Federalismo

Federalismoa (latinetik fœdus, "paktua") lurralde entitate ezberdinez osatutako estatuaren politika sistema bultzatzen duen dotrina da. Politika sistema horretan gauzatzen den estatuari federazio deritzo. Estatu federal edota errepublika federal izenez ezaguna eta normalean, sistema errepublikarra izaten du. Federazioak autogobernatzen diren lurralde-entitatez osaturik daude. Hauek estatu, eskualde, erkidego, edo probintzia izena hartzen dute eta bakoitzak bere gobernua du. Gaur egun, federazio garrantzitsuenetakoak hauek dira: Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Mexiko, Argentina, Errusia eta Brasil.

Federalismo izena hartzen duten zenbait antolaketa mota ezberdin badira, baina guztiek oinarrizko ezaugarriak dituzte:

  • konstituzio idatzia, lurralde banaketa zehazten duen konstituzio idatzia izaten da gehienetan harreman federalak bideratzen dituena;
  • zentralizaziorik eza, agintea ez du gune bakar batek izaten, eta botere erabakiak gune guztien artean hartzen dira;
  • agintea lurraldeka banatua izatea, lurralde bakoitzeko taldeek eta lurralde guztiek beren ordezkariak dituzte, lurraldeen artean oreka izan dadin;
  • batasunari eusteko elementuak, federalismoak harreman zuzenak bideratzen ditu biztanleen eta gobernu guztien artean;
  • zentralizaziorik ez izateko elementuak, ezinbestekoa da lurraldeen arteko orekari eustea eta batak bestea ez zapaltzea;
  • federalismoari eusteko elementuak, lurralde bakoitzak bere gobernua du, eta gobernuak askatasuna du nahi dituen aldaketak egin ahal izateko, federalismoa gehienetan nazio bakarraren inguruan biltzeko gogotik sortua da.

Zenbait herritan naziotasuna historiatik datorkie, Alemanian adibidez, baina besteetan berria da neurri batean (Estatu Batuetan, Australian, Kanadan eta Suitzan), eta federalismoa elkarren artetik bereizten ari ziren talde nazionalistak nolabait bilduta mantentzeko eratu zen. India, Malaysia eta Nigeriako sistema federala arriskuan dago, herri horietan nazio bakarraren sentipenik ez dagoelako.

Map of federal states
Lurreko estatu federalak erakusten dituen mapa

Ikus, gainera

Beatrice Webb

Martha Beatrice Webb, Passfield baroia, (jaiotzez Potter; 1858ko urtarrilaren 22a – 1943ko apirilaren 30a), ingeles soziologo, ekonomilari, sozialista eta gizarte ekintzaile bat izan zen. Berea da "gatazka kolektibo" terminoa. London School of Economics eskolaren sortzaileetakoa izan zen eta funtsezko papera izan zuen Fabian Societyren sorreran ere.

Belgika

Belgika (nederlanderaz: België, frantsesez: Belgique, alemanez: Belgien), izen ofiziala Belgikako Erresuma, mendebaldeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Herbehereak ditu, Alemania ekialdean, Luxenburgo hego-ekialdean, Frantzia hego-mendebaldean, eta Ipar itsasoa ipar-mendebaldean. 30.528 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 11,4 milioi biztanle zituen 2018an. Brusela da hiriburua eta hiri nagusia.

Monarkia konstituzional federala da. Bi eskualde nagusik osatzen dute: Valonia frantsesduna hegoaldean, eta Flandria nederlanderaduna iparraldean, tartean Bruselako eskualdea dagoela. Hizkuntza ofizialak nederlandera, frantsesa eta alemana dira, eta katolizismoa da erlijio nagusia.

1830. urtean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita erlijioa aitzakia harturik. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurreratua bilakatu da, Europar Batasunaren barruan. Azkeneko urteotan, krisi ekonomikoak, flandriarren eta valoniarren arteko tirabirak, eta eskuin muturraren gorakadak kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera.

