Azerbaijan

Artikulu hau Eurasiako herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azerbaijan (argipena)».
Azerbaijango Errepublika
Azərbaycan Respublikası
Azerbaijango bandera Azerbaijango armarria
Bandera Armarria
Goiburua: odlar yurdu (Suko lurra)
Ereserkia: Azərbaycan marşı
(Azerbaijango Martxa)
Herrialdearen kokapena
Hiriburua
eta hiri handiena
Baku
Hizkuntza ofiziala(k) Azerbaijanera
Herritarra azerbaijandarra
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Ilham Aliyev
 -  Lehen ministroa Ali Asadov
Independentzia SESBetik
 -  adierazia 1991ko abuztuaren 30a 
 -  onartua 1991ko urriaren 18a 
Azalera
 -  Guztira 86,600 km2 (112.)
 -  Ura (%) 1,6
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016) 9.754.830[1] (89.)
 -  Dentsitatea 112,6 bizt./km2 (103.)
Dirua Manat (AZN)
Ordu-eremua AZT (UTC+5)
 -  Udan (DST)  (UTC+5)
Aurrezenbakia 994
Internet domeinua az

Azerbaijan[2] (azerbaijaneraz: Azərbaycan), ofizialki Azerbaijango Errepublika (azerbaijaneraz: Azərbaycan Respublikası), Asiako hego-mendebaldeko estatua da, Kaukasia eskualdean kokatua, Kaspiar itsasoaren ertzean. Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialista Sobietar Batasuneko errepublika izan zen, harik eta batasuna desegin eta 1991n Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zenean burujabetasuna aldarrikatu zuen arte. Mugakide ditu Errusia iparraldean, Georgia ipar-mendebaldean, Armenia mendebaldean eta Iran hegoaldean. 86.600 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 9.754.830 biztanle zituen[1]. Hiriburua Baku da.

Geografia

Azerbaijan Kaukasiaren hegoaldean dago, 38° eta 42°N latitudeen, eta 44° eta 51°E longitudeen artean. Nakhitxevan barrendegia ere hartzen du.

Mugak

Ekialdean Kaspiar itsasoarekin du muga, iparraldean Errusiarekin, ipar-mendebaldean Georgiarekin, mendebaldean Armeniarekin eta hegoaldean Iranekin. Nakhitxevan barrendegiak Armeniarekin du muga iparralde eta ekialdean, Iranekin hegoalde eta mendebaldean, eta ipar-mendebaldean 11 kilometroko muga dauka Turkiaren.

Erliebea

Azerbaijan mendiz inguraturik dago. Kaukaso Handiko hego-ekialdeko mendiek babesten dute lurraldea iparraldetik Kaspiar itsasoraino (Abseron penintsula). Mendilerro horretan, Errusiako mugatik gertu, Bazardüzü (4.466 metro) dago, herrialdeko mendirik garaiena. Mendebaldean Kaukaso Txikiko hormak ageri dira, eta Talis mendiak hegoaldean. Armeniako mugatik hurbil dago Karabakh goi-ordoki bolkanikoa. Punturik beherena Kaspiar itsasoaren ertzean dago (-28 metro).

Hidrografia

Azerbaijango erdialdea Kura ibaiaren arroak hartzen du, eta bertara biltzen da Araxes ibaiaren ura.

Klima

Oso klima ezberdinak daude Azerbaijanen: subtropikala eta erdi-agorra erdialde eta ekialdean; subtropikal hezea hego-ekialdean; epela itsasertzean; kontinentala mendebaldean; eta hotza mendietan[3]. Bakuk klima epela dauka; urtarrileko batez besteko tenperatura 4 °C-koa da, eta uztailekoa 25 °C-koa. Euri urrien ondorioz (200-350 milimetro urtean, batez beste), nekazaritzak ureztapenaren beharra du. Kaukasoko gailurretan eta Lankaranen jasotzen dira prezipitaziorik handienak (1.600-1.800 milimetro urtean). Abseron penintsulan egiten du euri gutxien.

