Kanada

Kanada[2] (ingelesez eta frantsesez, Canada) Ipar Ameriketako estatu federala da, britainiar Commonwealtheko kidea, luze-zabaleran munduko bigarrena. Iparraldean Ipar itsasoarekin du muga, hegoaldean – Estatu Batuekin, ekialdean – Ozeano Atlantikoarekin, mendebaldean – Ozeano Barearekin, eta ipar-mendebaldean – Alaskarekin. 9.984.670 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 35,1 milioi biztanle zituen.[1] Hiriburua Ottawa da, eta hiri nagusia – Toronto.

Lurralde zabala eta aberastasun handikoa da Kanada. 1867az gero da burujabea, baina baditu Britainia Handiarekiko lotura formal batzuk. Ekonomia eta teknologia Estatu Batuetakoarekin batera garatu da. 10 probintzia eta 3 lurraldetan dago banatua. Arazo politikoak ditu Québec probintziarekin.

Kanada
Canada
Kanadako bandera Kanadako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: A Mari Usque Ad Mare
(“Itsasotik itsasora”)
Ereserkia: O Canada
Herrialdearen kokapena
HiriburuaOttawa
Hiri handiena Toronto
Hizkuntza ofiziala(k) Ingelesa, frantsesa1
Herritarra kanadar
Gobernua Monarkia konstituzionala, parlamentarioa eta federala
 -  Erregina Elisabet II.a
 -  Gobernadore nagusia Julie Payette
 -  Lehen ministroa Justin Trudeau
Independentzia Erresuma Batutik
 -  Konfederazioa 1867ko uztailaren 1a 
 -  Westminsterko Estatutua 1931ko abenduaren 11a 
 -  Konstituzioa 1982ko apirilaren 17a 
Geografia
 -  Guztira 9,984,670 km2 (2.)
 -  Ura (%) 8,92
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[1]) 35.151.728 (38.)
 -  Dentsitatea 3,92 bizt./km2 (228.)
Dirua Dolar kanadar ($) (CAD)
Ordu-eremua UTC (UTC-3.5 tik -8)
 -  Udan (DST)  (UTC-2.5 tik -7)
Aurrezenbakia 1
Internet domeinua ca
1 Onartutako eskualde hizkuntzak: Eskoziako gaelera, gwich'inera, inuktitutera, inuinnaqtun, inuvialuktun, cree, chipewyan, slaveyera eta dogrib

Izena

Kanada izena San Laurendi inguruan hitz egiten zen irokes hizkuntzako Kanata hitzetik dator; “herrixka” baino ez zuen esan nahi, baina XVI. mendean Jacques Cartier frantziarra heldu zenean, gaur egungo Quebec Hiriaren ondoan zegoen Stadacona herrixka ez ezik, inguruko eremua izendatzeko ere erabili zuen.

Geografia

Mugak

Ipar Amerikako iparraldearen zatirik handiena hartzen du, Ozeano Atlantikoaren, Ozeano Barearen eta Ozeano Artikoaren artean. Hegoaldean Ameriketako Estatu Batuekin du muga, eta ipar-mendebaldean Alaska estatuarekin. Kontinenteko lurraldea ez ezik, hainbat uharte ere hartzen ditu, besteak beste, Baffin, Victoria, Devon, Ellesmere, Banks, Axel Heiberg eta Melville.

Eskualde naturalak

Bost zati bereizten dira Kanadako lurraldean:

Canada topo
Kanadako erliebea
  • Ezkutu Kanadarra, Hudson badiaren sakana inguratzen duen eta luzaroan orogeniarik jasan ez duen lur geruza, Ipar Ameriketako kontinente-gune nagusia dena. Lur laua da, baina muino apalak eta aintzirak ditu tarteka, eta ertza jasoa. Kanadako lurraldearen erdia baino gehiago hartzen du, 5.000.000 kilometro koadro.
  • Ezkutu Kanadarraren eta Mendi Harritsuen arteko zabaldia. Lur emankorrak eta belardi ugariak ditu, eta mendebaldetik ekialdera makurtutako hiru ordoki nagusi bereizten dira bertan: behekoa, Manitoba probintziaren mendebaldean; erdikoa, Saskatchewan ibaiaren hegoaldean; goikoa, Alberta probintzian.
  • Hego-ekialdeko mendiak, Appalache mendien adarrak. Mendi txikiak dira, eta baso zabalak daude bertan, Eskozia Berriaren erdian eta Ternuan izan ezik, horiek lur soil harritsuak baitituzte.
  • Aintzira Handien eta San Laurendi ibaiaren sakanak, Quebec-eko eta Ontarioko hegoaldean.
  • Kanada iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten eta goi-ordoki batek bereizten dituen mendebaldeko bi mendilerro handiak: Mendi Harritsuak (Robson, 3.945 metro) ekialdean, eta Kostako mendikatea mendebaldean (Logan, 6.050 metro).
Tulip Valley

Gatineau muinoak, Quebec, Ezkutu Kanadarraren hegoaldean

Oak Hammock Marsh, 1 Snow Goose Bay, Stonewall - panoramio (3)

Oak Hammock padura, Manitoba

NLW GrosMorne1 tango7174

Long Range mendigunea, Ternua

Mount Robson 2008

Robson mendia (3.954 m), Columbia Britainiarra

Hidrografia

Mendi Harritsuek ur isuriaren banalerroa eratzen dute. Mendebaldean sortzen eta Ozeano Barera isurtzen diren ibai gehienak laburrak eta ur emari lasterrekoak dira; Columbia eta Fraser dira nagusiak. Ekialdean sortzen direnak, berriz, Ozeano Artikora eta Hudson badiara isurtzen dute ura, eta luzeak dira; Mackenzie da luzeena: 3.700 kilometro. Bestalde, garrantzi handia du San Laurendi ibaiak (1.300 kilometro luze); ontziz ibiltzeko egokia da, eta Atlantikoaren eta Aintzira Handien arteko garraiorako erabiltzen da. Churchill, Nelson, Severn eta Albany ibaiek ere Hudson badian dute ahoa.

