Eslovenia

Eslovenia[1] (eslovenieraz: Slovenija slɔˈʋéːnija ahoskatua),[2] ofizialki Esloveniako Errepublika (eslovenieraz: Republika Slovenija), Europa Erdialdeko eta Europar Batasuneko estatua, Balkanetako penintsularen iparraldean kokatua.

Eslovenia Jugoslaviako Erresumaren parte izan zen 1945 arte, eta Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako errepublika federatua gero, 1991n independentzia lortu zuen arte.

Hiriburua Ljubljana da. Beste hiri nagusiak hauek dira: Maribor, Celje, Kranj, Velenje, Koper eta Novo Mesto.

Esloveniako Errepublika
Republika Slovenija
Esloveniako bandera Esloveniako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Zdravljica
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Ljubljana
Hizkuntza ofiziala(k) Esloveniera1
Herritarra esloveniar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Borut Pahor
 -  Lehen ministroa Marjan Šarec
Independentzia
Geografia
 -  Guztira 20,273 km2 (153.)
 -  Ura (%) 0,6
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2009) 2.054.199 (144.)
 -  Dentsitatea 99,6 bizt./km2 (80.)
Dirua Euroa (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 386
Internet domeinua si
1 Udalerri batzuetan italiera eta hungariera ofizialki onartuta daude.

Geografia eta Klima

General map of slovenia
Esloveniako mapa

Mugak

Mugakideak: Italia mendebaldean, itsaso Adriatikoa hego-mendebaldean, Kroazia hegoalde eta ekialdean, Hungaria ipar-ekialdean eta Austria iparraldean.

Eskualde naturalak

Europako lau eremu geografikok bat egiten dute Eslovenian: Alpeek, Dinariar Alpeek, zabaldi panoniarrak eta Mediterraneoak. Esloveniako puntu altuena Triglav mendia da (2.864 m), eta herrialdeko batez besteko altuera 557 metro da. Esloveniako berezko lurraldeaz gainera, beste lurralde hauek ere hartzen ditu barnean: Karniola, Istriako iparraldea, Triesteko zati bat eta Estiriako hegoaldea.

Erliebea

Eslovenia oso lurralde menditsua da, eta goi-lautadaz betea (Esloveniako Alpeak, Kras-eko goi-lautadak). Itsasertza, berriz, laua da.

Karstalde garrantzitsuak daude Eslovenian: Karniola Zuria edo Notrajsko («barrengo herria») eta Dolenjsko («herri beherea»). Triesteko iparraldean daude Postojnako leize ospetsuak, eta Panoniako muino eta lautadak hedatzen dira.

Primorjeko lautadak zabaltzen dira Istriako iparraldean. Herrialdearen azaleraren erdia (10,124 km2) basoek hartzen dute: Finlandia eta Suediaren ondoren, baso-portzentajeari dagokionez, Europako hirugarrena da Eslovenia.

Hidrografia

Kontraesana dirudien arren, Esloveniako lurraldearen %81a Itsaso beltzeko isurialdeak osatzen du, horrela beraz herrialdeko hiru ibai nagusiak diren Drava, Sava eta Mura ibaiek ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatzen dute Eslovenia. Itsaso Adriatikora doan ibai garrantzitsuena Soča (Isonzo) da.

Alpeetan ohikoak dira aintzirak ere, ezagunenak Bled eta Bohinj dira.

Babesturiko eremuak

Parke nazional bakarra dauka, Triglav Parke Nazionala, izen bereko mendiaren (2.864 m) ingurua hartzen du, herrialdearen ipar-mendebaldea. 880 km²-ko azalera du eta 1981 urtean eratu zen. Eskualde mailako parkeak ere izendatu ditu; Karniola barnekoa, Kozje parkea eta Škocjan leizeak.

Geologia

Eremu sismiko nahiko aktiboan kokaturik dago herrialdea, izan ere Eurasiako plakak eta Afrikako plakak sarritan estutzen baitute Adriatikoko plaka txikia. 60 lurrikara inguru kontatu izan dira historian zehar, batzuk gogorrak, 1895 urtekoa esate baterako. Mugimendu hauen ekintzen ondorio dira Juliotar Alpeak eta Dinariar Alpeak.

Bestalde Karst eremua leizez beteta dago, ezagunenak Postojnako leizea eta Škocjan leizeak, bigarren hau Gizateriaren ondare izendaturik dago.

Klima

Klima submediterraneoa da kostaldean, alpetarra mendietan eta kontinentala ekialdeko lautada eta haranetan. Batez besteko tenperaturak urtarrileko -2 °C-en eta uztaileko 21 °C-en artean dabiltza. Prezipitazioen batez bestekoa hau da: 1.000 mm kostaldean, 3.500 mm Alpeetan, 800 mm hego-ekialdean eta 1.400 erdialdean.

Historia

Aurre historia

Duela 250.000 urteko giza aztarnak aurkitu dira egindako indusketa arkeologikotan. Ljubljanako paduretan duela 4.500 urte izandako zutabe gaineko etxeen hondarrak ere aurkitu dira. Bertan munduko egurrezko gurpil zaharrena kontsideratzen dena ere jaso da. Burdin Aroan iliriarrek eta zeltiarrek okupatu zituzten Esloveniako lautadak.

