Kosovo

Kosovoko Errepublika[1] (albanieraz: Kosovë, Kosova; serbieraz: Косово edo Космет / Kosovo edo Kosmet), antzina, Kosovo-Metohia (albanieraz: Republika e Kosovës; serbieraz: Република Косово) alde bakarretik independentzia aldarrikatu duen Europako hego-ekialdeko lurralde bat da.

Gaur egungo Kosovoren egoera Jugoslavia ohiaren desintegrazio prozesuaren emaitza da, nahiz eta aurrekari zuzenak XIX. mendeko Balkanetako nazionalismoen sorreran dauden. Zehazki, albaniar eta serbiar nazionalismoen arteko gatazka iturria izan da ordutik. Serbiak, bertako probintzia autonomo bezala aldarrikatzen du. 1999tik 2008ra, Kosovoko Gerra amaitu ostean, NBEren administraziopean geratu zen. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen; azken honek, Errusia eta beste zenbait estaturekin batera, legez kanpokotzat jotzen du aldarrikapen hori. Ekainaren 15ean Konstituzio berria sinatu zuten, estatu baten botere guztiekin.

Kosovoko Errepublika
Republika e Kosovës


Република Косово / Republika Kosovo

Kosovoko bandera Kosovoko armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Europa
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Pristina
Hizkuntza ofiziala(k) Albaniera, serbiera
Herritarra kosovar[1]
Gobernua Errepublika (NBEn protektoratua)
 -  Presidentea Hashim Thaçi
 -  Lehen ministroa Ramush Haradinaj
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 10,887 km2 (166)
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2005) 2.200.000 (142)
 -  Dentsitatea 220 bizt./km2
Dirua Euro, serbiar dinarra iparraldean. (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia +381
Independentzia oraindik ez da onartua. Iparraldean dauden eremu Serbiarretan dinarra erabiltzen da.

Geografia

Kosovo map-es
Kosovoko mapa.

Mugakide hauek ditu: Montenegro, Albania, Ipar Mazedonia eta Serbia.

Pristina hiriburua eta Prizren (500.000 biztanle) dira hiri jendetsuenak. Badira beste bost hiri 50.000 biztanletik gorakoak. Eskualde nagusia Metohia da, arro handi bat Kosovoko mendebaldean ( Djakovica, Orahovac eta Prizren herriak), Kosovo eskualdea Sitnica ibaiaren inguruko beste arro bat da (Uroaevac, Priatina, eta Kosovska Mitrovica), Malo Kosovo edo Kosovo Txikia, (Podujevo), Metohiaren eta Kosovoren artean Drenica dago (Srbica, Klina eta Malisevo).

Historia

Battle of Kosovo, Adam Stefanović, 1870
Kosovoko gudua, 1389. Adam Stefanovićen margolana.

Antzinatean traziar eta iliriarren arteko muga izan zen. K. a. 160an Erromak konkistatu zuen eta Illyricum probintziaren parte bihurtu zen. VI eta VII. mendeetan zehar, tribu eslaviarrak sartzen joan ziren eta bertako populazioarekin nahasten. 850erako kultura eslaviar kristaua erabat nagusitu zen inguruan, eta Bulgariako inperioko parte bihurtu zen.

Bulgariarren, serbiarren eta bizantziarren inperioen parte izan zen, harik eta 1346an Serbiako inperioan sartu zen arte. 1389an serbiar, bulgariar eta albaniarrek gerra galdu zuten Otomandar Inperioaren aurka eta pixkanaka lurralde guztia otomandarren esku geratzen joan zen, XX. mendera arte.

