Frantses

Frantsesa[1] (français, la langue française) erromantze hizkuntza da, hizkuntza indoeuropar bat. Erromatar Inperioan hitz egiten zen latin arruntetik eratorri zen, beste hizkuntza erromantzeak bezala. Hizkuntza galo-erromantzeetatik eratorri zen, Galian hitz egiten zen latinaren forma, zehazkiago Iparraldeko Galian. Bere ahaiderik gertukoenak Frantziako iparraldean eta Belgikako hegoaldean tradizionalki hitz egin diren beste Oïl hizkuntzak dira, frantsesak ia guztiz gainditu dituenak. Frantsesak Galia Belgikako hizkuntza zelten eragina izan du, eta beranduago frankiar hizkuntzarena, frankoen inbasioaren ondorioz. Gaur egun, Frantziak iraganean izandako itsasoz-haraindiko hedapena dela eta, frantziar kreolerak ugari dira, Haitiko kreolera nabarmen. Frantsesa hitz egiten duen pertsona edo nazio bati frankofono (frantsesez: Francophone) deritzo.

Frantsesa hizkuntza ofiziala da munduko 29 herrialdetan, kontinente guztietan[2]. Horietako gehienak Organisation Internationale de la Francophonie (OIF) erakundeko kide dira, frantsesa erabili edo irakasten duten 84 herrialdeen elkartea. Lehen hizkuntza gisa erabiltzen da Frantzian (baita Ipar Euskal Herrian ere), Kanadako Quebecen zein Ontario eta New Brunswicken, Belgikan (bereziki Valonia eta Bruselan), Suitzako mendebaldean (Berna, Friburgo, Geneva, Jura, Neuchâtel, Vaud, Valais kantonamenduetan), Monako, Ameriketako Estatu Batuetako eskualde batzuetan (Louisiana, Maine, New Hampshire eta Vermont), Luxenburgoko eskualde batzuetan, Italiako iparraldean (Aostako Harana) eta munduan zehar dauden hainbat komunitatetan[3]. 2015ean L2 zein hiztun partzialen %40 Europan bizi zen, %35 Saharaz hegoaldeko Afrikan, %15 Afrikan eta Ekialde Hurbilean, %8 Amerikan eta %1 Asia eta Ozeanian[4]. Frantsesa Europar Batasunean hitz egiten den laugarren hizkuntza nagusia da[5], eta Europan beste lehen hizkuntza bat duten baina bigarren hizkuntza bat hitz egiteko gai direnen %20 inguruk frantsesa du bigarren hizkuntzatzat[6]. Frantsesa da EBn gehien irakasten den bigarren hizkuntza[7]. Frantsesa da ere munduan natiboki gehien hitz egiten den 18. hizkuntza, hiztun kopuru osoaren arabera 6.a eta munduan zehar gehien ikasten den bigarrena, 120 milioi ikaslerekin[8].

Frantziar eta belgikar kolonialismoaren ondorioz XVI. mendetik aurrera, frantsesa asko hedatu zen Amerikan, Afrikan eta Asian zehar. Bigarren hizkuntza frantsesa dutenen gehiengoa Afrika Frankofonoan bizi dira, bereziki Gabon, Aljeria, Maroko, Tunisia, Maurizio, Senegal eta Boli Kostan[9].

Frantsesak 76 milioi hiztun natibo dituela kalkulatzen da, beste 235 milioi pertsonek ondo hitz egiten dute egunero[10][11] eta beste 77 eta 110 milioi artean bigarren hizkuntza gisa dute eta maila ezberdinetan hitz egiteko gai dira, bereziki Afrikan[12]. OIFren arabera mundu osoan zehar 300 milioi inguru dira "hizkuntza hitz egiteko gai direnak", azaldu gabe zer nolako irizpidea erabiltzen duten neurketa egiteko[13]. Université Lavalek eta Réseau Démographie de l'Agence universitaire de la francophoniek egindako ikerketaren arabera 2025ean 500 milioi hiztun izango ditu eta 2050ean 650 milioi[14]. OIFren kalkuluak dio 2050erako 700 milioi hiztun inguru izango dituela, gehienak Afrikan[4].