Erromatarren garaia

Janez Vajkard Valvasor - Gradnja Emone
Emonaren eraikuntza.

Erromatarrek lurralde hauek konkistatu zituztenean Pannoia eta Noricum probintzien artean gelditu zen, Venetia et Histria (X eskualdean) barnean. Hiru hiri nagusi izan ziren; Emona (Ljubljana), Poetovio (Ptuj) eta Celeia (Celje). Italiatik Pannoniara zihozen errepide militarrek zeharkatu zuten lurraldea. Erromatarren Aroa V eta VI mendeetako hunoen erasoekin bukatu zen.

Eslaviarren kolonizazioa

Badirudi egungo esloveniarren arbaso eslaviarrak gaur Eslovenia den eremura VI. mendean iritsi zirela. VII. mendean, lehen estatu esloveniartzat har daitekeen Karantaniako Dukerria (gaurko Karintia) sortu zen, baina 745 urtean independentzia galdu zuen, Frankoen Inperioaren menpe erortzean. Horren ondorioz, hainbat eslaviarrek fede kristaua besarkatu zuten.

Gutxi gorabehera 1000 urtean, eslovenierazko lehen dokumentua idatzi zen, Freising eskuizkribua: hortaz, latindar alfabetuaz baliatu zen lehen eslaviar hizkuntza da.

Habsburgotarren menpe

Ducatus Carnioliae accuratissima Delineatio per
Habsburgotarren menpeko Karniola dukerria, XVII mendearen hasierako mapa.

Magiarrek inbaditu zuten Eslovenia X–XI. mendeetan. XIV mendean zehar, lurralde gehienak Habsburgoren mende egon ziren, zati txiki bat Veneziako errepublikaren menpe; gerora Austria-Hungariako Inperioa osatuko zuten beste lurraldeekin batera. Esloveniarrak gehienak ziren Karniola, Gorizia eta Gradiscako lurraldeetan, baita ere Istria, Karintia eta Estiriako zati batzuetan ere. Germaniartzea oso sakona izan zen garai hartan.

Austria-Hungariako inperioaren garaian (XIX. mendean), Karniola, Estiria eta Karintiako herrialdeetan banaturik zeuden esloveniar gehienak. Napoleondar gerrekin Iliriako probintzietako estatua sortu zen, Ljubljana haren hiriburu bihurtu zen, eta eslaviera hizkuntza ofizial. 1848an, Eslovenia aske eta batuaren aldeko mugimendua indartu zen, Austrian gertatu zen «Nazioen Udaberri» izeneko mugimenduaren barnean. XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi ziren esloveniarren eta hegoaldeko gainerako eslaviarren arteko harremanak. 1866–1867. urteetan, Esloveniako zati txiki bat Italiaren mende gelditu zen, eta Hungariaren mende beste bat. Vienari lotuak geratu ziren gainerako esloveniarrak.

XX mendea

KongressfallofAH
1918an Eslovenia, Serbia eta Kroazia Erresumaren sorrera.

1918an, Austria-Hungariako Inperioaren gainbeherarekin batera, esloveniar gehienek, kroaziarrek eta serbiarrek Esloveniar, Kroaziar eta Serbiarren Estatua sortu zuten, berehalaxe Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma izango zena. 1929an berriro ere izena aldatu eta Jugoslaviako Erresuma bilakatu zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren parte izan zen Eslovenia.

Independentzia

1980ko hamarkadarako, Esloveniako Errepublika independentziara eramango zuen dinamikan sarturik zegoen. Italiaren eta Austriaren mugan egoteak, eta emaitza ekonomiko bikainek (Jugoslavia ohi osoko biztanleriaren % 8 besterik ez izan arren, Federazio osoko BPGaren heren bat zegokion Esloveniari) mendebaldeko Europarekiko hurbiltasun-sentimendua piztu zuten esloveniarrengan. 1989an sortu zen, oposizioko alderdien artean, Esloveniar Batasun Demokratikoa (DEMOS) izeneko koalizioa, helburuetako bat Jugoslaviaren egitura federala aldatzea eta aniztasun politikoa ezartzea zuena. 1990eko otsailean, Esloveniako komunistak nabarmen aldendu ziren Jugoslaviako Liga Komunistatik. Urte bereko apirilean, DEMOS koalizioak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak eta Milan Kucan Berrikuntza Demokratikoa alderdiko buruzagia (komunista erreformista) hautatu zuten lehendakari. Handik aurrera, Esloveniak geroz eta nabarmenago heldu zion independentziarako bideari. Lehendabizi, Jugoslaviako Federazioa konfederazio bihurtzen saiatu ziren; gero, zuzenketak proposatu zizkioten konstituzioari, eta, azkenean, burujabetza osoa aldarrikatu zuten.

Teritorialci so z armbrustom zadeli tank v križišču pred MMP Rožna Dolina.
Hamar eguneko gerra.

