Giza eskubideak

Giza eskubideak pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmenak dira. Ukaezinezkoak dira eta edozein antolamendu juridiko, demokratiko eta pluralistak babestu, zaindu eta betearazi egin behar ditu.[1]. Norberaren estatus, sexu, joera sexuala, etnia edo herritartasuna edozeina izanda ere, ukaezinak dira eta ezin da hauen kontrako legeak ezarri.

Giza eskubideen aldeko mugimenduak 1970eko hamarkadan gailendu ziren, bai ekialdeko Europako estatu sozialistetan, bai mendebaldeko Europan, bai Estatu Batuetan eta baita Latinoamerikan ere. Mugimendua aktibismo sozialetik eta politika erretorikotik zenbait herrialdeen egoera munduko berrietan kokatzera pasa zen[2] eta, XXI. mendean, mugimendua zabaldu zen, jatorrian bakarrik totalitarismoaren aurka egotetik baita humanitarismo eta Hirugarren Munduko herrialdeen garapen soziala bultzatzera ere[3]

Mugimendua sortu zuten jatorrizko ideiak Bigarren Mundu Gerraren ondorioz agertu ziren, 1948an Parisen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ezarri zuenean gorenera iritsiz. Nahiz eta "giza eskubide" esamoldea nahiko modernoa izan, bere oinarriak filosofiaren historian ondo finkatuta daude, Antzinako Grezian eta Erroman aurrekariak izanik. Hala ere, arbasorik zuzenena, zuzenbide naturalaren eskubide naturalak dira, jadanik John Locke, Francis Hutcheson edo Jean-Jacques Burlamaqui bezalako filosofoek edo Estatu Batuetako eta Frantziako Iraultzek garatu zituztenak.

Historia

Grezia klasikoan hirietako biztanleria hiru multzotan banatzen zen: hiritarrak, atzerritarrak edo metekoak eta esklaboak. Greziarrentzat esklabotza gauza naturala zen. Aristoteles filosofo ezagunarentzat, adibidez, gauza jakina zen batzuek, berez, libre izan behar zutela eta beste batzuek, berez ere, esklabo.

Data garrantzitsuak:

  • 1537 urtea: giza eskubideen lehen aipamena
  • 1776ko Virginiako Eskubideen Adierazpena giza eskubideen lehen aitortza
  • 1789an Frantziako Iraultzak Gizakien eta Herritarren Eskubideen Adierazpena plazaratu zuen:
  • Feudalismoaren eta Antzinako Erregimenaren abolizioa, Erregearen subiranotasunaren ordez, nazioaren subiranotasuna
  • Jaiotzazko pribilegioen lekuan gizaki guztien askatasun eta berdintasuna
  • Beste eskubide garrantzitsuak: askatasuna, segurtasuna, jabetza, adierazpen-askatasuna...

Gaur egun orokorrak diren beste zenbait eskubide, aldiz, ez ziren jasotzen bi adierazpen horietan. Adibidez, ez zen esklabismoa abolitu, ez eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna onartu ere. Hala eta guztiz ere, 1776ko eta 1789ko adierazpenak giza eskubideen aitorpen-bidean mugarri garrantzitsutzat hartzen dira.

XIX. eta XX. mendeetan langileriaren borrokek, emakumeen mugimendu sufragistek, herri-askatasunerako mugimenduek eta abarrek bultzada handia eman zioten giza eskubideen hedapenari. Bigarren Mundu-Gerraren basakeriaren ondoren iritsiko zen giza eskubideen aldeko aldarrikapen nagusia:

1948. urtean Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala adierazi zuen. Bertan eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira.

« Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. »
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. atala[4]

Erreferentziak

  1.   Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa Eskubide .
  2. Moyn, Samuel (2010). The Last Utopia: Human Rights in History. Harvard University Press. ISBN 978-0-674-04872-0
  3. McLemee, Scott (2010-12-8). "The Last Utopia". Inside Higher Ed (Washington DC).
  4.   Nazio Batuen Batzar Nagusia (1948-12-10) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala .

