Ideologia

Ideologia, errealitatearen, sistemaren edo gizartearen ekonomia, zientzia, kultura, morala eta abarrei buruzko ideien multzoa da. Ideologia, dagoen sistemarekin gelditu (ideologia kontserbadoreak), sistema aldatu edo eraldatu (erradikalak, hau da, iraultzaileak, edo baketsuak, hau da, erreformistak) edo iraganeko sistemaren baten berrezartzea nahi du.

Ideologiek, bi alde desberdin izan ohi dituzte: sistemari buruzko irudikapena eta ekintza programa. Lehenengoak ikuspuntu propio bat sortzen du, bakoitzaren sinesteetan edo ideietan oinarrituta. Ikuspuntu hau hartuz, momentuko arazoak (gehienetan gizarte arazoak edo politikoak) kritikatzeko erabiltzen da, gehienetan sistema idealarekin konparatuz. Bigarren aldea, momentuko sistema, sistema idealerantz bideratzen duena da.

Bere aldaketaren kontrako harmenagatik, ideologia desberdinak daude: sistemaren kontserbazioa nahi dutenak –kontserbadoreak-, bat-bateko transformazio erradikalaren aldekoak – iraultzaileak-, aldaketa gradualagatik apostatzen dutenak –erreformistak-, edo aurretik zegoen sistemaren berreskuratzearen aldekoak –zaharberritzaileak-.

Bere jatorriagatik, irismenagatik eta asmoagatik, ideologiak gradualki gara daitezke behaketaren, elkarrizketaren, elkarrekiko doikuntzaren eta sozialki zuzentzat, desbideratuta edo kaltegarritzat hartzen denaren gaineko adostasunaren bidez. Edo talde batek inposa ditzake (indarkeria erabiliz), zeinari eragin sortzea edo kontrol kolektiboa izatea interesatzen zaion, hau talde soziala, erakundea edo mugimendu sozial, politiko, erlijioso edo kulturala den kontuan hartu gabe, edo bere asmoa ongizate erkidea edo interes partikularra bultzatzen duen aintzat hartu gabe.

Ideologia-kontzeptua kosmobisio-kontzeptutik bereizten da zeren eta hau, zibilizazio edo gizarte osora bideratzen da eta edonola ere, ideologia nagusiko kontzeptuarekin erlazionatuta dago, gizartearen espezifikoak diren sistema guztiak bere gain hartze dituenean eta populazioaren gehiengoek partekatzen dutenean. Bere izaera kolektiboagatik, gutxitan erlazionatzen da kontzeptua isolatutako pertsonaren pentsatzeko moduarekin.

Terminoaren jatorria

Ideologiaren esanahia formulatu zuena, Destutt de Tracy (Mémoire sur la faculté de penser, 1796) izan zen. Esan zuenez, ideologia ideiak aztertzen dituen zientzia da (beraien oinarriak, jatorriak eta abar).

Mende erdi beranduago, Karl Marx-en eraginez kontzeptua eduki epistemologikoaz dohatzen da. Berarentzat ideologia, ekoizpen-moduen arabera gizarte bakoitzeko mundua azaltzen duen ideien multzoa da, bizitzan ezinbestekoak diren ezagutza praktikoak erlazio sozialen sistemarekin erlazionatuz; errealitatearekiko harremana, erlazio sozialak mantentzea bezain garrantzitsua da.

[...] Ekoizpen-erlazio hauek gizartearen egitura ekonomikoa osatzen dute, non, oinarri honen gainean  gainegitura juridiko eta politikoa altxatzen diren. Bizitza materialaren ekoizpen-moduak bizitza soziala, politikoa eta espirituala baldintzatzen du. Ez da gizonaren konortea bere izakia zehazten duena baizik eta, aitzitik, izaki soziala bere konortea zehazten duena da.