Belgikako ekonomian, garrantzi handikoak dira industria (elikagaiak, siderurgia, ehungintza) eta, batez ere, zerbitzuak. Hartara, zerbitzuek ematen dute Belgikako barne produktu gordinaren % 77,2, industriak % 22,1 eta nekazaritzak % 0,7 (2017).

Bill Felstiner

William L. F. Felstiner, ezagunagoa Bill Felstiner izenarekin, (1929ko abenduaren 14a - ) nazioarte mailan autore ospetsua zuzenbidearen soziologian. Akademiaz gain, Sierra erakundeko esploradore sutsua, mendigoizalea eta kooperantea, iheslarien laguntzaile, ere bada. Bi seme ditu bere emazte Grayrekin batera.

2000-2003 urte bitartean Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologiako Institutuko zuzendari izan zen, Oñatin.

Conceju Nacionaliegu Cántabru

Conceju Nacionaliegu Cántabru (CNC) (euskaraz, Kantabriar Kontzeju Nazionalista) edo Conceju (euskaraz, Kontzeju) Kantabriako (Espainia) alderdi nazionalista eta ezkertiarra da. 1995an sortu zen. Ekologiaren eta kantabriera hizkuntzaren onarpen ofizialaren aldekoak. Gainera, Herrien Europa koalizioa osatzen duten alderdietako bat da, hain zuzen ere Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten den koalizioa.

Federazio

Federazioa (latinez: foederatio, "batasuna") erlatiboki burujabeak diren entitate sozialen batasuna da. Orokorrean, Estatu bat osatzen dute, estatu federala ala errepublika federala deitua, eta nagusiki errepublikar egitura dute, monarkiak oso urriak dira. Federazioak gobernatzeko moduari federalismoa deritzaio, bere aurkakoa zentralismoa eta estatu unitarioak dira.

Foederati

Foederatus hitz latindarrarekin (plurala foederati). Erromatar Errepublikako lehen garaietan, hitzarmen bat sinatua zuen tribu orori deitzen zitzaion, erromatar kolonia ez izan arren eta erromatar hiritartasuna (civitas) ez jaso arren, hitzarmen horren bdez beragandik, arazoak egonez gero, soldadu armada bat emango zuela espero zenean. Latini edo latindarrak, erromatarren odoleko aliatutzat hartzen ziren, baina, gainontzekoak, federatuak edo socii ziren.

Foedus hitz latindarretik dator, Erroma eta beste nazio baten arteko betirako elkarlaguntza hitzarmen solemne eta lotesle bat izendatzen duena. Aldi berean, hitza, egungo latindar hizkuntzetara pasa da, federazio eta honekin lotutako hitzetan, federalismo kasu.

Foruen amaiera Hego Euskal Herrian

Foruen amaiera Hego Euskal Herrian Lehen Karlistalditik (1833-1840) Bigarren Karlistaldi osteko aldira (1876-1878) luzatu zen. Hartara, bukaera eman zitzaion Gaztelako Koroarekiko atxikimendua eta autogobernua uztartu zituen euskal lurralde horien estatusari. Ipar Euskal Herrian, foruak Frantziako Iraultzan kendu zituzten (1789-1790ean). Hamarkada luzez foruak higatzen joan ondoren, Lehen eta Bigarren Karlistaldien osteko okupazio militarretan, Espainiako gobernuek Hego Euskal Herriko lege eta erakundeak indargabetu zituzten Espainiako konstituzioen epelean (1812, 1820, 1837, 1876); horretarako, Foruak Berresteko Legea (1839), Foruak Eraldatzeko Legea (1841) eta Foruen Abolizio Legea (1876) prestatu eta ezarri zituzten.

