Liechtenstein

Liechtenstein edo Lienchtensteingo Printzerria Europako erdialdean dagoen estatu burujabe txiki bat da, Europako mikroestatuetako bat: 160 kilometro koadro ditu, eta 38.111 biztanle zituen 2017an. Ez da Europar Batasuneko kidea. Hala ere, 2011. urteaz geroztik, Europako Schengen zirkulazio askeko eremuko kide da.

Vaduz hiriburuak 5.521 biztanle zituen 2017an.

Liechtensteingo Printzerria
Fürstentum Liechtenstein
Liechtensteingo bandera Liechtensteingo armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Für Gott, Fürst und Vaterland
(Jainkoagatik, Printzeagatik eta Aberriagatik)
Ereserkia: Oben am jungen Rhein
Herrialdearen kokapena
HiriburuaVaduz
Hiri handiena Schaan
Hizkuntza ofiziala(k) Alemana
Herritarra liechtensteindar
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Printzea Hans-Adam II.a
 -  Erregeordea Alois Liechtensteingoa
 -  Lehen ministroa Klaus Tschütscher
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 160 km2 (191.)
 -  Ura (%) 0
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2017) 38.111 (190.)
 -  Dentsitatea 227 bizt./km2 (57.)
Dirua Suitzar frankoa (CHF)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 423
Internet domeinua li

Mugakideak

Hiru muga ditu. Alemania, Austria eta Suitza

Historia

Liechtenstein 1719ko urtarrilaren 23an sortu zen, Karlos VI.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoak Vaduz eta Schellenberg batu eta printzerri titulua (Fürstentum) eman zienenean, Liechtenstein familiaren agintepean. Hala, Liechtenstein leinu ahaltsua Erromatar Germaniar Inperio Santuko estatu bateko subirano bihurtuta Inperioko Dietan eserleku bat eskuratu zuen. Hurrengo 120, urteetan Liechtensteingo printzeak ez ziren bertaratu.

Napoleondar Gerren ondorioz, Erromatar Germaniar Inperio Santua Frantziako Napoleon I.ak desegin zuen. Horrenbestez, estatuburu bakoitzak enperadorearenganako beharrak izateari utzi zion. Egungo argitalpenek gertakizun horiei egozten diete Liechtensteinen burujabetza. Napoleonen babespean Rhingo Konfederazioa sortzean, 1806ko uztailaren 25ean, Liechtenstein kidetu egin zen, harik eta 1813ko urriaren 19an desegin zen arte. Horren ondoren, Austriako Enperadorea buru zuen Germaniar Konfederazioarekin batu zen Liechtenstein.

XIX. mendean, beste aldaketa batzuk gertatu ziren: 1836an lehen zeramika-lantegia zabaldu zen; 1861ean, estreinako aurrezki eta mailegu bankua sortu zen; Rhin ibaiaren gaineko bi zubi 1868an eraiki ziren; eta 1872an herrialdea zeharkatzen zuen burdinbidea egin zuten. Zio ekonomikoak zirela medio, Liechtensteinek armada 1868an desegin zuen.

Lehen Mundu Gerra bukatu arte, Liechtenstein Austriako Inperioari eta gero Austria-Hungariari hertsiki loturik zegoen. Nolanahi ere, horren ostean Liechtensteinek ez zuen bat egin Austriako Errepublika jaio berriarekin. Bigarren Mundu Gerran, Liechtenstein neutral izan zen. Hurrengo hamarkadetan, herrialdea aberastu egin zen, enpresen gaineko zerga baxuak erabili baitzituen konpainiak erakartzeko. Liechtensteingo printzea munduko seigarren agintaririk aberatsena da, ustez bost mila milioi dolar izanik.

Gobernua

Liechtenstein monarkia konstituzionala da, horren buru Fürst edo printzea dago, gaur egun Liechtensteineko Hans-Adam II.a, honen aita 1989 urtean hil zenetik. Estatuaren subiranotasuna printzeak eta hiritarren elkarbanatzen dute,eta hiritarrek parlamentua hautatzen dute. Landtag edo Liechtensteineko parlamentua hiritarrek hautaturiko 25 ordezkarik osatzen dute. Bost partaide dituen ganbera batek eguneroko gai politikoak lantzen ditu.

1984. urteko uztailaren 1ean egindako erreferendumean gizonezkoek emakumezkoei hauteskunde nagusietan (baina ez lokaletan) partaidetza eskubidea eman zieten, hori Hans-Adam II printzearen garaipena izan zen, aldaketaren partaide sutsua baitzen.