Frantsesak nazioarteko eta literatura hizkuntza gisa historia luzea du, eta askotan erabilia izan da zientziaren hizkuntza nagusi gisa. Nazio Batuen Erakundeak, Europar Batasunak, NATOk, Munduko Merkataritza Erakundeak, Nazioarteko Komite Olinpikoak eta Gurutze Gorriarentzat lehen edo bigarren hizkuntza da. Bloomberg Businessweek aldizkariaren arabera frantsesa da negozioetarako hirugarren hizkuntzarik garrantzitsuena, ingelesa eta txineraren ondoren[15]. Académie française izeneko erakunde beteranoa, 1635ean sortua, hizkuntzaren araugilea da.

Frantsesa
français — langue française
Map-Francophone World
Frankofoniaren Mundua
Urdin iluna: frankofonia; urdina: hizkuntza ofiziala; urdin argia: kulturaren hizkuntza; berdea: gutxienekoa.
Datu orokorrak
Lurralde eremua Belgika, Burkina Faso, Burundi, Kamerun, Kanada, Afrika Erdiko Errepublika, Komoreak, Kongoko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Boli Kosta, Djibuti, Frantzia, Frantziar Guiana, Frantziar Polinesia, Gabon, Guadalupe, Haiti, Luxenburgo, Madagaskar, Mali, Martinika, Maurizio, Mayotte, Monako, Kaledonia Berria, Reunion, Ruanda, Senegal, Seychelleak, Suitza, Togo, Vanuatu. Talde esanguratsuak non Aljeria, Kanbodia, Guernsey, India (Pondicherry), Italia, Jersey, Laos, Libano, Mauritania, Maroko, Tunisia, Ameriketako Estatu Batuak, Vietnam
Hiztunak 500 milioi, horietako 120 milioik ama-hizkuntza.
Rankinga 8 (lehen hizkuntza 15.)
Ofizialtasuna 29 estatutan
Eskualdea Afrika, Europa, Amerika, Ozeano Barea
UNESCO sailkapena 1 ziurra
Araugilea Académie française
Hizkuntza familia
Informazio filologikoa
Genero gramatikalak genero femenino eta genero maskulino
Alfabetoa latindar alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1 fr
ISO 639-2 fre fra
ISO 639-3 fra
Ethnologue fra
Glottolog stan1290
Wikipedia fr

Historia

Erromatarrek Galia konkistatu ondoren hitz egiten zen latinetik, latin arruntetik, sortu zen bertako erromantzea. Gero, frankoak iritsi zirenean, Galiako iparraldeko erromantzea frantses bihurtu zen; Galiako hegoaldean, franko gutxi izanik, erromantzea gutxiago aldatu zen. Horregatik, Frantzian erromantzeak bi multzo nagusitan banatuta daude: oc hizkuntza, batetik,eta oil hizkuntza, bestetik. Erromantzez idatziriko lehenengo testu ezaguna 842koa da, eta latinetik erabat bereizita dago; hizkuntza horrek VIII. mendera bitartean izandako bilakaeraren berririk ez dago. Hainbat gertaera historiko zela medio, Parisko dialektoa (oil hizkuntza taldekoa) nagusitu zen, eta egungo frantsesaren —XVI. mendetik Frantziako estatuko hizkuntza ofizial estandarra denaren— oinarri bilakatu. Era berean, frantses estandarra okzitanierari (edo oc hizkuntza izendapena eman zitzaion hizkera multzoari) tokia jaten joan zitzaion.