Bazarduzu detail

Bazardüzü mendia

Azerbajiani landscape - Another version

Khinalug harana

PorakVolcano

Porak sumendi ez-aktiboa

View of Talysh Mountains from Havzova Village, 2010 (1)

Talis mendien ikuspegia

7 noyabr 2010 (9)

Kura ibaia Salyanen

Historia

Sobietar Batasunaren errepublika izan zen, harik eta batasuna desegin eta, Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zenean, burujabetasuna aldarrikatu zuen arte (1991). Independentzia lortu eta berehala gatazkak sortu ziren, ordea, biztanleriaren osaerari dagokionez lurralde armeniarra den Nagorno-Karabakheko lurraldearen gaineko kontrola zela-eta. 1991n Nagorno-Karabakheko gehiengo armeniarrak (170.000 biztanle, %76 armeniarrak, %23 azerbaijandarrak), estatu burujabe aldarrikatu zuen lurralde hura, baina Azerbaijango sobiet gorenak ez zuen erabaki hura onartu.

Aiaz Mutalibov buruzagi komunista ohia izan zen Azerbaijango Errepublikako Lehen lehendakaria, 1991n, baina 1992ko maiatzean dimisioa ematera behartu zuen oposizioko Herri Fronteak, Karabakheko egoera kontrolatzerik lortu ez zuelako. Gorabehera askoren ondoren, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren 1993an, eta Albufaz Elxibey Herri Fronteko burua izan zen garaile, botoen %55 eskuratuta. Presidente hark Errusiatik aldentzeko eta Turkiara hurbiltzeko ahaleginak egin zituen (Estatu Independenteen Erkidegotik atera zen Azerbaijan 1992an) eta Mendebaldeko herrialdeekin petrolioaren esportaziorako hitzarmenak lortzen ahalegindu zen. Baina Elxibeyk ez zuen lortu ekonomiak hobera egitea eta Nagorno-Karabakheko gerra amaitzea.

Hain zuzen ere, gudaroste azeriak zenbait gudu galdu zuen armeniarren kontrako gerran, eta horren eraginez estatu kolpe bat eman zuten Guseinov koronelaren jarraitzaileek. Elxibeyk ihes egin zuen eta Kontseilu Nazionalak Heydar Aliev komunistaren esku utzi zituen ahalmenak. Heydar Aliev lehendakaria Turkiarekiko harremanak sendotzen saiatu zen, beti agertuz azerien alde eta armeniarren kontra, eta Errusiarekiko hurbiltasuna ere bilatu zuen, etorkizunean mugen kontrola bideratzen lagun ziezaiokeelakoan. Horrela, 1993an Estatu Independenteen Erkidegoan onartu zuten berriro Azerbaijan. Urte hartan bertan, urrian, lehendakari izendatu zuten Aliev (%98,8). 1994ko maiatzean, su-etena sinatu zuen Nagorno-Karabakheko gerran, Errusiaren presioaren eraginez, baina 1996 arte elkarrizketak egon ziren arren, gatazka ez zen erabat konpondu. 1994an Husseynov lehen ministroaren jarraitzaileek estatu kolpea emateko saioa egin zuten, su-etenaren kontra baitzeuden, baina ez zuten beren helburua lortu eta atxilotu egin zituzten.

1995ean hauteskundeak egin ziren, oposizioko alderdien parte-hartzerik gabe, debekatu egin baitzituzten estatu kolpearen saioaren ondoren, eta Alieven Azerbaijan Berria alderdia izan zen garaile; bestalde, 1996an Guliev lehen ministroak dimisioa eman behar izan zuen, eta Rasizade izendatu zuten lehen ministro. 1998ko hauteskundeetan Heydar Aliev komunista aukeratu zuten berriro lehendakari (%76,11), herrialdeari egonkortasuna eman ziolako eta ekonomia hobetzeko lan handiak egin zituelako, batez ere petrolioaren alorrean.