Beste monarkia konstituzional gehienetan ez bezala, Liechtensteineko konstituzioak botere garrantzizkoak ezartzen ditu printzearengan, hori dela eta, azken urteetan botere horietako batzuek asaldura sortu dute hiritarren artean. Botere horien artean printzeak dietak onarturiko legeei betoa jartzeko aukera dago.

Hala ere, 2003. urteko martxoan egindako erreferendum batek Liechtensteineko agintaritzan dagoen dinastiaren posizio konstituzionala indartu zuen. Erreferendum horren aurretik, Hans-Adam printzeak bere sendiaren boterea berretsi ezean, berak eta bere familiak Liechtenstein utzi eta Austriara bizitzera joateko aukeraren berri eman zuen. Horrela, Liechtenstein errepublika bilakatuko zen. Erreferendum horrek Liechtensteineko dinastiak jendartean duen onarpena berretsi zuen, eta herriak Hans-Adam printzearengan duen konfiantza agerian utzi.

Liechtensteineko legediak, Suitzakoak bezala, erreferendumak egiteko aukera handiak ematen ditu, eta nahikoak dira 1.500 sinadura erreferendum bat bideratzeko. Liechtensteineko udalek badute autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskubidea[1].

Armada

Liechtensteinek neutraltasun politikari jarraitzen dio, eta munduan armadarik ez duen herrialde bakarretako bat da, 1868an desegin zuenetik. CIA World Factbook dokumentuaren arabera, herrialdearen defentsa Suitzaren ardurapean dago baina Liechtensteineko webgune ofizialaren arabera, ez dago bi nazioen arteko harremanetarako itunean defentsa hitzarmenik.

Banaketa administratiboa

Liechtenstein oso herrialde txikia denez, ez du eskualde, ez antzekorik. Gobernu zentralaz aparte, udalerriak ditu. Hauek dira Liechtensteingo udalerriak:

  1. Schaan: 5.806 biztanle 2005ean.
  2. Vaduz (hiriburua): 5.143.
  3. Triesen: 4.509*.
  4. Balzers: 4.420.
  5. Eschen: 4.012.
  6. Mauren: 3.457*.
  7. Triesenberg: 2.596*.
  8. Ruggell: 1.870*.
  9. Gamprin: 1.356*.
  10. Schellenberg: 952.
  11. Planken: 366.

(* 2001eko errolda).

Festak

Festak 2005ean
Data Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
Urtarrilak 1 Urte berria Neujahrstag Urtero
Urtarrilak 2 San Berchtold Berchtolds-Tag Urtero
Urtarrilak 6 Agerkundea edo "Epifania" Heilige Drei Könige Urtero
Otsailak 2 Kandelariako birjina Lichtmess, Mariä Reinigung Katolikoak bakarrik
Martxoak 19 San Jose Feiertag des Heilegen Joseph Urtero
Martxoak 25 Ostiral santua Karfreitag Katolikoak eta protestanteak
Martxoak 28 Pazkoa astelehena Ostermontag Katolikoak eta protestanteak
Maiatzak 1 Langileen eguna Tag der Arbeit Urtero
Maiatzak 5 Igokundean Christi Himmelfahrt Katolikoak eta protestanteak
Maiatzak 16 Mendekoste astelehena Pfingstmontag Katolikoak eta protestanteak
Maiatzak 26 Corpus Christi edo Gorpuzki Fronleichnam Katolikoak bakarrik
Abuztuak 15 Festa nazionala Nationalfeiertag Urtero
Irailak 8 Ama birjinaren jaiotza Geburtstag der Heiligen Mutter Urtero
Azaroak 1 Santu Guztien Eguna Allerheiligen Katolikoak bakarrik
Abenduak 8 Andre Maria birjinaren sortze garbia Unbefleckte Empfängnis Urtero
Abenduak 25 Gabonak Weihnachten Urtero
Abenduak 26 San Esteban Stephans-Tag Urtero

Liechtensteindar ospetsuak

  • Hanni Wenzel (1956-), eskiatzailea.

Erreferentziak

  1. VisualPolitik (2018-05-10) Autodeterminación. ¿Una ALTERNATIVA para CATALUÑA? - VisualPolitik . Noiz kontsultatua: 2019-06-09.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

.li

.li Liechtensteini dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da. 1993an sortu zuten. Vaduzko Hochschule Liechtensteinek (Liechtesteingo Eskola Profesionala) babestu eta kudeatzen du, baina SWITCH bitartez ere erregistratu daiteke domeinu bat, zeinek Suitzako .ch kudeatzen duen. Ez dute baldintzarik eskatzen.

