Libia

Libia[1] (arabieraz: ليبيا‎Lībiyā; italieraz: Libia)) iparraldeko Afrikako estatua da, Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Egipto ekialdean, Sudan hego-ekialdean, Txad eta Niger hegoaldean, eta Aljeria eta Tunisia mendebaldean. Ia 1,8 milioi metro koadroko azalera du (horietatik % 90 basamortua da); Afrikako laugarren herrialde handiena da eta munduko hamazazpigarrena. Hiriburua eta hiri handiena Tripoli da. Libiako 5,7 milioi biztanleetatik 1,7 milioi hiriburuan bizi dira.

2011ko Libiako Gerra Zibilean bi entitatek aldarrikatzen zuten de jure Libiako gobernu autoritate zirela. Muammar al Kadafiren heriotzaren ondoren, de facto Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia desagertu zen, Libiako Errepublika aldarrikatuz. Trantsizio Kontseilu Nazionalaren buru zen Mustafa Abdul Jalilek herrialdearen kontrola hartu zuen gerra amaitzean eta Kadafi exekutatzean, eta Libia izena eman zioten. Nazio Batuetan 1977tik aurrera Libyan Arab Jamahiriya zen ingelesezko izen ofiziala.

Libia
دولة ليبيا
Dawlat Lībiyā
Libiako bandera Libiako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Libia, Libia, Libia
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Tripoli
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Herritarra libiar[1]
Gobernua Behin-behinekoa
 -  Presidentea Mohammed Magariaf
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 1,759,541 km2 (17.)
 -  Ura (%) arbuiagarria
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2011) 6.600.000 (102.)
 -  Dentsitatea 3,6 bizt./km2 (218.)
Dirua Libiako dinarra (LYD)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
Aurrezenbakia 218
Internet domeinua ly

Izenari buruz

Libia izenak Amazigh eta antzeko jatorrizko hizkuntzetan du oinarria. Antzinako Egiptoko testuetan

Rebu
, moduan agertzen da, hau da, R'bw (= Libu), Niloaren mendebaldean bizi zen Berbere herri baten izena. Grezieraz Libies deitzen zituzten eta horregatik Iparraldeko Afrikari (Egipto barne) Lybia izena eman zioten. Ibn Khaldunen garaian tribu berari Lawata izena ematen zaitzaion[2]

Rebu

Orografia eta klima

Libya sat
Libia satelite irudian

Libia Afrika iparraldean dago kokatua, Mediterraneoaren ertzean. Nahiz eta herriak 1.750.000 kilometro karratu izan, eremuaren gehiengoa basamortuak hartzen du.

Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke: Tunisiatik Egiptoraino luzatzen den itsasertza (Tripolitania, Barqa edo Zirenaika, Marmarica), itsasertzetik hurbil dagoen goi-ordokia eta hegoaldeko basamortua (Fezzan). Libiako lurraldearen bederatzi hamarren basamortuak hartzen du (Libiako basamortua).

Iparraldeak, aldiz, Mediterraneo aldeko itxura du. Ez dago ibai iraunkorrik baina ur asko dago lurpean. Klima ere Saharakoa da, itsasertzean izan ezik (Mediterraneoko klima). Udan oso bero egiten du eta neguan hotz. 300–600 mm euri ur hartzen da batez beste itsasertzean, eta hegoaldean edo Fezzango eskualdean 15 mm besterik ez.

Horrela, bederatzi hamarrenak Saharako eskualde lehorrenak hartzen du: itsasorantz malda leuna duen ordoki zabala, gehien bat erg hareatsuak edo hamada harritsuak osatua. Tontorrik garaiena Bikku Bitti (2.267 m) da; Txadekiko mugan dago, Tibesti mendilerroan.

Biztanleak eta gizartea

Libiako lurraldearen % 95 basamortua da. Beraz, ez da harritzekoa biztanle dentsitatea oso txikia izatea: 2,8 biztanle baizik ez kilometro koadroko. Biztanleen % 90 lurraldearen % 10ean bizi dira, itsasertzeko zerrenda estu batean eta oasietan bizi da. Tripolik, hiriburuak, milioi bat biztanletik gora du, eta Bengasik, Libiako bigarren hiriak, milioi erditik gora.

