Brontze Aroa

Brontze Aroa gizakiaren garapen historikoko epe bat da, non brontzearen erabilpena nagusitzen den. Brontze Aroa izena C.J. Thomsen ikertzaile daniarrak asmatu zuen (1816) zibilizazioaren bilakaeran gizakiak harria, brontzea eta burdina erabili zituelakoan.

Gaur egun, Thomsen sisteman oinarrituta, Kobre Aroa edo Kalkolito dator Brontze Aroaren aurretik. Oro har, K.a. 2500etik K.a. 1000 arte irauten du Brontze Aroak. Nolanahi ere, historiaurreko gainerako epeetan bezala, Brontze Aroko muga kronologikoak nabarmenki aldatzen dira kultura eta tokiaren arabera.

Epe honetako ezaugarri orokorra hazkunde demografikoa da. Gainera, ezarian-ezarian nomadismoa alde batera uzten joan zen, sedentarismoaren mesedetan. Ehorzketa kobazuloetan zein trikuharrietan (batzuk lehenago eginak) egiten zen. Tokirik garatuenetan, zibilizazioaren lehenengo aztarnak agertu ziren hirietan, besteak beste, lehendabiziko idazketa sistemekin.

Collier de Penne
Brontze Aro - Muséum de Toulouse
Acheulear

Acheular Behe Paleolitoaren barnean kokatua dagoen lehendabiziko gizakien industria litikoa da, duela 1,76 miloi eta 100.000 urtea bitartean hedatu zena.

Gizaki-mota nagusia, dirudienez, Homo erectus da. Harri landuzko aurpegibiko aizkorak, zurezko lantzak eta apaingarriak egiten zituen. Sua aurkitu zuen. Euskal Herrian aztarnak Urbasa, Miarritze, Lizarra, eta abarretan aurkitu dira.Louis Laurent Gabriel de Mortilletek 1872an deskribatu zuen eta 1925etik aurrera izen hori dauka Amiens ondoan dagoen Saint Acheul aztarnategiaren omenez.

Behe Brontze Aroa

Behe Brontze Aroa (Europan K.a. 1800-1500) brontze metalurgiaren sorreraren garaia da. Kobrea eta eztainua lanetan hasi arren, bilakaera progresiboa izan zen, eta aurreko materialen erabilpenak jarraitu zuen nagusiki. Kobrearen nazioarteko salerosketa ere garatu zen.

Behe Paleolitoa

Behe Paleolitoa Historiaurre eta Paleolitoaren lehendabiziko garaia da. Arkeologoen arabera, hominidoek lehen harrizko lanabesen erabilpenarekin, duela 2.5 milioi urte hasten da Behe Paleolitoa. Bukatzeko data duela 300.000 urtean kokatzen da, harria lantzeko teknikan aldaketa nabarmenek Erdi Paleolitoa iragarri zutelako.

Orain dela 3 miloi urte inguruan, Homo sailkapenean sartu ahal diren lehendabiziko gizakiak agertu ziren, aurkitutako fosilen arabera. Bilakaera australopithecusengandik edo primateen beste adar batetik etor zitekeen.

Homo habilisek duela 2.5 milioi urte inguru estreinako harrizko lanabesak garatu zituen, baita sua kontrolatzen ere bazekien, Olduvaiko aztarnategian agertu zen bezala. Duela 1.5 milioi urte, Homo habilisen tokia Homo erectusek hartu zuen, Europara etorri zen gizakiak.

Burdin Aroa

Burdin Aroa, arkeologian, edozein herritako garapen historikoko epe bat da, non burdinaren erabilpena lanabesetan nagusitzen den. Metal horretaz gain, Burdin Aroko gizarteek beste aldaketa batzuk dituzte aurreko gizarteen aldean, hala nola nekazaritzan, sinesmen erlijiosoetan edo arte estiloetan, nahiz eta kasu guztietan ez den hala gertatzen.

