Errepublika

Errepublika Erregea Estatu Burutzat ez daukan gobernu mota bat da. Orokorrean, Herriak demokratikoki aukeratzen du Estatu Burua, Presidente edo Lehendakari izena hartzen duena. Izenaren jatorria latinetikoa da: Res publica = Gauza publikoa.

Bi ezberdintasun nagusi daude Errepublika eta Monarkiaren artean:

  1. Estatu Buruaren aldizkako aldaketa, Errepublikan herri aukeraketa bidez, monarkian ez bezala estatu burutza mugagabea baita (hil ala uko egin arte)
  2. Estatu Buruaren aukeraketa zuzena, monarkian ez bezala errege-erreginak oinordetzaz egiten baita (edo Aita Santu aukeraketa bidez Vatikanoan)

Diktadura batzuk errepublikatzat dute haien burua, aristokraziak gobernatzen ez duela adierazi nahian.

Azkenik, San Marinokoa da errepublikarik zaharrena, 301. urtean sortutakoa.

Motak

Gaur egun, errepublika gobernu mota zabaduena da munduan zehar. Hala ere, errepublika hainbat sistema ekonomiko eta demokratikoekin elkartu daiteke, eredu errepublikar ezberdinak sortuz:

  • Ameriketako Estatu Batuak, Alemania errepublika federalak dira, demokrazia ordezkakor bidez gobernatua.
  • Suitza estatuen (kantoien) federazioa da, demokrazia ordezkakor eta zuzenaren arteko elkarketa bidez gobernatua.
  • Errusia errepublika (estatu) erdi-autonomoen federazioa da, mendeko probintzia batzuk barne.
  • Iran errepublika teokratikoa da.
  • Kuba errepublikak bere konstituzioan bere burua sozialista definitzen du eta gobernuburua sufragio unibertsalez hautaturiko lege-biltzarrak hautatzen du.
Statue-place-Republique2
Errepublikaren alegoria bat, Parisko Errepublikaren plazan

Frantziar Estatua

Espainiar Estatua

Ikus, gainera

Alemania

Alemania Errepublika Federala (alemanez: Bundesrepublik Deutschland) Europar Batasuneko ipar-erdialdeko estatu burujabe bat da. Mugakide ditu iparraldean Ipar Itsasoa, Danimarka eta Itsaso Baltikoa, ekialdean Polonia eta Txekia, hegoaldean Austria eta Suitza eta mendebaldean Frantzia, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereak.

Etimologiaren aldetik, Alemania hitzak «alamanen lurra» esan nahi du. Alamanek V. mendean zehar Rhin ibaia gurutzatu eta Galia erromatarra inbaditu zuten. Germania izena ere erabili ohi da, antzinako erromatarrek lurralde horri Germania zeritzotelako.

Ia bere historia guztian zehar, Alemania hitza termino politikoa baino gehiago geografikoa izan da, Germaniako Erromatar Inperio Santua osatzen zuten estatu anitzei izena emateko erabiltzen baitzen. Alemania estatu batua 74 urtean zehar izan zen (1871 eta 1945 artean – Alemaniar Inperioa, Weimarko Errepublika eta Hirugarren Reicha), baina, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, bitan zatitu zuten: Alemania Errepublika Federala (AEF) edo Mendebaldeko Alemania eta Alemania Errepublika Demokratikoa (AED) edo Ekialdeko Alemania. 1990eko urriaren 3an, AEDak AEFarekin osatu zuen berriro Alemania batua.

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) (alemanez: Deutsche Demokratische Republik edo DDR), Ekialdeko Alemania izenaz ere ezaguna, Bigarren Mundu Gerraren ostean Sobietar Batasunak okupatutako Alemaniako eremua izan zen. Iraun zuen denbora guztian estatu komunista izan zen. AED 1949ko urriaren 7an aldarrikatu zen Ekialdeko Berlinen. 1954an estatu subirano izendatu zen, baina Potsdameko Konferentzian adostutakoari jarraituz sobietar tropak bertan geratu ziren. Mendebaldeko Alemanian, berriz, Estatu Batuetako tropak geratu zirenez, Gerra Hotzaren agertoki garrantzitsua izan zen. AED Varsoviako Itunaren parte izan zen. 1990an Alemaniarekin batu zen, autodeterminazio eskubidea erabilita.