Aintzira asko eta handiak daude. Glaziarrek sortutako aintziren artean, Hartzaren Aintzira Handia, Esklaboen Aintzira Handia, Athabaska eta Winnipeg dira nagusiak, elkarren artean ibaiez lotuak daudenak. Aintzira Handiek (Superior, Huron, Erie eta Ontario) 2.400 kilometro koadroko eremua hartzen dute, eta Kanadaren eta Estatu Batuen arteko muga dira. Ontario eta Eire aintziren artean daude mundu osoan ezagunak diren Niagarako ur-jauziak. Neguan ibai eta aintzira asko izoztu egiten dira, eta batzuetan Niagarako ur-jauziak berak ere.

Klima eta landaredia

Canada Köppen
Kanadako klimak Köppen sailkapenaren arabera

Klima kontinental hezea (Dfb) eta azpiartikoa (Dfc) dira hedatuenak Kanadan. Iparraldekoa tundrakoa da (ET); zortzi hilabetez batez besteko tenperaturak 0 °C baino apalagoak dira, eta uztailean adibidez ez dira 10 °C-tik igotzen. Urtarrilean, Ozeano Bareko ertzak bakarrik izaten ditu, itsasoaren eraginez, 0 °C-tik goragoko tenperaturak batez beste. Hilabete horretan Kanadaren erdialdean tenperaturak oso hotzak dira: -10 °C Superior aintziraren parean, -30 °C Hudson badiaren kostaldean, eta zertxobait igotzen dira Atlantikoko itsasertzean (0 °C-tik 5 °C-ra Eskozia Berrian).

Pinudiak lurralde artikoetako hegoaldean daude. Iparraldea tundraz estalia dago. Hego-ekialderantz joan ahala pinudiak desagertuz doaz eta hosto erorkorreko zuhaitzek hartzen dute haien lekua, klima gozoagoa baita. Belardietan, lehorte hilabeteak direla-eta, landaretza estepakoa da. Itsasotik hurbil dauden mendietan euri asko egiten du eta baso handiz estalirik daude. Barnealdeko ordokiak idorrak dira, eta landaretza pobrea da.

Historia

Kolonaurreko garaia

Historialarien arabera, egungo Kanadako lehen biztanleak orain dela 26.500 urte heldu ziren Yukon lurraldera, ur mailaren beheratzeak igarobidea libre utzirik Asiatik zetozen ehiztari taldeek Bering itsasartea igaro zutenean. Ontario hegoaldean, aldiz, orain dela 9.500 urteko aztarnak aurkitu dituzte. IX. mendean irlandarrek, bikingoek Islandiatik bidali baitzituzten, San Laurendi golkoan hartu zuten egoitza. 1000. urte inguruan, bikingoak Leif Eriksonen agintepean Labradorko kostaldera joan ziren, eta Vinland (“Mahasti lurraldea”) jarri zioten izena lurralde hari. Lehen talde horiek ez ziren ordea zabaldu.

Garai koloniala

1497an, Joan Caboto italiar marinela Kanadako kostalde atlantikora iritsi zen eta Ingalaterrarentzat hartu zuen Labrador, Ternua eta Ingalaterra Berriko itsasaldea. 1534an, Jacques Cartier, San Laurendi ibaian gora, Hochelagako indiar herrira heldu zen. XVI. mendearen bigarren erdian, euskal baleazaleek Ternuako kostaldeetan hartu zuten egoitza eta, dirudienez, baita Eskozia Berrian ere; gero frantsesek egotzi zituzten handik, XVII. mendearen lehen erdian.

Port-Royal Nova-Scotia 1
Port Royal, Eskozia Berria: XVII. mendeko frantziar kokalekuaren erreplika

Lehen kolonizazio saioak Samuel Champlainek egin zituen, eta hark fundatu zuen Quebec 1608an, lehen frantses kolonoak eramanda. 1627an, Richelieu kardinalak Frantzia Berriko Konpainiari eman zion salerosketa monopolioa baina, kapital faltaren ondorioz, asmo hark ez zuen onik izan. 1663an Luis XIV.ak, Jean-Baptiste Colberten aholkuz, Frantzia Berria, Kanada alegia, erregearen agintepean ezarri zuen, eta handik aurrera kolonia moldeko administrazioa izan zuen. Indiar irokesak menderatu zituzten; etorkinak ugaritu ziren eta kolonia 20 urtean 2.000 biztanle izatetik 10.000 izatera igaro zen. 1684an beste gerra bat hasi zen irokesen kontra, larruen salerosketa zela-eta. Ingelesekin ere garai hartan hasi ziren istiluak; Hudson badiaren kostaldean bizi ziren ingelesak. 1713an, Utrechteko Itunaren bidez, Ingalaterrak Akadia, Ternua eta Hudson badia eskuratu zituen. XVIII. mendearen erdialdean, Akadiako frantziar biztanle gehienak deportatuak izan ziren.[3]