1990eko erreferendumean, biztanleen % 90ek independentziaren aldeko botoa eman zuen. Esloveniako komunikabideak geroz eta haserreago zeuden Jugoslaviako armada federalarekin, eta udalerriek erreklutatze paraleloak antolatu zituzten, lurraldearen defentsarako. 1991ko ekainaren 25ean, Esloveniak eta Kroaziak nork bere independentzia aldarrikatu zuen ofizialki. Jugoslaviako gobernu federalak, Ante Markovic kroaziarra buru zuela, ez zituen aldarrikapen horiek onartu, eta gudaroste federalari esku har zezan agindu zion. Lehen gudaldietako erronka kanpoko mugen kontrola ziurtatzea izan zen. 1991ko ekainaren 28an su-etena adostu zuten hiru hilabeterako. Baina urrian, Esloveniak berretsi egin zuen burujabetza osoaren aldeko borondatea, eta Europar Batasuneko arbitratze-batzordeak aitortu egin zion eskubide hori. Alemaniak urte bereko abenduan onartu zuen Eslovenia nazio independente gisa, eta ondoren, 1992ko urtarrilean, beste hogeita hamar bat herrialdek gauza bera egin zuten, Europar Batasunekoak barne zirela. 1992ko maiatzean sartu zen Eslovenia Nazio Batuen erakundean.

1992ko legebiltzarrerako hauteskundeak kristau demokratek eta demokrata liberalek irabazi zituzten, Janez Drnovšek buru zutela, eta azken horrek gobernu-koalizio bat osatu zuen 1993ko urtarrilean, bera lehen ministro zena. Lehendakaritzari Milan Kucanek eutsi zion. Nazioarteko Diru Funtsean sartu eta Munduko Bankuko kide egin ondoren, 1996ko ekainean, Esloveniak elkartze-hitzarmen bat sinatu zuen Europar Batasunarekin, baina ez zen berretsi 1997ko uztaila arte. Prozesuak, izan ere, atzerapena izan zuen. 1996ko azaroko hauteskundeetan izandako emaitzak zirela-eta, ez zen erraza izan gobernu berria eratzea. Azkenean, 1997ko otsailean, Janez Drnovšek hautatu zuten lehen ministro, Alderdi Demokrata Liberalaren eta Esloveniako Herri Alderdiaren (Europar Batasunean sartzearen aurkakoa) arteko koalizioaren buruan. Azaroan, Milan Kucan aukeratu zuten berriro errepublikako lehendakari. 2004ko martxoaren 29an NATOn sartu zen, eta urte bereko maiatzaren 1ean, Europar Batasunean.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Presidential Palace. Ljubljana
Gobernuaren eta Presidentearen jauregia, Ljubljanan.

1991ko abenduaren 23an onartutako konstituzioan, 18 urtez gorakoen sufragio unibertsala (16 urtetik aurrera eman daiteke botoa, enplegua izanez gero), alderdi anitzeko politika-sistema eta gainerako eskubide formalak jasota geratu ziren (erlijio-askatasuna, prentsa-askatasuna, etab.). Estatuaren burua presidentea da, bost urtetik behin hautatzen dena. Botere betearazlearen buru lehen ministroa eta ministroen kontseilua dira, parlamentuak hautatua. Lehen ministroa Biltzarrak aukeratzen du lau urteko legealdirako, eta Errepublikako lehendakaria hauteskundeetan hautatzen da bost urterako.

Parlamentuak bi ganbera ditu: Asanblada Nazionala (Državni Zbor) eta Kontseilu Nazionala (Državni svet). Asanblada Nazionalak 90 kide ditu, batzuk zuzenean hautatuak eta beste batzuk sistema proportzionalaren bidez (hungariar eta italiar gutxiengoentzako bi eserleku gordetzen dira). Kontseilu Nazionalak 40 eserleku ditu, eta gizarte, ekonomia, lanbide eta beste zenbait arlotako ordezkariek osatzen dute: legeak proposatzea edo Biltzarrean hartutako erabakiren bat berriro aztertzeko eskatzea beste eskumenik ez du. Biltzarreko kideak lau urtez behin hautatzen dira, eta Kontseilukoak bost urtez behin.

15.000 soldadu inguruko armada du, eta beste 85.000 gizon dituzte erreserban. Soldadutza nahitaezkoa da: 18 urterekin hasten da, eta zazpi hilabete irauten du. Europako Kontseiluko eta Nazio Batuetako kide da Eslovenia, eta defentsa-hitzarmenak sinatu ditu Austriarekin eta Hungariarekin.

Banaketa administratiboa

Esloveniako eskulade estatistikoak.

Eslovenia estatu zentralista da, banaketa administratiboa helburu estatistikoetarako soilik dira baliagarri. Estatistikarako lurraldeak hauek dira:

Zkia Izena Populazioa (2014) Azalera Hiri nagusia
1 Karniola Garaia (Gorenjska) 203.938 bizt. 2.137 km² Kranj
2 Gorizia (Goriška) 118.374 bizt. 2.325 km² Nova Gorica
3 Hego-ekialdeko Eslovenia (Jugovzhodna Slovenija) 142.405 bizt. 2.675 km² Novo Mesto
4 Karintia (Koroška) 71.546 bizt. 1.041 km² Slovenj Gradec
5 Karniola Beherea-Kostaldea (Primorsko-notranjska) 52.449 bizt. 2.137 km² Postojna
6 Kostaldea-Karst (Obalno-kraška) 112.848 bizt. 1.044 km² Koper
7 Erdialdeko Eslovenia (Osrednjeslovenska) 546.314 bizt. 2.555 km² Ljubljana
8 Drava (Podravska) 323.328 bizt. 2.170 km² Maribor
9 Mura (Pomurska) 117.165 bizt. 1.337 km² Murska Sobota
10 Savinja (Savinjska) 259.853 bizt. 2.384 km² Celje
11 Sava Beherea (Posavska) 69.958 bizt. 885 km² Krško
12 Erdialdeko Sava (Zasavska) 42.983 bizt. 264 km² Trbovlje