Austria

Austria (alemanez: Österreich, ˈøːstɐˌʁaɪç ahoskatua), ofizialki Austriako Errepublika (alemanez: Republik Österreich) Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Iparraldean Alemania eta Txekiarekin du muga, ekialdean Eslovakia eta Hungariarekin, hegoaldean Eslovenia eta Italiarekin eta mendebaldean Suitza eta Liechtensteinekin. 83.879 kilometro koadroko eremua du eta 8,7 milioi biztanle. Oso herrialde menditsua da, Alpeek azaleraren % 62 hartzen baitute. 1995etik Europar Batasuneko kidea da eta 1999tik, Eurogunekoa. Hiriburua Viena da.

Austria-Hungariako Inperioaren botere zentrua izan zen, baina Lehen Mundu Gerrako porrotaren ostean, Austria errepublika federal bilakatu zen. Bederatzi estatuk osatzen dute: Burgenland, Karintia, Austria Beherea, Austria Garaia, Salzburg, Estiria, Tirol, Vorarlberg eta Viena. Munduko herrialde aberatsenetako bat da, 41.700 dolarreko per capita errentarekin (2011ko zenbatespena). Alemana da hizkuntza ofiziala, baina zenbait eskualdetan kroaziera, esloveniera eta hungarierak ere dute estatus hori.

Eslovakia

Eslovakia (eslovakieraz: Slovensko, ˈslovɛnsko ahoskatua), ofizialki Eslovakiar Errepublika (eslovakieraz: Slovenská republika, ˈslovɛnskaː ˈrɛpublɪka ahoskatua), Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Mendebaldean Txekia eta Austriarekin du muga, Poloniarekin iparraldean, Ukrainarekin ekialdean eta Hungariarekin hegoaldean. 49.035 kilometro koadroko eremua du, eta 5,4 milioi biztanle. Europar Batasuneko kidea da.

Espainiako Bigarren Errepublika

Espainiako Bigarren Errepublika 1931tik 1939 arte iraun zuen erregimen politikoa izan zen, Errepublikan oinarritua. Espainiako Gerra Zibilak markatu zuen Espainiako Bigarren Errepublikaren amaiera eta Francisco Francoren diktaduraren hasiera.

Hegoafrika

Hegoafrika Afrika hegoaldeko muturreko estatua da, Atlantiko eta Indiako ozeanoen artean kokatua. Mugakide ditu Namibia, Botswana, Zimbabwe, Mozambike eta Swazilandia; bestetik, Lesotho guztiz inguratzen du.

Hiru hiriburu ditu: Lurmutur Hiria (legegilea), Pretoria (administratiboa) eta Bloemfontein (judiziala). Hala ere, hiri handiena Johannesburg da.

Irlandako Errepublika

Irlandako Errepublika (irlanderaz Poblacht na hÉireann; ingelesez Republic of Ireland) —edo Irlanda nahiz Eire— Europa ipar-mendebaldeko Irlandako uhartean dago eta Europar Batasuneko kide da. Hiriburua Dublin da. Gaur egungo Estatu Burujabe modernoa Irlandako uhartearen 5/6en jabe da, zeinaren independentzia 1921ko maiatzaren 3an eman zen. Demokrazia Parlamentaria eta Errepublika bat da. Ipar-ekialdetik Ipar Irlanda du mugakide, ekialdetik Irlandar itsasoa, hegoaldetik Itsaso Zeltikoa, eta mendebalde nahiz iparraldetik Ozeano Atlantikoa. Estatuaren izen arrunta Irlanda da (ingelesez Ireland eta irlanderaz Éire [ˈeːrʲə]), Irlandako Errepublika izen osoa Estatua eta uhartea bereizi behar direnean erabili ohi da.

1922ko abenduaren 6an Irlandar Estatu Askea ezarri zen, Irlandari Erresuma Batuarekiko hasierako nolabaiteko neurri txikiko independentzia bat emanaz. 1937ko abenduaren 29an Irlandar Estatu Askeak Irlanda izena hartu zuen 1949an, Irlanda Errepublika bilakatu zen eta Britaniniar Commonwealtha laga zuen. Honenbestez erakunde horretan parte hartzeari utzi zion.

