Letonia

Letonia[1] (letonieraz: Latvija, livonieraz: Leţmō), ofizialki Letoniako Errepublika (letonieraz: Latvijas Republika, livonieraz: Leţmō Vabāmō), Iparraldeko Europako estatua da, Herrialde Baltikoetako bat. Iparraldean Estonia du; ekialdean Errusia eta Bielorrusia; mendebaldean eta ipar-mendebaldean Itsaso Baltikoa, eta hegoaldean Lituania. 64.589 kilometro koadroko eremua du[2], eta 2017an 1.950.116 biztanle zituen[3]. Hiriburua Riga da.

Europako beste herrialde txiki batzuekin gertatu izan den bezala, Letoniako historia beste zenbait nazioren ondoz ondoko erasoek ezaugarritua izan da. Bere historian zehar Suediaren, Poloniaren, Alemaniaren eta Errusiaren mende egon da Letoniako lurraldea, besteak beste. Bi mundu gerren artean denbora tarte labur batez burujabe izan ondoren, Sobietar Batasunak anexionatu zuen 1940an. 1991n lortu zuen berriro ere burujabetasuna. Harrezkero mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltasuna bilatu du, eta Europar Batasuneko kidea da 2004az gero. Gaur egun, Errepublika parlamentarioa da, Europako Kontseilu, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.

Letoniako Errepublika
Latvijas Republika
Letoniako bandera Letoniako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Tēvzemei un Brīvībai
(Aberriarentzat eta askatasunarentzat)
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Riga
Hizkuntza ofiziala(k) letoniera1
Herritarra letoniar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Egils Levits
 -  Lehen ministroa Krisjānis Karins
Independentzia
 -  Errusiar Inperiotik 1918ko azaroaren 18a 
 -  Sobietar Batasunetik 1991ko abuztuaren 21a 
Geografia
 -  Guztira 64,589[2] km2 (122.)
 -  Ura (%) 1,57
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[3]) 1.968.957 (148.)
 -  2011[4] errolda 2.070.371
 -  Dentsitatea 34,3 bizt./km2 (166.)
Dirua Euro (€) (EUR)
Ordu-eremua UTC (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 371
Internet domeinua lv
1Letoniera da hizkuntza ofizial bakarra. Livonierak estatus berezia dauka.

Geografia

Latvia 1998 CIA map
Letoniako mapa

Letonia iparraldeko Europan dago, Itsaso Baltikoaren ekialdeko bazterrean. 64.589 kilometro koadroko eremua hartzen du[2]. Iparraldean Estoniarekin du muga (333 kilometro), ekialdean Errusia (332 km) eta Bielorrusiarekin (161 km), mendebaldean eta ipar-mendebaldean Baltikoarekin, eta hegoaldean Lituaniarekin (544 km)[5].

Batez besteko garaiera oso apala da, lurraldearen hiru laurden 210 metrotik behera baitago; mendirik gorena Gaiziņkalns da, 311 metro baino ez duena. 498 kilometroko kostaldea du eta aintzira ugari barnealdean, milatik gora. Lubāns da aintzirarik handiena (80,7 kilometro koadroko eremua), eta Drīdzis sakonena (65,1 metro sakon). Gauja eta iturburua Errusian duen Daugava dira ibai nagusiak. Basoek eremuaren %37 eta padurek %10 hartzen dute.

Goi latitudean egon arren, klima leuna eta hezea du Baltikoaren eraginez; udak freskoak izaten dira eta neguak hotzak.

Historia

Lehen urteak

Letoniarren arbasoak Baltikoaren ekialdean kokatu ziren K. a. 3. milurtekoan[6]. Erromatarren garaian baltiar izena eman zitzaien herrietatik garrantzitsuenetakoa zen letoniarra. Herri hauek guztiek erromatarrekin harremanak izan zituzten, germaniarren bitartez, baina K. o. II. mendean, germaniarrak mendebalderago jotzen hasi zirenean, bakar samar geratu ziren. Bestalde, herri eslaviarrak izan zituzten beti ekialdean eta hegoaldean, eta eskandinaviarrak iparraldean.