Gobernua eta administrazioa

Politika

Azerbaijan districts english
Azerbaijanen banaketa administratiboa

Azerbaijan errepublika presidentzialista da. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ekoa da. Organo legegile nagusia Mejlis edo Batzar Nagusia da, bost urtez behin aukeratutako 300 kidez osatua. Estatuburua presidentea da, eta, konstituzioaren arabera, lehen ministroa izendatu eta gobernua osatzeko ahalmena dauka, Mejlisaren onespenarekin, betiere. 1991n 50 kidez osaturiko organo legegile bat antolatu zuen Mejlisak, Nazio Kontseilua. Nazio Kontseiluak indar gabe utzi zuen Mejlisa 1992ko estatu kolpearen ondoren.

Banaketa administratiboa

Azerbaijan honela dago banatua:

  • 59 raion edo eskualde (singularrean rayon, pluralean rayonlar),
  • 77 hiri (pluralean şəhərlər; singularrean şəhər),
  • Nakhitxevan errepublika autonomoa (muxtar respublika)

Demografia

Biztanleria

Azerbaijan population
Azerbaijango demografiaren bilakaera 1960-2010 bitartean. Biztanleria mila biztanletan.

Azerbaijan da Mendebaldeko Asiako herrialdeetan biztanle gehien duena; 2016an 9.750.000 baino gehigiago zituen, 112,6 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin[1]. Biztanleen %54,6 bizi da hiriguneetan[5]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %22,8, 15-24 urte bitartekoak %15,8, 25-54 urte bitartekoak %45,3, 55-64 urte bitartekoak %9,6 eta 65 urtetik gorakoak %6,5[5]. Bizi itxaropena 72,5 urtekoa da, 69,5 urtekoa gizonezkoena eta 75,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[5].

Banaketa etnikoa

Gizataldeei dagokienez, etnia askotako jendea bizi da. Gehienak, %91,6, azeriak dira, %2 lezginak, %1,3 armeniarrak, %1,3 errusiarrak eta %1,3 talixak[5]. Gaur egun, Azerbaijango armeniar gehienak Nagorno-Karabakhen bizi dira. Azerbaijanen administraziopean dago, orobat, Nakhitxevan, Armeniarekin mugan dagoen lurraldea, etniari dagokionez azerbaijandarra.

Hizkuntzak

Hizkuntza ofiziala azerbaijanera da, biztanleen %92,5-en ama hizkuntza. %1,4 errusieradunak dira, eta %1,4 armenieradunak[5].

Erlijioa

Biztanleen %97 musulmanak dira, gehienak xiiak. Kristauak %3 dira (2010eko datuak[5]).

Hiri nagusiak

Ekonomia

Oil pump in Baku
Petrolio erauztea Bakuko aldirietan.

Azerbaijango ekonomia jarduera nagusia industria da, barne produktu gordinaren %61,1 2016an[5], nahiz eta bera den Kaukasiako errepublikarik atzeratuena, industrializazio mailari dagokionez. Petrolioari loturiko industria da bereziki azpimarratzekoa; izan ere, munduko petrolio erreserba nagusietako bat dauka Azerbaijanek. 1997aren amaieran, Kaspiar itsasoan zituen petrolio hobiak zabaldu ziren, gobernuak atzerriko 12 enpresaz osaturiko talde batekin lorturiko hitzarmenari esker. Petrolioaz gainera, aipagarriak dira Kaspiar Itsasoaren inguruko baliabideei loturiko industriak (kimika industriak, altzairua, etab.).

Nekazaritzari dagokionez, barne produktu gordinaren %6.4 bat hartzen zuen 2016an, eta kotoia, laboreak, mahatsa eta tabakoa dira gai nagusiak, baina kotoiaren eta mahatsaren ekoizpenak behera egin du azken urteetan.