Ikus, gainera

Kanpo loturak

2014ko urtarrilaren 11ko Giza eskubideak, Konponbidea martxa

Giza eskubideak, Konponbidea martxa 2014ko urtarrilaren 11an Bilboko kaleeetan barna burutu zen martxa edo mobilizazioa erraldoia izan zen. La Casillan arratsaldeko 18:00etan hasi eta Bilboko udaletxearen aurrean amaitu zelarik.

Aurreko egunean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Auzitegi Nazionaleko epaileak Tantaz Tanta ekimenak urtarrilaren 11rako antolatua zuen manifestazioa debekatu ostean burutu zen. Martxa hau EAJ, Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Geroa Bai alderdiek, eta ELA eta LAB sindikatuek antolatu zuten.

Alderdi Demokratiko Askea

Alderdi demokratiko askea (Freie Demokratische Partei -FDP alemanez) Alemaniako alderdi liberal bat da. Merkatu librea, giza-eskubideak eta hiritarren askatasuna aldarrikatzen du FDPk. Egun Bundestageko hirugarren alderdi handiena da.

Antropozentrismo

Antropozentrismoa (grezieratik, ἄνθρωπος, ánthrōpos, «gizakia», eta κέντρον, kéntron, «erdigunea») gizakia beste edozeren neurri eta erdigunetzat hartzen duen mundu ikuspegia da. Antropozentrismoan, gizakiaren balioak eta esperientziak erabiltzen dira errealitatearen interpretazioa eta behaketa egiteko.

Jarrera hori oso txertatuta dago giza kultura moderno askotan, eta oso kontzeptu erabilia da ingurumen etikan eta ingurumen filosofian, gizakiak ingurumenarekiko elkarrekintzan dituen arazoen sorburu nagusitzat hartzen baita.

Ararteko

Arartekoa edo herriaren defendatzailea (suedieraz Ombudsman) hiritarren eskubideak bermatzen Estatuko agintaritza da, Estatu horren botere exekutiboak edo legegileak hiritarrengan egin litezken abusuen aurka jarduten duena. Normalean gobernu edo parlamentu batek izendatzen du arartekoa.

Oro har, kide bakarraren ardurapeko organoa izaten da, nahiz eta badituen baliabide eta elementu lagungarriak bere lanerako. Organo horren arduraduna, karguduna, pertsona independentea izaten da, alderdi politiko, sindikatu eta abarrekiko lotura formalik gabea, eta ez du inongo agintaritzaren agindurik jasotzen bere zereginak betetzeko. Herritarrek arartekoarengana jo dezakete beren kexak idatziz aurkezteko eta kexa horren inguruko jarduerak aurrera eramaten ditu arartekoak, doako zerbitzua eskainiz. Oro har, Bigarren Mundu Gerraz gero hasi zen erakunde hau hainbat herrialdetan antolatzen, herritarren eskubideak errespetatzen direla bermatzeko eta administrazioaren jarduera kontrolatzeko asmoz.

Autodeterminazio

Autodeterminazioa, zientzia politikoetan eta nazioarteko zuzenbidean, herriek beren kabuz eta askatasunez beren herria zuzentzeko zein gobernu era nahi duten eta zein estatu eredu nahi duten aukeratzeko, eta azken batean zein estatu mota nahi duten aukeratzeko duten eskubidea da.

Autodeterminazioak lotura estua du, ikuspegi horren arabera, abertzaletasunarekin eta nazio estatuaren sorrerarekin eta burujabetasunerako eskubidea da, hain zuzen ere, autodeterminazioaren inguruan eztabaida gehien eragiten duen gaia; dena dela, azpimarratzekoak dira beste zenbait ikuspegi, esaterako marxismoaren irizpidea, zeinetan autodeterminazioa aldarrikatzen baita langileriak bere buruaren gidari izateko duen eskubide gisa, Frantziako Iraultzan bezala, herritarrak monarkiaren kontrako altxamenduaren ondoren.

