Estonia

Estonia[4] (estonieraz: Eesti), ofizialki Estoniako Errepublika (estonieraz: Eesti Vabariik), Iparraldeko Europako estatua da, Baltikoko estatuetan txikiena. Iparraldean Finlandiako golkoa du, mendebaldean Itsaso Baltikoa, hegoaldean Letonia, eta ekialdean Peipus aintzira eta Errusia. 1.500 uharte inguru dauzka; handienak Saaremaa, Hiiumaa, Muhu eta Vormsi dira. 45.336 kilometro koadroko eremua du[1], eta 1.315.635 biztanle zituen 2017an[2]. Hiriburua Tallinn da, eta beste hiri nagusiak Tartu eta Narva. Errepublika parlamentarioa da, Europar Batasun, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.

Estoniako Errepublika
Eesti Vabariik
Estoniako bandera Estoniako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Mu isamaa, mu õnn ja rõõm
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Tallinn
Hizkuntza ofiziala(k) estoniera1
Herritarra estoniar
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Kersti Kaljulaid
 -  Lehen ministroa Jüri Ratas
Independentzia
 -  Independentzia adierazpena 1918ko otsailaren 24a 
 -  Independentziaren aitorpena 1920ko otsailaren 2a 
 -  Alemaniar eta sobietar okupazioak 19401991 
 -  Independentzia Sobietar Batasunetik 1991ko abuztuaren 20a 
Azalera
 -  Guztira 45,336 [1] km2 (129.)
 -  Ura (%) 4,45
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2017) 1.315.635[2] (151.)
 -  2011 errolda 1.294.455[3]
 -  Dentsitatea 28 bizt./km2 (188.)
Dirua euroa, € (EUR)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 372
Internet domeinua ee
1 Errusiera ez da ofiziala, nahiz eta errusiar jatorriko gutxiengo zabal batek errusieraz baizik ez dakien.

Geografia

Estonia 1999 CIA map
Estoniako mapa.

Estonia iparraldeko Europan dago, Itsaso Baltikoaren ekialdeko bazterrean. 45.336 kilometro koadroko eremua dauka. Iparraldean, Finlandiako golkoarekin du muga; mendebaldean, Baltikoa eta Rigako golkoarekin; ekialdean, Peipus aintzirak eta Narva ibaiak banatzen dute Errusiatik; hegoaldean, Letonia dauka.

Lurralde laua da; gailurrik garaiena, Suur Munamägi (317 metro) hego-ekialdean dago. Itsasoa, hondarrezko dunak eta harri potorrez betetako ibaiak, aintzirak, ibai ugariak eta padurak (lurraren % 10) dira herrialdeko lurren ezaugarriak. 1.393 kilometroko kostaldea dauka Baltikoren ertzean, eta 1.520 uharte itsaso horretan. Saaremaa (2.673 kilometro koadro) eta Hiiumaa (989 kilometro koadro) dira uharterik handienak[5].

1.400 aintzira eta urtegi baino gehiago daude. Handiena Txudsk edo Peipus da (3.555 kilometro koadro), Errusia eta Estoniaren arteko muga egiten duena. Bigarren handiena Võrts da (270 kilometro koadro), herrialdearen erdialdean dagoena. Ibairik garrantzitsuenak Narva eta Emajõgi dira.

Klima kontinentala da, uda epelekin, Dfb Köppen klima sailkapenaren arabera[6]. Iraupen berdintsuko lau urtaro daude. Uztaileko batez besteko tenperatura 16,3 °C da Baltikoko uharteetan eta 17,1 °C barnealdean; otsailekoa, berriz, -3,5 °C Baltikoko uharteetan eta -7,6 °C barnealdean. Urteko batez besteko prezipitazioa 568 milimetrokoa da, ugariena uda amaieran[5]. Abenduaren erdialdetik martxoren amaierara elurrez estalirik egoten da lurra.

