Lekeitio

Lekeitio Bizkaiko kostaldeko udalerri euskaldun bat da, Lea-Artibai eskualdean kokatua. Bilbotik 56 kilometrora eta Donostiatik 72ra dago. Ekialdean 12 kilometrora daukan Ondarroarekin harreman gorabeheratsua eduki du historian. 2016. urtean 7.187 biztanle zituen. Arrantza portu garrantzitsua du, eta gune turistiko nabarmena da.

Lekeitio
 Bizkaia, Euskal Herria
Lekeitioko portua
Lekeitioko portua.
Lekeitioko bandera

Lekeitioko armarria

Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoa
Lurraldea Bizkaia
Eskualdea Lea-Artibai
Izen ofiziala Lekeitio bandera.gif Lekeitio
Alkatea Koldo Goitia (EAJ)
Posta kodea 48280
INE kodea 48057
Herritarra lekeitiar
Kokapena
Koordenatuak 43° 21′ 50″ N, 2° 30′ 18″ W / 43.363877777778°N,2.5048833333333°WKoordenatuak: 43° 21′ 50″ N, 2° 30′ 18″ W / 43.363877777778°N,2.5048833333333°W
Lekeitio hemen kokatua: Bizkaia
Lekeitio
Lekeitio
Lekeitio (Bizkaia)
Lekeitio hemen kokatua: Lekeitio
Lekeitio
Lekeitio (Lekeitio)
Openstreetmap logo.svg Ikusi OpenStreetMapen
Azalera 1,9 km2
Garaiera 0 metro
Distantzia 54 km Bilbora
Demografia
Biztanleria 7.187 biztanle (2016)
(Red Arrow Down.svg -43)
% 49,3 Twemoji 1f6b9.svg  Twemoji 1f6ba.svg % 50,7
Dentsitatea 3.782,63 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
Green Arrow Up.svg% 0,27
Zahartze tasa[1] % 19,58
Ugalkortasun tasa[1] ‰ 43,67
Ekonomia
Jarduera tasa[1] % 71,98 (2011)
Genero desoreka[1] % 4,57 (2011)
Langabezia erregistratua[1] % 8,58 (2013)
Kultura
Euskaldunak % 80,72 (2010)
Euskararen erabilera %57,6 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera 1325. urtea
Webgunea http://www.lekeitio.com

Etimologia

Izena, dirudienez, «Lea gaineko tokia» esan nahi duen legoitio hitzaren deformazioa da. Dena den, beste teoria batek dio Lea-kai-tio («Lea inguruko kaia») hitzetik datorrela.

Geografia

Ingurune naturala eta klima

Otoio eta Lumentza mendiek inguratzen dute, eta Lea ibaiak zeharkatzen du. Izan ere, Mendexa eta Lekeitio artean itsasoratzen da erreka hori, eskualdeari izenaren erdia ematen diona. Herria badia txiki baten mendebaldean dago kokatuta, itsasotik nolabaiteko babesa lortzen duela. Badia horren erdian Garraitz edo San Nikolas irla dago, udalerriko zati ere badena. Isuntza hondartza udalerriaren erdigunean dago kokaturik.

Lekeitioko klima itsasoak baldintzatzen du. Udak epelak izaten dira, eta muturreko tenperaturak bakanak, itsasoak klima erregulatu egiten duelako. Neguan tenperatura minimoak ez dira normalean 0 °C-tik behera joaten.

Udalerri mugakideak

Historia

Antzinaroa

Euskal Herriko Ahotsak[2] proiekturako elkarrizketatu ziren testigantzekin egindako bideoa, Lekeitioko Udalarekin lanean.

Lekeitio gaur egun den gunean aspaldikoa da gizakiaren presentzia. Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek Lumentzako kobazuloan aurkitutako aztarnen arabera, Goi Paleolitotik zetozen gizakiak bizi izan ziren Lekeition. Horrez gain, hirigunean bertan dagoen beste leize batean, Armintxe izenekoan, duela 12.000-14.000 urte inguruko labar artea aurkitu zen 2016an.

Sasoi hartako gizakiak arrantzan eta nabigazioan aritzen ziren, gaur egun ere Lekeition jarduera garrantzitsuak direnak.