1778ko Merkataritza Libreko Erregelamendutik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeen ekonomiaren egoera oso zaila zen. Monarkiako gobernuak ezarritako Ebroko aduana larriek eragotzi egiten zuten Euskal Herriko produktuak monarkiako lurralde komunera ateratzea. Aldi berean, itsas trafikoa ataka batean zen. Manuel Godoy ministro ahalguztidunak protagonismo berezia hartu zuen aduanak eta foruak desegiteko monarkiaren politiketan XVIII. mende amaiera eta XIX. mende hasieran. Hego Euskal Herriko goi-burgesia, Bilbo eta Donostiakoa bereziki, Ebroko aduanak kentzearen alde agertu zen. Horrekin batera, 1812ko Espainiako Konstituzioa babestu zuten. Gobernuak, bestetik, begiz jota zituen Hego Euskal Herriko lurraldeen ogasuna eta ahalmen militarra.

Konbentzioaren Gerrak hondamendi ziklo bati eman zion hasiera, Julio Caro Barojak 1876 arte luzatu duena: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruen abolizioaren urtea. Aldi horretan, Euskal Herriko gizarte eta politika egiturak gogor kolpatuak eta eraldatuak izan ziren, gerra giro ia etengabean. Espainiarako ezarritako konstituzioek berdindu egin zituzten monarkia horretako jurisdikzio desberdinak, bereziki Euskal Herriko lege, gizarte eta ekonomia errealitate desberdinaren kaltetan, 1808 eta, bereziki, 1812tik aurrera. Gerra testuinguru orokorrean, baina, herri militarizatuak erreakzio bat izan zuen elite liberalen kontra. Frantses estatu eredua bultzatzeko deliberoaz, monarkiaz jabetutako elite liberalek uniformizazio programa bat aplikatu zuten 1833tik aurrera.1775etik, Hego Euskal Herriko aldundiek beren interes komunak defendatzeko Konferentzia Politikoak direlako topaketak antolatu zituzten arren, ez zuten beti elkarrekin jokatu, eta Nafarroa Garaiak, bereziki, dinamika politiko aparte bat eraman zuen. Foruen galerari Probintzia Baskongadoetako Ekonomia Itunak (1878), herri protesta eta altxamenduz zipriztindutako aldiak (bereziki, Gamazada Nafarroan), eta industrializazio masiboak jarraitu zioten. Giro horretan, euskal nazionalismo politikoa sortu zen, formalki Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zenean, Bizkaian indartsuen.

Foruzaletasun

Foruzaletasuna edo foralismoa foru-sistema mantendu eta indartzearen aldeko joera ideologikoa izan zen, XIX. mendearen azken herenean garatu zutenean. Foruzaletasuna liberalismoak Hego Euskal Herrian izan zuen aldaera izan zen. Hasierako foruzaletasun liberal honen egunkari nabarmenena Bilboko Irurac bat izan zen.

Bigarren Karlistaldiaren ostean, foruak kendu zituztenean, agertu zen horien aldeko mugimendu politiko-kultural gisa foruzaletasuna, karlismotik eta berorren dinastia arazotik urrunduz. Foruak ezabatu zituzten urte berean sortu zuten Madrilen La Paz foruen defentsarako aldizkari politikoa. Arturo Kanpionek, mugimenduaren eragile nagusietako bat izan zena, aldizkari horretan Iruñean Nafarroako Euskal Elkargoa elkartea sortzea proposatu zuen. Elkartea apolitikoa eta euskaltzale bazen ere, kide nabarmenen joera foruzale erradikala izan zen. El Arga egunkariaren bidez aurrenik (1880-81) eta Lau-Buru egunkariaren bitartez ondoren (1882-86) ideologia berria bultzatu zuten. Nafarroako foruzaleak alderdi politiko gisa antolatu ziren, Alderdi Foruzalea (gaztelaniaz: Partido Fuerista) delakoan, eta udal-hauteskundeetan garaile izan ziren 1881ean eta 1884an.1885. inguruan, Nafarroako Euskal Elkargoa eta Alderdi Foruzale bera de facto deseginda zeuden. XIX. mendearen azken hamarkadan ideologia eta joera politiko ezberdinek sartu zuten foruzaletasuna beren programetan: integristek, karlistek. Hain zuzen ere, karlismoa esparru politikora berragertu zenean, mugimendu politiko foruzalea desagertu egin zen eta horren barruan zihardutenek karlismoan, errepublikanismoan edo eusko abertzaletasunean bilatu zuten beren leku politikoa. Integrismo foruzaletik euskal nazionalismora ere aldatu ziren batzuk: El Fuerista Donostiako aldizkari integrista egunkari nazionalista bihurtu zen bigarren fasean (1898an). Aldizkariak hasieratik zuen goiburua ("Jaungoikoa eta Foruak") moldatu, eta EAJ bihurtu zuen bere goiburu (JEL = Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa). Eragin handia izan zuen, beraz, foruzaletasunak euskal nazionalismoaren jatorrian.

