Despotismo

Despotismoa botere absolutua eta mugagabea duen pertsona edota talde batek gobernatzen dueneko sistema politikoari deritzo. Hitzak tiraniaren eta diktaduraren zentzuak ditu; hiritar guztiekiko kontrol absolutua duen gobernua.

Despotismo ilustratua edo onbera, XVIII. mendean ezaguna izan zen gobernu mota, erlazionatutako terminoa da. Bertan, monarka absolutuek bere aginpidea erabiltzen zuten bere herrialdeetako gizartean eta politikan hainbat erreforma egiteko. Argien mendeak eragin handia izan zuen mugimendu honetan.

Gobernu motak

Politika saila

Historia

Argien mendeko despotismoa

Europako estatu batzuetako errege absolutuek XVIII. mendearen erdialdean erabili zuten politika moldea da. Haren arabera, errege haiek Ilustrazioak zabalduriko iritzi politiko batzuk gauzatu nahi izan zituzten eta ministro ilustratuak aukeratu zituzten horretarako. Ilustrazioaren garaiko ideia demokraziazaleek filantropia mota berezi bat erakarri zuten Europako hainbat gortetara, baina erregearen ahalmenak batere murriztu gabe. «Dena herriarentzat baina herririk gabe» zen filosofia. Errege haiek hartu zituzten neurrien artetik hauek aipa daitezke: Aita Santuaren estatuari eta, beraz, atzerriko erresuma bati, hertsiki lotuak ziren erlijio ordenak kanporatzea (jesuitak bereziki); handikien pribilejioak murriztea; estatuen mendeko nazioen eskubideen aurkako erasoak (errege absolutuek, borboitarrek Euskal Herriari dagokionez, hasitako politikari jarraituz); administrazio publikoa zentralizatzea; hezkuntza eta irakaskuntza sustatzea (estatuen mendeko nazioetako hizkuntzak erabat bazterturik); justizia administrazioa eraberritzea (zigorren leuntzea eta tortura baztertzeko saioak) eta ekonomia sustatzea (Estatu banku nazionalak sortzea). Neurri hauek guztiak Erregimen Zaharraren azkena iragartzen zuten. Frederiko II.a Prusiakoa (1740-1786) izan zen despotismo ilustratua bideratu zuen lehen erregea eta hauek izan ziren errege ilustratu garrantzizkoenak: Josef II.a Austriakoa (1780-1790), Katalina II.a Errusiakoa (1763-1796), Gustavo III.a Suediakoa (1771-1792), Josef I.a Portugalgoa eta Pombal bere ministroa (1750-1777) eta Karlos III.a Espainiakoa (1759-1788). Frantziako Iraultzak (1789) ekarri zuen despotismo ilustratuaren azkena: Europako erregeek atzera jo zuten, Ilustrazioak zer ekar zezakeen konturatu zirenean eta Eliza katolikoarekin eta nobleekin bildu ziren burgesiaren eta herriaren oldarrei aurre egiteko. Despotismo molde honek ez zuen eragin berezirik izan Britainia Handian eta Frantzian. Ingalaterrako erregetza konstituzionala zen 1688az gero, eta, beraz, erregetza absolutuak ez zuen lekurik erregimen hartan. Frantziako aristokraziak, ordea, tinko eutsi zion sistema absolutuari, Ilustrazioaren eraginetik kanpo geratu ez bazen ere. Argien mendeko despotismoa Europa erdian, ekialdean eta Mediterraneo aldean errotu zen nagusiki, burgesia benetan sendotu gabe zegoen estatuetan, hain zuzen ere.

Ikus, gainera

Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra

Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra (ingelesez: American Revolutionary War edo American War of Independence) Britainia Handiak Ipar Amerikan zituen Hamahiru Kolonien eta Britainia Handiaren arteko gerra izan zen, 1775etik 1783ra bitartean gertatua. Yorktowngo setioan britainiarrek izandako porrotak eta Parisko Ituna sinatzeak amaitu zuten gerra.