Aleman

Alemana (Deutsch) indoeuropar hizkuntza bat da, germaniar hizkuntzen taldekoa. Alemania, Austria, Liechtenstein eta Suitzan hitz egiten da batez ere, eta mundu osoko 11. da, hiztunen kopuruari bagagozkio, 120 milioi hiztun baititu. Europar Batasuneko mintzatuena da, 100 milioi hiztunekin. Hizkuntza horren euskal izenak alamanen germaniar tribuan du jatorria.

Alpeak

Alpeak edo Alpe mendiak Europa erdialdean kokaturiko mendikate garrantzitsua da. Punturik garaiena Mont Blanc mendia da, 4.810 metrokoa. Alpeen inguruan dauden ibai emaritsu eta laborantza-lur aberatsei esker, gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioa garatu zen.

Beste mendi nagusiak: Monte Rosa (4.634 m), Dom (4.545 m), Weisshorn (4.505 m) eta Cervino (4.476 m.)

Italia, Alemania, Austria, Suitza, Frantzia, Liechtenstein eta Esloveniako herrialdeetan hedatzen dira.

Balzers

Balzers Liechtesteingo udalerria da. 2005eko erroldaren arabera 4.420 biztanle zituen.

Erdialdeko Europa

Erdialdeko Europa Europako kontinenteko eskualde bat da. Muga lausokoa, Mendebaldeko eta Ekialdeko Europaren artean dagoen eremua da. Gerra Hotzak alde hori bitan banandu zuen, oso garbi, Altzairuzko Oihalaren bidez. Gainera, Ipar eta Hego Europako eskualdeekiko mugak ere ez dira batere garbiak. Azken buruan, herrialdeen eta denboraren arabera aldatuz doa alde honen definizioa.

Nolanahi ere, eskuarki, herrialde hauek osatzen dute Erdialdeko Europa:

Alemania

Eslovakia

Eslovenia

Hungaria

Liechtenstein

Polonia

Suitza

Txekia

Eschen

Eschen Liechtesteingo udalerria da. 2005eko erroldaren arabera 4.012 biztanle zituen.

Frantzisko Josef II.a Liechtensteingoa

Frantzisko Josef II.a Liechtensteingoa (izen osoa alemanez: Franz Josef Maria Aloys Alfred Karl Johannes Heinrich Michael Georg Ignaz Benediktus Gerhardus Majella; Frauenthal gaztelua, Deutschlandsberg, Austria-Hungaria, 1906ko abuztuaren 16a - Grabs, Suitza, 1989ko azaroaren 13a) Liechtensteingo Printzerriko printzea eta estatuburua izan zen. Frantzisko I.a ondorengoa izan zen 1938an.

Luis Liechtensteingoaren eta Elisabete Amalia Austriakoaren semea izan zen. Frantzisko Josef Frantzisko I.a bere osaba zaharraren oinordeko izan zen 1923an, bere aitak tronurako bere eskubideei uko egin ondoren.

Georgina Wilczekoa Kontesa ezkondu zuen 1943an. Bikoteak bost seme-alaba izan zituen:

Hans-Adam II.a Liechtensteingoa

Filipe Liechstenteingoa printze

Nikolas Liechtensteingoa printze

Norberta Liechtensteingoa printzesa

Frantzisko Josef Liechtensteingoa printze

Gamprin

Gamprin Liechtesteingo udalerria da. 2001eko erroldaren arabera 1.356 biztanle zituen.

Germaniako Erromatar Inperio Santua

Germaniako Erromatar Inperio Santua, batzuetan Lehen Reicha ere deitua, Europa erdialdeko zenbait herrialderen batasun politikoa izan zen, Erdi Arotik Aro Modernoaren bukaera arte iraun zuena. 962 urtean sortu zuten Verdungo Hitzarmenarekin.

Inperio Santua Europa erdialdeko egitura politiko nagusia izan zen Napoleon I.a enperadoreak suntsitu zuen arte. XVIII. mendean gaur egungo Alemania, Txekia, Austria, Liechtenstein, Eslovenia, Belgika, Luxenburgo eta Poloniaren zati handi bat hartzen zituen. Aurretik, Herbehereek, Suitzak eta Italia eta Frantziako eremu zabalak ere Inperio Sainduko zati izan ziren.