Letonia pasabide garrantzitsua izan zen. Handik igarotzen zen baregoen eta greziarren arteko merkataritza-bide ospetsua, Daugavan zehar Eskandinaviatik Kieveko Rusara eta Bizantziora zihoana. Letoniako kostaldea anbarrarengatik zen ezaguna, eta batzuetan Dzintarzeme (“Ambarrerria”) izena ematen zitzaion. Izan ere, anbarrak urreak baino balio handiagoa zeukan toki askotan.

Erdi Aroa

X. mendean, lau baltiar tribu nagusi zeuden gaur egungo Letonian eta iparraldeko Lituanian: kuroniarrak (letonieraz: kurši), latgaliarrak (latgaļi), seloniarrak (sēļi) eta semigaliarrak (zemgaļi). Handiena latgaliarra zen. Garai hartan hasi zen Baltikoko herrien kristautzea, Kieveko Eliza Ortodoxoaren eraginari esker, eta XII. mendearen bukaeran eraman zuten germaniarrek erlijio katolikoa, Livoniako apezpikutegia sortu zenean (1199; oro har, egungo Letonia eta Estonia hartzen zituen Livoniak). Baltiarrek ez zituzten erraz onartu sinesmen eta praktika erlijioso berriak. Hori zela-eta, Zelestino III.a aita santuak Iparraldeko Gurutzadak antolatu zituen.

XII. mendetik aurrera hasi zen lurralde haien germaniartzea. Alemaniarrek Riga fundatu zuten 1201ean, pixkanaka hegoaldeko Baltikoko hiri handiena bilakatu zena, eta 1207an Terra Mariana izeneko estatua eratu zuten, geroago Livoniako Konfederazioa deitua. Terra Marianak egungo Letonia eta hegoaldeko Estonia hartzen zituen. 1242an Alexandro Nevskik Teutoi Zaldunen gudarostea birrindu bazuen ere, XII. mendearen bukaeran germaniarrak nagusitu ziren Livonian eta, beraz, Letonian.

Livoniako Konfederazioko antolamendu feudala hiru zutabe nagusitan oinarritu zuten alemaniarrek: Teutoi Zaldunen ordena, Rigako apezpikutegia eta Rigako hiri librea; hiru erakunde horien arteko harremanak zailak izan ziren luzaroan. 1282an, Hansako hirien artean onartu zuten Riga eta neurri horrek oparotasuna ekarri zuen. Hala ere, jatorrizko aitonen semeei zegozkion eskubide guztiak galdu zituzten letoniar nekazariek eta germaniar konkistatzaileen mendeko bihurtu ziren. XIV. mendearen bukaeran osatu zen Lituaniako erreinu handia, lituaniarrak eta poloniarrak koroa bakar batera bildu zituena, eta XV. mendean hasi zen Ordena Teutonikoaren gainbehera.

Aro Modernoa

Swedish Empire (1560-1815) en2
Suediar Inperioa (1560–1815). Riga Suediar Livoniaren hiriburua izan zen.

XVI. mendean aldaketa ugari gertatu ziren, Erreforma protestantearen iritsiera eta Livoniaren gainbeherarekin batera. Livoniako Gerraren ostean (1558-1583), Ordena Teutonikoaren Livoniako adarra desagertu eta Poloniar-Lituaniar Batasunaren menpean geratu zen Letonia. Luterotar fedea Kurlandia, Semigalia eta Vidzeme eskualdeetan onartu zen, baina Latgalian iraun zuen katolizismoaren nagusitasunak, gaur egun bezala.