Zazpi Urteko Gerran berriz ere istiluak sortu ziren Frantziaren eta Ingalaterraren artean koloniaren nagusitasuna zela-eta, eta frantsesek Quebec (1759) eta Montreal (1760) galdu zituzten. Parisko Itunak Frantzia Berria Ingalaterrari ematea berretsi zuen. Britainiarren agintepean, 1774an, Quebeceko Akta sinatu zen, koloniako lehen konstituzio legea; konstituzio haren arabera, Kanadako biztanleak britainiar herritarrak ziren; lege penal ingelesaren mende zeuden, baina lege frantses zaharrei eutsiz. Ipar Ameriketako britainiar kolonien matxinada hasi zenean, Kanadako biztanle britainiarrek laguntza eskaini zieten, baina, frantses hizkuntzako biztanleen leialtasunari esker, koloniak erregetzari leial iraun zuen. Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerraren ondoren (17751783), erregetzari leial ziren kolono asko Kanadara joan ziren eta Brunswick Berria sortu zuten. Britainiar biztanleen olde berri horren ondorioz idatzi zen 1791ko Konstituzio Agiria, lurraldea bi zatitan banatzen zuena: Kanada Garaia (Ontario, hizkuntzaz ingelesa), eta Kanada Beherea (Quebec, frantsesa), bakoitzak bere parlamentua zuela.

1812an, Estatu Batuetako osteak sartu ziren Kanadan, eta han geratu ziren 1814an, Ganteko Itunaren bidez, Ingalaterraren eta Estatu Batuen arteko bakea izenpetu zen arte. 18171832 artean, Britainia Handitik zetozen 120.000 etorkin heldu, eta biztanleen kopurua 1.400.000ra igo zen. 18371838 artean, gobernuari erantzukizun handiagoa eta metropoliarekiko askatasun gehiago eskatzen zioten matxinadak piztu ziren, eta Lord John Durhamek, Londrestik etorrita, bi koloniak batzea erabaki zuen (Batasunaren Agiria, 1840). Konstituzio berri horrek askoz indar handiagoa ematen zion Kanadaren britainiar alderdiari, parlamentuan parlamentari kopuru bera ematen baitzien frantsesei eta ingelesei, nahiz eta jatorri frantsesekoak askoz gehiago izan. 1848an, erreformazaleek ministerioaren erantzukizun osoa onartzea lortu zuten biltzar legegilearen aurrean. Urte horretan bertan ekonomia egonkortasun garai bat hasi zen, komunikabide berriak sortu eta, Krimeako Gerraren ondorioz, gari esportazioak gehiagotu zirelako.

Konfederazioaren sorrera

Canada provinces evolution 2
Kanadako probintzien eta lurraldeen mugen eboluzioa.

Beste ekonomia krisi bat izan zen 1860an eta, harekin batera, koloniako biztanleen ezinegona sortu zen. Egoerari irtenbide bat emateko Britainiar Ipar Ameriketako Agiria idatzi zen 1867an, Kanadako Konfederazioa sortzen zuen konstituzio federala, eta lau probintzia elkartzen zituena: Brunswick Berria, Eskozia Berria, Ontario eta Quebec. Gero elkartu zitzaien Konfederazioari Manitoba (1867), Britainiar Columbia (1871) eta Eduardo Printzearen Uhartea (1873). Mendebalderako emigrazioak eta Canadian Pacific Railway-en sorrerak indiarren matxinadak eragin zituzten 1869, 1884 eta 1885ean. Mendebaldeko hedapenak lurraldea zabaldu zuen Saskatchewan eta Alberta probintziekin. Elkartu zen azkena Ternua eta Labrador izan zen, 1949an. 1931. urtean, Westminsterko Estatutuaren bitartez, burujabetza osoa lortu zuen Kanadak.

Bigarren Mundu Gerran lehen aldiz hartu zuen parte Kanadak gerra batean estatu burujabe gisa, eta Ingalaterraren bihi horniduraren ziurtatzaile izan zen gainera. 1935etik aurrera, John Diefenbakerren gobernu kontserbadorearen garaian izan ezik, liberalek izan zuten agintaritza.

Azken urteak

1968an, Pierre Elliot Trudeau aukeratu zuten lehen ministro; hizkuntza ofizialtzat onartu zituen frantsesa eta ingelesa eta konstituzioa berritzen saiatu zen, baina mendebaldeko probintzietako kontserbadoreek kontra egin zioten; horrezaz gainera, Quebeceko Liberazio Frontearen indarrezko nazionalismoari ere aurre egin behar izan zion. Joe Clarken garaipenaz kontserbadoreek hartu zuen berriz aginpidea 1979an, baina Clarkek urte hartan bertan aurkeztu behar izan zuen dimisioa. 1980an Trudeauk irabazi zituen hauteskundeak, baina 1984an Alderdi Liberalaren buruzagitza utzi eta dimisioa eman zuen. John Turner izan zen haren ondorengo Alderdi Liberalaren eta gobernuaren buru gisa, baina urte hartako irailean Alderdi Kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak. Brian Mulroney hautatu zuten lehen ministro, eta kontserbadoreek irabazi zuten berriz 1988an. Margaret Thatcherren eta Ronald Reaganen politikei jarraitu zien Mulroneyk ekonomian; aurrekontuen defizita murrizten eta inflazioa jaisten saiatu zen, enpresak liberalizatzeko neurriak hartu zituen, zergak eraberritu zituen, eta kanpoko inbertsioak erakartzeko ahaleginak egin zituen; zenbait hitzarmen sinatu zituen, besteak beste, Estatu Batuekin.