Azerbaijango ekoizpenak, oro har, behera egin zuen 1990eko hamarkadan, Nagorno-Karabakheko gerraren ondorioz kostuak garestitu zirelako eta Sobietar Batasun ohiko beste errepublika batzuekiko merkataritza harremanak eten zirelako. Gaur egun, Europako herrialdeekin, Turkiarekin, Iranekin eta Estatu Batuekin ditu merkataritza harreman nagusiak. Sobietar Batasun ohiko herrialdea izaki, arazoak izan ditu merkatuko ekonomiara egokitzeko, baina aberastasun eta energia iturri ugari izateak asko lagun diezaioke.

Azpiegiturak

Garraioa

Aireportuak

See source Wikidata query..

Erreferentziak

  1. a b c Azərbaycanda əhalinin sayı açıqlandı, azadliq.az
  2. Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  3. Le climat azerbaijans.com . Noiz kontsultatua: 2017-04-25.
  4. http://worldweather.wmo.int/007/c00018.htm World Weather
  5. a b c d e f g The World Factbook: Azerbaijan, cia.gov
  6. Population by towns and regions of the Republic of Azerbaijan (at the beginning of the year, thsd. persons), stat.gov.az
  7. Berria, Estilo Liburua: Azerbaijan, berria.eus

Kanpo-loturak

.az

.az Azerbaijani dagokion herrialdeentzako goi mailako domeinua da. Azerbaijan Communicationsek kudeatzen du. .az domeinupeko zenbait bigarren mailako domeinu dira hauexek: com.az, net.az, int.az, gov.az, org.az, .edu.az, .info.az, .pp.az, .mil.az, .name.az eta biz.az.

2011ko Eurovision Abesti Lehiaketa

2011ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 56. edizioa izan zen. Düsseldorfeko Esprit Arena estadioan ospatu zen, Alemanian. Finalerdiak maiatzak 10 eta 12an ospatu ziren, eta final handia maiatzak 14an. Aurkezleak Anke Engelke, Judith Rakers eta Stefan Raab izan ziren.

Azerbaijan ordezkatzen zuen Ell & Nikki duoa izan zen lehiaketako garaile, "Running Scared" kantuarekin. Azerbaijanen lehen garaipena izan zen, herrialde kaukasiarraren laugarren partaidetzan. Bigarren postua Italia ordezkatzen zuen Raphael Gualazzi jazz musikariarentzat izan zen zen, "Madness of Love" kantuarekin. Hirugarren Suediako ordezkaria zen Eric Saade pop abeslariarentzat izan zen "Popular" kantuarekin.

43 herrialdek hartu zuten parte guztira, 2008eko partaide kopuru errekorra berdinduz. Italia hamairu urte eten luze baten ostean lehiaketara itzuli zen, azkenengoz 1997ko lehiaketan hartu baitzuen parte. Austria (lehenik 2007tik), San Marino (lehenik 2008tik) eta Hungaria (lehenik 2009tik) ere lehiakatara itzuli ziren.

2012ko Eurovision Abesti Lehiaketa

2012ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 57. edizioa izan zen. Bakuko Crystal Hall aretoan ospatu zen, Azerbaijanen. Finalerdiak maiatzak 22 eta 24an ospatu ziren, eta final handia maiatzak 26an. Aurkezleak Leyla Aliyeva, Nargiz Birk-Petersen eta Eldar Gasimov izan ziren; azken hau aurreko urteko lehiaketako irabazlea izan zen Ell bezala Nigar Jamalekin duoan (Ell & Nikki).

Loreen izan zen lehiaketako garaile, "Euphoria" kantuarekin Suedia ordezkatuz. Suediaren bostgarren garaipena izan zen."Euphoria" abestiak, lehiaketa irabazi ostean, besteetan ez bezalako arrakasta nabarmena izan zuen Europako single salmenta zerrendetan. Bigarren postua Errusia ordezkatzen zuen Buranovskiye Babushki edo Buranovoko amonak emakume edadetuek osatutako taldearentzat izan zen zen, "Party for Everybody" kantuarekin. Serbiako ordezkaria zen Željko Joksimović, "Nije ljubav stvar" kantuarekin, hirugarren izan zen; aurretik ere bigarren postua lortutakoa zen Joksimović 2004ko lehiaketan.