Antzinako Erregimenaren krisia Hego Euskal Herrian

XVIII. mendearen azken bi hamarraldietan, krisi sakona bizi izan zuten probintzia foruetan gauzatzen ziren Antzinako Erregimeneko politika erakundeek. Frantses Iraultzaren prozesuak eragin handia izan zuen Hego Euskal Herrian, eta krisi politiko larria sorrarazi zuen, zeinean aurrez aurrez jarri baitziren tradizioa, alde batetik, eta konstituzioan oinarritutako sistema liberalaren modernotasuna, bestetik. Lehenagotik ere, Argien Mendeko despotismo garaitik, elkarren kontrako borrokan hasita zeuden, dena den, bi aldeak. Konstituzioa Foruen aurka: Koroa konstituzioaren alde, eta probintziak foruak aldezten. Euskaldunak euskaldunen kontra, interes desberdinen arabera. Iraultza kontinente guztian hedatzen ari zen bitartean, aldaketak egin behar izan zituzten probintzia foruetan, galduko ez baziren.

“Antzinako Erregimenaren krisia” esaten zaion kontzeptua historiografiaren asmakizuna da, hau da, XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran Europako politikaren eta erakundeen eraldatzea azaltzeko asmatua. Antzinako Erregimena esapidea Frantziako Iraultzan (1789) erabili zen lehen aldiz, iraultzaileek gainditu nahi zuten korporazio-estamentuen nagusitasunean oinarritutako sistema izendatzeko. Frantzian monarkia tradizionalaren gobernu motak irauli, eta aldi berean, Estatu berria eta haren nortasunaren bereizgarriak diseinatzeko eragiketa iraultzailea oso indartsua eta bizkorra izan zen; horregatik, ez dute arazorik izan historialariek Antzinako Erregimenaren eta iraultzak sortutako erregimen berriaren arteko mugak ezartzeko.

Europako beste herrialdeetan, ordea, ez zen horren garbia izan prozesu hori; hori dela eta, arazoak daude Aro Berriko erakunde sistema politiko tradizionaletik Estatu liberalerako trantsizioa aztertzeko garaian. Hala gertatzen da, esaterako, Espainiako monarkiari dagokionean, eta euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuari dagokionean ere. Horietan eragin handia izan zuen Frantziako iraultzaren prozesuak (1789an hasia); hala ere, Espainiako erregimena eta gobernu erakundeak ez ziren errotik aldatu 1808 eta 1812 bitarteko burujabetasunaren eta konstituzioaren krisia gertatu zen arte, hau da, Napoleonen gudarosteak Espainian finkatu eta Espainiako Cadizko konstituzio liberala (1812) emaitza izan zuen prozesua hasi zen arte. 1812ko konstituzioari Cádizko Konstituzioa esaten zaio Andaluziako hiri horretako Gorteetan egin zelako. Hala ere, egoera konstituzional horrek ez zuen luze iraun, 1814az gero Fernando VII.ak gobernu erregimen pertsonala ezarri baitzuen. Erregimen horrek erregea hil arte (1833) iraun zuen; 1820-1823 bitarteko Hiru Urteko Konstituzio Aldia izan zen erregimen haren eten bakarra. 1833an egitura politikoen aldaketa prozesua hasi zen berriz ere, eta 1837ko konstituzioa onartu zenean prozesu hori bizkortu egin zen.

Euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuan, gobernu erregimen batetik besterako trantsizioa 1808-1839 bitartean gertatu zen. Lurralde horien bilakaera tokian tokiko monarkiaren bilakaeraren araberakoa izan zen, eta urte bitarte haietan beren gobernu moduak erabat aldatu ziren, monarkia tradizionalak Estatu liberalari lekua utzi zionean.