Petrolio erreserba handien eta biztanleria murritzaren kariaz Afrikako garren herrialdea dira, bizi mailari dagokionez. Biztanleriaren hazkunde tasa % 2,3koa izan zen 2006ko estimazioen arabera. Batez besteko bizi itxaropena 75 urtekoa da. Emankortasun indizea 3,79 haurrekoa da emakumeko. Tradizioz alderraiak edo nomadak baziren ere, libiarren hiritartze prozesua azkarra izan da, eta, gaur egun, hiritarrak dira libiarren % 88. Helduen alfabetatze maila % 95ekoa da.

1976tik 1983ra, 27.000 milioi dolar xahutu ziren nekazaritza eta birlandatze proiektuetan (“iraultza berdea” deitu zitzaien), emaitzak etsigarriak izan baziren ere. Langile eskaera egin zuen Libiak, eta hala, 1995ean bi milioi t’erdi langile atzerritar zeuden lurraldean (1985ean 800.000 langile ziren). Milioi bat egiptoar baino gehiagok, 150.000 tunisiarrek eta 30.000 palestinarrek (arabiar jatorriko langileek, 1980 urteaz geroztik, hainbat eskubide ematen dien “arabiar nazionalitatea” dute) lan egiten dute Libian. Baina badira asiarrak (thailandiarrak, korearrak), eta beste milioi bat afrikar ere (500.000 sudandar, 300.000 txadar, 250.000 maliar). Ekialdeko Europatik etorritako 30.000 teknikariren zuzendaritzapean jarduera askotan hartu dute parte langile atzerritar horiek: eraikuntzak, garraioak, eraldaketa industria, nekazaritza, obra handiak…).

Gobernua eta administrazioa

2011ko iraultza arte, Arabiar Herri Errepublika Sozialista zen, agintean daudenen definizioz, Libiako gobernu mota eta, teorian —herri batzordeen bitartez—, herriak gobernatzen bazuen ere, praktikan, diktadura militar bat zen, Muammar al Kaddafi buruan zuela. 1976an, Herri Biltzar Orokorra deritzan legegintza erakunde edo parlamentua ezarri zen eta, 1977an, konstituzio berri bat onartu zuen Herri Biltzar Orokor horrek. Ez zegoen alderdi politiko legeztaturik. Administrazioari zegokionez, 22 barrutitan banatuta zegoen Libia, hainbat antolaketa aldaketaren ondoren. Libiako justizia erakundeek Egiptoko sistema judiziala zuten eredu.

Banaketa administratiboa

Libia eskualdetan (muhafazat) zegoen banatua, hauek 25 udalerritan (baladiyat) zatitu zituzten arte. Duela gutxi, sha'biyah izeneko 32 barrutitan banatu da berriz, hogeita bitan geroago. Honako zerrendak aurreko banaketa erakusten du eta, hortaz, oraingoaren apur bat desberdina da.

32 udalerriak:

Libya New Municipalities

1 Ajdabiya 17 Ghat
2 Al Butnan 18 Ghadamis
3 Al Hizam Al Akhdar 19 Gharyan
4 Al Jabal al Akhdar (Al Bayda) 20 Murzuq
5 Al Jfara 21 Mizdah
6 Al Jufrah 22 Misratah
7 Al Kufrah 23 Nalut
8 Al Marj 24 Tajura Wa Al Nawahi AlArba'
9 Al Murgub 25 Tarhuna Wa Msalata
10 An Nuqat al Khams 26 Tarabulus (Tripoli)
11 Al Qubah 27 Sabha
12 Al Wahat 28 Surt
13 Az Zawiyah 29 Sabratha Wa Surman
14 Benghazi 30 Wadi Al Hayaa
15 Bani Walid 31 Wadi Al Shatii
16 Darnah 32 Yafran

Antzina, Libia hiru eskualdetan banatzen zen: Tripolitania, Fezzan eta Zirenaika.

