Bulgaria

Bulgaria[1] (bulgarieraz: България, bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), ofizialki Bulgariako Errepublika (bulgarieraz: Република България, rɛˈpublikɐ bɐɫˈɡarijɐ ahoskatua), Hego-ekialdeko Europako estatu burujabea da. Iparraldean Errumania du, Serbia eta Mazedoniako Errepublika mendebaldean, Grezia eta Turkia hegoaldean, eta Itsaso Beltza ekialdean. 110.993 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 7,1 milioi biztanle zituen. Hiriburua Sofia du.

Otomandar Inperioaren mende egon zen 1908 arte. Mundu gerretan parte hartu eta galtzaile atera zen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Sobietar Batasunaren eraginpean gelditu zen. 1991 arte komunisten agintepean egon zen, eta Sobietar Batasuna desegin zenean politikan demokrazia, eta ekonomian merkatu ekonomia ezartzeko ahaleginak hasi ziren. Europar Batasuneko estatua da 2007ko urtarrilaren 1etik.

Bulgariako Errepublika
Република България
Bulgariako bandera Bulgariako armarria
Bandera Armarria
Goiburua: Съединението прави силата
(Batasunak indarra sortzen du)
Ereserkia: Мила Родино
(Aberri maitea)
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Sofia
Hizkuntza ofiziala(k) Bulgariera
Herritarra bulgariar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Rumen Radev
 -  Lehen ministroa Boiko Borisov
Eratzea
 -  Bulgariako Lehen Inperioa 6811018 
 -  Bulgariako Bigarren Inperioa 11851396 
 -  Independentzia Otomandar Inperiotik 1908ko urriak 5 
Azalera
 -  Guztira 110,993.6 km2 (105.)
 -  Ura (%) 0,3
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016) 7.101.859[2] (100.)
 -  Dentsitatea 64,9 bizt./km2 (95.)
Dirua Lev (BGN)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 359
Internet domeinua bg

Geografia

Mugak

Bulgaria hego-ekialdeko Europan dago, Balkanetako penintsularen ekialdean. 110.994 kilometro koadroko eremua dauka. Iparraldean Errumania du (608 kilometroko muga), hegoaldean Grezia (494 km) eta Turkia (240 km), mendebaldean Serbia (318 km) eta Ipar Mazedonia (148 km), eta ekialdean Itsaso Beltza (354 kilometroko itsasertza)[3].

Erliebea

Bulgaria-geographic map-en
Bulgariako mapa topografikoa

600 metro baino gutxiagoko garaiera duten ordoki eta muinoek hartzen duten lurraldearen bi heren. Erliebe unitate nagusiak zerrenda paralelotan hedaturik daude. Iparraldetik hegoaldera hauek dira: Danubioren ordokia, Errumaniako mugaren ondoan; Balkanetako mendikatea; Traziako ordokia; eta Rodope mendiak. Rodopeen hego-mendebaldean Pirin eta Rila mendiguneak daude. Musala (2.925 metro), Bulgariako eta Balkanetako penintsulako mendirik garaiena, Rila mendigunean dago. Ekialdean Itsaso Beltzaren kostaldea dago[3].

Hidrografia

Bulgariako ibai nabigagarri bakarra Danubio da, 484 kilometroan herrialdearen iparraldeko muga egiten duena. Ibilbide osoa Bulgarian duen ibairik handiena Iskar da (368 kilometro), Rila mendigunean jaio, Sofiatik igaro eta Danubiora isurtzen dena[3]. Hegoaldean Maritsa eta Struma daude.

Klima

Herrialde txikia izan arren, nahiko klima desberdinak daude, erliebearen eta aire masa kontinental eta mediterraneoen eraginez. Neguan, Danubioren ordokian barrena sartzen diren aire masa kontinentalek elurte ugari ekartzen dute. Aire masa mediterraneoak direla-eta, uda beroa eta lehorra izaten da Rodope mendietan eta Traziako ordokian. Itsaso Beltzak ere eztitzen du klima. Sofian, neguko batez besteko tenperatura -2º C da, eta udakoa 21º C.

Herrialdeak 630 milimetroko prezipitazioa jasotzen du urtean, batez beste; Itsaso Beltzaren ertzak, Danubioren ordokiak eta Traziako ordokiak gutxiago jasotzen dute[3].

