Malawi

Malawi, izen ofiziala Malawiko Errepublika[2], Afrikako hego-ekialdeko estatu burujabea da, lehenago Nyassalandia izena zuena. Iparraldean Tanzaniarekin du muga, Mozambikerekin ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean, eta Zambiarekin mendebaldean. 118.484 kilometro koadroko eremua hartzen du, Nyassa aintziraren mendebaldeko bazterrean, eta 18,1 milioi biztanle zituen 2016an.[1] Lilongwe da hiriburua eta hiri nagusia.

Munduan gutxien garatutako herrialdeen artean dago; nekazaritza da ekonomiaren oinarria, eta biztanle gehienak landa-ingurunean bizi dira. Bizi-itxaropen txikia eta haurren heriotza tasa handia ditu; HIESaren prebalentzia oso altua da.[3]

Malawiko Errepublika
Dziko la Malaŵi
Chalo cha Malawi
Malawiko bandera Malawiko armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Unity and Freedom
(Batasuna eta Askatasuna)
Ereserkia: Mulungu dalitsa Malaŵi
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Lilongwe
Hizkuntza ofiziala(k) txewera, ingelesa
Herritarra malawiar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Peter Mutharika
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1964ko uztailak 6 
Azalera
 -  Guztira 118,484 km2 (98)
 -  Ura (%) 20,6
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 18.091.575 (64)
 -  2008 errolda 13.077.160
 -  Dentsitatea 128,8 bizt./km2 (86)
Dirua kwacha (MWK)
Ordu-eremua CAT (UTC+2)
Aurrezenbakia 265
Internet domeinua mw

Geografia

Mugak

Malawi hego-ekialdeko Afrikan dago, hego latitudeko 9° eta 18° artean, eta ekialdeko longitudeko 32° eta 36° artean. 837 kilometroko luzera eta 10–160 kilometro bitarteko zabalera du. Iparraldean Tanzaniarekin du muga, ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean Mozanbikerekin, eta ipar-mendebaldean Zambiarekin.

Eskualde naturalak

Monoxylon beach Lake Malawi 1557
Nyassa aintzira
Nyika Plateau II (14874700438)
Nyika Parke Nazionala

Lau eskualde natural nagusi daude:

  • Ekialdea, Rift Haran Handiak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena, Nyassa (edo Malawi) aintzira eta Shire ibarra barne.
  • Erdialdeko ordoki zabala, 760 eta 1.370 metro bitarteko garaiera duena; lurraldearen hiru laurden hartzen ditu.
  • Lur garaiak: Nyika eta Viphya goi-ordokiak iparraldean, eta Shire ibaiak alderik alde igarotzen duen eremua hegoaldean (Shireko lur garaiak).
  • Sumendi-jatorriko mendi multzo bakartuak hegoaldean: Zomba (2.134 metro) eta Mulanje (Sapitwa, 3.002 metro).

UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zituen Malawi aintzirako Parke Nazionala 1984an, eta Chongoniko labar-arte eremua 2006an.

Hidrografia

Afrikako Aintzira Handiak izeneko eskualdean dago Malawi. Nyassa lakuak hartzen du herrialdearen ekialdea, eta Tanzania eta Mozanbiketik bereizten du. Aintzira hori, Afrikako hirugarrena neurriari dagokionez, munduko luzeen eta sakonenetako bat da; Shire ibaiaren bidez, Zambezira isurtzen du ura. Nyassaren hego-ekialdean Malonbe eta Txilwa aintzirak daude.

Landaredia eta fauna

Landaretzari dagokionez, oihanek eta basoek hartzen dute lurraldearen laurden bat gutxi gora-behera: sabana da ordoki elkorretan, eta banbuak, arkaziak eta beste zuhaitz batzuk lur garaietan. Iparraldeko goi-ordokian eukaliptuak, pinuak eta zedroak landatu dira haien zura ustiatzeko. Fauna ugaria da; ugaztun handiak daude (elefanteak, lehoiak, lehoinabarrak, afrikar bufaloak, hipopotamoak, errinozero beltzak) eta hegazti dibertsitate altua. Nyassa aintziraren arrain aberastasuna munduko handienetakoa da.[4] Bost parke nazional daude: Kasungu, Malawi aintzira, Lengwe, Liwonde eta Nyika.

