Idazkera kuneiforme

Idazkera kuneiformea arrasto arkeologikoak aurkitu diren idazkera motarik zaharrena dela onartuta dago (hala ere, berriki eginiko indusketetan, ustez kuneiformea baino idazkera zaharragoan idatzita dauden Antzinako Egiptoko taulatxo batzuk aurkitu dira; baieztatzeke dago datu hori). Sumertarrek K.a. IV. milurtekoaren amaieran sortu zuten, piktograma sistematzat. Denbora aurrera joan ahala, irudikapen piktorikoak sinpleagoak eta abstraktuagoak bihurtu ziren, idazkera kuneiformea eratzeraino.

Sumeriera, akadiera, elamitera, hititera eta lubitera idazteko egokitu zen eta antzinako persiera eta ugariteraren alfabetoen abiapuntua izan zen.

Cuneiform script2
Idazkera kuneiformea

Garapena

Lehen piktogramak buztinezko taulatxoetan zutabe bertikaletan grabatzen ziren, puntzoi edo zizel zorrotz batekin, kalamu batetik abiatuta egina. Ondoren, bi garapenek prozesu errazago eta azkarragoa egin zuten: jendea ezkerretik eskuinera idazten hasi zen ilara horizontaletan (prozesuan, piktogramak, ezkerretarantz 90º biratzen ziren), eta ziri mutur estilo berri bat sortu zen, buztinean sartuz erabilitzen zena; horrela, ziri formako karaktereak (kuneiformeak) asmatu ziren. Taulak zizelarekiko zuen posizio erlatiboa egokituz, eskribak erreminta bakar bat erabil zezakeen, zeinu barietate handi baterako.

SAG
SAG ("Buru") ikurraren garapena: 1. epeak hasierako piktograma erakusten du (K.a. 3000). 2. epeak piktograma biratua (K.a. 2800). 3. epeak glifo abstraktua inskripzio monumental arkaikoetan (K.a. 2600). 4. epeak ikurra buztinean idatzia (garai bera). 5. epea milurtekoaren amaierakoa da. 6. epean asiriar zaharrean (K.a. II. milurteko hasiera). 7. epeak ikur sinplifikatua adierazten du, asiriar idazleek erabilitakoa, bertan behera utzi zen arte (K.a. I. milurte hasiera)

Taulak kilnetan egosten ziren, idatzitakoa iraunkorra izatea nahi bazen, baita berrerabili ere, kontrako kasuan. Arkeologoek aurkitutako taulatxoetako asko nahigabe "egosiak" izan ziren, armada erasotzaileek taula horiek gordetzen ziren eraikinari su eman ziotenean.

Sumertarrek sortu zuten sumeriera idazteko; ondoren, akadiarrek, babiloniarrek, elamitarrek, hititek eta asiriarrek erabili zuten, euren hizkuntzak idazteko. Mesopotamian oso erabilia izan zen 3.000 urtez; hain zuen ere, alfabeto horren izaera silabikoa, sumertarrek findu ostean, ez zitzaien oso intuitiboa iruditzen semitar hizkuntzen hiztunei. Horren ondorioz, sumertar zibilizazioa berraurkitua izan aurretik, zenbait filologok Babiloniaren aurretik beste zibilizazioren bat egon zela pentsatu zuten.

Idazkera kuneiformearen ondorengo egokitze gehienek sumertar alfabetoaren zenbait alor behintzat mantendu zituzten. Idatzitako akkadikoak sumertar silabategiko ikurrak zein hitz osotzat irakurtzen ziren logogramak zituen. Alfabetoko zeinu asko balio anitzekoak ziren: aldi berean, esanahi fonetiko eta logografiko bat zuten. Alfabeto kuneiformea hititera idazteko egokitu zenean, ahoskatze logografiko akadiozko beste geruza bat gehitu zitzaion alfabetoari; hala ere, horren emaitza ohiko logogramekin idatzitako hititar hitz askoren ahoskatzea jada ez da ezaguna. Sistemaren konplexutasunak japoniera klasikoarekin antzekotasuna du, txineratik datorren sistema batekin idatzia dena; sinogrametako batzuk logogramatzat erabili ziren eta beste batzuk, berriz, karaktere fonetikotzat. Japoniera modernoak grafikoki ezberdintzen ditu logogramak (kanji) karaktere silabikoetatik (kana), baina ezberdintasun hori gorabehera, oso antzeko sistema da.