XVII. eta XVIII. mendeetan, Poloniak, Suediak eta Errusiak elkarren kontra borrokatu ziren Baltikoren ekialdea menperatu nahian. Rigako hiria poloniarren esku geratu zen 1581ean, baina 1621ean Gustavo II.a Adolfo Suediako erregeak hartu zuen. 1629ko Altmarkeko Hitzarmenaren bitartez, Vidzeme Suediaren mende geratu zen. "Suediar Aroa" (letonieraz: zviedru laiki) agintaldi onenaren sinonimoa da gaur egun ere. 1721ean, ordea, Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, Errusia jabetu zen Vidzemez. Latgale Poloniaren esku egon zen, 1772an Errusiak eskuratu zuen arte. Kurlandia eta Semigaliako Dukerrian, alemaniar jatorriko 121 familia aristokraten mende zegoen letoniar populazioa. Nobleziaren paradisua deitutako eskualde hori Errusiako probintzia bihurtu zen 1795ean[7]. Horrela, egungo Letonia osoa Errusiako Inperioaren barnean geratu zen.

XIX. mendea

XIX. mendean, letoniar herria Errusiako tsarren mende geratu zen erabat. Alexandro I.ak jopu sistema feudala bertan behera utzi zuen, baina letoniar nekazariak lurrak erosteko biderik gabe geratu ziren, Errusiako tsarren mende zeuden nekazari guztiak bezala.

XIX. mendearen hasieran, biztanleriaren %7 hiritarra zen; mende amaieran, berriz, %40. Biztanleria 720.000 lagunetik ia bi milioira pasatu zen. Jatorrizkoak %90tik %68 igaro ziren. Hainbat laborarik lurra berreskuratu ahal izan zuten arren, 1897an 591.000 nekazarik lurrik gabe jarraitzen zuten. Hiriko proletariatua ugaldu zen, burgesiaren boterea handitu ahala. Labur esanda, gizarte-egitura guztiz aldatu zen.

XIX. mende erdialdean letoniarren abertzaletasuna piztu zen Mikelis Krogzemis poetaren eraginez, eta Letoniar Gazteak (letonieraz: jaunlatvieši) mugimendu abertzalea jarri zen abian. Germaniarren mende zegoen gizarte-ordenaren kontra, eslavofilian bilatzen zuten laguntza. 1863ko Urtarrileko Matxinadaren ondoren Alexandro III.ak herrialdea errusiartzen ahalegindu bazen ere, huts egin zuen. 1905eko iraultza saioaren ondoren, berriro piztu zen Letonia burujabearen aldeko ideia.

Letoniako Errepublika (1918-1940)

Lehen Mundu Gerran, alemaniarrak Kurlandia, Semigalia eta Seloniaz jabetu ziren 1915ean, baina Rigak 1917ko iraila arte eutsi zien[8]. 1917ko Iraultzaren ondoren, sobietar aginpidea nagusitu zen Letoniako alde okupatu gabean, eta 1918ko azaroaren 18an independentzia aldarrikatu zuten letoniarrek[9]. Moskuko gobernu iraultzaileak ez zuen onartu neurri hori, eta Letoniako Independentzia Gerra piztu zen, kaos handiko garaia. Izan ere, 1919ko udaberrirako herrialdea hirutan zatiturik zegoen: Karlis Ulmanis buru zuen Letoniako Errepublika, Armada Gorriaren sostegua zuen Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista, eta Dukerri Baltiko Batua, Baltische Landeswehr izeneko alemaniar armadaren laguntza zuena. Alemaniarrak 1919an izan ziren garaituak, eta 1920ko abuztuaren 11n Errusiak aitortu zuen Letoniaren independendentzia, Rigako Hitzarmenaren bitartez[8]. 1921ean, Letonia Nazioetako Ligako kide bihurtu zen

