Errumania

Errumania[1] (errumanieraz: România, romɨˈni.a ahoskatua) Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Mendebaldean Hungaria eta Serbiarekin du muga, iparraldean Ukrainarekin, ipar-ekialdean Moldavia eta Ukrainarekin, ekialdean Itsaso Beltzarekin, eta hegoaldean Bulgariarekin. 238.391 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2011n 20 milioi biztanle baino gehiago zituen. 2007tik, Europar Batasuneko kidea da. Bukarest da hiriburua eta hiri nagusia.

Izenak eta hizkuntzak adierazten dutenez, gaurko Errumaniaren eremua Erromatar Inperioaren parte izan zen, eta orduz geroztik historia luzekoa izan da. Errumaniar lurraldea behin baino gehiagotan beretu dute hungariarrek, turkiarrek eta errusiarrek, eta Lehen Mundu Gerraren ondotik da egungo estatu bateratua. Herrialde komunista izan zen berrogei urte baino gehiagoan, eta erregimen mota hori utzi zuen Europako azken herrialdea izan zen.

Errumania
România
Errumaniako bandera Errumaniako armarria
Bandera Armarria
Ereserkia: Deşteaptă-te, române! (Esnatu, errumaniar!)
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Bukarest
Hizkuntza ofiziala(k) Errumaniera1
Herritarra errumaniar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Klaus Iohannis
 -  Lehen ministroa Ludovic Orban
Independentzia Otomandar Inperiotik
 -  Adierazia 1877ko maiatzak 9 
 -  Onartua 1878 
Azalera
 -  Guztira 238,391 km2 (82.)
 -  Ura (%) 3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2015[2]) 19.511.000 (59.)
 -  2011[3] errolda 20.121.641
 -  Dentsitatea 84,4 bizt./km2 (117.)
Dirua Leu (RON)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 40
Internet domeinua ro
2 Hungariera, alemana, turkiera, Krimeako tatarera, greziera, romani, kroaziera, mazedoniera, ukrainera eta serbiera hainbat tokitan udal mailan ofizialak dira.

Geografia

Errumania hego-ekialdeko Europan dago, 43° eta 49° N latitudeen, eta 20° eta 30°E longitudeen artean. 238.391 kilometro koadroko eremuarekin eskualdeko estatu handiena eta Europa osoko hamabigarrena da. Ukraina du iparraldean; Hungaria eta Serbia mendebaldean; Moldavia eta Itsaso Beltza ekialdean; eta Bulgaria hegoaldean

Erliebea

Physical map of Romania
Errumaniako mapa topografikoa

Ipar hego-mendebalde norabideko arku bat eratuz zabaltzen diren Karpato mendiek osatzen dute Errumaniako ardatza. Haien mendebaldean, ekialdean eta hegoaldean zabaltzen dira Errumaniako Herbehereak, Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren ertzetan. Bukovinako eta Maramuresko mendiak daude iparraldean. Handik hegoaldera, Ekialdeko Karpatoak (Pietrosul, 2.305 metro) hedatzen dira. Errumaniako erdialdean, Serbia aldera bihurtzen dira mendiak, Danubio ibaiaren lerro berean: Hegoaldeko Karpatoak edo Transilvaniako Alpeak dira; bertan daude Errumaniako mendi gorenak (Moldoveanu, 2.544 metro).

Karpatoen mendebaldean zabaltzen da Transilvaniako goi-ordokia, Bihorko mendien ondoan. Hauek dira Errumaniako ordoki zabalenak: Banat, eta Errumaniaren barnean dagoen Hungariako Ordoki Handiaren zatia, mendebaldean; Valakiako ordoki handia, Errumaniako hegoaldean (Oltenia, Muntenia eta Bărăgan) eta Siret eta Prut ibaien artean luzatzen den Moldaviako ordokia, Errumaniako ekialdean. Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren artean zabaltzen dira Dobrujako herbeherea eta Danubioren deltaren inguruko lurraldeak.

Hidrografia

Danubio da Errumaniako ibai nagusia; Serbia eta Bulgariarekiko muga osatzen du kilometro askotan, hegoaldetik, eta delta handi ederra Itsaso Beltzaren bokalean. Gainerako ibaia nagusiak Danubioren adarrak dira eta ipar-hegoalde zeharkatzen dute Errumania osoa; Mureș, Olt, Prut, Siret, Ialomița, Someș eta Argeș dira garrantzitsuenak.

Klima

Errumaniak klima kontinentala du, lau urtarorekin. Urteko batez besteko tenperatura 8 eta 11 °C artekoa da. Bukaresten, urtarrileko batez bestekoa -3 °C da, eta uztailekoa 23 °C. Prezipitazioa gutxituz doa mendebaldetik ekialdera, eta mendietatik ordokietara: 1.010 milimetro urtean zenbait mendigunetan, 635 milimetro erdialdeko Transilvanian, 521 milimetro Iașin, 381 milimetro besterik ez Konstantzan, Itsaso Beltzaren ertzean[4].

Moldoveanu-from-vistea

Moldoveanu, 2.544 metro

Județul Călărași, România

Bărăgan ordokia

Claie de fân Borșa

Rodna mendigunea, iparraldeko Errumanian

Historia

Antzin Aroa

Homo Sapiens espezieko kide baten arrastorik zaharrena, 42.000 urtekoa, Europan Errumaniako leizezulo batean aurkitu zuten. Europan sartzen lehenak izan zitezkeen.