42 herrialdek hartu zuten parte guztira, aurreko urtean baino bat gutxiagok. Armeniak uko egi zion partaidetzari lehiaketa antolatzen zuen Azerbaijanekiko arazo politikoak direla eta, Karabakh Garaiko gerraren eraginez. Poloniak ere partaidetzari uko egin zion arazo ekonomikoak zirela eta. Bestalde, Montenegro lehiaketara itzuli zen bi urteko eten baten ostean.

Abbastar Kalifa-herria

Abbastar Kalifa-herria (arabieraz: العبّاسيّون‎, al-‘Abbāsīyūn) Mahoma hil ondoren sortutako lau kalifa-herrietatik hirugarrena izan zen. Buruzagiak Abbastar leinuaren kalifak izan ziren, omeiatarrak Al Andalus ez beste lurralde guztietatik egotzi ondoren, beren hiriburua Bagdaden kokatu zutenak. Kalifa garrantzitsuenak Al-Mansur (754–775 bitartean agindu zuena) eta Harun al-Rashid (786-809) izan ziren.

Azerbaijandarrak

Azerbaijandarrak (azerbaijaneraz: Azərbaycanlılar, آذربایجانلیلار) batez ere Azerbaijango Errepublikan eta Irango Azerbaijanen bizi den eta turkiar hizkuntza duen talde etnikoa da. Gehienak Xii musulmanak dira eta ondare kultural zabala dute, irandar, turkiar eta kaukasiar elementuak nahasten dituztelarik. Azerbaijango Errepublikako talde etniko nagusia eta Irango bigarrena da.

1804-13 eta 1826-28 bitarteko Errusiarren eta Pertsiarren arteko gerren ondorioz, Irango Qajar dinastiak Kaukason zituen lurrak Errusiar Inperioari ematera derrigortu zitzaion, eta ordutik, gaur egun ezagutzen den muga finkatu zen. Estatuen arteko banaketa horren ondorioz, Azerbaijandarrak gaur egun bi estatuen artean bananduak daude: Iran eta Azerbaijan.

Azerbaijanera

Azerbaijanera altaitar hizkuntza da, turkiar adarrekoa. Asiako hego-mendebaldean hitz egiten da, nagusiki Azerbaijanen eta Irango ipar-mendebaldean. Turkiar hizkuntzen oghuz taldean sailkaturik dago eta turkierarekin lotura du.

Azerbaijango hizkuntza ofizial bakarra da eta, gainera, Iranen eskualdeko hizkuntza gisan onarpen ofiziala ere badu.

Azerbaijango futbol selekzio nazionala

Azerbaijango futbol selekzio nazionala herrialde haren futbol gizonezko talde nagusia da. Baku Olympic Stadium zelaian jokatzen ditu etxeko partidak, Baku hiriburuan.

Baku

Baku (azerbaijaneraz: Bakı, IPA: bɑˈcɯ) Azerbaijango hiriburua da. Apsherongo penintsularen hegoaldean dago, Kaspiar Itsasoaren ertzean. Duela 1.500 urte sortu zen eta gaur egun inguruko petrolio-gune garrantzitsuena da.

Ekialdeko Azerbaijan

Ekialdeko Azerbaijan (persieraz: استان آذربایجان شرقی‎ Āzarbāijān-e Sharqi; azerbaijaneraz: شرقی آذربایجان اوستانی) Irango 31 probintzietako bat da, herrialdearen ipar-mendebaldean dagoena. Armenia, Azerbaijango Errepublika, Ardabil, Mendebaldeko Azerbaijan eta Zanjanekin du muga. 45.650 kilometro koadroko eremua du, eta 2011n 3.724.620 biztanle zituen. Hiriburua Tabriz da.