Historiaurrea sailkatzeko hiru aroko sistema klasikoan, Burdin Aroa azkena da. Hala ere, aro honen data eta garapena desberdina da eremu geografikoaren arabera. Oro har, K.a. XII. mendean hasi zen Ekialde Hurbilean, Antzinako Indian (Rigveda ondoko garaian), eta Antzinako Grezian. Europako beste tokietan geroago hasi zen: Erdi Europan K.a. VIII. mendean (Hallstatt kulturarekin batera), eta Ipar Europan K.a. VI. mendean. Burdin Aroaren bukaera, Mediterraneo aldean, Helenismo eta Antzinako Erromarekin etorri zen; Indian, budismo eta jainismoaren garapenarekin; Txinan konfuzianismoarekin; eta, Ipar Europan, lehenengo Erdi Aroan. Ameriketan eta Australasian burdinaren erabilpena Europako kolonizatzaileek sartu zutela eta, ez zegoen inolako burdin arorik.

Epipaleolito

Epipaleolitoa (Antzinako grezieraz: Epi=gainean) gizakien teknologiaren garapenean Harri Aroko Neolitoaren aurrean doan garaia da. Glaziarrek eragin mugatua zuten lekuetarako Mesolitoa baino hobesten da Epipaleolitoa.

Pleistozenon hasi zen duela 10.000 urte inguru, nekazaritzaren sarrerarekin bukatzeko, duela 8.000 bat urte. Behinik behin Ekialde Hurbileko, Anatoliako eta Zipreko aztarnategietarako erabiltzen da Epipaleolito terminoa. Izan ere, hor glaziarren ondoko klima aldaketa ez zen oso nabarmena izan, eta Neolito Iraultza (nekazal eta abeltzaintza teknikak sartzea) goiz gertatu zen.

Epipaleolitoko ehiztari-biltzaileek erlatiboki garatutako tresnak ekoiztu zituzten, mikrolito izenekoak, silexez edo obsidianaz eginak. Eskuarki nomadak izaten ziren, nahiz eta Natufiar kulturan herrixkak egon ziren.

Erdi Brontze Aroa

Erdi Brontze Aroa (Europan, K.a. 1500-1200) Brontze Aroko bigarren garaia da, Erdi Europan Tumuluen kulturaren garapena ezaugarri nagusia duena.

Britainia Handian, monumentu megalitiko (tartean Stonehenge) ugariko Wessexko kultura garatu zen. Italian Terramare kultura garatu zen. Ipar Europan, Brontze Aroa hasi zen data horien artean.

Erdi Paleolitoa

Erdi Paleolitoa Paleolitoaren bigarren garaia da Europa, Afrika eta Asiarako. Europan, duela 300.000 urte inguru hasi zen, Levallois teknikaren garapenarekin, eta duela 30.000 urte amaitu zen, Neandertaleko gizakiaren desagerpenarekin eta Ekialde Hurbiletik abiatutako lehendabiziko gizaki modernoaren etorrerarekin.

Garai honetan, harrizko lanabes mota batzuk hedatu eta garatu ziren. Lanabes horiek, nukleo izeneko harrizko bloke prestatu batetik ekoizten ziren. Harria lantzeko modu berri hori teknika desberdinen bidez egiten zen. Horietako bat, Levallois teknika zen, XIX. mendetik ezaguna.

Europan, Erdi Paleolitoko kultura nagusia Homo neanderthalensisek garatu zuen Mousteriarra da. Ondorengorik gabeko gizaki horiek gurea baino burezur handiagoa eta ia-ia kokots gabeko aurpegia zeuzkaten. Bere ezaugarri fisikoak zein kulturalak ongi ezagutzen ditugu haitzulo askoren aztarnei esker.

Ezpata

Ezpata bi ahoko arma zuri bat da, helduleku bat eta xafla ebakitzaile luze bat duena (normalean metro erditik gora). Garaiaren eta tokiaren arabera aldatzen dira ezpataren ezaugarriak.