Herri bakoitzak du, oro har, bere izaera nazionala, eta sarritan etnikoa, baina ez da beti horrela izaten. Izaera nazionala edukitzeak hizkuntza, historia, kultura eta erlijio komunak edukitzea esan nahi du. Baina estatu nazionala sortzeko ezagutu egin behar da herria bizi den lurraldea eta lurralde hori administratuko duen gobernu baten sorrera. Autodeterminazioak, estatu berri baten sorrera bultzatzen duenez, aurretik existitzen zen beste estatu baten zatiketa adierazten du, eta horregatik sortu ohi dira arazoak nazioek beren autodeterminazio eskubidea erabiltzeko orduan. Hain zuzen ere, Lehen Mundu Gerraren eragileetako bat Balkanetako herrien burujabetasun nahia izan zen. Gerraren ondoren, Versaillesko hitzarmenean autodeterminazio eskubidea onartu zen. Joera hori are gehiago indartu zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen Erakundearen sorrerako gutunarekin. Autodeterminazioa eskatzeko zilegitasuna zein entitatek zuen zehazterakoan, gutun horretan adierazi zen herri kolonizatuek zutela horretarako eskubidea eta dagokion estatuaren erantzukizuna zela herri horien burujabetasuna onartzea. Horrela, 1960an erreferendum edo hauteskunde bidez burujabetasunari buruz erabakitzeko eskubidea onartu zitzaien herri kolonizatuei eta harrezkero lortu zuen Afrikako eta Asiako herri kolonizatu askok burujabetasuna.

Autodeterminazio prozesu aipagarriak izan dira orobat Sobietar Batasun ohiko herrietan eta Jugoslavia osatu zuten estatuetan, eta gorabeherak gertatu dira beste hainbat kasutan, adibidez Sahararen kasuan, zeinetan 1998an ospatu behar baitzen Marokoren mendeko izan ordez burujabe izan nahi zuen erabakitzeko erreferenduma, artean ezin ospatu izan dena.

Nazioarteko legeak autodeterminazio printzipioa onartzen badu ere, printzipio honek, berez, ez du zehazten zein giza-talde den nazio bat, edota zein giza-taldeek burujabetza lortzeko eskubidea duten.

Disidentzia

Disidentzia erregimen politiko nahiz ideologia jakin baten aurka dauden pertsona, talde eta erakundeak izendatzeko erabiltzen den terminoa da. Disidentzian aritzen diren pertsonak disidenteak dira. Errejimen totalitarioetan, gobernuek gogor jo ohi dute disidentziaren aurka, horien giza-eskubideak zapalduz.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia giza eskubideei nahiz gizarte gaiei buruzko filmen Donostiako (Gipuzkoa) zinemaldia da, 2003. urtean sortua.

Zinemaldiaren antolatzaile dira Donostiako Udala, Aieteko Giza Eskubideen Etxea, Donostiakultura.com eta hainbat Gobernuz kanpoko erakunde.

Erbeste

Erbestea edo deserria norberarena ez den herritik eta herrialdetik kanpo bizi denaren bizilekua eta egoera da, bere herritik behartuta eta kartzelarekin edo heriotzarekin mehatxupean atera eta hara itzuli ezinik dagoenean. Erbesteratzea zigor edo isolamendu neurri moduan aplika daiteke. Ohikoa da desberdintzea "barne erbestea", bizilekuaren lurralde barruan, eta "kanpo erbestea", lurraldetik at deportazioa gertatzen denean.

Normalean pertsona baten egoera indibidualki deskribatzeko erabiltzen bada ere, kontzeptua kolektiboki taldeentzat ere erabiltzen da, bereziki talde etniko edo nazionalentzat, edo gobernu edo erakunde oso batentzat. "Erbesteko gobernua" lekuz aldarazten dutena da, eta haren zilegitasuna herrialdetik kanpotik aldarrikatzen du. Diaspora eta iheslari hitzak, hain zuzen ere, talde mailako erbestea izendatzeko baliatzen dira, hala borondatez nola indarrez jazotzen direnean.

