Ipar Mazedoniako Errepublika

Ipar Mazedonia (mazedonieraz: Северна Македонија, Severna Makedonija, [ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatuta), ofizialki Ipar Mazedoniako Errepublika (mazedonieraz: Република Северна Македонија, Republika Severna Makedonija [rɛˈpublika ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatua), Europako estatu itsasgabea da, Balkanetako penintsulan kokatua. Mugakide ditu Serbia eta Kosovo iparraldean, Albania mendebaldean, Grezia hegoaldean eta Bulgaria ekialdean. Hiriburua Skopje da.

1991ko irailaren 8an independentzia aldarrikatu zuenetik 2019ko otsailaren 12ra estatuak Mazedoniako Errepublika izen ofiziala eta Mazedonia izen laburtua erabili zituen. Izen horien erabilerak Greziarekin gatazka piztu zuen. Izan ere, Greziak izen bereko eskualde historiko bat duenez, ez zizkion izen horiek erabiltzea onartzen. Horregatik, gatazkak iraun zuen bitartean, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia (ingelesezko Former Yugoslavian Republic of Macedoniatik) behin-behineko izendapen ofiziala erabili zuen nazioarteko erakundeetan.[1]

Ipar Mazedonia NBEko kide da, baita Europako Kontseiluko kidea ere. Horiez gain, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundean eta Munduko Merkataritza Erakundean parte hartzen du. 2005eko abendutik, Europako Batasunean sartzeko hautagaia da, baita NATOn sartzekoa ere.

Ipar Mazedoniako Errepublika
Република Северна Македонија
Republika Severna Makedonija
Ipar Mazedoniako Errepublikako bandera Ipar Mazedoniako Errepublikako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Денес Над Македонија
(Gaur Mazedoniaren gainean)
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Skopje
Hizkuntza ofiziala(k) Mazedoniera1, albaniera
Herritarra mazedoniar
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Stevo Pendarovski
 -  Lehen ministroa Zoran Zaev
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 25,713 km2 (148.)
 -  Ura (%) 1,9
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2011) 2.058.539 (146.)
 -  Dentsitatea 80,1 bizt./km2 (122.)
Dirua Mazedoniar dinarra (MKD)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 380
Internet domeinua mk
1 lurralde edo udalerri bakoitzeko biztanleen %20a baino gehiagok beste hizkuntza bat hitz egiten badute, hein batean ofiziala ere bada. Hauek albaniera, turkiera, serbiera eta arumaniera dira.

Geografia

Banaketa administratiboa

MKD muni nonn Rural-Urban
Udalerrien mapa.

Ipar Mazedoniako Errepublikaren maila administratiboak udalerriak (mazedonieraz: општини, opštini; sing.: општина, opština) baino ez ditu: guztira, 84 udalerri daude eta horietako hamarrek Skopje Hiria osatzen dute.

Gainera, arrazoi estatistiko eta legalagatik, zortzi eskualde ditu:

  • Ekialdea
  • Ipar-ekialdea
  • Pelagonia
  • Polog
  • Skopje
  • Hego-ekialdea
  • Hego-mendebaldea
  • Vardar

Parke nazionalak

Herrialdeak hiru parke nazional ditu:

Izena Eratua Azalera Mapa Irudia
Mavrovo 1948 731 km²
Ipar Mazedoniako Errepublika hemen kokatua: Ipar Mazedoniako Errepublika
Ipar Mazedoniako Errepublika
Mavrovo-Lake-Autumn
Galičica 1958 227 km²
Ipar Mazedoniako Errepublika hemen kokatua: Ipar Mazedoniako Errepublika
Ipar Mazedoniako Errepublika
Galichitsa
Pelister 1948 125 km²
Ipar Mazedoniako Errepublika hemen kokatua: Ipar Mazedoniako Errepublika
Ipar Mazedoniako Errepublika
Mount Pelister MK

Hiriak

Historia

Ancientbitola
Heraclea Lyncestisren aztarnak, k.a. IV. mendean Filipo II.a Mazedoniakoak eratua

Mazedonia izen bereko lurralde historikoaren parte bat da. 1371tik 1912ra Otomandar Inperioaren mendean egon zen Mazedonia osoa, eta 1913an Serbiaren, Greziaren eta Bulgariaren artean banatu zen. Hala, Mazedonia serbiarra, serbiarrek, kroaziarrek eta esloveniarrek 1919an osatu zuten erreinuaren mendean geratu zen. 1929tik aurrera, Jugoslavia deitu zitzaion erreinuari. Bigarren Mundu Gerran, Bulgariak hartu zuen Jugoslaviako Mazedonia osoa.