Atal honetan trantsizio hori azaltzen da, eta horretarako, XVIII. mende bukaeran euskal lurraldeetako egoera politikoa eta erakundeena zein zen hartuko da kontuan lehenbizi, eta garai hartakoek beren gobernu mota eta Espainiako monarkiarekin zuten harremana nola esplikatzen zuten adieraziko da. Ondoren aztertuko dira 1793-1795 bitartean Espainiako monarkiaren eta Frantzia iraultzailearen arteko gerran (Konbentzioko gerra) iraultzarekin izandako lehen harremanen ondorioak eta harreman horrek euskal probintzien antolamenduaren gainean, foruen gainean hain zuzen, sortu zuen eztabaida. Ondoren monarkiak konstituzioan eragin zituen aldaketen eta foru errejimenaren arteko harremana, eta harreman horrek Fernando VII.aren gobernuan izan zuen bilakaera azalduko dira. Horren guztiaren azterketarekin zenbait ondorio aterako dira trantsizioaz.

Argien Garaia

Argien Garaia edo Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetako kultura higikundea izan zen, gizonaren funts eta oinarritzat arrazoia hartzen zuena. Ingalaterran hasi zen eta Frantzian, Alemanian eta Espainian ere mamitu zen. Eragin politikoa, zientifikoa, ekonomikoa eta soziala izan zuen. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena.

XVII. mendeko filosofia arrazionalisten eta enpirikoen izpiritua bere egin zuen Ilustrazioak, eta Iraultza Burgesaren eta pentsamoldearen aitzindari ere izan zen. Zientziaren garapena funtsezkoa izan zen sorreran, aurkikuntza berriak zirela-eta, izadia modu berri batez ulertzen hasi baitzen XVII. mendean; horrela, naturak lege batzuk bazituela eta lege horiek arrazoiaren bidez argitu eta uler zitezkeela ondorioztatu zuten. Ildo horretatik abiatuta, arrazoia nagusitu zen arlo guztietan: zientzietan, gizarteko harremanetan eta mundua ikusteko moduan. Argien Garaian sortu eta egin ziren Europako lehen entziklopedia, hain zuzen ere Diderotek eta D’Alembertek egin zuten Encyclopédie ospetsua.

Despotismo Ilustratua

Despotismo ilustratua edota Absolutismo ilustratua XVIII. mendean Europan nagusitu zen gobernu mota da. Beraz, doktrina politiko bat da, Ilustrazioaren (Argien Mendearen) garaiko filosofoen ideietatik sortua. Monarkia absolutuen eta Antzinako Erregimenaren barnean kokatuta dago. XVIII. mendearen erdialdean agertu zen despotismoaren aldaera bat da.

Gobernu mota horretan: monarkek beren borondatea ezartzen zuten parlamentuak kontuan hartu gabe; eta aldi berean, Ilustrazioaren ideia filosofikoetan oinarritutako erreformak egiten zituzten administrazioa eta ekonomia arrazionalizatzeko.

Gobernu-mota hori esaldi batean labur daiteke: Dena herriarentzat, baina herria aintzat hartu gabe. Estatuaren ongizatea bilatzen zuen (edo, gutxienez, monarkek ongizatetzat ulertzen zutena), hau da, herritarren iritzia kontuan hartu gabe eta boteretsuek sortutako erreformak egitea.

Sistema politiko horrek mendeko azken urteetako krisia eragin zuen, Frantziako iraultza ekarri zuena.

Espainia

Espainia (gaztelaniaz: España, esˈpaɲa ahoskatua), ofizialki Espainiako Erresuma (gaztelaniaz: Reino de España), hego-mendebaldeko Europako estatu burujabea da, Iberiar penintsularen bost seiren hartzen dituena; horrezaz gainera, Balear uharteak ditu Mediterraneo itsasoan; Kanariak, Ozeano Atlantikoan; Ceuta eta Melilla autonomia hiriak iparraldeko Afrikan; eta uharte txiki batzuk Alborango itsasoan, Marokoko kostaldearen aurrean. Mendebaldean Portugal eta Ozeano Atlantikoarekin du muga, iparraldean Frantzia, Andorra eta Bizkaiko golkoarekin (Ozeano Atlantikoa), ekialdean Mediterraneoarekin, eta hegoaldean Gibraltar (Erresuma Batua), Gibraltarko itsasartea eta Marokorekin (Ceuta eta Melillaren hegoaldean). 504.645 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 46.464.053 biztanle zituen. Hiriburua Madril da.

