Kazakhstan

Kazakhstan[1] Erdialdeko Asiako estatu burujabe bat da, Kaspiar itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Errusia ipar eta mendebaldean, Txina hego-ekialdean eta Kirgizistan, Uzbekistan eta Turkmenistan hegoaldean. Itsasorik gabeko estatutzat jotzen da, Kaspiar itsasoa ez baitago munduko beste itsaso eta ozeanoekin lotuta. Kazakhstango lurretan badira lautadak, estepak, taiga, arroilak, deltak, elurrez estalitako mendiak eta baita basamortuak ere. 17 milioi biztanle ingururekin, munduko 61. herrialde populatuena da, nahiz eta haren dentsitatea txikienetakoa izan, 6 pertsona baino ez baitaude kilometro koadroko.1997ko abenduaren 10etik, hiriburua Astana da, ordura arte Akmola deitua. Lehengo hiriburua Almaty zen (Alma Ata).

Kazakhstango Errepublika
Қазақстан Республикасы
(Qazaqstan Respūblīkasy)
Республика Казахстан
(Respublika Kazakhstan)
Kazakhstango bandera Kazakhstango armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Nire Kazakhstan
Herrialdearen kokapena
Herrialdearen kokapena
HiriburuaNursultan
Hiri handiena Almaty
Hizkuntza ofiziala(k) kazakhera, errusiera
Herritarra kazakhstandar
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Kassym-Jomart Tokayev
 -  Lehen ministroa Askar Mamin
Independentzia
Geografia
 -  Guztira 2,717,300 km2 (9.)
 -  Ura (%) 1,7
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2004) 15.185.844 (61.)
 -  Dentsitatea 5,6 bizt./km2 (182.)
Dirua Tenge (KZT)
Ordu-eremua (UTC+5 > +6)
 -  Udan (DST)  (UTC+5 > +6)
Aurrezenbakia 7
Internet domeinua kz

Geografia

Kazakhstan munduko estaturik handienetan zazpigarrena da, gaur egun 2,7 miloi kilometro koadroko azalera baitu. Sarri, Asia erdialdeko herrialdetzat jotzen da, haren lotura linguistiko, kultural eta politikoak direla-eta —batez ere SESBeko herrialde ohiekin—, baina mendebaldea Europako zati bat da, kontinentea Ural mendietan amaitzen dela esaten baita. Horrela, Kazakhstan Asia eta Europan dago, hots, Eurasian.

Erliebea eta hidrografia

Nahiko lurralde laua da, baina sakonune handiak ditu Kaspiar itsasoaren inguruan. Erdialdean eta hegoaldean goi-lautadak daude, eta han dira mendi gorenak (Altai eta Tian Shan mendiak). Kazakhstango ibai nagusia Irtyx da; ipar-ekialdean dago, eta urteko 28.000.000.000 m3-ko emaria du. Aintzirak ugariak dira. Kaspiar eta Aral aintziren ondoren, Balkhax da handiena, hego-ekialdean.

Klima

Kazakhstango klima kontinentala da, oso hotza neguan eta beroa udan.

Ekologia

Azpimarratzekoak dira inguru hartan gertatzen ari diren hondamen ekologikoak, ekonomian eta bizimoduan eragin larria izan dezaketelako. Arazo nagusietako bat bertako arma-industriek eta industria kimikoek sorturiko kutsadura erradioaktiboa edo kimikoa (zenbait saiakera nuklear egin dira bertan), arriskuak ekarri baitizkie bertako biztanle eta animaliei; zenbait hiritan oso nabarmenak dira industriaren kutsaduraren ondorioak. Bestalde, Aral itsasoan itsasoratzen diren bi ibai nagusietako ura nekazaritzarako erabiltzen ari da, eta itsasora gero eta ur gutxiago iristen denez, lehortzen ari da; Aral itsasoak bere azaleraren % 40 galdu du dagoeneko. Itsasoa lehortu ahala, pestizida kimikoz eta gatz naturalez osaturiko geruza bat osatu da itsasertz guztian, eta haizeak batetik bestera garraiatzen ditu gai horiek, kutsadura zabalduz. Aldi berean, nekazaritzan erabiltzen diren pestizida eta ongarri pozoitsuak ureztatzeko uraren bidez pasatzen dira zorura, eta lurra kutsatzen eta gazitzen ari da.