XIII. mendearen amaieran, Kosovo eta Metohiako lurraldea Nemanjić dinastiaren egoitza izan zen. Hura izen zen, orobat, Serbiako eliza ortodoxoaren kokaleku nagusia. Pristina garrantzi handiko merkataritza-gunea zen garai hartan. Meagintzak ere garrantzi handia izan zuen, zilargintzak batik bat. Serbiar inperioa eratu zenean, monarkia absolutuaren gobernu feudal bihurtu zen, eta Kosovoko lurrak Branković familiari egokitu zitzaizkion. Serbiar inperioa desegin zenean, otomandar inperioak eslaviar lurraldeak menderatu nahi izan zituen, eta Kosovoko gudu ospetsuan borrokatu zen serbiar armadarekin, 1389an. Gudu hura otomandarrek irabazi bazuten ere, gizon asko galdu zituzten, eta Kosovoko hondamen hura serbiarren mitologia nazionalak bere baitan atxikia izan du gaur arte. Otomandarrek Kosovo mendean hartzeak islamizazio prozesu bat ekarri zuen; prozesu hori hirietan hasi zen eta mende bat baino gehiago iraun zuen. Kristau askok fede berria bereganatu zuten, arrazoi ekonomiko eta sozialengatik, besteak beste, musulmanei onura eta eskubide handiak ematen baitzitzaizkien eta eliza ortodoxo eta katolikoak zerga handiagoak ordaintzera behartu baitzituzten agintari musulmanek. Albaniarrak eslaviarrak baino lehenago bihurtu ziren musulman, eta ugaritu ere egin ziren kopuruz. 1689an, Erromatar eta Germaniar Inperio Sakratuaren eta Otomandar Inperioaren arteko gerrak bete-betean jo zuen Kosovo. Austriarrak Kosovoraino iritsi eta Belgrad mendean hartu zuten; serbiar askok austriarrekin bat egin zuten, eta otomandarrek kontraerasoa jo zutenean, gogor zanpatu zituzten serbiarrak eta haietako askok ihes egin behar izan zuten. Harrezkero, gaurdaino, Kosovoko biztanle gehienak albaniarrak izan ziren eta gutxiengo kristau batzuk geratu ziren.

XIX. mendearen bukaeran, albaniar nazionalismoak goraldia izan zuen, eta horrek eragin handia izan zuen Kosovon ere. Balkanetako Lehenengo Gerran, Otomandar Inperioa erabat garaitu zuten, eta otomandarrek ia Balkan osoetatik erretiratu behar izan zuten; orduan sortu zen Albania, baina Serbiak aitzina bere mendean izandako lurraldeak berreskuratu zituen, Kosovo tartean, albaniarren heren bat Albaniatik kanpo utziz horrela. 1912. urteaz gero, beraz, Kosovo Serbiaren baitan geratu zen, eta horrek aldaketa handia eragin zuen biztanlerian: milaka albaniar Albaniara joan ziren, eta agintari berriek plan bat jarri zuten abian Kosovo serbiarrez jendeztatzeko, eta, horretarako, albaniar asko sarraskitu zituzten. Lehen Mundu Gerraren ondoren, serbiar agintariek hainbat administrazio txikiagotan banatu zuten Kosovo eta albaniarrak zanpatzen jarraitu zuten. II. Mundu Gerran, Ardatzeko Potentziak Jugoslavia inbaditu zuten 1941ean. Italia faxistaren mendeko Albania handiaren, Bulgariako Erresumaren eta Serbiaren artean banatu zuten Kosovo. Erresistentziako albaniar talde armatuak Kosovo etniaren aldetik homogeneizatzen saiatu ziren, juduak, ijitoak eta eslaviarrak deportatuz. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, erresistentzia komunistako partisanoak nagusitu, eta Kosovo Jugoslaviako Herri Errepublika Demokratiko sortu berriaren barruan geratu zen. 1946an, administrazio autonomo berezi bat sortu zen Kosovon, aurrenekoz otomandarren garaitik, hasieran Serbiako Errepublika Sozialistaren administrazioaren baitan eta, 1963az geroztik, probintzia gisa. 1974an, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren baitan, Kosovo Probintzia Autonomo Sozialista sortu zen. Autonomia horrekin batera, eskolak albanieraz erakusten hasi ziren eta Kosovoko gobernua albaniar-kosovarren esku geratu zen neurri batean. Kosovoren autonomia albaniarren alde areagotzeak tirabirak sortu zituen bertako serbiar komunitatearekin, diskriminatua sentitzen baitzen; gainera, albaniarrak gero eta gehiago ugaltzen ari ziren, haien jaiotza tasa serbiarrena baino askoz handiagoa baitzen. 1980an, Tito hil zenean, tirabira etnikoak areagotu egin ziren Jugoslavia osoan eta bereziki Kosovon. 1980ko hamarraldian, Slobodan Milošević serbiar buruzagiak gogotik akuilatutako nazionalismoaren eraginez, Kosovok eta Jugoslaviako gainerako errepublikek boterea eta burujabetza galdu zuten. 1989an, Kosovori autonomia kendu zioten, albaniarrei eskubide politikoak mugatu zitzaizkien eta serbiarren kolonizazioa bultzatu zen. Jugoslavia desegiten ari zen artean, Kosovok bere aginpide guztia galdu zuen Serbiaren mende.