Karlis Ulmanis nekazarien buruzagia izan zen agintaria urte horietan, baina sozialista, komunista eta nazio gutxiengoen oposizio latza izan zuen. 1930eko hamarkadako krisialdi ekonomikoa zela-eta, egonezina zabaldu zen letoniarren artean. Alemaniar gutxiengoak nazien aldeko joera garbia erakutsi zuen eta legez kanpo ezarri zituen Ulmanisek, Letonia Hirugarren Reicharen barnean sarrarazi nahi zutelakoan. Bestalde, Perkonkrust (“Oinaztura gurutzea”) izeneko talde letoniar faxistak indar handia hartu zuen. 1934an, aginpide guztiak hartu zituen Ulmanis lehendakariak, legebiltzarreko eta alderdi politikoen jarduera oro bertan behera utzirik. Ulmanisen erregimen autoritarioak ez zuen oposizio sendorik izan, politika egonkortzea era ekonomia suspertzea lortu baitzuen[10].

Bigarren Mundu Gerra eta sobietar agintea

Riga 1940 Soviet Army
Armada Gorria Rigan sartzen, 1940ko ekaina.

1939ko abuztuaren 24an, Sobietar Batasunak eta Alemania Naziak Molotov-Ribbentrop Ituna sinatu zuten. Hitzarmenaren isileko protokoloari jarraiki, 1940ko ekainaren 17an sobietarrek Letonia inbaditu zuten. Berehala, inbasioa onartu ez zuten letoniarren deportazio masiboak egin ziren[11]. 1941eko ekainean, alemaniarrek beretu zuten Letonia, eta haien esku egon zen 1944ko urrian sobietarrek berreskuratu zuten arte. 200.000 letoniar baino gehiago hil ziren Bigarren Mundu Gerran, naziek sarraskitu zituzten 75.000 judu barne[11].

1945ean Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista sortu zen, eta sozializazio prozesuarekin batean, biziro lastertu zen herrialdearen errusiartzea. Ipar-ekialdea Errusiako Errepublikako Pskov oblastaren barnean geratu zen, bertako biztanle gehienak errusiarrak zirelako aitzakian.

BaltskýŘetěz
1989ko Bide baltikoa, hiru hiriburu baltikoak lotu zituen giza-katea.

1980ko hamarkadan, Mikhail Gorbatxov sobietar buruzagiak abiarazi zituen erreformak baliaturik, independentziaren aldeko hainbat erakunde sozio-politiko agertu ziren, hala nola Letoniako Herri Frontea (letonieraz: Latvijas Tautas fronte), Independentzia Nazionalaren aldeko Mugimendua (letonieraz: Latvijas Nacionālās Neatkarības Kustība) eta Letoniako Herritarren Biltzarra (letonieraz: Pilsoņu Kongress ). 1989ko abuztuaren 23an, Molotov-Ribbentrop Itunaren 50. urteurrenean, letoniarrek, lituaniarrek eta estoniarrek giza-kate erraldoia osatu zuten Tallinndik Vilniusera; guztira 600 kilometro, Bide baltiko izenekoa, sobietarren okupazioaren amaiera exijitzeko. Herrialde Baltikoen burujabetasun gogoaren ikurra izan zen[12]. 1990eko maiatzaren 4an, Letoniako Parlamentuak independentzia adierazi zuen. Trantsizio aldia 1991ko abuztuaren 21ean jo zen amaitutzat. Urte bereko irailaren 6an, Sobietar Batasunak Letoniaren independentzia aitortu zuen.

Letonia independentea

1991ko irailean ezagutu zen Letoniaren burujabetasuna, eta urte hartan bertan onartu zuten NBEn. 1992an Sobietar Batasun ohiko gudarostea Letoniatik ateratzeko elkarrizketak hasi ziren; 1994an atera ziren Letoniatik azken soldadu errusiarrak. 1993an egin ziren legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde libreak, eta Guntis Ulmanis izendatu zuten presidente. Harrezkero, ekonomia liberalizatzeko eta mendebaldeko herrialdeekiko harremanak estutzeko neurriak hartzen hasi zen gobernua (Europako Kontseiluko kide izateko eskaria egin, NATOren programa batean parte hartu du, etab.), eta oro har eskuin eta zentroko alderdiak izan ziren nagusi urte haietan.