Protesta moduan pertsona batek bere burua herritik edo etxetik ateraraz dezake, jazarpen judizial bat saihesteko adibidez, lotsak edo damuak bultzatuta bestela, edo bere burua isolatzea denbora emateko zeregin zehatz baterako.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 9. artikuluak defendatzen du "inork ez zuela jasan beharko atxilo edo erbeste arbitrario edo bidegaberik".

Genevako Konbentzioak

Genevako Konbentzioak lau hitzarmen eta lehenagiriei deritze.

Lehena, Geneva hirian 1864an izan zen. Bertan batzartu eta hitzarmen batzuk egin zituzten garaiko munduko potentzia handiek. Hasiera batean hamabi herrialde hamar artikulu adostu zituzten. Besteak beste zauritutakoei laguntza bermatzea hitzartu zuten.

1929an gerrako presoak ondo tratatzeko eta militarren graduazioa errespetatzeko konpromisoa hartu zuten.

1949an, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta geroko hitzarmenari "Genevako Konbentzioa" era singularrean deritzo. Hitzarmenak honetan, gerra denboran zibilak errespetatzea erabaki zen. Hasierako Konbentzioaren bultzatzailerik handiena Henri Dunant (1828-1910) izen zen, 1863an Gurutze Gorria sortu zuen berbera.

Hagako Konbentzioarekin batera, gudetan erabiltzen diren eta nahiko era orokortuan herrialde gehienek onartzen dituzten hitzarmenak dira.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal honek eta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak, denborarekin onartu diren protokoloekin batera, Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna osatzen dute. Aldarrikapen Unibertsala, oro har, orientazio-dokumentu bat da; itunak, ordea, nazioarteko tratatuak dira, eta estatu sinatzaileek betetzera behartzen dituzte euren buruak.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau 30 ataletan banatuta idatzi zuten. Esan izan da dokumentu hau dela munduko itzulpen-bertsio gehien duena, 520 hizkuntzatara itzuli baita. Gehien itzuli den dokumentuaren errekorra dauka testu honek.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia

Giza Eskubideen Europako Auzitegia (frantsesez Cour européenne des droits de l’homme), Estrasburgoko Auzitegia ere deitua, giza eskubideak babesteko erakunde bat da, Europako Kontseiluak 1959an sortua. 1998ko azaroaren 1etik, Estrasburgon (Frantzia) du egoitza, Richard Rogers arkitektoak diseinatutako eraikin batean.

Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bidez ezarria da Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Hitzarmenak Europar Batasunak baino kide gehiago ditu, eta Batasuneko kide guztiek izenpetu dute. Auzitegia herrialde izenpetzaile bakoitzeko epaile banaz osatuta dago. Hitzarmenak oinarrizko eskubideak babesten ditu, hala nola adierazpen eskubidea, bilera eskubidea, pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasunak, etxearen eta familiaren bortxaezintasuna, eta zuzentasunez epaitua izateko eskubidea. Eskubide bakoitza termino orokorretan adierazita dago, eta salbuespen batzuk ditu: adibidez, gobernuek adierazpen eskubidea murriztea onartzen da, gizabanakoen entzutea edo ohiturak babesteko.

Giza Eskubideen Europako Hitzarmena

Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Europako Hitzarmena Europan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko nazioarteko hitzarmen bat da. 1950eko azaroaren 4an onartu zuen orduan sortu berria zen Europako Kontseiluak, eta 1953ko irailaren 3an sartu zen indarrean. Norbanakoen eskubideak judizialki kontrolatzea ahalbideratzen du.

Aipagai du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusian aldarrikatua. Giza eskubideen gaineko kontrol eraginkorra lortzeko asmoz, hitzarmenak Giza Eskubideen Europako Auzitegia sortu zuen.

Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena

Gizonaren (/Gizakiaren?) eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena Frantziako Iraultzako agiri nagusietako bat da. 1789ko abuztuaren 26an onartu zen eta zenbait eskubide indibidual eta kolektibo definitzen zituen.