Egungo Errumaniari buruzko idatzitako arrastorik zaharrena Herodotok idatzia da, K. a. 513an. Haren liburu baten arabera, Dario I.a Handia persiar enperadoreak geta izeneko tribua garaitu zuen[5]. Nolanahi ere, daziarrak ziren Antzinatean eremu horretan bizi ziren herri garrantzitsuena. Daziar erresuma erpinera K. a. 82 inguruan iritsi zen, Burebista erregearen agintaldian. Erromatarren jomugan jarri zen erresuma hori K. o. 87an, Mesia probintzia erromatarra erasotutakoan. Azkenean, 101-106 bitartean, bi kanpainiatan, Trajanok garaitu zituen daziarrak[6], haren lurraldea Dazia probintzia bihurtuta.

Urrea eta zilarra ugari izanik[7], erromatarrek sakonki kolonizatu zuten Dazia. Haiekin batera, latin arrunta eraman zuten, erromanizazio prozesu sakonari hasiera emanez (honela proto-errumaniera sortu zen). Alabaina, III. mendetik aurrera, hainbat herriren inbasioarekin, godoena esaterako, Erromatar Inperioak Dazia bertan behera utzi behar izan zuen 271 inguruan, utzi zuen lehendabiziko probintzia hain zuzen ere.

Erdi Aroa

Erromak alde egindakoan, godoek hartu zuten Dazia. Bertakoekin bizi izan ziren, IV. mendean hunoak iritsi arte. Ondoren, gepidoak, abaroak, eslaviarrak eta beste herri batzuk igaro ziren oldeka Errumaniatik. Daziako laborariak, erromatarrak eta erromatartuak, Karpatoetako mendietan babestu ziren, eta gorde zituzten beren ohitura eta hizkuntza latinoak. Bulgariarrek inbadituta, XI. mendera arte haien mendean egon zen.

X-XIII. mendeetan sortu ziren egungo Errumaniako lehen printzerriak: Valakia (errumanieraz: Ţara Românească -errumaniar lurraldea-), Moldavia (errumanieraz: Moldova) eta Transilvania. Erlijioa kristau ortodoxoa zen eta hizkuntza latinoa. XIII. mendean, Transilvaniaz jabetu ziren hungariarrak eta bertako jende askok jo zuen Valakia eta Moldavia aldera. XIV. mendean moldatu ziren egungo Errumaniako hiru lurralde nagusiak: Transilvania, Valakia eta Moldavia.

Roemenië 1600
Errumania osatu zuten hiru printzerriak 1600an.
  • Moldaviako Printzerriak Eztebe III.aren agintaldian, 1457-1504 bitartean, ezagutu zuen garairik loriatsuena. Buru militar arrakastatsua, garaipen bakoitzaren ostean eliza edo monasterio bat eraikitzen zuen[9]. Otomandarrak geldiarazi ahal izan bazituen ere, bere heriotzaren ondoren, XVI. mendean zehar, Inperioak Moldavia ere bereganatu zuen.

Mikel Ausarta (errumanieraz: Mihai Viteazul) Valakiako (1593-1601), Transilvaniako (1599-1600) eta Moldaviako (1600) printzea izan zen. Laburki bazen ere, haren agintaldian batu egin ziren lehen aldiz hiru errumaniar printzerriak. Beti ere, turkiarrak nagusi egon ziren XVII. mendearen bukaera arte. Garai hartan sendotu zen Errumaniaren aldeko abertzaletasuna.

Independentzia eta monarkia

Transilvanian Austro-Hungariar aginteak eta Valakian eta Moldavian otomandar subiranotasunak zirautenen bitartean, errumaniar gehienak bigarren mailako herritarrak ziren, populazioaren gehiengoa izanda ere. XVIII. mendearen bukaeran indartu zen Errumaniako abertzaletasuna: Eliza ortodoxoak sustatzen zuen eslavieratik urrundu eta errumanieraren alde hasi ziren lanean. Politikari dagokionez, inguruko estatuek gutiziatzen zuten lurraldea zen Errumania: austriarrak Bukovinaz jabetu ziren 1775. urtean eta errusiarrak Besarabia eta Moldaviako zati handi batez 1812an.

Peles Castle
Peleș gaztelua, Karlos I.aren egoitza.

1845ean bertako printzeak gobernari izateko eskubidea eskuratu zuten errumaniarrek. 1848ko iraultzek eragina izan zuten Errumanian ere. Urte horretan, Errumaniaren independentziaren alde altxatu zen herria, burgesia abertzalea gidari zuela, baina gogor zapaldu zuten saio hura errusiarrek eta turkiarrek. Nolanahi ere, 1859an, hautatzaileek bai Moldavian bai Valakian pertsona bera, Alexandro Joan Cuza, aukeratu zuten printze (errumanieraz: domnitor). Horrela, Errumania sortu zen batasun pertsonal gisa, nahiz eta Transilvania bere baitan ez hartu. Beti ere, errumaniar nazionalismoa areagotu zen Hungariaren aurrean, aristokrazia eta goiko klasea hungariarrak baitziren.

Cuza kanporatuta zuten 1866an, estatu-kolpe bat zela-eta. Haren ordez, Karl Hohenzollern-Sigmaringen bihurtu zen printze. Honek Erdialdeko Europako estatuei begira jarri zuen herrialdea, eta guztiz neurri gogorrak bideratu zituen langile eta nekazarien aurka. Errusia-Turkia Gerran, Errumania errusiarren alde borrokatu zen eta, 1878ko Berlingo Itunarekin, Errumania estatu independentetzat jo zuten Europako botere nagusiek. Trukean, Errumaniak Besarabiako hegoaldeko eskualdeak Errusiari eman behar izan zizkion, Dobruja bereganatu arren. 1881ean, printzerria erresuma bihurtu zen. Hitzarmen bat sinatu zuten, urte berean, Errumaniak, Austriak eta Alemaniak, Errusiaren erasoei aurre egiteko (Italiak izenpetu zuen 1888an). 1912. urtean, ordea, hitzarmen hura hautsia zen. 1913an, Balkanetako Bigarren Gerran, Grezia, Serbia, Montenegro eta Turkiarekin bat egin zuen, Bulgariaren aurka. Bukaresteko Itunarekin, Hegoaldeko Dobruja jaso zuen Errumaniak.