GW Bush in Riga 2005
George W. Bush, Vaira Vike-Freiberga, Arnold Rüütel eta Valdas Adamkus Rigan, 2005eko maiatzean.

1994an, gobernu berriaren joerari jarraituz, atzerriko inbertsioak handitu egin ziren, enpresak pribatizatu ziren etab., baina egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin eta hurrengo urtean hainbat finantza erakundek hondoa jo zuten. 1996ko hauteskundeetan, hala ere, Ulmanis atera zen berriro lehendakari. 1999koetan Vaira Vike-Freiberga nagusitu zen eta, horrela, bera izan zen Ekialdeko Europako lehen emakume lehendakaria; gobernuburua Andris Skele zen. Aldaketa handiak gertatu ziren, pribatizazioaren ildotik batez ere, eta Europar Batasunean sartzera bideratu ziren politika gehienak (harekin zituen merkataritza harremanen %50); 2004an sartu zen erakunde horretan, baita NATOn ere.

Bestalde, eta Errusiarekiko harremanak tarteka nahiko onak izan arren, Letoniak bi herrialde horien arteko mugak zehazteko hitzarmen bat sinatzea eskatu zuen etengabe eta, horrezaz gainera, istiluak izan ziren Letonian bizi ziren errusiarren hiritartasuna zela-eta. Horrela, 1998an, Letonian bizi ziren errusiar kopurua kontuan harturik eta Errusiarekiko tirabirak baretzearren (izan ere, Letoniaren kontrako neurri ekonomikoak hartuko zituztela iragarri zuten Errusiako agintariek), Letoniako Gobernuak bertan bizi ziren errusiarrei hiritartasun bikoitza ezagutzea erabaki zuen. 1999an, dena dela, Letoniako Parlamentuak letonieraren erabilera sustatzeko neurriak hartu zituen, eta horrekin berriro hasi ziren errusieraz mintzo ziren herritarren diskriminazioaren auziari buruzko eztabaidak. 2007an, Valdis Zatlers hautatu zuten presidente, eta Ivars Godmanis lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Letonia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Organo legegile nagusia Parlamentua (lituanieraz: Saeima) da, ganbera bakarrekoa, 100 eserleku dituena. Parlamentarioak boto zuzenaren bitartez hautatzen dira lau urtetik behin. Parlamentarioek aukeratzen dute presidentea, lau urteko agintadirako, eta hark izendatzen du lehen ministroa[5].

Banaketa administratiboa

Latvijas novadi (krāsās)
Letoniaren banaketa administratiboa.

2009ko uztailaren 1etik, herrialdea 110 udalerri (letonieraz: novadi) eta 9 errepublika-hiritan (letonieraz: republikas pilsētas) banaturik dago. Errepublika-hiriak Daugavpils, Jēkabpils, Jelgava, Jūrmala, Liepāja, Rēzekne, Riga, Valmiera eta Ventspils dira. Horrezaz gainera, lau eskualde kultural eta historiko daude, Kurlandia, Latgalia, Vidzeme, Semigalia, Letoniako Konstituzioak onarturik.

Demografia

Biztanleria

Population-of-Latvia
Letoniako biztanleriaren bilakaera (1920-2014)

2017an Letoniak 1,95 milioi biztanle zituen[5], 30 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen %67,4 bizi da hirietan, gehienak Rigan (621.000 biztanle 2015ean). Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %15,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %9,4, 25-54 urte bitartekoak %41,7, 55-64 urte bitartekoak %14,1 eta 65 urtetik gorakoak %19,5[5]. Bizi itxaropena 74,5 urtekoa da, 69,9 urtekoa gizonezkoena eta 79,3 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[5].