Liechtensteingo bandera

Liechtensteingo bandera neurri bereko bi errenkadaz osatuta dago: urdina eta gorria. Horrez gain, goi-ezkerraldeko ertzean urrezko koroa bat dauka.

Liechtensteingo futbol selekzio nazionala

Liechtensteingo futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Rheinpark Stadion zelaian jokatzen ditu etxeko partidak, Vaduz hiriburuan.

Liechtensteingo historia

Liechtensteingo historia izen bereko dinastiarekin dago lotuta ezinbestez. Mende askotan zehar, lurralde txiki honek, Europako estrategiako guneetatik at kokatuta, Europako historiaren gainean ez zuen inolako eraginik izan. Antzinako garaietan, Rhetia erromatar probintziako zati bat zen. Horren ostean, Hohenemgo kondeen lurraldea zen.

Herrialdeari izena ematen dion Liechtensteingo leinuak jatorria urruneko Austria Beherean dauka, izen bereko gazteluan. Mendeetan zehar, familiak lurralde franko bereganatu zituen, batik bat Moravian, Austria Beherean, Silesian eta Estirian. Hala ere, kasu guzti-guztietan, lur horiek beste jaun feudal baten azpian zeuden, gehienbat Habsburgo leinuko hainbat adarren azpian. Hori zela eta, enperadorearen menpe zuzeneko lurrik izan ezean, Liechtenstein dinastiak ezin zuen Inperioko Dietan (Reichtag) lekurik eduki, nahiz eta zenbait enperadoreren aholkulari hurbilak izan.

Dietan eserlekua edukitzeak zekarren boterearen nahian, Liechtensteingo leinuak Germaniako erromatar enperadorea beste jaunik ez zeukan lurra (unmittelbar) bilatzen zuen. Denbora igaro ondoren, familiak Schellenbergeko jaunerri txikia eta Vaduzko konderria eskuratu ahal izan zuen Hohenem leinuarengandik (1699an eta 1712an hurrenez hurren). Schellenberg eta Vaduz ñimiñoek behar zuten estatusa zeukaten: liechtensteindarrez gain enperadorea zen jaun bakarra.

Halaxe, 1719ko urtarrilaren 23an, Karlos VI.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoak Vaduz eta Schellenberg batu zituen eta printzerri titulua (Fürstentum) eman zien, Liechtenstein izenpean, "Anton Florian Liechtensteingo zerbitzariaren ohorez. Beraz, Liechtenstein familia Germaniako Erromatar Inperio Santuko estatu bateko subirano bihurtu zen. Operazioaren interes politiko hutsa erakustearren, esan daiteke Liechtensteingo printzeak 120 urtetan ez zirela bertaratu.

Napoleondar Gerren ondorioz, 1806rako, Germaniako Erromatar Inperio Santua Frantziako Napoleon I.aren menpean zegoen. Napoleonek Inperioa bertan behera utzi zuen, eta estatu guztietan, Liechtenstein barne, horrek ondorio sakonak ekarri zituen: lotura inperial, legal eta politiko deuseztu ziren. Horrenbestez, estatuburu bakoitzak enperadorearenganako beharrak izateari utzi zion. Egungo argitalpenek gertakizun hauei egozten diete Liechtensteingo burujabetza. Napoleongo babespean Rhingo Konfederazioa sortzean, 1806ko uztailaren 25ean, Liechtenstein kidetu zen, harik eta 1813ko urriaren 19an desegin zen arte. Horren ondoren, Austriako Enperadorea buru zuen Germaniar Konfederazioarekin batu zen Liechtenstein. 1818an Johann I.ak konstituzio bat eman zuen, nahiz eta mugatua izan. Urte horretan, leinuko printze baten lehenengo bisita ere gertatu zen. Hala ere, printze subirano baten lehendabiziko bertaratzea 1842ra arte ez zen jazo.

XIX. mendean, beste aldaketa ugari gertatu ziren: 1836an lehenengo lantegia, zeramika egiten zuen bat, zabaldu zen; 1861ean, estreinako aurrezki eta mailegu bankua sortu zen; Rhin ibaiaren gaineko bi zubi 1868an eraiki ziren; eta 1872an herrialdea zeharkatzen zuen burdinbidea egin zuten.