War in the balkans kosovo 1999 3
Txikizioa Kosovoko herri batean. 1999.

1991n, Kosovok independentzia deklaratu zuen. 1992an, Ibrahim Rugova izendatu zuten Kosovoko lehendakari eta hainbat kosovotar erakunde sortu ziren, baina gobernu hori ez zuten nazioartean onartu. Garai hartan sortu zen Kosovoko Askapenerako Armada (UCK), serbiar armadari aurre eginez Kosovoren independentzia lortzeko. 1990eko hamarraldia bukaeran hasi zen Kosovoko gerra. Gerra bukatu ondoren, NBEk erabaki zuen Nazio Batuen Behin Behineko Administrazio bat ezartzea Kosovon (MINUK), eta segurtasuna, berriz, KFOR indar multinazionalaren esku uztea. Hala ere, albaniar batzuek mendekuzko ekintzak egin zituzten serbiarren aurka eta milaka serbiar-kosovarrek Serbiara ihes egin zuten, baina serbiar enklabe batzuk geratu ziren Kosovon. 2001ean, MINUKek erabaki zuen agintearen zati bat albaniar-kosovar komunitatearen esku uztea, eta hala sortu ziren Kosovoko legebiltzarra eta lehendakaritza eta lehenengo hauteskundeak egin ziren. Geroztik, Serbiako agintariak, Kosovokoak eta NBE Kosovoren estatusa negoziatzen aritu ziren. 2008ko otsailaren 17an, Kosovoko legebiltzarrak, bilera berezian, independentzia aldarrikatu zuen, Kosovoko Errepublika izenarekin. Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak deklarazio horren alde egin zuten, eta Serbiak eta Errusiak, berriz, erabat gaitzetsi zuten. Protesta gogorrak izan ziren Serbian, baina Europako Batasuneko eta Balkanetako estatu askok ofizialki onartu zuten estatu berria; Errusiak erabat gaitzesten duenez eta betoa ezarri dionez, NBEak ez du Kosovoren independentzia onartu. Hashim Thaçi Kosovoko Alderdi Demokratikokoa da Kosovoko Lehen Ministroa eta administrazioaren zati handi bat bere esku baldin badu ere, MINUKi dagokio barne segurtasuna. Kosovoren iparraldeko serbiar enklabea, berriz, Serbiar Errepublikaren mendean dago.

2014ko abenduaren 8an, Kosovon gobernua osatzeko hitzarmena egin zuten[2]. Abenduaren 9an, gobernua osatu zuten Kosovon, sei hilabeteren ostean[3].

2015eko urtarrilaren 27an, independentzia eskuratu ondorengo istilurik larrienak egon ziren Kosovon[4].

Ekonomia

Kosovoko ekonomia Europako behartsuenetako bat da; biztanleko diru sarrera 1.500 eurokoa zen 2006an. Emigranteen bidalketek eta atzerriko herrialdeen laguntzak garrantzi handia dute Kosovoko ekonomian. Industriaren sektorea oso ahula da eta elektrizitate hornikuntza, berriz, badaezpadakoa. Langabezia tasak oso handiak dira, % 40-50 ingurukoak. Ezkutuko ekonomiak indar handia du Kosovon eta gasolina, zigarro eta zementoaren kontrabandoarekin lotuta dago gehienbat. Ustelkeriak eta gaizkile talde antolatuen eraginak kezka handia sortu du nazioartean.