Historia

Kazakh herria musulmana eta nomada zen; XVIII. mendean errusiarren mende geratu zen. Orduan hasi ziren heltzen errusiar eta ukrainar etorkinak, hango aberastasunak ustiatzeko asmoz. 1917ko azaroan, Errusiar Inperioa desegin zenean, kazakhen buruzagi Ali Khan Bukeik (Bukeikhanov) autonomia eskatu eta gobernu nazionalista bat antolatu zuen.

Armada Zuriari irabazi ondoren, Armada Gorriak Kazakhstan hartu zuen, eta sobietar errepublika sozialista autonomo bihurtu zuten. 1936an Sobietar Batasuneko errepublika sozialista federatua egin zen, eta beste kolono olde bat heldu zen Kazakhstanera; gaur egun, gehiago dira errusiarrak eta ukrainarrak bertako jatorrikoak baino.

Nursultan Nazarbayev 27092007
Nursultan Nazarbajev 2007an.

1989an hasi ziren etnien artean istiluak sortzen. 1991ko abuztuko estatu-kolpearen ondoren, Kazakhstan Sobietar Batasunetik askatu zen. 1991ko abenduaz gero Estatu Burujabeen Batasunako errepublika da. Nursultan Nazarbajev izendatu zuten lehendakari, ordu arte Alderdi Komunista izan eta 1991n Alderdi Sozialista bihurtu zeneko burua. Nazarbajev lehendakariak adierazpen-askatasuna eta biltzeko askatasuna onartu zuen talde guztientzat, errusiarrentzat eta muturreko abertzale kazakhentzat. Errusiarrek Kazakhstango iparraldea Errusiari lotzea eskatzen zuten, eta muturreko kazakhek, aldiz, musulmanak ez zirenak beren herritik kanpora egoztea. Nazarbajevek etnien arteko gatazka areagotu zezaketen jarduerak debekatu zituen, barne-batasuna babestearren. Errusiak Kazakhstango arma nuklearren gainean zuen nagusitasunaren kontra agertu zen, baina, Mendebaldearekin harreman onak izatearren, bere herrian halako armarik ez zuela izango agindu zuen; 1992an izenpetu zen hitzarmenaren arabera, arma horiek deuseztatu edo Errusiaren esku utzi behar zituen.

1994ko hauteskundeetan Nazarbajeven alderdia izan zen garaile. Hurrengo urtean Gorte Konstituzionalak indarrik gabe utzi zituen hauteskundeak, baina berriro hauteskundeak egin arte lehendakariak bere karguan jarraitzeko baimena eman zuen. Lehendakariak, hauteskundeetan irabazle ateratzeko adinako indarrik ez zuela jabeturik, bere agintaritza 2000. urtea arte luzatzea lortu zuen, erreferendum bidez. Urte horietan politika ekonomikoan egin zituen ahalegin nagusiak. Pribatizazioa bultzatu zuen, eta atzerriko inbertsioak erakartzen saiatu zen, baina erreformak biztanle askoren bizi-maila apaltzea ere ekarri zuen. Nazioarteko politikari dagokionez, 1998an hitzarmen bat sinatu zuen Txinarekin, bi herrialdeen arteko muga-lurraldeen gainean luzaroan izandako liskarrei konponbidea emateko; garai hartan indarrean ziren mugak errespetatzeko hitza eman zuten bi herrialdeek. Dena dela, hauteskundeak aurreratu egin behar izan ziren 1999ra; Nazarbajev atera zen berriro irabazle, eta ordu arte gobernuburu izan zen Nourlan Balguimbajevek jarraitu zuen lehen ministro. 2003. urteaz geroztik, Daniyal K. Akhmetov da lehen ministroa. 2007an, legebiltzarrak onartutako lege berezi bati esker, Nazarbajev bizi guztirako lehendakari izendatu zuten, eta, beraz, nahi duen guztietan aurkez daitezke kargu horretarako hautagai.

2014ko abenduaren 22an, Kazakhstanek eta Ukrainak hitzarmen militar eta ekonomiko bat egin zuten[2].

