Fisiologia

Fisiologia (Grezieratik physis = natura eta logos = hitz edo ikasketa), izaki bizidunen ehun eta organoen propietate eta funtzioak aztertzen dituen biologiaren atala da.

Aztertzen duen erreinuaren arabera, animali fisiologia edo landare-fisiologia esaten zaio.

Fisiologia esperimentalaren sortzailea A. Haller izan bazen ere, A. Lavoisier izan zen Fisiologia modernoaren aitzindaria; honek, bizidunek oxigenoa hartzen dutela eta karbono dioxidoa, ur-lurruna eta beroa kanporatzen dutela, eta bizia beraz, "errekuntzaren ondorio" dela frogatu zuen.

XIX. mendean Bernard, Du Bois-Reymond eta beste hainbat fisiologoren eskutik aurrerapauso handiak eman zituen fisiologiak. Fisiologia esperimentaletik organismo osoari dagozkion oinarrizko mekanismo fisiko eta kimikoak aztertzera iragan zen (fisiologia orokorra), organo jakin bati dagozkionak (fisiologia pulmonarra, sentsoriala, etab.), ehun eta zelulei dagozkienak (fisiologia zelularra).

Fisiologia konparatuak, bestalde, organo jakin batek animalia mota desberdinetan dituen funtzioak aztertzen ditu, eta animalia erreinuko indibiduo-multzoaren fisiologia eraentzen duen oinarrizko legea aurkitzea da bere helburua.

XX. mendean ikerketa-lan ugari egin da landare-fisiologiaren esparruan, besteak beste, fotosintesia, nutrizioa, uraren zirkulazioa eta disolbatutako substantziena, arnasketa, hazkundea eta garapena (fitohormonak edo landare-hormonak), ugalketa (loratzea, ernalketa) eta beste hainbat gairen ingurukoak.

Aho

Ahoa digestio-aparatuaren sarreran dagoen organoa da, aurpegian kokatutakoa sudurraren azpian eta kokotsaren gainean gizakiengan.

Barrualdea mihiak, listu guruinek eta hortzek osatzen dute, kanpoaldean ezpainak dauden bitartean.

Odontologia alde batetik eta dermatologia eta kirurgia plastikoa espezialitate medikoak bestetik ahoaren gaixotasunez arduratzen dira.

Arteria

Arteria (grezieraz: ἀρτηρία, artêria) odola bihotzetik gorputzaren gainerako ataletara eramaten duen odol-hodia da. Zirkulazio-aparatuaren zati dira arteriak, eta haien gaixotasun batzuk oso ezagunak dira: arteriosklerosia, enbolia, tronbosia, etab.

Bakuolo

Bakuoloa landare eta onddo zeluletan agertzen den eduki jariakorra duen mintzez inguraturiko organulua da. Zenbait protista, bakterio eta animali zeluletan ere ager daiteke. Bakuoloa ura, konposatu inorganiko, molekula organiko eta zenbait entzima dituen konpartimentu itxia da.

Normalean bakarra izaten da, zelularen erdikaldean kokatuta. Zelula gazteetan ugariak eta txikiak dira, baina azkenean bat egiten dute denek bakuolo handi bat eratuz. Bere egitura eta tamaina zelularen beharren arabera aldakorra da.

Bakuoloen funtzioa eta garrantzia dagoen zelularen araberakoa da. Landare, onddo eta protistetan garrantzitsuagoak dira. Bere funtzioen artean ondokoak daude:

Zelularentzat kaltegarriak diren materialen isolamendua.

Hondakin produktuak izaten ditu barnean.

Zelula barneko turgentzia presioa mantentzen du.

Barneko pH azidoa mantentzen du.

Molekula txikiak izaten ditu barrenean.

Zelularen substantzia desiragaitzen esportazioa.

Liseriketa zelularra.