Konplexutasun horren ondorioz, idazkera sistemaren zenbait bertsio sinplifikatu sortu ziren. Antzinako persiera karaktere kuneiforme sinplifikatu multzo batean idatzia zen, alfabeto erdisilabiko sinple bat eratzen zutena: asiriarrak erabiltzen zituena baino ziri formako trazu gutxiago zeuzkan, sarri agertzen ziren hitzetarako zenbait logogramekin batera, jainkoa edo erregea kasu. Ugaritera alfabeto ugaritarraz idazten zen, estilo semitikozko alfabeto estandar batez (abyad batez), era kuneiformea erabiliz idazten zena.

Aramaikoaren erabilerak hedapen handia izan zuen asiriar inperioan: pixkanaka-pixkana, kuneiformea ordezkatu zuen. Ezagutzen den azken inskripzio kuneiformea K.a. 75ekoa da.

Deszifratzea

Idazkera kuneiformearen ezagutza galduta zegoen 1835ean, armada britainiarreko ofizial Henry Rawlinsonek Behistungo inskripzioan aurkitu zuen arte, Behistungo amildegi batean, Persian, gaur egungo Iranen. Dario I.aren erregealdian (K.a. 522-K.a. 486) zizelkatuta zeuden, inperioko hiru hizkuntza ofizialetan: elamiteraz, antzinako persieraz eta babilonieraz idatzitako hainbat testutan. Hiru testuetan gauza bera esaten zenez, Rosetta harriak Egiptoko hieroglifoak ulertzeko giltza izan zen modu berean, Behistungo inskripzioak idazkera kuneiformea argitzea ahalbidetu zuen.

Rawlinsonek antzinako persiera alfabeto silabiko bat zela zuzen ebatzi zuen, eta baita zuzen deszifratu ere. Bere kabuz lan eginez, Edward Hincks asiriologo irlandarrak ere lagundu zuen deszifratzen. Persiera itzuli ondoren, Rawlinson eta Hincks besteak itzultzen hasi ziren. Neurri handi batean, Paul Émile Bottak 1842an Ninive aurkitu izanak lagundu zien. Bottak aurkitutako altxorren artean, Asurbanipalen liburutegi handiaren hondarrak zeuden, bertan inskripzio kuneiformeak idatzita zituzten egositako milaka buztinezko taulatxo zituen errege artxibategi bat.

1851 inguruan, Hincks eta Rawlinsonek, jada, 200 zeinu babiloniar irakur zitzaketen. Laster batu zitzaizkien beste bi kriptologo: jatorri alemaneko ikasle gazte bat, Julius Oppert izenekoa, eta William Fox Talbot, orientalista britainiar apetatsua. 1857an, laurek Londresen elkar ezagutu zuten eta euren ikerketen zehaztasuna frogatzeko, esperimentu ospetsuan parte hartu zuten: Asiako Errege Elkarteko idazkari Edwin Norrisek bakoitzari Tiglath-Pileser I.a asiriar enperadorearen erresumako berriki aurkitutako inskripzio baten kopia eman zion. Adituen epaimahai bat deitu zuten, beren itzulpenak aztertu eta horien zehaztasuna ziurtatzeko.

Funtsezko puntu guztietan, lau adituen itzulpen guztiak bat zetozela ikusi zen. Jakina, ezadostasun txiki batzuk ere egon ziren. Talbotek —eskarmentu txikiagoa zuen— zenbait akats egin zituen, eta Opperten itzulpenak zalantzazko zenbait pasarte zituen, ingelesa ez baitzen haren ama hizkuntza; baina Hincks eta Rawlinsonen itzulpenak funtsean berdin-berdinak ziren. Epaimahaiak pozik zegoela adierazi zuen, eta idazkera kuneiforme akadiarraren deszifratua fait accompli izatera pasa zen.

Erabilera

Eskribek zirien bidez zeinu kuneiformeak idazten zituzten, ia beti buztinezko taulatxoetan (metalean, bakan); liburutegi primitibo antzeko toki batzuetan gordetzen ziren, zorrotz antolatuta, ondorengo eskribek ikasi ahal izan zezaten. Liburutegi horiek hiri bakoitzeko eskolarenak ziren edo, batzuetan, bilduma pribatuetakoak. Taulatxoak zutabetan idatzita zeuden (kopuru aldagarrian) eta honako hau adierazten zuten:

  • Saila eta taulatxoaren zenbakia sail horretan, zuzen katalogatzeko
  • Testua
  • Amaiera; aldi berean, hurrengo taulatxoaren lehen lerroa, taulatxoaren jabea, zegokion erregearen erregealdi urtea; batzuetan, erregearen tituluak, eskola zegoen hiria eta eskribaren izena, eta, ez oso arruntki, egilea.

Jakina, idazkera hura ez zen bakarrik taulatxoetan idazten. Adibidez, idazkiak aurki daitezke lehen milurteko Babiloniako adreiluetan.