Gobernua eta administrazioa

Politika

Kazakhstan errepublika bat da, erregimen semi-presidentzialistan oinarritua, eta gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ean onartu zen erreferendumean eta 1998an berridatzi; 1998an onartu zen, besteak beste, hauteskundeak bost urtez behin egin ordez zazpi urtez behin egitea. Lehendakaria da Kazakhstango estatuburua, eta hark izendatzen du lehen ministroa; lehen ministroak eta errepublikako lehendakariak ministro-kontseilua aukeratzen dute.

Botere legegilea legebiltzarraren esku dago, eta bi ganberatan banatzen da, goi ganbera edo senatua, eta behe ganbera, Majilis-a. Karguak bost urtez behin aukeratzen dira.

Majilisa 107 diputatuk osatzen dute eta sufragio unibertsalez aukeratzen dira, neurri bateko sistema proportzional baten bitartez. Senatuan 47 senatari daude. Errepublikako presidenteak horietatik 15 aukeratzen ditu eta gainerakoak 14 probintzietako (oblystar) eta estatus berezia duten bi hirietako (Astana eta Almaty) hauteskunde-kolegioek aukeratzen dituzte. Hauteskunde-kolegio horiek, era berean, Errepublikako presidenteak aukeratzen ditu.

Banaketa administratiboa

Kazakhstan 14 probintzia (oblys singularrean eta oblystar pluralean) eta hiru hiritan (qala singularrean eta qalalar pluralean) banatzen da. Hiriak izartxo batekin markaturik ageri dira.

  1. Almatyko probintzia
  2. Almaty*
  3. Aqmola
  4. Aktobe
  5. Astana*
  6. Atyrau
  7. Baikonur* (Bayqonyr)
  8. Ekialdeko Kazakhstan (Shyghys Qazaqstan)
  9. Mangghystau
  10. Iparraldeko Kazakhstan (Soltustik Qazaqstan)
  11. Pavlodar
  12. Karagandy
  13. Kostanay
  14. Kyzylorda
  15. Hegoaldeko Kazakhstan (Ongtüstik Qazaqstan)
  16. Mendebaldeko Kazakhstan (Batys Qazaqstan)
  17. Zhambyl
Kazakhstango probintziak

Giza eskubideak

Amnesty Internationalen arabera, poliziaren gehiegikeriak kontu arrunta omenez dira Kazakhstanen.[3]. Tortura ohikoa omen da sistema judizialaren barruan eta inpunitate osoa bide du.

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak prentsa askatasuna Kazakhstanen egoera zailean dagoela adierazten du. 2012aren amaieran, tribunal batek oposizioa egiten zuten hedabide batzuk debekatu zituen.[4][5]. 2012an, MGK elkarteak Nazarbaiev prentsa askatasunaren «harraparia» zela adierazi zuen[6].

Demografia

Kazakhstango Estatistika Agentziaren arabera, 2013an Kazakhstanek 17.280.000 biztanle zituen eta aurreko urtearekiko % 1,7ko igoera izan zuen.[7]

Kazakhastango etnia nagusia kazakha da, hiru sailetan banatua, baina ezin esan daiteke gehiengoa duenik besteen aurrean; izan ere, errusiar asko bizi da bertan, batez ere hiri-inguruneetan. Hizkuntzan ere nabari da: ofiziala kazakhera den arren, jende gehiagok errusiera erabiltzen du. Etnia-aniztasunak edo etnia jakin batek gehiengorik ez izate horrek arazoak sortzen ditu nazioaren barne-batasunean.