20140624 between Veliko Tarnovo and Rousse 07

Danubioren ordokiko sailak

Pirin-mountains-Bansko

Pirin mendigunea neguan

The Village Of Beden 2

Rodope mendiak udazkenean

Veleka Bulgarian River Outfall

Veleka ibaiaren ahoa, Itsaso Beltzean

Village of Cherven

Txerven herria, Ruse probintzia

Historia

Lehen urteak eta Bulgariar Inperioa

Eskualdeko lehen zibilizazio ezaguna traziarra izan zen, goren aldia K.a. VI. mendean erdietsi zuena. Barne borrokak zirela eta, greziarrek, persiarrek, mazedoniarrek eta erromatarrek hartu zuten lurraldea ondoko mendeetan. K.a. lehen gizaldian, Traziako Erresuma Erromatar Inperioaren mende gelditu zen. Serditsa, egun Sofia dagoen lekuan kokatua, merkataritza-gune garrantzitsua izan zen. IV. mendean, Erromatar Inperioaren zatitzearen ondoren, Bizantzioren esku gelditu zen; garai hartan iritsi zen kristautasuna[3].

VI. mendearen hasieran, eslaviar tribuak iritsi ziren eskualdera, eta gizartzea eslaviartzen hasi ziren. VII. mendearen bukaeran, Asparukh khana buru zuen bulgar tribuak Danubioren eta Balkanetako mendikatearen artean kokatu ziren; hiriburua Pliskan ezarri zuten. 681ean, Bulgariako Lehen Inperioa sortu zuten, Bizantziar Inperioaren onespenarekin[4]. 870ean, Boris I.aren agintaldian, kristautasun ortodoxoa hartu zen inperioko erlijiotzat; horrek bizantziar eta eslaviar eragina areagotu zuen[3]. 1014an, Basilio II.a buru zuen bizantziar armada nagusitu zitzaion bulgariarrari Kleidiongo Guduan, eta 1018an Bizantziar Inperioak erabat beretu zuen Bulgaria.

XI eta XII. mendeetan Bulgaria Bizantziar Inperioaren mende egon zen. Lehenengo eta bigarren gurutzadek eskualdea erraustu zuten. 1202an, bizantziarren beheraldiaz baliaturik, Petri IV.ak Bulgariako Bigarren Inperioa sortu zuen. Inperioak Kalojan eta Ivan Asen II.aren agintaldietan izan zuen urrezko aroa, baina XIII. mende amaieratik aurrera, barne zatiketek ahuldurik, tatariarren, magyarren eta bizantziarren inbasioak pairatu behar izan zituen[3]. 1382an, Otomandar Inperioak Sofia hartu zuen, eta 1396rako Bulgaria osoa haien mende zegoen. Otomandar aginteak ia bost mende iraun zuen[5].

Otomandar agintea eta independentzia

Konstantin Makovsky - The Bulgarian martyresses
Makovskiren Bulgariar martiriak. Otomanoen errepresioa 1876ko altxaldiaren ostean

Otomandarrek desegin zituzten bulgariar estatuaren egiturak, eta Bulgariako Eliza Ortodoxoa Konstantinoplako patriarkaren mendean jarri zuten. Aldian behin odol zerga kobratzen zuten: mutiko kristatuak bahitu, islamera bihurrarazi eta jenizaroen unitatean sartzen zituzten[5]. Bulgariar kulturak monasterioetan eta herri txikietan iraun zuen bizirik; bestalde, Mendebalde eta Ekialdearen arteko merkataritza bide garrantzitsu batean zegoenez gero, jatorri askotako jendeak kokatu ziren herrialdean. XVII. mendetik aurerra, inperioa beheraka joan ahala, otomandar agintea gogortu zen. Aldi berean, inperioko beste herrialde batzuetan gertatu zen bezala, nazio kontzientzia piztuz joan zen. Turkiarren aurkako hiru matxinada handi gertatu ziren, 1590eko, 1680ko, 1730eko hamarkadetan, bortizki zapalduak izan zirenak. Bulgariar abertzaletasunaren pizkundean eragin handia izan zuen Paisi Hilendarkoak, Athos mendiko lekaideak, idatzitako Eslaviar-bulgariarren kondaira (zirilikoz: История славяноболгарская, Istoriya Slavyanobolgarskaya)[3].