Ekonomia

1959an petrolioa aurkitu izanak erabat aldatu zuen Libiako ekonomia. Ordu arteko jarduera nagusiak artzaintza eta, batez ere, italiar kolonoek abian jarritako nekazaritza ziren, nahiz eta jarduera hori itsasertzeko zerrenda estu batera mugatua izan, gainerako lurraldea basamortua baita, oasi batzuk salbuetsita

Petrolioa aurkitu zuten, beraz, eta ez nolanahiko kopuruan (3.400 milioi tonako erreserbak kalkulatzen dira), eta, jakina, “urre beltza” bilakatu zen Libiako lehen baliabidea. Sarir, Hufra, Mabruk, Zaltan, Awyila eta Raguban daude petrolio hobi garrantzizkoenak.

1987-1989an petrolioa asko merkatu zen, eta horrek krisialdi gogorra ekarri zuen Libiara. Zorretan sartu zen —Ekialdeko Europako herrialdeekin, batez ere— eta estatuak arazoak izan zituen funtzionarioei soldatak ordaintzeko. Kaddafik, 1973tik 1978ra libiar ekonomia kolektibizatu bazuen ere, sektore pribatuetara eta finantza ortodoxiara itzultzea aldarrikatzearekin batera, pribatizazio programa bati ekin zion eta berriro baimendu zituen merkataritza eta soldatapeko langileak.

Petrolioa garestitzeak eta hidrokarburo hobi berrien aurkikundeak, hala ere, ekonomiaren hazkundea ekarri zuen berriro. Hala, petrolio esportazioen sarrerak berriro ere ziurtaturik, ibai artifizial baten proiektu erraldoiari ekin zion Kaddafik. Asmoa Fezzan eta Kufrako oasietako lurpeko hobietatik ura ponpatu eta, lurpeko putzu eta hoditeria sare korapilatsu baten bitartez, kostaldera eramatea zen, han, ureztatzeari esker, soro-lur gehiago izateko (25.000 milioi dolarreko inbertsioa eskatzen zuen, guztira).

1992ko apirilean Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Libiaren aurkako blokeo neurriak ezarri zituen, Libiak uko egin baitzion 1988an Pan Americanen hegaldi batean lehergailua jarri izana leporatzen zitzaien bi gizon entregatzeari (Eskoziako Lockerbie parean egin zuen eztanda hegazkinak, eta 270 pertsona hil ziren). Blokeoak ondorio latzak izan zituen Libiako ekonomiarentzat: 24.000 milioi dolarreko galerak izan zituela kalkulatzen da. Prezioak hirukoiztu ziren, langabezia agertu zen, dinarrak balioaren seiren bat galdu zuen eta eroste ahalmena % 30 jaitsi zen. Tripolik Asian eta Ekialde Hurbilean ezarri ahal izan zituen ondasunak izozturik geratu ziren.

Kaddafik austeritatea aldarrikatu zuen eta, garbiketa batzordeak eraturik, kontrabandoaren, gehiegikerien eta ustelkeriaren aurkako borrokari ekiteko baliatu zen egoeraz. Nolanahi ere, Libiarekin merkataritza harremanak zituzten hainbat herrialdek (Italia, Alemania, Espainia eta Frantzia, batik bat) ez zute gehiago itxaron nahi izan eta 1996 urteaz geroztiko petrolio prospekzioak frantsesek (Total), italiarrek (Agip) eta espainiarrek (Repsol) egin zituzten Libian.

Libiak, jakinik Europako herrialdeak gogo biziz zeudela, kanpoko inbertsoreak eskatzen zituen eta proiektu handinahiak aurkezten dizkie, hidrokarburoen eta garraioen sektoreetan, nagusiki. Azken urteetan erreforma handiak egiten ari zen merkatu ekonomian sartzeko, batez ere 2003an blokeoa altxatu ziotelarik. Hala, nazioarteko enpresa asko Libian ezarri ziren berriro. Horrez gainera, aipatzekoa zen turismoa indarra hartzen ari zela.