Gizarte hezitzailearen ikuspuntutik

Gizarte Hezkuntzaren ikuspegitik, gizartea hobetzearen alde lan egingo dugun heinean, programa eta proiektu desberdinak burutzen, erakunde, elkarte edo enpresa baterako egingo dugularik, beti argi izan behar dugu zein den entitate honen ideologia, izan ere, ezarriko zaizkigun helburuak horrekin lotura zuzena izango dute. 

Kanpo loturak

Alderdi politiko

Alderdi politikoa erakunde politiko bat da, helburu politiko batzuk dituena eta ideologia bat. Alderdi politikoek demokrazian herriaren interesak kanalizatzeko helburua dute eta horregatik euren parte-hartzea demokraziaren oinarria izan ohi da.

Alderdi politikoak XIX. mendean sortu ziren gaur ezagutzen ditugun moduan.

Diario de Noticias

Diario de Noticias, "Nafar guztion egunkaria", Nafarroako hainbat enpresaburuk argitaratu eta lurralde honetan banatu eta saltzen den egunkaria da.

Diktadura

Diktadura gobernu era bat da, zeinetan pertsona edota ideologia bereko talde jakin baten eskuetan botere guztia dagoen, estatuaren hiru botereak (legegilea, eragilea eta judiziala) kontrolatuz.

Diktadoreek era askotan lor dezakete boterea. Ohikoa da militarrek gauzatutako estatu kolpe baten bidez lortzea, gerora armadak bere karguan mantenduz, baina posible da baita ezaugarri zibilak edukitzea. Aukeratuak izan daitezke, alderdi bakarrak edo hierarkia agintariak izendatuak edota boterea zuen ahaidearen heriotzaren ostean oinordetuta.

Diktadura batean, buruzagia ez dira aldizka sufragio unibertsal aske, zuzen eta sekretuaren bidez berritzen. Horrela, nahiz eta diktadoreak boterea hauteskundeen bidez lortu (Adolf Hitlerrek bezala), epe laburrean gainerako alderdi politikoak legez kanpo uzten ditu eta ondorengo hauteskundeak eragozten ditu, aldiro, arrazoi propagandistikoengatik, sasi hauteskunde manipulatu batzuk antolatzen diren arren, gobernuari patina demokratiko bat emateko eta herriaren aldeko debozioa erakusteko. Bozketa hauetan diktadorean hautagai bakarra izan ohi da eta ustelkeria eta hertsadurengatik emaitza ikusgarriak jaso ohi ditu.

Enpresaburu

Enpresa bateko buruzagitzan dagoen definizioaz gaindi, enpresaburu kontzeptuari buruzko iritzi eta teoria ezberdinak plazaratu dira historian zehar. Enpresako kapitalista zein zuzendari moduan definitu da. Tradizionalki enpresaren jabea eta enpresaburua identifikatu izan dira: alegia, negozioa martxan jartzeko edo mantentzeko kapital ekarpena egin duena izan da enpresaburua. Beste alde batetik, ordea, berrikuntza ekartzea, negozio-aukerak aurrez ikustea, balioa sortzea edota langileen zapaltzaile izatea ere aipatu dira enpresaburuen ezaugarri nagusitzat. Ideologia marxistan, enpresaburu da bere esku dagoen kapitalari esker eta botere politikoaz baliatuz langileak esplotatzen dituen pertsona bat, proletargoaren aurkako burgesia klasean sailkaturik. Nolanahi ere, kapitalismoan lehen mailako eragiletzat jotzen dira, enpresak sortzen, kudeatzen eta hazkunde ekonomikoa aurrera eramaten baitituzte; eta, areago, eredutzat ere hartu ohi dira, bere ekimenari eta adimenari esker aurrera atera, merezita aberastu eta gizarteari ekarpen handiak egiten dizkion pertsonaia moduan.

Eskuin politiko

Politikan, eskuina gizarte hierarkiaren edo gizarte berdintasunik ezaren forma batzuk saihestezintzat, naturaltzat, normaltzat edo desiragarritzat ikusten dituzten jarrera edo jarduera politikoak dira, jarrera hori lege naturalean edo tradizioan oinarriturik justifikatuta.Proposamen politiko gehienetan ezker politikoaren aurkakoa da. Herrialde kapitalistetan, kapitalismoa, nazionalismoa, liberalismo ekonomikoa eta kontserbadurismoa aldezten ditu. Ekonomian, esaterako, ekimen pribatuaren sustapena eta estatuaren esku hartzea ahal den gehiena mugatzea aldezten ditu.