Kazakhstango populazioa talde etnikoaren arabera. 1926–2009
Talde
etnikoa
1926ko errolda1 1970eko errolda2 1989ko errolda3 1999ko errolda4 2009ko errolda
Zenbatekoa % Zenbatekoa % Zenbatekoa % Zenbatekoa % Zenbatekoa %
kazakhak 3.627.612 58,5 4.161.164 32,4 6.534.616 39,7 8.011.452 53,5 10.096.763 63,1
errusiarrak 1.275.055 20,6 5.499.826 42,8 6.227.549 37,8 4.480.675 29,9 3.793.764 23,7
uzbekistandarrak 129.407 2,1 207.514 1,6 332.017 2,0 370.765 2,5 456.997 2,8
ukrainiarrak 860.201 13,9 930.158 7,2 896.240 5,4 547.065 3,7 333.031 2,1
alemaniarrak 51.094 0,8 839.649 6,5 957.518 5,8 353.462 2,4 178.409 1,1
1 Iturria:[8] 2 Iturria:[9] 3 Iturria:[10] 4 Iturria:[11]

Ekonomia

Kazakhstan da Sobietar Batasun ohiko errepublikarik handiena lurraldez, eta aberastasun handiak ditu energia-erreserbetan eta beste zenbait mea eta metaletan; kromo-, wolframio-, kobre-, zink- eta berun-erreserba handiak daude, eta baita petrolio-hobiak ere, lurpeko beste zenbait aberastasunez gainera. Kazakhstanen oparoa da nekazaritza, bertako estepa zabaletan laboreak eta abereak hazteko aukera dagoelako. Sobietar Batasunean sartu zenez gero, gora egin zuen Kazakhstango industriak, eta ordu arte jarduera nagusia izan zen nekazaritzari aurrea hartu zion; horrela, gaur egun industria da bertako ekoizpen-jarduera nagusia (% 40), eta hartan ari dira langileen % 20 inguru. Meatzaritza da industria aipagarriena, eta lurpeko aberastasunak izan dira, zalantzarik gabe, bilakaera ekonomiko modernoaren oinarria. Meatzaritzaz gainera, aipatzekoak dira oihal-, larru- eta janari-industria, eta eraikuntza mekanikoak.

Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, laboreak eta azukre-erremolatxa dira. Baliabide eta lur aberatsak dituelarik, Kazakhstanek bazuen ekonomia-garapenerako aukerarik, baina zailtasun handiei aurre egin behar izan die. Sobietar Batasunaren desagerpenaren eraginez, ordea, eta Kazakhstango industria astunaren eskariak jaitsi izanaren ondorioz, ekonomia-arazo larriak izan ziren bertan 1991z gero, batez ere 1994 inguruan. Hurrengo urteetan (1995-1997), gobernuak programa bereziak antolatu zituen ekonomia eraberritzeko eta pribatizazioa bultzatzeko. 1996an hitzarmena izenpetu zen petrolioa garraiatzeko eta datozen urteotan petrolio-esportazioa garrantzizko jarduera izango dela esan daiteke.

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

See source Wikidata query..

Kultura

AbaiPainting
Abai Qunanbaiuli, kazakhstandar poeta, musikagile eta filosofoa.
Catchthegirl
Kazakhstango zaldi-kulturaren erakustaldia. Kyz kuu (nesken ehiza) jokoan ari diren zaldunak, ohiturazko jantziekin.[12]

Errusiarren inbasioaren aurretik, kazakhstandarrek abeltzain nomaden ekonomian oinarrituriko kultura aski garatua zuten. Nahiz eta islama XV. mendean herrialdean sartu zen, ez zuen ohituretan eraginik izan askoz geroago arte.

Kazakhstanek eman ditu literatura, zientzian eta filosofian ekarpen esanguratsuak egin dituzten egile batzuk: Abai Qunanbaiuli, Mukhtar Auezov, Gabit Musirepov, Kanysh Satpayev, Mukhtar Shakhanov, Saken Seyfullin, Jambyl Jabayev, beste batzuen artean.

Turismoa goraka egiten ari den sektorea da eta nazioarteko sareetan sartzen ari da gutxinaka. 2010ean, Kazakhstan Eskualdeko Turismo Ekimena (TRI) deritzon programa jarri zuen martxan inguruko hiru erregioren artean turismoaren inguruko aterki komun bat sortzeko. TRI hiru erregioen lotura izan nahi du: Hego Asia; Erdialdeko Asia eta Ekialdeko Europa. Armenia, Bangladesh, India, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Pakistan, Nepal, Tadjikistan, Errusia, Sri Lanka, Turkia eta Ukrainia talde horretako bazkide dira.