Diabetes

Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.Diabetesa (izen zientifikoa: diabetes mellitus) gaixotasun edo sindrome metabolikoa da, zehazki azukrearen metabolismoarekin lotuta dagoena. Diabetesa glukosa maila odolean handitzea dakarren gaixotasun kronikoa da. Gaixotasun hau gerta daiteke areak intsulinarik sortzen ez duelako edo organismoak sortutako intsulina egoki erabiltzen ez duelako.

Egun 347 milioi pertsonek pairatzen dute diabetesa, eta urtetik urtera diabetes mellitusa gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da

Elektrolito

Elektrolitoak disolbatzaile egoki batean, esaterako uretan, disolbatzen direnean ionizatzen diren konposatuak dira. Gatz, azido eta base disolbagarri askok sortzen dituzte elektrolitoak.

Ioiak sortzerakoan, elektrolitoek korronte elektriko baten eroapena ahalbidetzen dute disoluzioan.

Emozio

Emozioak norbanakoek barneko zein kanpoko eraginen aurrean sumatzen dituzten fenomeno psikofisiologikoak dira. Emozioak aldarteari, izaerari, nortasunari eta jarrerari eta motibazioari lotuta daude. Emozioa atsegina edo gogoz kontrakoa izaten da, eta fisiologia aldaketak dakartza.

Emozioa sortzen duten kanpoko nahiz berneko eragin horiek bat-batean azaltzen direnak izan daitezke, edo pixkanaka indar hartzen duten sentimentuak. Emozioek fisiologia aldaketak eragiten dituzte (neuronetan aldaketak, odol hodi periferikoen uzkurtzea edo lasaitzea, izerdia, eta abar); aldaketa horiek garuneko funtzioetan ere eragina izaten dute (nork bere buruarekiko kontrola galtzea eragin dezakete) eta jarrera bereziak sorrarazten dituzte (barrea, negarra, dardarak, eta abar).

Giza erditze

Giza erditzea, edo haurgintza, haurdunaldiari amaiera ematen dion prozesua da. Prozesu horrek barne hartzen ditu emakumea erditze-uzkurdurekin hasten denetik haurra umetokitik irteten den arte jazotzen diren aldaketa fisiologiko guztiak. Erditze baginalaren prozesuan hiru fase bereizten dira: ezabatzea eta utero-lepoaren dilatazioa, umearen jaitsiera eta jaiotza, eta, azkenik, plazentaren kanporaketa. Erditzean, oso ohikoa da farmakoak erabiltzea, bai mina murrizteko (medikamentu anestesikoak), bai plazenta kanporatzean atzerapen larriak gerta daitezela ekiditeko (oxitozina). Dena den, erditze seguruena naturaltasunez gauzatzen dena da, alegia, kanpo-eragilerik zein esku-hartzerik behar ez duena. Arrisku handiko haurdunaldietan, berriz, amaren bizia zein haurrarena galzorian egonez gero, zesarea bidez eragiten da jaiotza: umea sabelaldean egiten den ebaki kirurgiko batetik kanporatzen da.

Hantura

Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Hantura, handitsu edo inflamazioa estimulu kaltegarrien aurrean gertatutako ehun konektibo baskularraren erreakzioa da, eragile horien artean mikrobioak, traumatismoak eta narritagarriak egonda, besteak beste. Hantura akutua edo behin-behinekoa izan daiteke edota kronikoa.

Histologikoki ikusten dena ehunen handitzea eta gorritzea da, askotan sukarrarekin batera. Kontuan hartu behar da, hala ere, infekzioa eta hantura sinonimoak ez direla, eta batera ager daitezke ala ez.

Hanturaren eboluzioa onuragarria izango da bere eragilearen deuseztapena eman eta lesioaren zuzenketa gertatzen bada. Azken hau gertatzeko, lesionatutako zelula organikoen ordezkapena beharrezkoa da eta hau zelula horien zatiketa ahalmenaren menpe egongo da.

Hezur

Hezurra edo ehun oseoa (latinetik: os) animalia ornodun askotan dagoen endoeskeletoko ehun konektibo zurruna da. Lokomozio-aparatuaren ehun sendoak dira, gihar eta tendoiekin elkar lotuta daudenak.