Udalerriak

Eslovenia 193 udalerritan (občine) banatuta dago. Hiriburua eta udalerririk populatuena Ljubljana da, ia 280.000 biztanlerekin (2015an). Beste hiri nagusiak hauek dira: Maribor (ia 100.000 biz.), Celje eta Kranj (37.000 biz.), Velenje, Koper eta Novo Mesto (25.000 biz).

10.000 biztanletik gora, bestela, hauek ditugu: Ptuj, Trbovlje, Kamnik, Nova Gorica, Jesenice, Domžale, Škofja Loka, Izola eta Murska Sobota.

Lurralde historikoak

Esloveniako lurralde tradizionalak (Hasburgotarren garaian finkatu zirenak).

Aintzinako hiru koroetan (Karniola, Estiria eta Goriška) izan zen banaketaren araberakoak dira lurralde tradizionalak:

  • 1) Esloveniako kostaldea (Primorska): Garai bateko Goriška eta Slovenska Istra (Istria Esloveniarra) elkartzetik sortua.
  • 2) Karniola (Kranjska):
    • 2.a) Karniola Garaia (Gorenjska)
    • 2.b) Erdialdeko Karniola (Notranjska)
    • 2.c) Karniola Beherea (Dolenjska)
  • 3) Karintia (Koroška)
  • 4) Estiria (Štajerska)
  • 5) Transmuralandia (Prekmurje)

Lurralde naturalak

Esloveniako lehenengo lurralde naturalen zatiketak Anton Melik geografoak eta Svetozar Ilešič-ek egin zituzten 1936an eta 1968an. Ivan Gams-en zatiketa berrian, lurralde hauek bereizten dira:

  • Alpeak (Visokogorske Alpe),
  • Alpe aurreko muinoak (Predalpsko Hribovje),
  • Ljubljanako lautada (Ljubljanska Kotlina),
  • Azpimediterranearra – Kostaldeko Eslovenia (Submediteranska – primorska Slovenija),
  • Eslovenia barneko karst dinarikoa (Dinarski kras notranje Slovenije),
  • Eslovenia azpipanonikoa (Sobpanonosnka Slovenija).

Demografia

Biztanleria

Esloveniarren erdiak, gutxi gorabehera, hirian bizi dira (Ljubljanan, Mariborren eta Celjen, batik bat) eta gainerakoak lurralde guztian banatutako herri txikietan, horietako asko mendi garaietan. Adinari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 16 dira, 15-64 urte bitartekoak – % 70, eta 65 urtez gorakoak – % 14. Gizonezkoek 71 urteko bizi-itxaropena dute, eta 79koa emakumezkoek. Europako gainerako herrialdeetan bezalatsu, demografia-hazkundea oso txikia da, emankortasun-indizea, izan ere, 1,2 haurrekoa baita emakumeko. Hamabi urteko hezkuntzaldi behartua dute Esloveniako haurrek (lehen mailako hezkuntza, zortzi urtez, eta bigarren mailakoa, lau urtez), eta ikasle gehienek goi-mailako ikasketak egiten dituzte. Goi-hezkuntza ematen duten 27 erakunde dituzte, Ljubljanako Unibertsitatea barne dela. Erlijioen banaketa hau da: katolikoak – % 71, luteranoak – % 1, musulmanak – % 1, ateoak – % 5, beste batzuk – % 22.

Banaketa etnikoa

Esloveniako biztanleen % 91 esloveniar jatorrikoak dira (eslaviar herrietako bat). Badira beste talde etniko batzuetako herritarrak ere (kroaziarrak, serbiarrak), baina gutxi dira. Gainera, 1990 aldera, Bosnia-Herzegovinako gerratik ihesi joandako 60.000 iheslari Eslovenian babestu ziren.

Horrela beraz Eslovenian bizi diren talde etniko nagusiak hauek dira: esloveniarrak (% 89); kroaziar, bosniar, serbiar eta Jugoslavia ohiko bestelako taldeak (% 10); eta hungariar eta italiar gutxiengoak (% 0,5).

Hizkuntzak

Hizkuntza ofiziala esloveniera da, hegoaldeko hizkuntza eslaviarren taldekoa. Hungarierak eta italierak estatus ofiziala dute Hungaria eta Italiako mugen ondoko lurraldetan.

Beste eslaviar kultura batzuek ez bezala, Italiako, Alemaniako eta Austriako kulturen eragin handia jaso dute esloveniarrek mila urtez baino gehiagoz. Hori dela eta, 70 urte inguruz Jugoslavia osatzen zuten errepubliketako bat izan bada ere, esloveniar kulturak parekotasun handiak ditu Alemaniako eta Italiako kulturekin. Esloveniera, esate baterako, latin alfabetoz idazten da, eta ez, serbiera eta eslaviar hizkuntza gehienak bezala, alfabeto zirilikoz.