Espainiako 1978ko konstituzioaren arabera, Espainia estatu sozial eta demokratikoa da, gobernu-formatzat monarkia parlamentarioa duena. Munduko hamalaugarren ekonomia da, BPG nominalari dagokionez. Nazio Batuak, Europar Batasuna, Eurogunea, Europako Kontseilua eta NATO erakundeetako kidea da.

Espainiar nazionalismo

Espainiar nazionalismoa Espainiaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologia da. Nazionalismo hori hertsiki lotuta dago Espainiako estatu zentralista modernoaren ezarpen eta goraldiarekin, eta atxikia du gaztelaniaren aldeko estatu barruko hizkuntz uniformizazioa eta hedakuntza.

Mendebaldeko Europako beste erresuma batzuetan bezala, Erdi Aroaren amaieran erein ziren Espainiako estatu-nazioaren haziak, Gaztelako monarkia eta haren balioak oinarri hartuta. Aditu gehienen ustetan, Iberiar Penintsulako Gerran jaio zen ideologia moduan, liberalismoarekin batera. Espainiako estatu modernoaren zuzenbide oinarri ideologikoek Frantziakoetatik edaten dute; espainiar nazionalismoak, ordea, liberalismo hori Antzinako Erregimeneko jarrera autoritarioekin zein sinbologia katolikoarekin uztartu du.

Egungo espainiar nazionalismoak 1876ko Canovas del Castilloren konstituzioarekin hartu zuen gorputz instituzionala, eta ia automatikoki Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruak desagerrarazi zituen. XIX. mendearen amaieran, Espainiako estatuaren barnean beste ideologia nazionalista batzuk jaio ziren, nazio bakarraren ideiaren kontra borrokatu zirenak.

Estatu islamiko

Estatu islamiko bat (arabieraz: الدولة الإسلامية‎‎, al-dawlah al-islamīyah) Islameko xaria oinarri duen estatu bati ematen zaion izena da. Islamaren lehenengo urteetatik hainbat izan dira euren burua Islamikotzat izendatu duten estatu eta gobernuak, hasita Mahomak gidatutako kalifatotik, eta ondoren kalifa izendatu diren beste askorekin jarraituta. Kalifa hitzak "Mahomaren ondorengoa" dela adierazten du.

Hala ere, "Estatu islamiko" adierak konotazio modernoak hartu ditu XX. mendetik hona. Estatu islamikoaren kontzepzio modernoa Abul A'la Maududi, Ayatollah Ruhollah Khomeini, Israr Ahmed eta Sayyid Qutb bezalako ideologoek garatu dute. Lehenego kalifatoaren nozioan bezala, Lege Islamikoan oinarritzen dira. Hala ere despotismo edo monarkiatan ez bezala, Estatu islamiko moderno batek hauteskundeak, parlamentuak, botere judiziala eta burujabetza izan ditzake.

Gaur egun musulmanak gehiengo diren herri askotan hartu dute Lege islamikoa oinarritzat. Herrialde batzuek Islama euren erlijio izendatu duten konstituzioetan, baina ez dute lege islamikoa erabiltzen epaitegietan. Monarkiak ez diren Estatu islamikoek Errepublika islamiko izena hartu ohi dute.

Francisco Goya

Francisco José de Goya y Lucientes (Fuendetodos, Zaragozako probintzia, 1746ko martxoaren 30a - Bordele, Frantzia, 1828ko apirilaren 16a) erromantizismoari hasiera eman zion espainiar pintore, marrazkilari eta grabatzailea izan zen. Erretratugile ofiziala izan bazen ere, bere garaiko estilo eta gai konbentzioak baztertu zituen. Irudimen erabat librea agertuz, molde plastiko berezia sortu zuen. Hori dela eta, arauak hautsi nahi dituen margolaritza modernoaren aitzindari izan zen.