Antzinako frantsesak (X-XIII. mendekoak) ezaugarri bereziak zituen, latinarekin alderatuz gero: bi deklinabide kasu, preposizioen erabilera handiagoa, artikuluaren sorrera, eta aditz jokoko zenbait aldaketa. XIV-XVI. mendeetan, latina baztertu eta frantsesa erabat erabili zen literaturan, administrazioan, eta abarretan. Garai hartan, lexikoa aberastu (inguruko hizkuntzetara joz), deklinabidea galdu eta, horren ondorioz, preposizioen erabilera nagusitu zen.

XVII. eta XVIII. mendeak frantses klasikoaren garaia izan ziren, eta literatura hizkuntza sortu eta kodetu zen: beste hizkuntzetatik hartutako lexikoa garbitu (eta, azken batean, lexiko aberastasuna murriztu) eta sintaxia finkatu zen. Frantziako Iraultzaren garaian, nazio eremuko hizkuntz politikaren ondorioz, eskoletan hizkuntza estandar bakarra irakasten zen, dialektoak eta Frantziako gainerako hizkuntzak baztertuta. Horixe izan da ondorengo erregimenen politika.

Egungo frantsesean, alde handia dago hizkuntza idatziaren eta hizkuntza mintzatuaren artean: lehena finkatua da, eta bigarrenak bilakaera handia du. Funtsean, latinaren hiztegia gorde du, baina gramatikaren aldetik latina baino sinpleagoa da eta, fonetikaren aldetik, aldaketa ugari izan du. Beraz, beste hizkuntza erromanikoekin parekatuz gero, ahoskera arras ezberdina du.

Frantziaren kolonialismoa zela bide, mintzaira herri askotan ezarri zen. Deskolonizazioaren ondoren sortutako estatu gehienetan, ordu arte Frantziako kolonia izandako lurralde gehienetako hizkuntza ofizial bilakatu da. Horretaz beste, Belgikako waloniarren artean eta Suitzako kantoi batzuetan ere erabiltzen da. Guztira, 85 milioi hiztunen lehen hizkuntza da, eta beste 200 bat milioiren bigarren hizkuntza.

Kolonizazioaren eraginez, Afrikan eta Amerikan (Haiti, Martinika eta abar) kreolerak sortu dira.

Literatura

Frantsesezko idazle famatuak historian zehar hainbat izan dira: besteak beste, Alexandre Dumas, Jules Verne, Victor Hugo, Albert Camus, Jean-Paul Sartre, Simone Beauvoir eta Marguerite Duras. Dozena bat idazle baino gehiagok eskuratu dute Literaturako Nobel Saria, hizkuntza horretaz idatziz. Bestela, Goncourt Saria frantsesezko idazleen artean banatzen da urtero eta Frantziako garrantzitsuena da.

Antzinako frantseseko lehenengo idatzia Estrasburgoko Zinagitearen erromantzezko bertsioa da (842). XII. mendean historia kronikak idatzi ziren batez ere; egitandien kantak, horietako zaharrena Chanson de Roland (1100), Ingalaterrako eskuizkribu batetik kopiatua. XIII. mendean frantses literatura lan garrantzitsuenak, normandiarren konkistaren ondorioz, Ingalaterran egin ziren, baina XIV. menderako Frantzian idatzi ziren berriro.

Ahozko literatura bidezko epikak Erdi Aro osoan aurrera egin zuen (Roman de la rose). Antzerki zaharrenak liturgikoak izan ziren, eta lan horiez gainera, fabulak ere ugari idatzi ziren mende berean. XVI. mendea aberatsenetakoa izan zen literatura emaitzetan: Errenazimentu garaikoak dira F. Rabelais, P. de Ronsard eta M. de Montaigne. Antzerkian eta poesian Italiatik etorri ziren aldaketak eta berrikuntzak, eta prosan teologia, politika eta zientzia gaiak erabili ziren. F. de Malherbe, XVII. mendeko poeta eta teoriagile garrantzizkoa izan zen, eta hizkuntzaren dotoretasunaz arduratu zen. R. Descartes eta B. Pascal hitz lauzko saioengatik eta filosofia lanengatik dira ezagunak. Antzerkian, P. Corneille eta J. Racine Frantziako tragedia klasikoaren idazle nagusiak dira, eta Molièrek arrakasta handiko komediak idatzi zituen.