Hiri nagusiak

2015eko erroldaren datuak dira[3].

# Hiria Populazioa
1 Ljubljana 278.789 bizt.
2 Maribor 95.881 bizt.
3 Celje 37.540 bizt.
4 Kranj 37.373 bizt.
5 Koper 25.459 bizt.
6 Velenje 25.122 bizt.
7 Novo Mesto 23.317 bizt.
8 Ptuj 17.810 bizt.
9 Trbovlje 14.165 bizt.
10 Kamnik 13.803 bizt.

Ekonomia

BTC City panorama
BTC City, Ljubljanako merkatal zentrua.

Esloveniako ekonomia, bere testuingururako, aski aberatsa da, Europar Batasuneko kide berrien artean biztanleko BPGrik altuena baitu. Inflazio-tasa nahiko altua izan da azken urteotan, eta hazkunde ekonomikoak goranzko joera duela dirudi. Oro har, herrialdeak ekonomia sendoa du. 2007ko urtarrilaren 1ean, euroa hartu zuen errepublikak.

Independentzia eskuratu aurretik, Eslovenia zen Jugoslaviako errepublikarik oparoena. 1990etik hona agintean egon diren gobernuen ahaleginei, azpiegitura sendoei eta eskulan gaituari esker, Esloveniako ekonomia berehala hasi zen Bosnia-Herzegovinako gerrak eragin zizkion galerak gainditzen. Industria-ekoizpena, esate baterako, % 4,7 hazi zen 1993an eta langabezia-tasa % 7raino jaitsi zen 1997an. Esloveniako BPGaren % 35 industriari dagokio. Errepublikako industria garrantzizkoenak elektronika, makina elektrikoak, metalurgia eta motordun ibilgailuak dira. Kontuan hartzekoak dira, orobat, mea-aberastasunak: burdina Kranjen, merkurioa Idrijan, petrolioa Lendavan eta lignitoa Trbovljen, eta baita beruna, zinka, uranioa eta zilarra ere.

Nekazaritzari, aldiz, BPGaren % 5 baizik ez dagokio. Behealdeko soroak laboretarako egokiak diren arren, Esloveniako nekazaritzako jarduera nagusiak (ez da ahaztu behar herrialde menditsua dela, eta lurjabe txikiak direla nekazari gehienak) abere-hazkuntza eta basogintza dira (lurraldearen erdia basoz estalita dago). Abere-hazkuntzaren barruan, esne-produkziorako eta haragitarako behi-azienda da garrantzitsuena, baina ardiak eta oiloak ere hazten dituzte. Nekazaritza-produktuei dagokienez, artoa, patata, garia, lupulua, azukre-erremolatxa eta mahatsa dira garrantzizkoenak.

Merkataritza-harreman garrantzitsuenak Alemaniarekin, Kroaziarekin, Italiarekin, Frantziarekin, Austriarekin eta Estatu Batuekin ditu. Esportazioen artean aipatzekoak dira lehengaiak, produktu erdilanduak, makineria, motor elektrikoak, janari prozesatuak, ehunkiak, botika eta kosmetika-produktuak. 1993an sartu zen Eslovenia Nazioarteko Diru Funtsean. Hainbat ekonomia-harreman berri ere egin zituen garaitsu hartan, lehen etendakoak (Italia, Austria) berrezartzeaz gainera: Iran, Txina, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereekin ezarri zituenak, esate baterako. Europar Batasunarekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatua du. Diru-sarrera garrantzizkoa da turismoa Esloveniarentzat, estimazio handiko parajeak baititu Bled aintziraren inguruetan eta mendietan (neguko kirolak).

Lukakoper
Koperreko kaia.

Esloveniak garraio-sare bikaina du. 15.000 km inguruko errepide-sarea ez ezik, hiri handi guztiak trenbidez komunikaturik daude. Hain zuzen ere, Esloveniaren ekonomia-eragile handienetako bat dagoen lekuan egotea izan da, Europako erdialdeko herrialdeen eta Mediterraneoaren artean baitago. Esandakoaren harira, garrantzi ikaragarria izan du eskualdearen garapenerako 1847tik abian dagoen Viena-Maribor-Ljubljana-Trieste burdinbideak. Hiru aireportu handi eta Koperreko portua ere badu, Itsaso Adriatikoan.

Erregimen sozialista izan duten herrialde gehienek ez bezala, Esloveniak hirugarren sektore modernoa eta eraginkorra garatzen jakin izan du (BPGaren % 60). 1991ko ekainaren 25ean independentzia eskuratu ostean, ekonomia-trantsizio motel baina zuhur bati ekin zion Esloveniak, eta langabezia-tasa txikiari, maila oneko soldatei eta inflazio moderatuari eusten saiatu da geroztik. Pribatizazio-legea 1993an sartu zen indarrean. Esloveniaren ingurumen-arazo nagusiak hauek dira: Sava ibaiaren kutsadura, etxeetako eta industrietako ur zikinek eragindakoa; itsasertzeko uren kutsadura, metal astunak eta ekoizkin kimiko toxikoak direla-eta; Koper inguruko basoetan euri azidoak eragindako kalteak (metalurgiak eta industria kimikoak eragindako kutsadura atmosferikoaren ondorioz).

