Elizbarruti

Elizbarrutia edo diozesia gotzain, artzapezpiku edo beste prelatu baten agintepean dagoen barruti edo administrazio-eremu bat da, maiz lurralde batekin bat datorrena. Kristau eliza batzuen antolaketa modua da, Eliza Katolikoan eta Eliza Anglikanoan kasu. Eliza Katolikoan artxidiozesiak daude gainera, diozesiak baino maila altuagoa duten barrutiak direnak.

Erlijio Artikulu hau erlijioari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Aire eta Akizeko elizbarrutia

Aire eta Akizeko elizbarrutia (latinez: Dioecesis Aturensis et Aquae Augustae) Eliza Katoliko Erromatarraren elizbarrutia da. Apezpikuaren egoitza Akize eta Aireko katedraletan dago.

Apaiz katoliko

Apaiz katoliko erlijio katolikoan, meza emateko eta aitortzak entzuteko esku duen gizonezkoa da.Ordenazio sakramentuan hirugarren maila jaso dute. Herri mailan, presbiteroari (egun 'abade' edo 'aita' ere deitua eta Erdi Aroan mosen) baino ez diete apaiza esaten, baina gotzainak ere apaizak dira. Diakonoak, berriz, ez dira apaizak.

Apaizek baino ezin dute sakramentu hauek eman: bataioa), eukaristia, sendotza (gotzainek bakarrik), penitentzia, gaixoen oliadura eta ordenazioa.

Eliza Katolikoaren arabera, apaiza In Persona Christi Capitis (Kristoren Buruaren zuzenean) aritzen da. Elizbarruti bati loturik daudenean, klero sekular diete; ordena erlijioso bati loturik daudenean, berriz, klero erregular diete.

Apezpiku

Apezpikua (grezieraz: επισκοπος epískopos, 'zaindaria, ikuskaria') edo gotzaina Kristau-erlijioan, elizbarruti bateko buru den pertsona da. Eliza katolikoan, ordenako sakramentua hartu duen eta presbitero eta diakonoaren gaineko maila duen gizonezkoa da.

Etimologiaren ikuspegitik elizbarrutian Elizaren legeak bete daitezela kontrolatu behar du. Apostoluen ordezkoa, Erromako apezpikua den Aita Santua eta beste apezpikuekin batera Eliza osoren erantzunkizuna du.

Arbilgo artxieparkia

Arbilgo artxieparkia (latinez: Archieparchia Arbilensis Chaldaeorum, arabieraz: إيبارشية أربيل الكلدانية‎‎‎) Kaldear Eliza Katolikoaren elizbarrutia da. Haren egoitza Irakeko Kurdistango hiriburuan dago, Arbil hirian. 2012an Arbilgo artxieparkiak 30.000 bataiatu zituen. Egungo artxieparka Bashar Warda da.

Artzapezpiku

Erromatar Eliza Katolikoan, artzapezpikua izaera berezi eta nabarmena duen elizbarruti baten buruan dagoen apezpikua da, eta berak ere ohorezko izaera du beste apezpikuen aldean. Ekialdeko kristau elizetan ere badaude artzapezpikuak, eliza katolikoko maila bertsua dutenak.

Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutia

Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutia (latinez: Diœcesis Calaguritanus et Calceatensis - Lucroniensis) Erromatar Eliza Katolikoaren espainiar elizbarrutietako bat da, Errioxa barne hartzen duena. Apezpikuaren egoitza Logroñon dago. Egun apezpiku nagusia Carlos Manuel Escribano Subías da. Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutia Iruñeko eta Tuterako eliz probintziaren parte da.

Erromatar Eliza Katolikoa

Erromatar Eliza Katolikoa katolizismoan fededun kristauen adierazpen handiena da, eta mundu osoan 1.166.000.000 partaide baino gehiago zituen 2009. urtean. Kontuan izan behar da Eliza Katolikoak katolikotzat hartzen duela bere baitan bataiaturiko edonor, nahiz eta egun ez duen fede edo eliza bizitzarik, espreski Elizatik ateratzea eskatu ez badu. Apostasia izeneko prozesua egitera behartzen du.Erromatar Eliza Katolikoa da gaur egun alhan diren gobernuz kanpoko erakundeen artean zaharrena. Erromatar erlijio katolikoa nagusi den herrialdeetan, Erromatar Eliza Katolikoa Eliza izenaz da ezaguna, besterik gabe. Termino horrek ez du balio Suediaren kasuan adibidez, «Eliza» esatean eliza protestantea ulertzen baita han. Era berean, kontuan izan behar da badirela beste Eliza katoliko batzuk, hala nola Ekialdeko Eliza katolikoak; eta Eliza ortodoxoak ere katolikotzat du bere burua (katoliko izenondoa grezierazko καθολικός, katholikos hitzetik dator, eta «unibertsal» edo «orokor» esan nahi du).

Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean, indarra hartu zuten eliza izendatzeko beste kontzeptu batzuek: Jainkoaren Herria, Kristoren Sakramentua, Kristoren emaztea, Kristoren gorputza, eta abar.

Famagusta

Famagusta (grezieraz Αμμόχωστος Ammóchōstos, turkieraz Gazimağusa/Mağusa) Zipreko hiria da, ekialdeko itsasertzean kokatutakoa, antzina Arsinoe zegoen lekuan. Elizbarruti-buru izan zen, Bizantziar Inperioaren garaian. 1141ean Rikardo Lehoi-Bihotzak hartu eta Zipreko Erresumako hiriburu bihurtu zuen. Genoaren (1372), Veneziaren (1489) eta Turkiaren (1571) mendeko hiria izan zen.