Frantziako Iraultza Euskal Herrian

Frantziako Iraultza Euskal Herrian eragin sakona izan zuen gertakaria izan zen. 1789tik 1799ra bitartean, Frantzian aldaketa azkar eta sakonak ekarri zituen prozesu sozial eta politikoa izan zen. Prozesu horretan, Frantziaren Antzinako Erregimeneko egitura politikoa irauli egin zen (monarkia absolutua, pribilegio feudalekin aristokraziarentzat eta klero katolikoarentzat), Ilustrazioko printzipio arrazionaletan oinarrituta eta Liberté, égalité, fraternité leloan bilduta.

Berdintasun printzipioaren epelean, herriaren eta (estatu) nazioaren ideiak gailendu ziren, baina horiek Paris hartzen zuten erdigunetzat, eta nahitaez, onenean, edo bortizkeriaz, txarrenean, hedatu ziren Frantziako Koroaren peko lurralde guztietara. Despotismo Ilustratuaren eta Antzinako Erregimenaren indarren arteko gatazka Konbentzioaren Gerran gauzatu zen Euskal Herrian, herriaren subiranotasunaren eta foruen gaia tartean zela.

Frantziako Lehen Inperioa

Frantziako Lehen Inperioa, Napoleondar Inperioa ere deitua, Frantzian Napoleon Bonaparteren agintaldi inperialari deritzon izena da, zeinetan Europako zati handia menperatu zuen. Inperioak 1804tik 1814ra iraun zuen, eta 1815ean ere Ehun Egunetan laburki berrezarri zuten.

Inperioaren hasiera 1804ko maiatzaren 18an kokatzen da, Napoleonek -orduko Lehen Kontsulak- Frantziarren Enperadorearen titulua hartu zuenean. Abenduaren 2an bere buruari eman zion koroa Parisko Notre Dame katedralean. Hirugarren Koalizioak berehala egin zion aurre eratu berriko inperioari. Austerlitzeko guduan garaipen erabakigarria lortzean, Inperioak aurrera egin ahal izan zuen. Napoleonen armadak (La Grande Armée) Prusia 1806an eta Errusia Polonian 1807an (Friedlandeko bataila) garaitu zituen. Ondoren, Tilsiteko hitzarmenarekin (1807ko ekainean), bakea itzuli zen Europara.

Iberiar Penintsulan eskua sartzean gerra piztu zen 1808an. Sei urteko gerra horretan larri ahuldu zen Inperioa. 1809an, Bosgarren Koalizioko Austriaren aurka borrokatu zen Frantzia. Garaile berriro aterata, Schönbrunneko Ituna ezarri zuen Napoleonek Habsburgo leinuaren gainean. Errusiarekiko tirabira diplomatikoek Errusiaren inbasio zorigaiztokoa (1812) ekarri zuten. Seigarren Koalizioarekin, Frantziako indarrak Alemaniatik atera ziren 1813an. Napoleonek 1814ko apirilaren 6an abdikatu zuen, Elba uharte txikira erbesteratuta. Hortik 1815ean itzuli zen, baina Waterlooko guduan porrot egitean, Lehenengo Inperioa erori zen atzera bueltarik gabe.

Erpinean, 1812an, Frantziako Inperioak 130 departamentu zituela (44 milioi biztanlerekin), 600.000 soldadu zelairatu ahal izan zituen Errusia konkistatzeko. Alemanian, Italian, Espainian eta Varsoviako dukerrian tropa ugari zeukan sakabanatuta, eta Prusia nahiz Austria izeneko aliatutzat ere izan zituen. Inperioaren patua armadari atxikita zegoen. Haren aurreko garaipenek Frantziako Iraultzako hainbat printzipio Europan zehar barreiatu zituen. Jaunarekiko zergak eta beharrak bertan behera utzi ziren Frantziako armadaren aurrera egitean. Polonian izan ezik, aristokraziaren pribilegio oro deuseztatu ziren, eta Napoleondar kodea sartuta, legearen azpian gizaki guztiak berdin ziren.

Gloria al Bravo Pueblo

Gloria al Bravo Pueblo (euskaraz: Ohore herri ausartari) Venezuelako ereserkia da. Antonio Guzmán Blanco presidenteak ofizialtasuna 1881eko maiatzaren 25ean aldarrikatu zuen.