Valtu rüütlimõisa "Puraviku" tuuleveski"

Koltza saila, Valtu, Rapla konderria

Vaade tahkuna tuletornist4

Tahkuna peninsula, Hiiumaa uhartea

Peipsi jarv1

Peipus aintzira

EE-Lahemaa-Bagno Viru

Lahemaa Parke Nazionala

Haanja 2010 01 1

Haanja goi-ordokia neguan, Suur Munamägitik ikusia

Historia

Swedish Empire (1560-1815) en2
Estonia Suediaren mende (15611721)

Erdi Aroa, Aro Modernoa eta XIX. mendea

X-XII. mendeetan, Estoniako hego-ekialdea antzinako Errusiar estatuaren mende egon zen. XIII. mendearen hasieran, alemaniarrek menderatu eta kristautu zituzten estiarrak, estoniarren aurretikoak, arrazaz fino-ugriarrak, eta paganoak. Ondoren daniarrak etorri ziren, eta Tallinn sortu zuten 1219. urtean. 1343-1345 urteetako nekazarien matxinada handien ondoren, Ezpataren Zaldunek Estonia Danimarkari erosi (1346), eta zergapeko egin zituzten estoniarrak, Hansak portuetako joan-etorria beretzat gordetzen zuelarik.

1558-1581 bitartean, Ivan Izugarriaren garaian, Baltikorako irteera bila ari ziren errusiarrek Narva eta Tartu hiriak hartu zituzten. 1561ean, Ordena Teutonikoa desegin zenean, Suediar Inperioaren, Danimarkaren eta Poloniaren esku geratu zen Estonia. XVII. mendean, suediarren mendean geratu zen guztiz; horiek luteranismoa eraman eta Tartuko Unibertsitatea sortu zuten 1632an.

Iparraldeko Gerra Handian (1700-1721), Petri Handiak Estonia hartu zuen 1710ean eta, 1721eko Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, suediarrek Errusiar Inperioaren esku utzi zuten, Livoniarekin batera. Zergapekotza baztertua izan zen XIX. mendearen hasieran. Mende horren bukaeran, Alexandro III.aren errusiartze ahaleginen kontra altxatu ziren estoniar idazleak (Friedrich Reinhold Kreutzwald eta Carl Robert Jakobson).

XX. mendea

Declaration of Estonian independence in Pärnu
Independentziaren aldarrikapena Pärnun, 1918ko otsailaren 23an

1917ko Otsaileko Iraultzaren ondoren, behin-behineko errusiar gobernuak askatasuna eman zion Estoniari (1917ko apirilaren 12ko dekretua), baina Urriko Iraultzan, sobietar agintea ezarri zen Estonian 1917ko azaroaren 28an. 1918ko otsailean, alemaniarrek Estoniari eraso zioten, boltxebikeek Tallinn utzi zuten, eta otsailaren 24an behin-behineko gobernu estoniarrak askatasuna deklaratu zuen. Brest-Litovskeko Itunaren bidez (1918ko martxoaren 3a), Alemaniaren eskuetan utzi zituen Errusiak Baltikoko lurraldeak, eta Alemaniaren errenditze egunean berriro askatasuna deklaratu zuen behin-behineko estoniar gobernuak; Tartuko Hitzarmenean (1920ko otsailaren 2a), askatasun hori onartu zuten sobietarrek.

1934an, Konstantin Päts Batzar Nazionaleko lehendakariak diktadura ezarri zuen. 1940ko abuztuaren 1ean, Armada Gorriak beretu eta sobietar errepublika sozialista bihurtu zen Estonia. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek hartu zuten 1941eko abuztuan, baina berriro sobietarrek eskuratu zuten 1944an.

1988an, Moskuko gobernuak Sobietar Konstituzioan aldaketak egin zituenean, bere legeak Sobietar Batasuneko legeen aldean gailentasuna zutela erabaki zuen Estoniako Biltzarrak. Perestroikaren garai horretan independentziaren aldeko mobilizazio jendetsuak burutu ziren Estonian, eta 1989an estoniarrek era masiboan parte hartu zuten Bide baltiko deritzonean, sobietarren okupazioaren amaiera eskatzeko. 1990. urteko martxoaren 30ean Estoniako legebiltzarrak independentzia adierazi zuen berriro ere, eta 1991ko abuztuaren 20an lortu zuen independentzia SESBetik. Geroztik estatu burujabea da Estonia.

Azken urteak

Eurozone
2004az geroztik Europar Batasuneko kide da Estonia; eta, 2011ko urtarrilaren 1az geroztik, Euroguneko (urdin ilunez) partaide

1992ko konstituzio berriak sistema parlamentarioa ezarri zuen. Urte horretan bertan, Lennart Meri, Koalizioko Alderdi Nazionaleko kide, hautatu zuten presidente. Estonia izan zen errubloa utzi eta bere dirua sortu zuen Ekialdeko Europako lehenengo herrialdea. Pribatizazio ugari egin zen, eta erregimen komunistan zehar kendutako ondasunak itzuli ziren. 1993an, estatu nazionalista zorrotza onartu zen, errusiar biztanleengan (biztanleriaren % 30) eragina izan zuena batez ere. Neurri horri erantzun nahian, Boris Jeltsin errusiar lehendakariak gas naturalaren hornikuntza eten zuen, eta errusiar armada Estoniatik irteteko prozesua ere geldiarazi egin zuen. Azkenik, errusiar gudarostea 1994an atera zen Estoniatik.