Libiako soro eta larre gehienak Tripolitania deritzan eskualdean daude. Garia, garagarra, olibak eta datilak dira nekazaritza produktu nagusiak. Hazten dituzten abereen artean, berriz, aipatzekoak dira ardiak, ahuntzak, behiak, gameluak eta oiloak. Libiako kostan atun eta sardina kopuru txiki batzuk arrantzatzen dira, eta belakiak ere biltzen dira. Industria ekoizpen nagusiak petrolio findegiak, petrokimikak eta eraikuntza gaiak dira. Kontsumorako ondasun gehienak inportatu egiten dituzte.

Historia

Libyan Desert - 2006
Basamortuak azaleraren % 90 hartzen du.

Arkeologiak erakusten du K. a. VIII. milurtekoan ere Libiako kostaldeko lautadan Neolitoko herriak bizi zirela. Behia heziketan eta labore lanetan jarduten zuten. Egungo Libia izatekoa zen tokira herri asko iritsi ziren, feniziarrak, kartagotarrak, greziarrak, erromatarrak, bandaloak eta bizantziarrak besteak beste.

Feniziarrak Libian merkatal-guneak paratu zuten lehenengoak izan ziren. K. a. V. menderako, Kartagok, Feniziarren koloniarik handienak, bere menpeko lurraldeak ia-ia Ipar Afrika osotara hedadu zituen. Kartagotar kokaleku garrantzitsuenak Oea (Tripoli), Libdah (Leptis Magna) eta Sabratha izan ziren. Greziarrek K. a. 631n Zirene izeneko hiria sortu zuten ekialdean. Erromatarrek Mediterraneo inguruko lurralde guztiak batu zituzten, eta 400 urtez, Tripolitania eta Zirenaika erromatar probintziak izan ziren.

Arabiarrek Libia VII. mendean konkistatu zuten. Hurrengo urteetan jatorrizko jende askok islama hartu zuen, baita arabiera eta arabiar kultura ere. Otomandar Inperioak zonaldea XVI. mendearen erdialdean bereganatu zuen. Lurraldea hirutan (Tripolitania, Cyrenaica eta Fezzan) banandu zen. Karamanli leinuak autonomia eskuratu zuen 1711tik 1835 arte, batik bat mendebaldean.

Libia batu eta independentearen lehendabiziko isla izan zen hori. Bi mende geroago grina hori itzuli zen, nahiz eta horko horretan Italiako konkistak (1911) eragin zuen. Italiak Otomandar Inperioko hiru zonaldeak batu zituen Libia izenpean.

Idris I.ak Libiako erresistentzia gidatu zuen bi mundu gerren artean Italiako okupazioaren aurka. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, Tripolitania eta Zirenaika britaniar agindupean geratu ziren, eta Fezzan frantziarrenen azpian. Aliatuekiko 1947ko hitzarmenetan, Italiak Libiaren gaineko edozein aldarrikapeni uko egin zion.

Nazio Batuen Erakundeak, 1949ko azaroaren 21ean, 1951ko abenduaren 24 baino lehen Libia independente bihurtu behar zen ebazpena eman zuen. Egun horretan, Libiak ofizialki independentzia aldarrikatu zuen Libiako Erresuma Batuaren izenpean. Idris I.a errege bihurtu zen.

1959an petrolio aurkitu zen Libiako lurretan. Petrolioak gobernuko aurrekontuak hobetu zituen arren, jende xehen artean nahigabea hedatzen hasi zen aberastasuna esku batzuetara murrizten zelako. Arabiar nazionalismoa Ipar Afrikan eta Ekialde Hurbilean zabaltzen zen heinean, Libian barneko nahigabeak gora egin zuen.

Honela, 1969ko irailaren 1ean, 27 urteko Muammar Abu Minyar al Kadafi buru zuen militar talde batek estatu-kolpea eman zuen Idris I.aren aurka. Matxinatutako ofizialek monarkia abolitu zuten eta Libiako Errepublika Arabiarra abian jarri. Kadafik boterean jarraitu zuen harik eta 2011ko Libiako Gerra Zibilean agintetik kendu eta erail zuten arte.

Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia

Jamahiriya (arabieraz: جماهيرية‎jamāhīriyyah) arabierazko neologismo bat da, gehienetan «masen estatu» moduan itzultzen dena. Termino orokor baten zentzua du, herri errepublikaren antzekoa; eta 1977tik aurrera Muammar al Kadafik Libian ezarritako estatu-eredua deskribatzen du. Nisba atzizki-adjektiboa جماهيرية («masa-», «masena») Muammar al Kadafiren Liburu Berdeko (1979) hirugarren zatian agertzen da: إن الحركات التاريخية هي الحركات الجماهيرية, «mugimendu historikoak masa-mugimenduak dira».

Libiako Gobernuak bere burua demokrazia zuzentzat dauka, non ez dagoen alderdi politikorik. Alderdien ordez herri-batzarrak daude, maila desberdinetan antolatzen direnak. Libiako erregimenaren erretorikaren arabera, horrela, estatu-nazioaren ideiak ez du zentzurik Libian, bertako oinarria tribuak omen direlako nazioa bera baino.[3]

Jamāhīriyyah hitza jumhūriyyah hitzetik eratortzen da, «errepublika» terminoaren arabierazko itzulpen ohikoa dena. Jumhūr —«publikoa»— osagaia bere pluralera aldatuz sortzen da :jamāhīr —«masak». Gainera, estatu sozialisten «herri errepublika» terminoaren antzekoa da. Libiaren izen osoa itzultzerakoan, jamahiriya ez da aldatzen: Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia.

Trantsizio Kontseilu Nazionala

Libian, Trantsiziozko Kontseilu Nazionala (arabieraz: المجلس الوطني الانتقالي‎al-majlis al-waṭanī al-intiqālī) 2011ko jaikialdiaren ondoren, Kadafiren aurkako matxinoz osaturiko politika multzoari deritzo. Bere sorrera 2011ko otsailaren 27an iragarri zen Benghazi hirian eta "iraultzaren aurpegi politikoa" izatea du helburutzat. Hedabide batzuetan, kontseiluari "Libiako Kontseilu Nazionala" deitzen zaio. 2011ko martxoaren 5ean, kontseiluak "Libiako ordezkari bakarra" izatea aldarrikatu zuten. Kontseiluak estatuari Libiako Errepublika (arabieraz: الجمهورية الليبية‎al-Jumhūriyya al-Lībiyya) izenarekin egiten dio aipamena, Kadafiren gobernuak, aldiz, Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia izena erabiltzen zuen. Frantzia Trantsiziozko Kontseilu Nazionala Libiako gobernu legitimoa dela onartu zuen lehen herrialdea izan zem.

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. Le dialecte de Syouah, Paris, Leroux, 1890
  3. (Ingelesez) Qaddafi’s Son Warns of Civil War as Libyan Protests Widen

Kanpo estekak

Arabiar

Arabiarrak (arabieraz: عربي, ʿarabi) Arabiako penintsulan bizi diren etnia bateko kideak dira, eta, hedaduraz, Ekialde Hurbileko (Irak, Siria, Libano, Jordania) eta Ipar Afrikako (Egipto, Sudan, Libia, Tunisia, Aljeria, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania) biztanleria arabieradunetakoak. Bere burua linguistikoki, kulturalki, politikoki edo genealogikoki horrela aurkezten duen etnia da. Eskuarki, arabiar nortasuna ez ezik, tokian tokiko beste nortasunen bat ere izaten dute: beren Estatukoa (egiptoarrak, libanoarrak, palestinarrak...), tribukoa, herrikoa edota klanekoa.

Etnia honen ezaugarri nagusia arabiera da, eta dialekto ugaritan banatuta dago. Islama hedatzearekin batera, herri askoren akulturazio prozesua zabaldu zen: arabiartzea kulturan, eta islamiartzea erlijioan. Hala ere, arabiarren artean bada gutxiengo kristau handi bat, egun % 7,1 eta % 10 bitartekoa dena.

Bengazi

Bengazi Libiako muhafazat-etako bat da. 670 kilometro koadro ditu eta 650.629 biztanle zituen 2003an. Libiako bigarren hiria da eta Zirenaika eskualdeko hiriburua.