1990eko hamarkadan, tentsio egoerak izan ziren Quebeceko abertzaleen eta gobernu federalari nagusitasuna ezagutzen diotenen artean. Izan ere, 1986an hitzarmena sinatu bazen ere, Quebeceko eskakizunei jarraituz, konstituzioa aldatzeko, bi probintziak ez zuten onartu aldaketa proiektua eta bertan behera gelditu zen. Dena dela, 1992rako beste proposamen bat egin zen, eta erreferendumera eraman zen, baina ez zen onartu. Politikan gorabehera handiak izan ziren arren, ekonomian ahalegin berezia egin zuen Mulroneyk, baina 1993an, ekonomiaren gainbeheraren eta gorabehera politikoen eraginez, bertan behera utzi zuen bere kargua. Kim Campbell izan zuen ondorengo, Kanadako lehen ministro izatera iritsi zen lehenengo emakumezkoa, hain zuzen ere. Baina, urte hartan bertan, hauteskundeak egin ziren eta liberalek irabazi zuten, gehiengoz. Jean Chrétien izan zen garaile. Bloc Québecois delakoak indar handia hartu zuen, halaber, Quebecen independentziaren alde agertu izanari esker, eta harrezkero Quebectarren eskakizunak areagotu egin ziren. 1995ean Quebecen independentziari buruzko erreferenduma egin zen eta ezezkoa atera zen, oso tarte txikiagatik, eta Chrétienek hauteskundeak aurreratu zituen, bere kargua galtzeko beldur baitzen. 1996an, Kanadako Gobernuak probintziei eskumen gehiago eman zizkien, Bloc Québecoiseko buruzagi Lucien Boucharden eskutik, nazionalismoak baretzearren eta, batez ere, Quebecen independentzia grina baretzearren. Baina Quebeci emandako eskumenak zirela-eta, areagotu egin zen mendebaldeko probintzien etsaitasuna gobernu federalaren kontra.

1997an hauteskundeak egin ziren eta Alderdi Liberala atera zen berriro irabazle, baina lekuan lekuko alderdi erregionalisten indarra areagotu egin zen. 1998an, lurralde barrutietako hauteskundeak egin ziren Quebecen eta Bloc Québecoiseko buru Lucien Bouchardek lortu zuen berriro garaipena, baina ez zuen eskuratu independentziari buruzko erreferenduma antolatzeko adinako indarrik. 1999an, Ottawako gobernuak autonomia eman zion Kanadako ipar-ekialdeko Nunavut lurraldeari. 2000. urteko hauteskundeetan, Kanadako Alderdi Liberalak irabazi eta Jean Chrétien izendatu zuten lehendakari. 2003an, Chrétien erretiratu egin zen eta Paul Martin izan zen haren ordez lehendakari. 2004ko hauteskundeak Martinen Alderdi Liberalak irabazi zituen berriz, baina berehala ustelkeria salaketa handiak izan zituen. 2005ean, hiru alderdi (Alderdi Kontserbadore Aurrerazalea, Bloc Québécois eta New Democratic Party) elkartu, eta gobernutik bota zuten Martin. 2006ko hauteskundeak Kanadako Alderdi Kontserbadore Aurrerazaleak irabazi zituen, eta Stephen Harper bilakatu zen lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Canadian parliament MAM
Kanadako Legebiltzarra, Ottawa

Kanada federazio burujabe bat da, demokrazia parlamentarioan oinarritua. Estatuburua Britainia Handiko erregina da, eta hark aukeratutako gobernadore bat du ordezkari. Gobernuari dagokionez, berriz, lehen ministroa da burua, gobernadoreak legebiltzarrerako hauteskundeetan boto gehien ateratzen duen alderditik izendatzen duena, eta legebiltzarra du lagun. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago; bi ganbera daude, Senatua eta Komunen Ganbera.

Banaketa administratiboa

Kanada hamar probintziatan eta hiru lurraldetan banatuta dago. Estatu federala izaki, bertako administrazio barrutiek eskumen handia dute, besteak beste, osasungintzan, hezkuntzan, ingurumenean edota lurralde antolaketan. Lurraldeekin alderatuta, probintziek autonomia zabalagoa dute. Quebecen izan ezik, gainerako lurraldeetan ingeles legea da oinarria; Quebecen, aldiz, frantses legediari jarraitzen diote.

Probintziak

Bandera Armarria Probintzia Hiriburua Hiririk jendetsuena
(2013)[4]
Biztanleria
(2016)[5]
Eremua: lehorra
(km2)[6]
Eremua: ura
(km2)[6]
Eremua: denera
(km2)[6]
Flag of Ontario.svg Arms of Ontario.svg Ontario Toronto Toronto 13.448.494 917.741 158.654 1.076.395
Flag of Quebec.svg Armoiries du Québec (blason).svg Quebec Quebec Hiria Montreal 8.164.361 1.356.128 185.928 1.542.056
Flag of Nova Scotia.svg Arms of Nova Scotia.svg Eskozia Berria Halifax Halifax 923.598 53.338 1.946 55.284
Flag of New Brunswick.svg Arms of New Brunswick.svg Brunswick Berria Fredericton Moncton 747.101 71.450 1.458 72.908
Flag of Manitoba.svg Simple arms of Manitoba.svg Manitoba Winnipeg Winnipeg 1.278.365 553.556 94.241 647.797
Flag of British Columbia.svg Arms of British Columbia.svg Columbia Britainiarra Victoria Vancouver 4.648.055 925.186 19.549 944.735
Flag of Prince Edward Island.svg Arms of Prince Edward Island.svg Eduardo Printzearen Uhartea Charlottetown Charlottetown 142.907 5.660 0 5.660
Flag of Saskatchewan.svg Arms of Saskatchewan.svg Saskatchewan Regina Saskatoon 1.098.352 591.670 59.366 651.036
Flag of Alberta.svg Shield of Alberta.svg Alberta Edmonton Calgary 4.067.175 642.317 19.531 661.848
Flag of Newfoundland and Labrador.svg Simple arms of Newfoundland and Labrador.svg Ternua eta Labrador St. John's St. John's 519.716 373.872 31.340 405.212
Probintziak denera 35.038.124 5.490.918 572.013 6.062.931