Marie de La Fayettek lehenengo eleberria idatzi zuen, La Princesse de Clèves (1672). XVIII. mendean klasikotasuna alde batera utzi zuten aldaketa handiak izan ziren: Voltaireren tragediak, P. Beaumarchaisen komediak, eta poesia eta eleberri ugari, baina garai hartako literaturaren ezaugarri nabarmenena pentsamendu errazionalaren eragina izan zen (Voltaireren Filosofia eskutitzak, eta Dideroten entziklopedia lanak).

Frantziako Iraultzak hala ere ez zituen literatura lanetarako aukera onak eskaini, eta idazleek ezkutuan idatzi zuten zenbaitetan (F.R. de Chateaubriand). Monarkia berriz indarrean jarri zenean askatasun handiagoa izan zuten idazleek; frantses erromantizismoaren garaia izan zen: poesian aipatzekoak dira A. de Lamartine, A. de Vigny, Victor Hugo, eta A. de Musset. Eleberriak ere gora egin zuen (Balzac, La Comédie humaine; Stendhalen eleberriak).

Erromantizismoaren ondoren parnasianismoaren garaia iritsi zen, eta teknika zehatzagoak erabiltzen hasi ziren (T. de Gautier, poesian). XIX. mendean errealismoa nagusitu zen, eta Emile Zolak naturalismoa sortu zuen (Guy de Maupassanten kontakizun laburrak ere eskola horretakoak ziren). Poesian, Baudelairek sinbolismoari bidea zabaldu zion (S. Mallarmé ere talde bereko poeta zen), eta A. Rimbaud poesia modernoaren aitzindaria izan zen. XX. mendeko eleberri garrantzitsuenak M. Prousten A la recherche du temps perdu (1914-1927), eta A. Gideren Les faux-Monnayeurs izan dira, besteren artean. Baina eleberriaren garai emankorrena 1940. urteaz geroztikoa da: S. de Beauvoir, A. Camus, eta J.P. Sartre. Antzerki lanetan: S. Becketten berrikuntzak, J. Geneten antzerki antisoziala eta antinaturalista, eta E. Ionescoren antzerki “garbia” dira nabarmentzekoak.

Musika

Hizkuntza horretaz abestu duten artista ezagunen artean, Édith Piaf, Jacques Brel, Charles Aznavour, Georges Brassens, Georges Moustaki, Manu Chao eta Youssou N'Dour ditugu, besteak beste.

Zinema

Lumière anaiak izan ziren zinemaren sortzaileak, eta ordutik frantsesezko zinemak ohorezko lekua du, bai Europan, bai mundu osoan ere. Artista guztiz arrakastatsuak Brigitte Bardot, Alain Delon, Yves Montand, Catherine Deneuve, Gérard Depardieu, Juliette Binoche, Jean Reno eta Audrey Tautou ditugu, esate baterako.

Zinema zuzendarien artean, Jean Vigo, Jean Renoir, Jean-Luc Godard, François Truffaut, Éric Rohmer, Luc Besson eta Krzysztof Kieslowski azpimarratzekoak dira.