Libia italiar kolonia izan zeneko hainbat eraikin historiko mantentzen dira hirian.

Bengaziko ekonomiaren ardatza hiritik gertu dauden petrolio birfindegiak dira.

2011ko matxinadan Muammar al Kadafiren aurkariek konkistaturiko lehen hiria izan zen, Libia ekialdean.

Berbere

Berbereak edo amazigak (amazigeraz, amazigh hitzak «gizon askea» esan nahi du; plurala imazighen da) Afrika iparraldeko etnia bat dira. 62 milioiko gizataldea osatzen dute. Berezko hizkuntza amazigera edo berberera dute.

Beroi

Beroiak (latinez: Berones) Arabako Errioxako lurraldeetan eta Errioxako ia probintzia osoan bizi izan zen tribu bat da. Haien ezarleku garrantzitsuenak Vareia (gaurko Logroñoren ingurumarian), Libia (gaurko Herramélluri edo Leiva) eta Tritium (gaurko Tricio) izan ziren.

Derna

Derna (arabieraz: درنة Darnah) Libiako ipar-ekialdeko hiria da, izen bereko herrialdeko hiriburua dena. 26.000 biztanle ditu.

Herramélluri

Herramélluri Errioxako udalerria da, 2005ean 124 biztanle zituena. Libia izeneko antzinako hiri beroia bertan zegoen. Euskal toponimoa du, Erdi Aroan eskualdean euskaraz mintzatzen zirelako.

Tiron ibaiaren ibarraren erdialdean kokaturik, nekazaritza eta abeltzaintza ditu bere ekonomiaren ardatzak.

Idom

IDOM Bilbon sortutako ingenieritza, arkitektura eta aholkularitza zerbitzu profesionalak jorratzen dituen nazioarteko enpresa da. Negozio eremu nagusiak arkitektura eta eraikuntza, aholkularitza, energia, ingurumena, industria, nuklearra, telekomunikazioak, garraioa, hiri antolamendua eta ura dira. Egoitza nagusia Bilboko San Ignazio auzoko Gordailu Franko zaharberrituan du.

1957an jaio zenetik gaur egun arteko garapenaren ondoren jakintza-alor anitzeko taldea da, zeinean 3.000 lagun baino gehiagok lan egiten duen, 5 kontinentetan banatutako 17 herrialdetan kokatutako 34 bulegotan banatuta. 12.000 bezero baino gehiago izan ditu eta nazioarteko 30.000 proiektutan parte hartu du, 123 herrialdetan.IDOMeko kapitalaren %100a bere langileen artean banatuta dago.

Espainiako bulegoez gain, Idomek baditu bulegoak Bruselan (Belgika), Londresen, Derbyshiren, Kenten eta Cardiffen (Erresuma Batuan), Bucaresten (Errumania), Calgaryn (Kanadan), Casablancan (Maroko), Sao Paulon (Brasil), Mexiko Hirian (Mexiko), Lisboan (Portugal), Varsovian eta Wroclawen (Polonia), Tripolin (Libia) eta Medellinen (Kolonbia).

Levanteko itsasoa

Levanteko itsasoa (arabieraz: شرق البحر الأبيض المتوسط‎; hebreeraz: מזרח תיכון‎; turkieraz: Doğu Akdeniz; grezieraz: Της Ανατολικής Μεσογείου, Tis Anatolikís Mesogeíou) Mediterraneoaren ekialdean dagoen itsasoa da. Iparraldean Turkia, ekialdean Siria, Libano, Israel eta Gazako zerrenda, hegoaldean Egipto eta Libia eta ipar-mendebaldean Egeo itsasoa ditu. Bertoko uharterik handiena Zipre da.

Libia Italiarra

Libia Italiarra Italiako Erresumaren kolonia izan zen, garaiko Ipar Afrikar Italiaren barruan eta gaur egungo Libiaren lurraldetan. Zirenaika eta Tripolitaniako kolonietan oinarritu zen, 1912an Italia-Turkia Gerran Otomandar Inperioari konkistatutako lurrak. 1934an Fezzanekin batera bateratu eta Libia sortu zen.