Hezurra, hezurretako ehun nagusia da; soineko egitura eusten du; barruko organoak babesten ditu, (giharren laguntzaz) mugimendua ahalbideratzen du; eta parte hartzen du zelulen sorreran, kaltzioaren metabolismoan eta mineralen metaketan. Animalia baten hezurrak, hezur guztien multzoak, eskeletoa osatzen dute. Hezurra, kartilagoa bezala, mesodermotik eratorria da. Kartilagoa bestelako osagaiak ditu baina hizkera herrikoian, zenbaitetan kartilagoz osatutako hezurdura batzuei hezur legez izendatzen ditugu. Adibizez arrain kondriktioak (marrazoak eta) hezurdura kartilagoz osaurik dago, benetako hezurra duten arrainak arrai osteiktioak dira, baita tetrapodo guztiakak ere.

Hezurdurarako eboluzioak zenbait aukera eskaintzen ditu. Aukera hauek guztiak ez dira guztiz hezurraren pareko funtzioan.

Exoeskeletoa osatzen dute maskorrek (silize eta kaltzioaz osatutakoak) eta kitinazko exoeskeletoakBenetako eskeletoa (hau da, mesodermotik eratorritako babes ehuna) azaltzen zaigu ekinodermoetan. Prorifera (arroak) kaltzio edo silizeskoak diren araztzaz eta spongin zuntzez osatutako sarezko endoeskeletoa dute.Hezurra osteologiak aztertzen du. Hezurrak aztertzeko zenbait metodo desberdin erabiltzen dira, mazerazioa adibidez. Mazerazioan hezurra garbitu egiten da ontzi-garbigailuz eta lejia duen uran irakiten. Garbiketa amaitzeko eskubila eta xaboia erabiltzen da.

Lotutako gaixotasunetaz arduratzen da nagusiki Traumatologia.

Hibernazio

Hibernazioa animalia zenbaitek euren gorputzeko tenperatura aldi batean zehar jeitsiarazten duteneko egoera da, jarduera fisiologikoa murriztu eta horrela energia aurreztu elikagaiak eskasagoak diren eta bizi-kondizioak latzagoak diren neguan zehar bizirik irauteko. Hibernaziorako ahalmena duten animaliak marmota, trikuak, muskerrak, sugeak eta igelak dira, besteak beste. Hartza negua hibernazio-egoeran igarotzen duen animalia dela uste ohi bada ere, bere gorputzeko tenperatura ez da nabarmen jeisten eta aise esna daiteke arrisku egoeran dagoela igartzen badu.

Kronobiologia

Kronobiologia izaki bizidunen erritmo biologikoak aztertzen dituen jakintza arloa da, biologiaren eta fisiologiaren baitan. Zehatzago, izaki bizidunen funtzio, jarduera eta portaeren banaketa aztertzen du denboran zehar, erritmoen erregulazioa eta horien nahasmenduak. Besteak beste, loa, jarduera eta elikadura-zikloak ikertzen ditu.

Medikuntzako Nobel Saria

Medikuntzako Nobel Saria 1901etik urtero banatzen du Karolinska Insitutuak Suedian, Medikuntzaren arloan nabarmendutako pertsona(k) sarituz.

Zerrenda honek medikuntzako nobel saria jaso duten pertsonen izena zehazten du urtez urte eta hamarkadaka banatuta.

Nobel Sariak

Nobel Sariak zenbait arlotan ekarpen zientifiko edo kultural nabariengatik Suedian urtero banatzen diren sariak dira, nazioartean eta euren arloetan garrantzitsuenak eta prestigiorik handiena dutenak. Sariak ematearen arduradunak Suediako Akademia, Suediako Zientzietako Errege Akademia, Karolinska Institutua eta Norvegiako Nobel Batzordea dira.

Alfred Nobelek bere azken testamentuan sari horiek antolatzeko agindua utzi zuen. Hasieran, 1901ean, bost arlo ziren: Fisika, Kimika, Fisiologia eta Medikuntza, Literatura eta Bakea; gero, 1968an, Ekonomiakoa sortu zen. Irabazleek urrezko domina, diploma eta dirua jasotzen dute (milioi bat euro inguru).