Erdi Aroa

Bizkaiko jaun-andreak uda Lekeition pasatzeko ohituraren aitzindari izan ziren. Udalerria ofizialki 1325ean sortu zen, Maria Diaz Harokoaren eskutik eta Bizkaiko kostaldeko beste herri batzuk baino geroago, (Bermeo esaterako XII. mendean sortu zen). Portuaren inguruan jaso zen herria, Arranegi kalea zen arrantzale gunea eta Dendari kalea merkatariak biltzen zituena. Gaur egun Lekeitioko alde zaharra osatzen dute kaleok. Mende erdi bat geroago, On Tello kondeak domingotar mojei eman zien etxea.

Garai hartan, Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak Lekeitioko hiribil­dua sortu zuen, eta handik pixka batera Alfontso XI.a Gaztelakoak lekeitiarrei bermeotarren foru eta dohaintza berdin‑berdinak eman zizkien.

Erdi Aroan, Lekeitiok bertako Yarza eta Likona familien arteko leinu gerren ondorio zuzenak pairatu zituen. 1381ean agintariek udalerrian armak ekoiztea, tropei ostatu ematea eta etxe gotorrak eraikitzea debekatu zuten, baina, hala ere, bandoen arteko borrokak ohikoak ziren. 1442ko sutean Lekeitioko hirurehun etxe erre ziren. Haren ondorioak arintzeko, Joan II.a Gaztelakoak hiribilduari 120.000 marabediko zorra barkatu zion, zergei zegokiona. Gainera, sute gehiago ez izateko, suhesi bat eraiki zuten eta hiribil­dua bi zatitan banatuta geratu zen.

Lekeitioko armarrian itsasontzi bat ikusten da, zenbait arraunlari dituena, eta itsasoan balea ageri da, haren balekumearekin. Ontzian arpoilari bat ere badago, baleari eraso egiten. Goial­dean gaztelua dauka, eta gaztelu horren almenan bi mairuren buruak ikusten dira. Armarriko hitzek harrotasuna adierazten dute erregeak garaitzea eta lurra nahiz itsasoa mendean hartzea lortu duen herri ohoragarria goraipa bedi.

« Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens. »

Zalantzarik egon ez dadin, esal­dia udaletxearen fatxada nagusian karaktere ederretan zizel­katuta ageri da.

Itsasoari loturiko historia

Lekeitio 5
Lekeitioko portua

Plaza Nagusian itsasontziak amarratzen dituen herriak itsasoari guztiz lotutako historia izan behar du. 1381etik hasita, Lekeitioko marinel ausartek haien lanbide‑interesen al­de egiten dute San Pedro Arrantzale Kofradian el­karturik. Mendeetan zehar, orain dela gutxi arte, kofradiako etxezainak egunero idazten zuen zenbat arrain ekarri zuen ontzi bakoitzak iluntzeko enkante publikoan sal­tzeko. Sal­dutako partida guztien prezioak aintzat hartu, eta, ateratzen zen batezbestekoaren arabera ordaintzen zien patroiei biharamunean.

Baleak harrapatzeari dagokionez, Lekeition aurkitutako dokumentu zaharrenak XIV. mendearen amaierakoak dira. Garai hartan balearen mingaina sal­tzean ateratako etekinaren bi heren moilak zaharberritzeko erabil­tzen ziren, eta hirugarren herena, berriz, parrokia‑elizaren mantentze‑lanetarako. 1468an jada Lekeitioko portuak ondo tresnatutako moilak zituen. Urte hartako aktetan jasota dago balea handi bat harrapatu zutela San Nikolas uhartearen inguruetan.

1450ean, 200 tonako bi ontzi tresnatu zituzten Lekeitioko ontzioletan, Frantziaren eta Portugalen aurkako gerretara bidal­tzeko. Lekeitioko ontziek Hondarribiko eta Donostiako biztanleei lagundu zieten, frantsesek setiatu baitzituzten bi hiri horiek. Antzinako dokumentuek adierazten dute Lekeitioko ontzi eta marinel batzuk Armada Garaiezinean sartu zirela, eta Trafalgarko eta Otrantoko guduan Otomandar Inperioaren ontzidia suntsitzen laguntzeko parte hartu zutela.

Geografía General del País Vasco‑Navarro liburuan, Karmelo Etxegaraik gogora ekartzen digu 1550ean Lekeitiok 53 itsasontzi zituela, eta ontzi bakoitzean dozena erdi marinel, urte gutxi batzuk geroago, ontziek tona‑kopuru handiagoa zuten eta tripulazioak bikoiztu egin ziren.