1995eko hauteskundeetan Koalizioko Alderdia galtzaile irten zen, eta Tiit Vahi izan zen lehen ministro. Gobernu berriak eztabaida handia sortu zuen, komunista ohi asko baitzeuden bertan. Horrezaz gainera, urte hartan bertan Barne Arazoetako ministroaren ustelkeria salatu zuten, eta gobernu taldea desegin zen. Gobernu berri bat antolatu zen, Erreformaren Alderdiko kideez osatua.

1996an, Lennart Meri hautatu zuten berriz ere presidente. 1999an, Mart Laar izendatu zuten lehen ministro. 2002an eman zuen dimisioa, desadostasunak izan zituelako bere alderdiarekin. Haren agintaldian, Estonia izan zen sobietar errepublika ohien artean ekonomia sendoena zeukana, eta bidea urratzen hasi zen Europar Batasunean sartzeko. 2003ko erreferendumean, herritar gehienek Europar Batasunean sartzearen aldeko aukera egin zuten. 2004an, Estonia NATOn eta Europar Batasunean sartu zen. 2014an, Taavi Rõivas eskuindarra aukeratu zuten lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Estonia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Organo legegile nagusia Parlamentua (estonieraz: Riigikogu) da, 101 kidez osatua. Parlamentukideak ororen bozkatzez hautatzen dira, lau urteko eperako[7].

Banaketa administratiboa

Estonia 15 konderritan (estonieraz: maakonnad, singularra maakond) banaturik dago. Gobernuak izendatzen du konderri bakoitzeko gobernadorea.

Estoniako konderri zerrenda
Konderria Hiriburua Eremua
(km2)
Biztanleria
(2017)[8]
Harju Tallinn 4.333 582.556
Hiiu Kärdla 989 9.348
Ida-Viru Jõhvi 3.364 143.880
Jõgeva Jõgeva 2.604 31.298
Järva Paide 2.623 30.709
Lääne Haapsalu 2.383 24.580
Lääne-Viru Rakvere 3.627 59.580
Põlva Põlva 2.165 28.218
Pärnu Pärnu 4.807 82.997
Rapla Rapla 2.980 34.148
Saare Kuressaare 2.673 33.481
Tartu Tartu 2.993 145.550
Valga Valga 2.044 30.524
Viljandi Viljandi 3.422 47.853
Võru Võru 2.305 33.973

Demografia

Biztanleria

Population of Estonia (1970-2010)
Estoniako biztanleriaren bilakaera, 1970-2010 bitartean. Estoniako Estatistika Erakundearen datuak.

2017 hasieran, Estoniak 1.315.635 biztanle zituen[2], 29 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen %67,5 bizi da hiriguneetan[7], herena Tallinnen. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %16,2 dira, 15-24 urte bitartekoak %9, 25-54 urte bitartekoak %41,4, 55-64 urte bitartekoak %13,6 eta 65 urtetik gorakoak %19,8[7]. Bizi itxaropena 76,7 urtekoa da, 71,9 urtekoa gizonezkoena eta 81,7 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[7].

1990etik aurrera, Estoniako biztanle kopurua beherantz joan da etengabe. Atzerakada horrek bi arrazoi nagusi izan ditu: batetik, oso heriotza tasa handia, jaiotza tasarekin konparatuta; bestalde, lege zorrotzen ondorioz, errusiarren immigrazioa asko moteldu zen. 1992an estoniar hiritartasuna mugatzeko legeak onartu ziren. Lege horien arabera, 1940. urtea baino lehenago Estonian bizi ziren biztanleek eta haien ondorengoek estoniar hiritartasuna zuten, etnia kontuan hartu gabe. Gainerako biztanleek bi urtez bizi behar zuten bertan, eta estonierazko azterketa bat gainditu behar zuten. Lege horiek onartu eta gero Errusiako gobernuak errusiarren giza eskubideen kontrako bidegabekeria salatu zuen.