Banaketa administratiboa

North Kosovo
Ipar Kosovo, laranjaz, Kosovoko agintaritzak kontrolatzen ez duen eskualde serbiarra.
Zajednica srpskih opstina
Serbiar Udalerrien Erkidegoa, 2013ko akordioen arabera osatu behar zena; praktikan oraindik sortu gabea.

Kosovo zazpi barrutietan banatuta dago:

Serbiarren kontrolpeko eskualdea

Izatez, Kosovoko gobernuak kontrolpean ez duen eskualde bat ere badago iparraldean, Serbiarekin mugakidea, Ipar Kosovo. Kosovoko Gerra amaitu zenetik, 1999. urtetik, dirau egoera honek.

2013an Serbiak eta Kosovok sinatutako Bruselako Akordioaren ondorioz, Ipar Kosovo integratzekoa zen beste egitura batean, Serbiar Udalerrien Erkidegoan, serbiar gehiengoko zenbait udalerrik osaturiko egitura bat, autonomia maila bat izango lukeena. Baina Erkidego hori ez da egiazki osatu 2018 bitartean bederen.

Demografia

Etnien arabera

  •  % 88 albaniar (1.996.000 – 2.072.000)
  •  % 8 serbiar (60.000 – 90.000)
  •  % 2 gorani (41.000 – 57.000)
  •  % 1,5 ijito (34.000 – 38.000)
  •  % 0,5 turkiar (17.000 – 19.000)

Erlijioaren arabera

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. «Kosovon gobernua osatzeko akordioa egin dute», Berria, 2014-12-09
  3. «Gobernua eratu dute Kosovon, sei hilabeteren buruan», Berria, 2014-12-10
  4. «Independentzia osteko istilurik larrienak Kosovon», Berria, 2015-01-28
Albania

Albania (albanieraz: Shqipëri/Shqipëria), ofizialki Albaniako Errepublika (albanieraz: Republika e Shqipërisë; ɾɛpuˈblika ɛ ʃcipəˈɾiːs ahoskatua) Europako hego-ekialdean dagoen errepublika da, Balkanetan alde batetik eta Mediterraneo itsasoaren kostaldean bestetik kokatua. Iparraldean Serbia eta Montenegrorekin muga egiten du, ekialdean Ipar Mazedoniako Errepublikarekin, hegoaldean Greziarekin, eta mendebaldean Itsaso Adriatikoarekin.

Albania hainbat erakundeko kide da, besteak beste, Nazio Batuak, NATO, Europako Kontseilua, Merkataritzaren Mundu Erakundea, Batzar Islamikoko Erakundea eta Meditarraneoko Batasunaren kide sortzaileea. Albania Europar Batasunean sartzeko balizko hautagaia izan da 2003ko urtarriletik eta hautagaitza ofiziala aurkeztu zuen 2009ko apirilaren 28an.

Kosovo eta Bosnia-Herzegovinaekin batera, Albania musulmanek gailentzen Europako herrialdeetako bat da.

Hiriburua Tirana da eta hizkuntza ofiziala albaniera da.

Albaniera

Albaniera (gjuha shqipe, ˈɟuha ˈʃcipɛ ahoskatua, edo shqip, ʃcip ahoskatua) indoeuropar hizkuntza da, Europako hego-ekialdean ia 6 milioi pertsonak hitz egiten dutena.

Balkanak

Balkanak edo Balkanetako penintsula, Europako hego-ekialdeko eskualde historiko eta geografikoa. Azalera 728.000 km² inguru da, eta 53 milioi biztanle ditu.

Danubio ibaiak eta haren adar Savak iparraldetik mugatzen dute, eta Adriatikoak, Mediterraneoak eta Itsaso Beltzak inguratzen dute gainerako aldeetatik. Otrantoko kanalak bereizten du Italiatik; Dardanelo eta Bosforo itsasarteek Asia Txikitik.

Hiru mendilerrok zeharkatzen dute Balkanetako penintsula: Dinariar Alpeak Albania eta Peloponesoko mendietatik luzatzen dira Mediterraneoraino; Balkanak ipar-ekialdean hedatzen dira eta Rodope mendiak Ipar Mazedoniaren iparraldean.