Herriko ikuspegi orokorra, Lumentzatik

Herria pixkanaka hazten joan zen Amerikarako nabigazioak hazkunde hori azkartu zuela. Portuaren beharrizanak asetzeko, hainbat alditan handitu da, harik eta gaur egungo itxura lortu arte. Lekeitioko portua Bizkaiko bigarrena izan zen trafikoan XIX. mendearen amaierara arte, Bermeoko portuaren atzetik. Dena den, XX. mendean zehar Ondarroako portuak aurrea hartu zion.

XX. mendean zehar Lekeitio Bizkaitar askoren opor-toki bilakatu zen, Zita enperatrizaren adibideari jarraiki. Gaur egun herriaren biztanleria hirukoiztu edo laukoiztu egiten da uda garaian. Horrela, Lekeitioko jarduera ekonomiko nagusia zen arrantzari turismoa eta zerbitzuak batu zaizkio.

Lekeition badago atun‑arrantzaren kluba, udaro zaletuentzako txapel­ketak antolatzen dituena. Zaletu horiek eta herriko arrantzaleek irizten diote Sagustan badia (Lekeitio eta Ondarroa artean) oso egokia dela bisiguaren eta beste espezie batzuen artisau‑arrantzarako.

Egural­diaren iragarpenik ia ez zegoenean, herriko arrantzaleek bazuten talaiaria, talaian eseri eta zeruertza begiztatzeaz eta itsasoaren egoera aztertzeaz arduratzen zena. Itsasoratu baino lehen, egural­diari buruz eztabaidan jarduten zuten, eta haien iritziak bat ez bazetozen, atabaka erabil­tzen zuten. Kaxa txiki bat zen, bi atal zituena, eta tapak ere bi zulo zituen, batean itsasontzi bat margotuta, bestean etxe bat. Isilpeko bozketan talaiariak eta patroiek bolatxo bana zuloetako batean sartzen zuten, eta gero kontaketa egiten zuten. Harritzekoa bada ere, etxea margotuta zuen atalean bolatxo gehiago agertuz gero, ontziak itsasora joaten ziren.

Zerua garbi eta itsasoa bare egonez gero, ez zuten eztabaidarik egiten, goizean goiz‑goiz talaiariak abisua ematen zien dei egitekoei. Dei egiteko ardura zuten emakumeek atalondotik hots egiten zieten patroiei eta marinelei, banan‑banan, haiek izenak esanez.

Herria

Lekeitio dotorea da, atsegina, eta argazkietan oso ondo ematen du. Lekeitioko portu seguruaren aurrean dagoen badiara ibai txiki bat iristen da: Lea ibaia, hareatza bitan banatzen duena. Herrikoen hondartza Isuntza da, Uribarrengo lorategien eta elizaren parean dagoena. Learen eskuinal­deko hondartza Karraspio da, kosmopolitagoa, eta bainu hartzeko gomendagarriagoa. Hara iristeko, Ondarroarako bidea hartzen dute ibilgailuek, eta, itsasbeheran, Isuntzako hondartzatik barrena ere joaten da oinez.

Itsasoaren erasoari aurre egiten dion bastioi naturala Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Han ez da inor bizi, harritsua da, eta al­de batean pinuz estalia. Garai batean, eritasun kutsagarriak zituzten gaixoentzako ospitalea zegoen han, eta frantziskotarren monasterioa ere bai, gaur egun, han, haren zimenduak baino ez dira ikusten.

Herriko historiaren arabera, 1578ko epidemia gastrikoa guztiz mendean hartzeko bederatzi hilabete behar izan ziren. Gaixoak San Nikolas uhartera eramaten zituzten, eta Udalak Domingo Likona txistularia bidal­tzen zuen hara, gogoari goian eusteko. Lan hori egitegatik hainbat kobrezko erreal jaso zituen.

Lekeitio, Euskal Herria
Ezkerrean, Lekeitioko portua, erdian Isuntza hondartza eta Garraitz edo San Nikolas uhartea, eta eskuinean Lea ibaiaren bokalea eta Karraspio hondartza.