Banaketa etnikoa

Russians in Estonia 2010
Errusiera lehen hizkuntza duten estoniarren banaketa (2010eko datuak)

2017ko datuen arabera, estoniarrak %68,7 dira, errusiarrak %25,1, ukrainarrak %1,7, bielorrusiarrak %0,8, finlandiarrak %0,5 eta letoniarrak %0,2[9]. Errusiar gehienak Tallinn, Narva eta Kohtla-Järve hirietan bizi dira; Ida-Viru konderrian etnia horretakoak dira biztanleen %72,8.

Hizkuntzak

Estoniera da hizkuntza ofiziala, eta biztanleen %68,5en ama hizkuntza. Finlandieraren familia berekoa da. Errusiera du ama hizkuntza biztanleriaren %29,6k[7].

Estoniera, bere milioi eta erdi hiztunekin, Europako estatu hizkuntzarik txikienetakoa da. 50 urtez Sobietar Batasuneko parte izan ondoren, hizkuntzaren normalizazioa izan zen independentzia osteko gobernu berriaren lehen helburuetakoa eta estoniera estatu hizkuntza ofizial bakar izendatu zuen. Hala ere, sobietar aroan estoniarrak errusiera ikastera behartzen zituztenez, errusiarren gehiengoak ez zuen bertako mintzaira ikasi. 1989an, independentzia lortu aurreko urteetan egindako inkesta baten arabera, etorkinen %14ak ikasi zuen estoniera. Egun eskola guztietan irakasten da estoniera eta gutxi gorabehera bertako errusiarren erdiak hitz egiten du hizkuntza (2011ko datuak)[10].

Erlijioa

2011ko erroldaren arabera, erlijiogabeak %54,1 dira, kristau ortodoxoak %16,2, luteranoak %9,9 eta gainerako kristauak %2,2[7]. Pew Research Centerrek 2015an egindako ikerketaren arabera, berriz, %45 erlijiogabeak dira, %25 ortodoxoak, %20 luteranoak, %1 katolikoak eta %5 gainontzeko kristauak[11].

Hiri nagusiak

Ekonomia

Estoniako baliabide natural nagusia eskisto bituminosoa da, herrialdearen ipar-ekialdean ustiatzen dena. Erregai gisa erabiltzen da, elektrizitatea lortzeko eta lehengai gisa industria kimikoan. Estonian ugariak dira, besteak beste, fosforita hobiak; fosforita ongarriak ekoizteko erabiltzen dira. Dena dela, arrazoi ekologikoak direla-eta, ekoizpen mota hori gutxitu egin da. Zohikatza eta buztina ere ustiatzen dira. Petrolioa eta gas naturala Errusiatik inportatzen dira. Zerbitzuen sektorea da gaur egun nagusia (barne produktu gordinaren % 68,4 2016an), ondoren industria (elikagaiak, energia, kimika, zura, eraikuntzarako gaiak) % 28,1ekin, eta azkenik, nekazaritza (% 3,5).

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Kultura

Literatura

Erreferentziak

  1. a b Minifacts About Estonia 2017, stat.ee
  2. a b c Statistics Estonia, stat.ee
  3. Phc 2011 results, stat.ee
  4. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  5. a b Country Profile: Estonia countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2017-9-4.
  6. Climate: Estonia en.climate-data.org . Noiz kontsultatua: 2017-9-4.
  7. a b c d e f CIA - World Factbook: Estonia, cia.gov
  8. Population by sex, ethnic nationality and county, 1 January stat.ee . Noiz kontsultatua: 2017-9-5.
  9. Rahvaarv rahvuse järgi, 1. jaanuar, aasta, stat.ee
  10. Arbelaitz, Lander Estatua bat, bi estatu argia.eus, 2011ko apirilak 19, CC-BY-SA lizentzia . Noiz kontsultatua: 2017-9-6.
  11. Religious Belief and National Belonging in Central and Eastern Europe, Pew Research Center, pewforum.org
  12. RAHVASTIK SOO, VANUSE JA HALDUSÜKSUSE VÕI ASUSTUSÜKSUSE LIIGI JÄRGI, 1. JAANUAR, pub.stat.ee

Kanpo loturak

1999ko Frantziako Tourra

1999ko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 86. edizioa izan zen. 1999ko uztailak 3 eta 25 artean ospatu zen, 3870 kilometroko ibilbidea eginez 21 etapatan, garaileak batez beste 40,276 kilometro orduko abiaduran bete zituenak. Lasterketa Le Puy du Foun hasi eta Parisko Eliseo Zelaien hiribidean amaitu zen.

