauza bera egin zuten Moldaviari buruz Dniester ekialdean eta Gagauzian, eta errepublika burujabe izendatu zituzten lurralde haiek; bi lurraldeotan Moldaviaren burujabetasunaren kontra eta Errumaniarekin bat egitearen kontra zeuden.

Moldaviako lehendakaritzarako lehenengo hauteskundeetan Mircea Snegur moderatua izan zen garaile, Mircea Druc, Errumaniarekin bat egitearen aldekoen buruzagiari aurrea harturik. Dniester ekialdeko gatazkak lurraldeen arteko batasuna arriskuan jarriko zuen beldur, eta lurraldeen arteko gatazkak indarra erabili gabe konpontzearren, Moldaviako lehendakariak amore eman behar izan zuen gauza askotan: lurraldean bakea lortu eta egoera bere onera etorri arte errusiar gudarostearen presentzia onartu zen, besteak beste, eta 1992an bake hitzarmena sinatu zen.

Tirabirak ez ziren erabat konpondu, ordea, eta 1994ko konstituzio berriaren bidez hegoaldeko gagauziarrei eta Dniester ekialdeko errusiarrei autonomia gehiago eman zitzaien, Moldaviako etnien eta lurraldeen arteko elkarbizitza erraztearren: errumaniera hizkuntza ofiziala zen arren, zeinek bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea onartu zen, gobernu propioa osatzeko aukera eman zitzaien eta, era berean, Moldaviak inoiz Errumaniarekin bat eginez gero, lurralde berriarekiko burujabetasuna eskuratzeko eskubidea aitortu zitzaien.

1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Petru Lucinschi izan zen irabazle, ezkerreko taldeen babesarekin. Hurrengo urtean Andrei Sangheli nazionalistak dimisioa eman zuen, eta Ion Ciubuc izendatu zuten Lehen Ministro. Petru Lucinschiren agintaldiaren hasieran ekonomia egoerak okerrera egin zuen, eta 1998ko legebiltzarrerako hauteskundeetan komunistek gora egin zuten.

2001ean Vladimir Vorodin izendatu zuten lehendakari eta Vasile Tarlev gobernuburu; eraberritu gabeko alderdi komunista batek agintea berreskuratu zuen Sobietar Batasun ohiko estatu bakarra izan zen. Alderdi komunistak erreforma ekonomiko eta sozial handiak egiteko programa bat abian jarri zuen, herrialdea Europar Batasunean sartzeari begira, eta ahalegin handiak egin ziren lana sortzeko halaber. 2005eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuten komunistek berriro ere (2008an alderdi bereko Zinaida Greceanli izendatu zuten lehen ministro).

2014ko azaroaren 30ean, 3.000.000 moldaviar hauteskundeetara deituta zeuden, EB eta Errusiaren arteko tentsioa handia zen unean[2]. Europako Batasunaren alde zeuden indarrek irabazi zituzten hauteskundeak eta koalizio gobernua prestatzen hasi ziren. Errusiazaleak aurretik zihoazen, botoen erdiak zenbatu arte[3].

Abenduaren 4an, gobernu akordioa berritu zuten gobernuan zeuden hiru alderdi europazaleek[4]. Abenduaren 8an, Moldaviako sozialistek hauteskundeak inpugnatu zituzten[5].

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. «3.000.000», Berria, 2014-11-30
  3. «Europazaleentzako lasaitua», Berria, 2014-12-02
  4. «Moldavian gobernu akordioa berritu dute agintean ziren hiru alderdi europazaleek», Berria, 2014-12-05
  5. «Moldaviako sozialistek bozak inpugnatu dituzte», Berria, 2014-12-09