1946az geroztik, Jugoslavia estatu eraberrituaren sei errepubliketako bat izan zen Mazedonia. 1990ean, Jugoslavian alderdi politikoak eratzeko askatasuna onartzearekin eta alderdi komunistaren nagusitasuna amaitzearekin batera, mazedoniarren abertzaletasuna indartu egin zen. 1991ko irailean independentziari buruz egin zen erreferendumean, % 95ek independentziaren alde bozkatu zuen, eta errepublikaren burujabetasuna eta independentzia onartu zuen Mazedoniako Parlamentuak. Hala ere, Greziak ez zuen onartu errepublikak hartu zuen izena: Greziako probintzia baten izena zela eta Errepublika berri haren konstituzioko zenbait artikuluk Greziako Mazedoniaren lurralde eskakizuna adierazten zutela zioten greziarrek. Nazioarteko presioek horretara behartuta, Mazedoniako biltzar nazionalak konstituzioa berritu zuen eta Mazedoniak zehatz adierazi behar izan zuen ez zuela Greziako lurralderik batere nahi. Estatuaren izenari zegokionez, Europar Batasunak Greziaren alde egin zuen eta Nazio Batuetara jo behar izan zen, azkenik, arazoari konponbidea bilatzeko. Bien bitartean, Mazedoniak ez zuen ez atzerriko inbertsiorik ez laguntzarik lortzen (ez baitzen estatu gisan onartzen), eta atzerriko merkataritza blokeaturik zegoenez, ekonomia arazoak oso larriak egin ziren; blokeoaren eraginez erregairik gabe gelditu zen Mazedonia eta lantegi askok ateak itxi behar izan zituzten. Errepublikaren onespenaren aurreko aldian herrien arteko liskarrak ere ugariak izan ziren. Albaniarrek gogor egin zuten beren autonomia eskuratzeko: 1992an matxinada ugari izan ziren hiriburuan. Horrez gainera, Bosnia eta Herzegovinako gerratik ihesi 50.000 lagun joan ziren Mazedoniara.

1993an, azkenik, Mazedoniako Antzinako Errepublika Jugoslaviarra izenarekin onartu zuten Mazedonia. Nazio Batuek onartu zutenean bertan, Mazedonia Nazioarteko Diru Funtsean sartu zen. Urte horretan Greziaren eta Mazedoniaren arteko negoziazioek aurrera jarraitu zuten, baina Andreas Papandreu Greziako Lehen Ministro hautatu zutenean, bere horretan gelditu ziren elkarrizketak eta blokeoari ekin zion Greziak 1994an. Europar Batasuneko hainbat herrialde blokeo haren kontra bazeuden ere, Europako Justizia Epaitegiak erabaki zuen Greziak askatasun osoa zuela enbargoari eusteko. Urte horretan bertan izan ziren hauteskundeetan Gligorov hautatu zuten berriz ere presidente. Urtearen amaieran Estatu Batuek hitzarmen militar bat izenpetu zuten Mazedoniarekin. 1995ean Greziak eten egin zuen merkataritza blokeoa. Hala eta guztiz ere, 1997an Mazedonia Europako lurralde pobreenetakotzat hartzen zen. Bestalde, albaniarren eta gobernuaren arteko auziak ez zuen konponbiderik, eta zenbait talde albaniarrek eskatzen zuten albaniarrak gehiengo ziren lurraldeak Albaniaren mende behar zutela.