Mundu Gerrak eta Errumania Handia

RomaniaBorderHistoryAnnimation 1859-2010
Errumaniaren lurralde eremuaren aldaketak, 1859tik gaur egun arte.

Lehen Mundu Gerra piztean, 1914an, neutraltzat jo zuen bere burua Errumaniak. Bi urte geroago, aliatuekin egin zuen bat Frantziak fronte berri bat ireki nahi baitzuen. Austria-Hungariari gerra deklaratu zion batasun nazionala bermatuko zen aginduarekin. Hala ere, Austria-Alemaniako eta Bulgariako armadek Errumaniako bi heren hartu eta oso egoera larrian geratu zen, gosete eta izurrite handiak eragin baitzituen gerrak.

Aliatuen garaipenaren ondoren, Besarabia, Bukovina, Transilvania eta Banateko lurraldeak berreskuratu zituen Errumaniak. 1920ko Trianongo Itunaren bidez, Hungariak Transilvaniako aldarrikapen orori muzin egin zion. Errumania Handia (România Mare errumanieraz) gerren arteko garaiko estatuari esaten zaio, historiako hedapen handiena lortu baitzuen. Urte latzak izan ziren, zailtasun ekonomikoek faxismoa ekarri zuten-eta, Burdinazko Goardia alderdi faxistaren ildoan, Alemania Naziaren eraginpean geratu zen Errumania. Karlos II.ak diktadura ezarri zuen 1938an.

Bigarren Mundu Gerran, Errumania neutral izaten saiatu zen. Moskuren eta Berlinen presiopean, errumaniar administrazioak eta armadak Besarabia eta Ipar Bukovina utzi behar izan zituzten gerra saihesteko. Beste eskualde batzuk galdu ostean, Karlos II.ak abdikatu zuen 1940an. Ion Antonescu faxistaren legionarioek hartu zuten boterea. Ardatzaren alde eginda, Alemaniarentzat petrolio hornitzaile nagusiena izan zen Errumania.

1944ko abuztuan, Armada Gorria Errumanian sartu zenean, Migel I.a erregeak Antonescu atxilotzeko agindu zuen, eta herrialdea Aliatuen aldera lerratu zen; baina Hirugarren Reicha garaitzeko ahalegina ez zuten aintzakotzat hartu 1947ko Parisko Bake Konferentzian. Armada Gorria de facto-ko boterea izanik, Migel I.ak sozialistak eta komunistak onartu behar izan zituen gobernuan. Gerraren ondoren Transilvania berreskuratu zuen Errumaniak.

Komunismoaren garaia

1947an Migel I.a erregeak kargua utzi eta herrialdetik alde egin zuen, eta Errepublika Sozialista bilakatu zen Errumania 1948an, Sobietar Batasunaren kontrol militar eta ekonomiko zuzenarekin. 1955ean, Varsoviako Itunaren barruan sartu zen. 1961ean, nolabaiteko independentzia lortu zuen Sobietar Batasunaren agintetik. 1967an, Nicolae Ceaușescu, Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia, izendatu zuten Estatuko Kontseilu Goreneko Lehendakari. 1968an, Errumania izan zen Varsoviako Ituneko herrialde bakarra Txekoslovakiako inbasioaren kontra agertu zena. Horrezaz gainera, Sei Eguneko Gerraren ondoren segitu zuen Israelekin harreman diplomatikoak izaten, eta Mendebaldeko Alemaniarekin hitzarmen diplomatikoak eta ekonomikoak jarri zituen abian[10].

1974an, Errumaniako lehendakaritza, hilabete bat lehenago sorturiko kargua, hartu zuen Ceaușescuk. 1970eko hamarkadatik aurrera, zorra handitu zen eta, kitatu ahal izateko, ekonomia eta hiritarrak txirotu zituen politika jarri zuen abian Ceauşescuk. Polizia estatua areagoturik eta haren buruaren gurtza bultzaturik, Ceauşescuren ospeak behera egin zuen. Matxinadak sortu ziren, eta 1989ko abenduan manifestazio handiak izan ziren nonahi. Gobernuak gogor erantzun zien manifestazioei eta, zapalkuntza horren ondorioz, hildako asko izan ziren Timisoaran. Armada ere gobernuaren kontra jarri zen. Ceaușescu eta haren emaztea atxilotu eta hil egin zituzten. Alderdi komunista agintetik kendu eta hauteskundeetarako deia zabaldu zen.

Egungo demokrazia

1989. urtearen bukaeran izan ziren gobernuaren aurkako matxinada gogorren ondoren, zeinetan hiritar asko hil zen, Nicolae Ceaușescu eta emaztea 1989ko abenduaren 25ean fusilatu zituztelarik, Nazio Osasunerako Fronte batek hartu zuen aginpidea, erregimen politiko askotarikoa eta demokratikoa bideratzeko helburuaz. Frontea behin-behineko egitura moduan aurkeztu zen arren, hurrengo hauteskundeetan parte hartu zuten –istilu handiak sorraraziz–, eta Frontearen lehendakaria, Ion Iliescu, irten zen presidente, botoen %85arekin; haren alderdia, erreformatzaileek eta Mendebaldean hezitako teknokratek osatua, izan zen alderdi garailea.