Gaur egun uhartearen iparraldeko Ulster eskualde edo probintziako bederatzi konderriak bi Estatuen artean banatzen da: sei konderrik Ipar Irlandako eskualdea osatzen dute eta Erresuma Batuaren agintepean daude: Antrim, Armagh, Derry, Down, Fermanagh eta Tyrone; gainerako beste hiru konderriak Irlandako Errepublikaren agintepean daude: Donegal, Cavan eta Fermanagh.

Italia

Italia, ofizialki Italiako Errepublika (italieraz: Repubblica Italiana), Hegoaldeko Europako estatua da, Italiar penintsula, Po ibaiaren harana eta Sizilia nahiz Sardinia uharteak hartzen dituena. 301.338 kilometro koadroko eremua du, eta 2011n 59.433.744 biztanle zituen. Hiriburua eta hiri nagusia Erroma du.

Jugoslavia

Jugoslavia (serbokroazieraz: Jugoslavija/Југославија; eslovenieraz: Jugoslavija; mazedonieraz: Југославија; Panoniako errutenieraz: Югославия) XX. mendean Europako Hegoekialde eta erdialdean zegoen herrialde bat izan zen.

Etimologikoki, "Eslaviako hegoaldea" esan nahi du.

Peru

Peru (gaztelaniaz: Perú; kitxuaz: Piruw; aimaraz: Piruw), ofizialki Peruko Errepublika (gaztelaniaz: República del Perú, reˈpuβlika ðel peˈɾu ahoskatua) Hego Amerikako mendebaldeko estatua da, Andeen eta Ozeano Barearen artean kokatua. Iparraldean, Ekuadorrekin eta Kolonbiarekin egiten du muga; ekialdean, Brasilekin; eta mendebaldean, Ozeano Barearekin.

Hiriburua Lima da. Etniak: amerindiarrak, % 45; mestizoak %, 37; zuriak, % 15; beltzak, japoniarrak, txinatarrak eta beste, % 3.

Polonia

Polonia (polonieraz: Polska,ˈpɔlska ahoskatua), izen ofiziala Poloniako Errepublika (polonieraz: Rzeczpospolita Polska; kaxubieraz: Pòlskô Repùblika; silesieraz: Polsko Republika), erdialdeko Europako herrialdea da, iparraldean Baltikoaren eta bi mendiguneren artean (Sudeteak eta Karpatoak) hedatua. 312.696 kilometro koadroko eremua du eta 2015ean 38.005.614 biztanle zituen.

Polonia Europar Batasuna, NATO, Nazio Batuen Erakundea, Merkataritzaren Mundu Erakundea, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (OECD), Energiaren Nazioarteko Erakundea, Europako Kontseilua, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundea, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia eta Schengengo Hitzarmenaren kidea da.

Serbia

Serbia (izen ofiziala Serbiako Errepublika; serbieraz: Република Србија) Europako estatu itsasgabe bat da, Balkanetako penintsulakoa. Hiriburu eta hiri nagusia Belgrad da. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat da. Hiru lurraldek osatzen zuten Serbia: Kosovoko probintzia, Voivodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen alde bakarretik eta ordutik herrialde independentea den arren, Serbiako gobernuak ez du estatu berria onartu.

Bere mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Ipar Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna edo Sobietar Batasuna Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independenteen Elkartea moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

Turkia

Turkia (turkieraz: Türkiye), ofizialki Turkiako Errepublika (turkieraz: Türkiye Cumhuriyeti), bi kontinentetan banaturik dagoen estatua da, gehiena mendebaldeko Asiako Anatolia penintsulan eta % 3 Europako Balkanetan. 783.562 km²ko eremua du, eta 2018an, 82.835.090 biztanle zituen.

Turkia errepublika demokratiko, laiko eta konstituzionala da, 1923an Kemal Atatürk-en gidaritzapean sortua, Otomandar Inperioaren oinordeko naturala. Hiriburua Ankara da, nahiz eta hiri garrantzitsuena Istanbul izan, antzinako Bizantzio eta Konstantinopla.