1999ko martxo-ekaina bitartean NATOko hegazkinek Jugoslavia bonbardatu zutenean, Kosovoko milaka iheslari iritsi ziren bertara. Mazedoniako eslaviar gehienak ortodoxoak dira eta Kosovotik iritsitako albaniarrak, berriz, musulmanak, eta horren guztiaren ondorioz, tirabira ugari sortu ziren bi komunitateen artean. Albaniarren eta Mazedoniaren arteko 2001eko gerraren ondorengo hitzarmenei jarraituz, Mazedoniako gobernuak mugak aldatzeko legedia indarrean jarri zuen eta autonomia handiagoa eman zien albaniarrei, gehiengoa ziren eremuetan. 2006ko hauteskundeetan, zentro-eskuineko VMRO-DPMNE alderdiko Nikola Gruevskik lortu zuen garaipena, eta erabaki zuen Albaniarren Alderdi Demoraktikoarekin osatzea gobernuan, eta ez albaniarren botoen gehiengoa eskuratu zuen Gizarteratzerako Batasun Demokratikoa koalizioarekin. Hurrengo hauteskundeak 2010ean egin behar zituzten, baina 2008ra aurreratu ziren, krisi politiko larria sortu baitzen Kosovoren independentziaren ondorioz eta herrialdearen izendapenaren auziaren ondorioz (Mazedoniako Errepublika da herrialdeak bere burua izendatzeko aukeratutako izena, baina Greziak ez dio izen hori aitortzen, greziar lurralde baten izena delako; hala, Greziak betoa ezarri dio Mazedoniari eta ezingo du NATOn sartu izenaren auzia konpondu artean). Hauteskunde horietan VMRO-DPMNEk alde handiz irabazi zuen (oso atzera gelditu zen Branko Crvenkovski lehendakariaren SDMS alderdia). Edonola ere, giro nahasian egin ziren bozketak, eta liskar handiak sortu ziren, baita agintariek iruzur egin ote zuten susmoa ere.

Demografia

2002ko azken erroldaren arabera, herrialdeak 2.022.547 biztanle zituen.[2]

Mazedonian tirabira ugari izan dira albaniarren eta mazedoniarren artean: albaniarrek autonomia gehiago eskatzen zuten, eta mazedoniarrek, berriz, beldur handia zioten albaniarren nazionalismoari. Albaniarrak 1960ko hamarraldian hasi ziren autonomia eskakizunak egiten. 1981. urteaz geroztik agintari mazedoniarrek saio ugari egin dituzte albaniar nazionalismoa desegiteko, batez ere, hizkuntzaren eta hezkuntzaren alorrean. Agintari komunistek konstituzioa zuzendu zuten urte haietan, eta Mazedonia mazedoniar etniaren "Estatu nazionala" zela adierazi zuten, bestelako taldeak alde batera utzita. 1991ko konstituzioan ere ez zen albaniarrentzat inolako autonomiarik onartzen. Kosovoko Gerran, albaniar etniako 360.000 errefuxiatu iritsi ziren Mazedoniara. Gerra amaitu ondoren alde egin zuten berriro, baina 2001ean mugaz alde bietako albaniarrek armak hartu zituzten eta altxatu egin ziren, Mazedonian albaniarrak nagusi ziren eremuetarako autonomia edo independentzia aldarrikatzeko. NATOk esku hartu zuenean amaitu zen gatazka, eta gobernuak eta albaniarrek hitzarmena sinatu zuten: gobernuak albaniarrei botere politiko handiagoa emateko eta haien kultura aintzat hartzeko konpromisoa hartu zuen, eta albaniarrek matxinada bertan behera utzi eta Mazedoniako erakundeei zilegitasuna aitortzekoa.