Kanpo loturak

Besarabia

Besarabia (errumanieraz: Basarabia, ukraineraz: Бессарабія, Bessarabia, turkieraz: Besarabya) Erdialdeko Europako hegoekialdeko eskualde bat da. Iparraldean, Ukrainarekin, eta hegoaldean Dobrudja eta Errumaniarekin muga egiten du. Besarabia Errusiar Inperioak Moldaviako ekialdeko zatia identifikatu zuen izena da, Errusiak Otomandar Inperioari 1812an kendu ziona eta Besarabiako Gobernatura Orokorra bezala antolatu zuen. Moldaviatik geratzen zena, Valakiarekin elkartu zen 1859an Errumaniako erresuma sortuz. 1917an Moldaviako Errepublika demokratikoa izendatua izan zen Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren barnean. 1918an, Besarabiak Errusiatik independizatuko zela adierazi zuen, eta, hiru hilabete geroago, Staful Tariik Errumaniarekin batzea bozkatu zuen. Elkartzeak nazioarteko onarpena izan zuen 1920an, Parisko Itunaren bidez, baina gutxiengo etniko eta tokiko nekazarien kexak eragin zituen.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Sobietar Batasunak, Alemania Naziarekin Besarabia errusiar subiranotzara itzultzea negoziatu zuen, Molotov-Ribbentrop itunaren bidez. 1940ko ekainean, 9. Sobietar Armadak eskualdea hartu egin zuen, baina sobietarrek berriz galdu zuten Bizargorri Operazioan 1941 erdialdean. Gerraren amaieran Sobietar Batasunak Besarabia gorde egin zuen eta Moldaviako Sobietar Errepublika Sozialista moduan berrantolatu zuen, haren eremua murriztuz Ukraniako Sobietar Errepublika Sozialistari iparraldeko eta hegoaldeko zatiak emanez.

1991n Moldaviako Sobietar Errepublika Sozialistak bere independentzia aldarrikatu zuen Sobiet Batasunetik, eta Moldaviako Errepublika edo soilik Moldavia izena hartu zuen.

Dniester

Dniester Ekialdeko Europako ibaia da. Asiako esteparen amaiera markatzen du.

Ukrainan jaiotzen da, Poloniako mugatik hurbil. Kilometro batzuetan, Ukraina eta Moldaviaren arteko muga markatzen du. Gero, 398 km.tan Moldavian zehar egiten du, Transnistria lurraldea bereiziz. Geroago, Moldavia eta Ukrainaren arteko muga osatzera bueltatzen da, azkenean, ahoa Ukrainan izateko. Bigarren Mundu Gerraren aurretik, Dniester Errumania eta Sobiet Batasunaren arteko muga zen.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Errumania

Errumania (errumanieraz: România, romɨˈni.a ahoskatua) Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Mendebaldean Hungaria eta Serbiarekin du muga, iparraldean Ukrainarekin, ipar-ekialdean Moldavia eta Ukrainarekin, ekialdean Itsaso Beltzarekin, eta hegoaldean Bulgariarekin. 238.391 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2011n 20 milioi biztanle baino gehiago zituen. 2007tik, Europar Batasuneko kidea da. Bukarest da hiriburua eta hiri nagusia.

Izenak eta hizkuntzak adierazten dutenez, gaurko Errumaniaren eremua Erromatar Inperioaren parte izan zen, eta orduz geroztik historia luzekoa izan da. Errumaniar lurraldea behin baino gehiagotan beretu dute hungariarrek, turkiarrek eta errusiarrek, eta Lehen Mundu Gerraren ondotik da egungo estatu bateratua. Herrialde komunista izan zen berrogei urte baino gehiagoan, eta erregimen mota hori utzi zuen Europako azken herrialdea izan zen.

Errumaniera

Errumaniera (limba română) hizkuntza indoeuroparra da, batez ere Errumanian eta Moldavian (moldaviera izena du han) hitz egiten dena. Bi herrialde horietan eta Serbia, Hungaria eta Ukrainako alde batzuetan ofiziala da.

Mundu osoan zehar, 28 milioi pertsona inguruk hitz egiten dute: munduko 36. hizkuntza mintzatuena da.

Independentzia

Independentzia herrialde bat beste baten menpean ez egoteari deritzo. Herrialde batek, independentzia osoa ez duenean, neokolonialismo deritzo; egoera hau Afrikako herrialde batzuetan ematen da bereziki. Bi herrialdeen artean harremanak daudenean, autonomia egoera hartzen du.

Moldaviako bandera

Moldaviako bandera 1990eko maiatzaren 12an erabakitakoa da. Neurri bereko hiru zutabez osatuta dago: urdina, horia eta gorria. Erdian Moldaviako armarria darama, Errumaniako banderarengandik bereizteko, bestela berdinak dira-eta.

Moldaviako futbol selekzio nazionala

Moldaviako futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Zimbru Stadium zelaian jokatzen ditu etxeko partidak, Chisinau hiriburuan.

Moldaviar

Moldaviar (errumanieraz: moldoveni, moldoˈvenʲ ahoskatua; moldoviar zirilikoz: Молдовень) hegoaldeko Moldavian eta Ukraina eta Errusiako eskualde batzuetan bizi den etnia batekoa da, etnia horri dagokiona. Guztira 2,9 milioi inguru dira, gehienak Moldavian bizi direnak. Turkiar herri honen gehiengoa kristau ortodoxoa da, gutxiengo katoliko txikia izanda. Bere hizkuntza nazionala moldaviera da.