Frankofonia

Munduan frantsesez hitz egiten duen komunitatea da, 150 bat milioi pertsonak osatua; seigarren hizkuntza komunitaterik handiena da gaur egun. Kide gehienak Afrikako herrialdeetakoak dira, frantses eta belgikar kolonialismoen ondorioz.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. «Countries and Languages - Megalanguages around the World - Nations Online Project» www.nationsonline.org . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  3. Government of Canada, Statistics Canada (2017-08-02) «Census in Brief: English, French and official language minorities in Canada» www12.statcan.gc.ca . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  4. a b (Ingelesez)étrangères, Ministère de l'Europe et des Affaires «The status of French in the world» France Diplomatie :: Ministry for Europe and Foreign Affairs . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  5. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-01-06 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  6. «Why learn French?» web.archive.org 2008-06-19 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  7. «Le français est la deuxième langue la plus étudiée dans l'Union européenne» FIGARO 2017-02-25 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  8. (Ingelesez)Babbel.com; GmbH, Lesson Nine «How Many People Speak French, And Where Is It Spoken?» The Babbel Magazine . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  9. Francophonie., Organisation internationale de la (2007) La francophonie dans le monde. 2006-2007 Nathan ISBN 9782098821774 PMC 144615162 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  10. (Ingelesez)«French» Ethnologue . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  11. «Francophonie («Qu'est-ce que la Francophonie?»)» www.axl.cefan.ulaval.ca . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  12. «Most Widely Spoken Languages» web.archive.org 2011-09-27 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  13. (Ingelesez)«French language is on the up, report reveals» www.thelocal.fr 2014-11-06 . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  14. (Frantsesez)«Agora: La francophonie de demain» Le Devoir . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.
  15. «Bloomberg - Are you a robot?» www.bloomberg.com . Noiz kontsultatua: 2019-02-26.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

1766

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1774

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1797

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1817

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1823

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1824

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

1845

Daturen bat gaineratzen baduzu, egunaren lotura segi dezakezu han ere sartzeko. Eskerrik asko!

Djibuti

Djibuti (arabieraz: جيبوتي‎, Jībūtī, afarreraz: Gabuutih, somalieraz: Jabuuti, frantsesez: Djibouti) ofizialki Djibutiko Errepublika, Ekialdeko Afrikako estatua da, Afrikako Adarrean kokatua, Itsaso Gorriaren ertzean. Mugakide ditu Eritrea iparraldean, Etiopia mendebaldean eta Somalia hego-ekialdean. Itsaso Gorria zeharkatuz, 20 kilometro dago Yemen, Arabiar penintsulan. 23.200 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 846.687 biztanle zituen. Hiriburua Djibuti da.

1977 arte, frantziar kolonia izan zen. Herrialde musulmana denez, nazioarteko erakunde islamikoetan parte hartzen du. Arabiar Ligako, Afrikar Batasuneko eta IGADeko (Intergovernmental Authority on Development) kidea da. Azken honen egoitza Djibutin dago.

Frantses Akademia

Frantses Akademia (frantsesez Académie française) frantsesa arautzen diharduen erakundea da.

1635ean Richelieu kardinalak sortua, Frantziako erakunderik zaharrenetariko bat da. Beste lau akademiekin batera Institut de France sortu zuen.

Akademiak bi helburu zehatzak ditu:

Frantses hizkuntza babestea.

Mezenasgoa.Akademiak hiztegi bat argitaratzen du, Dictionnaire de l'Académie française izenekoa (euskaraz: Frantses Akademiaren hiztegia) eta eleberri saria banatzen du.

Akademiaren goiburua «À l’immortalité» (euskaraz: hilezkortasunaren alde) da.

2008ko ekainean Frantziako Parlamentuak euskara, bretainiera, katalana eta korsikera babestea aztertzen ari zela, eztabaidan parte hartu zuen, hizkuntz gutxituenen kalterako.

Frantzia

Frantzia (frantsesez: France, fʁɑ̃s ahozkatua), ofizialki Frantziako Errepublika (frantsesez: République française, ʁepyblik fʁɑ̃sɛz ahoskatua) Mendebaldeko Europan kokatutako estatu burujabea da, itsasoz haraindi beste uharte eta lurralde batzuk dituena. 675.417 kilometro koadroko eremua du, eta 2013an 65.951.611 biztanle zituen. Metropolitar Frantzia Mediterraneo itsasotik Mantxako kanala eta Ipar itsasora, eta Rhin ibaitik Ozeano Atlantikora hedatzen da. Mugakide hauek ditu: mendebaldean Ozeano Atlantikoa, iparraldean Mantxako kanala, ekialdean Belgika, Luxenburgo, Alemania, Suitza eta Italia, eta hegoaldean Espainia, Andorra, Monako eta Mediterraneo itsasoa. Europar Batasuneko kidea da. Hiriburua Paris da.