Ekonomia

Mazedoniako lurraldearen % 27 besterik ezin da landu; hala ere, bere burua asetzeko lain ateratzen du nekazaritzatik. Lantzen diren nekazaritza gai nagusiak hauek dira: laboreak, barazkiak, ardoa, tabakoa, arroza, etab. Berun, zink, kromo eta burdin hobiak ugariak dira, baina Mazedoniako energia baliabideak ez dira bertako beharrak asetzeko adina. Hirugarren sektorea hiriburura biltzen da batez ere, eta bertan bizi da biztanleen laurdena. Jugoslaviako Errepublika Federala osatzen zuten sei errepubliken artean Mazedonia zen gobernu federalarekiko diru mendekotasun handiena zuena. Horrez gainera, Mazedoniako merkataritza harremanen % 50-60 antzinako federazioko errepublikekin egiten zen, Serbiarekin batez ere. Federazioa desegin izana batetik, eta bestetik, Serbia eta Montenegroren kontrako nazioarteko zigorrek ondorio izugarriak izan zituzten Mazedoniako ekonomian. Bestalde, Mazedoniako ekonomiari kalte gogorrak ekarri zizkioten barne borroka latzak zituzten lurraldeetatik hurbil egoteak (Bosnia, Kosovo…), eta orobat Greziak jarritako ekonomia blokeoak. Horren guztiaren ondorioz, industria ekoizpena % 75 jaitsi zen 1992an –erregairik batere ez baitzuten–, langabezia % 40ra iritsi zen eta barne produktu gordina % 14 jaitsi zen.

Independentzia eskuratu zuenetik, erreforma ekonomiko handiak egin dira Mazedonian, ekonomia irekia bideratu eta merkataritza sustatu dira (azken urteetan BPGaren %90 hartu du), atzerriko inbertsioak erakartzen saiatu da eta inflazioari eustea lortu du (% 2koa izan zen 2007an). 1996tik aurrera ekonomia hazi egin da, era iraunkorrean, mantso bada ere. Bestalde, ordea, langabezia tasa oso altua da (2005ean, % 37,2) eta biztanleen % 22 bizi zen pobrezian, 2006an.

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Erreferentziak

  1. Janev, Igor (1999) «Legal Aspects of the Use of a Provisional Name for Macedonia in the United Nations System» AJIL 93 (1).
  2. a b c Census of Population, Households and Dwellings in the Republic of Macedonia, 2002 – Book XIII, Skopje, 2005. State Statistical Office of the Republic of Macedonia.

Kanpo loturak

Balkanak

Balkanak edo Balkanetako penintsula, Europako hego-ekialdeko eskualde historiko eta geografikoa. Azalera 728.000 km² inguru da, eta 53 milioi biztanle ditu.

Danubio ibaiak eta haren adar Savak iparraldetik mugatzen dute, eta Adriatikoak, Mediterraneoak eta Itsaso Beltzak inguratzen dute gainerako aldeetatik. Otrantoko kanalak bereizten du Italiatik; Dardanelo eta Bosforo itsasarteek Asia Txikitik.

Hiru mendilerrok zeharkatzen dute Balkanetako penintsula: Dinariar Alpeak Albania eta Peloponesoko mendietatik luzatzen dira Mediterraneoraino; Balkanak ipar-ekialdean hedatzen dira eta Rodope mendiak Ipar Mazedoniaren iparraldean.

Eskualdean estatu hauek daude:

Albania

Bosnia-Herzegovina

Bulgaria

Grezia

Kosovo

Ipar Mazedoniako Errepublika

MontenegroLurraldearen gehiena Balkanetan duten estatuak:

Kroazia

SerbiaLurraldearen zati txikiak soilik dituzte Balkanetan:

Eslovenia

Italia (Trieste eta Goriziako zati bat.

Errumaniako Dobruja Iparraldea eskualdea.

Turkiako Traziako ekialdea.

Bitola

Bitola (mazedonieraz: Битола, ˈbitɔɫa ahoskatua; serbieraz: Битољ; grezieraz: Μοναστήρι, Monastíri) Ipar Mazedoniako Errepublikako hiriba da, herrialdearen bigarren handiena dena. Pelagonia izeneko haranaren hegoaldean, Greziako mugatik gertu dago. K.a. IV. mendean Filipo II.a Mazedoniakoak Heraclea Lyncestis hiria bertan eratu zuen. Otomandar Inperioaren garaietan Rumeliako eyaleteko hiriburua izan zen.