Eskualdean estatu hauek daude:

Albania

Bosnia-Herzegovina

Bulgaria

Grezia

Kosovo

Ipar Mazedoniako Errepublika

MontenegroLurraldearen gehiena Balkanetan duten estatuak:

Kroazia

SerbiaLurraldearen zati txikiak soilik dituzte Balkanetan:

Eslovenia

Italia (Trieste eta Goriziako zati bat.

Errumaniako Dobruja Iparraldea eskualdea.

Turkiako Traziako ekialdea.

Bosniako

Bosniakoak (serbokroazieraz Bošnjaci) eslaviar etnia bat dira, hegoaldeko eslaviarren azpitaldekoa.

Gehienbat Bosnia-Herzegovinan bizi dira, eta lurralde horrekin zuzeneko lotura historikoa dute. Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako erroldan "musulman nazionalitatea" eman zitzaion baina 1990eko hamarkadatik aurrera eta Bosnia-Herzegovinako independentziarekin eskualdean fededunak izan ala ez tradizio musulmana duten eslaviarrek "bosniako" izendapena lehenetsi dute. Bosnia-Herzegovinaz gain Serbia eta Montenegron ere bizi dira, batez ere bien artean banatuta dagoen Sandžak aldean; Jugoslavia zaharreko beste eremuetan (Kosovo, Kroazia, Eslovenia) ere topatzen dira eta bai arrazoi ekonomikoengatik bai Bosniako gerragatik Europar Batasunean (bereziki Alemanian), Ipar Amerikan edota Australian ere jatorri bosniakoa duten ganorazko jende taldeak daude.

Bosnia-Herzegovinan bertan gerrako garbiketa etnikoak asko murriztu zuen bere zabalpena eta gaur egun oso gutxi dira Bosniako Serbiar Errepublikan bizi direnak.

Erdialdeko Serbia

Erdialdeko Serbia (serbieraz: Централна Србија / Centralna Srbija), baita benetako Serbia (ужа Србија / uža Srbija) ere deitua, Serbiako eskualdea da, iparraldean Voivodina eta hegoaldean Kosovo (Kosovo eta Metohia) dituena. "Erdialdeko Serbia" hitzarmenezko toponimo bat da, ez da inolako banaketa administratiboa.

Ikuspegi zabal batetik, egungo Serbiaren nukleo historikoa da, Serbiako Iraultza (1804–17) eta Otomandar Inperioaren aurkako gerren ondorioz sortu zena. Hurrengo mendean, Serbia epeka-epeka hegoalderantz zabaldu zen: hegoaldeko Serbia, Kosovo, Sandžak eta Vardar Mazedonia beregantu zituen. 1918an – Montenegrorekin eta Danubio eta Savaren mendebaldean zeuden Austria-Hungariako eskualdeekin (Voivodina) bat egin zuenean – Jugoslaviako Erresuma eratu zuen. Egungo mugak Bigarren Mundu Gerra eta gero finkatu zituzten, Serbia Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren barneko errepublika bilakatu zenean, Kosovo eta Voivodina bere probintzia autonomoak izanda.

Erdialdeko Serbiako eskualde geografiko nagusiak honakoak dira: Šumadija, Mačva, Timočka Krajina, Pomoravlje, Podunavlje, Posavina, Podrinje, Zlatibor eta Raška.

Ipar Kosovo

Ipar Kosovo (serbieraz: Северно Косово/Severno Kosovo; albanieraz: Kosova Veriore), gehiengo etnikoki serbiarra duen Kosovoko eskualde bat da, lau udalerrik osatua: Iparraldeko Mitrovica, Leposavić, Zvečan eta Zubin Potok. Ibarski Kolašin izenarekin ere ezaguna (Serbieraz zirilikoz: Ибарски Колашин; albanieraz: Koloshini i Ibrit).