Agintari horiek neokomunistatzat hartzen zituen oposizioak, alegia, 1947an debekaturiko alderdi historikoek (Nekazari Alderdi Nazional Kristaua eta Demokrata, PNTCD; Nazio Alderdi Liberala, PNL, eta Errumaniako Alderdi Sozial-demokrata, PSDR). Protesta handiak izan ziren kalean, Bukaresteko unibertsitatean batez ere. Baina Jiuko meatzariak etorri ziren gobernuari laguntzera, eta gogorkeriaz ezabatu zituzten protestak; hori zela-eta, guztiz gaiztotu ziren aginpidearen eta oposizioaren arteko harremanak. 1991n, erreferendum bidez, konstituzio berria onartu zen, Errumania errepublika, estatu nazional eta bateratu gisa definitzen zuena, oposizioaren kontrakotasunarekin ordea. Urte berean, Petre Roman lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen Jiuko meatzarien presiopean; haren ingurura bilduta, 1993an Alderdi Demokrata (PD) sortu zuten erreformatzaileek.

1992an, Ion Iliescu hautatu zuten berriz errepublikako presidente, botoen %61ekin. Haren alderdiak, FDSN, Osasun Nazionaleko Fronte Demokratikoak (%28), aurrea hartu zien alderdi historikoen koalizioari eta Petre Romanen PDari. Teknikari gobernu bat osatu zen, Nicolae Vacaroiuren buzuzagitzapean, zeina, Nazioarteko Diru Funtsak eta Mundu Bankuak lagunduta, erreforma batzuk egiten hasi baitzen, 1995ean ekonomiaren egonkortzea ekarri zutenak. 1993an, Europar Batasunarekin elkarterako akordio bat izenpetu zuen Errumaniak; urte bereko irailean, Europako Batzordean onartu zuten, eta 1994aren urtarrilean, Errumania izan zen NATOrekin bakerako kidetasuna izenpetu zuen lehen herrialdea; azkenik, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen.

Romanian troops
Errumaniar tropak Afganistango gerran, 2003an.

1996ko hauteskundeetan, aldatu egin ziren gauzak, oposizioa irten baitzen garaile, hiru alderdi historikoen koalizioa alegia, eta Emil Constantinescu (%54) hautatu zuten presidente. CDR, PD eta UDMR alderdiek gobernu koalizio bat osatu zuten. Victor Ciorbea, sindikatuetako lider ohia, Bukaresteko alkate 1996ko ekainaz gero, izendatu zuten lehen ministro, eta hark argi agertu zuen erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzeko, bizitza publikoa txukuntzeko eta ustelkeriari kontra egiteko asmoa. Koalizioa, ordea, ahula zen, eta arazoak aldizka sortzen ziren, bereziki hungariar gutxiengoaren ingurukoak. Victor Ciorbeak azkenean dimisioa aurkeztu behar izan zuen 1998ko martxoan, eta Radu Vasilek hartu zuen haren lekua, PNTCD Nekazari Alderdiaren buruak. 2000an, Ion Iliescu izendatu zuten lehendakari; 2004an, berriz, Traian Băsescu eskuindarrak hartu zuen agintea. 2004an, Errumania NATOn sartu zen, eta Irak inbaditu zuen ingeles-estatubatuar koalizioan parte hartu zuen. 2007an, Europar Batasunean sartu zen.

Gobernua eta administrazioa

Politika

1991an onartu eta 2003an erreformatu zen konstituzioaren arabera, Errumania errepublika parlamentarioa da[11]. Presidentea da estatuburua eta lehen ministroa gobernuburua. Organo legegile nagusia Parlamentua da, bi ganbera dituena: Senatua (136 kide) eta Diputatuen Ganbera (329 kide). Parlamentukideak ororen bozkatzez hautatzen dira, lau urteko eperako.

Banaketa administratiboa

Errumania zortzi garapen-eskualdetan dago banatua:

Regiuni de dezvoltare
Garapen-eskualdeen mapa
Garapen-eskualdea Eremua (km2) Biztanleria (2011)[12] Hiri nagusia[13]
Nord-Vest 34.159 2.600.132 Cluj-Napoca (324.576)
Centru 34.082 2.360.805 Braşov (253.200)
Nord-Est 36.850 3.302.217 Iași (290.422)
Sud-Est 35.762 2.545.923 Konstantza (283.872)
Sud-Muntenia 34.489 3.136.446 Ploiești (209.945)
Bucureşti-Ilfov 1.811 2.272.163 Bukarest (1.883.425)
Sud-Vest Oltenia 29.212 2.075.642 Craiova (269.506)
Vest 32.028 1.828.313 Timișoara (319.279)

Demografia

Biztanleria

Romania demography 1961-2010
Biztanleriaren bilakaera 1961 eta 2003 bitartean.

2015ean Errumaniak 19,5 milioi biztanle zituen[2], 81,8 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. 1989. urtea arte biztanleria urteko %1 hazten zen, eta geroztik alderantziz gertatzen da. 1990 eta 1997 artean, 660.000 lagunetan gutxiagotu zen. 2016an %0,32 gutxitu zen biztanleria. Emankortasuna ere jaitsi da: 1989 aurretik, emakumeko 2,6 haur zen, eta 1995-2000 urte bitartean 1,4 izan da. Era berean, emigrazioa ere hazi egin zen komunismoa desagertzean, baina geroztik egonkortu egin da. Emigrazioa dela eta, berriz, gutxiengoen pisua indartzen hasi da berriz.

Biztanleen %54,6 bizi da hiriguneetan[14]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %14,4, 15-24 urte bitartekoak %10,8, 25-54 urte bitartekoak %45,9, 55-64 urte bitartekoak %12,8 eta 65 urtetik gorakoak %16,1[14]. Bizi itxaropena 75,1 urtekoa da, 71,7 urtekoa gizonezkoena eta 78,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[14].