Klima

Klima ekuatoriala du Malawik, eta montzoi haizeek eragin handia dute lurralde osoan. Bi sasoi nagusi bereizten dira urtean zehar, lehorra bata, maiatzetik urrira, eta hezea bestea, azarotik apirilera. Urtean, batez beste, 2.300 mm euri izaten da iparraldeko goi-ordokian, eta 650 mm, berriz, lur behereetan. Urteko batez besteko tenperatura 21-29 °C artekoa da lur behereetan, eta 14-21 °C artekoa lur garaietan.

Historia

Maravi Kingdom map c. 1650s
Maravi Erresuma XVII. mendean

I. mendetik IV. mendera bitartean, bantu hizkuntzan mintzatzen ziren herriak finkatu ziren lurraldean. Bantuek sortu zituzten lehen erreinuak, eta hala, 1480an, Maravi Erresuma eratu zuten, gaur egungo Malawiren erdialdea eta hegoaldea hartzen zuena. XVI. mendean iritsi ziren lehenbiziko portugaldar esploratzaileak. 1600. urte inguruan, nyakyusa herriak erresuma bat sortu zuen Malawiko iparraldean; halaber, XVIII. mendean, Nyassa aintziraren ekialdeko ertzetik joandakoek Chikulamayembe erresuma sortu zuten. XVIII-XIX. mendeetan, esklaboen salerosketak indar handia izan zuen. XIX. mendearen hasieran, swahili eta yao herriak finkatu ziren lurraldean. 1859an, David Livingstone britainiar esploratzailea Nyassa aintzirara iritsi, eta kristau erlijioa zabaltzen hasi zen. Hala, 1880-1890 bitarteko urteetan misio etxeak sortu ziren. 1891n, britainiarren babes-herri bihurtu zen lurraldea; Nyassaland izena ezarri zioten.

The National Archives UK - CO 1069-165-9
Hastings Banda (ezkerrean) eta Julius Nyerere, Tanzaniako presidentea

1953an, Ipar eta Hego Rhodesiarekin batera (gaur egungo Zambia eta Zimbawe, alegia), konfederazio bat sortu zuen, 1963an desegin zena. 1964ko uztailaren 6an independentzia lortu zuen. Estatu berriak Malawi izena hartu zuen eta errepublika bihurtu zen 1966an, Hastings Banda lehen ministroak lehendakaritza lortu zuenean. 1971n, hil arteko lehendakari izendatu zuten Banda diktadorea, eta bera egon zen agintean, harik eta 1993an, nazioarteko presioaren eraginez, alderdiak legeztatu eta hauteskunde libreak egin ziren arte. Izan ere, Banda lehendakaria oso gaixo zegoen eta gobernuak hauteskundeak deitu behar izan zituen haren ondorengoa aukeratzeko; era berean, konstituzioa aldatzeko erreferenduma egin zen eta, baiezkoa atera zelarik, konstituzio berria idatzi, alderdi politikoak legeztatu eta bi ganberaz osaturiko legebiltzarra (Nazio Biltzarra eta Senatua) osatu zen. Bandaren agintaldian ekonomia suspertzeko ahalegin handiak egin ziren eta harreman onak izan zituen zurien agintepean zeuden herrialdeekin, besteak beste Hegoafrikako Errepublikarekin; beste herrialde batzuetako agintari beltzek gogor kritikatu zituzten apartheid politikaren erabiltzaileekiko harreman on horiek, eta Afrikako kontinenteko gorabeheretan eskumen gutxi izan zuen Malawik.

1994ko hauteskundeak deitu zirenean, ekonomia nahiko motel zegoen, lehortearen ondorioen eta kanpo zorraren eraginez batez ere, eta gainera bere kontrako jarrera eta kritikak nagusitu ziren, bai Malawin eta bai nazioartean, giza eskubideen kontrako erasoak zirela-eta. Horrela, 1994ko hauteskundeetan Fronte Demokratiko Batua (UDF) atera zen irabazle eta haren burua, Elson Bakili Muluzi, izendatu zuten estatuburu. Harrezkero, aliantza osatzeko ahaleginak egin ziren agintean zegoen alderdiaren, Bandaren agintaldian legezkoa zen alderdi bakarraren (MCP), eta Demokraziarako Aliantzaren (AFROD) artean, baina hainbat tirabira izan ziren hiru alderdien artean; tartean oposizioko alderdiek (MCP eta AFROD) bateratzeko ahaleginak egin zituzten, baina Bakili Muluzik agintean jarraitu ahal izan zuen, oposizioak ez baitzuen hasieran batasunik lortu eta, bat eginez gero ere, hauteskundeak egin behar izango baitziren. Muluzi lehendakariaren ahalegin nagusia pobretasuna gainditzea izan zen, eta garrantzi handiko urratsak egin ziren errepublikan demokrazia sendotzeko; trantsizioa indarkeriarik gabe bideratzea zen beste helburuetako bat.