Ezpatak Brontze Aroan sortu ziren, dagatik garatuta. Lehenbiziko aleak K.a. 1600 ingurukoak dira. Burdin Aroko ezpatak labur samarrak eta esku-babesik gabeak ziren oraindik. Erromatar Inperio Berantiarreko armadan sortutako ezpata klasea, spatha izenekoa, Europako Erdi Aroko ezpataren aurrekaria izan zen. Horrek Erdi Aro Betean zaldunen ezpata ekarri zuen. Aro Modernoan, arinagoa den estoke mehea (espada ropera gaztelaniaz) sortu zen Espainian. Ezpatak, XVIII. mendean, garrantzia galtzen joan ziren, eta, XIX. mendean, berriz, arma zeremonial gisa edo eskrima modernoaren kirolean baino ez ziren erabiltzen.

Goi Brontze Aroa

Goi Brontze Aroa edo Azken Brontzea burdinaren erabilpenaren aurreko Brontze Aroko garaia da. Hala ere, tokiaren arabera data desberdinetan gertatu zen garai hori. Afrikan, Harri Arotik Burdin Arora igaro ziren, brontzea erabili gabe. Burdina lantzearen lehendabiziko pausoak II. milurtekoaren amaieran eman ziren Anatolian. Geroago, Antzinako Egipton, Grezian eta Italian. Europa osoan K.a. 900erako.

Mendebaldeko Europan, Goi Brontze Aroaren ezaugarri nagusia Kutxa Zelaien Kulturaren garapena da.

Goi Paleolitoa

Goi Paleolitoa Paleolitoko hirugarren eta azken garaia da Europa, Afrika eta Asiarako. Hasiera eta bukaera datak duela 35.000 eta 10.000 urte inguru kokatzen dira, azken glaziazioaren garaian. Erdi Paleolitoa du atzean, lehenago denbora lerroan, eta Mesolitoa aurrean, geroago denboran.

Goi Paleolitoaren ezaugarri nagusiak Europara gizaki modernoaren, homo sapiens delakoaren etorrera, lanabesak lantzeko teknika berrien agerpena (jaurtigailua, hezurrezko industria...) eta historiaurreko artearen leherketa (haitzuloetako marrazkiak garai honetan egin ziren) dira.

Gizaki modernoa Ekialde Hurbiletik etorri zen duela 35.000 urte inguru, behin-behineko klima beroketa aprobetxatuz. Neanderthalgo gizakiarekin batera bizi zen, harik eta duela 30.000 urte inguru neanderthalak desagertu ziren arte. Desagerpen horren zioak ez dira ezagutzen. Bi adarren arteko nahasketa garai honetan eman behar izan zen .

Gravettiar

Gravettiarra edo Gravette aldia Europa osoan izandako Goi Paleolitoko kultura arkeologikoa izan zen. Izena Dordoinako La Gravette leizetik datorkio.

Antzinako aurignaciar kulturan sortua, K.a. 28.000 eta K.a. 22.000 urteen artean iraun zuen. Bere industriak xafla puntazorrotzak eta beranak sortu zituen. Artistikoki, bere ezaugarri nagusia Venus figuratxoak sortzea izan zen, erdialdeko Europan eta Errusian topatu dituztenak.

Harrespil

Harrespil, jentil baratze, mairu baratze edo cromlecha harri eta zutarriekin zirkulu edo elipse bat osatuz eraikitzen den monumentu megalitiko mota bat da. Euskal Herrian ugari dira mota honetako megalitoak, baina Oria eta Leitzaran bailara dute mugatzat, bailara hauetatik mendebaldera ez baita harrespil bat ere aurkitu. Euskal mitologian, bestalde, toki bereziak ziren; hain zuzen, jentil-baratze edo mairu-baratze izenez ere deitzen zaie, horien eraikuntza jentil edo mairuei egozten baitzitzaien. Erresuma Batua, Frantzian, Danimarkan eta Suedian ere zabaldurik daude. Harrespil asko talde txikitan elkartuta agertzen dira, lekuaren garrantzia agerian ipiniz. Hala ere, harrespil bakunak ere badira. Eztabaida dago harrespilak eraikitzeko asmo eta helburuei buruz: batzuk nekropolitzat erabili diren arren, gizataldeen biltoki eta astronomia behaleku moduan ere interpretatu da.[erreferentzia behar]Jorge Oteiza eskultore eta arte-teorilariak sarritan hitz egin zuen harrespilen estetikari buruz, batez ere Quousque Tandem...! saiakera liburuan. Bertan, euskal pentsaera eta estetikaren ezaugarri nagusiak bilatzen saiatu zen historiaurreko artean erroak aurkituz. Lehen euskal gizakiak mundua huts-aren bidez sumatzen zuela zioen, huts eta harro hitzen etimologia-estetikoa eta harrespilen barneko espazio ireki baina mugatua aztertuz.