Banaketa etnikoa

2011ko zenbatespenaren arabera, sortzez errumaniarrak biztanleriaren %83,4 ziren, hungariarrak %6,1, eta ijitoak %3,1; 1918an, Errumania Handia osatu zenean, gutxiengoak biztanleria osoaren heren bat ziren; 2011an, %10 besterik ez. Emigrazioa da beherakada da horren sorburuetako bat, bereziki juduen eta alemanen kasuan. 1956 eta 1992 bitartean, juduak %94 murriztu ziren, eta alemanak %69. Gutxiengoak Transilvanian bizi dira gehienbat; han, biztanleriaren laurden bat dira, hungariarrak batez ere.

Hizkuntzak

Hizkuntza ofiziala errumaniera da, biztanleen 85,4-ren ama hizkuntza, baina garrantzitsuak dira halaber hungariera (%6,3), eta erromaniera (%1,2)[14].

Erlijioa

Biztanle gehienak, %81,9, errumaniar ortodoxoak dira, protestanteak %6,4, katolikoak %4,3, musulmanak %0,9, eta %6,3 definitu gabeak (2011ko zenbatespena)[14].

Hiri nagusiak

Ekonomia

1945era arte, Errumaniako ekonomia oso ahula zen eta nekazaritzan ziharduten langile gehienek. 1949tik aurrera, 50 hektareatik gorako lur eremu guztiak kolektibizatu ziren herri demokraziaren arabera eta, mekanizazioari eta ongarriei erabiltzeari esker, asko hazi zen ekoizpena. 1980ko hamarkadan, munduko krisiaren baitan, behera egin zuen. Ia itota zegoen Nicolae Ceaușescuren gobernua erori zenean, autarkiaren ondorioz, zentralizazio handiegia zuen, atzeratua zegoen teknologian, eta handiegia zen industria astuna. 1990eko udazkenean hasi ziren abian erreformak, mailaka-mailaka, besteak beste, kanpoko zorra murrizteko helburuarekin. Ekonomia bideratzeko lehen neurriak diruaren baliogabetzea, pribatizazioak, prezioen liberalizazioa eta kontsumo gaien diru-laguntzak gutxiagotzea izan ziren. Arrisku handia zegoen langabezia asko handitu zedin, baina lortu zen arrisku hori saihestea. Mailakako erreformak egiten jarraitu zen 1992-1996 urteetan. Beherakada oso handia izan zen 1992an, Ekialdeko Europako gainerako herrialdeetan baino askoz handiagoa (1989rekin alderatuz, %25), baina gero egonkortu egin zen errumaniar Nazio Produktu Gordina, eta ekonomia hazten hasi zen (%1,3 1993an, %3,9 1994an, %6,9 1995ean). Hazkunde hori, ordea, gehiago oinarritzen zen nekazaritzan industrian baino. Izan ere, industria nagusi izan den arren 1989tik aurrera, nazio produktu gordinaren osaeran duen garrantzia murriztu egin zennekazaritzaren mesedetan. 1996an, nekazaritzak NPGaren %19,8 hartzen zuen, industriak %37,3, eraikuntzak %6,9, eta zerbitzuek %36.

Tratado de Lisboa 13 12 2007 (081)
Errumania 2007an sartu zen Europar Batasunean.

Pribatizazioak, gehienetan, biztanleen artean kupoiak eta jabetza zertifikatuak banatuz egin ziren, eta motel prozesua egin zen da. 1993 eta 1995 artean egin ziren pribatizazioen bi heren soldatapekoek berriz erositako enpresa txikiei zegozkien. Baina bide hori ez zen egokiena, ez baizuen enpresak kapitalizatzeko behar bezainbeste ematen. 1996ko hauteskundeetatik sorturiko gobernuak neurri ekonomiko berriak hartu zituen (horien artean, prezioen liberalizazio osoa), baina ekonomiak atzera egin zuen berriz ere 1997tik aurrera, industriako lana asko murriztu baitzen (%-6,6); bestalde, inflazioa hirukoiztu egin zen urte batean, eta biztanleen eros-ahalmena % 20 jaitsi zen. Joera horiek berean jarraitu zuten 1998an, eta defizita asko hazi zen. 2000tik aurrera, ordea, herrialdeko ekonomia eraldatu zen, egonkortasun makroekonomikoa, langabezia txikia eta inflazioaren jaistea lortuz. 2007an, Europar Batasunean sartu zen urtean, %7,7 hazi zen BPGa, Europako goraldi handienetakoa[15]. 2008ko Atzeraldi Handiak gogor jo zuen herrialdea, eta Nazioarteko Diru Funtsak 20.000 milioiko kreditua eman behar izan zion 2009an[16]. Harrezkero, BPGak haziz joan da: %3 2014an, %5 2015ean[14]. Langabezia ez da handia, %6,7 2016an[14].

Nekazaritza, abelzaintza eta arrantza

Rumunia rolnicy
Transilvaniako laborariak.

Nekazaritza, abelzaintza eta arrantzak Errumaniako BPG-ren %3,3 ekartzen dute, biztanleria aktiboaren %28,3 enplegatuz. Garia eta artoa lantzen dira ordokietan (Valakia, Moldavia, Transilvania eta Dobruja), fruta eta barazkiak Transilvaniako haranetan. Garrantzi handikoak dira industriarako laboreak (eguzki-lorea, azukre-erremolatxa, patata, tabakoa). Abelzaintzan ardi eta behi aziendak dira aipagarriak. Oihanek Errumaniako lurraren %27 hartzen dute (Karpatoetako mendietan). Arrantzari dagokionez, Europako estatuetan bigarren kabiar ekoizlea da, Errusiaren ondoren.