Gaur Lekeitiori osasuna dario. Bi al­derdi dituen udalerria da: neguan barnerakoia da, bertako eta antzinako estiloa du; uda iristen denean, ordea, herri ireki eta parrandazalea bihurtzen da, haren 7.000 biztanleak halako bi izaten dira, udatiarrak eta turistak iristen baitira, Isabel II.aren eta Zita enperatrizaren antzera. Zitak, Austriako Karlosen alargunak, tronua gal­du zuen Lehen Mundu Gerran, eta Lekeition harrera beroa egin zioten. Antzinako Lekeitiori dagokion hirigunea txikia denez, ibilbidea oinez egiteko modukoa da. Gogoko izatekoak dira, batez ere:

  • Eraikin batzuen itxura: Etxezabal etxea; Uriarte, Abaroa eta Uribarren jauregiak eta Urkizako Erdi Aroko dorretxea.
  • On Telloren etxea eta haren armarri zoragarria.
  • Zaldundegi.
  • Santo Domingo komentua (hango mojek San Pedroren belarrak ematen zizkieten arrantzaleei, sorginak uxatzeko).
  • Arranegiko iturria.
  • San Joan Teleko ermita.
  • Jesuiten eskola ohia.

Arranegi kalean, Atxabal kalearen kantoian, eraikin eder bat dago, izkinako armarria du, eta idazkun bat, harrotasunez hau dioena: Estas casas son para capellanes de Oxinaga (etxe hauek Oxinagako kapilauentzat dira).

Plaza Nagusian harlanduz egindako udaletxea dago, XVIII. mendearen erdial­dean eraikia. Jakin badakigu kontzeju itxiak egiten hasi aurretik edilak eta herriko indar biziak biltzen zirela elizaren ondoko hilerrian zegoen adaburu handiko hagin baten gerizpean.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza

Andre Mariaren Jasokundearen elizak aparteko atala merezi du. XV. mendean egindako basilikako eraikuntza‑lanetan tradizio gotikoa ageri da, baina haren aurretik eraikin erromaniko bat zegoen. Delmas, Lekanda eta Etxegarai bat datoz Santa Maria Basilikari buruzko iritzietan: Jaurerriko eraikin gotiko perfektuena da. Hiru nabe ditu eta erdikoa altuagoa da; kanpotik arbotanteak, gargolak eta pinakuluak ditu apaingarri, eta barrutik triforio bat, karel zulodunak dituena.

Portada zorrotz txaranbel­dua du, tinpano angrelatua, eta mainel bat, Ama Birjinaren estatuarekin. Hareharrizko portadaren inguruan ageri dira aingeru musikarien irudi txikiekin apaindutako arraba landua eta goial­deko friso horizontala, kalbarioa eta hamabi apostoluen irudiak dituena. Dorre barrokoa, aitzitik, 1737an kareharri grisez eraiki zuten.

Erretaula nagusiak egundoko balioa du. 1508ko filigrana gotikoa da eta haren konposizioa eta polikromia oso landuak daude. Taula bakoitzak Mariaren edo Kristoren bizitzaren eszena bat adierazten du, hori guztia errezel fin urreztatu baten azpian muntatuta. Patriarken eta dohatsuen bitxi paregabe hori hainbat irudik osatzen dute. Antiguako Andra Maria —estilo erromanikoko ikonoa— alboko al­dare batean dago, elizaren girolan. Loreak ez zaizkio inoiz falta, Lekeitioko zaindaria baita.

Gotiko flamigeroko beste erretaula eta irudi batzuk ere badaude, baita hilobi‑laudak, kantu‑liburuak eta beste arte‑objektuak ere, alboko kaperan ikusgai. Kanpandorrearen oinarrian badago eskultura abangoardista bat, Resurreccion Maria Azkueri eskainia. Izan ere, Lekeitiar ospetsu hura lexikografoa, fol­klorista, gramatikaria eta euskal kulturaren patriarketako bat izan zen.

Ekonomia

Turismoa

Turismoa da gaur egun Lekeitioko diru-iturri nagusienetarikoa. Horren adibide garbia da udan izaten duen biztanle-hazkunde nabaria.

Portua

Euskal Herriko kairik garrantzitsuenetarikoa dugu gaur egun. Historian zehar ere portu nabarmena izan da. Tartean, balearen harrapaketaren inguruan ibili ziren urteetan arrantzale lekeitiarrak, eta hain garrantzitsua izan zen jarduera hori, herriko armarrian irudikatuta agertzen da.

Demografia

Lekeitioko biztanleria

Politika

Lekeitio 007
Lekeitioko udaletxea.