Ekialdeko Europa

Ekialdeko Europa, berez, Europako ekialdean dagoen eskualdea da. Hala ere, Europako ekialde eta mendebaldearen arteko ezberdintzea historikoki ezberdina izan da. Mugak zehazterako garaian, Europaren erdialdea non dagoen begiratu behar da, hau politikoki aldatu baita. Adibidez XX. mendearen erdialdean Polonia edo Hungaria, SESBekin batera zeudenak politikoki, Ekialdeko Europa kontsideratzen ziren. Gaur egun eurek Europa Zentraltzat dute euren burua, Errepublika Sobietar horiekin ez nahasteko.

Nazio Batuen Erakundeak 1989an honako herrialdeak sartu zituenu izen horren azpian:

Bielorrusia

Bulgaria

Txekiar Errepublika

Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Hungaria

Moldavia

Polonia

Errumania

Errusia

Eslovakia

UkrainaHorretaz gain honako SESBeko kide ohiak ere sartu ohi dira:

Armenia

Azerbaijan

Estonia

Georgia

Letonia

LituaniaKasu askotan Balkanetako herrialdeak ere sartzen dira definizioan:

Albania

Bosnia eta Herzegovina

Ipar Mazedonia

Montenegro

Serbia

Kroazia

Eslovenia

Erdialdeko Asia

Erdialdeko Asia Asiako erdialdean dauden estatuak batzen dituen eskualdea da. Ez dago definizio zehatzik bere azalera adierazteko, baina esan dezake Kazakhstan, Kirgizistan, Tadjikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Mongolia eta Txinako Xinjiang barruan dituela.

Batzuetan Txinako Barne Mongolia eta Errusiako Kalmukia, Tartaristan, Bashkortostan, Altai, Tuva eta Buriatia errepublika osoak eta Sakhako Errepublikaren zati bat Erdialdeko Asian ere daudela esan da. Historikoki Afganistan, Irango zenbait eskualde, Pakistan, Siberia, Katxemira, Tibet, Armenia, Azerbaijan eta Georgia ere definizioan sartu dira.

Gəncə

Gəncə (azerbaijaneraz: Gəncə) Azerbaijanko hiria da, herrialdeko bigarren handiena dena. Errusiar Inperioaren garaietan Elizavetpol (errusieraz: Елизаветполь, Yelizavetpol) eta Sobietar Batasunaren garaietan Kirovabad (errusieraz: Кировабад) izenak izan zituen, baina Perestroikari esker, 1989an jatorrizko izena berreskuratu zuen.

Iran

Iran (persieraz: ایران‎‎​, Īrān), ofizialki Irango Islamiar Errepublika (جمهوری اسلامی ایران, Jomhūrī-ye Eslāmī-ye Īrān), Hego-mendebaldeko Asiako estatua da, 1935 arte Persia izena zuena. Iparraldean Armenia, Azerbaijan eta Turkmenistanekin du muga, Pakistan eta Afganistanekin ekialdean, eta Turkia eta Irakekin mendebaldean. 1.648.195 kilometro koadroko eremua dauka, eta 2016an 82,8 milioi biztanle zituen. Hiriburua Teheran da.

Irango Barne produktu gordina 412,3 mila milioi dolarrekoa izan zen 2015ean, munduko 29.a, eta per capita errenta 17.600 dolarrekoa. Munduko zazpigarren petrolio ekoizlea da eta 16. esportatzailea. Munduko bigarren gas erreserba handienak dauzka, Errusiaren ondotik, eta hirugarren ekoizlea da.

Iranen banaketa administratiboa

Iranen banaketa administratiboa lau mailatan egiten da. Probintziak (persieraz: استان‌ها ‎, ostān; ostānhā pluralean) dira lehen mailako administrazio-azpibanaketa; probintziako agintaria gobernadorea da (persieraz: استاندار‎, ostāndar), Barne ministroak aukeratzen duena. 1950 arte, 12 probintzia baino ez ziren, baina urte horretan beste horrenbeste sortu ziren; 2004an Khorasan zatitu zen, eta azkena, Alborz, 2010ean sortu zen, Teherandik bereizia. Gaur egun 31 probintzia dira.