Transliterazioa

Cyrus cylinder extract
Ziroren Zilindroaren pasarte bat (15-21 lerroak), Ziro Handiaren genealogia eta haren harrapatzea Babilonian adierazten duena.

Idazkera kuneiformeak, transliterazio formatu zehatza du. Idazkera sistemaren balioaniztasuna dela eta, transliterazioa ez da bakarrik galerarik gabekoa: jatorrizko dokumentuak baino informazio gehiago ere du batzuetan. Adibidez, DINGIR zeinuak, hititar testu batean, an hititar silaba irudikatzen du, eta akadiar esaldi baten zati da halaber, il silaba irudikatuz, edo sumerograma bat ere bai, jatorrizko sumerierazko esanahia irudikatuz, hots, jainkoa. Horrela, giro kultuetan (eskriba eskoletan), edo eraturiko hitzen faltagatik, batzuetan, sumeriera hizkuntza erabiltzen zen: hor, hitz bakoitza zeinu baten baliokidea dea, baina zeinu hori bera silaba bat ere bada inoiz, neobabilonieraz adibidez, latindar hizki sistemarako pauso batean.

Unicode

Idazkera kuneiforme sistema Unicoderen etorkizuneko bertsio batean sartzeko onartua izan da.

12000-12373 (883 karaktere). "Kuneiforme sumertar-akadiarra"
12400-12473 (103 karaktere). "Zenbaki kuneiformeak"

Kanpo loturak

Akadiera

Akadiera (lišānum akkadītum) ekialdeko hizkuntza semitikoa da, haraitzina Mesopotamian, bertzeak bertze, asiriarrek eta babiloniarrek erabilia. Haren sorburua Akad hirian zuen.

Mesopotamiara semiten uhinekin heldu zen 2800 K.a. urteetan. Gero, Akadtar Inperioan hizkuntz ofiziala bihurtu zen sumerieraren ordez. Idazkera kuneiformea erabiltzen zuen. Maritik (gaurko Siriako ekialdean) Susara (Iraneko hegoaldean) zabaldu zen. K.a. 2000 urteetan antzinako akadieratik bi hizkera irten dira: babiloniera eta asiriera.

Hammurabi Kodea babilonieraz idatzita dago. Bere garaian babiloniera Ekialde Hurbilan lingua franca zen (adibidez, Egiptoko faraoien eta hititen erregeen artean); baina Persiar Inperioarekin pixkanaka, herriko hizkuntza bezala desagertu zen, eta IIIg. mendetik aurrera idatzitik ez dago.

Grabatutako historia

Grabatutako historia edo idatzizko historia narrazio historikoa da, idatzizko erregistro batean edo beste komunikazio dokumentatu batean oinarrituta. Grabatutako historia iraganeko beste narrazioekin alderatu daiteke, hala nola, tradizio mitologikoak, ahozkoak edo arkeologikoak.

Munduaren historia zabalagoan, grabatutako historia antzinako munduaren kontuekin hasten da K.a. IV. milurtekoaren inguruan, eta idazkeraren asmakizunarekin bat dator. Testu idatzien adibideak, hala ere, antzinako Mesopotamiako K.a. 1750. urtean bezalakoak ziren, hala nola, Hammurabiren Kodea. Kultura edo eskualde geografiko batzuei dagokienez, idatzizko historia nahiko berriki gertatutako denbora laburrean mugatuta dago, idatzizko erregistroen erabilera mugatua delako. Gainera, giza kulturen arabera, ez dira beti ondorengo historialarientzat informazio garrantzitsu guztiak erregistratzen, hala nola, hondamendi naturalen eragina edo gizabanakoen izenak; Horrela, informazio mota zehatzetarako erregistratutako historia mugatua da, mantendutako erregistro moten arabera. Muga horiek direla eta, testuinguru ezberdinetan grabatutako historia denbora tarte desberdinei dagozkie, gai historikoari jarraiki.

Grabatutako historiaren interpretazioa metodo historikoan oinarritzen da askotan, historialariek lehen mailako iturriak eta beste froga batzuk erabiltzen dituzten teknika eta jarraibideen arabera eta iraganeko kontuak idazteko. Grabatutako historia interpretatzeko metodo eraginkorraren, eta gainera aukera ere, historiaren filosofian epistemologia galdera bezala planteatzen da. Metodo historiko ezberdinak aztertzea historiografia da, historiako interpretatzaile ezberdinek ebidentzia historikoen interpretazio desberdinak nola sortzen dituzten aztertuz.