2007ko udal hauteskundeetan bost izan ziren legez hauteskundeetara aurkeztu zirenak: EAJ, EA, PSE, PP eta Ezker Batua-Aralar koalizioa. Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda legez kanpo utzi zen. EAJk bederatzi zinegotzi eskuratu zituen eta EAk lau. Gainerako alderdiek ez zuten ordezkaririk eskuratu. 1.560 boto nulu egon ziren, gehienak, Eusko Abertzale Ekintzaren zerrendari emandako baliogabetutako botoak. Hauteskunde hauen ostean, Jose Maria Cazalis Eiguren (EAJ) izendatu zuten Lekeitioko alkate, gehiengo osoz.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Maitane Larrauri Fraile, Bilduko zerrendaburua aukeratu zuten alkate, gehiengo osoz. Bilduk zortzi zinegotzi lortu zituen eta Euzko Alderdi Jeltzaleak bost.

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, aldaketa nabarmena gertatu zen, Bildu ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk bi zinegotzi galdu baitzituen eta EAJk bi irabazi. Horren ondorioz, EAJ alderdiko Koldo Goitia hautatu zuten alkate.

Lekeitioko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
7 / 13
2.021 (% 50,75)
5 / 13
1.615 (% 35,70)
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)*
6 / 13
1.905 (% 47,84)
8 / 13
2.542 (% 56,19)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen behin-behineko emaitzak euskadi.eus webgunean

Kultura

Euskara

Mertxe Pagoagaren[3][4] pasartea (Ahotsak[5] proiekturako)

Lekeitioko euskara bizkaieraren aldaera bat da, sortaldekoa[6], Lea-Artibaiko[7] euskara hain zuzen. Herriko euskaldun kopurua %80,72 da, eta erabilera %57,6.

Komunikabideak

107,7 FM-n emititzen duen Arrakala irratia, Zer Esana gazte-agerkaria eta eskualde-mailako Hitza egunkaria ditu udalerriak.

Zinema

Lekeition egiten dira Euskal Zine eta Bideo Bilerak urtero. [1]

Bitxikeriak

Herriko armarrian, hurrengo testua irakur daiteke latinez: Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens Lequeitio, euskarazko itzulpena honakoa da: Lekeitiok, lurrean eta itsasoan indartsu, errege eta zetazeo izugarriak harrapatzen ditu

Ondasun nabarmenak

Jaiak eta ospakizunak

  • San Pedroak, ekainaren 28tik uztailaren 1era. Ekainaren 29a, San Pedro apostoluaren eguna, arrantzaleen egun handia da. 10:30etako Meza Nagusia amaitzean, kilinkala hasten da. Kilinkariek San Pedroren irudia prozesioan eramaten dute, eta, kaiaren ertzean, santua zakarki makurtzen dute behin eta berriz. Mugimendu horiei kilinkak esaten diete, eta arrantzale‑kofradiaren patroiak itsasoko urari emandako bedeinkapentzat hartzen dituzte. 1947an kilinkariak bal­dar samar ibili ziren eta San Pedro uretara erori zen. Urte hartan hegaluzearen arrantza‑al­dia bikaina izan zen, eta oparotasun hura santuaren urperatzeari egotzi zioten.
Tradizioari eutsiz, kaxarranka dantzatzen dute. Oso antzinako gremio‑dantza da: dantzari batek 8 arrantzalek daramaten kutxa baten gainean dantza egiten du.

Ibilaldiak

Lekeition egingo dugun paseoan, etxeetako begiratokien mul­tzo armoniatsu eta koloretsuak ikusiko ditugu, eguzkiak berotuta, portuko uretan islaturik... gero olatu‑horma, eta itsaslabarretan barrena joango gara Santa Katalina itsasargiraino.

Beste ibilbide bat izan daiteke Uribarrengo lorategietan paseoa egitea. Garai batean Zita enperatrizaren jauregiko sailak ziren; gaur egun, berriz, errepidearen eta hondartzaren arteko lorez betetako tartea. Handik Isuntzako hondartzako harkaitz antropomorfikoa: aittitta makurra da, hura ezagutzen duena lekeitiartzat hartzeko modukoa da.

Isuntzako zubi begibakarretik aurrera Karraspio hondartzaraino joan gaitezke. Hantxe, Euskal Herriko eukalipto-sailik handiena hasten da, eta datu horrek Bizkaiko ekialdeko itsasal­dearen klima gozoaren berri ematen digu.