Kolonia gehiago hedatu zen Britainia Handiak Sudango hainbat lur eman zizkionean Italiari eta Egiptorekin akordioa lortu ostean. 1935an Mussolini-Laval akordioa sinatu zen eta Aouzou Libiara batu zen, baina Frantziak ez zuen akordioa sinatu.

Libia kolonia gisa 1943an galdu zen, Ipar Afrikako Kanpainan Aliatuek konkistatu zutenean.

Libiako bandera

Libiako bandera 2011ko abuztuaren 3ean erabakitakoa da. Hiru errenkadaz osatuta dago, gorria, beltza eta berdea, erdian ilargi eta izar zuri bana dituelarik.

Libiako historia

Libiako historia luzea da oso. Arkeologiak erakusten du K.a. VIII. milurtekoan ere Libiako kostaldeko lautadan Neolitoko herriak bizi zirela. Behi heziketan eta labore lanetan jarduten zuten. Egungo Libia izatekoa zen tokira herri asko iritsi ziren, feniziarrak, kartagotarrak, greziarrak, erromatarrak, vandaloak eta bizantziarrak besteak beste.

Magreb

Magreb المغرب Al-Magrib arabierazko hitzaren euskarazko moldaketa da eta eguzkia etzaten den lekua edo sartaldea esan nahi du, arabiar munduaren mendebaldeko zatia da. Ekialdeko zatiak Mashreq edo sortalde du izena.

Muammar al Kadafi

Muammar al Kadafi (arabieraz: عمر القذافي; transkripzioa: Mu‘ammar al-Qaḏḏāfī) (Sirte, Italiar Libia, 1942ko ekainaren 7a - Sirte, Libia, 2011ko urriaren 20a) 1969tik 2011 arte Libiako de factozko buruzagia izan zen. Herrialdeko agiri eta prentsa ofizialetan, Kadafi Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handiko Irailaren Leheneko Iraultzaren Gidaria edo Buruzagi anaia izendatzen zuten. Ofizialki ez zuen inongo kargurik, baina Iraultzako Gidaria zen prentsa agiri ofizialetan. Bere programa sozialistaren barruan 1970ean enpresa pribatu guztiak nazionalizatu zituen, lurra, petrolio enpresak eta bankuak barne. Libian negozio familiar txikiak baino ez zituen baimendu. Boterean izan zen 40 urtean zehar Hirugarren Mundua garatzeko sistema sozialistaren ideologia garatu zuen, Hirugarren Teoria Unibertsala eta Jamahiriya.

Muhafazah

Muhafazah (arabieraz محافظة muḥāfaẓä, plurala محافظات muhafazat) arabiar estatuen banaketa administratiboa da, eskualde edo erkidegoen parekoak. Hurrengo estatuak Muhafazahetan banatuak daude:

Bahrain

Egipto

Irak

Jordania

Kuwait

Libia: Libiaren banaketa administratiboa (banaketa historikoa)

Libano

Oman: Omanen banaketa administratiboa

Siria: Siriaren banaketa administratiboak 14 eskualde ditu.

Yemen

Oasi

Oasi bat basamortu baten bakandurik dagoen landare gunea da, iturri edo antzeko ur sorburu baten inguruan hazten dena. Hitza grezierazko ὄασις oasis hitzetik dator, zuzenean egiptoerazko wḥ3t edo demotikozko wḥỉ hitzetik mailegatua.

Oasien kokalekuak berebiziko garrantzia izan du basamortu eskualdeetako garraio eta merkataritza bideetan. Karabanak oasiz oasi bidaiatu behar zuten, hauek ur eta janariz hornitzen baitzituzten. Horregatik, oasien kontrol politiko edo militarrak merkataritza bideen kontrola esan nahi zuen. Adibidez, Awjila, Ghadames eta Kufra oasiak egungo Libian hil edo biziko garrantzia zuten Sahara ipar-hego eta mendebal-ekialde zeharkatzeko.