Dojran

Dojran edo Dorian (mazedonieraz: Доjранско Езеро, Dojransko Ezero; grezieraz: Λίμνη Δοϊράνη, Límni Doïráni), Ipar Mazedoniako Errepublika eta Greziaren arteko mugan dagoen aintzira bat da, 43,1 km²-ko azalera duena. Lehen Mundu Gerran gudu ospetsua egin zuten bere hegoaldeko ertzean.

EuroBasket

EuroBasket edo FIBA Europako Saskibaloi Txapelketa bi urtean behin eta gizonezkoen artean Europan egiten den saskibaloi txapelketarik garrantzitsuena da. FIBAk antolatzen du.

1935ean antolatu zuten lehenengo edizioa, eta 1947tik bi urtetik behin jokatzen dute. Olinpiar Jokoak eta Munduko Saskibaloi Txapelketarako sailkatzeko ere balio du.

SESBeko saskibaloi selekzio nazionala historia osoan zehar titulu gehien (14) eskuratu dituena da. Azken 5 ekitaldietatik hiru Espainiako selekzioak irabazi ditu.

Grezia

Grezia (grezieraz: Ελλάδα, eˈlaða ahoskatua), ofizialki Heleniar Errepublika (Ελληνική Δημοκρατία eliniˈci ðimokraˈti.a ahoskatua) Europa hego-ekialdeko estatua da, Balkanetako penintsularen hegoaldeko muturrean dagoena eta Europar Batasuneko kidea ere badena. Hainbat uharte ditu herrialdeak, Kreta guztien artean handiena.

2017an 10.768.477 biztanle zituen. Atenas (Αθήνα) da hiriburua.

Ipar Mazedoniako Errepublikaren banaketa administratiboa

Ipar Mazedoniako Errepublika administratiboki maila administratibo bakarra du, udalerriak (mazedonieraz: општини, opštini; sing.: општина, opština). Guztira 84 udalerri daude herrialde osoan eta udalerri horietatik hamarrek Skopje Hiria osatzen dute.

Ipar Mazedoniako futbol kopa

Ipar Mazedoniako futbol kopa (mazedonieraz Куп на Македонија) Ipar Mazedoniako Errepublikan jokatzen den kanporaketa bidezko futbol txapelketa da. Vardar Skopje da garaipen gehien lortu dituen taldea. Aipatzekoa da Vardar dela Jugoslaviako Kopa irabazi zuen talde mazedoniar bakarra, 1961ean hain zuzen ere.

Ipar Mazedoniako futbol liga

Ipar Mazedoniako futbol liga (mazedonieraz Прва македонска Фудбалска Лига, Prva Мakedonska Fudbalska Liga) Ipar Mazedoniako Errepublikako futbol liga da. 1992an izan zuen lehen ekitaldia, Jugoslaviako Liga desegin ondoren, eta Vardar Skopje da garaipen gehien lortu dituen taldea.

Lehenengo ekitaldian 18 talde aritu ziren lehen mailan baina aldian aldian kopuru hori gutxitzen joan da eta gaur egun 12 taldek osatzen dute lehen maila. 2014tik aurrera 10 talde baino ez izatea aurrikusten dute.

Jugoslavia

Jugoslavia (serbokroazieraz: Jugoslavija/Југославија; eslovenieraz: Jugoslavija; mazedonieraz: Југославија; Panoniako errutenieraz: Югославия) XX. mendean Europako Hegoekialde eta erdialdean zegoen herrialde bat izan zen.

Etimologikoki, "Eslaviako hegoaldea" esan nahi du.

Jugoslaviako saskibaloi selekzio nazionala

Jugoslaviako saskibaloi selekzioa 1936an sortu zuten txapelketa ofizialetan Jugoslavia ordezkatzeko. Historiako talde onenen artean egon zen hala Europa mailan nola mundukoan ere, SESB eta AEBekin batera.