Alexander-von-Battemberg
Alexandro I.a, Bulgaria modernoko lehen estatuburua

XIX. mendean, bulgariar abertzaletasunak indarra hartu zuen. 1835ean, bulgarierazko lehenbiziko eskola sortu zuen Vasil Aprilovek; 1870erako 2.000 inguru zeuden, udalek, elkarteek edo partikularrek sortutakoak[6]. 1870ean, otomandarrek onartu zuten Bulgariako Eliza Ortodoxoaren burujabetza[3]. 1876ko apirilean, bulgariarrak altxatu ziren otomandar agintearen aurka. Errepresioa oso bortitza izan zen, eta 15.000 bulgariar baino gehiago hilaraziak izan ziren[6]. Horrek biziki gaitzitu zuen Europako herri iritzia. Europar estatuburuek erreforma batzuk proposatu zituzten eta, sultanak errefusatu zituelarik, Errusiak gerra deklaratu zion Otomandar Inperioari. 18771878an, Bulgariar boluntarioak eta errusiar armada elkarren ondoan borrokatu ziren Errusia-Turkia Gerran[6]. 1878ko Berlingo Itunean Bulgariako Printzerria sortzea adostu zen, autonomia handia zuena; Alexandro Battenbergekoa izan zen lehenbiziko printzea[3].

Estatu berria bulgariar abertzaleek nahi zutena baino askoz txikiagoa zen. 1885ean, Bulgariako Printzerriak eta biztanleri gehiena bulgariarra zuen Ekialdeko Rumeliak bateratzea erabaki zuten. Europako herrialde ahaltsuenak horren aurkakoak baziren ere, Serbia-Bulgaria Gerraren ostean bateratzea onartu behar izan zuten[7]. Alexandro I.a 1886an kendu zuten kargutik, eta Fernando I.ak ordeztu zuen. 1908an erdietsi zuen herrialdeak erabateko burujabetza, Bulgariako Erresumaren sorrerarekin[7].

XX. mendea

Bulgarian dead in the Attack on Edirne, 1912
Balkanetako Gerretan hildako bulgariarrak

Lurraldea zabaltzeko grina zela-eta, Bulgaria Balkanetako Gerretan sartu zen 1912 eta 1913. urteetan; Bigarrenean porrot handia izan zuen. Lehen Mundu Gerran, Austria-Hungaria eta Alemaniarekin bat egin bazuen ere, 1918ko irailean erretiratu zen, iritzi publikoak eta porrot militarrek beharturik[3]. Gerra ostean, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa nagusitu zen. 1923an, mazedoniar abertzaleek Alexander Stamboliski lehen ministroa erail zuten. 1929tik aurrera, Depresio Handiak ere gogor kolpatu zuen herrialdea. 1935ean, Boris III.a erregeak erregimen diktatoriala ezarri zuen.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran neutrala izan zen, baina 1941eko martxoaren 1ean, naziek hertsaturik, Berlin-Erroma Ardatzarekin bat egin zuen. Beti ere, Bulgariaren jarrera nahiko pasiboa izan zen eta, Trazia eta Mazedonia inbaditu bazituen ere, uko egin zion Bizargorri Operazioan parte hartzeari eta juduak deportatzeari, eta beti eduki zituen harreman diplomatikoak Sobietar Batasunarekin[8]. 1943ko abuztutik aurrera, Boris III.aren heriotzaren ostean, gobernua saiatu zen bakea sinatzen Aliatuekin, baina 1944ko irailean Sobietar Batasunak herrialdea inbaditu zuen.

Gerra ostean, monarkia ezeztaturik, alderdi bakarreko herri errepublika komunista bilakatu zen Bulgaria. Georgi Dimitrov (1946-1949), eta Valko Txervenkovek (1950–1956) erregimen estalinista ezarri zuten; kolektibizazioa eta industralizazioa oso azkarrak izan ziren, ez errepresioa latza, milaka disidente hilarazi baitzituzten[9][10]. 1954an, Todor Zhivkov hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari nagusi, eta 1962an lehen ministro bilakatu zen. Haren agintaldi luzean errepresioa gutxitu zen, eta gizarte ongizatea hobetzeko neurriak hartu ziren, beti Sobietar Batasunaren gerizpean[11]. 1980ko hamarkadan, turkiar gutxiengo etnikoaren aurkako neurriak hartu ziren[12].

Azken urteak

Sobietar Batasunaren gainbehera zetorrenean, bulgariarrek bidez bide segitu zioten 1987tik aurrera Gorbatxov lider sobietarrak abiarazitako perestroikari. Horrela, 35 urtez Bulgariako estatuburu egon zen Todor Zhivkov komunista alderditik bota zuten, kargua utzi behar izan zuen, eta erreformari ekin zioten, 1989an, Petar Mladenov komunisten buruzagi berriaren zuzendaritzapean. Alderdi anitzeko sistema antolatzen hasi zen eta bulgariar turkiarren eskubide zibilak ezagutu ziren. 1990an hauteskunde libreak antolatu ziren; Bulgaria izan zen hauteskunde libreen bidez legebiltzarra hautatu zuen erregimen komunista ohiko lehen herrialdea. Komunista erreformazaleen alderdi sozialista atera zen irabazle, eta komunismo garaiko disidenteak biltzen zituen zentro-eskuineko Indar Demokratikoen Batasuna izan zen bigarren.