Ezker politiko

Ezker politiko kontzeptua espektro politikoan aurrerakoitasunari eta gizarte berdintasunaren lorpenari lehentasuna ematen dion posizio politikoa da. Gizarte berdintasunaren lorpena eskubide kolektiboen bidez, egoeraren arabera eskubide zibilak deitutakoak, guztiz banakako (pribatuko) xedeen eta usadiozko ikuspegi baten edo gizarte ikuspegi kontserbadore baten parean, eskuin politikotik irudikatuta. Oro har, ezkertiarrek laizismoaren, aurrerakoitasunaren, berdintasunaren eta kulturartekotasunaren aldeko jarrerak defendatzeko joera dute. Faktore guzti hauen arteko orekaren arabera, ezker politikoa adar ideologiko oparoetan banatuta dago.

Mendebaldeko herrialdeetan eta, bereziki, haien sistema politikoa demokrazia liberal bezala har daiteken herrialdeetan, normalean ezker eta eskuinetako alderdiek ez dute sistema alternatiborik aldarrikatzen, baizik eta jatorriz aldarrikatzen zuten bertsio liberala.

Faxismo

Faxismoa mugimendu politiko autoritario ultranazionalista izan zen. Faxismoaren beste ezaugarri batzuk antikomunismoa, antiliberalismoa, agintaritza bakar eta absolutua, demokraziaren aurkakoa eta populista aldi berean, eta indarkeriaren erabilera sistematikoa ere izan ziren. XX. mendean garatu zen, Lehen Mundu Gerratik Bigarren Mundu Gerrara bitartean eta Europan bereziki, non Benito Mussoliniren agintaritzapeko Italia eta Hirugarren Reich Alemanian izan ziren erregimen politiko faxista nagusiak. Hain zuzen, erregimen faxista horiek izan ziren Bigarren Mundu Gerraren eragile nagusiak eta milioika pertsonaren heriotzenak, zuzenean. Hori dela eta, faxista hitza adiera gaitzesgarrian eta irain politiko moduan ere erabiltzen da egun, aurkari politikoak agintekeriaz jokatzen duela eta indarkeria helburu politikoekin erabiltzen duela adierazteko, faxismoaren adiera hertsi eta jatorrizkoari itzuri eginez. Hain zuzen, bi mundu gerren arteko aldi historikora mugatuta, jarraipenik gabeko fenomeno politikotzat jo da; hala eta guztiz ere, geroztik faxismoaren ideologia jasotzen duten alderdi eta mugimenduak izan dira, baina aurreko mugimendu nagusitik bereizteko, neofaxismo izenpean bildu dira.

Frankismo

Frankismoa Francoren diktadura, 1939tik 1975era, sostengatu zuen ideologia eta printzipio politikoen multzoa da. Askotan, Espainiako Gerra Zibilaren ondotik 1936tik 1975 arte iraun zuen Francisko Francoren diktadurari erreferentzia egiteko ere erabiltzen da termino hori, baita diktadura barne hartzen duen Espainiako garai historikoa adierazteko ere.

Irlandar errepublikanismo

Irlandar errepublikanismoa irlandar nazionalismoaren barneko mugimendu edo ideologia bat da. Bere jatorria XVIII. mendean kokatu ohi da.

Jeltzale

Jeltzalea Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) jarraitzailea eta haren ideologia da. EAJko kidea, berriz, jelkidea da.