Praktikan, Kosovoko gobernu independenteak kontrolatzen ez duen eskualdea da. Aginte burujabe autonomo bat dago Ipar Kosovon bertako serbiarrek osatua, Kosovoren independentzia aldarrikapenetik (2008). Aginte-erakunde horrek izen hau du serbiarrek emana: Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoko Udalerrien Erkidego Biltzarra (serbieraz: Скупштина Заједнице општина Аутономне Покрајине Косово и Метохија, Skupština Zajednice opština Autonomne Pokrajine Kosovo i Metohija).

Ipar Mazedoniako Errepublika

Ipar Mazedonia (mazedonieraz: Северна Македонија, Severna Makedonija, [ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatuta), ofizialki Ipar Mazedoniako Errepublika (mazedonieraz: Република Северна Македонија, Republika Severna Makedonija [rɛˈpublika ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatua), Europako estatu itsasgabea da, Balkanetako penintsulan kokatua. Mugakide ditu Serbia eta Kosovo iparraldean, Albania mendebaldean, Grezia hegoaldean eta Bulgaria ekialdean. Hiriburua Skopje da.

1991ko irailaren 8an independentzia aldarrikatu zuenetik 2019ko otsailaren 12ra estatuak Mazedoniako Errepublika izen ofiziala eta Mazedonia izen laburtua erabili zituen. Izen horien erabilerak Greziarekin gatazka piztu zuen. Izan ere, Greziak izen bereko eskualde historiko bat duenez, ez zizkion izen horiek erabiltzea onartzen. Horregatik, gatazkak iraun zuen bitartean, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia (ingelesezko Former Yugoslavian Republic of Macedoniatik) behin-behineko izendapen ofiziala erabili zuen nazioarteko erakundeetan.Ipar Mazedonia NBEko kide da, baita Europako Kontseiluko kidea ere. Horiez gain, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundean eta Munduko Merkataritza Erakundean parte hartzen du. 2005eko abendutik, Europako Batasunean sartzeko hautagaia da, baita NATOn sartzekoa ere.

Jugoslavia

Jugoslavia (serbokroazieraz: Jugoslavija/Југославија; eslovenieraz: Jugoslavija; mazedonieraz: Југославија; Panoniako errutenieraz: Югославия) XX. mendean Europako Hegoekialde eta erdialdean zegoen herrialde bat izan zen.

Etimologikoki, "Eslaviako hegoaldea" esan nahi du.

Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoa

Kosovo eta Metohia (serbieraz: Косово и Метохија / Kosovo i Metohija (КиМ / KiM), albanieraz: Kosova dhe Dukagjini), ofizialki Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoa (serbieraz: Аутономна Покрајина Косово и Метохиja / Autonomna Pokrajina Kosovo i Metohija, albanieraz: Krahina Autonome e Kosovës dhe Metohisë) Serbiako bi probintzia autonomoetako bat da. Herrialdearen hegoaldean dago eta bere egoera juridikoa eztabaidagarria da, izan ere, 2008ko otsailaren 17an Kosovok independentzia aldarrikatu zuen, eta Serbiatik bereizi.

Hiriburua eta hiririk handiena Pristina da.

Kosovoko Gerra

Kosovoko Gerra (serbieraz: Paт нa Кocoву и Meтoxиjи; albanieraz: Lufta në Kosovë) 1996 eta 1999 artean Kosovon egon zen gerran datza. Gatazka hau orain dela urte askotatik zeraman Jugoslaviak eta Serbia eta Montenegrok uste zutelako Kosovo beraien administraziopean zegoela.

Antzinean sortutako gatazkaren ondorioak gaur egun arte joan dira garatzen. 1996an Kosovoko talde separatista batek Jugoslaviaren armadaren aurka hasi ziren borrokan eta hauek gogorki erantzun zieten. Kosovoko separatistek, taktika oso berezi bat erabili zuten Jugoslaviako gobernuaren aurka, Gobernua probokatzen zuten hauek gogorrago bueltatzeko eta horrela beste herrialdeak haien aurka jarri zitezen.

Kosovska Mitrovica (barrutia)

Kosovska Mitrovicako barrutia (serbieraz: Косовскомитровачки округ, Kosovskomitrovački okrug; albanieraz: Komuna e Mitrovicës) Kosovoko barruti bat izan zen, Kosovo Serbiako probintzia autonomoan zen garaian, Kosovska Mitrovica hiriburu zuena.