1998an, Nazioarteko Diru Funtsaren gidaritzapean pribatizazioak bultzatuz, ekonomia egonkortzeko finkaturiko planak huts egin zuen, eta ez ziren helburu nagusiak bete: esaterako, barne produktu gordina %7 igotzea zen helburuetako bat, eta 1998an %1,1 bakarrik igo zen; inflazioa oso handia zen, kanpo zorra ere bai, eta per capita errenta urteko 278 dolarrekoa baino ez zen. Dena dela, oposizioaren presioa txikitu egin zen, herrialdearen arazo larriak ikusirik inork ez baitzuen, itxuraz, gobernuaren gaineko kontrola hartu eta herrialdea aurrera ateratzeko ahalmenik, eta horrela, 1999ko hauteskundeetan Elson Bakili Muluzi izan zen berriro garaile, MCP eta AFORD alderdiek osatu zuten oposizioko koalizioari aurrea harturik. 2004an, Bingu wa Mutharika hautatu zuten lehendakari, nahiz eta iruzurra izan ote zen susmoa zabaldu zen. 2009ko hauteskundeak ere Bingu wa Mutharikak irabazi zituen, baina 2012ko apirilean hil zen, bihotzekoak jota; Joyce Banda presidenteordeak hartu du haren kargua.[5] 2014an, Peter Mutharika, Bingu wa Mutharikaren anaia, nagusitu zen presidentetzarako hauteskundeetan. 2016an, lehorteak eragindako “hondamendi nazionala” adierazi zuen presidenteak; izan ere, herrialdea gaitzeko lehortea pairatzen ari zen El Niño izeneko fenomeno atmosferikoaren eraginez.[6]

Gobernua eta administrazioa

Politika

Errepublika presidentzialista da. Egungo konstituzioa 1994an idatzi eta 1995ean sartu zen indarrean, eta zenbait aldiz egin zaizkio zuzenketak. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da, eta bost urtez behin hautatzen da bozketa zuzenaren bitartez. Botere legegilea Nazio Biltzarraren esku dago; 193 kide ditu, bost urtetik behin aukeratzen direnak.[3]

Banaketa administratiboa

MW-Districts
Malawiko barrutiak

Hiru eskualde handitan banaturik dago: Iparraldekoa, Erdialdekoa eta Hegoaldekoa. Iparraldeko eskualdean 6 barruti daude, Erdialdekoan 9, eta Hegoaldekoan 13.

  • Erdialdeko eskualdea
    • 1 Dedza
    • 2 Dowa
    • 3 Kasungu
    • 4 Lilongwe
    • 5 Mchinji
    • 6 Nkhotakota
    • 7 Ntcheu
    • 8 Ntchisi
    • 9 Salima
  • Iparraldeko eskualdea
    • 10 Chitipa
    • 11 Karonga
    • 12 Likoma
    • 13 Mzimba
    • 14 Nkhata Bay
    • 15 Rumphi
  • Hegoaldeko eskualdea
    • 16 Balaka
    • 17 Blantyre
    • 18 Chikwawa
    • 19 Chiradzulu
    • 20 Machinga
    • 21 Mangochi
    • 22 Mulanje
    • 23 Mwanza
    • 24 Nsanje
    • 25 Thyolo
    • 26 Phalombe
    • 27 Zomba
    • 28 Neno

Demografia

Biztanleria

Malawi n3
Malawiarra xilofonoa jotzen.

2016an 18.091.575 biztanle zituen,[1] eta 128,8 biztanle kilometro koadroko dentsitatea, Afrikako handienetakoa. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %46,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %20,6, 25-54 urte bitartekoak %27,6, 55-64 urte bitartekoak %3 eta 65 urtetik gorakoak %2,7. Haurren heriotza tasa altua da, biztanleriaren hazkunde-tasa %3,31koa eta bizi itxaropena txikia, 62,2 urtekoa (60,2 urtekoa gizonezkoena eta 64,3 urtekoa emakumezkoena; 2018ko zenbatespenak).[3]

Ia %40ko analfabetismoa du. Beste gaixotasun infekziotso batzuek ere kalte handiak egiten dituzten arren, urtean batez beste 17.000 lagun hiltzen dira HIESak jota eta biztanleen %9,6 dago eritasun horrek kutsaturik (2017ko zenbatespenak). Biztanle gehienak, %83 2018an, landa ingurunean bizi dira.[3]