Guanajuato (Mexiko)

Guanajuato Mexiko erdialdeko hiria da, Guanajuato estatuaren hiriburua eta Guanajuato udalerriaren herriburua. 2010ean hiriak 72.237 biztanle zituen, eta udalerriak 171.709.Mexikoko zilar meatzalde aberatsenetako batean dago. Hiriak arkitektura kolonialeko eraikin bikainak ditu. UNESCOk hirigune historikoa eta meatzeak Gizateriaren ondare izendatu zituen 1988an, Guanajuato hiri historikoa eta inguruko meatzeak izenarekin. Gaur egun, unibertsitateagatik eta bizitza kultural biziagatik ere ezaguna da. Azken horren adibide nagusia da Cervantesen Nazioarteko Jaialdia, Mexiko eta Latinoamerikako bilkura artistiko nagusietakoa.

Jaungoikoa, aberria, erregea

Jaungoikoa, aberria, erregea (gaztelaniaz: Dios, patria, rey) karlismoaren goiburu hirukoitza da. 1814an, Vienako Batzarrean aldarrikatutako "Tronua eta Aldarea" goiburuaren baliokidea izan zen.

Zenbait aldaera izan zituen: Jaungoikoa, aberria, erregea, epaileak edo Jaungoikoa, aberria, foruak, erregea. Ignacio Baleztenak Oriamendiko Martxaren hitzak birmoldatu zituenean, goiburu honekin eman zion hasiera bere bertsioari.

1895ean Arana anaiek eusko abertzaletasunarentzat goiburua sortzeko orduan, Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa aukeratu zuten, beste goiburu horren oihartzuna.

John Holt (hezitzailea)

John Cadwell Holt idazle eta hezitzaile iparramerikar bat izan zen, Etxeko Hezkuntzaren proposamenagatik ezagutua eta gazteen eskubideen teoriariaren aitzindaria izanik.

Josep Termes

Josep Termes Ardèvol (Bartzelona, 1936ko uztailaren 27a-Bartzelona, 2011ko irailaren 9a) historialaria izan zen eta XIX eta XX. mendeetako kataluniar langileen mugimenduan espezializatu zen.

Kolonbia Handia

Kolonbia Handia (gaztelaniaz Gran Colombia) historialariek 1819 eta 1830 arteko Kolonbiako Errepublikari ematen dioten izena da. Orduan, Kolonbia izena eskualde zabala deitzeko erabiltzen zuten; egungoari, berriz, Granada Berria zeritzoten.

Errepublika sortzeko Granada Berriko Erregeorderria, Venezuelako kapitaintza nagusia, Quitoko presidentetza eta Guayaquileko Probintzia Askea osatzen zituzten lurraldeak batu ziren, egun Kolonbia, Venezuela, Ekuador eta Panama osoaz gain Costa Rica, Peru, Brasil, Guyana eta Nikaraguako eskualde batzuk zirenak.

Herrialdea 1830ean sakabanatu zen, federalismo eta zentralismoaren aldekoen arteko tirabirak eta eskualdeko diferentziagatik.