Kazakhstango jai egunak

Eguna Izena euskaraz Bertako izena
Urtarrilaren 1a Urteberri Жаңа жыл
Urtarrilaren 7a Gabon ortodoxoa Рождество Христово
Martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna Халықаралық әйелдер күні
Martxoaren 22a Noruz Наурыз мейрамы
Maiatzaren 1a Kazakhstango herrien batasunaren eguna ~
Maiatzaren 7a Aberriaren defentsaren eguna Отан Қорғаушы күні (Otan Qorgaushy kuny)
Maiatzaren 9a Garaipenaren eguna (Bigarren Mundu Gerra) Жеңіс күні
Uztailaren 6a Hiriburuaren eguna Астана күні (Astana küni)
Abuztuaren 30a Konstituzioaren eguna Конституция күні
Urriaren 15a (2013an) Kurban Ait Республика күні
Abenduaren 1a Presidentearen eguna Тұңғыш Президент күні (Tungysh President kuny)
Abenduaren 16a eta abenduaren 17a Independentziaren eguna Тәуелсіздік күні

Gaur egun orokortuta ez badago ere, oraindik ere Subbotnikaren tradizioa mantentzen da kazakhstandarren artean.[13]

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiaren onomastika datutegia
  2. «Kazakhstanek eta Ukrainak akordio militar eta ekonomiko bat egin dute», Berria, 2014-12-23
  3. (Frantsesez)Violences policières et torture au Kazakhstan, La Chronique, 2010eko maiatza, Amnesty International Frantzia.
  4. (Frantsesez) Le Kazakhstan poursuit ses interdictions des journaux d'opposition Le Monde eta France-Presse.2012ko azaroaren 26a.
  5. (Frantsesez)En un mois, les principaux médias d’opposition nationaux réduits au silence Mugarik Gabeko Kazetariak 2012ko abenduaren 28a
  6. (Frantsesez)Les prédateurs. Mugarik Gabeko Kazetariak
  7. Kazakhstango populazioa %1,7 igo da aurreko urtearen aldean. bnews.kz. 2013ko abuztuaren 15a
  8. "Всесоюзная перепись населения 1926 года". demoscope.ru.
  9. "Всесоюзная перепись населения 1970 года". demoscope.ru.
  10. "Всесоюзная перепись населения 1989 года". demoscope.ru.
  11. Kazakhstango egoera etnodemografikoa. ide.go.jp
  12. Kazakhstandarren Ohiturak eta Tradizioak. Wagenhauser, Betsy
  13. (Ingelesez) Zhansagimova, Dina (2013) Kazakhstan Kuperard 79 or. ISBN 978 1 85733 681 8.

Kanpo-loturak

Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia

AfganistanErrusia • Kazakhstan • KirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan

2005eko Frantziako Tourra

2005eko Frantziako Tourra txirrindularitza lasterketa honen 92. edizioa izan zen. 2005eko uztailak 2 eta 23 artean ospatu zen, 3607 kilometroko ibilbidea eginez 21 etapatan. Proba Vendée eskualdean hasi eta Parisen amaitu zen.

Tour honen ibilbidea 2004ko urriak 28an iragarri zen Parisko Kongresugunean. Berritasun bezala, ez zen prologorik egon, hasierako etapa 8 kilometro baino gehiagokoa baitzen eta, beraz, etapa bezala hartua izan zen.

Urte honetan, Lance Armstrongek bere jarraikako zazpigarren garaipena lortu zuen, nork, aurretik, bere azken parte-hartzea izango zela iragarri zuen, beranduago, 2009ko Frantziako Tourra eta 2010eko Frantziako Tourra ere korritu zituen arren. Bere arerio nagusiak, hasiera batean behintzat, Ivan Basso eta Jan Ullrich ziren, aurreikuspenak betez eta 2. eta 3. amaituz sailkapenean.

Altai kraia

Altai kraia (errusieraz: Алта́йский край, Altaysky kray) Errusiako subjektu federal bat da, Siberiako Barruti Federalean kokaturik dagoena. Kazakhstan eta Altaiko Errepublikaren iparraldean dago, Altai mendialde ondoan, eta Obi ibaiak zeharkatzen du, Biïsk hirian jaio eta gero. 169.100 kilometro koadroko azalera du eta 2010ean 2.419.755 biztanle zituen. Zentro administratiboa Barnaul hiria da.