Austria eta Prusiaren arteko gerra 1866an piztean, Liechtensteinek presio handia jasan behar izan zuen. Izan ere, Prusiak gerra piztearen eragiletzat hartu zuen, bozketa baten kontaketa zela eta. Horrek Liechtensteinek eta Prusiak elkarrekin bake hitzarmena ez sinatzea ekarri zuen, eta, hortaz, gerra egoeran jarraitu zuten, nahiz eta borrokarik ez zen izan. Zio ekonomikoak zirela medio, Liechtensteinek armada 1868an desegin zuen.

Lehen Mundu Gerra bukatu arte, Liechtenstein Austriako Inperioari eta gero Austria-Hungariari hertsiki loturik zegoen. Nolanahi ere, gerra horrek ekarri zuen suntsipenak hegoaldeko Suitzarekin harremanak areagotzera behartu zuen Liechtenstein. Are gehiago, Austria jaio berriak ez zeukan bere burua desegin zen inperioaren oinordekotzat.

Austria Alemania Handian batu zenean 1838ko udaberrian, 84 urteko Franz I.a printzeak abdikatu zuen 31 urteko Franz Joseph hirugarren mailako lehengusu baten alde. Abikatzeko arrazoia adina zela aldarrikatu arren, uste da Liechtensteingo burua izateko gogo handirik ez zuela naziak herrialdean sartzen baziren. Izan ere, bere emaztea Vienako judu aberatsa zen, eta bertako naziek bere arazotzat jota zeukaten. Iritzi horiek gorabehera, Liechtensteinen ez zen inoin inolako alderdi nazi ofizialik izan.

Bigarren Mundu Gerran, Liechtenstein neutral izan zen. Gatazka amaitutakoan, Txekoslovakiak eta Poloniak Liechtenstein familiako ondasunak bahitu zituzten Bohemian, Moravian eta Silesian, germaniar ondasunak zirelakoan. Edonola ere, hurrengo hamarkadetan, herrialdea aberastu zen, enpresen gaineko zerga baxuak erabili baitzituen konpainiak erakartzeko. Liechtensteingo printzea munduko seigarren agintaririk aberatsena da, ustezko 5 milia milioi dolar izanik.

Mendebaldeko Europa

Mendebaldeko Europa Gerra Hotzean sortutako kontzeptu sozio-politikoa da. Hori dela eta, geografiak baino areago Gerra Hotzaren politikak eta ekonomiak markatu zituen mugak Mendebaldeko eta Ekialdeko Europaren artean. Honela, Mendebaldeko Europa AEBekin bat egin zuten herrialde kapitalistek osatuko lukete. Herrialde neutralak ekonomia motaren arabera sailkatzen ziren mendebaldean edo ekialdearen artean.

Mendebaldeko herrialdeek, gainera, kultura, ekonomia, historia eta politika loturak partekatzen dituzte munduko beste herrialde gehiagorekin, batik bat Ameriketan (Mendebaldea).

Honako herrialde hauek dira Mendebaldeko Europakoak:

Alemania

Andorra

Austria

Belgika

Danimarka

Erresuma Batua

Espainia

Finlandia

Frantzia

Grezia

Herbehereak

Irlandako Errepublika

Islandia

Italia

Liechtenstein

Luxenburgo

Malta

Monako

Norvegia

Portugal

San Marino

Suedia

Suitza

Vatikano Hiria

Aldi berean, Mendebaldeko Europa Europako eskualde geografikoa ere bada, muga laburragokoak. Nazio Batuen Erakundeak honako herrialde hauek sartzen ditu:

Alemania

Austria

Belgika

Frantzia

Herbehereak

Liechtenstein

Luxenburgo

Monako

Suitza

Printzerri

Printzerri printze baten jaurgoari atxikiriko lurraldea da edo printze bat agintari duen estatu txiki burujabea. Erdi Aroan eta Aro Modernoan askotan erabili zuten sistema hau eta egun Liechtenstein, Monako edo Andorra mota honetako gobernu erak dituzte.

Ruggell

Ruggell Liechtesteingo udalerria da. 2001eko erroldaren arabera 1.870 biztanle zituen.

Schaan

Schaan Liechtesteingo udalerria da. 2005eko erroldaren arabera 5.806 biztanle zituen.

Triesen

Triesen Liechtesteingo udalerria da. 2004ko erroldaren arabera 4.509 biztanle zituen.

Liechtenstein Liechtesteingo udalerriak Liechtenstein

BalzersEschenGamprinMaurenPlankenRuggellSchaanSchellenbergTriesenTriesenbergVaduz

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.