Meatzaritza

Lurpea aberatsa da: petrolioa (Ploieşti, Moldavia), gas naturala (Transilvania), harrikatza (Banat, Petrosani), lignitoa, burdina, beruna, kobrea, zinka, bauxita eta manganesoa baitaude bertan.

Industria

1949tik aurrera, izugarri hazi zen Errumaniako industria, bost urteko planei esker: burdingintza (Hunedoara, Resita, Galati); traktoreak (Brasov); burdinbiderako gaiak (Craiova); kimika industria (Valea, Craiova, Târgu Mureș); ehungintza (Moldavia, Iasi, Timisoara); eta janari industria. 2016an, BPG-ren %35,4 ekarri zuen.

Turismoa

Turismoak garrantzi handia du Itsaso Beltzeko eremuetan (Mamaia, Mangalia).

Kanpo merkataritza

COMECON desagertu zenean, Mendebaldera egin zuen errumaniar kanpo merkataritzak. Hala, 1995. urtean, Europar Batasuneko herrialdeekiko trukeak, 1988an heren bat zirenak, bolumen osoaren erdia baino gehiago ziren. 1995eko otsailaren 1ean, Europar Batasunarekiko akordio bat jarri zen indarrean eta, 1997an, Errumaniak Truke Libreko Europa Erdialdeko Akordioa izenpetu zuen (CEFTA ingelesez), Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Poloniarekin. 2007an sartu zen Europar Batasunean.

2015ean, Alemaniara (%19,8), Italia (%12,5), Frantzia (%6,8), Hungaria (%5.4) eta Erresuma Batura (%4,4) saldu zuen gehien. Inportatu, berriz, Alemania (%19,8), Italia (%10,9), Hungaria (%8), Frantzia (%5,6), Polonia (%4,9), Txina (%4,6) eta Herbehereetatik (%4) egin zuen[14].

Azpiegiturak

Aireportuak

See source Wikidata query..

Errumaniar ezagunak

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b United Nations world population prospects, esa.un.org
  3. Romanian 2011 census (final results, recensamantromania.ro
  4. Romania: Climate, countrystudies.us
  5. Herodoto The Ancient History of Herodotus Derby & Jackson, books.google.com . Noiz kontsultatua: 2017-05-20.
  6. Assorted Imperial Battle Descriptions De Imperatoribus Romanis, An Online Encyclopedia of Roman Emperors, roman-emperors.org . Noiz kontsultatua: 2017-05-20.
  7. Dacia-Province of the Roman Empire unrv.com . Noiz kontsultatua: 2017-05-20.
  8. Vlad Tepes - The Historical Dracula donlinke.com . Noiz kontsultatua: 2017-05-21.
  9. St. Stephen the Great oca.org . Noiz kontsultatua: 2017-05-21.
  10. Romania - Soviet Union and Eastern Europe countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2017-05-26.
  11. Errumaniako Konstituzioa, cdep.ro
  12. 2011 Regions Population INSSE, recensamantromania.ro . Noiz kontsultatua: 2017-05-19.
  13. a b Population at 20 October 2011 INSSE, recensamantromania.ro . Noiz kontsultatua: 2017-05-19.
  14. a b c d e f g h CIA - World Factbook: Romania, cia.gov
  15. GDP in 2006 insse.ro . Noiz kontsultatua: 2017-5-27.
  16. Sánchez Costa, Raúl Rumania logra un préstamo de 20.000 millones del FMI para evitar el colapso económico internacional.elpais.com . Noiz kontsultatua: 2017-5-27.

Kanpo estekak

1998ko Eurovision Abesti Lehiaketa

1998ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 43. edizioa izan zen. Birminghamgo National Indoor Arena aretoan ospatu zen, Erresuma Batuan, maiatzaren 9an. Aurkezleak Terry Wogan eta Ulrika Jonsson izan ziren.

Garailea Israelgo Dana International izan zen, "Diva" abestiarekin. Israelen hirugarren garaipena izan zen. Dana Internationalek nazioarteko komunikabideen arreta jaso zuen, bai lehiaketa aurretik bai ondoren, Eurovisionen parte hartzen zuen lehen artista transexuala zelako.

Hogeita bost herrialde izan ziren partaide. Aurreko ediziotik kanpo geratu ziren hiru herrialde itzuli ziren: Belgika, Finlandia, eta Errumania. Baita Errumania eta Israel ere. Mazedoniako Errepublikak lehen agerraldia egin zuen, 1996ko sailkapen-fasea kontutan izan gabe. Bestalde, aurreko bost urteetan batezbesteko emaitza txarrenak zituzten bost herrialdeak lehiaketatik kanpo uztea erabaki zuen Europako Irrati-Telebista Batasunak: Austria, Bosnia-Herzegovina, Danimarka, Errusia eta Islandia. Italiak bere borondatez eten zuen partaidetza, eta ez zen bueltatuko 2011 arte.

Puntuen banaketa ikuslegoak erabaki zuen telefono bidezko botoa erabiliz, epaimahaia erabili zuten lau herrialdetan izan ezik (Errumania, Eslovakia, Hungaria eta Turkia).

Austria-Hungariako Inperioa

Austria-Hungariako Inperioa (alemanez Österreichisch-Ungarische Monarchie, hungarieraz Osztrák–Magyar Monarchia) 1867an sortutako estatu europarra izan zen, Austriako inperioak bere baitan Hungariako Erresumaren autonomia onartu zuenean. Une horretatik aurrera, enperadoreak bi erreinuetako koroa izan zuen, baina bakoitzak autonomia maila esanguratsua izan zuen eguneroko jardueretan. Modu horretan, monarkia duala sortu zen 51 urtez, alde batean erresuma eta bestean inperioa zena, Kaiserlich und königlich kontzeptuaz.