Hitza antzinako Moldaviako Printzerrian egun bizi direnei izendatzeko ere erabiltzen dute, bere herritartasuna direna direla (egungo Errumania- %47,5a- Moldavia- %30,5a- eta Ukraina- %22a- artean elkarbanatuta dagoena). Era berean, adituen artean, eztabaida bizi bat dago: berezko herria edo errumaniarren barneko taldea diren ala ez.

Moldaviaren banaketa administratiboa

Moldavia administratiboki lehen mailako 37 unitateetan — horietatik 32 barrutiak (errumanieraz raioane raion) — banatzen da.

hiru udalerri:

autonomia lurralde unitate bat:

lurralde unitate bat:

Horretaz gain, bigarren maila administratibo bezala 982 herritan banatzen da. Horietatik 5 udalerri maila dute, 60 hiri maila eta 917 komuna maila.

Otomandar Inperioa

Otomandar Inperioa edo Ate Gorena (otomandar turkiera zaharrean: دولت عالیه عثمانیه Devlet-i Âliye-yi Osmâniyye, azken otomandarrean eta egungo turkieraz: Osmanlı Devleti edo Osmanlı İmparatorluğu) 1299tik 1922 arte turkiarrak buru zituen inperioa izan zen, etnia eta erlijio anitzekoa. Boterearen erpinean (XVI. eta XVII. mendeetan), hiru kontinentetan zehar hedatzen zen: hego-ekialdeko Europan, Ekialde Hurbilean eta Iparraldeko Afrikan; mendebaldean Maroko mugatik ekialdean Kaspiar Itsasoraino, iparraldean Austriako mugatik egungo Somaliaraino. Hogeita bederatzi probintzia —Moldavia, Transilvania eta Valakia haren mendeko printzerriak gehitzeke— izatera iritsi zen.

Raion

Raion bat Sobietar Batasunean erabiltzen zen eta gaur egun Errusia, Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan, Georgia, Moldavia eta Lituanian erabiltzen den banaketa administratiborako izena da. Orokorrean unitate adiministratibo handiago baten zatiketa da eta barrutitzat har daiteke itzulpenetarako garaian.

Raionak Sobietar Batasunaren garaian sortu ziren aurreko volost eta uyezdak aldatzeko.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna edo Sobietar Batasuna Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independenteen Elkartea moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

Suceava konderria

Suceava Errumania erdialdeko barrutia (judeţ-a) da, Moldavia eskualdean. Azaleraz 8.553 km² da. Barrutiko hiriburua izen bereko Suceava da, 105.865 biztanlekoa.

Transnistria

Transnistria nazioarteak onartutako Moldaviako mugen barneko de facto lurralde independentea da. Hala ere, Transnistriaren independentzia estatu edo nazioarteko elkarte batek ere ez du berresten, eta de jure, Moldaviako zati bat da.

Bertako gobernuak Pridnestrovie izena beste hizkuntzetan ere erabiltzea bultzatzen du. Akronimo gisa PMR erabiltzen da, errusierazko izen luzearen transkripzioa.

Ukrainaren banaketa administratiboa

Ukraina 24 oblastetan, errepublika autonomo batean (Krimea), eta estatus bereziko bi hiritan (Kiev eta Sebastopol) banaturik dago. 2014ko martxoaren 18an, Krimeako Errepublika eta Sebastopol hiria Errusiara anexionatu ziren. De iure Ukrainaren parte izaten jarraitzen dute, baina de facto Errusiaren zati dira.

Vrancea

Vrancea Errumaniako ekialdeko barruti bat da. Barrutiaren hiriburua Focşani hiria da. Haren lurralde gehiena Moldavia eskualde historikoan kokatua dago, baina hegoaldeko partea Munteniari dagokio. Barrutiak 4.857 km²-ko azalera du.

Barrutiaren mendebaldea lurralde menditsua da, errumanieraz "Carpaţii de Curbură" deitua, Ekialdeko Karpatoetatik hegoaldera kokatua; 1.400 m-tik gorako mendiak ditu. Ekialdean, altitudea txikiagoa da. Punta ibaiak (Siret ibaiaren adar nagusia da) zeharkatzen du barrutia.

Eskualdea sismikoki aktiboa da, eta urtero lurrikarak izaten ditu, epizentroa 80 km eta 160 km bitarteko sakoneran dutela.

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.