Banaketa etnikoa

Letonia da Baltikoko herrietako lurralderik heterogeneoena, talde txiki ugari baitaude bertan. 2016an, letoniarrak %61,8 ziren, errusiarrak %25,6, bielorrusiarrak %3,4, ukrainarrak %2,3, poloniarrak %2,1, eta lituaniarrak %1,2[5]. Hiri handi batzuetan, letoniarrak baino gehiago dira errusiarrak eta beste gutxiengo batzuk. Ugaritasun horrek zailtasunak sortu ditu elkarbizitzarako.

Hizkuntzak

Letoniera da hizkuntza ofiziala, eta biztanleen %56,3ren ama hizkuntza. Errusiera du ama hizkuntza biztanleriaren %33,8k (2011ko zenbatespena)[5].

Erlijioa

2011ko datuen arabera, letoniar gehienak kristauak dira: luteranoak %34,2, katolikoak %24,1, kristau ortodoxoak %17,8, eta sinestun zaharrak %1,6[13].

Hiri nagusiak

Ekonomia

Riga central market
Rigako merkatu zentrala.

Industria oso garatuta dago Letonian eta Sobietar Batasun ohiko errepublikarik industrializatuena izan zen; industriako jarduera nagusiak kimika eta siderurgiarekin loturikoak dira, burdinbideekin loturiko ekoizpenena batez ere. Industriak hartzen du ekoizpenaren laurdena (%24,4 2016an[5]). Dena dela, bertako industria jarduera biziaren eraginez arazoak sortu dira ingurumenean, gas igorpenak eta uraren kutsadura batez ere.

Nekazaritza eta abeltzaintza garrantzi handiko jarduerak dira; lurren %40 erabiltzen da jarduera horietarako, horietatik bi heren laboreak ereiteko eta hirugarren herena larre gisa. Uztak bertako beharrak asetzeko eta soberakinak esportatzeko lain ematen du (garia, garagarra, lihoa, patata, bazka landareak). Arrantzak ez du pisu handirik ekonomian, baina oso ugaria da. Bestalde, baliabide aberatsak ditu basoetan, baina oraingoz ez dira behar bezala ustiatzen.

2000. urtetik ekonomia hazkunderik handieneko Europako herrialdea izan zen Letonia; 2007an, %7koa. Urte berean %11tik gorako inflazioa izan zuen, ordea, eta horrek eragotzi zion aurreikusitako epean euroa ezartzea; 2014 arte ez zuen helburu hori lortu. Bestalde, langabezia ere altua da (%9,6 2016an), baina azken urteetan behera egin du, letoniar askok emigratu egin dutelako, Irlandara eta Erresuma Batura nagusiki. Erabateko pribatizazioa ezartzeko ahalegin handiak egin ditu herrialdeak, eta horrek gorabeherak eragin ditu, baita gizarte politiketan murrizketak egin beharra ere. 2008 amaieran erabateko krisian murgildu zen (ekonomiak %4,3 egin zuen behera) eta atzerriko larrialdiko laguntza eskatu behar izan zuen aurrera egiteko. 2009 hasieran, protesta eta istilu ugari gertatu ziren krisi ekonomikoak eragindako gizarte asalduraren ondorioz.

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

See source Wikidata query..

Kultura

Artea

Letoniako eraikuntzarik zaharrenak zurezkoak dira eta XII. mendea arte ez zen harria erabili (Ikchkilgo eliza). Eskandinaviarrek eta alemaniarrek eraginda garatu zuten XIII. mendetik aurrera harrian oinarritutako arkitektura, eta horren erakusgai dira Rigako eliza, Domskaia komentua, San Pedro katedrala, San Joan eliza eta Tsesis, Sigulda, Ludza eta Bauskako gazteluak. Barrokoari dagozkio, bestalde, Rigako Dannenstern etxea (XVII. mendearen bukaeran egina), eta Pasien, Dagd nahiz Kraslavako hirietako hainbat eliza. Baltikoko Herrialdeak Errusiaren mende geratu zirenean, berriz, herri horren eragina jasan zuen, eraikuntza estiloetan bezala, artean. Rundalsk eta Elgavsi jauregiak XVIII. mendekoak dira eta Eleiskikoa XIX. mendekoa. 1919. urtean sortu zen Letoniako Arte Ederretako akademia, Rigan.