Lurraldeak

Bandera Armarria Lurraldea Hiriburua Hiririk jendetsuena Biztanleria
(2016)[5]
Eremua: lehorra
(km2)[6]
Eremua: ura
(km2)[6]
Eremua: denera
(km2)[6]
Flag of the Northwest Territories.svg Coat of Arms of the Northwest Territories.svg Ipar-mendebaldeko Lurraldeak Yellowknife Yellowknife 41.786 1.183.085 163.021 1.346.106
Flag of Yukon.svg Coat of arms of Yukon (escutcheon).svg Yukon Whitehorse Whitehorse 35.874 474.391 8.052 482.443
Flag of Nunavut.svg Coat of arms of Nunavut (escutcheon).svg Nunavut Iqaluit Iqaluit 35.944 1.936.113 157.077 2.093.190
Lurraldeak denera 119.100 3.593.589 328.150 3.921.739

Demografia

Biztanleria

2016an 35.151.728 biztanle zituen.[1] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 15,4 dira, 15-24 urte bitartekoak – % 11,9, 25-54 urte bitartekoak – % 40, 55-64 urte bitartekoak – % 14,1, eta 65 urtetik gorakoak – %18,6. Bizi itxaropena oso garaia da, 81,9 urtekoa; 79,3 urtekoa gizonezkoena eta 84,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[7] Biztanleen hiru laurden inguru Estatu Batuetako mugako lurraldean zehar bizi dira; Ontario eta Quebec dira jende gehien bizi diren eskualdeak.

Banaketa etnikoa

Bilinguisme au Canada-fr
Kanadako hizkuntza-komunitateen banaketa:      Ingelesa hiztunak – %56,9     Ingeles eta frantses elebidunak – %16,1      Frantses hiztunak – %21,3     Oso biztanleriaren dentsitate txikia (0,4 biztanle kilometro koadroko)

Kanadako biztanleen artean jatorri desberdin askotako herritarrak bereizten dira. Gehientsuenak jatorri europarrekoak dira: biztanleen % 44 inguru jatorriz britainiarra da, eta % 28,7– frantsesa (Quebec eta Ipar-mendebaldeko Lurraldeetan batez ere). 800.000 indigena inguru dira Kanadan, inuitak eta metiak, baina 350.000 inguru bakarrik dago indigena gisa ezagutua eta horiek dira erreserbertan bizi direnak. Gainerako mestizo eta indigenak beren eskubideen alde borrokan ari dira eta azken urteetan indar hartzen ari dira, indiar elkarte politikoei esker. 1990eko hamarkadan protesta ugari egin zituzten indiarrek, beren eskubideen eta lurraldeen eskakizunei dagokienez. Aipagarriak izan dira mohawk indiarren ekintzak, edo piegan indiarrenak. 1992an, Ipar-mendebaldeko Lurraldeetako boto-emaileek beren lurraldea bitan banatzea onartu zuten, parte bat inuiten lurralde zelako, eta gobernuak autogobernurako eskubidea onartu zien azkenik inuitei.

Hizkuntzak

Ingelesa da hizkuntza nagusia, frantsesarekin batera; Quebecen, frantsesa da mintzaira ofizial bakarra. Herrialdea ofizialki elebiduna da, frantses hiztunak ekialdean (Quebecen, Eduardo Printzearen Uhartean eta Ontarion) eta Albertan bereziki badira ere. Iparraldean inuktituterazko hiztunak bizi dira, Yukon, Ipar-mendebaldeko Lurraldeetan, Nunavut, Quebec eta Ternua eta Labradorko iparraldean hain zuzen ere. Azkenik, Eskoziako gaeleratik eratorritako Kanadako gaelera oraindik hitz egiten dute Eskozia Berria, Eduardo Printzearen Uhartea eta Ternua eta Labradorko biztanle batzuek.

Erlijioa

2011ko zenbatespenaren arabera, % 39 katolikoak dira, % 20,3 – protestanteak, % 1,6 – kristau ortodoxoak, % 6,3 – beste kristau sinesteen jarraitzaileak, % 3,2 – musulmanak, % 1,5 – hinduistak, % 1,4 – sikhak, % 1,1– budistak, % 1 – juduak, eta % 23,9 – erlijiorik gabeak.[7]

Hiri nagusiak

Ekonomia

Toronto central business district
Toronto, Kanadako finantzagune nagusia

Teknologia aurreratuko gizarte industriala eta bizi maila altukoa da, mendebaldeko herrialdeen saileko aurreratuenetakoa, baina Estatu Batuekiko mendekotasun handiena duena (esportazioen % 76 eta inportazioen % 52 2016an).[7] Bigarren Mundu Gerraz geroztik ikusgarria izan zen eskulangintzaren, meatzaritzaren eta zerbitzuen alorraren igoera, eta XX. mendea arte herri nekazari izandakoa herrialde urbano eta industriala izatera iritsi zen. Langile gehienek (% 76 2006an) zerbitzuen alorrean dihardute lanean, baina ekonomiaren barruan garrantzi handiko jarduerak dira meatzaritza, nekazaritza eta industria. 2016an, barne produktu gordina % 1,5 hazi zen. Langabezia murrizten ari da eta aurrekontuen kopuru handi bat erabiltzen da alor publikoaren zorrak ordaintzeko. 1989an merkataritza askerako hitzarmen bat sinatu zen Estatu Batuen eta Kanadaren artean (FTA), eta 1994an Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA, Mexiko barne hartzen duena) sinatu zuen; horren eraginez Estatu Batuekiko lotura areagotu zen merkataritzari eta, oro har, ekonomiari dagokionez. Lotura horrek eta Asiako eta Errusiako krisiak kalte handia eragin zioten, kanpora begira antolaturiko ekonomia izaki.