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Kultura

Slavoj Zizek in Liverpool cropped
Slavoj Žižek esloveniar filosofoa.

Literatura

Primož Trubar erreformatzaile protestanteak idatzi eta 1550ean argitaratu ziren Catechismus eta “Abecedarium” dira eslovenierazko lehen argitalpenak. Bi autore nagusiak France Prešeren (1800–1849) poeta eta Ivan Cankar (1876–1918) idazleak dira.

Boris Pahor, kontzentrazio-esparruetan izan zena, idazle ezagunenetakoa bihurtu zen, Italiako faxismoari eta Titoren komunismoari aurre egin baitzion.

Liburuen merkatuak ere garrantzi handia du eta Esloveniako liburu azoka egiteaz gain, atzerriko liburuekin Frankfurt after Frankfurt azoka ere egiten da.

Margolaritza eta arkitektura

Ivana Kobilca eta Rihard Jakopič inpresionistak dira garrantzitsuenak, bai eta Anton Ažbe errealista ere. Arkitekturan, Jože Plečnik da adierazgarriena. Museoei dagokienez Ljubljanan dagoen Esloveniako Arte Galeria Nazionala aipatu behar da, bai eta Ljubljanako Arte Modernoaren museoa ere.

Musika

Musikari dagokionez, Jacobus Gallus (1550–1591) Errenazimentuko konpositoreak Europako erdialdeko musika klasikoan eragin handia izan zuen; XX. mendean, Bojan Adamič musikagilea nabarmentzekoa da (filmetarako musika).

Ljublianako udako jaialdia eta Lent jaialdia dira herrialdeko ekintza kultural garrantzitsuenetakoak.

Zinema

Historiako aktore ezagunena Ita Rina (1907–1979) izan zen, Europako filmeetan ere lan egin zuena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Polde Bibič-ek Eslovenia barnean sona handia hartu zuen. Zine zuzendariak ugari izan dira eta Esloveniako Zinemagintzaren Pizkundea osatu izan dute.

Kirolak

Tina Maze with Olympic silver medal 2010
Tina Maze eskiatzailea.

Esloveniarrek kirol desberdin ugari praktikatzen dituzte. Ohiko saskibaloi, futbol eta eskubaloiaz gain neguko kirolek indar handia dute.

Saskibaloia

Saskibaloi talde nazionala 12 aldiz sailkatu da EuroBasketa jokatzeko, 2009ko laugarren postua lortu zuen eta emaitzarik onena 2017an, txapeldunak izan zirenean. 2013an, bestela, bera izan zen txapelketaren antolatzailea. 1970ean Munduko Saskibaloi Txapelketa ere antolatu zuen. Hainbat jokalari esloveniarrek nazioarteko sona izan dute eta NBAn jokatzera ere iritsi dira Radoslav Nesterović, Goran Dragić, Zoran Dragić eta Luka Doncić.

Herrialdeko talderik onena Union Olimpija da, Esloveniako 16 liga eta 20 kopa lortzeaz gain (2018 arte kontuan hartuta), Jugoslaviako sei liga ere eskuratu zituen.

Futbola

Selekzio nazionala bi aldiz sailkatu da Munduko Futbol Txapelketarako eta beste behin Europakorako baina emaitzak ez dira onak izan. Historiako jokalari onenak Branko Oblak eta Zlatko Zahovič dira. Herrialdeko talderik onena NK Maribor da, eta berakin batera NK Olimpija Ljubljana eta ND Gorica ere indartsuak dira. Europa mailako txapelketatan ordea ez dute emaitza aipagarririk lortu.

Eskubaloia

Eskubaloiak ere arrakasta badu Eslovenian. RK Celje taldeak irabazi ditu Esloveniako liga gehienak, bai eta EHF Txapeldunen Liga eta Europako Superkopa bana ere.

Neguko kirolak

Izotz-hockeyaren selekzio nazionalak zazpi aldiz jokatu du Munduko txapelketa. Anže Kopitar munduko jokalari onenetakoa da eta Estatu Batuetako ligan ari da jokatzen.

Tina Maze eskiatzaileak 2012-13 sasoiko Munduko kopa irabazi zuen eta bitan izan da Joko Olinpikoetako urrezko dominaren irabazlea. Mateja Svet eta Bojan Križaj ere eskiatzaile ezagunak dira. Primož Peterka saltatzaileak birritan irabazi du munduko jauzi txapelketa.

Joko olinpikoak

Esloveniar kirolariek 22 domina eskuratu dituzte, hauetatik 3 urrezkoak, eta Joko paralinpikoetan beste 19 domina ere bai.

Nazioarteko errekonozimenduak

UNESCOk hiru eremu izendatu ditu Eslovenian Gizateriaren Ondare:

Europar Batasunak berriz Maribor 2012ko Europako kultura-hiriburu izendatu zuen eta Ljubljana 2016an Europako Hiriburu Berdea izango da.