Jugoslaviaren desegitearen ondorioz, 1990eko hamarkadaren hasieran honako taldeek ordezkatua izan zen:

Bosnia-Herzegovina

Kroazia

Eslovenia

Ipar Mazedoniako Errepublika

Montenegro

Serbia

Mazedoniar (eslaviar herria)

Mazedoniarrak (mazedonieraz: Македонци; Makedonci) hegoaldeko eslaviar etnia bat dira, batez ere Ipar Mazedoniako Errepublikan eta inguruko herrialdeetan bizi direnak.

Mazedoniako herritarrek mazedonieraz egiten dute eta ortodoxoak dira.

Mazedoniera

Mazedoniera (македонски јазик, makedonski jazik, maˈkɛdɔnski ˈjazik ahoskatua) indoeuropar hizkuntza da, jatorriz Europako hego-ekialdean egindakoa, diasporan ere komunitate esanguratsuak egon arren.

Grafia zirilikoa du eta bulgariera da haren mintzairarik hurbilena.

Ohrid-eko aintzira

Ohrid-eko aintzira (albanieraz: Liqeni i Ohrit; mazedonieraz: Охридско Езеро, Okhridsko Ezero), Ipar Mazedoniako Errepublika eta Albaniaren arteko mugaren hego-ekialdean dagoen aintzira bat da, 358 km²-ko azalera duena. Balkanetako aintzirarik sakonena da (288 m), eta munduko zaharrenetakoa, Titikaka eta Baikal aintzirekin batera.

Prespa aintziraren infiltrazioei esker elikatua, Itsaso Adriatikoan itsasoratzen da. Ur gardenak, batzuetan 22 metroko sakonera arte gardenak, eta fauna aberats eta askotarikoa izateagatik da ezaguna.

Erriberako ekialdean dagoen Ohrid hiritik hartzen du izena. Mazedoniako Errepublikaren hiriburu turistikoa da, eta aintzira, hainbat hondartza eta bizantziar monasterioz inguratuta dago, herrialdeko erakarpen handienetakoa delarik. Bestalde, 1979an gizon-emakume guztion ondare bezala izendatu zuten duen ohiz kanpoko izaera naturalarengatik eta 1980an sailkapena erriberako toki historiko eta kulturaletara ere zabaldu da.

Philip II Arena

Philip II National Arena (mazedonieraz: Филип Втори Арена , Philip II Arena), formalki Telekom Arena (mazedonieraz: Телеком арена), Ipar Mazedoniako Errepublikako Skopje hirian dagoen futbol estadio bat da.

1947an eraikia eta 2011an handitua izan zen. 33.460 ikusleentzako edukiera du.

Skopje

Skopje (mazedonieraz: Скопје, ˈskɔpjɛ ahoskatua; albanieraz: Shkup edo Shkupi) Ipar Mazedoniako Errepublikako hiriburua eta hiri nagusia da, herrialdearen biztanleriaren laurdena baino gehiago barne hartzen duelarik. Era berean, herrialdeko gune politiko, kultural, ekonomiko eta akademiko nagusia da. Hirian garapen azkarra jasan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, baina geldialdia izan zuen honek 1963an izandako lurrikararen ondorioz.

Skopjeko aireportua

Skopjeko aireportua edo Skopje "Alexandro handia" aireportua (mazedonieraz: Меѓународен аеродром Скопје) Skopje hiria zerbitzatzen duen aireportua da.

Ipar Mazedoniako hiriburutik 17 kilometro hego-ekialdera dago, Petrovec udalerrian.

UEFA Euro 2008rako sailkapen fasea

50 taldeak, talde hauek aurreko txapelketetan lorturiko puntuazioen arabera sailkatu ziren. Bakarrik taldeko partiduak hartu ziren kontuan eta ez bigarren aukerako partiduak. Halaber, ondorengo kontsiderazioak hartu ziren kontuan:

Grezia aurreko edizioko irabazlea izateagatik automatikoki sailkatu zen.

Portugalek ez zuen 2004ko Euro txapelketan sailkapen fasean parte hartu.

Alemaniak ez zuen 2006ko Mundu Txapelketarako sailkapen fasean parte hartu, estatu antolatzailea zelako.

Kazakhstan lehenengo aldia zen Europako txapelketa batean parte hartzen zuela.

Europako herrialdeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.