Biztanle dezente dauka eta ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, batez ere (garia, erremolatxa, lioa, kotoia), ehungintza eta elikagai-industria ere bada. Transiberiar Trenbidea zeharkatzen du lurraldea.

Aral itsasoa

Aral itsasoa (kazakheraz: Арал Теңізі, errusieraz: Аральскοе мοре, uzbekeraz: Orol dengizi, tajikeraz: Баҳри Арал, persieraz: دریاچه خوارزم‎, Daryocha-i Khorazm) Asia Erdialdeko aintzira endorreiko edo barne itsasoa da, Kazakhstan (iparraldean) eta Uzbekistango Karakalpakstan eskualde autonomoaren (hegoaldean) artean kokatua. Aralgo ura gazia da.

1960ko hamarkadatik, Aral itsasoaren azalera asko murriztu da, bertara isurtzen duten ibaien isuraldatzeak direla eta. Izan ere, Sobietar garaian, Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura Uzbekistan eta Kazakhstango lurrak ureztatzeko bideratzen hasi ziren. 1960an 68.000 km² izatetik gaur egun (2004ko datuak) 17.160 km² izatera pasatu da. Horrez gain, armagintza, industria eta ongarri isurketengatik itsasoa oso kutsatuta dago.

Astana Pro Team

Astana Pro Team (UCI kodea: AST) Kazakhstango Gobernuak babestutako txirrindularitza taldea da. 2006ko bukaera sortu zen Liberty Seguros-Würth taldearen lekukoa hartu ondoren. Hasieran Suitzako lizentzia edukiz arren, beranduago Luxenbourgekoarekin lehiatu zuen.

Iraganeko txirrindulari nabarmenduen artean Alexandre Vinokourov, Matthias Kessler, Paolo Savoldelli edo Andrey Kashechkin zeuden, hainbat doping kontroletan positibo eman zuten eta taldetik baztertuak izan ziren. Gaur egungo txirrindularien artean, Alberto Contador, Andreas Klöden, Levi Leipheimer eta Haimar Zubeldia nabarmentzen dira.

Baikonur

Baikonur, sortzez SESBean eraikia (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) gaur egungo Kazakhstanen dagoen kosmodromo edo zentro espaziala da. Bertatik jaurti ziren giza-historiako lehen satelite artifiziala, Sputnik 1 izenekoa, baita historian zehar espazioraturiko lehen animalia, Laika izeneko zakur emea, lehen gizakia, Juri Gagarin kosmonauta, baita lehen emakumea ere, Valentina Terexkova. Gaur egun oraindik erabilia izaten dirau Rosaviakosmosen eskutik, Errusiako agentzia espaziala, Kazakhstan-go gobernuarekin zenbait akordio medio.

Munduan badira kosmodromo gehiago besteak beste NASAk Floridan duen Cañaveral lurmuturra edota europar agentzia espazialak ESAk Frantziar Guianan duen Kourouko base espaziala. Sobietar batasunak bazituen ere kosmodromo gehiago gaur egun gehienek ez dute siziririk espazioratzen, jaurtiketak burutzen dihardutenen artean Kapustin Yar dugu aipagarriena.

Ekialdeko Kazakhstan

Ekialdeko Kazakhstan (kazakheraz: Шығыс Қазақстан облысы, Şığıs Qazaqstan oblısı), Kazakhstango probintzia bat da eta herrialdearen ekialdearen gehiena hartzen du, Irtysh ibaiaren eta Zaisan aintziraren arroak barne. Hiriburua Oskemen da (Ust-Kamenogorsk bezala ere ezaguna). Probintziak muga egiten du Errusiarekin iparraldean eta ipar-ekialdean, eta Txinako Xinjiango Uighurren eskualde autonomoarekin hegoaldean eta hego-ekialdean. Ekialderago geratzen den puntua Mongoliatik 50 kilometrora dago; hala ere, Kazakhstanek ez du mugarik egiten Mongoliarekin. Kazakhstango beste probintzia batzuekin ere muga egiten du: Pavlodar probintzia (ipar-mendebaldean); Karagandy probintzia (ekialdean) eta Almatyko probintzia (hegoaldean).

