Irteera (Biblia)

Irteera edo Exodoa (hebreeraz Shemot, שְׁמוֹת; grekeraz Ἔξοδος, Exodus) Bibliako bigarren liburua da. Moisesek Israel herria Egiptoko morrontzatik nola atera zuen eta Kanaango lurraldera (gaur egungo Israel-Palestina) nola iritsi ziren kontatzen du. Bidean Jainkoak Sinai mendian itun bat egin zuen herriarekin, Moisesen bitartez eta Legea edo Hamar Aginduak eman zizkion.

Tradizioaren arabera, Moisesek berak idatzi zuen liburu hau, baina gaur egun Biblian aditu direnek liburuak azken forma K.a. 450 urte inguruan hartu zuela uste dute, aurretik zeuden testu idatziak eta ahoz ahoko tradizioak bat egin zutenean. Liburuaren arabera, bertako gertaerak K.a. 13. mendean gertatu ziren.

Liburuaren atalak

Irteera liburua lau ataletan bana daiteke:

Irteera aurretik

Israeldarrak Egiptoko faraoiaren morroi ziren. Gero eta gehiago zirenez, egiptoarrak beldurtu egin ziren eta horregatik jaioberri guztiak hiltzeko agindu zuten. Israelgo emakume batek semea izan eta Nilo ibaian utzi zuen saski batean. Faraoiaren alabak, umea ikusirik, beretzat hartu eta seme antzera hezi zuen, Moises izena jarriz (izen horrek "uretatik ateratakoa" esan nahi du).

Bien bitartean, israeldarrak gero eta zapalduago zeuden egiptoarren menpean. Moises faraoiaren aurka altxatu zen israeldarren kontra erabilitako metodo gogorrak gaitzetsiz eta honek basamortura erbesteratu zuen. Basamortuan Jainkoaren deia jaso zuen Israel herria aska zezan aginduz.

Israelen askapena

Moises Egiptora itzultzean faraoiaren aurrean aurkeztu zen israeldarrei Egiptotik irteteko baimena emateko eskatzera. Honek uko egin zion eskaerari eta israeldarren aurkako zapalkuntza gogortu zuen. Jainkoak, Moisesen bitartez, mirariak egin zituen Israelen alde eta Egiptoren aurka eta azkenean faraoiak amore eman zuen.

Israeldarrek jai egin zuten beraien askapena ospatzeko (juduen Pazko jaia, gaur egun ere ospatzen dute). Biharamunean Itsaso Gorria zeharkatu eta Sinaiko basamortuan zehar Kanaango lurraldera abiatu ziren.

Sinaiko ituna

Sinai mendira iristean, Jainkoak Hamar Aginduak eman zizkien israeldarrei, Moisesen bitartez. Israel Jainkoaren Herri Aukeratua bihurtu zen horrela. Legearen bitartez, Israel herrialde teokratiko bihurtu zen, Jainkoa baitzen bere buru.

Jauretxeari buruzko aginduak

Jainkoak israeldarrei gurtza egiteko arauak eman zizkien, itun-kutxa nola zaindu behar zuten azalduz.

Ikus, gainera

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.