Sexualitate

Sexualitatea sexu bakoitzaren bereizgarri diren ezaugarri anatomikoen, fisiologikoen eta psikologikoen multzoa da. Gizabanakoaren izaera osatzen duten ataletako bat da, eta pertsonen arteko afektibitatea eta komunikazioa adierazteko modu bat.

Sexu organoen eginkizunari (heldutasun sexualari, beraz) lotu zaio luzaroan sexualitatea, baina Freudek, bere ikerketen ondorioz, bestelako oinarri batzuk ezarri zituen sexualitatea aztertzeko:

Sexu bizitza ez da nerabe aroan hasten, jaiotzetik denbora laburrera baizik.

Sexu senak ez du, nahitaez eta beti, beste sexukoengana jotzen, sen hori sexu berekoenganakoa, norbereganakoa edota animalienganakoa ere izan baitaiteke.

Sexualitatea (sexuari dagokiona, alegia) eta sexu organoei lotutako jarduera ez dira gauza bat eta bera, zabalagoa baita sexualitatearen esparrua sexu organoen jarduerari dagokiona baino.

Bizitza sexuala, berez, atseginari lotua da. Sexualitatearen muinean, hortaz, atseginaren bilaketa dago, eta ez ugaltzea (bigarren hau beste haren ondorio fisiologikoa, eta ez ezinbestekoa baino ez baita).

Sudur

Sudurra arnas aparatuaren sarreran dagoen organoa da, faringearekin lotuta dagoena. Aurpegian kokatuta dago gizakiarengan, bi begien artean eta hauek baino beherago, bai eta ahoaren gainean ere.

Harekin lotutako gaixotasunak arduratzen den espezialitate medikoa Otorrinolaringologia (normalean ORL laburtua) da. Kirurgia plastikoa eta traumatologia ere aritzen dira arlo honetan, kanpoko lesioak daudenean.

Uzki

Uzkia edo ipurtzuloa digestio-aparatuaren amaieran kokatuta dagoen organoa da, ondestea kanpoaldearekin lotzen duena.

Hondakinak kanporatzen ditu.

Zelula horma

Zelula horma zelula inguratzen duen geruza gotorra da. Bakterio, archaea, onddo, landare eta algetan daude. Animalien eta beste protistoen zeluletan zelula mintzak bakarrik inguratzen du, ez dago zelula hormarik.

Osaketa desberdina dute zelula desberdinen hormek baina izen eta funtzio berdinak dituzte. Zelulei babesa, gogortasuna nahiz gelditasuna eta balantze osmotikoa ematen die.

Zentzumen

Zentzumena hautematearen mekanismo fisiologikoa da; sentipen mota jakin bat hartarako den organo baten bidez hartzeko ahalmena.

Fisiologiaren ikuspegitik, zentzumena edo zentzumenezko atzematea organismoak bere inguru edo barne giroan gertatzen diren aldakuntzen aurrean batez ere horretarako bereziak dituen parte edo organoen bidez aldakuntza horietan eralgitzen den energia bizi prozesuetara bihurtuz erreakzionatzeko duen gaitasun edo mekanismoa da. Konplexutasun handiko animalia guztietan barne edo kanpo kitzikadurak nerbio-bulkada bihurtzen dira; bulkada horiek garunaren arlo berezietara igortzen dira, eta han aztertzen. Behin bulkada horiek aztertu direlarik, organismoa gai da kitzikadurari egoki erantzuteko.

Zirkulazio-aparatu

Zirkulazio-aparatua edo aparatu kardiobaskularra giza gorputzean odola garraiatzen duen sistema da, arteriak, zainak eta bihotza elkarrekin lotuz.

Aparatu honen gaixotasunak diagnostikatzen eta tratatzen ondorengo bi espezialitate medikoak arduratzen dira: Kardiologia eta Kirurgia kardiobaskularra.

Biologia
Fisiologia

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.