Banaketa etnikoa

Jatorriari dagokionez, biztanleen %99 inguru Afrikako beltzak dira, bantu etnia sailekoak gehienak: %35,1 chewa etniakoak, 18,9% lomwe, %13,1 yao, %12 ngoni, %9,4 tumbuka, %3,5 sena, %2,5 mang'anja, %1,8 tonga, %1 nyanja, eta %0,9 nkhonde.[3]

Hizkuntzak

Ingelesa mintzaira ofizial bakarra den arren, Malawiko nazio hizkuntza txewera da, Niger-Kongo familiakoa eta bantu taldekoa. Beste hizkuntza bantu batzuk ere mintzatzen dira.

Erlijioa

Kristauak dira malawiarren %87, eta musulmanak %11,6. Katolizismoa (%19) eta Erdialdeko Afrikako Eliza Presbiterianoa (%18) dira kristau sinesterik zabalduenak.[7]

Hiri nagusiak

Ekonomia

Groundnut harvesting in Malawi
Kakahuete bilketa

Malawi da ekonomiari dagokionez munduko herrialderik atzeratuenetako bat; 2010ean, biztanleen %50,7 bizi ziren pobrezia mugaren azpitik.[3] Nekazaritza da ekonomiaren oinarria: barne produktu gordinaren %28,6 eta esportazioetatik ateratzen diren irabazien %90 (tea, tabakoa, kakahuetea, azukrea) hartzen ditu. Nekazaritzako gai nagusiak tabakoa, azukre kanabera, tea, artoa, patata, batata, manioka eta basartoa dira. Bertako beharrak kadaren hasieran elikagaiak eskuratzeko arazoak sortu ziren lehorte larri baten eraginez.

Lurpeko aberastasunak ez dira behar bezala ustiatzen, ez dutelako gai horiek saltzera itsas portuetara eramateko biderik, eta industria oso atzeraturik dago (BPGaren %16ra ez zen iristen 2017an).[3] Iraupen ekonomia da, eta kanpo zor handia du herrialdeak. 1992tik 2005era bitartean, biztanleko BPGak behera egin zuen. Hori dela-eta, kanpoko laguntzen mende dago Malawiko ekonomia, Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak eta zenbait herrialdek egiten dituzten emaitzen mende. Hauek dira herrialdearen erronka nagusiak, ekonomiari dagokionez: esportazioak areagotzea, osasuna eta hezkuntza sendotzea, erosioa eta baso soiltzea ekiditea, eta HIESaren hazkundea geldiaraztea.

Erreferentziak

  1. a b c "World Population Prospects: The 2017 Revision, United Nations Department of Economic and Social Affairs, population.un.org
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. a b c d e f g Malawi CIA World Factbook cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-6-24.
  4. Lake Malawi Freshwater Ecoregions of the World feow.org . Noiz kontsultatua: 2019-6-24.
  5. Malawiko presidente Bingu wa Mutharika hil da Berria egunkaria, 2012ko apirilak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-26.
  6. Lehorteak eragindako «hondamendi nazionala» deklaratu dute Malawin Gara egunkaria, 2016ko apirilak 14, naiz.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-26.
  7. Demographic and Health Survey: 2015-2016 Malawi National Statistical Office, dhsprogram.com . Noiz kontsultatua: 2019-6-26.
  8. Republic of Malawi: Major Cities, citypopulation.de

Kanpo estekak

.mw

.mw Malawiri dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da.

1856

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

Afrikako Aintzira Handiak

Afrikako Aintzira Handiak (swahiliz: Maziwa Makuu) zenbait aintzira handi dira, Ekialdeko Afrikako riftean eta haren inguruan dauden Rift haraneko aintziretako parte direnak. Afrikako Aintzira Handietako bi dira Victoria (ur gezako munduko aintzira handienetan bigarrena) eta Tanganyika (munduko ur gezako aintziren artetik, bolumenean bigarrena eta sakoneran ere bigarrena).Eskualdeari Aintzira Handien eskualdea deitu izan zaio, eta herrialde hauek osatzen dute, besteak beste: Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Rwanda, Tanzania eta Uganda.

Blantyre

Blantyre Malawiko hiria da, herrialdeko hegoaldean dagoena. Herrialdeko finantza eta merkatalgune nagusia, 2015ean 1.068.681 biztanle zituen.