Ipar Korea

Ipar Korea, izen ofizialez Koreako Herri Errepublika Demokratikoa (koreeraz hangul alfabetoan: 조선 민주주의 인민 공화국, hanja alfabetoan: 朝鮮民主主義人民共和國, Chosŏn Minchuchu-ŭi Inmin Konghwaguk), ekialdeko Asiako estatu burujabe bat da, Koreako penintsularen iparraldea hartzen duena. Hegoaldean Hego Korea du, harekin 1945. urtera arte Korea herrialde batu bakarra osatu zuena. Horrez gain, mugakide ditu Txina iparraldean eta Errusia ipar-ekialdean. 120.540 kilometro koadroko eremua du, eta 25,4 milioi biztanle zituen 2016an. Hiriburua Piongiang da.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak izenpeturiko itunaren arabera, Estatu Batuen osteek onartuko zuten japoniarren errenditzea 38. paralelotik hegoaldera, eta Sobietar Batasunak gauza bera egingo zuen paraleloaren iparraldean. 1948ko abuztuan, hegoaldean hauteskundeak egin eta Koreako Errepublika ezarri zen. Hurrengo hilean, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa sortu zen iparraldean. 1950-1953 urteetako Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gerra gogorraren ondoren, eta armistizioa izenpetuta, lerro militar bat ezarri zen 38. paralelotik gertu, bi Koreak banatzen dituena. Ipar Koreak inbertsio izugarriak egin ditu indar militarretan, eta milioi bat soldaduko armada bat osatu du, sendo hornitua. Ekonomia egoera latza den arren, bere baliabide urrien parte handi bat armadarentzat erabiltzen du.

Jesusen Lagundiaren kanporaketa

Jesusen Lagundiaren kanporaketa historian zehar behin baino gehiagotan eman den gertaera izan da. Kanporatze garrantzitsuena XVIII. mendean zehar eman zen. Despotismo Ilustratuarekin bat egiten zuten monarkiek Lagundia kanporatu zuten, esaterako Espainiako Monarkian 1767an, eta, 1773an, Klemente XIV.a Aitasantuak ordena desegin zuen. Hurrengo hamarkadetan kanporatze neurria errepikatuko zen herrialde desberdinetan.

Kaligula

Kaligula (latinez: Gaius Julius Caesar Germanicus) (K. o. 12ko abuztuaren 31 - K. o. 41eko urtarrilaren 24a) Erromako hirugarren enperadorea (37 - 41) izan zen. Germanikoren eta Agripinaren semea zen. Haren ankerkeria, despotismo eta bitxikeriengatik da ezaguna. Bere bizkartzainek hil zuten 41 urtean. Germaniako gotorleku militar batean igaro zuen haurtzaroa. Soldaduek Kaligula ezizena eman zioten haren botatxoengatik, horixe esan nahi baitu Caligulae latinezko hitzak. Kaligulak gorrotatu egiten zuen ezizen hori.

Tiberioren ondorengoa izan zen eta hasieran herriaren gogoko politika liberala bideratu zuen. Erialdi batek aldatu zuen, ordea, Kaligularen nortasuna eta bere burua, errege ez ezik, jainko bihurtu zuen. Inperioko altxorra xahutu zuen, herriari zergak ordainarazi zizkion eta, dirua lortzearren, aristokraziako kide ospetsuenak hil zituen. Bere eromenean, Erromako herriak buru bakarra izan zezan nahi zuen, ezpata ukaldi batez moztu ahal izateko. 41. urtean hil zuten. Erromako Senatuak enperadoreen zerrendatik kendu zuen. Albert Camus frantses idazleak antzerki lan ospe handikoa idatzi zuen, Caligula izenekoa, enperadorearen bizitza oinarri hartuta.

Garaiko iturriak ez dira, ordea, oso onak. Haietan, orokorrean pertsona baino karikatura ematen du Kaligulak: megalomanoa, apetatsua eta krudela. Aipatzen da Kaligulak bere zaldi maitatuena, Incitatus izenekoa, kontsul izendatu zuela. Halaber, intzestu-harremanak izan ohi zituen bere arrebekin, batez ere Drusila gazteenarekin. Hala ere, ez dago aipamen horiek frogatzerik.