21. mendean, Kosovoko Gerra eta independentzia prozesuaren ondoren, Kosovoko agintariek beraien lurraldeko barruti legaltzat dute, baina estatus hori de iure da egiazkoa bakarrik, de facto barrutiaren lurralde zati handi bat Ipar Kosovo eskualde disputatuak betetzen du. Eta hiriburua, Kosovska Mitrovica, bitan zatitutako hiri bat da.

Mujahidin

Mujahidina (Arabieraz: مجاهد muǧāhid, plurala مجاهدين, muǧāhidīn, "borrokalaria" edo "jihada egiten duena") bere erlijioaren izenean borrokatzen den gerrillari musulmana da.

Aljeriako Independentziaren Gerran Front de Libération Nationale-ko borrokalariei izen hau ematen zitzaien. Mendebaldean 1979 eta 1989 arteko Afganistango gerran asko hedatu zen hitz honen erabilera, Sobietarren aurka borrokatzen ziren partisanoak izendatzeko. Afganiar mujahidinak, Saudi Arabia, Pakistan eta AEBen laguntzarekin, SESBko armada eta sobietarren aldeko erregimenaren aurka borrokatu ziren. Horrez gain, Bosnia, Txetxenia, Iran, Iran, Filipinak, India (Kaxmir), Kosovo eta Somaliako gatazka armatuetan ere erabili izan da termino hau.

Pristina (barrutia)

Pristinako barrutia (serbieraz: Приштински округ, Prištinski okrug; albanieraz: Komuna e Prishtinës) Kosovoko barruti bat da, Pristina hiriburu duena.

Rita Ora

Rita Sahatçiu Ora, Rita Sahatçiu jaiotza-izenaz, (Pristina, Kosovo, 1990eko azaroaren 26a) kosovar jatorriko britainiar abeslari eta aktorea da.

Serbia

Serbia (izen ofiziala Serbiako Errepublika; serbieraz: Република Србија) Europako estatu itsasgabe bat da, Balkanetako penintsulakoa. Hiriburu eta hiri nagusia Belgrad da. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat da. Hiru lurraldek osatzen zuten Serbia: Kosovoko probintzia, Voivodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen alde bakarretik eta ordutik herrialde independentea den arren, Serbiako gobernuak ez du estatu berria onartu.

Bere mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Ipar Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria.

Serbiar Udalerrien Erkidegoa

Serbiar Udalerrien Erkidegoa (serbieraz: Заједница српских општина / Zajednica srpskih opština; laburturik, ZSO; albanieraz: Asociacioni i komunave serbe) Kosovon eratzekoa den autogobernuko administrazio bat da, gehiengo serbiarreko udalerriak batu behar dituena. Kosovoko egungo gobernu burujabearen baitako erakundea izan behar zuen, 2013an Serbiak eta Kosovok sinatutako Bruselako Akordioaren ondorioz, baina ez da eratu, Ipar Kosovo kontrolatzen duten serbiarrek ez dutelako onartzen. Kosovo osoan, albaniarrak dira gehiengoa, eta serbiarrak gutxiengoa; baina Ipar Kosovon, serbiarrak dira gehiengoa.

Serbiaren banaketa administratiboa

Serbiaren banaketa administratiboa 24 barrutitan eta Belgradoko Hirian egiten da. Barrutiak eta Belgradeko hiria, gainera, udalerritan banatzen dira. Serbiak 2 probintzia autonomo ditu: Voivodina, 7 probintzia eta 46 udalerritan, eta Kosovo eta Metohia. Kosovok independentzia aldarrikatu du baina oraindik orain ordezkatuta dago Nazio Batuen kudeaketarekin.

Kosovo eta Voivodina ez den beste guztiari Erdialdeko Serbia deitzen zaio, baina ez da benetako banaketa administratibo bat, beste bi probintziak bezala.

Shkodër

Shkodër (albanieraz: Shkodra; serbieraz: Скадар/Skadar; antzinean Scutari) Albaniako hiria da, izen bereko konderriko hiriburua dena. Albaniako leku estrategikoa, historia zabala du.

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.