Erdialdeko Asia

Erdialdeko Asia Asiako erdialdean dauden estatuak batzen dituen eskualdea da. Ez dago definizio zehatzik bere azalera adierazteko, baina esan dezake Kazakhstan, Kirgizistan, Tadjikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Mongolia eta Txinako Xinjiang barruan dituela.

Batzuetan Txinako Barne Mongolia eta Errusiako Kalmukia, Tartaristan, Bashkortostan, Altai, Tuva eta Buriatia errepublika osoak eta Sakhako Errepublikaren zati bat Erdialdeko Asian ere daudela esan da. Historikoki Afganistan, Irango zenbait eskualde, Pakistan, Siberia, Katxemira, Tibet, Armenia, Azerbaijan eta Georgia ere definizioan sartu dira.

Errusiera

Errusiera (ру́сский язы́к, russkij jazyk,ˈruskʲɪj jɪˈzɨk ahoskatua) indo-europar hizkuntza da, Errusian eta beste hainbat estatutan ofiziala dena eta mundu osoan 285 milioi hiztun dituena. Idatzizko adibideak X. mendetik ageri dira.

Inflexio-sintetikoaren forma gordetzen du, baita eslaviera komunaren oinarrizko hitzak ere. Errusiera modernoa garrantzitsua da nazioarteko politikaren, zientziaren eta teknologiaren arloetan ere. Politikan, XX. mendeko hizkuntzarik garrantzitsuenetakoa izan zen: horren erakusgarri, gaur egun errusiera Nazio Batuen Erakundeko sei hizkuntza ofizialetako bat da.

Harrikatz

Harrikatza, besterik gabe ikatza ere deitua, erregai fosil beltz eta gogorra da, gehienbat karbonoz osatua eta landare jatorri duena. Ikatz izenarekin minerala ez den eta landare edo animalia substantziei ura eta beste osagai lurrunkor batzuk kenduz eskuratzen den egur ikatza ere izendatzen da.

Harrikatza arroka sedimentario beltz edo beltz marroixka da, naturan, gehienetan, zain edo beta deritzen geruzetan pilatuta agertzen dena. Formarik gogorrenak, esaterako antrazita, arroka metamorfikotzat har daiteke, tenperatura eta presio handiak jasan izan dituen harria baita. Ikatzaren elementurik nagusiena karbonoa da, eta hidrogenoa, sufrea, oxigenoa eta nitrogenoa ere ditu. Historian zehar oso baliabide erabilia izan da energia iturri gisa eta meatzaritza jarduera handia eragin du. Gaur egun, batez ere elektrizitatea edota beroa sortzeko erretzen da, baina kokea eta gasa produzitzeko ere erabiltzen da.

Munduko ikatz ekoizle handienak hurrengo herrialde hauek dira (2011ko datuak): Txina 3.520 milioi tona (Mt), Ameriketako Estatu Batuak 992,8 Mt, India 588,5 Mt, Australia 415,5 Mt, Errusia 333,5 Mt, Indonesia 324,9 Mt, Hego Afrika 255,1 Mt, Polonia 139,2 Mt, Kazakhstan 115,9 Mt eta Ukraina 86,8 Mt.

Hegoaldeko Kazakhstan

Hegoaldeko Kazakhstan probintzia (kazakheraz: Оңтүстік Қазақстан облысы, Oñtüstik Qazaqstan oblısı) Kazakhstango hegoaldean kokatzen den probintzia da. 2013an 2.685.009 biztanle zituen. Hiriburua Xymkent da eta 603.500 biztanle ditu. Hegoaldeko Kazakhstango beste hiri batzuk hauek dira: Turkestan, Sayram, Kentau, Arys, Xardara, Zhetisai, Saryagax, eta Lenger.

Iparraldeko Kazakhstan

Iparraldeko Kazakhstan (kazakheraz: Солтүстік Қазақстан облысы, Soltüstik Qazaqstan oblısı) Kazakhstaneko probintzia baten izena da. Probintziak 579.403 biztanle ditu eta Petropavl hiriburuak 193.300.