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b c Berria Estilo Liburua: Letonia, berria.eus
  3. a b Eurostat: Population au 1er janvier, ec.europa.eu
  4. Population Census 2011 - Key Indicators, csb.gov.lv
  5. a b c d e f g h The World Factbook: Latvia cia.gov . Noiz kontsultatua: 2017-9-9.
  6. Data: 3000 BC to 1500 BC The European Ethnohistory Database. The Ethnohistory Project, life.bio.sunysb.edu . Noiz kontsultatua: 2017-9-9.
  7. The Duchy of Courland and Semigallia latvianhistory.com . Noiz kontsultatua: 2017-9-11.
  8. a b Latvian War for Independence 1918-1920 latvianhistory.com . Noiz kontsultatua: 2017-9-12.
  9. 18 November-The Latvian Independence day latvianhistory.com . Noiz kontsultatua: 2017-9-12.
  10. Kārlis Ulmanis Authoritarian Regime 1934-1940 latvianhistory.com . Noiz kontsultatua: 2017-9-12.
  11. a b Latvia profile - Timeline bbc.com . Noiz kontsultatua: 2017-9-13.
  12. Esnaola, Enekoitz Independentziari kateatuta berria.eus . Noiz kontsultatua: 2017-9-12.
  13. Tieslietu ministrijā iesniegtie reliģisko organizāciju pārskati par darbību 2011. gadā, tm.gov.lv
  14. Latvijas iedzīvotāju skaits pašvaldībās pagastu dalījumā, Iedzīvotāju reģistra statistika uz 01.01.2014, pmlp.gov.lv

Kanpo estekak

Aizpute udalerria

Aizpute udalerria (letonieraz: Aizputes novads) Letoniako udalerri bat da. 640 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 8355 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Aizpute da.

Amata udalerria

Amata udalerria (letonieraz: Amatas novads) Letoniako udalerri bat da. 745 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 5003 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Ausmas da.

Baltikoa

Baltikoa edo Itsaso Baltikoa Europaren iparraldeko itsaso bat da, inguruan herrialde hauek dituena:

Suedia

Finlandia

Errusia

Estonia

Letonia

Lituania

Polonia

Alemania

DanimarkaSkagerrak eta Kattegat itsasarteek banatzen dute Itsaso Baltikoa Ipar Itsasotik. Gainera, hiru golko garrantzitsu daude Europa iparraldeko itsaso honetan: Ekialdean, Rigako Golkoa, Estonia eta Letonia artean, gainontzeko Itsaso Baltikotik, Estoniako uharterik handiena den Saaremaak eta herrialde honetako bigarren uharterik handiena den Hiiumaak banandua dagoena, eta Finlandiako Golkoa, Estonia, Finlandia eta Errusia artean. Iparraldean, berriz, Botniako Golkoa dago, Finlandia eta Suedia banatzen dituena.

Baltinava udalerria

Baltinava udalerria (letonieraz: Baltinavas novads) Letoniako udalerri bat da. 186 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 1000 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Baltinava da.

Dievs, sveti Latviju!

Dievs, svētī Latviju! (euskaraz Jainkoak Letonia gorde beza) Letoniako ereserkia da.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Euro

Euroa (EUR edo €) Europar Batasuneko hogeitazazpiko, hamasei estatuen diru ofiziala da. EBko estatu ez diren Andorra, San Marino, Vatikano Hiria, Monako eta Montenegron ere diru ofiziala da euroa. Bosnia eta Bulgarian ere, ofiziala ez bada ere, euroa erabiltzen da.