Habeas corpus

Habeas corpus "gorputza izan dezazun" edo "zure gorputzaren jabe izan zaitez" esan nahi duen latinezko esapidea (osorik, habeas corpus ad subjiciendum et recipiendum) eta 1679an Ingalaterrako Parlamentuak aldarrikatu zuen lege bati izena ematen diona. Gizabanakoen askatasunaren bermetzat ezarri zen lege horren arabera, atxilotua ahalik eta lasterren epailearen aurrean jartzera behartzen dira agintariak; gaur egun, eskubide hori gizakiaren oinarrizko eskubidetzat jotzen da.

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (Bartzelonako Deklarazioa bezala ezaguna) 66 GKEk eta 41 PEN zentrok hizkuntza eskubideak eta bereziki hizkuntza gutxituak sustatzeko sinatutako adierazpena da. Dokumentua Nazioarteko PEN zentroek eta CIEMENek sustatuta Bartzelonan 1996aren ekainaren 6tik 9ra egindako Munduko Hizkuntza Eskubideen Konferentziaren amaieran onartu zen. UNESCOren Zuzendari Orokorrari aurkeztu zitzaion, baina ez zuen UNESCOren onarpen formala jaso.

Kristau demokrazia

Kristau demokrazia XIX. mende bukaeran sortutako korronte politikoa da. Leon XIII.a aita santuak gizarte arazoari zein sozialismo edo komunismoaren indartzeari erantzuteko argitaratutako Rerum Novarum entziklikako irakatsiak hartzen ditu oinarri.

Gehienetan zaila izaten da kristau demokraziaren ideologia zehatz definitzea. Orokorrean esan daiteke moral, tradizio, gizarte ordena eta kulturan kontserbadoreak direla, baina gizartearen inguruan duten ikuspuntuak ezkerrera hurbiltzen ditu, bereziki pobreziaren aurka eta ongizate estatuaren alde lan egiten dute eta. Azkenik, giza eskubideak eta ekimen indibiduala defendatzen dituztenez, joera liberalak ere hartzen dituzte.

Kristau demokrazia Europan, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikan da fenomeno esanguratsua. Europako alderdi kristau demokratak joera kontserbadoreagokoak izan ohi dira bere kide amerikarren aldean, bereziki gai ekonomikoetan.

Kultu askatasun

Kultu askatasuna edota erlijio askatasuna, norbanakoak bere erlijioa askatasunez hautatzeko oinarrizko eskubidean datza, bai eta inongo erlijiorik ez hautatu (erlijio eza), Jainko baten izatea zalantzan ipini (agnostizismoa) ala bere izatean ez sinistea (ateismoa), eta sinismen hori jendaurrean ezagutzera emateko eskubidean, betiere horregatik diskriminazioa jasan edo sinismena indarrez aldatu gabe.

Nazio Batuen Erakundea

Nazio Batuen Erakundea (NBE) 1945eko Urriaren 24an sortu zen, Nazioen Liga izeneko aurreko erakundea ordezkatzeko. Gaur egun, nazioarteko erakunde handiena da. Bere helburu garrantzitsuenak hauek dira: nazioarteko zuzenbidea, ordenua, garapen ekonomiko eta soziala eta giza eskubideak bermatzea.

PEN

PEN ("Poets, Essayists and Novelists") edo International PEN literatura arloko nazioarteko erakundea da, idazleen arteko elkartasuna eta laguntasuna sustatzeko helburuarekin 1921ean Londonen (Ingalaterra) sortua. Arlo horretako erakunderik zaharrena da munduan, bai eta giza eskubideen aldeko betaranoena ere.

Gaur egun bestelako idazleak ere kontuan hartzen dute, kazetariak, itzultzaileak eta historialariak nagusiki, eta beste helburu batzuen artean adierazpen askatasuna bultzatzea eta jazarritako, kartzelaratutako, torturatutako edo eraildako idazleen aldeko lana egitea dituzte.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.