Urte honetako edizioak oroitzapenerako bi une izan zituen. Lehena bigarren etapan, 25 txirrindulari Gois pasabidean erori zirenean, honen ondorioz, Alex Züllek garaipena lehiatzea eragotzi zion minutu mordo bat galdu zituelarik. Bigarrena hamargarren etapan izan zen, Alpe d'Huezen amaitu zena, etapa garailea izan zen Giuseppe Guerinik ikusle gazte batekin tupust egin zuenean, hau txirrindulariari argazki bat ateratzen saiatzen ari zenean, helmugatik bi kilometrora. Gertaera honek txirrindulariari ez zion etapa garaipena lortzea eragotzi.

Baltikoa

Baltikoa edo Itsaso Baltikoa Europaren iparraldeko itsaso bat da, inguruan herrialde hauek dituena:

Suedia

Finlandia

Errusia

Estonia

Letonia

Lituania

Polonia

Alemania

DanimarkaSkagerrak eta Kattegat itsasarteek banatzen dute Itsaso Baltikoa Ipar Itsasotik. Gainera, hiru golko garrantzitsu daude Europa iparraldeko itsaso honetan: Ekialdean, Rigako Golkoa, Estonia eta Letonia artean, gainontzeko Itsaso Baltikotik, Estoniako uharterik handiena den Saaremaak eta herrialde honetako bigarren uharterik handiena den Hiiumaak banandua dagoena, eta Finlandiako Golkoa, Estonia, Finlandia eta Errusia artean. Iparraldean, berriz, Botniako Golkoa dago, Finlandia eta Suedia banatzen dituena.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Errusiako Gerra Zibila

Errusiako Gerra Zibila (errusieraz: Гражданская война́ в Росси́и, Grazhdanskaya voyna v Rossiy) alderdi anitzeko gerra izan zen, Errusiar Inperio ohian gertatutakoa, 1917ko azarotik 1922ko urrira arte. Bertan boltxebikeen Armada Gorria eta boltxebikeen aurkako Armada Zuria borrokatu ziren, aurrez aurre. Atzerritar indar batzuek (Amerikako Estatu Batuak, Japonia, Frantzia, Britainiar Inperioa) Armada Zuria sustengatu zuten.

1919an Armada Gorria Ukraina eta Siberian nagusitu zen. Zuriek, Pyotr Wrangel buru zutela, Krimean gotortu eta 1920ko udazkenera arte eutsi zuten. Errusiar Inperioa desegitean sortutako independentziaren aldeko mugimenduek ere parte hartu zuten gerran. Batzuek -Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniak- burujabetasuna erdietsi zuten. Gainerako lurraldeek 1922an Sobietar Batasuna eratu zuten.

Estoniako bandera

Estoniako bandera 1990eko abuztuaren 7an erabakitakoa da. Neurri bereko hiru errenkadaz osatuta dago: urdina, beltza eta zuria. Estoniarren artean, sinimustvalge (urdin-beltz-zuri) izenaz ere ezaguna da.

Estoniako futbol liga

Estoniako futbol liga (estonieraz Meistriliiga) Estonian urtero jokatzen den futbol txapelketa nagusia da. Bi aldi izan ditu, lehenengoa 1944 artekoa, orduan Sobietar Batasuneko txapelketatan integratu baitzen eta bigarrena 1991ean Sobietar Batasunetik independentizatu ostean hasitakoa. Lehenengo aroan Sport Tallinn eta Estonia Tallinn izan ziren talde nagusiak, aro berrian aldiz Flora eta Levadia.

Estoniako futbol selekzio nazionala

Estoniako futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. A. Le Coq Arena estadioan jokatzen ditu etxeko partidak, Tallinn hiriburuan.

Estoniaren banaketa administratiboa

Estonia administratiboki 2 maila administratibotan banatzen da: konderriak (Maakonnad) eta udalerriak (omavalitsus).

Euro

Euroa (EUR edo €) Europar Batasuneko hogeitazazpiko, hamasei estatuen diru ofiziala da. EBko estatu ez diren Andorra, San Marino, Vatikano Hiria, Monako eta Montenegron ere diru ofiziala da euroa. Bosnia eta Bulgarian ere, ofiziala ez bada ere, euroa erabiltzen da.

Europar Batasuneko herrialde guztietan ez da ezarri euroa legezko erabilerako monetatzat; batzuetan, nahi izan ez dutelako, eta, beste batzuetan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako.

Euroa duten estatuen guneari "Eurogunea" deritzo, hau da, Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Malta, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal eta Zipre osatzen duten eremua.