Argazkilaritza maite dutenei ahol­ku bat emango diegu: Atea portalera hurbil­du (harresiak izan zituen zazpi ateetako bat) eta, kalbarioko gurutzeak erreferentziatzat hartuta, Lumentza mendira igo, hiribil­duaren bista paregabeez gozatzeko. Mendi horren bihotzean Madeleine aldiko aztarnategiak aurkitu zituzten.

Hirigunean, baina Ispaster udalerrian, Zubieta jauregia dago, XVIII. mendean eraikia estilo barroko churriguereskoan. Adan de Yarza familia ospetsuaren etxea eta lurrak. Lur haietan badira laborantzak, Versaillesko gustuaren araberako lorategiak eta ontziraleku partikularra Leako itsasadarrean. Gainera, Zubietako sailetan duela mende bat baino gehiago Mario Adan de Yarza politikoak Monterreytik ekarritako lehendabiziko insignis pinua (pinus radiata) dago.

Lekeitiar ospetsuak

Erreferentziak

  1. a b c d e f Euskal Herriari Begira Udalbiltza.
  2. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-09-20.
  3. «Pagoaga Etxaburu, Mertxe - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  4. «Erdararik ez; eskola gutxi - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  5. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  6. https://ahotsak.eus/euskalkiak/mendebalekoa-bizkaiera/sortaldekoa-m/
  7. «Lea-Artibaikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-07-13.

Kanpo estekak

Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Lekeitio)

Andre Mariaren Jasokundearen eliza edo Lekeitioko basilika —baita ere Andra Mariaren Zeruratzea basilika edo Santa Maria eliza izenez ezaguna— Lekeition dagoen parroki-eliza nagusia da, XV. mende azkenean amaituriko eraikin gotiko berantiarra, Ama Birjinaren omenez eraikia. Barnealdean ikusgai daude erretaulak, Cavallé-Coll organoa, harmoniuma eta hilobi estaliak.

Benito Ansola

Benito Ansola Erkiaga (Lekeitio, Bizkaia, 1928ko abuztuaren 13a) apaiza eta zinemazalea da. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergarako seminarioan eta Gasteizen, eta 1953an apaiz ordenatu zuten Bilbon.

Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, eta gainera, zinemazale amorratua izanik, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. Markinako zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak ere zuzendu ditu, eta 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin.

2005ean, Amalur saria eman zioten Donostiako Zinemaldian.

2010ean, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola izena jarri die euskarazko zinemagintza sustatzeko sortu dituen bekei.

Bizkaibus

Bizkaibus Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen duen hiriarteko autobus zerbitzuaren izen komertziala da, autobusok berde koloredun diseinuaz identifikatzen direla. 2017an Bizkaiko garraio publikoan egindako bidaien %16,1a Bizkaibusen egin zen, Bilboko metroaren atzetik herrialdeko bigarren garraio publiko zerbitzurik erabiliena izanik.2014tik hurrengo enpresek dute esleituta Bizkaibus zerbitzuaren ustiapena:

Ezkerraldea-Meatzaldea Bus S.A., ustiatzaileak Transportes Colectivos S.A. eta Transitia izanik.

Grupo Acha Movilidad - Lujua Txorierri Mungialdea S.A., ustialtzaileak Encartaciones S.A., Compañía de Autobuses Vascongados (CAVSA) eta Autobuses de Lujua izanik.

Busturialdea-Lea Artibai Bus S.A., ustiatzaileak Transportes Colectivos S.A. eta Transitia izanik.

Nerbioi PesaLur S.A., ustialtzailea Pesa Bizkaia izanik.

Grupo Acha Movilidad - Enkarterri S.A., ustialtzaileak Encartaciones S.A., Compañía de Autobuses Vascongados (CAVSA) eta Autobuses de Lujua izanik.

Euskotren, ustiatzailea Eusko Trenbideak izanik.

Bizkaiko jaurerria

Bizkaiko jaurerria XI. mendetik XIV. menderaino Bizkaian eta inguruko lurralde batzuetan garatu zuten Erdi Aroko aginte sistema izan zen.

Eneko Lopez "Ezkerra" izan zen Bizkaiko lehen jauna, 1040an hasita; eta 1379an, Joanes I.a Gaztelakoa Bizkaiko jaun bihurtzearekin, titulu hori Gaztelako koroak bereganatu zuen, eta gero Espainiako Erresumak.