Ontario farm
Ontarioko landetxea

Kanadak baliabide natural aberatsak, langile trebeak eta azpiegitura modernoak ditu, eta horrek etorkizun oparoa aurreikusteko baldintzak ematen ditu. Dena dela, ingeles eta frantses eremuen arteko egoera nahasia dela-eta gerta daiteke federazioa banatzea, eta horrek atzerriko inbertsoreak galaraz ditzake. Kanadako baliabideen artean azpimarratzekoak dira petrolioa, nikela, zinka, kobrea, beruna, urrea eta abar. Munduko lurpeko aberastasunen esportatzaile handienetakoa da. Industriari dagokionez, aipatzekoak dira meatzaritzarekin lotura dutenak, elikagai industria, egurra eta papera, kimika industria eta gas naturalarekin lotura duena. Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, artoa, garia, tabakoa eta garagarra dira. Iparraldean izoztuta egoten da lurra denbora askoan eta horrek arazoak dakarzki garapenerako. Bestalde, zikloiak gertatu ohi dira Mendi Harritsuetan. Ingurunearekin loturiko gorabeheretan bereziki aipagarriak dira eguratsaren kutsadurak eta horren ondoriozko euri azidoak aintziretan eta basoetan eragiten dituen kalteak, eta orobat, nekazaritzari eta basoei kalte egiten dieten isuriak.

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

See source Wikidata query..

Erreferentziak

  1. a b c Population size and growth in Canada: Key results from the 2016 Census, statcan.gc.ca
  2.   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  3. Les Acadiens/Acadians, L’Encyclopédie de l’histoire du Québec, faculty.marianopolis.edu
  4.   Census Profile Statistic Canada, 12.statcan.gc.ca . Noiz kontsultatua: 2013-8-6 .
  5. a b   Population and dwelling counts, for Canada, provinces and territories, 2016 and 2011 censuses – 100% data Statistics Canada, 12.statcan.gc.ca . Noiz kontsultatua: 2017-2-8 .
  6. a b c d e f   Land and freshwater area, by province and territory Statistics Canada, 40.statcan.gc.ca .
  7. a b c   Canada cia.gov . Noiz kontsultatua: 2018-1-15 .
  8.   Census Profile 2.statcan.gc.ca . Noiz kontsultatua: 2016-02-08 .

Kanpo loturak

Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaika • Kanada • MexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)

Alaska

Alaska (ingelesez əˈlæskə ahoskatua; aleuteraz: alaxsxaq, «kontinentea» esan nahi duena) Amerikako ipar-mendebaldeko muturrean dagoen lurraldea da. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) estatuetako bat da 1959tik. Ozeano Artikoa du iparraldean, Ozeano Barea hegoaldean, Kanada ekialdean, eta Beringeko itsasartea mendebaldean. Itsasarte horren bestaldean, Errusia dago. AEBetako gainerako estatuetatik bereizita dago geografikoki. Hiriburua Juneau da.

Ameriketako Estatu Batuak

Ameriketako Estatu Batuak (ingelesez: United States of America) Ipar Amerikako errepublika federala da, 50 estatuk eta barruti federal batek osatzen dutena. Haietako 48 Kanada eta Mexiko artean daude: horiei, Estatu Batu kontinentalak deitzen zaie. Beste biak Hawaii eta Alaska dira. Halaber, beste zenbait dependentzia eta urruneko uharte ditu. 9.833.517 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2017an 326,9 milioi biztanle zituen; beraz, munduko herrialderik jendetsuenetan hirugarrena da, Indiaren eta Txinako Herri Errepublikaren atzetik. Hiriburua Washington da, eta New York hiririk handiena.

Lehen eta Bigarren mundu gerretako garaipenen ondoren, eta 1991. urtean Gerra Hotza amaitu zelarik, Estatu Batuak dira munduko nazio-estaturik indartsuena. Ekonomiak hazkunde jarraitua du, langabezia ez da handia, inflazioa apala da, eta oso lasterra teknologiaren aurreramendua. Gizarte oparo horrek duen arazorik larriena irabazien banaketa da: 1975. urteaz gero, nazio sarreren gehitzea ia osorik joan da biztanleen % 20ren eskuetara.

Hizkuntza nagusia ingelesa da; ingelesaz gainera, espainiera, frantsesa, alemaniera, eta indiarren hizkuntzak ere erabiltzen dira, navajoera eta hopiera (Arizonan) batez ere.

Artikoa

Artikoa Lurreko iparraldeko muturrean dagoen eskualdea da. Barnean Ozeano Artikoaz gain Kanada, Errusia, Groenlandia, Ameriketako Estatu Batuak, Norvegia, Suedia, Finlandia eta Islandiako zati batzuk ere ditu. Eskualdea izoztutako ozeanoaz eta zuhaitzik gabeko permafrostez osatuta dago. Eskualdearen hegoaldeko muga Zirkulu Polar Artikoa (66° 33'N) da, gutxi gorabehera gauerdiko eguzkiaren eta gau polarraren muga ere badena.