Zhelyu-Zhelev-20090423
Zhelju Zhelev, Bulgariako Errepublikako lehen presidentea (19901997)

1991ko urriko hauteskundeetara hirurogei alderdi politikotik gora aurkeztu ziren, eta Indar Demokratikoen Batasunak irabazi zuen, turkiarren ordezkari zen Eskubideen eta Askatasunen Mugimenduaren laguntzarekin; alderdi sozialista gelditu zen bigarren. Horrela, Zhelju Zhelev oposizioko burua izendatu zuten lehendakari, eta 1992an hark irabazi zuen berriro. Baina merkatu ekonomiara egokitzeko zailtasunak, ustelkeriak eta pobreziak (biztanleen erdia baino gehiago zen pobrea) egoera larritu zuen, eta erreformari aurre egin ezinik, legebiltzarrerako hauteskunde aurreratuak egin ziren 1994an. Sozialistak izan ziren garaile, baina finantzen gainbehera ekarri zuten (soldatak murriztu ziren, inflazioa areagotu zen, eta banku eta kreditu erakundeek hondoa jo zuten).

1996 amaieran krisi politiko larria sortu zen, eta egoera larritu egin zen 1997an Indar Demokratikoen Batasuneko Petar Stoianov hautatu zutenean Zheleven ordezkari. Stonianov presidenteak sozialisten kontrako politika bideratu zuen, eta 1997ko hauteskunde aurreratuetan gehiengo absolutua eskuratu zuen (Ivan Kostov izendatu zuten lehen ministro, Zhan Videnovek bere kargua utzi ondoren). Politika ekonomiko neoliberala bideratu zuen gobernu berriak, Nazioarteko Diru Funtsaren irizpideei jarraituz, inflazioa kontrolatzearren (enpresa publiko asko pribatizatu ziren, alor publikoan lanpostu asko kendu ziren…); horrekin batera, 1990 hasieratik nabarmendu zen ustelkeria eta kriminaltasuna desagerrarazteko neurriak hartu behar izan zituzten agintariek.

Bulgariak Europar Batasunean eta NATOn sartzeko eskaerak egin zituen, eta Balkanetako egoera egonkortzen lagun zezakeen segurtasun eremu bat antolatu nahi izan zuen Grezia, Turkia eta Bulgariaren artean. Bestalde, Balkanetako Gerran ez zuen parte hartu, eta 1992an ezagutu zuen Mazedoniako Errepublikaren burujabetasuna; liskar handiak izan zituen, ordea, Mazedoniako gobernuarekin, ez baitzuen onartzen mazedoniarrek nazio bat osatzen zutenik, ezta mazedoniera Mazedoniako hizkuntza nazionala izatea ere.

2001eko hauteskundeak irabazirik, Simeon II.a errege ohia izan zen lehen ministro 2005 arte. 2004ko martxoaren 29an, Bulgaria NATOn sartu zen, eta 2007ko urtarrilaren 1ean, Europar Batasunean.

Gobernua eta administrazioa

Politika

National Assembly of Bulgaria
Bulgariako Biltzar Nazionalaren egoitza, Sofian

Bulgaria errepublika parlamentarioa da. Presidentea da estatuburua eta Indar Armatuen komandante nagusia, eta herri-boto zuzenaz hautatzen da bost urteko eperako; behin bakarrik hauta daiteke berriz. Presidentea Segurtasun Nazionalaren Kontsulta-Biltzarraren burua da eta, legegintza-ekimenak aurkez ez baditzake ere, beto jartzeko aukera dauka eta ekimena Parlamentuari itzul diezaioke. Honek gehiengo soila baino ez du behar betoa deuseztatzeko.

Parlamentuak ganbara bakarra du: Biltzar Nazionala (bulgarieraz: Narodno Sabranie), lau urteko eperako herri-boto zuzenaz hautaturiko 240 diputatuk osatuta. Bederatzi banaketa administratiboetako bakoitzak bere hautagai zerrenda aurkezten du. Parlamentuan sartzeko, partidu edo koalizio bakoitzak botoen %4 behar du. Legeak aldarrikatu, nazio-aurrekontua onartu, presidentziarako hauteskundeak moldatu, presidentea eta bestelako ministroak kendu, guda-adierazpenak azaldu, Bulgariako tropak herrialdetik kanpo hedatzea baimendu eta nazioarteko itunak berretsi behar ditu Parlamentuak.