Europa erdialdeko lurralde zabalak menperatu zituen. 1914an, Lehenengo Mundu Gerra hastean, 676.615 km² eta 52.799.000 biztanle zituen. Gerra hori inperioaren amaiera izan zen; Austria eta Hungaria banatu egin ziren eta beraien menpe egondako herrialde askok independentzia lortu zuten.

Gaur egungo estatuen banaketa aintzat hartuz, Austria, Hungaria, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinako lurraldeak izan ziren inperioko zati, baita Serbia, Montenegro, Italia, Errumania, Polonia eta Ukrainako zenbait eskualde ere.

Bulgaria

Bulgaria (bulgarieraz: България, bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), ofizialki Bulgariako Errepublika (bulgarieraz: Република България, rɛˈpublikɐ bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Errumania du, Serbia eta Mazedoniako Errepublika mendebaldean, Grezia eta Turkia hegoaldean, eta Itsaso Beltza ekialdean. 110.993 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 7,1 milioi biztanle zituen. Hiriburua Sofia du.

Otomandar Inperioaren mende egon zen 1908 arte. Mundu gerretan parte hartu eta galtzaile atera zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Sobietar Batasunaren eraginpean gelditu zen. 1991 arte komunisten agintepean egon zen, eta Sobietar Batasuna desegin zenean politikan demokrazia, eta ekonomian merkatu ekonomia ezartzeko ahaleginak hasi ziren. Europar Batasuneko estatua da 2007ko urtarrilaren 1etik.

Danubio

Danubio (latinez: Danubius eta Ister; alemanez: Donau; txekieraz eta eslovakieraz: Dunaj; kroazieraz: Dunav; serbieraz eta bulgarieraz: Дунав, Dunav; hungarieraz: Duna; ukraineraz: Дунай, Dunai; errumanieraz: Dunărea; turkieraz: Tuna) Europa erdialdeko eta ekialdeko ibaia da. Luzeraz (2.850 km), arroak hartzen duen eremuaz (817.000 km²) eta batez besteko emariaz (6.500 m³/s ahoan) kontinenteko bigarren ibaia da, Volgaren ondotik.

Alemaniako Oihan Beltzan du sorburua. Brigach eta Breg erreka txikiek Donaueschingen hirian bat egiten dute, eta hortik aurrera ibaiak Danubio izena hartzen du. Itsaso Beltzera isurtzen da, Errumanian, Danubioren delta zabala osatuz.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Errumaniako bandera

Errumaniako bandera 1992ko irailaren 10ean erabakitakoa da. Neurri bereko hiru zutabez osatuta dago: urdina, horia eta gorria.

Errumaniera

Errumaniera (limba română) hizkuntza indoeuroparra da, batez ere Errumanian eta Moldavian (moldaviera izena du han) hitz egiten dena. Bi herrialde horietan eta Serbia, Hungaria eta Ukrainako alde batzuetan ofiziala da.

Mundu osoan zehar, 28 milioi pertsona inguruk hitz egiten dute: munduko 36. hizkuntza mintzatuena da.

Gaztelania

Gaztelania edo espainiera (castellano, español) hizkuntza erromantzeetariko bat da, iberiar taldekoa. Erdi Aroko Gaztelako Erresuman sortu zen, latin arruntak bertako hizkuntzekin izandako ukipen-egoeraren ondorioz. Horrela bada, euskararen hainbat ezaugarri fonetiko bereganatu ditu (bost bokaleko sistema, hasierako f-a galtzea...).

Munduan 407 milioi pertsonak lehen hizkuntza dute. Espainian eta Hispanoamerikako ia estatu guztietan ofiziala da. Ama hizkuntza moduan, munduko bigarren hizkuntza erabiliena da, txineraren atzetik. Bigarren hizkuntzatzat dutenak ere kontuan hartuta (guztira, 600 milioi pertsona), munduko laugarrena da, txinera, ingelesa eta hindiaren ondoren. Frantsesarekin batera, Euskal Herriko bi erdara nagusietako bat da.

Godo

Godoak (gotikoz: 𐌲𐌿𐍄𐌰𐌽𐍃, Gutans) ekialdeko germaniar tribu bat izan zen. Haren kondairaren arabera, Eskandinaviatik zetozen. Hegoaldera migratuta, Erromatar Inperioa konkistatu zuten.

Izan ere, Eskandinaviatik abiatuta, Eszitia erresuma osatu zuten godoek egungo Ukrainan. III. mendean bi zatitan banatu ziren: ostrogodoak Eszitian geratu ziren, eta bisigodoak Daziara (egungo Errumania) joan ziren, non beste erresuma bat antolatu zuten. 267an Konstantinopla arpilatu zuten bisigodoek, baina 271rako bota egin zituzten. Garai haietan, bai ostrogodoak bai bisigodoak erromatartu ziren erromatarrekiko alde guztietako trukeak zirela kausa. Gainera, Inperioko indar armatua bilakatu ziren.

Hungariar

Hungariarra (hungarieraz: magyar, pluralean: magyarok) edo magyarra hungarieraz mintzatzen den Erdialdeko Europako talde etnolinguistikoa da. 14-15 milioi laguneko giza taldea osatzen dute. Haietatik, 9,5 milioi inguru Hungarian bizi dira, eta beste 2,2 milioi Austria-Hungariako Inperioa desegin zen arte Hungariako Erresumaren bernean zeuden lurraldeetan (Errumania, Eslovakia, Serbia eta Ukrainan, batez ere). Hungariar diasporako talde handienak AEB, Kanada, Alemania, Erresuma Batua eta Brasilen daude.