Politikaren aldetik, Artikoak zortzi estaturen iparraldeko eskualdeak ditu bere barnean. Zortzi horiek estatu artikotzat jotzen dira, nahiz eta natura zientziek eskuarki azpiartikotzat jo. Bere ezaugarri klimatikoak direla eta, Artikoko ekosistema berdingabea da Lur osoan. Hala ere, klima aldaketaren eraginez egoera larrian dago (bankisa gero eta txikiagoa da, hango zooplanktona, fitoplanktona, arrainak eta ugaztunak urritzen ari dira, eta abar). Artikoko herri indigenak, hango gainerako izaki bizidun guztiak bezala, hotz handietara egokituta daude.

Bigarren Mundu Gerrako Aliatuak

Aliatuak Bigarren Mundu Gerran borrokan zihardun alderdi bat izan zen, Ardatzaren aurkakoa.

Hasiera batean, herrialde aliatu nagusiak ondoko hauek ziren: Erresuma Batua, Frantzia (Frantzia Askea 1940ko uztailetik aurrera), Polonia, Kanada, Hegoafrika, Australia eta Zeelanda Berria. Txina Japoniaren kontrako borrokan zebilen 1937tik. Alemaniaren inbasioak zirela eta, Norvegiak (1940ko apirilean), Herbehereek eta Belgikak (1940ko maiatzan) nahiz Greziak (1940ko urrian, Italiak eraso egindakoan) bat egin zuten. Sobiet Batasunak, nahiz eta Alemaniarekin ituna sinatuta izan, 1941eko ekainean Alemaniaren inbasioa pairatu behar izan zuen ondoren, Aliatuekin bat egin zuen. 1941eko abenduan Japoniak Pearl Harbor bonbardatu zuten, gerran AEBen parte-hartzea eraginez. Horietako guztietakoak, AEBak, Sobiet Batasuna eta Erresuma Batua ziren, ekonomikoki zein militarki, boteretsuenak. Frantzia ere, askatutakoan, Aliatu nagusietakotzat jo zen.

Gaztelania

Gaztelania edo espainiera (castellano, español) hizkuntza erromantzeetariko bat da, iberiar taldekoa. Erdi Aroko Gaztelako Erresuman sortu zen, latin arruntak bertako hizkuntzekin izandako ukipen-egoeraren ondorioz. Horrela bada, euskararen hainbat ezaugarri fonetiko bereganatu ditu (bost bokaleko sistema, hasierako f-a galtzea...).

Munduan 407 milioi pertsonak lehen hizkuntza dute. Espainian eta Hispanoamerikako ia estatu guztietan ofiziala da. Ama hizkuntza moduan, munduko bigarren hizkuntza erabiliena da, txineraren atzetik. Bigarren hizkuntzatzat dutenak ere kontuan hartuta (guztira, 600 milioi pertsona), munduko laugarrena da, txinera, ingelesa eta hindiaren ondoren. Frantsesarekin batera, Euskal Herriko bi erdara nagusietako bat da.

Hudson badia

Hudson badia (inuktituteraz: Kangiqsualuk ilua; ingelesez: Hudson Bay; frantsesez: Baie d'Hudson; ekialdeko creeraz: Wînipekw edo Wînipâkw, "ura lohitua") Kanada ipar-ekialdeko barne itsaso handia da, 1.230.000 kilometro koadroko eremua hartzen duena. Hudson itsasartearen bidez Ozeano Atlantikoarekin lotzen da, eta Foxe arroren eta itsasartearen bidez Ozeano Artikoarekin.

Hungariar

Hungariarra (hungarieraz: magyar, pluralean: magyarok) edo magyarra hungarieraz mintzatzen den Erdialdeko Europako talde etnolinguistikoa da. 14-15 milioi laguneko giza taldea osatzen dute. Haietatik, 9,5 milioi inguru Hungarian bizi dira, eta beste 2,2 milioi Austria-Hungariako Inperioa desegin zen arte Hungariako Erresumaren bernean zeuden lurraldeetan (Errumania, Eslovakia, Serbia eta Ukrainan, batez ere). Hungariar diasporako talde handienak AEB, Kanada, Alemania, Erresuma Batua eta Brasilen daude.

Independentzia

Independentzia herrialde bat beste baten menpean ez egoteari deritzo. Herrialde batek, independentzia osoa ez duenean, neokolonialismo deritzo; egoera hau Afrikako herrialde batzuetan ematen da bereziki. Bi herrialdeen artean harremanak daudenean, autonomia egoera hartzen du.

Ingeles

Ingelesa Mendebaldeko germaniar hizkuntza da, Ingalaterran jatorriz duena eta mundu mailan lingua franca bilakatu dena. Angloen izena darama, Britainia Handira migratu zuen germaniar herri bat eta Ingalaterrari izena emango ziona. Bi izenak Baltikoan dagoen Anglia penintsulatik datoz. Frisieratik oso gertu dago, baina bere hiztegiak eragin handia izan du beste germaniar hizkuntza batzuengandik, bereziki Antzinako eskandinavieratik, eta maila txikiagoan latinarena eta frantsesarena.

Ingelesa 1.400 urtetan zehar garatu da, gutxienez. Ingelesaren formarik zaharrenak, Britainia Handira V. mendean eramandako Ingvaeoniar dialektoak, Antzinako ingelesa izena hartzen du. Ingeles ertaina XI. mendearen amaieran hasi zen erabiltzen, Ingalaterrako normandiar konkistaren ostean, eta frantsesaren eragin zuzena izan zuen. Ingeles moderno goiztiarra deitzen zaio XV. mendearen ondotik inprenta Londresera iritsi zenean ezarritako hizkuntzari, Jakue Erregearen Biblia inprimatu eta Bokalen Desplazamendu Handia hasi zenean.