Lau etxe edo leinu nagusi egon ziren jaurerriaren historian: Haro, Borgoña, Lara eta Trastamarakoak.

Lurraldea garai hartan guztian bi multzo handitan banatzen zen:

Herri xehea: baserrietan eta landa munduan bizi zen, elizatetan. Gehien-gehienek euskaraz egiten zuten.

Hiribilduak eta hiria: hiri-gutunak eta foru bereziak zituzten, eta aparteko batzarrak antolatzen zituzten. Euskaraz ez eze, horko hainbat biztanlek gaztelaniaz ere egiten zuten, eta ikasienek latinez ere. Hiri bakarra Urduña zen, eta hiribilduak hauek ziren: Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia.Enkarterria geroxeago batu zen Bizkaira.

Erretaula

Erretaula (latinetik retro tabula altaris, "aldare atzeko ohola") edo Oholtza aldare atzean margolan eta eskulturez ezartzen den atala da.

Erretaulak tamaina askotakoak izan daitezke, altzari izatetik aldare atzeko horma guztia estaltzeraino. Altzari badira, atal mugikorrak ere izan ditzake: bi diptikoa bada, hiru triptikoa bada eta gehiago poliptikoa bada.

Eusebio Erkiaga

Eusebio Erkiaga Alastra (Lekeitio, 1912ko irailaren 4a - Bilbo, 1993ko maiatzaren 31) euskal idazle bizkaitarra eta euskaltzaina izan zen.

GR 38

GR 38 edo Ardoaren eta arrainaren bidea Oion (Arabar Errioxa, Araba), Bizkaiko Bermeo, Lekeitio eta Ondarroako herriekin lotzen duen ibilbide luzea da. 120 kilometrotako luzera du eta sei-zazpi etapetan dago banaturik. Durango eta Oion artean bidea bakarra da, hortik adar desberdinak ateratzen direlarik: adar bat Bermeorantz doa eta beste bat Ziortza-Bolibarrera, azken udalerri honetan berriz banatzen delarik bidea Lekeitio eta Ondarroara doazen adarretan.

Arabar Errioxa Bizkaiko kostaldearekin lotzen ditu bideak, Urkiolako mendatea gurutzatuz.

Galdakao-Usansolo Ospitalea

Galdakao-Usansolo Ospitalea Osakidetzaren sareko ospitale bat da, Galdakao udalerriko Usansolo auzoan kokatua dagoena eta Bizkaiko barrualdeari zerbitzu ematen diona. Ospitalea Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuaren parte da, Gernika-Lumo Ospitalearekin batera.

Ospitalean Osakidetzaren sare osoko hurrengo zerbitzu eta erakundeak daude:

Osatek (Irudi bidezko diagnostikoen Zentroa. Erresonantzia magnetikoa)

Euskadiko Farmakozainketako Unitatea

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa

Gizaburuaga

Gizaburuaga Bizkaiko ipar-ekialdeko udalerri bat da, Lea-Artibai eskualdekoa. 209 biztanle zituen 2016. urtean. Munitibar eta Lekeitio arteko bidean dago.

Hirusta

Hirustak (Trifolium) belardietako landare mota bat da. Hirusta batez ere Ipar Hemisferioan hazten, lurralde honetako tenperatura epelek hirusta espezie ugaritasun handienak sortzeko aukera ematen baidute. Halere Hego Amerika eta Afrikan ere zenbait hirusta espezie aurkitu izan diren. Tropikoetako goi-mendietan ere aurkitu ahal izan dira.

Bere ezaugarri nagusia hiru folioloz osaturiko hiru osto izatea da eta bere sustraietan dauden bakteria sinbiotikoei esker eguratsa garbitzeagatik. Bere proteina aberastasunari esker abelgorriei bazka emateko landare erabilietakoena da.

Lau ostodun eredu arraroak aurkitzeak (lau ostodun hirusta) usadio herrikoiaren arabera zorte ona ekartzen omen du.

Igeldoko itsasargia

Igeldoko itsasargia Donostian dagoen itsasargia da, Igeldon hain zuzen ere, Itsasargi pasealekuan.

Dorrearen gainetik Getaria, Zumaia, Lekeitio eta Matxitxako ikus daitezke ekialdean, eta Miarritze eta Landetako kosta mendebaldean.