Kazakhstango bandera

Kazakhstango bandera 1992ko ekainaren 4an erabakitakoa da. Urdin zerutar koloreko hondoa du eta erdian estepako arrano bat eta 32 izpi igortzen dituen eguzki bat ditu, biak ere urre kolorekoak. Mastaren aldean, irudi honen kasuan ezkerraldean, estanpatu bat ageri da, hau ere urre kolorekoa.

Estanpatua kazajo herriaren arte eta kulturaren erakusgarri dira. Hondoaren urdin koloreak, ordea, Kazakhstan osatzen duten herri ezberdinak adierazten ditu. Herri hauentzat kolore honek esanahi erlijiosoa zeukan, gaur egun oskarbi dagoen zerua bezala ikusten den arren, Kazakhstanen ikusten den bezalakoa. Urre koloreko arranoaren zergatia Genghis Khanek erabiltzen zuen estandartean aurkitu dezakegu. Estandartean, urdin kolorekoa zena, arranoa bezalako irudi batez zegoen osatua.

Kazakhstango futbol selekzio nazionala

Kazakhstango futbol selekzio nazionala (kazakheraz Қазақстан Ұлттық футбол құрама командасы) herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Astana Arenan jokatzen ditu etxeko partidak, Astana hiriburuan.

Kirgizistan

Kirgizistan edo Kirgizia —izen ofiziala Kirgizistango Errepublika— Erdialdeko Asiako estatua, itsasbazterrik gabekoa. Mugakide ditu Kazakhstan iparraldean, Uzbekistan hego-mendebaldean, Tadjikistan hegoaldean eta Txina hego-ekialdean.

Hiriburua Bixkek da.

Mendebaldeko Kazakhstan

Mendebaldeko Kazakhstan (kazakheraz: Батыс Қазақстан облысы, Batıs Qazaqstan oblısı) Kazakhstango probintzia bat da. Hiriburua Oral da (Uralsk eta Ural'sk bezala ere ezaguna) 200.000 biztanle inguru ditu.

Saran (Kazakhstan)

Saran (kazakheraz: Саран / Saran, errusieraz: Сарань) Kazakhstango Karagandy probintziako hiri bat da, Nura ibaiaren ondoan dagoena. 2009an 42.058 biztanle zituen. Hiria 1954ko abenduaren 20an sortu zuten.

Turkestan (hiria)

Turkestan (kazakheraz: Түркістан; errusieraz: Туркестан) Hegoaldeko Kazakhstan probintziako hiri bat da, Sir Daria ibaiaren ondoan dagoena. Xymkentik 160 kilometro ipar-mendebaldera dago Trans-Aral trenbidearen erdian, iparraldean Kyzylorda eta hegoaldean Taxkent dituela.

Turkmenistan

Turkmenistan, izen ofiziala, Turkemistango Errepublika (turkmenieraz: Türkmenistan Jumhuriyäti), Erdialdeko Asiako estatua da, Kaspiar itsasoaren ertzean kokaturik dagoena. Mugakide ditu Kazakhstan ipar-mendebaldean, Uzbekistan ipar-ekialdean, Afganistan hego-ekialdean eta Iran hegoaldean. Hiriburua Asgabat (turkmenieraz Aşgabat) da.

Etnia nagusiak hauek dira: turkmeniarrak % 77; uzbekoak % 9,2; errusiarrak % 6,7; kazakh-ak % 2; besteak % 5,1: Erlijioak: musulmanak % 89 (sunniak); sortaldetar ortodoxoak % 9.

UEFA

UEFA edo Union of European Futbol Associations (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) Europako futbol elkarte nazionalen konfederazioa da. Kontinente horretako futbol erakunde nagusia da, eta FIFA osatzen duten sei konfederazioetako bat da. Egoitza nagusia Nyonen (Suitza) dauka.

Gaur egun, Aleksander Čeferin da presidentea, 2016an ordeztu zuen hordurarte postu hori zuen Michel Platini.

Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoa inguratzen duten estatuak
Kazakhstan Kazakhstango banaketa administratiboa
Kazakhstan Kazakhstango hiriak
Coat of arms of Kazakhstan

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.