Hungariera

Hungariera edo magyarrera (magyar nyelv) uraldar hizkuntza bat da, ugriar adarrekoa.

12-15 milioi bat hiztunek hitz egiten dute, batik bat Hungarian, bai eta Errumanian, Eslovakian, Serbian, Ukrainan, Kroazian, Austrian eta Eslovenian ere. Hizkuntza ofiziala da estatu horietan guztietan, bai eta Europar Batasunean ere.

Itsaso Beltza

Itsaso Beltza, antzinako izena Ponto Euxino (antzinako grezieraz: Εὔξεινος Πόντος, Euxeinos Pontos, 'itsaso abegikorra'), Ozeano Atlantikoaren bazterreko itsasoa da, Ekialdeko Europa, Kaukasia eta Anatoliaren artean dagoena, Dardaneloak eta Bosforo itsasarteen bitartez Mediterraneoarekin lotua. Iparraldean Ukraina du, ekialdean Errusia eta Georgia, hegoaldean Turkia, eta mendebaldean Bulgaria, Errumania. 436.402 kilometro koadroko eremua du. Batez besteko sakonera 1.253 metrokoa da, eta gehienekoa 2.245 metrokoa.

Itsas gorabeherarik gabea da ia, eta ez da izozten neguan. Iparraldean Krimeako penintsula dago. Bere ertzeetan dauden hiri garrantzitsuenak Istanbul, Odesa, Sebastopol, Jalta eta Konstantza ditugu. Danubio, Don eta Dnieper ibaiak bertan itsasoratzen dira. Hegoaldean Marmarako itsasoarekin eta iparraldean Azoveko itsasoarekin loturik dago.

Krimeako tatariar

Krimeako tatariarrak (qırımtatar, baita qırım, qırımlı eta qırım türkü ere), pluralean: qırımtatarlar (baita qırımlar, qırımlılar, qırım türkleri ere) jatorrian Krimeako penintsulan bizi zen talde etniko turkiar bat dira. Tatariar talde honek Krimeako tatareraz hitz egiten du.

Garai berriagoetan, Krimean bizi direnez gain, badago Krimeako tatariarren diaspora handi bat Turkia, Errumania, Bulgaria, Mendebaldeko Europa eta Ipar Amerikan, baita komunitate txiki batzuk ere Finlandia, Bielorrusia, Lituania eta Polonian.

Gaur egun, 250.000 Krimeako tatariar daude Krimean, eta beste hainbeste Asia erdialdeko beste toki batzuetan (Uzbekistanen nagusiki). Kalkuluen arabera, 5 milioi turkiar, XIX. mendean eta XX. mendean emigratu zuten Krimeako tatariarren ondorengoak dira. Errumania eta Bulgariako Dobruja eskualdean, 100.000 Krimeako tatariar inguru daude, 60.000 Errumanian eta 40.000 Bulgarian.

Serbia

Serbia (izen ofiziala Serbiako Errepublika; serbieraz: Република Србија) Europako estatu itsasgabe bat da, Balkanetako penintsulakoa. Hiriburu eta hiri nagusia Belgrad da. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat da. Hiru lurraldek osatzen zuten Serbia: Kosovoko probintzia, Voivodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen alde bakarretik eta ordutik herrialde independentea den arren, Serbiako gobernuak ez du estatu berria onartu.

Bere mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Ipar Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria.

Sibiu

Oradea (errumanieraz siˈbiw ahoskatua, lehen Sibiiu; alemanez: Hermannstadt, hungarieraz: Nagyszeben) Errumania mendebaldeko hiri bat da, izen bereko konderriko hiriburua, Transilvania eskualdean.

Suceava konderria

Suceava Errumania erdialdeko barrutia (judeţ-a) da, Moldavia eskualdean. Azaleraz 8.553 km² da. Barrutiko hiriburua izen bereko Suceava da, 105.865 biztanlekoa.

Ukraina

Ukraina (Україна, Ukrayina, ukrɑˈjinɑ ahoskatua; Украина; Krimeako tatareraz: Ukraina) Ekialdeko Europako estatu burujabea da, Itsaso Beltzaren ertzean kokaturik dagoena. Ekialde eta ipar-ekialdean Errusiarekin du muga, ipar-mendebaldean Bielorrusiarekin, mendebaldean Polonia, Eslovakia eta Hungariarekin, hego-mendebaldean Errumania eta Moldaviarekin, eta hegoaldean Itsaso Beltzarekin eta Azoveko itsasoarekin. Gaur egun, lurralde-eztabaida dauka Errusiarekin, Krimeako penintsularen egoera dela-eta; izan ere, Errusiak beretu zuen lurralde hori 2014an, baina nazioarteko komunitatearen gehiengoak ez zuen anexioa onartu. 603.628 kilometro koadroko eremua hartzen du, Krimea barne, eta 2016an 42,5 milioi biztanle zituen, Krimea eta Sebastopol gabe. Hiriburua Kiev da.

Europako herrialdeak
Europako bandera Europar Batasuneko estatu kideak Europako bandera

AlemaniaAustriaBelgikaBulgariaDanimarkaErresuma Batua • Errumania • EslovakiaEsloveniaEspainiaEstoniaFinlandiaFrantziaGreziaHerbehereakHungariaIrlandako ErrepublikaItaliaKroaziaLetoniaLituaniaLuxenburgoMaltaPoloniaPortugalTxekiar ErrepublikaSuediaZipre

Sartzeko negoziatzen ari direnak: Turkia · Ipar Mazedonia

Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoa inguratzen duten estatuak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.