Jeltzale hitza, beste hainbat hitz bezala, Sabin Aranak asmatu zuen. «JELaren zale» (JEL + -zale) esan nahi du. JEL, berriz, EAJ alderdiak goiburutzat zuen Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa sabindar aldarriaren sigla da. Lagi-zaŕa (lege zaharra) Euskal Herriko antzinako legeei deritze, hau da, foruei.Goiburu hori, Sabino Aranak eta haren garaiko eusko abertzale askok erlijio katolikoari ematen zioten lehen mailako garrantziaren adierazgarri da. Euskal Herriko ikurrinean ere islatuta dago goiburua, Jainkoa adierazten baitu gurutze zuriak, eta lege zaharra gurutze berdeak.

Komunismo

Komunismoa sistema politiko, ekonomiko eta sozial bat da, non ondasunen eta, bereziki, ekoizpen-bideen jabetza (lurra, fabrikak...) komuna eta langileena den. Berdintasunean oinarritutako gizarte klaserik, dirurik eta estaturik gabeko gizarte bat du helburutzat.

Kapitalismoaren eta liberalismo ekonomikoaren aurkako ideologia eta mugimendu politikotzat ere azaldu da komunismoa, bereziki langileen esplotazioaren aurka, eta hainbat herrialdetan diharduten alderdi komunistek sustatzen dute.

Modu nominalean batzuetan, neurri handiagoan edo txikiagoan besteetan, komunismoa herrialde batzuetako sistema izan zen XX. mendean. Eragin handieneko herrialde komunista Sobietar Batasuna izan zen, 1922-1991 urte bitartean. Bigarren Mundu Gerra eta gero Europako hainbat herrialdek komunismoari ekin zioten, besteak beste Alemaniako Errepublika Demokratikoak, Poloniak, Hungariak, Txekoslovakiak, Jugoslaviak, Albaniak, Bulgariak eta Errumaniak. Herrialde horien komunismo garaia Sobiet Batasunarekin batera desagertu ziren. Egun ere badira euren burua komunistatzat jotzen duten erregimen politikoak, hala nola Txinako Herri Errepublikakoa, Ipar Koreakoa, Vietnamgoa, Laoskoa eta Kubakoa.

Kontserbadurismo

Soziologian eta politikan, kontserbadurismoa edo kontserbatismoa gizartean, ekonomian nahiz politikan ikuspuntu paternalista batetik tradizioaren balioa aldarrikatuz, aldaketa sozialen aurka agertzen den ideologia eta jarrera da. Ideologia eta jarrera honen aldeko pertsona, talde eta euren iritziak kontserbadoreak direla esaten da. Mendebaldeko kulturan, kontserbadurismoa erlijioak bultzaturiko baloreekin lotzen da, hala nola familia, giza sexualitatearen kontrola eta espazio publikoen kontrola. Historian zehar, gainera, kontserbadurismoak botere ekonomiko eta finantzarioaren interesen alde jokatu izan du.

Nazionalismo

Nazionalismoa nazioa edo egitate nazionala azpimarratzen duen jokabide, doktrina edota ideologia politikoa da. Kontzeptu honek forma desberdinak hartu ditu eta, beraz, nazionalismo motez hitz egiten da nazionalismoaz baino. Nazionalismoa Frantziako Iraultzarekin batera hasi zela jotzen da, eta XIX. mendean hedatu zen industria-iraultza, zerbitzu militar eta nahitaezko eskolatzearekin batera.

Nazionalismoa I. Mundu Gerra ostean heldu zen bere gorenera Europaren eta munduaren militarizazio handi baten erdian eta, burgesiaren ideologia izatetik, indar kontserbadoreak eta internazionalismo sozialista nazionalismora lerratu ziren aurkako posizioetatik. Nazio-estatuen doktrinaz gain, askapena bilatzen duten herrien ideologia adierazten du, eta II. Mundu Gerra osteko deskolonizazio mugimenduaren bultza-indarra izan zen.

Nazionalsozialismo

Nazionalsozialismoa edo (sarritan hitza laburbilduz) Nazismoa Alemanian 1933tik 1945era (eta Austrian 1938tik) boterean egon zen erregimenaren (Hirugarren Reicha) ideologia da. Nazismoak faxismoarekin harreman zuzena du, eta ezaugarri nagusietako bat arrazismoa du.