2017ko martxoko legebiltzarrerako hauteskundeetan, Boiko Borisov lehen ministro izandakoaren GERB alderdi kontserbadorea nagusitu zen, botoen %33,5 eta 95 eserleku lortuz. Alderdi Sozialista (PBS) izan zen bigarren (%27,9, 80 eserleku), Obedineni Patrioti (Abertzale Batuak) koalizio ultraeskuindarra hirugarren (%9,3, 27 eserleku) eta Eskubideen eta Askatasunen Mugimendua (DPS) laugarren (%9,2, 26 parlamentari)[13][14].

Banaketa administratiboa

Bulgaria 28 probintziatan banaturik dago:

Bulgaria Administrative Provinces
Probintzia Hiriburua Eremua
(km²)
Biztanleria (2011ko errolda)[15][16] Biztanleriaren
dentsitatea
(bizt./km²)
Blagoevgrad Blagoevgrad 6.449,47 323.552 49,95
Burgas Burgas 7.748,07 415.817 54,58
Dobritx Dobritx 4.719,71 189.677 40,36
Gabrovo Gabrovo 2.023,01 122.702 59,77
Haskovo Haskovo 5.533,29 246.238 61,06
Kardzhali Kardzhali 3.209,11 152.808 37,90
Kiustendil Kiustendil 3.051,52 136.686 45,16
Lovetx Lovetx 4.128,76 141.422 34,21
Montana Montana 3.635,38 148.098 41,20
Pazardzhik Pazardzhik 4.456,92 275.548 62,72
Pernik Pernik 2.394,22 133.530 56,18
Pleven Pleven 4.653,32 269.752 63,98
Plovdiv Plovdiv 5.972,89 683.027 114,35
Razgrad Razgrad 2.639,74 125.190 47,28
Ruse Ruse 2.803,36 235.252 89,93
Xumen Xumen 3.389,68 180.528 53,65
Silistra Silistra 2.846,29 119.474 41,74
Sliven Sliven 3.544,07 197.473 54,16
Smolian Smolian 3.192,85 121.752 34,47
Sofia-hiria Sofia 1.348,90 1.291.591 957,44
Sofia probintzia Sofia 7.062,33 247.489 34,01
Stara Zagora Stara Zagora 5.151,12 333.265 67,20
Targovixte Targovixte 2.558,53 120.818 44,17
Varna Varna 3.819,47 475.074 124,40
Veliko Tarnovo Veliko Tarnovo 4.661,57 258.494 55,19
Vidin Vidin 3.032.88 101.018 32,89
Vratsa Vratsa 3.619.77 186.848 45,59
Jambol Jambol 3.355.48 131.447 31,23

Demografia

Biztanleria

2016an Bulgariak 7,1 milioi biztanle zituen[2], 64,9 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen %73,9 bizi da hiriguneetan[17], Balkanetako gainerako herrialdeetan baino gehiago, eta banaketa nahiko uniformea da lurralde guztian, Sofian izan ezik. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %14,5 dira, 15-24 urte bitartekoak %9,7, 25-54 urte bitartekoak %43,3, 55-64 urte bitartekoak %13,4 eta 65 urtetik gorakoak %19[17]. Bizi itxaropena 74,5 urtekoa da, 71,2 urtekoa gizonezkoena eta 78 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[17].

Bulgariako biztanleriaren bilakaera (milioi biztanletan)

Banaketa etnikoa

Ethnic composition of Bulgaria, 2011
Bulgariar eta turkiar etnien banaketa 2011ko erroldaren arabera

Biztanleen %76,9 inguru bulgariarrak dira, eta hurrengo etnia nagusia turkiarra da (%8), baina turkiarren kontrako diskriminazio gogorra bideratu izan da Bulgarian; 1980 eta 1990 artean emigrazio indize negatiboa izan zuen, batez ere Bulgariako gobernuak turkiarren kontra antolaturiko esetsaldiaren eraginez turkiar askok ihes egin behar izan zuelako. Ijitoak %3,8 dira[17]. Kardzhali (%66 2011n), Razgrad (%50), Silistra (%36) eta Targovixte (%36) probintziek dute turkiar etniaren ehuneko handiena.

Hizkuntzak

Hizkuntza ofiziala bulgariera da, biztanleen 85,2ren ama hizkuntza, baina garrantzitsuak dira, halaber, turkiera eta erromaniera[17]. Itsasaldean 12.000 gagauzera hiztun inguru bizi dira[3].

Erlijioa

2011ko zenbatespenaren arabera, biztanle gehienak ortodoxoak dira (%59,4); musulmanak %8,2 dira, eta erlijiogabeak %3,7; %27,4ak ez zuen erantzun[17].