Karlistaldi

Karlistaldiak edo karlista gerrak —gerra karlista eta karlistada izenez ere ezagunak— Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerra zibilak izan ziren, eta Euskal Herria izan zuten gune nagusi. Euskal Herrian bi gerra izan ziren, eta hala gorde da bertako herri oroimenean eta historiografian; izan ere, Espainiako historiografian Bigarren Karlistaldia deitzen denak, ez zuen indarrik izan Euskal Herrian: Katalunia erdigune hartu zuen altxamendu bat izan zen, Matinerren Gerra ere deitua. Karlistaldiak Europako historian errege-nahien arteko azken gerrak izan ziren.

1833 eta 1876 artean karlistek — Karlos infantearen (Karlos V.a nahi zuenaren) eta bere oinordekoen jarraitzaileek — zenbait aldiz matxinatu eta balio tradizionalak (legitimismo eta katolizismoa) aldarrikatu zituzten, "Jainkoa, Aberria eta Erregea" lelopean, hasieran liberalismoren eta, gero, errepublikanismoaren aurka. Euskal Herrian, errege-nahiaren babesa baino, foruen galeraren auzia izan zen tentsioen iturri nagusia eta, hain zuzen, foruak behin betiko galdu ziren azken karlistaldiaren amaieran, 1876an.

Karlos III.a Espainiakoa

Karlos III.a (Madril, 1716ko urtarrilaren 20 — Madril, 1788ko abenduaren 14) Parmako dukea (Karlos I.a) izan zen 1731-1735 bitartean, Napoliko erregea (Karlos VII.a) 1734-1759 bitartean, Siziliako erregea (Karlos V.a) 1735-1759 bitartean, eta Espainiako erregea 1759-1788 bitartean.

Katalina II.a Errusiakoa

Katalina II.a Errusiakoa edo Katalina Nagusia (errusieraz: Екатери́на II Вели́кая, Jekaterina II Velikaia, edo Екатери́на Алексе́евна, Jekaterina Alekseievna) (1729ko maiatzaren 2agreg./apirilaren 21ajul. - 1796ko azaroaren 17agreg./azaroaren 6ajul.) Errusiako enperatriza izan zen 34 urtez (1762ko ekainaren 28tik hil arte). Haren agintaldia despotismo onberaren adibideetako bat da.

Portugal

Portugal, izen ofiziala Portugalgo Errepublika, Europako hego-mendebaldeko estatua da, Iberiar penintsularen mendebaldean kokaturik dagoena. Iparralde eta ekialdean Espainiarekin du muga, eta mendebalde zein hegoaldean, Ozeano Atlantikoarekin. Portugal kontinentalaz gain, Portugalgo Errepublikak bi uhartedi ditu Ozeano Atlantikoan: Madeira eta Azores. 1986tik Europar Batasuneko kidea da eta 1999tik, Eurogunekoa.

Hiriburua Lisboa da eta hiri nagusiak, Porto, Vila Nova de Gaia, Braga, Amadora, Funchal eta Coimbra.

Tirano

Tiranoa (grezieraz: τύραννος, tyrannos), egungo esanahiarekin, estatu edo erakunde batean botere ia absolutua duen agintaria da. Izenak konnotazio negatiboak ditu, bere interesak menpekoenen gainetik jartzen dituen agintari krudel eta bortitzarena.

Hitzaren zentzu klasikoan ordea, boterea bere kabuz, lege hereditario edo konstituzionaletatik at, lortu zuenari egiten dio erreferentzia. Aginte mota hau tirania da. Gobernu era honen jatorria Antzinako Grezian dago, non tiranoek gizarteko behe-mailako kideentzat erreforma sozialak eta obra publikoak egin zituzten. Sistemak epe luzera porrot egin zuen, gizabanako baten ospean oinarritzen baitzen, bere oinordekoak indarkeria erabiltzen zutelarik boterean mantentzeko.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.