Txekia

Txekia (txekieraz: Česko, ˈt͡ʃɛsko ahoskatua) ofizialki Txekiar Errepublika (txekieraz: Česká republika, ˈt͡ʃɛskaː ˈrɛpuˌblɪka ahoskatua) Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da, Bohemia, Moravia eta Txekiar Silesia eskualde historikoek osatua. Ipar-mendebalde eta mendebaldean Alemaniarekin du muga, ipar-ekialdean Poloniarekin, hego-ekialdean Eslovakiarekin, eta hegoaldean Austriarekin. 78.866 kilometro koadroko eremua du, eta 10,5 milioi biztanle. Europar Batasuneko kidea da. Hiriburua eta hiri nagusia Praga da.

Lehen Mundu Gerra bukatutakoan Txekoslovakia izeneko herrialdea osatu zen estatu burujabe gisa. 1939an galdu zuen independentzia, Alemania Naziak inbaditu zutenean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunaren eragin eremuaren barruan geratu zen. 1968an, Txekoslovakian egiten ari ziren erreformek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jar zezaketelakoan, Sobietar armada herrialdean sartu zen. 1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, Txekoslovakia sobietar eraginpetik askatu eta Mendebaldeko Europaren eraginpera lerratu zen. 1993ko urtarrilaren 1ean, bakean banandu ziren Txekoslovakia osatzen zuten bi herri nagusiak: Txekia eta Eslovakia.

Txinako Herri Errepublika

Txina (txinera tradizionalez: 中國; txinera sinplifikatuz: 中国; pinyinez: Zhōngguó), ofizialki Txinako Herri Errepublika, ekialdeko Asiako estatua da, munduko jendetsuena: 1.340.000.000 biztanle, munduan bizi diren 5 pertsonatatik bat. Munduko laugarren herrialderik handiena da, CIA World Factbookaren arabera, eta hirugarrena, Indiak eskaturiko lurraldeak baina Txinak administratzen dituenak kontuan hartuz gero.

Munduko potentzia ekonomikorik handienetariko bat da eta Asiako ekonomiaren motorretako bat. Hamalau herrialderekin du muga. Pekin (Beijing, 北京) du hiriburua.

Venezuela

Venezuelako Bolibartar Errepublika Hego Amerika iparraldeko estatu bat da, Karibe itsasoaren bazterrean. Mugakide ditu Kolonbia mendebaldean, Brasil hegoaldean eta Guiana ekialdean. Itsaso-mugak ditu Trinidad eta Tobago, Holandarren Antillak, Grenada, Puerto Rico eta Birjina Uharteekin.

Zipre

Zipre (grezieraz, Κύπρος, Kypros; turkieraz, Kıbrıs) Mediterraneoko uhartea da, Turkiatik 113 km-ra kokatua hegoaldean. Bertan dago Zipreko Errepublika, nazioartean onartua den estatu bat baina uhartearen hegoaldeko bi herenak besterik kontrolatzen dituena. Europar Batasuneko estatua da. Iparraldeko herena Turkiak okupatua izan zen 1974. urtean, Ipar Zipreko Turkiar Errepublika ezarriz. Azken lurralde hau Turkiak besterik ez du onartu. Uhartean, Akrotiri eta Dhekeliako Erresuma Batuaren barrutiak ere aurki daitezke.

Zipre Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handiena da, Siriaren mendebaldean eta Turkiaren hegoaldean. Hiriburua Nikosia da. Nikosia iparraldeko eta hegoaldeko zatien arteko mugak erdibitua dago. Iparraldeko zatiko hiri nagusiak Kirenia eta Famagusta (portua) dira, eta hegoaldeko zatikoak, berriz, Limasol (portua), Larnaka eta Pafos.

Hizkuntza ofizialak: greziarra eta turkiera. Etniak: greziarrak, % 78; turkiarrak, % 16; besteak, % 4. Erlijioak: ortodoxoak (% 78), musulmanak (% 18), besteak (% 4).

Zipre 1960. urtean sartu zen Nazio Batuen taldean.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.