Historiaurrea

Historiaurrea gizakia sortu zenetik idazketaz jasotako lehen agiriak jaso arteko historiaren aroa da, K.a. 4.000 urtera arte gutxi gorabehera. Azpiaro hauek bereizi ohi dira bere baitan, ordena kronologikoan: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa eta Metal Aroa (Kalkolitoa, Brontze Aroa, Burdin Aroa).

Hala eta guztiz ere, historiaurreko mugak lausoak dira, idazketaren sorrera ez baitzen homogeneoa izan. Adibidez, Egipton, K. a. 3.500 aldera hasi zen idazten, baina Ginea Berrian K. o. 1900 inguruan. Adiera informal batean, historiaurreak Lurrean bizitza sortu zeneraino eramaten da batzuetan eta horrela historiaurreko animaliak esamoldea erabiltzen da, gizakia baino askoz ere lehenago bizi eta iraungi ziren animaliak izendatzeko (dinosauroak, esaterako). Baina zentzu hertsian, historiaurrea gizakia agertu zen garaietan hasi zen.

Definizioz historiaurrean idazkirik ez dagoenez, garai horren inguruan ezagutzen dugun informazioa paleontologiak, biologiak, palinologiak, geologiak, arkeoastronomiak, antropologiak edo arkeologiak, besteak beste, ekartzen digutena da. Hala ere, XX. mendeak aurrera egin ahala, beste aroetako historialariek idatziak ez diren beste informazio-iturri batzuk ere erabiltzen dituzte.

Historiaurrea jorratzen duten ikerlariek, gaur egun historiaurreko arkeologoek eta antropologoek, kultura arkeologikoak, eta ez gizabanakoak edo nazioak, dituzte hizpide. Guregana iritsi diren zantzu bakarrak tresnak izanda, Historiaurrea anonimoa da. Indusketak, lurzoruaren neurketak eta zientzia-analisiak dira euren bitartekoak idazkirik gabeko herrien natura eta jokabidea ikertu ahal izateko.

Kastro

Kastroa —Ipar Euskal Herrian gaztelu zahar ere deitua— historiaurreko gotorleku mota bat da. Sarri daude 300 eta 600 metroko garaieran, haranen arteko igarobidea militarki kontrolatzeko.

Eremu akademikoan herri harresituak edo herri gotortuak terminoak maiz erabiltzen dira.

Eskuarki Erromatar Garai Aurrekoa izan ohi da, nahiz eta ondorengo garaietan eraikitako adibideak ere badauden, Erdi Arora iritsi arte. Europan agertu ohi dira, Brontze Aroa eta Burdin Aroan eraiki zirelarik.

Kurgan hipotesia

Kurgan hipotesia arkeologia eta hizkuntzalaritza uztartuta, aitzinindoeuroparren jatorria Kaspiar Itsasoa eta Itsaso Beltzaren artean zegoela Marija Gimbutas ikerlariak 1956an plazaratutako teoria da.

Lurralde horietan, Kalkolito eta Behe Brontze Aroaren artean Kurgan kultura garatu zen, zeinek kurgan izeneko tumulua (errusieraz eta ukraineraz tumulua adierazteko hitza da kurgan) ehorzketarako du ezaugarri nagusia. Marija Gimbutasek eta berarekin bat datozen ikerlariek Kurgan kultura aitzineuroparrekin lotzen dituzte. Lurralde horietatik, ondorengo mendeetan, indoeuropar hizkuntzak Europara eta Iran zein India aldera hedatzekoak ziren.