Ekialdeko Afrika

Ekialdeko Afrika kontinente horretako ekialdean dauden herrialdeek osatzen duten eskualde handia da.

NBEaren arabera, 19 herrialde hauek eskualdea osatzen ditu:

Burundi

Komoreak *

Djibuti

Eritrea

Etiopia

Kenya

Madagaskar *

Mayotte *

Malawi *

Maurizio*

Mozambike*

Réunion*

Ruanda

Seychelleak *

Somalia

Tanzania

Uganda

Zambia *

Zimbabwe *Hala ere, izartxoaz (*) markatutako herrialdeak Hegoaldeko Afrikako lurraldetzat ere hartzen dituzte bestelako irizpideei jarraituz.

Bestela, 3., 4., 5. eta 15. postuetan agertzen direnek Afrikako Adarra izeneko lurralde geografikoa ere osatzen dute, eta Indiako ozeanoan kokatuta daude bestela 2., 7., 8., 9., 10., 12. eta 14.enetakoak.

Azkenik, Iparraldeko Afrikan sailkatzen diren Egipto eta Sudan ere eskualde honetan sar daitezke.

Equus quagga crawshayi

Equus quagga crawshayi zebra arruntaren edo ordokietako zebraren sei azpiespezietako bat da. Bere hedapen zonaldea Zambiako ekialdea da, Luangwa ibairen ekialdera, Malawi, Tanzaniako hego ekialdea eta Mozambikeko hegoaldea, Gorongoza Distritoan.

Galago granti

Galago granti Galago generoko espezietako bat da. Primate estrepsirrino bat da. Malawi, Zimbabwe, Mozanbike eta Tanzaniako baso tropikal eta azpitropikal lehorretan bizi dira.

Haplochromis

Haplochromis Cichlidae familiako arrain generorik anitzena da, 213 espezierekin. Horietako gehienak Victoria lakuan bizi dira eta bertako espezie endemikoak dira. 1954an Niloko perka sartu zen lakuan eta 200 bat espezieren desagerpena ekarri du. Espezieetako batzuk oso larriki mehatxatuta daude gaur egun. Tanganika eta Malawi lakuko espezie batzuk gaur egun Astatotilapia, Pseudocrenilabrus eta Pundamilia generotan sailkatzen dira.

Hegoaldeko Afrika

Hegoaldeko Afrika edo Afrika Hegoaldea bezala Afrikako hegoaldeko zatia ezagutzen da. Ohi honako herrialde eta toki hauek hartzen dira Hegoaldeko Afrikako zatitzat:

Angola

Botswana

Komoreak

Lesotho

Madagaskar

Malawi

Maurizio

Mayotte (Frantziaren administraziopekoa)

Mozambike

Namibia

Réunion (Frantziaren administraziopekoa)

Santa Helena, Ascension eta Tristan da Cunha (Erresuma Batuaren administraziopekoa)

Hegoafrika

Swazilandia

Zambia

ZimbabweAzterketa batzuetan Seychelleak eta Indiako ozeanoko Britainiar Lurraldea ere sartzen dira. Beste batzuk, berriz, aurreko zerrendatik Komoreak, Maurizio eta Madagaskar uharteak eta Frantziaren administraziopean dauden Mayotte eta Reunion uharteak kentzen dituzte, Ekialdeko Afrikaren zatitzat hartuz.

Erdialdeko Afrika edo ekuatorekoarekin batera, kontinente eta mundu osoko kulturarik antzinakoenak ditu. Gaur egun bantu herria da nagusi, baina iraganean hotentoteak, boskimanoak eta pigmeoak ziren jatorrizko herriak, gaur egun gutxiengo txikiak osatzen dituzte. Afrikako zati honek europar jatorriko biztanle zurien zati handi bat hartzen du, gune hauetara kolonizatzeko iritsi zirenak eta ondare bezala egungo muga politikoen trazatua utzi dutenak. Euren finkapena (bereziki Hegoafrika eta Zimbabwen) bertako klima epelaren ondorio da, Hegoaldeko Europako klimaren antzerakoa.

Eskualde honek gainontzeko kontinentean ikus daitezkeen antzeko arazoei aurre egiten die: kolonialismoak eta neokolonialismoa ondorio nabarmenak utzi dituzte estatu hauen bizitza eta ekonomian, eta ustelkeriarekin eta GIBaren intzidentzia handiagoarekin batera, euren garapena eteten duten faktoreak dira. Amankomuneko xedea egonkortasun politiko eta ekonomikoa lortzea da; eskualdeko estatu ezberdinen arteko elkarkidetzea errazteko Hegoaldeko Afrikaren garapenerako batzordea sortu da.