Hiri nagusiak

Ekonomia

Bulgariako ekonomia Sobietar Batasunaren mende egon zen 1991 arte. Tradizioz nekazaritzak garrantzi handia zuen arren, komunismoaren garaian bultzada handia eman zitzaion industriari. Garrantzi handiko jarduerak izan dira lurpeko ondasunen ustiakuntza (lignitoa, Stara planinan; petrolioa, Varnaren iparraldean, beruna, zinka, kobrea eta uranioa) eta industria astuna. Aipagarriak dira, orobat, nekazaritza espezializatua (laboreak, azukre kanabera, tabakoa, kotoia, ardoa etab.) eta kontsumo eta ekipo ondasunen ekoizpena (makinak, ehungintza, elikagaiak). Azken urteotan zerbitzuak eta industria izan dira ekonomia jarduera nagusiak, bai barne produktu gordinari dagokionez (%67,5 eta %27,5, hurrenez hurren, 2016an) eta bai langile aktiboen kopuruari dagokionez ere (%66,6 eta %26,6, hurrenez hurren, 2016an)[17]. Bulgariako gairik ospetsuena larrosa esentzia da, lurringintzan erabiltzen dena.

1990 inguruan merkatu ekonomiarako trantsizioa hasi zen, eta prozesu horretan Bulgariako egitura ekonomikoaren ahultasuna nabarmendu zen: konkurrentziarako ahalmen eskasa, kanpo zor handia, diruaren ahultasuna, etab. 1996ko finantza eta banku krisi larriaren ondoren, 1997an Nazioarteko Diru Funtsaren sistema ezarri zuen, ekonomia egonkortzearren. 1996-1997an izugarri igo zen inflazioa, eta 1998an %30 garestitu ziren kontsumorako prezioak. 1998an Diru Funtsaren laguntza berezi bat jaso zuen, erreforma aurrera eraman ahal izateko: pribatizazioa, nekazaritzaren liberalizazioa, gizarte zerbitzuen erreforma, ustelkeriaren eta krimenaren kontrako neurriak. 2007an sartu zen Europar Batasunean, baina ez dago Eurogunean.

Ekialdeko Europan aldaketa politikoak hasi arte, Bulgariako kanpo merkataritza Sobietar Batasunarekin eta gainerako herri sozialistekin batera egiten zen, baina 1991z gero Europar Batasunarekin ekonomia harremanak sendotzen ahalegindu zen. 2015ean, Alemania (%12,5), Italia (%9,2), Turkia (%8,5), Errumania (%8,2), Grezia (%6,5) eta Frantziara (%4,2) saldu zuen gehien, eta Alemania (%12,9), Errusia (%12), Italia (%7,6), Errumania (%6,8), Turkia (%5,7), Grezia (%4,8) eta Espainiatik (%4,8) erosi[17].

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

See source Wikidata query..

Erreferentziak

  1. a b Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  2. a b NSI Census data 2015, nsi.bg
  3. a b c d e f g h i j k l Country Profile: Bulgaria Library of Congress Country Studies. Library of Congress. 2006 . Noiz kontsultatua: 2017-7-1.
  4. Bulgar people britannica.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-19.
  5. a b Bulgaria: Ottoman rule britannica.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-20.
  6. a b c Bulgaria: The national revival britannica.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-27.
  7. a b Chisholm, Hugh, ed Bulgaria: Political History 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 4, wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2017-8-27.
  8. Bulgaria: World War II countrystudies.us . Noiz kontsultatua: 2017-8-27.
  9. Bulgaria: The early communist era britannica.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-28.
  10. Leviev-Sawyer, Clive When Bulgaria turned red: Remembering the thousands killed by the communists sofiaglobe.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-28.
  11. Bulgaria: Standard of Living Library of Congress Country Studies . Noiz kontsultatua: 2017-8-28.
  12. Bohlen, Celestine Bulgaria Vote Gives Key Role to Ethnic Turks nytimes.com . Noiz kontsultatua: 2017-8-28.
  13. Обобщена активност на гласуване за страната към 20:00 ч. results.cik.bg . Noiz kontsultatua: 2017-8-2.
  14. Kontserbadoreek irabazi dituzte bozak Bulgarian berria.eus . Noiz kontsultatua: 2017-8-2.
  15. Census 2011 PDF, nsi.bg
  16. Census 2011, censusresults.nsi.bg
  17. a b c d e f g h CIA - World Factbook: Bulgaria, cia.gov
  18. Bulgaria: 2011ko errolda, nsi.bg

Kanpo estekak

1984ko Udako Olinpiar Jokoak

1984ko Udako Olinpiar Jokoak, bigarren aldiz, Los Angelesen ospatu ziren, 1932an bezalaxe. Udako Olinpiar Jokoen XXIII. edizioa izan zen. Bertan, 6797 kirolarik parte hartu zuten, 140 herrialde, 23 kirol eta 221 probatan ordezkatuz.