Hititera

Hititera (nešili, euskaraz "Nešako hizkuntza") hititen hizkuntza hila da. Badaude K.a. XVI. eta K.a. XIII. mende arteko idazkun kuneiformeak, baina lehenagotik lekukotzen dela esan dezakegu, K.a. XX. mendetik akadieran hititerazko maileguak eta pertsona-izenak lekukotzen direlako.

Jadanik Brontze Aroaren amaieran, hititera luviterak ordezkatua izan zen eta K.a. XIII. mendean hititen hiriburua zen Hattusasen ez zen hizkuntza nagusia. Inperioaren desagertzearekin batera hizkuntza ere galdu zen. Edonola ere, hititera indoeuropar hizkuntzarik zaharrena da.

Hurriera

Hurriera K.a. 2300 inguruan iparraldeko Mesopotamian sartu eta K.a. 1000 inguruan desagertu ziren hurriten hizkuntza izan zen. Hurriera Mitanni erresumako hizkuntza izateaz gain, litekeena da Sirian zeuden hurriten hirietakoa ere izatea. Adituen arabera, lehenengo hiztunak Armeniako mendietakoak ziren eta K.a. II. milurtekoan hegoaldeko Anatoliatik eta iparraldeko Mesopotamiatik zabaldu ziren.

Medikuntzaren historia

Medikuntzaren historia osasunaren ezagutzak eta sendabideak izan duten bilakaera ikertzen duen historiaren adarra da. Bere jatorritik hasita, gizakia errealitatea bera eta bertan gertatzen diren bizia, heriotza edo gaixotasunaren gertaera transzendentalak azaltzen saiatu izan da. Lehenengo giza kultura eta zibilizazioek itxura batean kontrakoak ziruditen bi zutaberen gainean oinarritu zuten beraien praktika medikoa: alde batetik, izaera pragmatikoa zuen enpirismo primitiboan (naturatik lortutako erremedioei eta belarren erabilerari lotuta gehienbat) eta, beste alde batetik, medikuntza magiko-erlijioso batean, jainkoengana jotzen zuena adierazezina zena ulertzen saiatzeko. K. a. 500. urtean Alkmeon Krotonakoarekin, tekhné (teknikan) oinarritutako etapa bati hasiera eman zitzaion, non uste zen gaixotasuna, eralda edo konpon zitezkeen fenomeno natural batzuen ondorioz sortzen zela. Hau izan zen medikuntza modernoaren jatorria, nahiz eta hurrengo bi milurtekotan, korronte berri asko sortuko diren eta tradizio luzea duten beste kulturetako modeloak ere presente izango diren (txinatarra esate baterako).

XIX. mendean, honela definitu zuten Auguste Bérard eta Adolphe Marie Gubler medikuek ordura arteko medikuntza: «Gutxitan sendatu, sarritan arindu, beti kontsolatu».

XX. mendeko medikuntza, garapen zientifiko eta teknikoak bultzatuta, erantzunak emateko gaitasun handiagoa zuen diziplina bilakatzen joan zen, baina ordura arte esperimentatu izan ziren praktiken fruitu izateari utzi gabe: medikuntza zientifikoaren oinarria (ebidentzian oinarritutakoa), biologizista da nagusiki, baina onartu eta proposatzen ditu faktore biologiko, psikologiko eta soziokulturaletan oinarritutako osasun-gaixotasunaren eredu berriak.

Nuzi

Nuzi, gaur egungo Irakeko Kirkuk hiritik hegomendebaldera zegoen hiri bat zen, Tigris ibaitik gertu.

Sardur I.a

Sardur I.a, Urartuko errege bat izan zen. K.a. 832tik K.a. 825 arte gobernatu zuen.

Lutpiriren semea zen, dirudienez, hau ere, Urartuko erregea, baina berari buruz ezer ezagutzen ez dena. Egin zuen gauzarik ezagunena, hiriburua, Arzashkunetik Tushpara eraman izana da. Hiriburu berriaren harresietan, idazkun bat grabarazi zuen, non, bere burua, "osotasunaren erregea" eta "Nairiko Herrialdeko erregea" bezala deskribatzen duen, bere ondoko herrialde handia zen Asiriaren eredua jarraituz. Idazkun hau, idazkera kuneiforme akkadikoana idatzia, Urartuko lehen testu idatzia da.

Sumeriera

Sumeriera (sumerieraz: 𒅴𒂠, EME.ĜIR15, "bertako hizkuntza") antzinako Sumerko hizkuntza izan zen, historiako hizkuntza idatzietan antzinakoena. Hizkuntza galdua izan zen, XIX. mendean asiriologoek idazkera kuneiformea deszifratu zuten arte.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.