Mousteriar

Mousteriar Erdi Paleolitoaren barnean kokatua dagoen neandertal kultura arkeologikoa da, K.a. 300.000-30.000 bitartean hedatu zen, Würm I eta Würm II glaziazioak nahiz bien glaziazioen arteko aroan. Kultura honetako izena Frantziako hego-mendebaldeko Dordoina departamenduan dagoen Perigord eskualdeko Le Moustier izeneko harpetik datorkio, bertan 1860an Gabriel de Mortillet-ek historiaurreko kultur litikoa topatu zuen, eta 1907an topatutako Homo neanderthalensis gizakiari lotu ohi zaio. Kultur edo industria litiko hau nagusiki silex eta kuartzitan oinarritzen da, eta bere ohiko lanabesak honako hauek dira: arraska, puntak, arrakalatzaileak, atzealdeko labanak...

Ziur aski Acheulear kulturan jatorria du. Europa eta Ekialde Hurbilan jazo zen.

Solutre aldia

Solutre aldia hego-mendebaldeko Europan izandako Goi Paleolitoko kultura arkeologikoa izan zen. Izena Solutré-Pouillyko Crôt du Charnier leizetik datorkio.

Antzinako gravettiar kulturan sortua, K.a. 22.000 eta K.a. 17.000 urteen artean iraun zuen. Bere industriak, kolpekatzearen bitartez, bi ahozko xaflak sortu zituen. Ipar Amerikako Clovis kulturak antzekotasun handia duenez, bion arteko harremanak aditzera eman dituzten adituak izan dira, eskimalak bitartekariak izanik.

Tumuluen kultura

Tumuluen kultura Rhin ibaitik Karpatoetaraino eta Alpeetatik Itsaso Baltikoraino K.a. 1600 eta K.a. 1200 bitartean kultura arkeologiko nagusia izan zen, Unetice kultura ordezkatu zuena.

Tumuluen kulturaren ezaugarri nagusia, izenak erakusten duen bezala, ehorzketak (bai banakakoak bai taldekakoak) tumuluen azpian egitea da. Tumuluen kultura berez garatu zen, maila handiko immigrazioak eragiten duen anabasarik gabe. Hego-ekialdeko hartu-eman ekonomikoa areagotu zen. Brontzearen erabilpena zabaldu zen, harrizko moldeetan egindako seriezko ekoizpenekin.

Yamnaya kultura

Kurgan Kultura edo Jamna Kultura Kalkolitoan eta Behe Brontze Aroan (K.a. 3600-2300 artean) Bug, Dniester eta Ural ibaiaren arteko lurraldeetan (Kaspiar Itsasoa eta Itsaso Beltzaren arteko estepan) garatu zen kultura arkeologikoa da.

Kultura honetako jendea nomada zen, nahiz eta ondoko ibaietan hainbat nekazal alor izan. Kultura honetako ezaugarri nagusia, berriz, kurgan (tumulua errusieraz) izeneko ehorzketak ziren. Gorpua ahoz gora eta belaunak tolestuta hilobi txiki batean kokatzen zen. Geroago gorpua buztinez estaltzen zen. Animalien gorpukiak (txerriak, ardiak, ahuntzak edo zaldiak) ere daude kurganetan, aitzinindoeuroparrekin eta aitzinindoiraniarrekin lotzen den ehorzketa-jarduera.

Izan ere, Jamna kultura aitzinindoeuroparrekin uztartu da, Marija Gimbutas ikerlariak garatutako Kurgan hipotesian. Teoria horren arabera, beraz, indoeuroparren jatorrizko lekua, Urheimat deritzona, Kurgan kulturako kokagunea (Kaspiar eta Itsaso Beltzaren arteko estepa) izango litzateke.

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.