Probintzia bakoitza konderrietan (persieraz: شهرستان shahrestān‎) banaturik dago, eta horietako bakoitza barrutietan (persieraz: بخش bakhsh‎). Hiri gutxi batzuk (persieraz: شهر shahr‎) eta landa barrutiak (persieraz: دهستان dehestān‎) izan ohi dira konderri bakoitzean.

Kaukasia

Kaukasia (azerbaijaneraz: Qafqaz; errusieraz: Кавказ, Kavkaz; georgieraz: კავკასიონი, Kawkasioni; armenieraz, Kovkasum; turkieraz: Kafkas; persieraz: قوقاز )

Europa eta Asiaren arteko eskualdea da, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren artean hedatzen dena. Kaukaso mendilerroa eta inguruko lurraldeak hartzen ditu. Eskualde honek munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna handienetakoa dauka (Kaukasori hizkuntzen mendia deitu izan zaio)

Mendebaldeko Azerbaijan

Mendebaldeko Azerbaijan (persieraz: استان آذربایجان غربی‎, Ostān-e Āzarbāijān-e Gharbī; azerbaijaneraz: غربی آذربایجان اوستانی Qərbi Azərbaycan Ostanı; kurdueraz: پارێزگای ئازەربایجانی ڕۆژاوا, Azerbaycanî Rojawa) Irango 31 probintzietako bat da, herrialdearen ipar-mendebaldean dagoena. Mugakideak ditu Turkia, Irak, Azerbaijan, eta Irango Ekialdeko Azerbaijan, Zanjan eta Kurdistan probintziak. 37.437 kilometro koadroko eremua du, eta 2011n 3.080.576 biztanle zituen. Hiriburua Urmia da.

Raion

Raion bat Sobietar Batasunean erabiltzen zen eta gaur egun Errusia, Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan, Georgia, Moldavia eta Lituanian erabiltzen den banaketa administratiborako izena da. Orokorrean unitate adiministratibo handiago baten zatiketa da eta barrutitzat har daiteke itzulpenetarako garaian.

Raionak Sobietar Batasunaren garaian sortu ziren aurreko volost eta uyezdak aldatzeko.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna edo Sobietar Batasuna Europa eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. Errusiar Inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen. 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independenteen Elkartea moldatu zen. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.

1990. urtean 22.400.000 km² zituen, eta 292.000.000 biztanle. Mendebaldean Itsaso Baltikoa eta Itsaso Beltza zituen muga, eta ekialdean Ozeano Barea. Biztanleak sobietarrak ziren, eta hiriburua Mosku zen.

Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar haren egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta Gerra Hotza sortu zen, hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuena.

UEFA

UEFA edo Union of European Futbol Associations (Europako Futbol Elkarteen Batasuna) Europako futbol elkarte nazionalen konfederazioa da. Kontinente horretako futbol erakunde nagusia da, eta FIFA osatzen duten sei konfederazioetako bat da. Egoitza nagusia Nyonen (Suitza) dauka.

Gaur egun, Aleksander Čeferin da presidentea, 2016an ordeztu zuen hordurarte postu hori zuen Michel Platini.

Datu klimatikoak (Baku)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 6.6 6.3 9.8 16.4 22.1 27.3 30.6 29.7 25.6 19.6 13.5 9.7 18.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 4.4 4.2 7.0 12.9 18.5 23.5 26.4 26.3 22.5 16.6 11.2 7.3 15.1
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.1 2.0 4.2 9.4 14.9 19.7 22.2 22.9 19.4 13.6 8.8 4.8 12.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 21 20 21 18 18 8 2 6 15 25 30 26 210
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 6 6 5 4 3 2 1 2 2 6 6 6 49
Eguzki orduak 89.9 89.0 124.0 195.0 257.3 294.0 313.1 282.1 222.0 145.7 93.0 102.3 2207.4
Iturria: worldweather[4]
Europako herrialdeak
Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasoa inguratzen duten estatuak

Beste hizkuntzak

This page is based on a Wikipedia article written by authors (here).
Text is available under the CC BY-SA 3.0 license; additional terms may apply.
Images, videos and audio are available under their respective licenses.