Irailaren 16

Irailaren 16a gregoriotar egutegiaren urteko berrehun eta berrogeita hemeretzigarren eguna da, 260.a bisurteetan. 106 egun falta dira urtea amaitzeko.

Daturen bat falta bada, urtearen lotura jarraitu han sartzeko.

Lilongwe

Lilongwe Malawiko hiriburua (1975 urtetik) eta azken erroldaren arabera hiririk populatuena da, Blantyre hiriaren aurretik. Herrialdeko erdialdean kokatuta dago.

2008an 866.272 biztanle zituen.

Bi auzo nagusik osatzen dute: hiri zaharra batetik eta hortik 5 kilometrora dagoen Capital Hill auzo berria (han daude gobernuaren egoitzak eta enbaxadak). Aireportua eta burdinbidea ditu. Hiriaren iparraldean industria auzoa dago: janari industria, tabakogintza eta ehungintza.

Malawi 2012ko Udako Olinpiar Jokoetan

Malawi 2012ko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen 205 herrialdetako bat izan zen.

Maylandia

Maylandia Cichlidae familiaren barruan sailkatzen den arrain genero bat da.

Nyassa (aintzira)

Nyassa edo Malawi Afrikako Aintzira Handien artean hegoalderen dagoen aintzira da, Malawi, Mozambike eta Tanzania artean kokatua. Nyassa da Afrikako aintzira handienen artetik hirugarrena hedaduraz, eta mundukoen artetik bederatzigarrena. Tokiko bantu hizkuntzetako batean —yao hizkuntzan— nyassa izenak «aintzira» esan nahi du.

Swahili

Swahilia niger-kongo familiako hizkuntza da, Afrikako hizkuntza nagusietarikoa, ingelesa, frantsesa, portugesa eta arabierarekin batera. Bost milioi pertsonak lehen hizkuntzatzat daukate eta beste 30-50 milioik, bigarren hizkuntzatzat. Bantu hizkuntza da, zulua, xhosa, lingala, kikongoa eta sothoa bezala.

Afrikako ekialdean mintzatzen da (bertako zenbait herrialdetako "lingua franca" da) eta Tanzania, Kenya eta Ugandan ofiziala da.

Tanzania

Tanzania, izen ofiziala Tanzaniako Errepublika Batua (ingelesez: United Republic of Tanzania; swahiliz: Jamhuri ya Muungano wa Tanzania), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dagoena. Iparraldean Kenya eta Uganda ditu, Indiako ozeanoa ekialdean, Ruanda, Burundi eta Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean, eta Zambia, Malawi eta Mozambike hegoaldean. 947.303 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 55,5 milioi biztanle zituen 2016an. Hiriburua Dodoma da 1974az geroztik, baina Dar es Salaam da hiri nagusia eta gune ekonomikorik garrantzitsuena.

Txewera

Txewera, chewera edo chichewa (Chichewa, Chinyanja) Hegoaldeko Afrikako hizkuntza da, bantu familiakoa, Malawi eta Zambiako hizkuntza ofiziala dena. Zambian Lusaka inguruan hitz egiten dute batez ere.

Zambia

Zambia (izen ofiziala Zambiako Errepublika da) Afrikako ekialdean kokatuta dagoen herrialdea da eta Lusaka haren hiriburu eta hiri handiena. Hiri nagusiak Kitwe, Ndola eta Mufulira dira. Hizkuntza ofiziala ingelesa da. Kobrearen ustiaketa ekonomia jarduera nagusia izan da, 1970eko hamarkadan krisialdi larrian sartu zen arte.

Commonwealtheko estatu kideak
Commonwealth of Nations
Antigua eta BarbudaAustraliaBahamakBangladeshBarbadosBelizeBotswanaBruneiDominikaErresuma BatuaFiji (baliogabetua)GhanaGrenadaGuyanaIndiaJamaikaKamerunKanadaKenyaKiribatiLesotho • Malawi • MalaysiaMaltaMaurizioMozambikeNamibiaNauruNigeriaPakistanPapua Ginea BerriaRuandaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakSamoaSeychelleakSierra LeonaSingapurSalomon UharteakHegoafrikaSri LankaSwazilandiaTanzaniaTongaTrinidad eta TobagoTuvaluUgandaVanuatuZambiaZeelanda BerriaZipre
Afrikako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.