Finlandiako golkoa

Finlandiako golkoa (finlandieraz: Suomenlahti, estonieraz: Soome laht, errusieraz: Фи́нский зали́в) Itsaso Baltikoaren adarra da, Europa iparraldean dagoena; iparraldean Finlandia du, hegoaldean Estonia eta ekialdean Errusia.

Ipar Europa

Ipar Europa Europako kontinentearen iparraldean dagoen eskualde geografikoa da. Ez du muga garbirik, baina eskuarki honako herri hauek osatzen dute:

Eskandinaviako herrialdeak: Danimarka, Finlandia, Norvegia eta Suedia.

Itsaso Baltikoko herrialdeak: Estonia, Lituania eta Letonia, baita Iparraldeko Polonia eta Ipar-Mendebaldeko Errusia.

Ipar Itsasoko herrialdeak: Islandia, Irlanda, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, baita Iparraldeko Alemania ere.

Letonia

Letonia (letonieraz: Latvija, livonieraz: Leţmō), ofizialki Letoniako Errepublika (letonieraz: Latvijas Republika, livonieraz: Leţmō Vabāmō), Iparraldeko Europako estatua da, Herrialde Baltikoetako bat. Iparraldean Estonia du; ekialdean Errusia eta Bielorrusia; mendebaldean eta ipar-mendebaldean Itsaso Baltikoa, eta hegoaldean Lituania. 64.589 kilometro koadroko eremua du, eta 2017an 1.950.116 biztanle zituen. Hiriburua Riga da.

Europako beste herrialde txiki batzuekin gertatu izan den bezala, Letoniako historia beste zenbait nazioren ondoz ondoko erasoek ezaugarritua izan da. Bere historian zehar Suediaren, Poloniaren, Alemaniaren eta Errusiaren mende egon da Letoniako lurraldea, besteak beste. Bi mundu gerren artean denbora tarte labur batez burujabe izan ondoren, Sobietar Batasunak anexionatu zuen 1940an. 1991n lortu zuen berriro ere burujabetasuna. Harrezkero mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltasuna bilatu du, eta Europar Batasuneko kidea da 2004az gero. Gaur egun, Errepublika parlamentarioa da, Europako Kontseilu, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.

Mu isamaa, mu õnn ja rõõm

Mu isamaa, mu õnn ja rõõm (euskaraz "Nire aberria, nire zoriona eta poza") Estoniako ereserkia da 1920 urtetik eta berriro 1990an.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna edo Sobietar Batasuna Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independenteen Elkartea moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

Suediera

Suediera ( svenska (i · ?), ˈsvɛ̂nskâ) hizkuntza germanikoa da, ekialdeko eskandinaviar adarrekoa. Suedia, Finlandia eta Åland Uharteetan ofiziala da. Danieraren eta norvegieraren oso antzekoa da.

Tartu

Tartu Estoniako bigarren hiririk handiena da. Tallinn, Estoniako hiriburu eta finantza-gune nagusiaren aurrean, Tartu, hiri kultural eta intelektual gisakoa da. Batez ere, bertan dagoelako Estoniako unibertsitaterik zaharrena, Tartuko Unibertsitatea. Estoniako hego-ekialdean dago Tartu, Tallinnetik 186 kilometrora. Emajõgi ibaiak, Estoniako lakurik handienak lotzeaz gain, Tartu zeharkatzen du. Hiriak aireportua ere badu.

Hiriaren izen historikoak Tarbatu (V. mendean eraikitako Estoniako gotorleku bat), Juriev (Errusieraz: Юрьев) edota Dorpat izan dira (XIII. mendea).

Valmiera

Valmiera (alemanez: Wolmar; polonieraz: Wolmar) iparraldeko Letoniako hiria da, Vidzeme eskualde historikoko hiriburua dena. Gauja ibaiaren ertzean kokaturik, Riga eta Estonia arteko bidegurutzean dago. 2017an 24.818 biztanle zituen.

Europako herrialdeak
Europako bandera Europar Batasuneko estatu kideak Europako bandera

AlemaniaAustriaBelgikaBulgariaDanimarkaErresuma BatuaErrumaniaEslovakiaEsloveniaEspainia • Estonia • FinlandiaFrantziaGreziaHerbehereakHungariaIrlandako ErrepublikaItaliaKroaziaLetoniaLituaniaLuxenburgoMaltaPoloniaPortugalTxekiar ErrepublikaSuediaZipre

Sartzeko negoziatzen ari direnak: Turkia · Ipar Mazedonia

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.