PP

Alderdi Popularra (gaztelaniaz: Partido Popular) Espainiako alderdi politiko eskuindar nagusia da. Manuel Fraga Iribarnek eratu zuen, 1976. urtean, Alianza Popular izenarekin. Alderdiko gaur egungo burua Pablo Casado da, eta idazkari nagusia Teodoro García Egea. Alderdi Popularraren ideologia eskuindarra da, eta gizarte balioetan kontserbadorea.

Egoitza nagusia Madrilgo Genova kalean du. Legez kanpo finantzatzen delako, hainbat prozesu ireki dizkiote auzitegietan; nabarmenena, Gürtel afera deritzona; Gobernutik botatzea ekarri ziena.

Politika

Politika talde baten erabakiak hartzeko garaian egiten duen prozesu eta jokabidea da. Politika ikertzen duen zientzia, zientzia politikoa da. Grekoek asmatu zuten (izena grekerazko πολιτικος terminotik dator —politikós—, esan nahi duena hiritarra, zibila edo hiriaren antolakuntzari dagokiona).

Punk

Punk musika 1970eko hamarkadan agertu zen musika estiloa da. Musika estiloa izateaz gain, establishmentaren kontra jotzea helburu duen kultur mugimendua ere bada. DIY edo "zuk zeuk egin" filosofiari atxikia da, eta talde ugarik beren diskoak grabatu eta banatzeko jarrera dute. Jatorriak rock musikan, eta zehazkiago garage rock delakoan ditu, eta punk-rock deiturikoaren jatorria da. Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan sortu zen, 1974-1975ean.

The Ramones, The Sex Pistols, The Damned, Patti Smith edo The Clash izan ziren musikaren eta estetikaren eredua ezarri zuten musika taldeetako batzuk. Hasierako garaietan punk musika xinpletasun eta gordintasunagatik zen ezagutua; apaindurarik gabeko melodia xinpleak, boterearen kontrako edota politikari buruzko kantu laburrak, soinu "zakarra" eta rock musikan oinarrituriko tenpo azkarra ziren punk taldeen ezaugarri orokorrak.

Punkak bere kultura eragin zuen: gazte-bortizkeria, janzkera propio eta bereziak, pogo dantza, muturreko askatasunean eta botereari aurka egitean oinarritutako ideologia eta kontsumismoaren kontrako etika dira haren ezaugarri nagusiak.

Sozialdemokrazia

Sozialdemokrazia XIX. mendearen amaieran sozialismo eta marxismoaren baitan sortutako ideologia politikoa da. Teoria honen arabera, posible da gizarte kapitalista batetik sozialista batera iristea demokrazia ordezkagarriaren bideak erabiliz (parlamentuan eta gobernuan parte hartuz, adibidez). Iraultza, beraz, ez da ezinbesteko bitartekoa sozialismorako bidean. Gaur egun sozialismoa eta sozialdemokrazia sarri sinonimotzat jotzen dira Mendebaldeko gizarteetan, nahiz eta sozialismoa askoz esanahi zabalagokoa izan (bere baitan sartzen dira sozialista demokratikoak, marxistak, anarkistak eta komunistak ere. Era berean, gaur egungo sozialdemokrazia menbedaldetarren gehiengoak marxismoa baztertu eta kapitalismoa jasangarri bihurtzea dute helburu, sistema aldaketa erabat alboratuz.

Sozialdemokrazia, sozialismoa eta komunismoa sustrai ideologiko beretik sortuak dira; sozialdemokrazia ordea, ideologia horien militantziaren eta totalitarismoaren aurkako agertzen da.

Zentrismo

Politikan, zentrismoa edo zentro politikoa ezker politikoarekin nahiz eskuin politikoarekin jarrerak, ideologiak, proposamenak eta helburuak partekatzen dituen ideologia politikoa da. Kasu bakoitzean, planteamendu politikoak ezkerretik edo eskuinetik gertuago dauden, zentro-eskuina eta zentro-ezkerra ideologia politikoak bereizi ohi dira.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.