Frantziako Iraultza

Frantziako Iraultza (frantsesez: Révolution française) 1789tik 1799ra bitartean Frantzian aldaketa azkar eta sakonak ekarri zituen prozesu sozial eta politikoa izan zen. 1789tik aurrera Frantzian eta bere kolonietan izandako asaldura sozial eta politiko sakona izan zen. Iraultzak monarkia garaitu zuen, errepublika bat ezarri zuen, asaldura politikoko aldi bortitzak katalizatu zituen eta, azkenik, Napoleonen agindupeko diktadura batekin zen, bere printzipioetako asko Mendebaldeko Europan eta harantzago konkistatu zituen eremuetara eraman zituena.

Frantziako Iraultzaren arrazoiak konplexuak dira, eta oraindik ere historialarien artean eztabaidatzen dira. Lehen aipatu dugun bezala, Zazpi Urteko Gerraren eta Amerikako Gerra Iraultzailearen ondoren, Frantziako gobernua erabat zorpetuta zegoen. Bere finantza egoera berrezartzen saiatzen da erregimen fiskal inpopularren bidez, oso erregresiboak direnak. Iraultzaren aurretik, uzta txarren urteak okertu egin ziren ale-industriaren desarauketa zela eta (Pacte de Famine izeneko konspirazioa), eta ingurumen-arazoek herri-erresumina areagotu zuten, ezarritako elizako aristokrazia eta klero katolikoaren pribilegioengatik. Historialari batzuek Thomas Jeffersonek aldarrikatu zuenaren antzeko zerbaiti eusten diote: Frantzia "gure Iraultzak [amerikarrak] esnatu zuela". Aldaketa-eskariak Ilustrazioaren idealen arabera formulatu ziren eta 1789ko maiatzean Estatu Orokorren deialdiari lagundu zioten. Iraultzaren lehen urtean, Hirugarren Estatuko kideek (plebeioak) kontrola hartu zuten, Bastillari uztailean eraso zioten, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Deklarazioa abuztuan onartu zen, eta Versaillesera Emakumeen Martxak errege gortea urrian Parisera itzultzera behartu zuen. Lehen etapako gertaera nagusi bat, 1789ko abuztuan, feudalismoaren abolizioa eta Antzinako Erregimenetik geratu ziren antzinako arau eta pribilegioak deuseztea izan zen.

Hurrengo urteetan borroka politikoak izan ziren hainbat batzar liberalen eta monarkiaren eskuineko aldekoen artean, erreforma garrantzitsuak zapuztu nahi zituztenak. 1792ko irailean aldarrikatu zuten Errepublika, Frantziak Valmyn irabazi ondoren. Nazioarteko kondena ekarri zuen gertaera garrantzitsu batean, Luis XVI.a 1793ko urtarrilean exekutatu zuten.

Kanpoko mehatxuek gertutik markatu zuten Iraultzaren ibilbidea. 1792an hasi ziren Gerra Iraultzaileek italiar penintsula, Herbehereak eta Rhin ibaiaren mendebaldeko lurralde gehienak konkistatzea lortu zuten Frantziako garaipenak jaso zituzten, aurreko gobernu frantziarrek mendeetan zehar saihestu zituzten lorpenak. Barnean, herri asaldurak nabarmen erradikalizatu zuen Iraultza, Maximilien Robespierre eta jakobinoen gorakadarekin amaituz. Salbamen Publikorako Batzordeak ezarritako diktadurak, Izu Garaiak, 1793tik 1794ra elikagaien eta beste artikulu batzuen prezioen kontrola ezarri zuen, esklabotza indargabetu zuen atzerriko kolonia frantsesetan, eliza katolikoa ezegonkortu zuen (gizartearen deskritautzea), egutegi errepublikar sekular bat sortu zuen, buruzagi erlijiosoak kanporatu zituen eta errepublika berriaren mugak etsaiengandik ziurtatu zituen.