Isuntza Arraun Elkartea

Isuntza Arraun Elkartea edo 2011 urtetik aurrera Lekittarra Arraun Elkartea Lekeitioko arraun elkartea da. 1977an sortu zuten Balerio Basozabal algortarrak eta Lekeitioko kuadrila batek. Hasieratik TKE Ligan bazegoen ere, orain KAE Ligan ari da.

Isuntzaren Bandera

Isuntzaren Bandera ekainean Lekeition urtero jokatzen den bandera da. Ligetatik kanpo dagoen estropada da eta elkarteek denboraldi-aurreko proba gisa erabiltzen dute. 2015etik aurrera Gure Esku Dago Bandera izena izan du.

Josu Urrutia

Josu Urrutia Telleria (1968ko apirilaren 10a, Lekeitio, Bizkaia) euskal herritar futbolari ohi bat da. Erdilari postuan jokatu ohi zuen. Bere ibilbide profesional osoan Bilboko Athletic Kluban jokatu zuen.

2011ko uztailaren 7an Athletic Klubaren lehendakaritza hauteskundeak ospatu ondoren, futbol talde honetako presidente hautatu zuten, honela talde honetako 31. presidentea bilakatu zelarik.

Lea-Artibai

Lea-Artibai Bizkaiko ipar-ekialdean dagoen eskualdea da, Gipuzkoarekin mugakide. Izena ematen dioten Lea eta Artibai ibaiek mugatzen dute mendebaldean eta ekialdean hurrenez hurren, baita Kantauri itsasoak ere iparraldean.

Ispaster eta Markina-Xemein izan ezik, gainontzeko herriak UEMA mankomunitate euskaldunean sartuta daude, Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetarikoa izanda.

Herri nagusiak kostaldekoak ditugu: Lekeitio (Lea ibaiaren itsasoratzean) eta Ondarroa (Artibairen bokalean).

Lekeitioko Bandera

Lekeitioko Bandera Isuntza Arraun Elkarteak Santiago egunean urtero antolatzen duen estropada da. Gaur egun lekeitiarrak dauden Ligako bandera bada ere 90. hamarkadan garrantzi handiko bandera izan zen. El Correo-BBK izenaz ezagutzen da babesleak direla eta.

San Mames geltokia

Santimami/San Mamés aldageltokia Bilboko metroa, Renfe Aldiriak, Euskotren Tranbia eta Termibus batzen dituen aldageltoki edo geltoki intermodala da, Bilboko Garellanoko auzoan kokatuta dagoena. Zehazki, Bilboko metroaren 1. eta 2., Renfe Aldiriak eragilearen C-1 eta C-2, eta Euskotren Tranbiaren Bilboko tranbia lineari, zein Termibus autobus geltokiari dagokien geltokia da.

2004. urtean San Mames geltoki intermodala inauguratu zen, Metro, Renfe Aldiriak eta tranbia geltokiak bat eginez Termibus autobus geltokiaren ondoan. Hala, trena eta Metroak bestibulu bakarra elkarbanatzen dute. Bestibulutik Termibusera irteera zuzena dago, gaur egun itxita dagoena autobus geltoki berria eraikitzen ari den bitartean; eta tranbia geralekua gaineko mailan kokatzen da, kalean, alegia.

Geltokiak San Mames futbol-zelaiaren ondoan kokatuta egoteagatik hartzen du izena. Hala, Bilboko Athletic Kluba etxean jokatzen duenean, geltokiak zelaia eta inguruak hornitzen ditu.

Termibus

Termibus Bilboko autobusen geltoki nagusia da. Bizkaira, Euskal Herrira edota Espainiara doazen autobus desberdinak Termibusetik ateratzen dira.

Xabat Galletebeitia

Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio, 1986) bizkaitar bertsolaria da. 2016ko Bizkaiko bertsolari txapelketan bigarren sailkatu zen.

Lea-Artibai eskualdea.svg Lea-Artibaiko udalerri aurkibidea Lea-Artibai eskualdea.svg

AmorotoAulestiBerriatuaEtxebarriaGizaburuagaIspaster • Lekeitio • Markina-XemeinMendexaMunitibarOndarroaZiortza-Bolibar

Bizkaiko udalerriak Bizkaia
Bizkaiko hiri eta hiribilduak
Hiri eta hiribilduak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.