Mexikoren banaketa administratiboa

Mexikoren banaketa administratiboa 31 estatuz eta barruti federal batez osatua dago. Hiriburuak berak, Mexiko Hiriak, Barruti Federal bat osatzen du (Distrito Federal, hortik México D.F.), estatu baten baliokide dena.

Estatu bakoitzak hiru ordezkari ditu senatuan. Horietatik bi zuzenean aukeratzen dira eta bestea ordezkaritza politikoaren arabera. Estatu bakoitza librea da bere barne politika zehazteko.

Mikhail Bakunin

Mikhail Aleksandrovitx Bakunin (Pryamukhino, Tver Governorate (gaurko Kuvshinovsky District) (Errusiako inperioa), 1814ko maiatzaren 30a – Berna (Suitza), 1876ko uztailaren 1a) errusiar anarkista iraultzaile ezaguna izan zen, Marx-en garaikidea. Anarkista filosofoen lehenengo belaunaldiko ospetsuena da eta anarkismoaren aitatzat jotzen da.

1830eko hamarkadan Hegelen jarraitzailea izan zen eta geroago, 1848ko Alemaniako iraultzan (Dresdengo altxamendua bezala ezagutua) parte hartu zuen. 1849an atxilotu eta Errusiara bidali zuten. Han bizitza osorako espetxe zigorra ezarri eta Siberiara bidali zuten. 1861ean bertatik ihes egin eta Londresera iritsi zen.

Londresen zegoela, Bakuninek Bakea eta Askatasunaren aldeko Ligan parte hartu zuen. Mugimendu hartatik bereizi ziren bera eta bere jarraitzaileak (gutxiengoa osatzen zuten), eta Demokrazia Sozialista Nazioarteko Aliantza sortu zuten. 1869an Aliantza hark Langileen Internazionalarekin bat egin zuen.

Internazionalaren baitan, Bakuninek Karl Marxi aurre egiten zion joeraren buru jardun zuen; hots, joera anarkista edo libertarioaren erreferente bihurtu zen. Hala, Frantzia eta Suitzan barna lan politiko handia aurrera eramango du. 1872an, Internazionaletik kanporatuko dute.

Bi urte geroago, 1874an, Bolognan (Italia) altxamendu batean parte hartu zuen, nahiz eta mugimenduak ez zuen luzaroan iraun. 1876an Bernara (Suitza) joan eta bertan hil zen urte hartako uztailaren 1ean.

Tavo Burat

Tavo Burat (Stezzano, Italia, 1932ko maiatzaren 22a – Biella, Italia, 2009ko abenduaren 18a) italierazko eta piemonterazko idazle eta kazetaria zen.

Bere bizitzan, hizkuntza gutxituak defendatu zituen, batez ere piemontera eta frankoproventzera.

Volksunie

Volksunie (Herri Batasuna, euskaraz) alderdi nazionalista flandriarra izan zen, 1954. urtean sortua eta 2001. urtean deseginda.

1954ko abenduaren 14an sortu zen, CVV (Christelijke Vlaamse Volksunie) alderdiaren ondorengoa izanik. Bere hauteskunde-gailurra 1971ko Belgikako hauteskundeetan lortu zuen, Belgika osoko botoen %11 lortuta (21 diputatu Belgikako Ganbaran).

1978an Belgikako gobernuan sartu zen. Honen ondorioz, banaketa bat jaso zuen eskuinetik, Vlaams Blok (Bloke flandriarra) izeneko alderdi berria agertuz (geroago Vlaams Belang bihurtuko zena).

2001eko urrian alderdia hiru zatitan banatu zen: De toekomstgroep (Etorkizuneko taldea), Niet splitsen (Ez gaitezen banatu) eta Vlaams Nationaal (Nazio flandriarra). Azken honek irabazi eta alderdiaren azpiegitura bereganatu zuen. Gero, De toekomstgroep eta Vlaams Nationaal SPIRIT eta N-VA, hurrenez hurren, bihurtu ziren, eta Niet splitsenen jarraitzaileak CD&V eta VLD alderdietan integratu ziren.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.