Britainiar Inperioaren mundu mailako eragina dela eta, Ingeles Modernoa XVII. mendetik XX. mendera arte mundu osoan zehar hedatu zen. Medio idatzi zein elektronikoetan, eta Ameriketako Estatu Batuak superpotentzia bilakatzearekin batera, ingelesa mundu mailako diskurtsoetako hizkuntza nagusia da, eta lingua franca gisa balio du munduko hainbat eskualdetan, testuinguru profesionaletan, zientzian, nabigazioan eta zuzenbidean.

Ingelesa da munduan lehen hiztun gehien dituen hirugarren hizkuntza, txinera eta gaztelaniaren ostean. Munduan bigarren hizkuntza gisa gehien ikasten den hizkuntza da, eta 60 herrialdetan hizkuntza ofiziala edo ofizialetako bat da. Lehen hizkuntza gisa dutenek baino pertsona gehiagok ikasi dute ingelesa bigarren hizkuntza gisa. Ingelesa da Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Australia, Irlanda eta Zeelanda Berrian gehien hitz egiten den hizkuntza, eta oso hedatua dago Karibean, Afrikan eta Hegoaldeko Asian. Nazio Batuen Erakundeko eta Europar Batasuneko hizkuntza ko-ofiziala da, eta hainbat nazioarteko erakunderen hizkuntza ofiziala. Munduan hizkuntz gehien dituen germaniar hizkuntza da. Ingelesak hiztegi handia du, nahiz eta zenbat hitz dituen kontatzea ezinezkoa den hizkuntza gehienetan. Ingelesa hitz egiten dutenei "anglofono" deritze.

Ingelesa modernoaren gramatika indoeuropar hizkuntzetatik eratorritakoa da, hitzen ordena erlatiboki nasaia eta inflexio asko dituen familiatik subjektu-aditz-objektu egitura finkora pasa da eta sintaxi konplexua garatu du. Ingelesa modernoak aditz laguntzaileen eta hitzen ordena erabiltzen du esaldi konplexuak erabiltzeko, hala nola pasiborako, galderetarako eta ezeztapen batzuetarako. Ingelesaren fonetika eta fonologia oso anitza da hiztunen artean, eta batzuetan baita hiztegia, gramatika eta idazketa ere, baina mundu osoan zehar dauden ingeles hiztunek modu errazean ulertzen dute batak bestea.

Ipar Amerika

Ipar Amerika Amerikaren barnean dagoen azpi-kontinente bat da. Ozeano Artikotik Mexiko eta Guatemala arteko mugaraino heltzen dena. Geografikoki Erdialdeko Amerika eta Karibeko herrialdeak ere bertan sartzen dira.

Bere eremua 24.490.000 km² da, Lurraren %4.8a, eta, 2006ko urrian, 514.600.000 biztanle zituen. Hau da, munduko hirugarren kontinenterik handiena da, Asia eta Afrikaren ondoren, eta laugarren populatuena Asia, Afrika eta Europaren ondoren. Ipar Amerikak, Hego Amerikarekin batera, Amerika sortzen du.

Irlandar

Irlandarrak (irlanderaz Muintir na hÉireann, na hÉireannaigh eta ingelesez Irish People) Europako ipar-mendebaldean dagoen Irlandako uharteko biztanleak dira. Haun ondorengoak munduan barna nagusiki Estatu Batuak, Erresuma Batua, Australia, Kanada eta Zeelanda Berrian topa daitezke, eta denera 80 milioi inguru pertsona izan daitezkela kalkulatu izan da.

Berez, Irlanda jada duela 9.000 urtetatik aurrera populatua dago. Aldiz, irlandar mitologiaren arabera irlandarren lehenbiziko arbasoak Fomoré, Fir Bolg eta Tuatha Dé Danann herriak lirateke.

Italiera

Italiera (Italiano) latinetik datorren hizkuntza erromantze bat da. 70 milioi hiztun ditu, batez ere Italian. Hortik kanpo, hiztunen kopuruaren arabera ordenaturik, herrialde hauetan ere modu esanguratsuan mintzatzen da: Alemania, Argentina, Suitza, Frantzia, Brasil, Belgika, AEB, Britainia Handia, Kanada, Australia, Mexiko eta Uruguain.

Oro har, hiztegiaren aldetik, italiera latinetik hurbilenen dagoen hizkuntzatzat jotzen da. Gramatikari dagokionez, errumaniera hurbilena omen da eta, ahoskeraz denaz bezainbatean, sardiniera.

Lincoln itsasoa

Lincoln itsasoa (ingelesez: Lincoln Sea) Ozeano Artikoko bazterreko itsasoa da, Kanada eta Groenlandia artean dagoena. Adolphus Greely estatubatuar esploratzaileak Gerra idazkaria zen Robert Todd Lincolnen izena eman zion.

Michael Smith (kimikaria)

Michael Smith (Blackpool, Ingalaterra, 1932ko apirilaren 26a - Vancouver, Kanada, 2000ko urriaren 4a) kanadar kimikaria izan zen, jatorriz britainiarra.

Commonwealtheko estatu kideak
Commonwealth of Nations
Antigua eta BarbudaAustraliaBahamakBangladeshBarbadosBelizeBotswanaBruneiDominikaErresuma BatuaFiji (baliogabetua)GhanaGrenadaGuyanaIndiaJamaikaKamerun • Kanada • KenyaKiribatiLesothoMalawiMalaysiaMaltaMaurizioMozambikeNamibiaNauruNigeriaPakistanPapua Ginea BerriaRuandaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakSamoaSeychelleakSierra LeonaSingapurSalomon UharteakHegoafrikaSri LankaSwazilandiaTanzaniaTongaTrinidad eta TobagoTuvaluUgandaVanuatuZambiaZeelanda BerriaZipre

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.