Erreakzio Termidoriarraren ondoren, Direktorioa bezala ezagutzen den kontseilu exekutibo batek Frantziako estatuaren kontrola hartu zuen 1795ean. Hauteskundeak bertan behera utzi zituzten, zorrak errefusatu zituzten (prozesuan finantza ezegonkortasuna sortuz), klero katolikoa jazarri zuten eta atzerrian konkista militar garrantzitsuak egin zituzten. Ustelkeria karguek jazarria, direktorioa Napoleon Bonapartek 1799an zuzendutako estatu kolpe batean kolapsatu zen. Napoleon, bere herri kanpaina militarren bidez Iraultzaren heroi bihurtu zena, Kontsulatua ezarri zuen, eta, beranduago, Lehen Inperioa, Napoleondar Gerretako gatazka global sorta zabalago baterako eszenatokia prestatuz.

Etorkizuneko mugimendu iraultzaile ia guztiek atzera begiratu zuten, Iraultzara, haren aurrekari gisa. Bere esaldi nagusiak eta sinbolo kulturalak, hala nola Marseillesa eta Liberté, fraternité, égalité, ou la mort, historia modernoko beste nahasmendu handi batzuen erakargarri bihurtu ziren, Errusiako Iraultza barne mende bat beranduago. Iraultzaren balioak eta instituzioak nagusi dira Frantziako politikan gaur arte. Iraultza sistema feudala ezabatzean, gizabanakoaren emantzipazioan, lurraren jabetzaren banaketa handiago batean, jaiotza noblearen pribilegioen abolizioan eta gizonen arteko berdintasunaren ezarpen nominalean gertatu zen. Frantziako Iraultza beste iraultza batzuetatik bereizi zen, ez soilik bere nazio izaeragatik, baizik eta gizateria osoari mesede egin nahi ziolako.

Frantziako Iraultza XVIII. mendeko pasarterik garrantzitsuenetako bat da, batzuen ustez historia unibertsaleko gertakari nagusietako bat. Mundu mailan, Iraultzak errepubliken eta demokrazien gorakada bizkortu zuen. Ideologia politiko modernoenak garatzeko gune fokala bihurtu zen, liberalismoa, erradikalismoa, nazionalismoa eta sekularismoa hedatzera eramanez, beste askoren artean. Erabateko gerraren jaiotzaren lekuko ere izan zen Iraultza, Frantziaren baliabideak eta bere herritarren bizitzak defentsa nazionalaren helbururantz antolatzean. Bere dokumentu zentraletako batzuek, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena kasu, abolizionismoaren eta sufragio unibertsalaren aldeko mugimenduak inspiratzen jarraitu zuten hurrengo mendean.

François Mauriac

François Mauriac (Bordele, Frantzia, 1885eko urriaren 11 - Paris, Frantzia, 1970eko irailaren 1a) frantsesezko idazle bat izan zen, 1952an Literaturako Nobel Saria irabazi zuena. XX. mendeko idazle katoliko onenetarikotzat hartzen da.

Guyana Frantsesa

Guyana (frantsesez Guyane edo Guyane française), sarri Guyana Frantsesa Guyana estatutik bereizteko, Frantziako itsasoz haraindiko departamendua (DOM) eta eskualdea da, Hego Amerika iparraldean kokatua.

Hego Amariketako ipar-ekialdeko itsasertzean, Guyanetako Mendigunearen, Surinamen eta Brasilen artean dago. Mugak Maroni ibaia mendebalean eta Oyapock ibaia ekialdean ditu, Tumuc-Humak mendia hegoaldean. 91.000 km2-ko azalera du. Prefektura Cayenne hirian dago.