Parte hartzeari uko egin zioten herrialdeak 14 baino izan ez ziren arren, azpimarragarria izan zen domina kopuruen zerrendan goian egoten ziren herrialdeen falta, SESB bera edo Ekialdeko Alemania eta Bulgaria kasu. Izan ere, 1976ko Montrealeko jokoetan, orain boikota egiten zuten herrialdeek, urrezko dominen %58a irabazi zuten. Bere aldetik, Los Angeleseko joko hauetan, Errumaniak, bere historiako domina gehien lortu zituen.

1986ko Munduko Futbol Txapelketa

1986ko Munduko Futbol Txapelketa Mexikon urte hartako maiatzaren 31tik ekainaren 29ra antolatu zuten. Argentina txapeldun eta Alemania txapeldunorde gelditu ziren.

1994ko Munduko Futbol Txapelketa

1994ko Munduko Futbol Txapelketa Ameriketako Estatu Batuetan urte hartako ekainaren 17tik uztailaren 17ra antolatu zuten.

Brasil txapelduna izan zen, Italia txapeldunorde, Suedia hirugarren eta Bulgaria laugarren gelditu ziren.

Balkanak

Balkanak edo Balkanetako penintsula, Europako hego-ekialdeko eskualde historiko eta geografikoa. Azalera 728.000 km² inguru da, eta 53 milioi biztanle ditu.

Danubio ibaiak eta haren adar Savak iparraldetik mugatzen dute, eta Adriatikoak, Mediterraneoak eta Itsaso Beltzak inguratzen dute gainerako aldeetatik. Otrantoko kanalak bereizten du Italiatik; Dardanelo eta Bosforo itsasarteek Asia Txikitik.

Hiru mendilerrok zeharkatzen dute Balkanetako penintsula: Dinariar Alpeak Albania eta Peloponesoko mendietatik luzatzen dira Mediterraneoraino; Balkanak ipar-ekialdean hedatzen dira eta Rodope mendiak Ipar Mazedoniaren iparraldean.

Eskualdean estatu hauek daude:

Albania

Bosnia-Herzegovina

Bulgaria

Grezia

Kosovo

Ipar Mazedoniako Errepublika

MontenegroLurraldearen gehiena Balkanetan duten estatuak:

Kroazia

SerbiaLurraldearen zati txikiak soilik dituzte Balkanetan:

Eslovenia

Italia (Trieste eta Goriziako zati bat.

Errumaniako Dobruja Iparraldea eskualdea.

Turkiako Traziako ekialdea.

Bulgariako bandera

Bulgariako bandera 1879ko apirilaren 16an erabakitakoa da. Neurri bereko hiru errenkadaz osatuta dago: zuria, berdea eta gorria.

Bulgariako futbol selekzio nazionala

Bulgariako futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Vasil Levski National Stadium estadioan jokatzen ditu etxeko partidak, Sofia hiriburuan.

Bulgariako historia

Bulgariako historia hego-ekialdeko Europan dagoen Bulgariako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera gogoangarrien kontakizuna da.

Bulgariera

Bulgariera (български, ˈbɤ̞ɫɡɐrski ahoskatua) Bulgarian eta Serbia zein Ukrainako inguru batzuetan mintzatzen den hizkuntza indoeuroparra da. Zehazki, Bulgaria, Dobrudja, Hego Valakia eta Besarabian hitz egiten den hizkuntza hego-eslaviarra da. Mazedonia, Grezia eta Turkian ere bulgarieraren dialekto bereziak mintzatzen dira.

Danubio

Danubio (latinez: Danubius eta Ister; alemanez: Donau; txekieraz eta eslovakieraz: Dunaj; kroazieraz: Dunav; serbieraz eta bulgarieraz: Дунав, Dunav; hungarieraz: Duna; ukraineraz: Дунай, Dunai; errumanieraz: Dunărea; turkieraz: Tuna) Europa erdialdeko eta ekialdeko ibaia da. Luzeraz (2.850 km), arroak hartzen duen eremuaz (817.000 km²) eta batez besteko emariaz (6.500 m³/s ahoan) kontinenteko bigarren ibaia da, Volgaren ondotik.