Al-Hasa, Saudi Arabia, munduko oasi handiena.

Al-Qatif, Saudi Arabia, Persiar Golko kostako oasi handia.

Bahariya Oasis, Egipto

Ein Gedi, Israel

El Tour, Sinai penintsula,

Farafra Oasis, Egipto

Gaberoun, Libia

Ghardaia, Aljeria

Herðubreiðarlindir, oasi antzeko gunea Islandiako mendigune izoztuan

Huacachina, Peru

Kufra, Libia

La Cienega Mexiko Berria AEB

Las Vegas Valley Nevada AEB

Loulan Txina

Mzab Aljeria

Marin Txina

Niya Txina

Ouargla, Aljeria

Safsaf, Egipto

San Pedro de Atacama, Txile

Siwa, Egipto

Tabas, Iran

Timimoun, Aljeria

Tozeur, Tunisia

Tuat, Aljeria

Turfan, Txina

Yarkand, Txina

Zerzura Libia edo Egiptoko oasi mitikoa

Sahara

Sahara ( arabieraz: الصحراء الكبرى‎, aṣ-ṣaḥrāʼ al-kubrá, “basamorturik handiena”: amazigeraz: ⵜⵉⵏⵉⵔⵉ,Teneré) Afrika iparraldeko basamortu beroa da, munduko handiena. 5 000 kilometro luze da, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorriraino, eta 9 milioi kilometro koadro baino gehiago ditu luze-zabalean. Bere baitan dira, neurri batean edo bestean, Aljeria, Tunisia, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania, Niger, Libia, Egipto eta Txad.

Tuareg

Tuareg herria berbere hizkuntzaz mintzo den artzain herri nomada da, Touat (Aljeria) eta Ghudamisetik (Libia) hasi eta ipar Nigeriaraino, eta Fezzanetik (Libia) Timbukturaino (Mali) iristen dena. XX. mende bukaeran 900.000 bat tuareg ziren.

Tuaregek konfederazio moduko elkarteak osatzen dituzte: Ahaggar eta Azjer, iparraldean, eta Asben, Ifora, Itesen, Aulliminden eta Kel Tademaket, hegoaldean. Iparraldeko tuaregak basamortuan bizi dira; hegoaldekoak, berriz, estepan eta sabanan. Hegoaldeko tuaregek ganadua, gameluak eta zebuak hazten dituzte, eta iparraldekoei saltzen dizkiete.

Europarrak iritsi aurretik, tuaregen lurraldeetatik karabana eta bidaiari asko ibili zen, baina ibilgailu motordunak azaldu zirenean karabana bidezko bidaiak arras galdu ziren. 1970-1980. urteetan Mauritania, Senegal, Nigeria, Burkina Faso eta Txaden gertatutako lehorteen ondorioz, hegoaldeko tuaregen kopurua murriztu zen eta haien artzain-bizimoduak aldaketak izan zituen. Tuaregen gizarte-antolamendua feudala da; hainbat gizarte-maila daude, erabat definituak: aitoren semeak, apaizak, jopuak, eskulangileak eta laborariak (lehen esklaboak). Beren idazkera berezia dute (tifinagh), antzina libiarrek erabiltzen zutenaren antzekoa.

Zirenaika

Zirenaika (arabieraz: برقة Barqa; amazigeraz: Berqa; antzinako grezieraz: Κυρηναϊκή) Libiako eskualde historiko eta antzinako probintzia da.

Antzinaroan Pentapolis zuen izena. Erromatarrek konkistatu zutenean, hasieran Kreta eta Zirenaika probintziaren barnean sartu eta gero bitan zatitu zuten, Libia Pentapolis eta Libia Sicca artean hain zuzen ere.

Musulmanek Barqa zioten eskualdeari. 1934 eta 1963 artean, Tripolitania eta Fezzan eskualdeekin batera, Italiar Libia eta Libiako Erresuma osatzen zuten hiru probintzietako bat izan zen.

Eskualdeko hiri nagusiak Benghazi, Al Bayda, Tobruk, Darnah, Ajdabiya

eta Al Marj dira.

Afrikako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.