Kanada

Kanada (ingelesez eta frantsesez, Canada) Ipar Ameriketako estatu federala da, britainiar Commonwealtheko kidea, luze-zabaleran munduko bigarrena. Iparraldean Ipar itsasoarekin du muga, hegoaldean – Estatu Batuekin, ekialdean – Ozeano Atlantikoarekin, mendebaldean – Ozeano Barearekin, eta ipar-mendebaldean – Alaskarekin. 9.984.670 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 35,1 milioi biztanle zituen. Hiriburua Ottawa da, eta hiri nagusia – Toronto.

Lurralde zabala eta aberastasun handikoa da Kanada. 1867az gero da burujabea, baina baditu Britainia Handiarekiko lotura formal batzuk. Ekonomia eta teknologia Estatu Batuetakoarekin batera garatu da. 10 probintzia eta 3 lurraldetan dago banatua. Arazo politikoak ditu Québec probintziarekin.

Louis de Broglie

Louis-Victor-Pierre-Raymond, de Broglie-ko 7. dukea, Louis de Broglie moduan ezagunagoa (Dieppe, 1892ko abuztuaren 15a - Louveciennes, 1987ko martxoaren 19a), fisikari frantses eta nobel saridun bat izan zen. Frantziako Zientzien Akademian betiereko idazkari ere izan zen, Parisen.

Maine

Maine Ameriketako Estatu Batuetako estatu bat da. Estatu Batuetako ipar-mendebaldean dago. Bere hiriburua Augusta da baina hiri garrantzitsuena Portland.

86.542 km2-ko azalera dauka eta 2000.urtean 1.274.923 biztanle zituen (15.95 biz./km2). %98 inguru arraza zurikoak dira. 1990ean biztanle guztien artean (milioi bat inguru) 336.000 inguru frantses jatorrizkoa zen, eta 80.000 inguruk egiten zuen frantsesez modu ohikoan.

New England izeneko eskualdea osatzen du Masachusets, Connecticut, New Hampshire, Rhode Island eta Vermont estatuekin batera.

Polinesia Frantsesa

Polinesia Frantsesa (frantsesez: Polynésie française; tahitieraz: Porinetia Farani) Frantziaren itsasoz haraindiko kolektibitatea da (987), Ozeano Barean kokatua, Australiatik 6.000 kilometro ekialdera.

1946 eta 2003 artean itsasoaz haraindiko lurralde estatusa zuen, baina 2004az geroztik itsasoaz haraindiko kolektibitate estatusa du.

Quebec

Quebec (frantsesez Québec) Kanadako hamar probintzietako bat da eta Ontario, Brunswick Berria eta Ternua eta Labrador artean kokatuta dago. Hegoaldean, New York, Vermont, New Hampshire eta Maine (AEB) ditu mugakide.

1.542.056 km²-ko azalera dauka, eta 8.425.996 biztanle zituen 2017an (5.5 bizt./km²).

Bertako herritarrak quebectarrak dira, frantsesez Québecois. Hitz hori agian euskaratik datorrela uste dute hizkuntzalari batzuek, "Quebecekoak" berbarekin duen antzarengatik, amerindiarrek europarrei suriquois deitzen zietelako, hots, azal zurikoak.Izena hiriburutik datorkio: Samuel Champlain frantziarrak 1608an sortu zuen algonkinoek Kebek deitzen zuten aldean eta Stadacona herrixka irokesaren ondoan.

Sully Prudhomme

René François Armand (Sully) Prudhomme (Paris, 1839ko martxoaren 16a - Châtenay-Malabry, 1907ko irailaren 6a) frantziar poeta eta saiakeragilea izan zen. Parnasianismoaren jarraitzailea, 1901ean Literaturako Nobel saria eskuratu zuen lehenengoa izan zen.

Europako bandera Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak Europako bandera

Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera

Hizkuntza erromantzeak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.