Alemaniako Oihan Beltzan du sorburua. Brigach eta Breg erreka txikiek Donaueschingen hirian bat egiten dute, eta hortik aurrera ibaiak Danubio izena hartzen du. Itsaso Beltzera isurtzen da, Errumanian, Danubioren delta zabala osatuz.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Itsaso Beltza

Itsaso Beltza, antzinako izena Ponto Euxino (antzinako grezieraz: Εὔξεινος Πόντος, Euxeinos Pontos, 'itsaso abegikorra'), Ozeano Atlantikoaren bazterreko itsasoa da, Ekialdeko Europa, Kaukasia eta Anatoliaren artean dagoena, Dardaneloak eta Bosforo itsasarteen bitartez Mediterraneoarekin lotua. Iparraldean Ukraina du, ekialdean Errusia eta Georgia, hegoaldean Turkia, eta mendebaldean Bulgaria, Errumania. 436.402 kilometro koadroko eremua du. Batez besteko sakonera 1.253 metrokoa da, eta gehienekoa 2.245 metrokoa.

Itsas gorabeherarik gabea da ia, eta ez da izozten neguan. Iparraldean Krimeako penintsula dago. Bere ertzeetan dauden hiri garrantzitsuenak Istanbul, Odesa, Sebastopol, Jalta eta Konstantza ditugu. Danubio, Don eta Dnieper ibaiak bertan itsasoratzen dira. Hegoaldean Marmarako itsasoarekin eta iparraldean Azoveko itsasoarekin loturik dago.

Mila Rodino

Mila Rodino (bulgarieraz Мила родино; euskaraz Aberri maitea) Bulgariako ereserkia da.

Serbia

Serbia (izen ofiziala Serbiako Errepublika; serbieraz: Република Србија) Europako estatu itsasgabe bat da, Balkanetako penintsulakoa. Hiriburu eta hiri nagusia Belgrad da. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat da. Hiru lurraldek osatzen zuten Serbia: Kosovoko probintzia, Voivodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 2008ko otsailaren 17an Kosovoko Parlamentuak Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuen alde bakarretik eta ordutik herrialde independentea den arren, Serbiako gobernuak ez du estatu berria onartu.

Bere mugak hauek dira: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Ipar Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria.

Serbia eta Montenegro

Serbia eta Montenegro Serbia eta Montenegro jugoslaviar errepublikek osatu zuten Estatu batasun bat izan zen (batasun politikoa). Europa erdi-hegoaldean kokatua, Balkanen penintsularen mendebaldean eta mugakide Bosnia eta Herzegovina eta Kroazia mendebaldean, Hungaria iparraldean, Errumania eta Bulgaria ekialdean, Mazedoniako Errepublika hegoaldean eta Albania hego-mendebaldean zituen.

Antzinako batasuneko eta gaur egungo Serbiaren hiriburua Belgrad da; Montenegroko hiriburua aldiz, Podgorica da.

Sofia

Sofia (bulgarieraz: София, ˈsɔfijɐ) Bulgariako hiriburua eta hiri nagusia da, eta Europar Batasuneko 15. hiririk handiena. 2011n 1.204.685 biztanle zituen. Santa Sofia eliza (VI. mendea), unibertsitatea eta Teatro Nazionala dira arte eraikuntza ikusgarrienak.

Trazia

Trazia (grezieraz: Θράκη, Thráke; bulgarieraz: Тракия, Trakiya; turkieraz: Trakya) Ekialdeko Europako eskualde geografiko eta historikoa da, Balkanetako penintsularen hego-ekialdean kokatua, Egeo itsasoaren iparraldean. Gaur egun, Bulgaria, Grezia eta Turkiaren artean zatiturik dago.

Tsar

Tsar (gizona denean) eta tsarina (emakumea denean) (errusieraz царь, bulgarieraz eta serbieraz цар) eslaviar herrietako errege-erregin batzuei ematen zaien ohore izena da. Hitza, Erromatar Inperioko Zesar hitzetik dator.

Horrela tsar hurrengo herrialde hauen agintari gorenaren titulua zen:

Bulgaria 913–1018, 1185–1422 eta 1908–1946 garaietan.

Serbia 1346–1371 garaian

Errusian 1547 ingurutik 1917 arte

Europako herrialdeak
Europako bandera Europar Batasuneko estatu kideak Europako bandera

AlemaniaAustriaBelgika • Bulgaria • DanimarkaErresuma BatuaErrumaniaEslovakiaEsloveniaEspainiaEstoniaFinlandiaFrantziaGreziaHerbehereakHungariaIrlandako ErrepublikaItaliaKroaziaLetoniaLituaniaLuxenburgoMaltaPoloniaPortugalTxekiar ErrepublikaSuediaZipre

Sartzeko negoziatzen ari direnak: Turkia · Ipar Mazedonia

Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoa inguratzen duten estatuak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.