Iruditegia

Hiriburua

Stolnica-Ljubljana

Ljubljanako katedrala eta gazteluaren muinoa

Ljubljanica 01

Ljubljanica ibaia (Ljubljana)

Hiriak eta herriak

Gizateriaren Ondarea

Gaztelu eta jauregiak

Natura

Triglav

Triglav mendia (2.864 m).

Karavanke1

Karavanke mendilerroa.

Esloveniar ezagunak

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. Slovenski pravopis 2001: Slovenija.
  3. www.citypopulation.de

Kanpo estekak

.si

.si Esloveniari dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da. ARNESek (Academic and Research Network of Slovenia) kudeatzen du.

Adriatikoa

Adriatikoa edo Itsaso Adriatikoa Mediterraneoaren beso bat da, Italiar penintsula Balkanetako penintsulatik bereizten duena, eta Apeninoen mendilerroa Alpe Dinarikoen mendilerrotik. Hegoaldean Itsaso Jonikoarekin muga egiten du, bien arteko muga Otrantoko itsasartea delarik

132.000 km2-ko azalera du, 200 km-ko zabalera maximoa (mendebaldetik ekialdera), eta 800 km-ko luzera maximoa (iparraldetik hegoaldera). Batez beste 240 metro sakon da, eta sakonera maximoa 1.222 metrokoa du.

Mendebaldeko itsasbazterrean Italia dago, eta ekialdekoan Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro eta Albania.

Portu nagusiak, garraiatutako tonen eta bidaiarien kopuruari dagokionez, Venezia, Split, Rijeka, Ancona, Bari, Brindisi, Ploče, Durres, Ravenna eta Trieste dira.

Bertan itsasoratzen dira Po, Soča (Isonzo), Krka, Neretva, Drin, Bojana eta Vjosë ibaiak.

Bahrain–Merida Pro Cycling Team

Bahrain–Merida Pro Cycling Team (UCI kodea: TBM) bahraindar txirrindulari-taldea da, UCI ProTeam mailan aritzen dena. Bahrainen sortua, Gorazd Stangelj, Mario Chiesa eta Philippe Mauduit ditu kirol-zuzendariak.

Balkanak

Balkanak edo Balkanetako penintsula, Europako hego-ekialdeko eskualde historiko eta geografikoa. Azalera 728.000 km² inguru da, eta 53 milioi biztanle ditu.

Danubio ibaiak eta haren adar Savak iparraldetik mugatzen dute, eta Adriatikoak, Mediterraneoak eta Itsaso Beltzak inguratzen dute gainerako aldeetatik. Otrantoko kanalak bereizten du Italiatik; Dardanelo eta Bosforo itsasarteek Asia Txikitik.

Hiru mendilerrok zeharkatzen dute Balkanetako penintsula: Dinariar Alpeak Albania eta Peloponesoko mendietatik luzatzen dira Mediterraneoraino; Balkanak ipar-ekialdean hedatzen dira eta Rodope mendiak Ipar Mazedoniaren iparraldean.

Eskualdean estatu hauek daude:

Albania

Bosnia-Herzegovina

Bulgaria

Grezia

Kosovo

Ipar Mazedoniako Errepublika

MontenegroLurraldearen gehiena Balkanetan duten estatuak:

Kroazia

SerbiaLurraldearen zati txikiak soilik dituzte Balkanetan:

Eslovenia

Italia (Trieste eta Goriziako zati bat.

Errumaniako Dobruja Iparraldea eskualdea.

Turkiako Traziako ekialdea.

Bosniako

Bosniakoak (serbokroazieraz Bošnjaci) eslaviar etnia bat dira, hegoaldeko eslaviarren azpitaldekoa.

Gehienbat Bosnia-Herzegovinan bizi dira, eta lurralde horrekin zuzeneko lotura historikoa dute. Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako erroldan "musulman nazionalitatea" eman zitzaion baina 1990eko hamarkadatik aurrera eta Bosnia-Herzegovinako independentziarekin eskualdean fededunak izan ala ez tradizio musulmana duten eslaviarrek "bosniako" izendapena lehenetsi dute. Bosnia-Herzegovinaz gain Serbia eta Montenegron ere bizi dira, batez ere bien artean banatuta dagoen Sandžak aldean; Jugoslavia zaharreko beste eremuetan (Kosovo, Kroazia, Eslovenia) ere topatzen dira eta bai arrazoi ekonomikoengatik bai Bosniako gerragatik Europar Batasunean (bereziki Alemanian), Ipar Amerikan edota Australian ere jatorri bosniakoa duten ganorazko jende taldeak daude.

Bosnia-Herzegovinan bertan gerrako garbiketa etnikoak asko murriztu zuen bere zabalpena eta gaur egun oso gutxi dira Bosniako Serbiar Errepublikan bizi direnak.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Erdialdeko Eslovenia eskualde estatistikoa

Erdialdeko Eslovenia eskualde estatistikoa (eslovenieraz: Osrednjeslovenska statistična regija) Esloveniako eskualde estatistikoa da, bertan dago herrialdeko hiriburua den Ljubljana

Esloveniako bandera

Esloveniako bandera neurri bereko hiru errenkadaz osatuta dago: zuria, urdina eta gorria. Goi-ezkerraldean, errenkada zuri eta urdinaren artean, Esloveniako armarria dauka.