Gasteizko elizbarrutia

Gasteizko elizbarrutia (latinez eta ofizialki: Dioecesis Victoriensis) Eliza Katoliko Erromatarraren Euskal Herriko elizbarrutietako bat da, Araba osoa (Trebiñu eta Urduña barne direla) hartzen duena. Apezpikuaren egoitza Gasteizen dago. Egun apezpikua Juan Carlos Elizalde Espinal da. Gasteizko elizbarrutia Burgosko artxibarrutiko eliz probintziaren parte da.

Iruñeko eta Tuterako artxidiozesia

Iruñeko eta Tuterako artxidiozesia edo Iruñeko eta Tuterako artxibarrutia —laburturik, Iruñeko artxibarrutia edo Iruñeko artxidiozesia— (latinez eta ofizialki: Archidioecesis Pampilonensis et Tudelensis) Erromatar Eliza Katolikoaren probintzia bat da, Nafarroa Garaiaren lur eremu osoa barne hartzen duena; 1956an artxibarruti bihurtu zenetik beste elizbarruti hauek atxikita ditu: Donostiakoa (Gipuzkoa osoa), Logroñokoa (Errioxa osoa) eta Jakakoa (Huesca eta Zaragoza probintziak, ez osorik). Artxidiozesiaren egoitzak Iruñea eta Tutera dira. Egun, burua Francisco Pérez González da, Iruñeko artzapezpikua eta Tuterako apezpikua.

Euskal Herriko lurrak dituzten beste bi artxidiozesi daude: Bordelekoa (Ipar Euskal Herri osoa eta Euskal Herriaz kanpoko beste lur batzuk hartzen dituena) eta Burgoskoa (Araba, Bizkaia eta Euskal Herriaz kanpoko beste lur batzuk hartzen dituena).

Jakako elizbarrutia

Jakako elizbarrutia (latinez: Diœcesis Iacensis) Erromatar Eliza Katolikoaren espainiar elizbarrutietako bat da, Zaragozako eta Huescako probintzietako mendebaldea barne hartzen duena. Apezpikuaren egoitza Jakan dago. Egun apezpikua Julián Ruiz Martorell da. Jakako elizbarrutia Iruñeko eliz probintziaren parte da.

Katedral

Katedrala apezpikuak egoitza edo gotzain-aulkia duen tenplu kristauari deritzo. Modu honetan, elizbarruti bakoitzaren eliza nagusia da.

Hasieran, katedraletan Teologia, Gramatika eta Latin katedrak ematen ziren ikasleei, baina batez ere apaizgaiei. Alabaina, pixkanaka-pixkanaka katedraletako ekintzak gurtza egiteko zabaldu ziren.

Koloniako artxidiozesia

Koloniako artxidiozesia (latinez: Archidioecesis Coloniensis; alemanez: Erzbistum Köln) Alemaniako artxidiozesi katolikoa da, Ipar Renania-Westfaliaren mendebaldea eta Renania-Palatinatuaren iparraldea hartzen dituena. Herrialdeko elizbarrutirik handiena da, eta 2 milioi katoliko biltzen ditu.

Konkatedral

Konkatedrala (grezieratik: καθέδρα (katedra edo eserlekua, eta latinetik: "con" edo "co", laguntza edo kolaborazioa) katedral katoliko bat da baina bere kategoria beste katedral batekin konpartitzen du. Beraz, katedrala apezpikuak egoitza edo gotzain-aulkia duen tenplua baldin bada, konkatedralaren kasuan ezaugarri horiekin bi tenplu egongo dira; ondorioz, elizbarruti horretan bi eliza nagusiak dira. Kategoria hori konkatedraleei Egoitza Santuak ematen die.

Leskarreko elizbarrutia

Leskarreko elizbarrutia (latinez: Dioecesis Lascurrensis) Eliza Katoliko Erromatarraren elizbarrutia izan zen. Apezpikuaren egoitza Leskarreko Andre Maria katedralean zegoen.

Oloroeko elizbarrutia

Oloroeko elizbarrutia (latinez eta ofizialki Dioecesis Oloronensis) Eliza Katoliko Erromatarraren elizbarrutia izan zen. Apezpikuaren egoitza Oloroeko Andre Maria katedralean zegoen.

Roseau

Roseau (Antilletako kreoleraz Wozeau) Dominikako hiriburua eta hiri nagusiena da. 15.000 biztanle ditu, hiri txiki eta konpaktua da, Saint Georgeko parrokian dagoena. Uharteko hiririk zaharrena eta garrantzitsuena da.

Rouseauko Erromatar Elizbarruti Katolikoko buru da.

Santanderko elizbarrutia

Santanderko elizbarrutia (latinez: Dioecesis Santanderiensis) Erromatar Eliza Katolikoaren espainiar elizbarrutietako bat da, Kantabria (Villaverde Turtzioz izan ezik) eta Mena Harana barne hartzen dituena. Apezpikuaren egoitza Santanderren dago. Egun apezpiku nagusia Manuel Sánchez Monge da. Santanderko elizbarrutia Oviedoko eliz probintziaren parte da.

Tarazonako elizbarrutia

Tarazonako elizbarrutia (latinez: Diœcesis Turiasonensis) Erromatar Eliza Katolikoaren espainiar elizbarrutietako bat da, Zaragozako probintziako mendebaldea barne hartzen duena. Apezpikuaren egoitza Tarazonan dago. Egun apezpikua Eusebio Hernández Sola da. Tarazonako elizbarrutia Zaragozako eliz probintziaren parte da.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.