Europar Batasuneko herrialde guztietan ez da ezarri euroa legezko erabilerako monetatzat; batzuetan, nahi izan ez dutelako, eta, beste batzuetan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako.

Euroa duten estatuen guneari "Eurogunea" deritzo, hau da, Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Malta, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal eta Zipre osatzen duten eremua.

Ipar Europa

Ipar Europa Europako kontinentearen iparraldean dagoen eskualde geografikoa da. Ez du muga garbirik, baina eskuarki honako herri hauek osatzen dute:

Eskandinaviako herrialdeak: Danimarka, Finlandia, Norvegia eta Suedia.

Itsaso Baltikoko herrialdeak: Estonia, Lituania eta Letonia, baita Iparraldeko Polonia eta Ipar-Mendebaldeko Errusia.

Ipar Itsasoko herrialdeak: Islandia, Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, baita Iparraldeko Alemania ere.

Jelgava

Jelgava (letonieraz jælɡava ahoskatua; alemanez: Mitau) Letoniako hiria da Rigatik 41 kilometratara dagoena. 2012an 63.534 biztanle zituen. Zemgale eskualdeko hiririk nagusia da.

Letoniako bandera

Letoniako bandera 1990eko otsailaren 27an erabakitakoa da. Hiru errenkadaz osatuta dago: gorriluna, zuria eta gorriluna, hurrenez hurren, 2:1:2 neurri proportzioak betez.

Nīca udalerria

Nīca udalerria (letonieraz: Nīcas novads) Letoniako udalerri bat da. 351 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 3209 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Nīca da.

Roja udalerria

Roja udalerria (letonieraz: Rojas novads) Letoniako udalerri bat da. 200 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 3527 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Roja da.

Sala udalerria (Letonia)

Sala udalerria (letonieraz: Salacgrīvas novads) Letoniako udalerri bat da. 638 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 7423 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Sala da.

Saldus udalerria

Saldus udalerria (letonieraz: Saldus novads) Letoniako udalerri bat da. 1682 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 22422 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Saldus da.

Skrunda udalerria

Skrunda udalerria (letonieraz: Skrundas novads) Letoniako udalerri bat da. 557 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 4747 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Skrunda da.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna edo Sobietar Batasuna Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independenteen Elkartea moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

Tukums udalerria

Tukums udalerria (letonieraz: Tukuma novads) Letoniako udalerri bat da. 1194 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 27901 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Tukums da.

Vaiņode udalerria

Vaiņode udalerria (letonieraz: Vaiņodes novads) Letoniako udalerri bat da. 307 km²ko azalera du eta 2018ko datuen arabera 2337 biztanle zituen. Udalerriko hiriburua Vaiņode da.

Ventspils

Ventspils (letonieraz ˈvæntspils ahoskatua; errusieraz Виндава; alemanez: Windau; polonieraz: Windawa; livonieraz: Vǟnta) ipar-mendebaldeko Letoniako hiria da, Kurlandia eskualdean dagoena. 2012an 41.998 biztanle zituen, Venta ibaiaren bokalean eta Itsaso Baltikoan egonik.

Europako herrialdeak
Europako bandera Europar Batasuneko estatu kideak Europako bandera

AlemaniaAustriaBelgikaBulgariaDanimarkaErresuma BatuaErrumaniaEslovakiaEsloveniaEspainiaEstoniaFinlandiaFrantziaGreziaHerbehereakHungariaIrlandako ErrepublikaItaliaKroazia • Letonia • LituaniaLuxenburgoMaltaPoloniaPortugalTxekiar ErrepublikaSuediaZipre

Sartzeko negoziatzen ari direnak: Turkia · Ipar Mazedonia

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.