1991 urteko ekainaren 24an bandera ofiziala deklaratu zen Esloveniako asanbladan, eta lehenengo aldiz Ljubljanan erabili zen, 1991ko ekainaren 26an, Esloveniako independentzia adierazi eta biharamunean.

Armarrian, Triglav mendiaren marrazki bat dago, Esloveniako gailurrik garaiena, zuriz, hondo urdinarekin; azpian, itsaso Adriatikoa eta Esloveniako ibaiak adierazten dituzten bi marra urdin ondulatu daude. Urre-koloreko sei puntako hiru izar ere ikus daitezke, alderantzizko izar bat osatuz, Celje-ko kondeen (Grofje Celjski), armarritik hartutakoak, XIV. eta XV. mendeetako dinastiako etxekoak.

Esloveniako futbol selekzio nazionala

Esloveniako futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Lau hiri nagusitan jokatzen ditu etxeko partidak, Ljubljana hiriburuan, Mariborren, Celjen eta Koperren.

Esloveniaren banaketa administratiboa

Eslovenia administratiboki udalerritan (občine - singularrean občina) banatzen da soilik. Herrialde osoan hizkuntza ofiziala esloveniera da. Dobrovnik, Hodoš eta Lendavan bigarren hizkuntza ofiziala hungariera da. Izola, Koper eta Piranen italiera da bigarren hizkuntza ofiziala.

Esloveniera

Esloveniera (Slovenski jezik edo slovenščina) batez ere Eslovenian hitz egiten den eslaviar taldeko hizkuntza da (hego-mendebaldekoa hain zuzen, serbokroazierarekin senidetuta). Esloveniako hizkuntza ofiziala da; halaber, Italia (Friuli-Venezia Giulian), Austria (Karintian) eta Hungariako hainbat herri mugakidetan hitz egiten da.

Lehenengo mintzaira da 1,85 milioi pertsona ingururentzat, eta Europar Batasunaren 24 lan-hizkuntza ofizialen artean dago.

Euro

Euroa (EUR edo €) Europar Batasuneko hogeitazazpiko, hamasei estatuen diru ofiziala da. EBko estatu ez diren Andorra, San Marino, Vatikano Hiria, Monako eta Montenegron ere diru ofiziala da euroa. Bosnia eta Bulgarian ere, ofiziala ez bada ere, euroa erabiltzen da.

Europar Batasuneko herrialde guztietan ez da ezarri euroa legezko erabilerako monetatzat; batzuetan, nahi izan ez dutelako, eta, beste batzuetan, ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako.

Euroa duten estatuen guneari "Eurogunea" deritzo, hau da, Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Malta, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal eta Zipre osatzen duten eremua.

Hego-ekialdeko Eslovenia eskualde estatistikoa

Hego-ekialdeko Eslovenia eskualde estatistikoa (eslovenieraz: Jugovzhodna Slovenija statistična regija) Eslovenia hegoaldeko eskualde estatistikoa da, eskualde guztien artean handiena. Kroaziarekin egiten du muga. Gobernurik eta administraziorik ez dauka.

Isonzo

Isonzo edo Soča (friulieraz: Lusinç; antzinako alemanez: Sontig; latinez: Aesontius edo Isontius) mendebaldeko Eslovenia eta ipar-ekialdeko Italia zeharkatzen dituen ibaia da. Alpetar ibai honek Bovec, Kobarid, Tolmin, Kanal ob Soči, Nova Gorica, Gorizia eta Monfalcone hiriak zeharkatzen ditu, Adriatikoan itsasoratu baino lehen.

Lehen ministro

Lehen ministroa sistema parlamentarioa duten Estatu batzuetan gobernuburutzat diharduen ministroa da.

Sava

Sava (bosnieraz, kroazieraz, eslovenieraz: Sava; serbieraz: Сава, Sava; alemanieraz: Save, Sau; hungarieraz: Száva) Europako ibairik nagusienetako bat eta Danubioren ibaiadar handienetako bat da, 990 kmko luzera eta 97.713 km²ko arroa dituena. Ibaiak Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Serbia zeharkatzen ditu.

UEFA

UEFA edo Union of European Futbol Associations (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) Europako futbol elkarte nazionalen konfederazioa da. Kontinente horretako futbol erakunde nagusia da, eta FIFA osatzen duten sei konfederazioetako bat da. Egoitza nagusia Nyonen (Suitza) dauka.

Gaur egun, Aleksander Čeferin da presidentea, 2016an ordeztu zuen hordurarte postu hori zuen Michel Platini.

Europako herrialdeak
Europako bandera Europar Batasuneko estatu kideak Europako bandera

AlemaniaAustriaBelgikaBulgariaDanimarkaErresuma BatuaErrumaniaEslovakia • Eslovenia • EspainiaEstoniaFinlandiaFrantziaGreziaHerbehereakHungariaIrlandako ErrepublikaItaliaKroaziaLetoniaLituaniaLuxenburgoMaltaPoloniaPortugalTxekiar ErrepublikaSuediaZipre

Sartzeko negoziatzen ari direnak: Turkia · Ipar Mazedonia

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.